PENEDO DE RÚA

 

        Gomendio bat egin behar izan nuen Penedo de Rúa-ren iloba baten alde. Penedok bele batekin hitz egin zuen behin.

        — Ez hadi fida heure abokatuaz —esan zion mugarri baten gainetik bele batek Penedori, ereiten ari zela. Penedo bere abokatuaren errezeloan zegoen, hain zuzen ere, iruditzen zitzaiolako kontrako aldekoekin adiskideegi zebilela. Penedok buruan hazka egin zuen.

        — Eta epaileaz? —galdegin zion beleari.

        Beleak hegoak astindu zituen, baina ez zen mugarritik mugitu. Ahots garratzez esan zuen:

        — Badituk urdaiazpikoak auziari buelta ematen dakitenak!

        Penedo biharamunean behorra zelatu eta Lugora joan zen. Casa Quintela-n aberea utzi eta, tripazorria kendu gabe, Pepe Benito ikustera joan zen. Lugotarren nagusi handi hark begi bizi eta isekariez begiratu eta irribarre egin zion.

        — Bai bele argia Rúako hori!

        — Bai jauna, asmatu du auzi bat nuela.

        Pepe Benitok bere gain hartu zuen Penedoren auzia, behar den jakituriaz eraman, eta irabazi egin zuen.

        — Orain —esan zion Penedori pagatzera joan zitzaionean—, bele haren bila joan beharko zenuke, eta errada erdi bat gari eman, gutxienez.

        Penedo oihuka ibili zen soroetan ikusten zituen bele guztiei auzia irabazia zuela esanez, kontseilari lumabeltz hura aurkitu nahian. Herrian garaitza judizialaren pozaz erotuta zegoela pentsatu zuten. Baina Penedo esker onekoa zen, eta errada erdia gari eman nahi zion beleari, José Benito Pardok aholkatu bezala. Egun batean, noizbait, larratze batean tokatu zen, Lea bazterreko bixkar haietako batean; goiko aldean zituak, usapalen pausaleku, beheko aldean belazeak, paradisua mendi-oilarrarentzat, up! up! oihuka pozik dabilela, apirileko egunetan ateratzen diren aurreneko kilkerrak harrapaka; eta orduantxe erantzun zion bele batek.

        — Auzia irabazi diat! —oihuka Penedok.

        — Zorionak! —erantzun zuen beleak.

        Penedok esan zion, biharamunean han bazen, ekarriko ziola errada erdi bat gari. Beleak erantzun ongi etorria izango zela. Garfa eramatera joan zitzaionean, beleak bizkotxo pusketa bat gustura jango zukeela esan zion, San Martinetatik sobrante bazen, behinik behin.

        — Eta, ez didak erosiko txanorik negurako?

        Penedo oso esker onekoa zen. Mondoñedora jaitsi eta Domingo jauna, plazako arkupeetako txapelgilea, ikustera joan zen. Hark belearentzako txanoa egin zion uso bati neurriak hartuta. Txanoa forratua zen, eta zinta ederra zuen koloretako harri ttikiekin.

        — Luzituko ziok ederki! —esan zuen txapelgileak.

        — Gizalege handiko belea baita!

        Penedok txanoa eraman beleari, eta horrek, txanoak buru gainean ederki ematen baitzion, eskerrak emateko esan zion:

        — Brañan dagoen altxor baten bila joan behar duk!

        Eta Penedo Brañara joan zen, eta bi haritzen artean metalezko gauza bat aurkitu zuen. Inork ez zekien zer makina klase zen, ezta zertarako balio zuen ere. Laurogei urte pasatxo badira hori gertatu zela. Penedok Villalbako feriara eraman zuen gauza hura, lagun erlojugile bati erakusteko.

        — Bizikleta baten pedala duk, motel!

        Artean ez zegoen bizikleta bakar bat ere herri guztian. Pedala berri-berria zen. Erlojugileak bizikleta bat zer zen azaldu behar izan zion Penedori.

        Baina, altxorra da ala ez? —galdegin zion Penedok erlojugileari.

        — Altxorra altxorra ez duk, baina misterioa bai, alajaina!

        Penedok oihal batean bildu zuen pedala, eta lurperatzera joan zen Brañara, aurkitu zuen lekura. Handik gutxira hil zen, bizikleta batek zer itxura zuen klaro jakin gabe, nola egon ote zitekeen gizona halako batean zutik, eta ibili, gainera. Penedo, Penedotar guztiak bezala, Rúako kanposantu tiki hartan lurperatu zuten; ate ondoan hazi zaion haginak ia erabat estali du.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia