HITZAURREA

 

        Alvaro Cunqueiro Mora Mondoñedon (Lugo) jaio zen 1911n eta Vigon hil zen 1981ean. Santiagoko Unibertsitatean Filosofia eta Letretako ikasketak hasi zituen, baina gero haiek utzi eta kazetari lanetan hasiko zen. Idazle mistoa izan zen, hots, gaztelaniaz eta gailegoz idazten ohitua. Hiru aurpegitako idazlea, bestalde: kazetaria, poeta eta narratzailea. Poeta bezala hasi zen 1932an argitaratu zuen «Mar ao Norde» abangoardiako poesiako liburuarekin. Egunkarietako haren artikuluetan eta narrazio liburuetan zehar agerian egongo da beti poesiaren kutsua.

        Cunqueiroren idazlanak sailkatzen zailak dira. Autore batzuen arabera, antzekorik ez duen idazlea da, bere buruarengan baizik parekorik ez duen gogo asmatzailea. Errealismo sozialaren esparruan mugitzen ziren haren garaikideetako batzuek Cunqueirok lan idorra egiten zuela uste zuten, konpromisorik gabea, alferrikakoa. Beste batzuek, ordea, ikusi zuten nola Cunqueiro, artean bizirik zegoen kostunbrismotik zerbait hartuta, mitoaren eta alegiaren munduan murgiltzen zen, Galiziako jendeak agerian nekez utziko zituen gauzak kaleratuz, gailegoaren izaeraren bitxia azalaraziz. Hegoamerikako alegiazko literaturarekin lotu izan dute autore horiek, eta Cunqueiroren narratiba-lan nagusietako batzuk García Márquezen «Ehun Urteko Bakardadea» liburuaren edo Sánchez Ferlosioren lanen parean jarri dituzte.

        Han-hemengo jendea narrazio liburua da, istorio laburretako liburua, gailegoen erretratuen galeria bat. Cunqueiroren narrazio-lan gehienak bezala, aurrena gailegoz idatzia dago, hurrena idazleak berak gaztelaniaz birsortua, idazle honen gaztelaniazko bertsioak nekez izan baitaitezke itzulpen soilak. Alvaro Cunqueirok bihotzetik idazten du, eta bihotzetik sortzen zaizkion horiek Galiziako eta gailegoaren erreferente egokirik ez duen jendearentzat eman nahi dituenean, bere burutazioak, bere gogo asmatzailea egokitu behar izaten du, detailetxo batzuk (leku-izenak, deskribapenak...) alde batera utziz. Batzuetan erretratuen bukaerak ere biribilduko ditu.

        Cunqueirok mitoa eta alegia errealitatearekin orekatzen dituen sinkretismo kultural eta estilistikoaz idatziko du hemen. Erudiziorik harroena erakutsiko du ahozko erregistroekin nahasian, pertsonaia asmatuak egiazko tokietan. Idazkera, berriz, lehendabiziko pasadan arrunta eta erraza dirudien arren, gogoeta eta salo askoren ondorio landua da. Idazlearen hizketa-jario ustez espontaneoa han-hemenka bilatutako estilo eta erritmo jakin batean oinarrituta dago.

        Galiziako jendearen ametsen isla da liburu han, herri hartako lurpeko sekretuen prospekzio zehatz eta alegiazkoa. Eriak sendatzen dituzten zabuak, auziak konpontzen dituzten beleak, ipotxak, urrezko soingaineko hegalariak, hizketa egiten duten goardasolak agertuko zaizkigu liburuaren edozein bazterretan. Cunqueiro egiaren eta asmakeriaren mugan ibiliko da oreka lortu nahian. Oreka hori nonbait harrapatu ahal izateko, dauzkan oroitzapenen gogoeta desitxuratzailea erabiliko du. Irakurlea liburuan sartzen bada, nekez bereiziko ditu egia eta alegia, denbora egokia eta anakronismoa, nekez antzemango dio errealitatearen mugari, etengabe aldatuko diren neurriekin dabilen mundu bateko sekretu ikusezinak ikusiko ditu.

        Ganbaratik jaitsiko ditu Cunqueirok oraindik bizirik den Galizia berezi, bitxi, mundutik erretiratu eta sorginduaren ispilu puskatua, sasi-antropologo baten jario erudituaren eta hizketa arruntaren jolasa, gailego batek egiaren eta gezurraren, errealitatearen eta asmazioaren mugetan egiten duen dantza bitxia, Galiziako malenkoniaren hamaika mozorro.

Mikel Iriarte Cilveti

 

 

 

© Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia