BOUSOREN KASKEZURRA

 

        New York-eko Timesen irakurri nuen Chicagoko gizon bat, italiarren semea, gehiago esatearren, burutik operatu zutela eta hezur arraro bat harrapatu ziotela sobrante. Aurretik ere Bouso de Prado-ri gertatua zitzaion hori, Mondoñedoko nire herrialdean. Chicagotar haren hezurrak babaren antzeko itxura zuen eta parietalen artean zegoen kokatuta. Bousorena inork ez zekien nondik aterea zen, sudurretik bota baitzuen. Baina istorioa hasi-hasieratik kontatu behar da. Voici des détails exacts. Bouso Villalban zegoen, ferian, olagarroa jaten, eta erremediorik gabe eztabaidan hasi zen mahaikide batekin, kanpotarra bera, luzea, mehea, beltzarana. Gero jakin genuen mando batzuk erostera etorritako valentziarra zela, nonbait aurretik ere batzuk erosiak zituela, on eta otzan askoak. Olagarroaren kalitateaz eztabaidan aritu ziren Bouso eta kanpotarra, eta valentziarrak barkatzeko baina gailegoek kaka jaten zutela, eta bere platera lurrera bota eta Bousorenaren gainean tu egin zuen. Bouso jaiki eta makila eskatu zuen, baina valentziarra azkarragoa izan zen, eskuak lepoaren bueltan jarri eta burua astindu zion. Bousok hezur guztiak askatzen zitzaizkiola sentitu zuen, eta askatzean koilaretxo batzuek beirazko baso batean festa egingo balute bezalako soinua aditu zuen. Bousori begiak lausotu zitzaizkion eta lurrera erori zen. Bere onera etorri zen azkenik, eta etxeraino joan ahal izan zen oinez. Baina hezurrak aske zituen buru barruan. Ederki aditzen zituen. Auzoek ere aditzen zituzten Bousok burua astinduz gero. Emazteak Primo de Baltar-engana eraman zuen. Eta harekin joan behar izan zuen, izan ere batzuetan hezur aske haietako bat begietan jarri eta ikusmena galarazten ziolako. Aski izaten zen, hori bai, bestek burua astintzea hezurra tokiz aldatzeko, baina arriskua zegoen astindu egokia eman ez eta beste hezurren batzuk aurrerantz joanda itsu gelditzeko.

        Primo de Baltar-ek, hezur-konpontzaile estimatuak, esan zion Bousori aurren-aurrena burua atzerantz astindu behar ziola, kaskezurra alde hartan oso zabala izaki, erosoago egongo zirela hezurrak. Gero, bi egun segidan zientzialaria eta gaixoa deus ere jan gabe egonda, eta edan gabe, eta oinutsik, Primok argizari berozko mantarrak jarri zizkion kaskezurraren atzeko partean, eta argizaria barruko aldera iragazi zen; hezurrak bata bestearekin itsatsi zituen, eta guztiak Primok «kanpai bobeda» deitu zuen hezurrarekin, zeina oso kaskezur bakanetan, tartean Bousorenean, dagoen. Lo daudela ametsetan haizea aditzen dutenek ba omen daukate. Itsaspenari azkena emandakoan, Bousok eta Primok antxume bat Jan zuten, baita pegar erdi bat ardo edan ere. Primok ehun eta hogeita zazpi pezeta kobratu zizkion ebakuntzaren truke: hogeita zazpi pezetak gastatutako argizariagatik. Bousok, gainera, antxumea, ardoa, gazta bat, ogia, kafeak eta koñaka jarri zituen. Primori gorbata bat ere erregalatu zion Machadoren erretratuarekin, La Habana-n zeukan iloba batek bidalitakoa.

        Bouso ongi geratu zen. Emazteak, Jainkoa lagun, larunbatero argizarizko mantar bat jartzen zion buruan hezurrak hobeki finkatzeko. Bat askatu zen, ordea. Xigarro bat bezalakoa zen, luze eta biribila. Bousok ederki antzematen zion. Ikusi ere egiten zuela esan zitekeen. Inausketan burua bestetan ari zen batean, atzetik aurrera zetorrela antzeman zion hezurrari, harik eta kopetan jo arte. Tak! Baltarrera itzuli behar izan zuen, Primok berriz azter zezan.

        — Sobrante duk zorioneko hezur hori —esan zion konpontzaileak.

        — Nola izango diat, bada, sobrante! —harrituta Bousok.

        — Zilarbizizko hezurra duk hori, Bousiño. Sobrante ditek daukaten guztiek.

        Eta Primok zetabe batean tabako xehatua iralki zuen, eta rapé hori sudurretik xurgarazi zion. Alimaleko doministikuak etorri zitzaizkion oso goitik, eta hirugarrenean hezurra atera zen. Oilasko hegoarena ematen zuen, oso garbi zegoen eta zuri-zuria zen.

        — Gizonezkoaren hezurra ez dela iruditzen zaidak! —komentatu zuen Bousok.

        — Horrexegatik duk sobrante! —baietsi Primok.

        Primok esan zuen onen-onena hezurra lurperatzea zela, izurritea saihesteko, izan ere zilarbizizko hezurrak, batzuetan, kutsakorrak izaten direlako. Bouso osatu zen. Astun samar sentitzen du burua, atzerantz egiten dio bultza. Naturala da, ordea, hortxe baititu hezur guztiak itsatsita.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia