LOUZAO DE MOURIDE

 

        Ahaidetzat jotzen ninduen Manuel Costa hark, goitizena Louzao de Mouride zuenak, biok abenduaren 22ko goizeko zortzietan jaio ginelako, Kaprikornio zeinupean. Eta horoskopoari men egiten zion.

        — Asko gustatzen zaidak diplomazian garaipen handiak izango ditugulako kontu hori! —esaten zidan. Eta eskua bizpahiru aldiz pasatzen zuen masailetik.

        Hamabost urte zituela Buenos Airesera emigratu eta taberna batean sartu zen sukaldeko morroi. Handik gutxira, pizza napolitanoaren artea fundamentuz ikasi, oreganoaren punttua harrapatu —pasta on baten atzetik zailena omen da hori—, eta Vittoria izeneko batekin ezkondu zen, nagusiaren alaba.

        — Nire kontuak idazten dituanean —esaten zidan Louzaok—, jar iezazkiok Vittoriari bi te.

        Eta jarri dizkiot: Vittoria. Ezkonberritako hilabeteak ederki asko pasatu zituzten. Vittoriak marrubi usaineko ile-finkatzaile batez orrazten zuen Louzao, eta Napoliko kantak kantatzen zizkion. Behin, Louzaori ezongia sartu zitzaion tabernan, eta etxera joateko baimena eskatu zuen. Etxera heldu zenean, ez zuen Vittoria aurkitu. Ohatzean etzan eta ordubetera heldu zen andrea. Suhiltzaile uniformea zuen jantzia; Vittoriak aitortu zuen: suhiltzaile aritzen zen Los Toldos-en, eta astearte, ostegun eta larunbatetan izaten zituen zerbitzuak. Hangoak gizona zelakoan zeuden, izenez Gasparo Ponti. Soldata ere bazuen, eta hule gorriko estalkidun karneta. Vittoriak gizonari aitortu zion deus ere ez zuela maiteago sute bati begiratzea baino, eta sugarrei begiratzearen ondoren, gizon-janzkeran ibiltzea zuela gustukoena. Etxearen atzeko aldean zeukan kutxa batean, dozena erdi bat gizon-jantzi zeuzkan, goitik beherakoak. Louzaok dibertimendu hura kendu nahi izan zion andreari, baina honek buru egin.

        — Aulki batez jo nahi izan nindian buruan!

        Louzaok tabernan kontatu zuen hori guztia, eta andrea etxetik joan zen ederki haserretuta. Louzao negarrez geratu zen sukaldean, Miguel Angel ttikia altzoan; artean zortzi hilabete baizik ez zuen. Vittoriak berarekin eraman zuen kutxa, gizon-jantziak eta guzti, eta Louzaok ez zuen sekula haren berririk izan. Ez zegoen Los Toldos-en suhiltzaile, ezta hiriburuko inongo auzotan ere. Baina dudarik ez dago Errepublikako suhiltzaile talderen batean egongo zela.

        Louzao arras tristetu zen, eta Mouridera itzultzea erabaki zuen; han Seixosko eiheraren erdia erosi zion bere anaia Pedrori. Buenos Airesko bi egunkariren harpidetza ordaintzen zuen huts egin gabe.

        — Suteengatik, motel!

        Eta horixe irakurtzen zuen haietan, suteak baizik ez, Vittoria bi terekin noiz aterako.

        Louzaoren irudimenean, andreak jainkosa su-itzaltzaile baten itxura ia mitikoa hartu zuen. A Coruña-n edo Madrilen surik bazen, Louzaok esaten zuen:

        — Nire Vittoria han egotera, aise asko itzaliko zian sua.

        Urteak pasa ziren. Miguel Angelek hemezortzi eginak zituen. Kaprikornio zeinupekoa zen hura ere, bere aita eta biok bezalaxe; beraz, astrologiaren arabera, diplomazian garaipen handiak izatera deitua. Ergel samarra ere bazen, eta begi beltz handiak zituen. Aitarekin Mondoñedora jaisten zenean, nik matigoxo puska bat ematen nion erregalu, aitaren botikatik hartuta, eta Miguel Angel adur horia zeriola egoten zen ordu erdiz... Behin, Louzaok Buenos Airestik berriak jaso zituen. Francesco Luigi koinatuak idatzi zion, eta kutxa bat bidaliko ziola esateaz gain, Vittoria tisiak jota hil zelako berria ere eman zion. Heldu zen kutxa, Vigoko Hijos de Estanislao Durán-en bitartez. Gurdi batean ekarri zuten Moncelosko bidegurutzetik Mourideraino. Louzaotar guztiak hantxe ziren don Manuelek kutxa ireki zuenean. Emakumezko arropak, zenbait pakete mate-belar, errebolberra, lauzpabost praka gizonezkoarenak, eta Los Toldos-ko suhiltzaileen uniformea, kaskoa eta labana bat hiru kakodun gerrikoa eta guzti. Miguel Angelek negarrari eman zion kaskoaren gainean, eta negar batean egon zen harik eta kaskoa buru gainean janzten utzi zioten arte. Ez zen kentzeko modurik izan. Kaskoa buru gainean joaten zen sorora lanera, behiak alatzera, esnea kamiora ateratzera, baita Meirako feriara ere. Soldadutzara joateko ordua ere heldu zitzaion, baina ezgai hartu zuten. Handik hilabete gutxira hil zen. Aitak, errukiz, hilkutxara kasko eta guzti sartzen utzi zion. Latoizko urre koloreko xafla batean hauxe zegoen idatzirik: «Bomberos de Los Toldos. 1.ª Escala».

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia