PENEDO EHIZARA JOAN ZENEKOA

 

        Penedo de Oirán-ek bigarren eskuko zizpa bat erosi zuen, eta mendira jo zuen, bere berrogeita hamar urterekin ehiztari berri. Oso begi zorrotzak zituen, eta uste zuen horixe zela hoberena ehizan garaile ateratzeko. Oiránen destinoa zuen Salamancako maisu batek zer edo zer irakatsi zion. Egun batean Penedo goiz jaiki eta Pereiroko mendietara joan zen ehizara, eta zain gelditu zen. Isasti batean eseri zen ezkutaturik, zizpa prest. Ordubete eman zuen mugitu gabe, begien aurretik deusik ere pasatu gabe zain. Haiek ez ziren izango, nonbait, Salamancako larreak bezalakoak. Ez zuen erre, ez zen mugitu, ez zuen txisturik egin. Horretantxe, beste ordubete bat isilik eta geldirik egotekotan zegoen, zizparen muturrean mika bat pausatzen ikusi zuenean. Penedo ez zen mugitu ere egin. Mika zizparen muturretik paseatzen zen, mokoa garbitzen zuen, nagiak ateratzen zituen hegoak zabalduz, zazpi aldiz bata bestearen ondotik ireki eta itxi zuen buztana, eta eseri egin zen Penedori so. Hala dio Penedok: eseri egin zela. Penedok ezin izan zion tirorik egin, izan ere, mika zizparen muturrean eserita baitzegoen. Hura uxatzea baizik ez zuen lortuko, baita inguru guztian ehiza zitekeen guztia ere. Mikak Penedori begiratzen zion, begiak ehiztariarenetan jartzen zituela. Penedo zorabiatzen hasi zen, begirada mikaren begi artega haietan jarrita, orain urre kolorekoak, gero beltz antxak, gero arrosak. Azkenik, hitz egin zion:

        — Hau ez duk garaia, Penediño!

        Penedok ez zuen asmatu deus esaten. Mikak berriz egin zuen hazka zizparen muturrean, gero handik Penedoren txapela zarpailera jauzi eta alde egin zuen hegan. Penedok bertan behera utzi zuen ehizaldia, airera zenbait tiro bota maisuak aditu zitzan eta Oiránera itzuli zen. Bi zizparekin mendira itzultzea erabaki zuen, bestea apaizari eskatuko zion, eta mika, seguru baitzegoen itzuliko zela, zizpetako baten muturrean pausatzen zen bitartean, Penedok bestearekin egingo zion tiro. Halaxe egingo zuen, mika Viudo de Couzán-en arima izanda ere, ehiztari handi bat hura, mendian beste ehiztariak ikusita ederki haserretzen zena eta beti bakarrik ibiltzen ohitua, bere zakur Prim eta Prats lagun. Beti izaten zituen zakurrak izen horiexekin. Minduta zegoen, nonbait, Penedo famatua egin zela ikusita! Penedo mendira itzuli zen bere bi zizpekin, eta lehengo tokian bertan jarri zen. Handik ordu erdi pasatxo, mika agertu zen, baina ez zen ez zizpa batean ez bestean pausatu, Penedoren txapela zarpailean baizik.

        — Penedo, ez ezak tranparik egin, motel, gaixo bat nauk eta!

        Penedok lurrean jarri zituen zizpak. Mika jaitsi eta haietako batean pausatu zen.

        — Untxi bihurtzen ez banaiz! —esan zuen mikak.

        Penedok merienda atera zuen eta gazta puska bat eman zion mikari. Eta gonbidatzen zuen bitartean, gaztelaniaz hitz egiten zion, untxi bihur zedin konbentzitu nahian.

        — Aldaketa ikusteko irrikagatik, emakumea!

        Eta untxi bihurtzen bazen, azpi hartan jartzeko, lihotzeak lore denboran, San Juanetan, urdin egiten diren hartan, ikusmena entsaiatzeagatik. Mikak, gaztaz enpo eginda, baietz, eta Penedoren aurretik jauzi eginez, ezkerreko hankaren gainean bueltaka jarri eta bat-batean untxi bihurtu zen, presarik gabe, lihotzetara bidean. Penedok, berari sinestera, bi zizpak hartu zituen, eta lau tiroak batera egin zituen. Untxiak jauzi egin eta hilik erori zen. Penedo ehizakia jasotzera abiatu zen, baina larrua baizik ez zela konturatu zen. Larru iharra, goma batekin lotua. Penedok goma kendu zuen, eta barrutik paper batzuk erori ziren. Bai, Viudo de Couzán-en kontua zen. Zenbait gutun ziren, ordaintzeko bat, mediku baten errezeta, eta ehorzketaren kontua, katabuta eta Mondoñedotik ekarri zuten armoniuma barne. Viudok kontu azpian idatzi zuen: Me parecen muchos cuartos. Hil eta gero idatzi behar izan zuen, jakina. Penedok larrua eta paperak Viudoren iloba bati eraman zizkion. Iloba Lugora joan zen abokaturen batengana, eta ordaintzekoa kobratu zuen. Oirángo apaizak ez zuen eragozpenik jarri untxi-larrua Viudoren nitxoan sartzeko. Eta Penedok Ferreirako bati zizpa saldu ondoren demonioa harrapatzeko erabil zezan erregutu zion.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia