Ene adiskide Antonio Odriozolak eta Francisco F. del Riego-k liburu honetako erretratu asko bildu zituzten, zenbait egunkari eta aldizkaritan barreiu zirenak. Haien laguntzarik gabe, uzta eta aukeraketa bera ere gabe, erretratu horiek ez ziren posible izango. Horregatik nahi ditut bien izenak hemen aipatu eta biei eskerrak eman asmakari sorta hau eskainiz.

 

 

Autoreak
Domingo García-Sabell doktoreari,
liburu hau ordenatzen ari zela,
bidali zion eskutitza

 

        Ene Domingo maitea: Behin nitaz idatzi zenuenez zuregana heldu eta zuregana eta besterengana hurbiltzen nintzenean, oso urrundik nentorrela ematen zuen, iparra galduta nonbait, eta denbora pixka bat behar izaten nuen konturatzeko zu zerori zinela, baita ni non nengoen ere. Zuk esan bazenuen, hein handi batean egia izango da. Bada, nik esango nizuke hauengandik nentorrela, ondoko orrialdeetan etorriko direnengandik. Baina, izan al zen horrelako izakirik, ba al da? Norbaitek erantzun lezake, bat-batean, ez zirela izan eta ez direla, izan ere, nik neure gogotik atera ditudalako. Eta delako horrek auzia epaitutzat emango luke, baina, nire ustez, ez zuk ez nik ez genuke horrenbeste egingo. Horregatik paratu ditut hitz hauek, zuk niri lagun egiteko ez bakarrik igartzen hauek izan ziren ala ez ziren izan, baita jakiteko ere diren bezalakoak atera ote diren nire alegian. Jakin nahi dut horrenbesteko aldea ote dagoen bizi denaren eta pintatutakoaren artean, edo are argiago: nire hauek gailegoak diren ala ez, eta zer adierazten duten gogo gailegoaren gainean, herri honetakoak badira behinik behin.

        Zeren ni tematzen bainaiz hauek geronen leinuko jendearen erretratuak direla, eta ezin daitezkeela beste edozeinetakoak izan. Esan nahi da haiengan —nire iritzian— gailego izatetik ontza bana dagoela, eta jende horren artean partiturik dagoela gailegoaren aldamiajea, mundua neurtzeko haren kanak, haren asmamenaren itzuliak, haren kalitate intelektuala, haren ametsen eta desioen itzuli-mitzuliak, sorpresa maite izatea, gizon bat, behar denean, jaun errege bihurtzeko behar den ironia, eta apaltasuna, nagiaren goxoa, hutsetik gaixo jarri eta hiltzea, setakeria hori ez beste ezerekin, eta horixe utzi herentzian, altxor topaezina bailitzan... Jarrai nezake esanez nire Listez hauengan zer dagoen, baina ez naiz ausartzen zerorren zientziaz ez badidazu lagun egiten. Badira beste errealitate batzuetatik gailegoa nolakoa den bilatzen saiatzen direnak, eta ongi egiten dute, errealitate horiek aiseago ditugulako irispidean, eguneroko bizitzea direlako; nik, berriz, gailegoan aitzurtu nahi dut, eta hori egitera oldartzen naiz harik eta ezkutuko beste larrain batzuk bilatu arte, besteak. Arrazoia al dut larrain hauetan gailego jakin batzuk goldaketan ikusi eta gailegoengan bakarrik dagoen jite batez egiten dutela pentsatzen badut? Ba ote du gailegoak asmatzeko jite berezkorik? Amets egiten al dute, desiratzen al dute, harritzen al dira, sinesten al dute gailegoek diferente katalanen aldean, esate baterako? Eta nerau, galdegilea, zinezko gailegoa al naiz erdi serio, erdi txantxetan kontatzen dudanean? Hori guztia horrela izango balitz, Domingo maitea, haiek izaera gailegokoak izango balira, eta nik gailego moduan hitz egingo banu, liburu hau irakurtzen duenak, ez al luke nirea bukatutakoan gailegoei buruz gehiago jakingo?

        Nik ezin dut barrendu —Castelaoren larunbateko bizarginaren hitz handia— kontu honetan, ez bainaiz ez antropologoa, ez soziologoa, ez sikiera folklorista konparatibista, ezta zientzi gizonetik ezer. Geronen artean ibiltzen eta kontatzen duen bat naiz. Izan ote ziren edo badiren ala ez galdegiten dizudan batzuen artean, hain zuzen ere, ez baitakit benetan izan ote ziren edo badiren; eta orduan nik, duda-mudan, neure buruari galdegiten diot azkenean —galdegiten dizut zuri— Alvaro Cunqueiro bat izan ote zen edo ba ote den. Nola jakin nezake nik horrenbeste haien gainean ez baziren izan eta ez badira, ez bada lehengoan izan ere gabe, eta ez izaten? Kontua oso zaila da eta ez dizut galdera bat egiten, bizpahiru baizik. Beta duzunean erantzun iezadazu, aise ikusten baituzu kezkatu samartuta nabilela kontu horrekin, eta jakin nahi nukeela de magister jende hau antzekoa atera ote zitzaidan erretratuan, eta nerau ere horren partea naizen ala ez, horrenbeste bizitza eta mirariren kontatzaile naizela amets egiten; eta hau guztia kontatzeko gauza banaiz, ia-ia munduaz bestekoa izaki, esan nahi ote du horrek mundutik kanpo boladak pasatu ohi ditudala azterka, gailego izatearen sekretuan azterka?

        Har ezazu zure betiko adiskidearen besarkada handi bat,

 

ALVARO CUNQUEIRO

Mondoñedo, 1971ko Donibane eguna

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia