DON JOSÉ SEKRETUA

 

        Delfín de Mocende-k, Bretoñatik, bere sorterritik Mondoñedora eramango zuen autobusari itxarotera zihoala, Castro do Vento deitzen duten tokian, soro batean, jostun bat ikusi zuen. Hantxe zegoen bere mahaiarekin, ebaketan. Jostuna tiki-tikia eta potoloa zen, eta buru gainean txano gorria zeraman. Ebakitzen ari zen oihala Noria zen.

        — Jainkoak dizula egun on! —agurtu zuen Delfínek.

        — Me llamo don José! —erantzun jostunak gaztelaniaz.

        — Bada, egunon don José! —zuzendu zuen Delfínek.

        Eta agur hori egin zuenean, jostuna desagertu zen, mahai, guraize eta oihal horia eta guzti. Lurrak irentsi izan bailuen. Inor gutxik sinetsi zuen Delfín de Mocenderi gertatutakoa, eta bera kabreatu zen horrenbesteko mesfidantzagatik, eta sinesgogorrei agur egiteari ere utzi zion. Jostuna harengandik hamar kana baino gutxiagora azaldu zen, eta Delfínek bistatu zuen aurren-aurreneko gauza guraizeak izan ziren, eguzkitan dirdiratsu. Bitxiak ziren oso, sekula ikusi ez bezalakoak, bi aho berdinez osatuak. Jostunaren txanoak gehiago ematen zuen gotzain baten tuturroa. Jostuna tikia zela aise frogatu zitekeen epaiketa batean, ez baitzuen haren buruak mahaia gain ditzan. Belarrak oinak estaltzen zizkion, baina Delfínek gogoan zuen ahuntz hankak zituela, zin egitera ausartzen ez bazen ere. Delfín, kontuari buruan hamaika buelta eman ondoren, jostuna alderdi hartakoa ez zela esatera oldartu zen, ez zela agian gizaki arrunta, kastroetako antzinako familia batekoa baizik, mairuen jostuna, edo zeltena agian. Delfín gogoetan aritzen zen don Joséri buruz. Gizon harro eta hantustea, jendeak don José deitzea nahiko zuen, egiazko izena seguruenik, baina, apika, debekatuta zeukan izenari don eranstea, eta besteren ahotan aditzean ospa egin beste erremediorik ez zuen. Eta ez zen bere gain jostun izango, besteren baten zerbitzuan baizik. Eta nor ote zen horiz jantzi behar zuen beste hori? Ez da hemendik ikusten horiz jantzitakorik, ezta Monterroso edo Villalbako ferietan ere. Eta nondik ateratzen ote zuen oihala? Ba ote da oihaltegirik hemen, nonbait, lur azpian?

        Delfínen ustez, ondoriorik seguruena da don Josék edo besteak, horiz jantzi behar zuen harexek, zerbait ezkutatzen dutela alderdi haietan, altxor bat, konparazio batera. Jostuna berriz ikusten badu, Delfínek ez dio don José esango, tikiak alde egin ez dezan, baizik eta Antón jauna, konparazio batera, eta altxorraz galdegingo dio, seguru baita altxor bat dagoela nonbait, eta txanpon ugarirekin. Bretoñako apaizarekin konfesatu zen, eta hark esan zion, altxorra aurkituta ere ia deus ere ez zuela aterako, Estatuak guztiarekin geratzeko modua egiten zuela.

        Delfín nire laguna zen, eta bisita egitera etorri zitzaidan Mendekoste ostegun batean.

        — Ametsetan ikusi nuen urrezko pertz bat zegoela sutan, zilarrezko trebera baten gainean, eta oilo zuri bat botatzen zutela bertara, eta pertzak oiloa jaten zuela eta hezurrak jaurtikitzen zituela tu eginez. Eta Estatua heldu zen eta pertza eta treberak eraman zituen, eta ez zuen utzi oiloaren hezurrak baizik. Ba al da eskubiderik?

        — Eta nolakoa zen Estatua? —galdegin nion.

        Delfínek begiratu dit eta konturatu da jada esaten duen guztia sinesten dudala, ez diodala barrerik egiten. Delfínek bera den bezain izpiritual eta intelektual ikusten nau ni.

        — Estatua kapelu bat bezalakoa zen, kapelu oso handi bat. Ahutzak ireki eta dena jan zuen. Gero, tu eginez, oilo zuriaren eta oilo beltz baten hezurrak jaurtiki zituen; ez dut sekula hura bezalakorik ikusi. Begiratu nion eta ez zuen arrautzarik. Estatuak, hots, kapeluak, danbolina jotzen zuen pertzarekin Riosecoko sastrakaditik gora.

        Delfinek burua mugitu du, poltsikotik zapi urdina atera eta ahoa garbitu du. Eta gaztelaniaz, ukabilkada bat emanez, esan dit:

        — ¡Así no merece la pena el atopar tesoros!

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia