LIÑAS DE EIRÍS

 

        Behin baino gehiagotan kontatu dut jada Eirísko malkarrarena, eta bide piko haiena, goraino, Mirandako soroetaraino doazenak, erregerenak omen diren lintzura zabaletara. Alde batera eta bestera, txilardiak, isastiak, otadi usuak eta «Meirako haizea» esaten dioten haize bortitzak, euri asko ekartzen duenak, iparrera makurrarazitako urkiak. Sareiroko erreka jaitsiz Eirísko hamabi etxeak daude, kastroaren oinetan. Zubiaren hasieran dagoena Liñastarrena da; batzuek, oraindik, Taberna esaten diote, eta beharbada horixe izan zen garai batean, Lugoko errege-bidean. Liñastarretatik nik don Ramón tratatu nuen asko. Liñastarrak denak dira luzeak, lerdenak, ilehoriak eta begi-argiak. Sueboen odol ugari dago alderdi haietan. Don Ramón ehiztaria zen, eta afizioz albaitaria, eta sinapismoak eta «Tres Cepas» koñaka errezetatzeko joera handia zuen. Maiatzeko eurien eta ilgoraren bertuteetan sinesten zuen. Halaber, gaixoei osasuntsu zeudela amets egiteko gomendatzen zien.

        — Amets egik osatu haizela eta lasterketa batean ari haizela nire aurka!

        Eta gaixoa akuilatzeko, korrika oldartzen zen bidean aurrera airean itzulipurdiren bat eginez noizean behin, merezi handiko dantzariak bezala. Batzuetan, gaixoak Leirasek eskatutakoa amets egin, eta horrexekin bakarrik osatuko zen. Kafetan kobratzen zuen lansaria, esan ohi zuen bezala, garbiago iruditzen zitzaiolako sosetan kobratzea baino.

        Augaxosako feriara zihoan egun batean, bidearen erdian kapelu berri bat aurkitu zuen Ramón jaunak, kapelu gris perla. Ezin utziko zuen han, lohitzan. Ramón jaunak txapela kendu, zamarraren poltsikoan sartu, eta kapelua jantzi zuen.

        — Edukitzea izaten baita kontua, badakizu —azaldu zidan.

        Jantzi zuen aurreneko egunean bertan, don Ramón konturatu zen buru gainean zeraman kapelua apetatsua zela oso, agurretarako batez ere. Muxeirako apaiza etxera heldu zelako don Ramónek kapelua kendu nahi zuela, bada ezin zuen burutik kendu. Aitzitik, delako Freixín do Marco pasatu zen, zeinarekin bide-zor bat zela medio auzi bat izan eta galdu zuen, eta kapelua bakar-bakarrik altxatu zen. Frixínek Liñasi begiratu eta, trufa eginez, zera esan zion:

        — Ez nekian hain apala hintzenik, motel!

        Don Ramón gorritu egin zen eta burua makurtu zuen. Kapelu alua! Rancañoko andreak ere ezin izan zituen agurtu Ribadeon piper-opilak erosten ari zirela. Baina kapeluak, hori bai, eskale zebiltzan behartsuak agurtzen zituen.

        — Hori ez zitzaidan axola —komentatzen zidan Liñasek—, behartsuak, azken finean, santuak bezala izaten baitira.

        Etxera heldu zirenean, Liñasek hormako erlojuan zintzilikatu zuen kapelua, eta horretan ari zela galdera bat atera zitzaion:

        — Nor ote zen hire jabea, aizak?

        Don Ramónek bere buruari bi kolpe eman zituen bularrean. Oso berea zuen keinu hura.

        — Erantzun al zion?

        — Soy del secretario! —esan zion.

        Handik egun gutxira, don Ramón ohartu zen kapelua paseo bat ematera ateratzen zela ilunabarrean. Larrainetik joaten zen alderrai, eta gero sagarrondo baten adaburuan edo pikondo batenean paratzen. Hori guztia ikusita, don Ramón ez zen ausartzen kapelua janztera, baina lo zegoenean, kapelua bere kakotik jaitsi eta Liñasen musu gainean jartzen zen. Kapelua, don Ramóni sinestera, haize beroz beterik zetorren, bera ia itotzeko moduan.

        — Asper-asper eginda naukak! —esan zion gau batez don Ramónek kapeluak.

        — Banoak orduan! —erantzun kapeluak.

        Eta joan egin zen. Don Ramón haren atzetik abiatu zen lasterka etxearen atariraino. Kapelua lurretik hiru bat kanatara zihoan, erdi zeharka.

        — Gizon luze batek harroputz moduan balerama bezala. Bidegurutzean zein bide hartu ez zekiela ematen zuen, baina azkenean Meirakoa hartu zuen.

        — Harro eta haserre zebilen oso!

        Pasadizo hori don Ramónek kontatu zidan isilpean, eta nik paperera sekula ez nuela eramango zin egin nion. Hogeita hamar urte baino gehiago dira hori gertatu zela. Eiherako uharkaren inguruan ginen, lixuarrietan eserita. Noizean behin sagarrondoren bati sagar bat jaulkitzen zitzaion uretara.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia