PENEDO DE ALDUXE

 

        Lady Augusta Gregory-n Urrezko Soingainekoa bazela irakurri nuenerako, gaelikoen artean Bitxi Jaspeztatuarekin zerikusirik baduena, ni haren izateaz jabetua nintzen nire lagun Penedo de Alduxe-ri, Pedro Anido Garcfari, esker. Hari, Felipe de Amancia txalupariari bezala, Goiko Miñoko marinela bera, asko zor diet. Ongi kontatzen ikasteko nire eskola izan ziren, eta antze horretan gehiago aurreratu ez banuen, nire errua izan zen, ez haiena. Penedok Meirako pasadizoak zekizkien, Santa Marfako abadeen ipotxetatik hasi eta Pe da Serra-ko ferratzaile misteriotsuetara, aintziretan ezkutaturik diren altxorrak ahaztu gabe. Penedok bazekien urrezko soingaineko famatua Meiran gordeta egon zela mendetan, eta nahiz eta modu misteriotsuan desagertu zen, ez zela herritik lekutu. Zintzilik egongo zen, naski, armairu ezkutukoren batean, agian lurpean, agian urpean, armairu hegalariak ere existitzen direla ezin uka daitekeen gauza den arren. Penedok urrezko soingainekoa ikusi ere egin zuen. Egun batean ohatzera sartu eta amets egin zuen Meirako abadearen ipotx batek hatz egiten ziola bizkarrean. Hainbestetan egiten zuen amets mitratu bernardoarraren ganbara-ipotxekin, non beti gaueko irudimenean izaten baitzituen puntual eta esaneko. Ipotxak bi eskuez egiten zion hazka, bi erpuruez, hori baita, antza, gizalegez hatz egiteko modua, eta ez hazka-hozka. Penedok ipotxak hatz egiten ziola amets egiten zuen, eta, onenean zegoela, bat-batean gelditu eta belauniko jartzen zela.

        — Eta orduan —kontatzen zidan Penedok—, iratzarri egin nintzen. Ipotxa nire ohatzearen oinetan zegoen. Zakur tiki bat bezalakoa zen, arima agerian, galtza berde eta begi beltz handiekin. Orduan harengana joan eta hazka egiteko eskatu nion, lo egiten segitu nahi nuela, baina hark ezin zidan hatzik egin ni lotan ez nengoelako. Vilaresko apaizari hau kontatu nionean, ez zuela ongi entenditzen esan zidan, ipotx metafisiko bat ez bazen behinik behin... Baina Ipotxak hatz egiten ez zidanez ez ninduen loak hartzen. Eta orduantxe azaldu zen leihoan urrezko soingainekoa. Ilargi betea bezain biribila, urre kolorekoa, dirdiratsua, haizeak zabundua. Intsentsu usaina zegoen. Ipotxak keinu egin zidan bera bezala belauniko jar nendin. Soingainekoa gelan sartu zen, sabaiaren pare-parean, eta bat-batean bizkarrean paratu zitzaidan. Egoki paratuta ez zegoenez, eskuak gainetik pasatu nizkion hobekiago paratzeko, eta orduan soingainekoak alde egin zuen...

        — Eta ez al zuen batere arrastorik utzi?

        Penedok eskua sartu zuen txalekoaren poltsikoan eta erretzeko paper liburutxo bat atera zuen, «Rey de Espadas» markakoa. Ez zuen paperik. Estalkien artetik zenbait hari hori baziren, eta erakutsi zizkidan.

        — Irtetean, pikondo baten adarrean trabatu zen eta hantxe utzi zituen hari hauek. Lugoko zilargin batek urrezkoak direla esan zidan, Carlos III.aren ontzen lege berekoak.

        Irlandan batzuek uste dute urrezko soingainekoa San Patriziorena izan zela, eta hantxe utzi zuela Azken Egunean haraxe berpiztera joan behar zuelako, uharte maite hartara. Beste batzuek, berriz, Nuga erregearen soingainekoa zela baiesten dute, zeinak astetan eta astetan atertu gabe euria egiten zuenean janzten baitzuen. Orduan hodeiek, hura eguzki sumindua zelakoan, itsaso aldera egiten zuten ihes, eta eguzkia egoten zen Erinen eta inguruko muino berde guztietan... Nik begirunez begiratzen nion Penedori, bizkar gainean antzinako abade santu eta misteriotsuen urrezko soingainekoa eduki zuen gure garaiko hilkor bakarra baitzen. Paciosen ginen biok, zubian eserita, erreka pasatzen ikusten, hango ur berdeak, hondoan milorriak pozik hazten dituztenak.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia