FIGUEIRAS DE BOUZAL

 

        Bouzalen bizi zen, mendi magalean, hariztiak usu diren tokian. Mozkotea zen, beltzarana oso, begi biziak, eta sudurra Profetaren osabena bezalakoa, proportziorik gabea eta zorrotza, pilota bezain biribila zuen musu hartan jarria. Auzilari aparta, auzi-larrien ameslaria, bizitza osoa eman zuen abokatu batetik bestera; nekazaritzari utzi eta bere dirua eta hein handi batean emaztearena xahutu zituen, eta zendu zenean anaia ezkongabe baten herentzia baliogabetzeko lanean ari zen, izan ere anaiak den-dena utzi baitzion Castroko andre tabernari bati, maragato baten alarguna. Arratsalde batean ezongia sartu zitzaion Figueirasi, eta zenbait ordutako sukar batek eraman zuen, tartean argialdi gutxi izaki, denborarik gehiena eldarnioan eman baitzuen, auzilari lanetan jasandako kontrako epaiak ozenki esaten, buruz zekizkielako denak. Bat-bateko sukar eta mehaketako oinaze haietako arinaldi batean, hil-hurren zegoela seguru baitzekien, emazteari eskatu zion Kode Zibil bat katabutean sartzeko, Bretoñako eskribau batena izandakoa, eta anaiaren herentziaren baliogabetasunari buruzko A Coruña-ko abokatu baten iritzia.

        — Hik, ene Gumersinda laztana, segi auziarekin, nik, nagoen tokitik, zenbait aholku bidaliko dizkinat eta!

        Figueiras hil zen, eta beste mundura joan zen Kodea jaka berriaren poltsiko batean zuela, eta orrialdeen artean, A Coruña-ko legelariaren iritzi aldekoa. Hilabete geroago, auzo batek gomendatuta, Gumersinda Castroko tabernaria bisitatzera joan zen, oso emakume irakurria, oso zuria, lizuna, haragiz jantzia, arraia, aniszalea, berrogei urte pasatxo izanda ere lirain askoa. Hark, esan zuenez, Gumersindari bost mila pezeta eta zerrama ernari bat eman zizkion, auzi lotsagarri horretatik erretiratzeagatik eta Figueirasen anaiak, José Pértega Lópezek, eskua eskatzeko idatzi zizkion gutunak ezkutatzeagatik. Egia da maragatoaren emazteak senargairen bat zuela, bigarren aldiz ezkondu-ez ezkondu hausnartzen ari zela eta ez zitzaiola nabarmentzea komeni.

        Gumersinda Bouzalera itzuli zen sosak atorra eta gerruntzearen artean gorderik, eta zerrama patxadaz akuilatuz, kantu isilean, Figueirasek gainetik lurra zuela lau aste baizik ez zirela, eta korrok eginez, maragatoaren alargunak gonbidatuta edan zuen anisa zela eta. Gumersindak kontuak egiten zituen eta urte hartan lokarriko zerriek balio zutena hartuta, zerramak zortzi ekarri eta horrenbeste erreal bakoitzak, guztira hainbeste; eta beste zerrama bat erosiko zuen eta zerrikumeen tratuan sartuko zen, eta errealetatik duroetara pasatzen zen alegia hartako esne-saltzaileak egindako kontuak errepikatuz. Legoa laurden batean hainbeste diru bildu zuen bere irudimenean non, liluratuta, txistu egin zuen. Eta orduantxe hitz egin zion soro bateko langaren gainean zegoen bele batek.

        — Zer egin dun, Gumersinda?

        Figueiras bera zen, burua tinko, haserre bizian zegoenean bezala, eta mokoaren muturra haren sudurrarena bezalaxekoa zen.

        — Egunero jan beharra zegok! —erantzun zion alargunak, negarrari emanez.

        — Etsaiak etxean edukitzea ere! —garrasika beleak, zera, Figueirasek.

        Eta lurra jo zuen bide erdian, putzu baten ondoan. Gumersinda begira geratu zitzaion zer egin jakin gabe. Azken buruan Manuel zen, Figueiras, bere gizona. Gorpurantz hurreratu zen. Belea, hankaz gora, ez zen mugitzen. Zerramak usnatu zuen. Hilik zegoen. Gumersindak zerrama uxatu behar izan zuen, gainerakoan beleari hozka hasiko zitzaion eta. Mandarra kendu zuen eta bertan bildu senarra. Bidean aurrera zihoala gorpuarekin zer egin aztertzen ari zen. Etxean gorde zuen bitartean lanparatxo bat piztu zion buru ondoan. Auzoan abisatu beharko zuen, agian, eta gaubeila pixka bat egin, baina ez zen ausartu. Egunsentia baino lehen Astorgako gurin-opiletako kutxa batean sartu zuen belea eta bazter batean lur ematera joan zen, Seixoko kanposantuan. Eta Figueirasek zorte handia izan zuen, izan ere, Gumersindak, katabutean sartu baino lehen, egunkari paper batean bildu zuen, zeinak hirugarren orrialdean Galiziako Foru Zuzenbidea kodetzeko hasi-masien berri ematen baitzuen, hain zuzen ere. Horrelaxe izaten dira gauzak. Figueirasek badu zertan eman denbora, oraindik ere legelarien saltsetan ibiltzen bada behinik behin. Seixoko kanposantua elizaren atzean dago, bixkar haren eguerdian, eta bertan hagin handi zahar bat dago, erroak eta itzala han dautzan fededun guztien artean pro indiviso partitzen dituena.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia