SOMOZA DE LEIVA

 

        Atzo taberna batean sartu nintzen hormetan hamabi irudi zintzilik zituena, Berlinen 1899an inprimatuak, eta haietan, Hernán Cortésen historia, Mexikoko konkista eta zaldunak Marina «lengua»rekin izandako amodioak kontatzen ziren. Eta orduan gogoratu nintzen Somoza de Leiva-z. Hura, Somoza, Leivakoa —Leiva muino batean dago, gaztainondo artean, Mirandako lurraldean, eta sekula ez dut ikusi horrenbeste iturri duen lekurik—, Otumbako Erregimentuan erregeren zerbitzuan egon zen, eta harrezkero, Oajaca ibarreko markesa eta Mexikoko haren ibilerak maite zituen, eta Gau Ilunaren gaineko guzti-guztia zekien, eta Lugon tabernan zintzilik ikusten ari nintzen hamabi irudi horiexek erosi zituen, eta paratuak zituen etxeko eskaileretan eta jantokian. Txikitan hara joan nintzen San Bartolometara, eta Somozak, artean maingu samar zebilen Sigueiroko ibian igaraba batek hozka egin ziolako, pasadizo bakoitzaren letra irakurtzen zidan, eta irudipeko literatura elebitan izaki, harritu egiten zen nik frantsesez irakurtzen nuelako.

        — Begira zer izter gizenak!

        Eta Marinaren izterrak erakusten zizkidan, zuri eta biribilak. Marina kapitain jaunak erregalatu zion ispiluan bere buruari begira zegoen.

        Somoza oroigarri-idazlea zen, zaletasunez nekazaritzan peritua eta auzilaria. Baños de Molgas-era egindako bidaia batetik zakur bitxi bat ekarri zuen; bizkar hori eta pintaduna zuen, izter zuriak, eta atzeko hankak jasoz txiza egiten zuen. Zakur triste eta isila zen, soroan iraulkitako sagarrak jaten zituena, eta erleak burrunban aditzen bazituen, hantxe saiatuko zen harrapatzen, kuzkur jarria, eperrak bailiran.

        — Zakur horrek ez dik deus ere balio, esan zion Trasmontesko nire lehengusuak Somozari.

        — Legelari batentzat egokia duk ba! —erantzun zuen Somozak.

        Eta nire lehengusuari argitu zion sekula ezagutu zuen zakurrik argiena zela, eta ez zuela preziorik Lugoko Pepe Benito edo Madrilgo Soto Reguera bezalako abokaturen batentzat.

        — Kontrako parteari bakarrik zaunka egiten dion zakurra duk!

        Somoza auzoren baten auziak korritzen ari bazen, eta norbait etortzen bazen kontsulta egitera eta zakurrak zaunka egin, seinale bisitaria bazterrak nahastera zetorrela artetsu. Ez zuen sekula huts egiten. Zakurra gaixotu eta itsu geratu zenean, Somozak Lugora eraman zuen, Gasalla okulistarenera. Saski batean eraman zuen, Zamorako burusi batean ederki bildua. Santo Domingo plazatik zihoazen eta zakurrak, saski barrutik, zaunka egin zuen.

        Somoza gelditu eta zer gertatzen ari zen begiratu zuen, eta San Marcos kale aldera Crecenteko urtzaina igarotzen ari zela ikusi zuen, arestian isuna jarria zion huraxe...

        Ia ahaztu zitzaidan esatea zakurrak Moctezuma zuela izena.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia