MEL DE VINCIOS

 

        Nire Petrikiloen eskola idatzi nuenean zenbait ahaztu nituen, Mel de Vincios, Pita de San Cobade eta Melen ikasle bat, Lousas izenekoa, ez dakit oraindik bizirik den edo hila den; horrexek eman zidan bere maisuaren berri, nik ez bainuen ezagutu. Mel de Vincios Oscoskoa zen —Sagardelosko markesa izan zen herri berekoa—, morroi luze eta mehea, eta gerrirainoko bizarra zuena. Joan den mendearen bukaera aldean, argazkigile batek Ribadeon estudio bat jarri zuenean, Mel de Vincios-ek zerez ordaindu bazeukaten gaixoak erretratatzera eramaten zituen, eta batzuk asko hobetu ziren. Zenbait jenderi gaizkin tikiak aterarazten zizkien gorputzetik, izena, abizenak, eta gainerako goitizenak ozenki esate hutsarekin. Demonioa barrutik, ostikoka eta tuka hasiko zen.

        — Melek goitizenak oihukatzen segitzen zuen —esaten zidan Lousasek—, eta gaizkinari ostikoak ematen zizkion ahoan.

        — Gaizkinari? —galdegiten nion nik harriturik.

        — Bueno, gaixoari ere ematen zion bat edo bat...

        Gaizkinak, noizbait, alde egiten zuen eria lasai utzita. Dirudienez, eri horiek sendatzeko, gure baitan bizi den demonioaren izena jakin behar da: behin zabaltzen hasten denean honako gaizkina halakoren gorputzean dagoela, adardunak ospa egin beste erremediorik ez du.

        Hezur kontuetan oso abila zen Mel de Vincios. Eriarengana hurbiltzean, aurren-aurrena hezurrak kontatzen zizkion, eta zuzen jartzen zizkion loka edo makur antxa zirenak. Mel de Vincios-ek ubikuitatearen dohaina zuelako hotsa ibili zen, Riotorton bati lepauztaia bere tokian jartzen ari zen bitartean, ordu berean, Trabadan zegoela belarria beste baten sabelean jarrita.

        — Frogatuta al dago hori? —galdegiten nion Louzasi.

        — Nola frogatuta! Nork daki zer adelantu etorriko diren!

        Melek bertsotan hitz egiten zuen askotan, egun osoak ere bai. Itsuentzat hilketen istorioak idazten zituen. Tapia de Casariego-n hilketa bat izan zen, eta Melek bertsotan jarri zuen gertatutakoa, eta azkenean sei laukotan susmagarrien datuak ematen zituen, baina hori bai, oso ezkutuan, izenik aipatu gabe.

        Oviedoko fiskalak Melen erromantzea irakurri, susmoak aztertu, poliziari abisua pasa, eta hiltzailea aurkitu zuten. Mel Oviedora joan zen ahozko epaiketa ikustera, eta jendeak txaloka hartu zuen epaitegian. Lau egun pasa zituen Oviedon, akusazio partikularrak gonbidatuta.

        Azken urteetan Melek medikuntza utzi eta gogor eman zien auziei. Asko izan zituen, eta gehienak galdu. Abokatuen bulegoetan ibiltzeari gustua hartu zion. Oscostik Ribadeora joaten zen zaldiz Garganta haitzarte ilunetik. Zorrak, herentziak, auzi-larriak asmatzen zituen legelariekin eztabaidatzeko; haiek nekez urratzen zuten bidea Mel de Vincios-en irudimen sesianteak sortutako sasiartetik. Oscosera irribarrez itzultzen omen zen.

        — Hilabeterako konorterik gabe utzi diat Ribadeoko Cuervo notarioa —esaten zuen.

        Hilda gero ere, Oscosko bizilagunek eta Taramundiko ferratzaileek, Veigako azokara bidean zirela, menditik paseoan ikusi omen zuten, belarrak biltzen. Bere betiko biserarekin, betiko txamarrarekin eta Nay zakurra lagun, hilik hura ere, eper batzuk botatzen Priorko lintzuretan.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia