KATUTXO BELTXAREN LEPO

 

        Egia esan, ez zen gertatzen zitzaion lehen aldia, baina edozein modutan ere ordura arteko guztietan Lucho izan ohi zen lehen pausua ematen zuena, eskua oharkabe bezala apoiatuz gustuko gertatzen zitzaion neska ilehori edo ilegorri batena ukitzeko, metroaren bihurgunetan dinbili-dantza aprobetxatuz, eta orduan erantzuna etorri ohi zen beste aldetik, erakarpena egoten zen, behazño bat helduta geratzen zen unetxo batez gogait edo haserre aurpegia baino lehentxeago, horrenbeste gauzaren mende zegoen dena, batzuetan ondo joaten zen, aurrera jotzen zuen, gainerakoa jolasean sartzen zen geltokiak bagoiaren leihatiletan sartzen ziren bezalaxe, baina arratsalde hartan beste modu batean ari zen gertatzen, aurrena Lucho izoztuta zegoela eta ilea elurrez betea, metro-kaian urtu eta orain tapakiaren azpitik ur tanta hotzak isurtzen zizkiola, rue du Bac-eko geltokian zen igoa metrora ezertan ere pentsatu gabe, gorputz bat beste hainbati atxikia, berogailua, basokada bat koñak, egunkariaren irakurketa noiz etorriko zain, zazpi t'erdietatik bederatzietara alemana ikastera jarri baino lehen, betikoa, eusteko burdinagan apoiaturiko eskularrutxo beltx hori salbu, esku eta ukondo eta beroki pilaren artean eskularrutxo beltxa burdinazko hagari helduta eta bera bere eskularru marroi bustia tinko burdinagan pakete pila zeraman andrea eta neskatila negar-ontziaren gainera ez erortzeko, bat-batean behatz ttipi bat zaldi gainera bezala bere eskularrura igotzen ari zelako kontzientzia, berori untxi larruzko mauka dastatu samar batetik zetorrela, neska mulatoak oso gazte ematen zuen eta beherantz begiratzen zuen oharkabe bezala, dinbili-dantza bat gehiago hainbeste gorputz estuturen dinbili-dantzaren artean; Luchori lege-hauste dibertigarri samarra iruditu zitzaion, jare egin zion eskuari, erantzunik eman gabe, imajinatuz neska gogoa beste nonbait zegoela, ez zela konturatzen zaldi busti eta geldi haren gaineko zaldiketa xumeaz.

        Gusturago sentituko zen egunkaria poltsikotik ateratzeko lekurik izanez gero eta titularrak irakurtzeko: Biafra, Israel eta Estudiantes de la Plata, baina egunkaria eskuinaldeko poltsikoan zegoen eta ateratzeko eskua askatu beharko zuen burdinagatik, hartara bihurgunetan beharrezkoa zitzaion euskarria galduz, eta beraz onena tente irautea zuen, neskatilari tartetxo badaezpadakoa zabalduz beroki eta paketeen artean, hain triste egon ez zedin eta bere amak ez zezan zerga-biltzaile ahoskera horretaz hitz egiten segi.

        Artean ia begiratu ere egin gabea zuen neska beltzuria. Orain susmagarri egin zitzaion berokiaren txano azpiko ile kizkur mototsa eta gaitzetsiz pentsatu zuen txanoa atzera botatzea zeukala, hain juxtu behatza berriz ere eskularrua ferekatzen ziola, hasieran behatz bat eta gero bi zaldi umel gainera igotzen. Montparnasse-Bienvenue aurreko bihurguneak Luchorengana bultzatu zuen neska, bere eskua zalditik erori zen burdinagari eusteko, hain ttipi eta mengela zalditzarraren aldean, eta zalditzarra orain, jakina, zirika ari zitzaion bi behatzez osatutako mutur batez, bortxarik gabe, jostari eta artean urruti eta umela. Neska bat-batean ohartu bide zen (baina bere oharkabeak ere, lehen, bazuen zerbait bat-bateko eta brastakotik), eta apur bat harantzago aldendu zuen eskua, Luchori begira txanoak egiten zion huts-gune ilunetik, gero begiak bere eskuan ezartzeko ados ez balego bezala edo gizabidearen distantziak aztertuz bezala. Jende asko zen jaitsia Montparnasse-Bienvenue-n eta Luchok egunkaria ateratzea zeukan, baina atera beharrean eskularruz estalitako eskutxoaren jokaera ikertzen geratu zen arreta burloso antzeko batez, neskari begiratu gabe ze berriro ere begiak zapatetan jarriak baitzituen, orain ageri-agerian zoru zikinean non eta bat-batean neskatila negar-ontzia falta baitzen baita Falguière-ko geltokian jaisten ari zen hainbat jende ere. Abiadarako astinaldiak bi eskularruak burdinagan kizkurtzera behartu zituen, bananduta eta zein bere kasa, baina trena Pasteur geltokian zegoen geldi Luchoren behatza eskularru beltzaren bila abiatu zenean, eta honek ez zuen atzera egin aurrenekoan bezala, aitzitik, burdinagan nasaitu egin zela ematen zuen, are txikiago eta bigunago bihurtzen zela bi, hiru behatz, esku osoaren eraginaren pean, apurka-apurka gora eginez jabetze geldo eta xamur batean, larregi estutu barik, aldi berean hartuz eta laga eginez, eta bagoi ia hustuan orain Volontaires geltokian ateak zabaltzen ari zirela, neska pixkanaka oin baten gainean jira eta Luchoren parean jarri zen aurpegia altxa gabe, Luchoren eskuak erabat estalirik zuen eskularrutxo hartatik begiratuko balio bezala, eta azkenean begiratu zuenean, Volontaires eta Vaugirard-en arteko danbalada batek astinduak biak, bere begi handiak txanoaren itzalpean zeuden sartuak, itxaroten bezala, tinko eta benazko, ez irribarre ez errietarik ñimiñoeña, Luchori min eman zion itxoin aldi amaigabe bat baino ez.

        — Horrelaxe izaten da beti —esan zuen neskak—. Ezin zaie eutsi.

        — Ah —esan zuen Luchok, jolasa onartuz baina bere buruari galdetuz zergatik ez ote zen dibertigarria, zergatik ez ote zuen jolastzat sentitzen beste ezer izaterik ez bazeukan ere, nahiz eta ez zegoen batere arrazoirik beste ezer izan zitekeela uste izateko.

        — Ez dago ezer egiterik —errepikatu zuen neskak—. Ez dute ulertzen edo ez dute nahi, auskalo, baina ez dago kontra egiterik.

        Eskularruari ari zitzaion hizketan, Luchori begira baina ikusi gabe, eskularrutzar marroiaren azpian ikusiezina zen eskularrutxo beltxari ari zitzaion hizketan.

        — Niri ere gauza bera gertatzen zait —esan zuen Luchok—. Zentza ezinak dira, halaxe da, bai.

        — Ez da gauza bera —esan zuen neskak.

        — O, bai, ikusi duzu baina.

        — Ez du merezi berba egiteak —esan zuen neskak, burua makurtuz—. Barkaidazu, nire errua izan da.

        Jolasa zen, noski, baina zer zela eta ez zen dibertigarria, zer zela eta berak ez zuen jolastzat sentitzen beste ezer izaterik ez bazeukan ere, nahiz eta ez zegoen batere arrazoirik beste ezer izan zitekeela uste izateko.

        — Esan dezagun euren errua izan dela —esan zuen Luchok eskua alboratuz plurala azpimarratzeko, burdinaga gaineko errudunak salatzeko, burdinaga gaineko eskularruz estalitakoak, isil urruti geldiak.

        — Ezberdina da —esan zuen neskak—. Zuri gauza bera irudituko zaizu, baina hain ezberdina da.

        — Beno, beti dago bat hasten dena.

        — Bai, beti dago bat.

        Jolasa zen, arauak jarraitzea besterik ez zuten egin behar, beste ezer egon zitekeenik susmatu gabe, egia edo etsipen antzerako zerbait. Zergatik tontoarena egin neskaren temari jarraitu ordez, gogoak hartara ematen bazion.

        — Arrazoi duzu —esan zuen Luchok—. Aurka egin beharko genieke, ez utzi.

        — Ez du ezertarako balio izaten —esan zuen neskak.

        — Egia da, adigabetu bezain laster, ikusten duzu.

        — Bai —esan zuen neskak—. Nahiz eta zuk txantxetan esan.

        — O ez, zu bezain serio ari naiz. Begiraiezu.

        Eskularru marroia jolasean ari zen, eskularrutxo beltx geldia irristadan ukituz, behatz bat pasatzen zion azpilduratik, askatu, burdin hagaren muturreraino joan eta begira geratzen zitzaion, zain. Neskak areago makurtu zuen burua eta Luchok beste behin ere galdetu zion bere buruari zergatik guzti hori ez ote zen dibertigarri orain, jolasean jarraitzea besterik egin behar ez zuenean.

        — Serio izatekotan —esan zuen neskak, baina ez zion berari esaten, ez zion inori ere esaten bagoi ia hustuan—. Serio izatekotan, orduan agian.

        — Serio ari naiz —esan zuen Luchok— eta benetan ezin da kontrako ezer ere egin.

        Oraingoan neskak aurrez aurre begiratu zion, itzarriz bezala; metroa Convention geltokian ari zen sartzen.

        — Jendeak ezin du ulertu —esan zuen neskak—. Gizonezkoa denean, jakina, berehala suposatzen du...

        Arrunt samarra, inondik ere, eta gainera arin ibili beharra zeukan, hiru geltoki baino ez zen geratzen eta.

        — Eta are okerrago emakumezkoa bada —ari zen esaten neska—. Gertatu izan zait nahiz eta zelatan egoten naizen igotzen naizenetik bertatik, denbora osoan, baina ikusi duzu.

        — Jakina —onartu zuen Luchok—. Minutu batean edo bestean, batek arreta galtzen du, ez da batere harritzekoa, eta orduan aprobetxatu egiten dute.

        — Zureaz ari zara baina —esan zuen neskak—. Ez da gauza bera. Barkaidazu, nire errua izan da, Corentin Celton-en jaitsi behar dut.

        — Jakina zure errua izan dela —Luchok txantxetan—. Nik Vaugirard-en jaitsi behar nuen eta ikusten duzu, bi geltoki aurrerago etor arazi didazu.

        Biraldiak atearen kontra jaurti zituen, eskuek irrist egin zuten bagaren muturrean elkartu arte. Neskak zer edo zer esaten ziharduen, aitzakia leloak emanez; Luchok atzera nabaritu zuen eskularru beltzaren behatzak bere esku gainera igotzen, bere eskua inguratzen. Neskak brastakoan askatu zuenean agur nahasi bat marmaratuz, gauza bakarra egin zezakeen, geltokiko kaian zehar jarraitu, bere ondoan jarri eta maukaren muturrean buruz behera galduta bezala, xederik gabe balantzaka zeukan eskua bilatzea.

        — Ez —esan zuen neskak—. Ez, mesedez. Lagaidazu bakarrik segitzen.

        — Nola ez —esan zion Luchok, eskua askatu gabe—. Baina ez dut atsegin horrela joan zaitezen, orain. Metroan tarte luzexeagoa izanez gero...

        — Zertarako? Zertan laguntzen du denbora gehiago izateak?

        — Agian zer edo zer aurkituko genuen azkenean, elkarrekin. Kontrako zerbait, esan nahi dut.

        — Baina zuk ez duzu ulertzen —esan zuen neskak—. Zuk uste duzu...

        — Auskalo zer pentsatzen dudan —esan zuen Luchok egiati—. Auskalo izkinako kafetegian kafe ona ote duten, eta izkinan kafetegirik ote dagoen, ze auzune hau ez baitut kasik ezagutzen.

        — Kafetegi bat dago —esan zuen neskak— baina kafea txarra da.

        — Ez iezadazu uka irribarre egin duzula.

        — Ez dut ukatzen, baina kafea txarra da.

        — Edozein modutan badago kafetegi bat izkinan.

        — Bai —esan zuen neskak, eta oraingoan berari begira egin zuen irribarre—. Badago kafetegi bat baina kafea txarra da, eta zuk uste duzu...

        — Nik ez dut deus ere uste —esan zuen berak, eta egia madarikatu borobila zen.

        — Eskerrik asko —esan zuen neskak, harrigarriro. Eskailerak nekatuko balu bezala hartzen zuen arnasa, eta Luchori dardarka ari tela iruditu zitzaion, baina beste behin ere eskularru beltz ttipi nasai esekia epel gaizgabeko urrundua, beste behin ere bizirik sentitzen zuen bere behatzen artean, bihurrika, estutuz biribilduz zirkinka gustura epelean pozik laztankari eskularru beltx ttipia behatzak bi hiru lau bost bat, behatzak behatz bila eta eskularrua eskularruaren gainean, beltza marroiaren gainean, behatza behatz artean, behatz bat baten eta hiruren artean, behatz bi biren eta lauren artean. Horixe ari zen gertatzen, balantzaka ari zen han bere belaunetatik gertu, ez zegoen ezer egiterik edo ezatsegina zen baina halere ez zegoen ezer egiterik, hori hortxe ari zen gertatzen eta ez zen Lucho jolasean zebilena bere behatzen artean behatzak sartzen ari zen eskuarekin, eta biribilka eta zirkinka, ez bera ezta eskailera burura heltzean arnasestuka ari zen neska ere, nolabait, eta aurpegia langarraren kontra erakusten zuen metroko galerietako aire itxi eta beroaz garbitu nahi balu bezala.

        — Hortxe bizi naiz —esan zuen neskak, goiko leiho bat erakutsiz bestaldeko espaloiko horrenbeste eraikuntza garai berdintsuren horrenbeste leihoren artean—. Nescafe bat presta genezake, taberna batera joatea baino hobe da, nik uste.

        — Oh, bai —esan zuen Luchok, eta orain bere behatzak ziren eskularruaren gainean pixkanaka ixten ari zirenak, katutxo beltx baten lepoa estutzen den eran. Gela handi samarra zen eta oso beroa, azalea bat zegoen eta zutikako lanpara bat eta Nina Simone-ren diskoak eta neskak lotsaturik eta aiko-maiko tiraka berregin zuen ohe nahaspilatu bat. Luchok kikarak eta koilaratxoak leiho ondoko mahai gainean jartzen lagundu zion, nescafe amorratu eta azukretsua prestatu zuten, batak Dina zuen izena eta besteak Lucho. Pozik, arindua bezala, Dinak Martinika irlaz hitz egiten zuen, Nina Simone-z, bat-batean apenas ezkon-adineko ematen zuen soineko lakre kolore hutsezko horren barruan, minigonak ondo ematen zion, notaritza batean ari zen lanean, txorkatila-hausturak mingarriak ziren oso baina otsailean Haute Savoie-n eskiatzea, ah. Birritan geratua zitzaion begira, zer edo zer esaten hasia metroko burdin hagan izandako ahoskera berdinaz, baina Lucho txantxetan emana zion erantzuna, erabakirik honaino eta nahikoa, beste zerbaitetara, alferrikakoa berean segitzea eta aldi berean onartuz Dina ondoezik zegoela, agian min ematen ziola komedia hain goiz uzteak, guzti horrek orain axola izpirik bailuen. Eta hirugarrenean, Dina beraren kikaran ur beroa botatzeko makurtu zenean, berriro ere xuxurlatuz ez zela bere errua, noizean behin gertatzen zitzaiola bakarrik, ikusten zuela berak ere nola orain dena ezberdina zen, ura eta koilaratxoa, keinu bakoitzaren esanekotasuna, orduan Luchok ulertu egin zuen baina auskalo zer, bat-batean ulertua zuen eta ezberdina zen, bestaldetik zen, burdinagak balio zuen, jolasa ez zen jolas hutsa izan, txorkatila-hausturak eta eskia pikutara joan zitezkeen orain, Dina ostera ere berbetan ari zela berak ez eten ez desbideratzen ez ziolarik, jare egiten ziola, sentituz, beraren zain kasik, hain zuzen zentzugabekeria zelako sinetsiz, ez bazen behintzat bakarrik Dina bere aurpegitxo trixteaz, tropikoa gezurtatzen zuten bere bular ttipiez, besterik gabe Dina zela eta. Agian giltzapean sartu beharko nindukete, esana zuen Dinak gehiegikeriarik gabe, edozein momentutan gertatzen da, zu zeu zarelako, baina beste batzuetan. Beste batzuetan zer. Beste batzuetan irainak, esku zartadak izterretan, oheratu lehenbailehen, bihotza, zertako denbora alferrik galtzen ibili. Baina orduan. Orduan zer. Baina orduan, Dinak.

        — Nik dagoeneko ulertua zenuela uste nuen —esan zuen Dinak, zakar—. Esaten dizut, ba, agian giltzapean jarri beharko ninduketela.

        — Tontakeriak. Baina nik, hasiera batean...

        — Badakit. Nola ez zitzaizun gertatuko, ba, hasieran. Hain xuxen horixe da, hasiera batean edozein oker daiteke, logikoa da. Hain logikoa, hain logikoa. Eta ni giltzapean jartzea ere logikoa litzateke.

        — Ez, Dina.

        — Baietz ba, arraio horrek. Barkaidazu. Baina bai. Bestea baino hobea litzateke, hainbestetakoa baino. Ninfo ez dakit zer, txolintxo zikin hori, tortillera hori. Hainbat hobe izango litzateke azken finean. Edo nik neuk ebakitzea okela txikitxeko aizkoltarekin. Baina ez daukat aizkoltarik —esan zuen Dinak, irribarrez beste behin ere barka ziezaiola eskatuz bezala, hain zentzu bakoa besaulkian etzanda, irrist eginez nekaturik, galdurik, minigona gero eta gorago, bere buruaz ahaztua, eurei begira baino ez, nola hartzen zuten kikara bat, nescafea bota, esaneko noiznolako arduratsu tortillerak txolin zikinak ninfo ez dakit zer.

        — Ez ezazu tontakeriarik esan —errepikatu zuen Luchok, edozertan jolasten zuen zerbaitetan galdurik orain, desioan, mesfidantzan, babesean—. Badakit arrunta ez dena, jatorria bilatu beharko litzaioke, zera egin beharko litzateke. Edozein modutan, zertako hain urrutira joan. Giltzapea edo aizkolta, esan nahi dut.

        — Zeinek daki —esan zuen neskak—. Agian oso urrutira joan beharko litzateke, azkeneraino. Agian ihes egiteko modu bakarra litzateke.

        — Zer esan nahi du urruti? —galdetu zuen Luchok, nekaturik—. Eta zein da azkena?

        — Ez dakit, deus ere ez dakit. Beldur naiz, besterik ez. Neu ere urduri jarriko nintzateke beste norbaitek honela hitzegingo balit, baina badira egun batzuk ze. Bai, egunak. Eta gauak.

        — Ah —esan zuen Luchok pospoloa zigarrora hurreratuz—. Ze gauez ere bai, noski.

        — Bai.

        — Baina ez bakarrik zaudenean.

        — Baita bakarrik nagoenean ere.

        — Bakarrik zaudenean ere bai. Ah.

        — Ulertuidazu, esan nahi dut ezen.

        — Ondo dago —esan zuen Luchok, kafea edanez—. Oso ona dago, oso bero. Behar genuena halako egun batekin.

        — Eskerrik asko —esan zuen neskak soilki, eta Lucho begira geratu zitzaion ze berak ez baitzion ezer eskertu nahi izan, besterik gabe lasaialdi txiki horren sana sentitzen zuen, burdinaga atertua zela azkenean.

        — Eta egia esan ez zen ez txarra ez ezatsegina —esan zuen Dinak igarri izan halo bezala—. Ez zait inporta sinesten ez badidazu, baina niretzat ez zen ez txarra ez ezatsegina, lehen aldiz.

        — Lehen aldiz zer?

        — Horixe, ez txarra ez atsegina ez izatea.

        — Zerean hasi zitezen?

        — Bai, ostera ere zerean hasi zitezen, eta ez txarra ez ezatsegina izan ez zedin.

        — Atxilotu al zaituzte sekula hori zela eta? —galdetu zuen Luchok, kikara platertxoraino jaitsiz mugimendu geldo eta propio egindako batez, eskua gidatuz kikarak platertxoaren erdigune zehatzean lur har zezan. Kutsakorra, hi.

        — Ez, sekulan ez, baina horren ordez... Beste gauza batzuk daude. Esan dizut, apropos dela pentsatzen dutenak eta eurak ere hasten dira, zu bezala. Edo haserre bizian jartzen dira, emakumeak kasu, eta lehen geltokian jaitsi beharra dago edo antxintxiketan alde egin dendatik edo kafetegitik.

        — Etzan negarrik egin —esan zuen Luchok—. Ez dinagu ezer aurreratuko negarrez hasten bahaiz.

        — Ez dut negarrik egin nahi —esan zuen Dinak—. Baina ezin izan dut inorekin honela hitz egin, zeraren ostean. Inork ere ez dit sinesten, inork ere ezin dit sinetsi, zuk zeuk ere ez didazu sinesten, soil-soilik onbera zarela eta ez didazula minik eman nahi.

        — Orain sinesten dinat —esan zuen Luchok—. Duela bi minutu besteen lakoa nindunan neu ere. Agian barre egin beharko huke, negar egin ordez.

        — Ikusten duzu —esan zuen Dinak, begiak itxiz—. Ikusten duzu alferrikakoa dela. Ezta zeuk ere, nahiz eta esan, nahiz eta sinetsi. Inozoegia da.

        — Sendagilearengana joan al haiz?

        — Bai. Badakik, lasaigarriak eta giro-aldaketa. Egun batzuetarako heure burua engainatzen duk, uste duk...

        — Bai —esan zuen Luchok, zigarroak luzatzen zizkiola—. Itxoin. Holaxe. Ea zer egiten duen.

        Dinaren eskuak behatz lodi eta erakuslearen artean hartu zuen zigarroa, eta aldi berean behatz nagia eta txikarra Luchoren behatzekin biribilkatu nahian hasi ziren, Luchok besoa luze mantentzen zuela, begira-begira. Zigarroaz askaturik, bere bost behatzek behera egin zuten eskutxo beltzarana estali arte, inguratu baino ez zuten egin, fereka geldo bati ekinez, irrist egin zuena harik eta aske, airean dardarka, utzi zuen arte; zigarroa kikara barrura erori zen. Bat-batean eskuak Dinaren aurpegiraino igo ziren, mahai gainera makurturik, botagura antzeko zotin batez zart eginez.

        — Mesedez —esan zuen Luchok, kikara jasoaz—. Ez, faborez. Etzan hola negarrik egin, hain zentzu bakoa dun.

        — Ez diat negarrik egin nahi —esan zuen Dinak—. Ez nikek negarrik egin beharko, aitzitik..., baina ikusten duk.

        — Har ezan, on egingo din, bero zegon; neuk egingo dinat beste bat niretzat, itxoin, kikara garbituko dinat.

        — Ez, utzidak niri.

        Aldi berean jaiki ziren, mahai ertzean egin zuten topo. Luchok mahai-oihalaren gainean utzi zuen berriz zikindutako kikara; eskuak nagi-nagi zituzten gorputzen kontra zintzilik; ezpainena izan zen kontaktu bakarra, Lucho aurrez aurre begiratuz eta Dina begiak itxita, malkotan.

        — Beharbada —xuxurlatu zuen Luchok—, beharbada hauxe dun egin behar duguna, egin dezakegun gauza bakarra, eta orduan.

        — Ez, ez, mesedez —esan zuen Dinak, geldi eta begiak ireki gabe—. Hik ez dakik zer... Ez, hobe ezetz, hobe ezetz.

        Luchok bizkarretik zuen heldua, goxo estuturik bere kontra, arnasa hartzen sentitzen zuen bere ahoaren kontra, kafe usaineko eta larruazal beltzaraneko hats beroa. Musu eman zion aho betean, sakon, hortzak eta mingaina bilatuz; Dinaren gorputza laxatu egiten zen beraren beso artean, berrogei minutu lehenago haren eskuak berarena zuen ferekatua metro eserleku bateko budin hagan, berrogei minutu lehenago eskularru beltx ttipi bat eskularru marroi baten gainean. Apenas aurka egiten sumatzen zuen, abisu antzerako zerbait zekarren ezezkoa errepikatzen, baina denak men egiten zuen neskarengan, biengan, orain Linaren behatzak Luchoren bizkarrean gora zihoazen poliki-poliki, haren ilea begietan sartzen zitzaion, haren usaina hitzik eta abisurik gabeko usaina zen, ohe-estalki urdina bien gorputzen kontra, behatz esanekoak itxiturak bilatzen, arropak sakabanatzen, aginduak betetzen, bereak eta bere azalaren kontra zegoen Linarenak, iztar artean, eskuak ahoak legetxe eta belaunak eta orain sabelak eta gerriak, erregu xuxurlatua, presio bat aurka egina, atzera jotze bat, aldi bereko mugimendu bat ahotik behatzetara eta behatzetatik sexuetara apar bero hori aldatzeko, guzti-guztia berdintzen zuena, mugimendu bakarrean beren gorputzak bat egin eta jolasera bultzatzen zituena. Ilunpean zigarroak piztu zituztenean (Luchok argia itzali nahi izan zuen eta lanpara zorura eroria zen beira kraskatuaren zarataz, Dina zutitua zen izututa bezala, ilunpeari uko eginez, gutxienez kandela bat pizteko esan zuen eta beste bonbilla bat erostera jaisteko, baina berak besarkatu egin zuen berriz ere ilunean eta orain erretzen ari ziren eta ke hartze bakoitzean elkar erdikusten zuten, eta musuka hasten ziren berriz ere), kanpoan euria ari zuen berean bere, gela beroegituak bere baitan zituen biak biluzik eta nasai, eskuez eta gerriez eta ileez elkar laztanduz egonean zeuden, elkar ferekatzen zuten amaigabeki, ukitze errepikatu eta umel batez ikusten zuten elkar, Ilunpean usaintzen zuten elkar monosilaboez eta diastolez egindako poz bat xuxurlatuz. Noiz edo behin galderak itzuliko ziren, ilunpeak bazterretan edo ohepean gordeak zituen uxatutakoak, baina Luchok jakin nahi izan zuenean, neska gainera joan zitzaion bere larruazal blaitutakoaz eta musuka isilarazi zion, horzkada bigunez, askoz geroago baino ez zen izango, beste zigarro batzuk behatz artean, bakarrik bizi zela esan zion, inork ere ez ziola ondoan irauten, alferrik zela, argi bat piztu beharra zutela, ezen lanetik bere etxera, ez zutela sekula maite izan, gaixotasun hori zegoela, dena azken finean axola gabeko gauzak bailiren edo axola handiegikoak zirela berbek ezertarako balio izan zezaten, edo agian guzti hark gau honetaz haratago joaterik ez bailuen bezala eta azalpenak alde batera uzteko arazorik ez bailuen, zerbait metro burdinaga batean apenas hasi berria, zerbait non eta batez ere argi bat piztu beharra baitzegoen.

        — Bazegok kandela bat nonbait —berretsi zuen monotonoki, laztanei uko eginez—. Beranduegi duk dagoeneko bonbilla bat erostera jaisteko. Utzidak bilatzen, tiraderaren batean behar duk egon. Emazkidak pospoloak.

        — Etzan oraindik piztu —esan zuen Luchok—. Hain ondo gauden honelaxe, elkar ikusi barik.

        — Ez diat nahi. Ondo egoten duk honela baina badakik, badakik. Batzuetan.

        — Mesedez —esan zuen Luchok, zoruan hatzaparka zigarroen bila—, puska batean ahaztuta geundenan... Zertan hasten haiz berriro? Ongi geundenan, holaxe.

        — Utzidak kandela bilatzen —errepikatu zuen Linak.

        — Bila ezan, berdin zionan —esan zuen Luchok pospoloak luzatzen zizkiola. Su-garra gelako aire geratuan kulunkatu zen iluntasuna baino apenas argiago zen gorputza islatuz, begi eta atzazal distira bat, berriz ere ilunpea, beste pospolo baten igurtzia, sugartxoaren higidura bat-batekoa gelaren hondoan itzaltzen, korrikaldi laburra arnas behartua bezala, gorputz biluziaren pisua berarenaren gainean zeharka erortzen, saihetsen kontra min emanez, haren arnas estua. Hertsiki besarkatu zuen, musu emanez zertaz edo zergatik lasaitu behar ote zuen jakiteke, hitz aringarriak xuxurlatu zizkion, beraren kontra etzan zuen, beraren azpian, goxoki hartu zuen eta ia desiorik gabe nekadura luze batetik, sartu eta gora jaso zuen, kizkurtzen eta men egiten eta zabaltzen sentitzen zuela eta orain, orain, bai, orain, horrela, bai, eta beheraldiak atsedenaldi batera itzultzen zituela ahoz gora eta ezerezari begira, gaua han kanpoan odol-euri batez taupadaka entzuten, gauaren sabel handi bukaezinak beldur guztietatik babesten zituela, metro burdinagetatik eta argi kraskatuetatik eta Dinaren eskuak eutsi nahi izan ez zituen pospoloetatik, beherantz okertuz euren burua eta euren jabea erre asmoz, ia istripua bezala ze ilunpean espazioa eta kokalekuak aldatu egiten baitira eta ume bat bezain dorpea izan ohi da, baina gero bigarren pospoloa bi behatzen artean zapaldua, karramarro amorratua bere burua erretzen, edozer gauza argia deuseztatuko bazuen, orduan Dina beste eskuaz beste pospolo bat pizten saiatu zen eta okerrago izan zen orduan, ezin zuen ezta Luchori esan ere, beldur nahasi batetik begiratzen zion Luchori, zigarro zikindua. Ez haiz konturatzen ez dutela nahi, berriz ari duk gertatzen. Berriz zer. Hori. Berriz zer. Ez, ezer ez, kandela bat aurkitu behar diagu. Nik bilatuko dinat, emazkidan pospoloak. Hantxe erori dituk, bazterrean. Geratu hadi geldi, itxaron. Ez, ez hadi joan, mesedez, ez hadi joan. Utzidan, neuk aurkituko ditinat. Goazemak elkarrekin, hobe duk. Ez, utzidan, neuk aurkituko ditinat, esadan non egon daitekeen kandela madarikatu hori. Hortik, apalean, pospolo bat piztuz gero agian. Ez dun ezer ikusiko, utzidan joaten. Mantso atzera eraginez, gerria loturik zioten eskuak askatuz, apurka-apurka altxatzen. Zakilean hartu zuen tirakadak oihu eginarazi zion harriduraz minez baino gehiago, zigor baten antzera ahoz gora eta aieneka ari zen Dinari lotzen zitzaion ukabila bilatu, behatzak ireki zizkion eta bortizki atzera eragin. Berari deika entzuten zuen, itzultzeko erreguka, ez zela berriz gertatuko, beraren errua zela egoskor jartzearren. Ustez txokoa behar zuen aldera abiatuz, mahaia izan zitekeen zerbaiten ondoan makurtu eta atzaparka aritu zen pospoloen bila, bat aurkitu zuela iruditu zitzaion baina luzeegia zen, txotx bat agian, eta kutxa ez zegoen hor, esku ahurrek alfonbra zaharkitua zeharkatzen zuten, belauniko mahai azpian zebilen arrastaka; pospolo bat aurkitu zuen, gero beste bat, baina kutxarik ez; zoruan makurturik are ilunago zirudien, itxi usaina eta denbora usaina zegoen. Gakoak sentitu zituen bizkarrean zehar, garondoa eta ileraino igotzen, jauzi batez zutitu zen bere kontra oihuka ari zen Dinari atzera eraginez, eskaileraburuko argiaz ari zen zerbait esaten, atea ireki eta eskailerako argia, baina jakina, nola ez zuten lehenago pentsatu, non zegoen atea, hortxe parean, ezinezkoa mahaia zeharka geratzen baitzen, leihoaren azpian, hortxe esaten diat, orduan joan hadi heu, badakin eta, goazemak biok, ez diat bakarrik geratu nahi orain, utzi ala jo egingo dinat, ez, ezetz, uzteko