RELLO DE PONTEMIL

 

        Rello morroi isila zen. Tabernako bazter batean eseri ohi zen, tute enkantatuaren partidetako kuxkuxero, zurrupa tikitan pitxer bat San Fizko ardo beltza edaten zuen bitartean. Listo bere zakurra isila zen, bera bezalaxe; burua jabearen hankan bermatuta, loak hartzen zuen, belarri luzeak begien gainean erortzen zitzaizkiola. Rellok ez zuen sekula deus ere kontatzen. Partida bat bukatzen zenean, beste batean esertzen zen. Zergatik ez zuen jokatzen galdetuz gero, enkantean ez zekiela erantzuten zuen.

        — Beti goitik botatzen diat! —esan ohi zuen.

        Larunbatean, gaueko hamabiak puntu-puntuan, Rello erretiratzen ari zen Listo atzetik segika zuela, buztana astintzen. Rellok beti egunkari bat eramaten zuen, gehienetan atzeratua, beste batzuetan orriren bat falta izaten mena. Rellok ia ez zekien irakurtzen, agian zer edo zer bai, baina beti egunkaria lagun. Delako Rozas batek, oso sesiozale eta berritsuak, soldadutza egiten ari zenean Joselitoren heriotzaz Madrilen zer esaten zen azaldu zuenak, gau batean galdegin zion zertarako zeraman El Debate. Rello gorritu egin zen, eta esan zion beti komeni zela etxean paper pixka bat izatea. Handik aste gutxira, Rozasek, haren iloba baten bidez, jakin zuen Rello etxeko eguteran, erreka aldera begira, eseri ohi zela iluntze partean, aurrean egunkaria zabalik zuela, irakurtzen ari zelako plantak eginez, eta horrelaxe egoten zela ordubete baino gehixeago. Nik Rellorekin konfiantza nuenez, salo haien zergatia galdetu nion.

        — Ez diozu inori kontatuko?

        — Ez, motel, ez horixe!

        Rellok, iluntzean, delako Xestoso de Montes batekin topo egin zuen Pontemilgo bidean. Pontemilgo bidea erreka aldera jaisten da A Adrela esaten dioten harizti batean zehar, eta zelaira ailegatzen denean barruti bat zeharkatzen du, gehienetan aintzira bat egina egoten dena, non dozena bat gaztainondo zahar eta zenbait haltz baitira. Baziren urte batzuk, hamabi-hamabost bat, Xestoso de Montes hil zela. Oso aditua zen atzerriko politikan, bazuen Kubako galeraren berri, eta 14ko gerra bitartean «La Esfera» erosten zuen Mataniako gatazken marrazkien bilduma egiteko eta haiexekin etxea janzteko. Beste munduan kezkaturik jarraituko zuen hemengo arazoekin, izan ere, horrexetarako agertu zitzaion Rellori susto dezentea emanez, Kaiserra Berlinen berriz ere errege ote zen jakin nahian. Rello, beldurrez, ez zen ausartu Xestosori esatera ez zekiela ez egunkaria irakurtzen ezta Kaiserra nor zen ere, batez ere Xestosok astean bi hogeiko eskaini zizkionean egunkariak irakurriz Kaiserra noiz itzuliko zelatan egoteagatik. Rello, Xestosok egunkariak irakurtzen ikus zezan, eguteran esertzen zen.

        — Xestoso oso puntuala da pagatzen —esan zidan Rellok.

        Eta pixka bat pentsatu eta eskuineko eskuaz buruan hazka egin eta gero, ezkerrekoaz kapelu zaharra altxatzen zuen bitartean, belarrira hitz eginez, hauxe galdegin zidan:

        — Eta Kaiserra, itzuli al zen?

        Eta azaldu nion nor izan zen Kaiser Guillermo Ma, bere bibote handi eta beso motzarekin, nola alde egin zuen Alemaniatik, nola joan zen Holandara bizitzera, sagar hoberenetakoak eta gazta asko dagoen toki batera, nola ezkondu zen bigarrenez andre errubia antxa eta potolo batekin, eta nola eraiki zuen granja bat.

        — Eta bizi al da?

        Ez nuen engainatu nahi izan eta Kaiserra hilik zela esan nion. Konturatu naiz horrekin kontzientzia arazo bat planteatu niola Rellori, gizon on bat. Kaiserra hilik baldin bazegoen, ezin zen Berlinera itzuli, eta egia ez esatea Xestoso de Montes engainatzea zen. Rello Adrelako bidetik joan zen gogoetatsu. Handik gutxira harekin egin nuen topo bidegurutzeko taberna batean. Zutik zegoen kupelen ondoan. Atera hurren zegoen, beti bezala Listo atzetik zuela. Ardo beltzaren kupelaren gainean egunkari bat zegoen. Hartu zuen, tolestu, keinu bat egin zidan burua makurtuz, eta gabon ere esan gabe alde egin zuen. Ohartu nintzen Xestoso zenari bi hogeiko kobratzen jarraitzen zuela, Kaiserra itzultzen ote zen zelatan egoteagatik.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia