NOVO DE PARMUIDE

 

        Vigoko nire etxera Novo de Parmuide-ren iloba bat etorri zitzaidan bisitan, Santa María pakebote portugesean itsasoratu hurren zebilenean. Han zer berri zegoen galdegin, eta, bide batez, gogorazi nion hogei urte baino gehiago zirela ez Xerasera ez Parmuidera joaten ez nintzela. Bidea Parmuiden sartzen da, alde bietan barrendegiak dituela, negu-udazkenetan idoi handiz beteak, zeinetan haritzetako orbela igeri ibiltzen baita.

        — Hantxe dago zabua, ganbaran! —esan zidan.

        Osaba Novok, goian bego, txikitan Mondoñedoko San Lukasetan edo Lugoko San Froilánetan, zabu bat eta txalupa hegalariak ikusi zituen, eta harrezkero kasketa sartu zitzaion bata ala bestea beretzat behar zuela. Edozein festatara joan eta zeukan diru guztia zabuetan gastatuko zuen. Soldadutza Valladoliden, Farnesioko Zaldunerian, egin zuen eta handik bueltakoan pertsona bakarreko zabu kateaduna ekarri zuen, txintxarriekiko pana berdezko esertokia eta guzti. Larrainean jarri eta astia zuenean zabuka aritzen zen. Siesta ere zabuan egiten zuen, eta edozeini adiskidetasun froga bat emateko zabu egitera gonbidatzen zuen. Novok kabo errengantxatu bat izan zuen Valladoliden, erregimentuko zaldiak sendatzen zekiena, eta nire auzolagunari errezetak pasatu zizkiona, baina ez dakit noiz hasi zen tematzen zabuak gaitzak sendatzen zituela. Hasiera batean marrantak baizik ez zituen sendatzen zabu dosi batzuekin, baina gero beste zenbait gauzatarako ere hasi zen eskaintzen, buruko mina, gibelerrea, loezina, o afrixo esaten dioten anemia klase bat eta errakitismorako, erramukoa nahiz arrangurakoa. Bezero andana bat ere lortu zuen. Nekazari lanak anaiei utzi, bi kanpaitxoko iratzargailua erosi, eta sendakuntza lanetara jarri zen buru-belarri. Behin, Riotortoko San Pedrotan, osaba Sergioren etxean, bazter batera eraman ninduen postreetako orduan. Nire laguntza nahi zuen.

        — Eta zer egin dezaket? —galdegin nion.

        — Hitzen batzuk aukeratu, motel!

        Kontua zen, beraz, nik bertso batzuk egitea eta zenbait latin bilatzea —«divinas palabras» beti!— eriek zabu egin bitartean errezitatzeko. Eta azaldu zidan zabua bera ere gauza zela sendatzeko, baina itxura pixka bat eman nahi ziola, gutxiago sendatzen zuten askok eta askok ere hizketa zientifikoa egiten zutela.

        — Ongi botatako soneto batek konfiantza ematen du —arrazoitzen zidan.

        Konbentzitu egin ninduen eta zenbait bertso jarri nizkion —haien kopiarik ez dut, eta damu naiz—, Novo de Parmuide-k buruz ikasi zituenak, eta Ovidioren latin batzuk ere bilatu nizkion. Bertsoak gaztelaniaz eskatu zizkidan. Novoren ospea urrutira heldu zen. Ilbetean petrikiloak emakume kargatuak zabuntzen zituen, eta gero aise erditzen ziren. Asturiastik etortzen zen jendea, eta Luarcako moja bat ere ekarri zioten, paralisiak jota zegoena, eta oinez jaitsi zen zabutik. Sevillakoa omen zen. Novok diru pixka bat egin zuen, beltzez jantzita ibiltzen zen, eta txapela beharrean kapelua izaten zuen buru gainean. Egun batean hamaiketakoa egiten ari nintzen Casa Paramés-en, Lugon, eta Novo sartu zen.

        — Badakizu? Orain inork ez ikasteko atzetik aurrera esaten ditut bertsoak.

        Eta horregatik kexu da Novo de Parmuide-ren iloba: osabak bertsoak irakatsiz gero, zabuaren kargu geldituko zen, eta ez zuen Venezuelara emigratu beharko.

        — De ocultisko hitz haiek nondik atera zituen jakitera! —esaten zidan.

        Eta ni ez naiz ausartzen esatera de ocultisko hitz haiek nire kaskarretik atera nituela, ez zirela ezkutuko hitzak ezta magikoak ere... Novo hil zenean, zabuak sendagarri izateari utzi zion. Hantxe eduki zuten larrainean urtebetez, baina gero kendu egin zuten. Ganbaran dago, hautsez estalia, txintxarriak isilik, gainetik sagurik pasatzen ez bada, behinik behin. Novoren alargunak txintxarri hotsa aditzen duenean, burua altxa eta aitaren egiten du.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia