JAZINTOREN GOARDASOLA

 

        Guerreiro de Noste mendian barrena zihoan, Arneido esaten dioten mendia zeharkatzen. Orduan, gizon batekin egin zuen topo; alimaleko goardasola zeraman, bera baino altuagoa, eta errautsaren koloreko ehuna zuena. Guerreirok egunon esan zion, eta goardasolaren handiaz harritu zen, ez baitzuen sekula ikusi hura baino handiagorik.

        — Hori ez duk deus! —esan zuen gizonak. Potoloa eta gorrixka zen, bibote handiarekin.

        Eta Guerreirori goardasolaren kirtena erakutsi zion, gizon baten musua, bizarra eta beirazko begiak zituena, eta ahoak, gorrixka eta irekia, gizon bizi batena zirudien.

        — Hori bai ahoa! —esan zuen Guerreirok.

        — ¡Paraguas, saca la lengua! —esan zuen gizonak gaztelaniaz.

        Eta goardasolak mihia atera zuen ahotik, zakur batena bezain luzea eta arrosa, eta eskua miazkatu zion nagusiari. Gizonak txapela kendu eta Guerreiroren aurrean jarri zuen. Honek pezeta bat bota zion.

        — Zein da tranpa? —galdegin zion Guerreirok, jakin-nahia baitzen oso.

        Gizonak barre egin zuen.

        — Ez dik tranparik, motel, koinatu Jazinto duk.

        Eta azaldu zion bere koinatu Jazintok goardasol hura aurkitu zuela soto batean, Riolen, eta hartu egin zuela goardasol ona ematen zuelako, galdua zegoelako eta, gainera, une hartantxe euria hasi zuelako gogotik. Jazinto goardasola irekitzen hasi zen, baina bat-batean goardasolak gizona irentsi zuen. Airean joan zen irekita harik eta Jazintoren etxeko larrainean, ahoztegian, pausatu zen arte. Jazinto, goardasolaren barruan, garrasika ari zen kirtenaren ahotik. Emaztea, amaginarreba eta aitaginarreba, eta koinatuak harengana joan ziren.

        — Xacintiño naun! —esaten zion emazteak.

        — ¡Si eres jacinto Onega Ribas casado con María García Verdes, da una prueba!

        Eta Jazintok orduan, aurreneko aldiz, mihia atera zuen.

        — Bera da: Jazinto! —esan zuen emazteak.

        Eta egia zen Jazintok oso mihi luzea zuela, ahoan kabitu ezinik, eta horrexek, Zamora 8.ean soldadutza egin zuenean, hamaika atxilotze ekarri zizkion. Eta orain, goardasola zenetik, are gehiago hazi zitzaion, behin eta berriz erabiltzen zuelako bertan zegoela adieraztearren, eta ahaideak miazkatzen zituelako, baita behiak ere, hain zuzen ere errapetik esnea zurgatzea baitzuen elikatzeko modu bakarra.

        — Zergatik ez duk ferietara eramaten? —galdegin zion Guerreirok. Damutzen hasia zen pezeta hura eman izanaz Jazintoren koinatuak txapela prantatu zionean.

        — Nire arrebak ez dik nahi, goardasolarekin lo egiten dik eta. Izan ere, senarra dik, ez da hala?

        Gizonak atseden pixka bat hartu behar zuela esan zuen, eta agur egin zion Guerreiroki; honek bidean aurrera segitu zuen. Gizontxoa goardasolarekin hizketan gelditu zen. Goardasola zerbait desatsegina esaten ari zitzaion, nonbait, gizontxoak zaplastakoa ematen ziola ikusi baitzuen Guerreirok. Goardasolak oihu egin zuen zerbait esateko. Euria ari zuen Arisko gainean, Arneiro nabarraren alderdi hartan. Guerreiro, Lombadas aldera jaisten hasi baino lehen, malkor batzuen gainera igo zen, eta ikusi zuen nola gizon batek goardasola zabaltzen zuen, eta ederki kostata, barruan sartzen zen. Handik gutxira, goardasola hegan egiten hasi zen oso baxu, loretan zeuden isatsen gainetik. Haizearen kontra egiten zuen hegan, eta zaldika bezala ikus zitekeen kanabera gainean. Eta Guerreirok bere indar guztiarekin oihu egin zuen:

        — Jazinto jauna!

        Goardasolak sekulako jauzia egin zuen eta bidaiari ekin zion berriz. Guerreirok segurantziaz dio Guitiriz edo A Coruña aldera jo zuela.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia