SEVEROREN ALDIAK

 

Remedios Varo-rentzat, in memoriam.

 

        Dena geldi bezala zegoen, nolabait ere izoztua bere higiduran, bere usainean eta bere forman, eta guzti horiek jarraitu egiten zuten eta kearekin eta zigarro eta tragoxka arteko solasaldi xuxurlatuarekin aldatu. Bebe Pessoak San Isidrotarako hiru fijo zituen emanak, Severoren arreba zapiaren muturretan lau txanponak ari zen josten, Severori loarena egokitzen zitzaionerako. Ez ginen asko baina bat-batean etxe bat txiki geratzen da, bi esaldiren tartean bizpahiru hutsarte-segundotako kubo gardena eraikitzen da, eta horrelakoetan beste zenbaitek ere, neuk bezala, sentitu behar zuten guzti horrek, nahiz eta derrigorrena izan, min ematen zigula Severorengatik, Severoren emaztearengatik eta hain aspaldikoak ziren lagunengatik.

        Gaueko hamaikak aldera edo ginen helduak Ignacio, Bebe Pessoa, anaia Carlos eta laurok. Familiartekoak ginen kasik, batez ere Ignacio, Severoren bulego berean egiten baitzuen lana, eta ez zuten gurekin gehiegi erreparatu sartu ginenean. Severoren seme nagusiak logelara joateko eskatu zigun, baina Ignaciok apur batean jangelan geratuko ginela esan zuen; etxeko alde guztietan zegoen jendea, haiek ere trabarik egin nahi ez zuten lagunak edo senideak eta txokoetan esertzen ziren edo mahai edo apalategi baten ondoan elkartzen, hitz egitera edo elkarri begiratzera. Noizean behin seme-alabek edo Severoren arrebak kafea eta kanabera-pattar kopak ekartzen zituzten, eta ia beti une horietan dena gelditu egiten zen, bere higiduran izoztuko balitz bezala eta gogoan esaldi alua hasten zen hegaka: «Aingeru bar ari da pasatzen», baina nahiz eta nik gero Acosta beltzak Palermon egindako bikoa komentatu, edo Ignaciok Severoren seme txikiaren ile kizkurra laztandu, denok sentitzen genuen gelditasunak jarraitu egiten zuela, jada gertaturiko gauzen zain bezala geundela edota gerta zitekeen guztia agian beste zerbait zela, ala ezer ez, ametsetan bezalaxe, nahiz eta esna geunden eta tarteka, aditu gura barik, Severoren emaztearen negarra entzuten genuen, ia lotsatia egongelako bazter batean, han non seniderik hurbilenak zaintzen ariko baitziren.

        Ordua ahaztuz doa bat horrelakoetan, edo Bebe Pessoak barrezka esan zuen bezala, kontrako aldera da eta ordua da norberarekin ahazten dena, baina puska batera Severoren anaia etorri zen izerdia hastear zegoela esatera, eta zigarrokinak zapaldu eta banan bana joan ginen logelan sartzen, han non ia denak sartzen baikinen ezen familiak altzariak atereak zituen eta bertan ohea eta mesanotxe bat baino ez zen geratzen. Severo ohean eseria zegoen, burukoek eutsia, eta oinetara zirrikiton urdinezko estalki bat eta toalla oztin bat ikusten ziren. Ez zegoen isilik egon beharrik batere, eta Severoren anai-arrebek ohera hurbiltzeko gonbitea egiten ziguten keinu adeitsuez (baina jende jatorra dira denak), eskuak belaunetan gurutzatuak zituen Severoren inguruan jartzeko. Seme txikia ere, hain ume, ohe ondoan zegoen orain, logura aurpegiz bere aitari begira.

        Izerdiaren aldia ezatsegina zen, azkenean izarak eta pijama aldatu behar baitziren, burukoak ere blai-blai jartzen ziren pixkanaka eta malkotzar batzuen modura pisatzen zuten. Beste batzuk ez bezala, Ignacioren esanetan, urduri jartzeko joera baitzuten, Severo geldi geratzen zen, guri begiratu ere egin gabe, eta ia berehala izerdiak hartuak zizkion aurpegia eta eskuak. Belaunak bi zikin ilunen modura islatzen ziren, eta arrebak masailetako izerdia une oro xukatzen bazion ere, transpirazioa berehala sortzen zen berriz ere eta izara gainean erori.

        —Eta hori benetan oso ondo dagoela —berretsi zuen Ignaciok, atetik hurbil geratua—. Okerrago zitekeen mugituko balitz, izarak era beldurgarrian irasten dira.

        —Aita gizon lasaia da —esan zuen Severoren seme nagusiak—. Ez da lan ematen duten horietakoa.

        —Berehala bukatuko da —esan zuen Severoren emazteak, azken aldera sartu eta pijama garbia eta izara parea zekartzala. Uste dut une horretan den-denok sekula baino gehiago miretsi genuela, bai baikenekien apur bat lehenago negarrez aritua zela eta orain gai zen senarra aurpegi lasai eta sosegatuaz, ia adoretsuaz, atenditzeko. Suposatzen dut senideetako batzuek esaldi suspergarriak esango zizkiotela Severori, ni ordurako berriz sarrera gelan bainengoen eta alaba txikiak kikara bat kafe eskaintzen zidan. Gustura emango niokeen hizpidea haren gogoa barreiatze aldera, baina beste batzuk sartzen ziren eta Manuelita lotsati xamarra da, agian berarekiko interes berezirik dudala pentsatuko du eta nahiago dut neutral agertu. Bebe Pessoa, berriz, etxean zehar eta jendearen artean axola gabe joan etorrian dabiltzan horietakoa da, eta bera, Ignacio eta Severoren artean osatua zuten jada koadrila bat lehengusina zenbait eta haien lagunekin, mate garratz bat prestatzeaz hitz egiten, bati baino gehiagori ondo letorkiokeena, okel errea digeritzen laguntzen du eta. Azkenean ezinezkoa gertatu zen, bat-batean geldi geratzen ginen une horietako batean (berriz ere esan behar dut ezer ere ez zela aldatzen, berbetan edo keinuka jarraitzen genuen baina honela edo beste modu batera esan behar da eta bide edo izenen bat eman behar zaio) Severoren anaia azetilenozko argi batez etorri zen eta atetik ohartarazi zigun jauzien aldia hastear zegoela. Ignaciok kafea dangada batez edan eta gau hartan dena azkarrago zihoala ematen zuela esan zuen; bera ere ohe hurrean kokatu zen, Severoren emaztea eta mutiko txikiarekin, eta han barrez ari zen Severoren eskuineko eskua harat-honat baitzebilen metronomo baten modura. Emazteak pijama zuri bat jarria zion eta ohea berriz ere txukun-txukun zegoen; kolonia uraren usaina hartu genuen eta Bebek mirespen keinua egin zion Manuelitari, bera bide baitzen horretaz gogoratu zena. Severok lehen jauzia egin zuen eta ohe ertzean geratu zen eserita, bere arrebari begira, berau irribarre apur bat lerdoa eta noiznolako batez kemen ematen saiatzen zitzaiola. Horren beharrik ba ote zegoen, pentsatu nuen nik, gauzak garbi nahiago ditut eta; eta zer axola Severori arrebak kemen ematen saiatzen zitzaionetz. Jauziak erritmikoki izaten ziren, elkarren segidan: ohe ertzean eseririk, burualdearen kontra eseririk, bestaldeko ertzean eseririk, ohe erdialdean zutik, zoruan Ignacio eta Beberen artean zutik, zoruan bere emazte eta anaiaren artean kukuruska, ate ondoko txokoan eseririk, gela erdian zutik, beti bi lagun edo senideren artean, hain juxtu hutsuneetan eroriz inor mugitzen ez zela eta soil-soilik begiak jarraitzen zitzaizkiola, ohe ertzean eseririk, burualdearen kontra zutik, ohearen erdialdean kukuruska, ohe ertzean belauniko, Ignacio eta Manuelitaren artean zutik, bere seme txikiena eta nire artean belauniko, ohe alboan eseririk. Severoren emazteak aldiaren bukaera iragarri zuenean, denak batera hasi ziren hizketan eta gogoa beste nonbait zegoen Severori zorionak ematen; jada ez dut gogoan nork lagundu zion berriz ohera, orduantxe aldia komentatzen ateratzen baikinen eta egarria baretzeko zerbaiten bila, eta ni Beberekin joan bainintzen patiora gaueko airea arnastera eta garagardo bi botilatik bertatik edatera.

        Hurrengo aldian aldaketa bat izan zen, gogoan daukat, ze Ignacioren esanetan erlojuena behar baitzuen eta hala ere Severoren emaztea negarrez entzun genuen berriz ere egongelan eta ia berehala seme nagusia etorri zitzaigun eltxoak sartzen hasiak zirela esatera. Harriduraz begiratu genion elkarri Bebek, Ignaciok eta hirurok, baina ez zen ezinezkoa aldaketak izatea eta Bebek ohikoa aipatu zuen faktoreen ordenuaz eta horrelakoez; uste dut inork ere ez zuela aldaketa gogo onez hartu baina itxurak egin genituen berriz ere sartu eta borobilean jarri ginenean Severoren ohearen inguruan, familiak, zegokion moduan, logelaren erdigunean jarria zuena.

        Severoren anaia azkena heldu zen azetilenozko argiarekin, sabaiko argi dilindaria itzali eta mesanotxea ohearen oinaldera hurreratu zuen; argia mesanotxean jarri zuenean isilik eta geldi geratu ginen, Severori begira, burukoen artean erdi zutunik eta aurreko aldiek gehiegi nekatu gabea irudiz. Eltxoak atetik sartzen hasi ziren, eta paretetan edo sabaian zeudenak besteei elkartu zitzaizkien eta hego-biraka hasi ziren azetilenozko argiaren inguruan. Begiak zabal-zabalik, Severok hauts koloreko zurrunbilo gero eta handiagoari jarraitzen zion, eta indar guztiak begi kliskadarik gabeko begiratze horretan jarriak zituela zirudien. Eltxoetako bat (oso handia zen, nik uste inguma bat, baina aldi horretan eltxoak baino ez ziren aipatzen eta inork ez zukeen izena eztabaidan jarriko) besteengandik aldendu eta Severoren aurpegira joan zen hegan; eskuinaldeko masailera itsasten zela ikusi genuen eta Severok une batez begiak ixten zituela. Elkarren segidan eltxoak argitik aldendu eta Severoren inguruan ibili ziren hegaz, ilean, ahoan eta kopetan itsatsiz, mozorro dardarkari ikaragarri bihurtu arte, non eta soil-soilik begiek jarraitzen zuten eurenean eta temati azetilenozko argiari begira, han non eltxo bat sarrera bila aritzen baitzen, egoskor. Ignacioren behatzak besondoan tinkaturik nabaritu nituen, eta orduantxe ohartu nintzen neu ere dardarka ari nintzela eta esku bat Beberen sorbaldan nuela tinkatua. Norbaitek aiene egin zuen, emakume batek, Manuelitak segur asko, ez baitzekien gainontzekoen moduan bere burua kontrolatzen, eta une horrexetan azken eltxoa Severoren aurpegi aldera abiatu zen hegan eta zurrunbilo urdinean nahastu zen. Oihu egin genuen denok batera, elkar besarkatuz eta txaplaka eginez, Severoren anaia sabaiko argi dilindaria piztera bizkor abiatzen zela; eltxo laino bat irteera bila ari zen baldarki eta Severok, berriz ere Severoren aurpegiak, dagoeneko alferrikakoa zen argiari begira jarraitzen zuen eta ahoa kontu handiz mugitzen zuen, ezpainak estaltzen zizkion zilar hautsak pozoituko ote zuen beldur bailitzen.

        Ez nintzen bertan geratu, Severo garbitu egin behar baitzuten eta norbait grapa botila bat sukaldean hartzeaz ari baitzen jada, eta bestalde horrelakoetan harrigarria izaten baita nola normaltasunerako bat-bateko birlurreratzeak, zelanbait esatearren, gure gogoa beste nonbaitera eramaten zuen, iruzur eragiteraino. Ignacioren atzetik joan nintzen, txoko guztiak ezagutzen baitzituen, eta grapari ekin genion Bebek, Severoren seme nagusiak eta hirurok. Anaia Carlos eserleku baten gainean zen etzanda eta buru makur ari zen erretzen, arnasaldi sakonez; kopa bat eraman nion eta dangada batez edan zuen. Bebe Pessoa egoskor jarri zen Manuelitak tragoxka bat har zezan, eta zineaz eta zaldi-lasterketez ere hitz egiten zion; nik grapatik grapara nenbilen ezertan pentsatzeko gogorik gabe, harik eta azkenean eutsi ezin eta Ignacioren bila abiatu nintzen arte, besoak uztarturik nire zain baitzirudien.

        — Azken eltxoak zera aukeratuz gero... —hasi nintzaion.

        Ignaciok ezezko keinu mantsoa egin zuen buruaz. Jakina, ez zen galderarik egin behar; une hartan behintzat ez zen galderarik egin behar; ez dakit guztiz ulertu ote nuen baina hutsune handi baten irudipena izan nuen, memoriaren lekuren batean, iragazpen-tantaka batez taupadaka ari zen lurpeko hustu baten antzerako zerbait. Ignacioren ezezkoan (eta urrunetik Bebe Pessoak ere buruaz ezetz egiten zuela iruditu zitzaidan, eta Manuelita guri begira ari zela antsiaka, lotsatiegia berak ere ezezkoa adierazteko) adimenaren etenaldi moduko bat zegoen, aurrerago jotzerik nahiez bat; gauzak horrelakoxeak ziren euren orainaldi absolutuan, gertatzen ari ziren bezalaxe. Orduan jarrai genezakeen, eta Severoren emaztea sukaldera sartu zenean, Severo zenbakiak esateko pronto zegoela esatera, kopak erdi beterik utzi eta bizkor joan ginen, Manuelita Bebe eta bion artean, Ignacio atzerago anaia Carlosekin, hura leku guztietara beti berandu heltzen baita.

        Senideak logelan pilaturik zeuden jada eta ez zen toki gehiegirik bertan sartzeko. Sartu berria nintzen (orain azetilenozko argia zoruan zegoen piztuta, ohe ondoan, baina dilindariak ere izioturik jarraitzen nuen) Severo jaiki, eskuak pijamaren poltsikoetan sartu, eta bere seme nagusiari begira esan zuenean: «6», bere emazteari begira esan zuen: «20», Ignaciori begira esan zuen: «23», ahots mantsoz eta behetik, presarik gabe. Arrebari 16 esan zion, seme txikiari 28, beste senide batzuei ere zenbakiak emanez joan zen, ia beti altuak, niri esan zidan arte eta orduan Bebek zeharka begiratzen zidala nabaritu nuen eta ezpainak estutzen zituela, bere txandaren zain. Baina Severo beste senide eta lagun batzuei zenbakiak emateari ekin zion, ia beti 5etik gorakoak eta sekulan errepikatu gabe. Azken aldera 14 esan zion Beberi, eta Bebek ahoa zabaldu eta dardarka hasi zen bekainen artean haize indartsu bat pasa balitzaio bezala, eskuak igurtzi eta gero lotsatu egin zen eta praketako poltsikoetan gorde zituen, hain zuzen Severok esaten ari zitzaionean aurpegi gorri-gorriko emakume bati, bakarrik etorritako ahaide txikiren bat segur asko, gau hartan ia inorekin berba egin gabea, eta bat-batean Ignaciok eta Bebek elkarri begiratu eta Manuelita ate-uztaian etzan zen eta, nire irudirako, dardarka ari zen, oihuka ez hasteko ahaleginak eginez. Gainontzekoek ez zieten dagoeneko euren zenbakiei kasurik egiten, Severok berdin-berdin esaten zituen baina hizketan hasi ziren, baita Manuelita ere osatu zenean eta bi pausu eman zituen aurrealdera eta 9a egokitu zitzaion, bost axola jada guztiei eta senide bati eta anaia Carlosi egokitu zitzaizkien 24 ozen batez eta 12 batez bukatu ziren zenbakiak; Severo bera ere kontzentrazio gutxiagoz ari zela zirudien eta azkenekoarekin atzera egin eta emazteak estal zezan utzi zuen, begiak itxiz axolagabetu edo ahaztu egiten duenaren antzera.

        — Denbora kontua duk, esan beharrik ez zegok —esan zidan Ignaciok logelatik irtetean—. Zenbakiek eurek ez ditek ezer esan nahi, hi.

        — Hik uste? —galdetu nion Bebek ekarritako kopa danga edanez.

        — Jakina, hi —esan zuen Ignaciok—. Kontura hadi 1etik 2ra urteak joan daitezkeela, hamar edo hogei, demagun, agian baita gehiago ere.

        — Seguru —berretsi zuen Bebek—. Ni ez nindukek larrituko.

        Kopa inork eskatu barik ekarri zuela pentsatu nuen, horrenbeste jenderekin sukalderaino joateko neke aldia hartuz. Eta berari 14a zitzaion egokitua, eta Ignaciori 23a.

        — Gainera, erlojuen kontua zegok —esan zidan anaia Carlosek, nire ondoan jarria eta eskua nire sorbalda gainean zuela—. Hori ez duk oso ondo ulertzen, baina agian izango dik bere garrantzia ere. Atzeratzea egokituz gero...

        — Alde gehigarria —esan zuen Bebek, kopa hustua eskutik kentzen zidala, lurrera erortzen utziko nuen beldurrez edo.

        Logela ondoko sarreran geunden, eta beraz lehenengotakoak sartu ginen Severoren seme nagusia zer eta erlojuen aldia hastera zihoala esatera etorri zitzaigunean. Severoren aurpegia brastakoan mehetua iruditu zitzaidan, baina emazteak orraztu berria, kolonia ura usaina zuen, beti ere konfiantza ematen duena. Nire inguruan anaia, Ignacio eta Bebe nituen, nire gogo-aldia zaindu guran edo; ia atera zuen senideaz, berriz, ez zen inor arduratzen eta ohearen oinaldera zegoen, aurpegia sekula baino gorriago, ahoa eta betazalak dardarka. Emakumeari begiratu ere egin gabe, Severok aurreratzeko esan zion bere seme txikiari, eta mutikoak ez zuen ulertu eta barrez hasi zen harik eta amak beso batetik heldu eta eskuturreko erlojua kendu zion arte. Bagenekien keinu sinbolikoa zela, nahikoa zen orratzak aurrera edo atzera eragitea ordu edo minutu kopuruari erreparatu gabe, gelatik irtendakoan erlojuak ordu egokian jarriko baikenituen. Zenbaiti jada aurreratzea edo atzeratzea egokitzen zitzaien, Severok ia mekanikoki banatzen zituen aginduak, interesik jarri gabe kasik; niri atzeratzea egokitu zitzaidanean, anaiak behatzak tinkatu zizkidan berriz ere sorbaldan; oraingoan eskertu egin nion, Beberen modura alde gehigarria izan zitekeela pentsatuz, baina inor ezin zen seguru egon; eta aurpegi gorriko senideari ere atzeratzea egokitu zitzaion, eta gaixoa esker oneko malkoak xukatzen ari zen, agian erabat alferrikakoak azken finean, eta patio aldera jotzen zuen lorontzien artean behar bezalako zain-ikara bat izateko asmoz; zer edo zer entzun genuen gero sukaldetik, grapa kopa gehiagoren artean eta Ignacio eta anaiaren zorionak jasotzen nituela.

        — Laster loarena izango da —esan zigun Manuelitak—, amak abisatzeko agindu dit presta zaitezten.

        Ez zegoen askorik prestatzeko, logelara itzuli ginen soseguz, gaueko nekea arrastaka eramanez; berehala eguna argituko zuen eta lan eguna zen, ia guztiok zain genituen gure beharrak bederatzi edo bederatzi t'erdietan; bat-batean hotz handiagoa egiten hasi zen, hozkirria patioan sarrera gelan zehar sartzen, baina logelan argiek eta jendeak berotu egiten zuten giroa, ia ez zen hitzik egiten eta nahikoa zen elkarri begiratzea lekua zabaltzen joateko, zigarroak itzali eta gero ohearen inguruan kokatzeko. Severoren emaztea ohe gainean zegoen eseria, burukoak txukuntzen, baina jaiki eta burualdera jarri zen; Severo gora begira ari zen, gutaz ezaxola dindilari piztuari begiratzen zion, begi kliskada barik, eskuak sabelean jarririk, geldi eta axolagabe begi kliskada barik begiratzen zion dindilari piztuari eta orduan Manuelita ohe ertzera hurreratu zen eta guztiok ikusi genion eskuan lau muturretan txanponak josiak zituen zapia. Itxoitea baino ez geneukan, ia izerditan giro itxi eta bero hartan, kolonia ura esker onez usainduz eta azkenean etxetik alde egin eta kalean hizketan erre ahal izango genuen momentuan pentsatuz, gauekoaren gainean eztabaidatzen ala ez, segur asko ez baina erretzen izkinetatik aienatu arte. Severoren betazalak mantso jaisten hasi zirenean, dindikari piztuaren irudia pixkanaka ezabatzen ziotela, Bebe Pessoaren arnasaldi itoa nabaritu nuen nire belarri ondoan. Bat-batean aldaketa bat zegoen, nasaialdi bat, sentsazioa genuen zango eta beso eta buru zenba ezinak izango lituzkeen gorputz bakarra bagina bezala brastakoan nasaitzen, azkena zela ulertuz, Severoren loaldia hastera zihoala, eta Manuelitaren keinua aitarengana makurtu eta zapiaz aurpegia estaltzen ziola, lau muturrak naturalki estaltzeko moduan jarriz, kizkur eta estali gabeko tarterik gabe, guztiok biltzen gintuen hasperen eutsi horren moduko zerbait zen, denok zapi berberarekin estaltzen gintuen.

        — Eta orain loak hartuko du —esan zuen Severoren emazteak—, lotan da dagoeneko, begira.

        Severoren anaiek behatza ezpainetara eramana zuten baina ez zegoen horren beharrik, ezeinek ez zukeen ezer esango, oin puntetan mugitzen hasi ginen, elkarrengan apoiatuz zaratarik gabe irteteko, batzuk atzera begira zihoazen oraindik, Severoren aurpegi gaineko zapiari begira, Severo lotan ote zegoen ziurtatu nahi izango balute bezala. Ilaje kizkur eta sendoa nabaritu nuen eskuineko eskuaren kontra, Severoren seme txikia zen, senide batek bere ondoan izana zuen ez berbarik ez mugimendurik egin ez zezan, eta orain niregana zen etorria, oin puntetan ibiltzen, jolasean, eta behetik gora niri begira begi jakinguratsu eta nekatuekin. Kokotsa laztandu nion, masailak, nire kontra estuturik sarrera gelarantz eta patiora irten nintzen, Ignacio eta Beberen artean, tabako paketeak ateratzen ari zirela; eguna argitzearen urdinak bai eta han urrunean oilar batek ere nor bere bizitzara itzultzen gintuzten pixkanaka, urdin hartan eta hotz hartan kokaturiko etorkizunera, itsusiki ederra. Severoren emaztea eta Manuelita (agian anai-arrebak eta seme nagusia) barruan Severoren loa zaintzen geratuak zirela pentsatu nuen, baina gu kale aldera gindoazen jada, sukaldea eta patioa atzean uzten genituela.

        — Bukatu da jolasa? —galdetu zidan Severoren semeak, logurak jota baina ume guztien egoskortasunez.

        — Bai, orain lotara joan behar diagu denok —esan nion—. Hire amak oheratuko hau, joan hadi barrura hotz duk hemen eta.

        — Jolasa zen, ez da, Julio?

        — Bai, mutiko, jolasa zuan. Joan hadi lotara, oraintxe bertan.

        Ignacio, Bebe, anaia eta laurok lehen izkinara heldu ginen, beste zigarro bat piztu genuen berba gehiegi egin gabe. Beste batzuk urruti zeuden jada, zenbaitek etxeko ate ondoan artean, tranbien edo taxien galdezka; guk ondo ezagutzen genuen auzoa, elkarrekin jarrai genezakeen lehen kaleetan, gero Bebek eta anaiak ezkerretara hartuko zuten. Ignaciok etxe-sail batzuk harantzago jarraituko zuen, eta ni nire logelara igoko nintzen eta mate ontzia berotzen jarriko nuen, azken finean ez zuen merezi oheratzeak hain tarte txikirako, hobe zapatilak janztea eta erretzea eta matea hartzea, lagundu egiten duten gauza horiek.

 

 

 

© Julio Cortázar

© itzulpenarena: Gerardo Markuleta

 

 

"Julio Cortázar / Oktaedroa" orrialde nagusia