esan dinat. Bultzakadak bakarrik utzi zuen arnasestu baten aurrean, hor ondoan dardarka ari zen zerbait, oso hurrean; besoak luzatuz aurrera egin zuen horma baten bila, atea imajinatuz; zer edo zer bero ukitu zuen, oihu batez ihes egin zion zerbait, beste eskua Dinaren lepoan hertsi zen eskularru edota katutxo beltx baten lepoa estutuko bailuen, erredurak masaila eta ezpainak urratu zizkion, begi bat irristadan ukituz, atzera egin Dinaren lepoa estutzen jarraitzen zuen horretaz libratzeko, ahoz gora erori zen alfonbra gainean, arrastaka ibili zen saiheska, gertatuko zenaren berri bazeukala, haize bero bat beraren gainean, atzazal zurrunbiloa sabela eta saihetsen kontra, esan diat, esan diat ezinezkoa zela, kandela pizteko, bila ezak atea, bizkor, atea. Aire beltzaren punturen batean zintzilikaturiko ahotsetik urrun arrastaka zebilela, behin eta berriz errepikatzen zen itolarri-zotin batez, atea aurkitu zuen, zutituz haztaka zeharkatu, uztaia sentitu arte, gortina, beste uztaia, maratila; haize izoztu bat, ezpainak betetzen zizkion odolarekin nahasturik, argiaren giltzaren bila haztaka aritu zen, atzean Dinaren korrikaldia eta garrasia entzun zituen, haren kolpea ate erdi itxiaren kontra, kopetan hartuko zuen kolpea ate-oholaren kontra, sudurrean, atea beraren atzetik ixten hain zuzen argiaren giltza sakatzen zuen une berean. Pareko atetik kirika ari zen aldekoak begiratu egin zion eta oihu goi batez barnerantz sartu eta area langaz itxi zuen, Luchok biluzik eskailera buruan madarikatu egin zuen eta behatzak aurpegi erresumindutik pasa, gainerako guztia, berriz, eskaileraburuko hotza zen, lehenengo solairutik korrika igotzen ziren oinkadak, ireki egidan, ireki berehala, arren ireki, badun argia, ireki, badun argia eta. Barruan isiltasuna eta itxoin aldi antzerako bat, atsoa ubel koloreko batan bildua behetik begira, garrasi bat, lotsagabe hori, halako orduetan, lizun-zikin hori, polizia, denak berdinak dira, madame Roger, madame Roger! «Ez zidak irekiko», pentsatu zuen Luchok lehen mailan eseriz, aurpegi eta begietako odola xukatuz, «kolpearekin konortea galdu dik eta hor lurrean zegok, ez zidak irekiko, beti gauza bera, hotz duk, hotz duk». Ate joka hasi zen pareko etxebizitzan ahotsak entzuten zituela, atsoaren lasterraldia madame Roger-i deika jaisten zela, etxea esnatzen ari zela beheko solairuetan, galderak eta zurrumurruak, itxoin aldi une bat, biluzik eta odoletan blai, ero amorratu bat, madame Roger, irek egidan Dina, irek egidan, bost axola beti honela izan badun baina irek egidan, bestelakoak ginen, Dina, elkarrekin zerbait asma genezakenan, zergatik hago hor lurrean, zer egin dinat nik, zergatik jo dun atearen kontra, madame Roger, irekiko bahu irtenbidea aurkituko geniken, ikusi dun lehen ere, ikusi dun zein ondo zihoan dena, besterik gabe argia piztu eta bila jarraitzea biok, baina ez didan ireki nahi, negarrez ari haiz, min hartutako katuaren antzera marroka, entzuten dinat, entzuten dinat, madame Rogerri ere entzuten zioat, poliziari, eta bi mila putaren kumea zergatik ari haiz hor atetik kirika, irek egidan, Dina, kandela bila zezakenagu oraindik, dutxa bat hartuko dinagu, hotzak nagon, Dina, hortxe zetozan izara batekin, ohikoa dun, gizon biluzi bat izara batekin estali ohi dun, hor etzanda hagoela esan beharko zienat, beste izara bat ekartzeko, atea bertan behera botatzeko, aurpegia garbi diezanaten, zaindu eta babes hauten ze ni ez bainaiz hor egongo, berehala bananduko gaitiztek, ikusiko dun, bananduta jaitsiko gaitiztek eta elkarrengandik urruti eramango, zein esku bilatuko dun orduan, Dina, zero aurpegi zarrastatuko dun orain guztien artean naramatelarik eta madame Roger.

 

 

 

© Julio Cortázar

© itzulpenarena: Gerardo Markuleta

 

 

"Julio Cortázar / Oktaedroa" orrialde nagusia