MAIRUAREN JAKA

 

        Felipe de Francos-ek andregai bat zeukan Ribeira de Piquín-en, Lugo aldeko Meira lurraldean, eta bisita egitera joaten zitzaion mandoaren gainean, mando altua eta pintaduna, belarriak tente, buztan txirikordatua eta itzal handiko ibilera zituena, zabuka antzean. Meira, mandoak direla-eta, ezaguna izan da betidanik, eta Errege Abatetxetik ateratzen ziren, hain zuzen, Espainietako Ordena Zistertar Santuan ibiltzen ziren guztiak, eta haiek baino hoberik ez zegoen ez Tortosan ezta Frantziako Poitoun ere. Meiran arrakasta handia izan zuen beti garaino katalanak, axola handiko klasea baitzuen. Felipo, ongi diot, bere mandemearen gainean ibiltzen zen, eta bi eiheraz osaturik dagoen Vilaresera heltzean, mandemea bere lagun min Portero de Beza-ren ukuiluan utzi eta neskatxaren etxaperaino ailegatzen zen, non atea itxita egongo zen, kantak dioen bezala:

 

...achegada

cunha palla de centeo.

 

        Felipe luzea zen, orain ere hala da, mehea, biboteduna, zurbila. Jende zurbil asko dago alderdi haietan, erdi beltzarana, ijitoen antzera batzuetan. Agian, urrundik etorritako familiak ailegatuko ziren hara, edo nahasketaren bat izango dute baluroekin, hain gutxi ezagutzen den Terracháko leinu arraroarekin. Felipek, bere amodiozko bidaia haietako batean, bide erdian jorraiarekin lanean ari zen gizon batekin egin zuen topo. Ez zuen ezaguna, eta ez zuen bertakoa ematen janzkerarengatik. Txano gorria ibiltzen zuen bolatxo berde batekin, eta galtzatako zaragoila horiak zituen. Ilunabarra zen.

        — Zerbait galdu al zaizu? —galdegin zion Felipek mandeme gainetik.

        — Jaka —erantzun zion arrotzak.

        Felipe ordu erdi batez begira egon zen atzerritarra nola ari zen jo eta ke lurra jorratzen, eta txukun eta franko azkar egiten zuen, eta berehala lortu zuen gizonak bere burua sartzeko adinako zuloa, hankamotza eta konkorra baitzen. Zuloan sartu zen, eta eskuan urrezko jaka bat zuela atera zen bertatik.

        — Urrezkoa, motel! —esaten nion nik Feliperi.

        — Bai, jauna, urrezkoa!

        Mozkoteak jaka jantzi eta botoiak lotu zituen. Behin jantzitakoan, bere buruari kolpeak ematen zizkion bular aldean, eta metalezko zarata ateratzen zuen.

        — Eta orduan, zertan dago amarrua? —galdegin zion Felipek kapelua erantziz.

        — Ez al duzu ikusten mairua naizela? —esan zuen urrezko jakaren jabeak.

        Eta Feliperi kontatu zion nola behin eguraldi freskoa zegoen batean bidaiatzen ari zela, han, Xunqueirasen, kuluxka bat egitera eseri zen, eta, bide batez, Lodosoko auzotik egunez ez pasatzearren, ez baitzuen hango inork jantzi harekin ikustea nahi, eta jaka lurrean Jarri ondoren, zeukan pisuagatik hondoratzen joan zen harik eta erreka ondoko lur leun haren pean gelditu zen arte, eta hori ez zela izan pisuagatik soilik, baizik eta, ezkutuko altxorretatik ateratako urreaz egina izaki, lurpea nahiago zuelako, eta ezkutatzea gustatzen zitzaiolako jabeak non zegoen galdegin ziezaion. Eta gainera, jakak, lurpera jotzen zuenean, zubi batera aise eramango zuen bide bat bilatzeko joera zuen, eta hantxe gelditzen zen orduan, eta mendetan egoten zen mugitu ere gabe. Eta mairuak bidean bilatu zuen jaka, Felipek ikusi bezala, haren mainak ederki ezagutzen zituelako.

        — Horrexegatik bidaiatzen dut beti pika edo pala edo jorraia eskuan, ia egunero haren bila aritu behar izaten dudalako.

        — Lan asko, alajaina!

        — Baina, ez dago janzki hau baino dotoreagorik!

        Mairuak froga bat eskaini nahi izan zion Feliperi, eta Felipek baietz, jantziko zuela, eta oso estu zeukan, eta pisu handikoa zen, eta jantzi zueneantxe, jaka zabuka hasi zen Felipe lurrera bota nahian, hainbeste aldiz eta hain bortizki non lortu baitzuen. Felipe lurrean zuela, jaka lurpean sartu nahian hasi zen, eta Felipe bizirik erdi lurperatuta zuenean, mairuak eskua luzatu zion.

        — Geldi, Felipifio! —esan zion.

        Eta mairuak berriz jantzi zuen jaka hura, eta ia korrika joan zen Lodosoko bidetik. Dir-dir egiten zuen jakak, irailaren hamabiko arratsalde haren azken eguzki errainuek jotzen zutela.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia