SOLEIRO BELE ITXURAN

 

        Bele eledunen kontu hauek, edo beste munduko barrutietatik bele itxuran datorren jendearenak, denak batera paratu beharko nituzke, baina alde banatan, han-hemenka ageri dira liburu honetan.

        Badira zenbait urte udazken hasieran Terrachá lurraldeko Portestar bat, aspaldiko laguna, mahaikide izan nuela Lugoko taberna batean. Azúmara aldean zer berri zegoen galdegin nion nire lagunari.

        — Zuk Soleiro ezagutu zenuen?

        — Mondoñedoko Quendas azokara joan ohi zen hankamotz bat?

        — Horixe, bai! Bada emazteari agertu zitzaion bele itxuran.

        Soleiro plazan paratu ohi zen, do Sombrereiro deitzen dituzten arkupeetan, eta hantxe aritzen zen salmentan, balantza erromatarrarekin zehazki pisatzen. Bai, ederki gogoratzen naiz. Gainera, ni bezalaxe, Pallaregoren bizartegiko bezeroa zen. Quendasko azoka —maiatzeko kalendak— aprobetxatu ohi zuen kalparra mozteko. Oso gizon isila zen, erretzailea eta totela. Sekula ez zen prezioekin konformatzen, eta merkeago hitzaren «m» hori trabatu ohi zitzaion.

        — Seguru zaude bera zela? M'm'm'm'merkeago esaten al zuen?

        — Bai, jauna, halaxe esaten zuen. Bele itxuran, pertsona zenean bezalaxe aritzen zen totelka!

        Emaztea Monten oilasko batzuk saltzetik etxe aldera bueltan zihoan. Hutsik zeraman burute gainean oilaskoak eramateko goizean ibili zuen saskia. Eta haren barruan zerbait erori zela antzeman zuen. Saskia jaitsi eta begiratu egin zuen. Bele bat pausatua zen Mondoñedoko ogi biribil bat biltzeko zeukan mantalean. Emakumeak berehalaxe ezagutu zuen defuntua zela, bai hizketagatik bai eztulagatik.

        — Soleirok tabako-hatsa izaten zuen.

        — Baita bele-hatsa ere.

        Ibiltzen segitzeko esan zion emazteari. Emakumeak, senarra ez bustitzeko, egunkari-paper batekin estali zuen.

        Soleiro emazteari Castro aldean zituen barruti batzuk ez saltzeko aholkua ematera etorria zen beste mundutik. Halaxe esan zuen emakumeak, auzoek beleak alargunari gehienbat bigarren aldiz ezkon ez zedin erregutu ziola esan bazuten ere, eta etxean morroi zuen iloba bat, emaztearekin eskutik helduta pikuak jasotzera ateratzen zena, Venezuelara bidal zezan. Emazteak behin eta berriz galdegin zion beleari non zebilen, baina ez zion tutik ere esaten. Portesera heldu zirenean, belea «El Progreso»ren azpitik atera zen, eta garaiaren gailurrera egin zuen hegan. Alargunak oihuka galdegin zion ea afaltzeko zerbait nahi zuen, baina beleak erantzunik ez. Papak nahiko zituen, agian, eta aurreneko «p»ean trabatu, izan ere, «m»a adina trabatzen baitzitzaion. Emakumea, bisitak nahiko aztoratu zuen arren, barrutiak saltzeko tematurik zegoen. Halaxe esan zion gainera bele isilari, eta belea gauean galdu zen, haize-erauntsi handian. Baina itzuli zen. Mokoka aritu ohi zen logelaren leihoan, eta are gehiago, alargunaren begietara oldartzen zen. Orduan, hitz egin egiten zuen.

        — Ez itzan saldu! Ez itzan saldu, kontxo!

        Auzoek gizon-ahotsaz mintzo aditu zuten. Kontua astebete luzatu zen. Alargunak izua, irudipenak eta loezinak zituenez, Villalbara jo zuen entzute handiko petrikilo batengana, Pita de San Covade izenaz ezaguna.

        — Eta zer errezetatu zion Pitak Soleirari?

        — Libragarriren bat, uste dut. Eta ehun paperetan zera idaztea: No vendo. Esta que lo soy, Josefa Ribas. Eta paperak bideetan barreiatzea. Hilabete eman zuen haiek idazten eta bidegurutze eta zubietan barreiatzen.

        Eta nire lagunak haietako bat erakutsi zidan, Moncelosko bidepartitzean aurkitua. Paperak hegan egiten zuen handik eta hemendik, Soleiro, bele itxuran, hura irakurtzera noiz etorriko zain.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia