POLIDO DE SABUCEIRA

 

        Azienda tratante bat hiltzea leporatu zioten, Gareto izeneko bat, mehea, baztangak pikatua, beti haserre eta gaztelaniaz garrasika ibiltzen zena. Gareto Cacabeloskoa zen, eta Polido engainatu zuen behi bat saltzean, aberea tisiak jota zegoelako, eta Polidok zin egin zuen bideren batean aurkitzen zuen aurrenekoan buruan tiro emanda akabatu behar zuela. Gareto Becesko zubian azaldu zen, lepoan tiro bat zuela. Pana beltzezko txalekoaren barreneko poltsikoan, hamabi mila pezeta zeramatzan eta, hala ibili zen hotsa behintzat, Lugoko fonda bateko jabearen amodiozko gutuna. Polidok frogatu zuen Gareto hil zuten egunean Meiran egon zela hileta batean, eta tabernan haragi-salda hartzen eta briskan. Baina jendea ez zen erabat konformatu, eta are gutxiago hilketa ez zelako lapurreta kontua izan. Polido gaueko ibiltari aparta zen. Marco aldean otsoren batekin topo egiten bazuen, hitz batzuk esan eta otsoak ospa egingo zuen. Egun batez, Monteko ferian, kapelu zuria eta adarrezko kirtena zuen makila zeramatzan gizon bat ikusi zuen iristen. Polidok bizpahiru buelta eman zituen haren inguruan, eta gero Santomé kaboari agur egitera joan zen.

        — Horrek txanpon faltsua dakar.

        Santomé kaboak Panamako kapelua zeramana miatu zuen, eta etxean egindako hogei peso atzeman zizkion. Kaboak Polidori galdegin zion ea nola konturatu zen.

        — Berunaren usaina hartzen diot nik! —erantzun zion.

        Polidok haize-mina sendatzen zuen belar sekretu batekin, ederki jartzen zizkien burdin harizko eraztunak zerri mutur-luzeei, azkonarren biloaz brotxak egiten zituen, hildakoen gorpuen bizarra kentzen zuen, haurrak zoratzen jartzeko belarrietatik botatzen zuen zigarro garestien kea, urrezko meategietan aditua zen, eta segurantzia handiz esaten zuen New Orleans-en erlojugile aritu zenean borreroaren etxean egon zela apopilo.

        Polidok berrogeita hamar urte zituen ezkontzea erabaki zuenean. Bere gustuko bat aurkitu zuen Couto Cachinen, berrogei bat urtekoa, zuria, freskoa, haragiz jantzia, behi antxa. Polido Sabuceirako zenbait sororen jabe zen, eta Albertosako Polidotarren etxaldearen erdia zuen. Maiatz aldean, gerezi loratuek ez dute pazoa ikusten uzten. Goiko aldetik Rodilgo hariztia dago. Polidok azaldu zidan Carlos III.ak agindu zuela hura landatzea, bertako haritzetako zuraz itsasontziak egiteko Ferrolen. Carlos III.ak, oso errege zuhurra Polidoren hitzetan, haize printzipalak, hezetasuna, eta lurraren ezaugarriak azalduko zituen txosten bat eskatu omen zuen. Baina Polidoren ezkontzara itzuliz, Castro Cachin-go jostunak zin eginarazi zion ez zuela zer ikusirik izan Garetoren hilketan, ez gogoz, ez hitzez, ez egitez. Polidok agindu zion zin egingo ziola elizara joan aurretik. Jostuna oso maiteminduta zegoen, eta zapiak egiten zizkion Polidori, eta arropa zuria markatzen zion, beste inon ikusi ez dudan gauza, nire ahaideak diren Belmonteko jauntxoenean kenduta.

        — Kamisoi bat egin zion —esan zidan haren iloba batek— soilik etxean gonbidatuak zituenean erabiltzeko, Santa Mariñetan.

        Jangelako altzariak erosten eta gainontzeko paperak egiten ari ziren egun batean, Villalbatik herri aldera zetozela, Becesko zubitik pasatu ziren Polido eta jostuna.

        — Hementxe izan zen! —esan zuen Polidok Garetoren hilketa gogora ekarriz.

        Eta hatzaz seinalatu zuen gorpua azaldu zen tokia. Eta jostunak mundu guztiari kontatu zion: horman zeuden hiru beltzune berpiztu egin ziren odol bihurturik, isuri berriak bailiran. Odol orbanak ziren, Garetoren odolezkoak.

        Ez zen modurik izan jostuna bere kasketatik ateratzeko. Polidok bera ez zela izan behin eta berriz zin egiten zion arren, jostunak bereari eutsi zion eta ezkontza errefusatu zuen. Negar egin zuen, hori bai, eta zortzi kilo galdu zituen. Eta Polido etxean sartu zen, aspertuta. Bidetik norbait ibiliz gero, kontraleihoak ixten zituen. Kaña edateari eman zion eta fonografoan Ameriketatik ekarri zuen «El Sitio de Zaragoza» entzuteari ere bai.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia