PONTES DE MEIRADO

 

        Urte asko dira Pontes de Meirado ezagutu nuela. Ordurako gizon heldua zen Pontes. Hamazazpi urte zituenetik pipan erre eta kapelua ibiltzen zuen. Luzea, mehea, beltzarana, beti marrantatua, marra berde eta gorridun bufanda batean bildu ohi zuen lepo luzea, eta zintzur-sagar zorrotz eta iletsua irteten zitzaion bertatik, zain-bizia beti. Erretzen zuenean behin eta berriz botatzen zuen kea ahotik eta sudurretik, eta belarrietatik eta begietatik ere bai. Kapelua han goian geratzen zitzaion ketzar batean bildua. Eta leize sakon batetik bezala irteten zen haren ahots erlatsa, antipodei buruzko iritzia ematen, gainerakoan haietan sinesten ez bazuen ere. Pontesen arrazoibide handiena irristarena zen: borealasiar bat etzan eta irristatzen bada Australasiarantz, eta australasiar batek berdin egiten badu Borealasiarantz, une batean bien oinpeek elkar ukituko dute. Hauek biak zinezko antipodak izango lirateke. Baina, ezagutzen al da gorantz irristatu den norbait? Antipodei buruz hitz egiten dutenek Lurra erabat zelaia dela jota hitz egiten dute, Lurra biribila da, ordea. Hori pisu handiko arrazoibidea izaten zen bizartegietan.

        Pontesek segurantziaz esaten zuen Buenos Airesen Lurraren erdiko udare itxurako imanari buruz aleman batek egin zituen hitzaldietan egona zela. Eta imanarena egia izatera, bada orduan, antipodak ere izaten ahal ziren. Imanak, alemanak zioenez, denbora dezente behar izan zuen osatzeko, eta erabat harri egin ez zen bitartean, Lurrak, eguzkiaren bueltan hegan, beheko aldeko gauzak erortzen utzi zituen, eta, gaur, gauza horiek beste planeta batzuetan aurki daitezke, konparazio batera gereziondo bat Ilargian edo zenbait ardi Martitzen.

        Pontes, izenez Manuel, Argentinatik itzuli zen herentzia bat zela-eta, eta gripeak jota ohatzean zegoela, Mar del Plata-n zeukan andregai bat gogoratu zitzaion, Virna Filossi izeneko italiarra, eta ahalak bidali zizkion anaia Adolfori neskarekin bere izenean ezkontzeko. Baina Adolfori neska gustatu nonbait, ahalak zakarrontzira bota eta bera ezkondu zen calabresarekin. Pontes ez zen sekula kolpe gaizto hartatik osatu, nahiz eta Adolfori herentzian zegokion partea eman ez, desagertu egin zelako. Pontes bere amodioez mintzatzen zitzaidan Campo Castillo-ko taberna batean, Lugon, eperra jaten ari ginela. Hegaztiari lepotik eta hanketatik kontu handiz eutsi eta hasperen eginez:

        — Sekula ez da izan halako elezuri egokirik!

        Eta duda tiki bat eginda hortz luze eta txorrotx haiekin hozka egiten zion.

        Adolfori buruz, berriz diot, ez zen besterik jakin, ezta Virnari buruz ere. Nik esan nion, txantxetan, agian Lurraren erdiko imana artean gogortu gabe egonik, Lurretik erori eta Ilargian-edo ibiliko zirela alderrai.

        — Bidaia hori nik jakingo nuke nola egin, ez beste inork!

        Eta zamarraren barruko poltsikotik lore urdin brodatuekiko zapi zuria ateratzen zuen, Virnak amodiozko egun dohatsuetan egindako oparia. Sudurretik eta begietatik pasatzen zuen. Sudurretik galdutako maitalearen usainaz hobeki gogoratzeko, eta begietatik negar-malko mardul eta mingotsak xukatzeko.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia