KINDBERG IZENEKO LEKUA

 

        Kindberg izenekoa, «haurren mendia» inozoki itzulia edota mendi atsegin, mendi maitagarritzat jo daitekeena, honela edo beste era batez, herri bat, nora gauez heltzen diren, automobilaren aurrealdeko beiraren kontra aurpegia bortizki garbitzen duen euri batetik, galeria sakoneko ostatu zahar batera non guzti-guztia prest baitago han kanpoan kolpeka eta atzaparka jarraitzen duena ahazteko, bilatutako lekua, azkenean, arropa aldatu ahal izatea, aterpean horren goxo egoten dela jakitea; eta zopa zilarrezko zopa-ontzi handian, ardo zuria, ogia zatitu eta aurreneko pusketa Linari ematea, esku ahurrean jasotzen duelarik omenaldia bailitzen, eta badago, eta orduan putz egiten dio gainetik auskalo zergatik baina hain politta da Linaren kopeta-ilea apur bat altxatu eta dardarka hasten ikustea, eskuak eta ogi pusketak itzulitako putzakadak antzoki ttipi baten teloia altxatzera bailihoan. Ia une horretatik aurrera Marcelok Linaren pentsamenduak, Linaren irudi eta oroipenak ikusi ahal izango balitu bezala, Lina, zopa puzka zurrupatuz irribarrez beti.

        Eta ez, kopeta lau eta ume itxurakoa ez da asaldatzen, hasieran ahotsa soila da pertsona pusketak erortzen uzten dituena, Linarenganako lehen hurbilketa osatuz: txiletarra, adibidez, eta Archie Shepp-en abesti bat xuxurlatua, atzazalak apur bat hozkatuak baina oso garbi, auto-stopean aritzeko eta basetxeetan eta gazteriarentzako aterpetxeetan lo egiteko moduko arropa horren aldean. Gazteria, esaten du barrezka Linak, zopa hartz-emetxo baten gisan zurrupatuz, seguru ez duzula imajinatu ere egiten: fosilak, aditu?, hilotzak noraezean, Romeroren film beldurgarri hartan bezalaxe.

        Marcelo zein Romeroz ari den galdetzekotan, lehen albistea Romero delako horretaz, baina hobe hitz egiten uztea, libertitu egiten du jateko bero-zorion hori ikusteak, lehenago, su baxua zain, pindarka ari zen gelan izandako pozak bezalaxe, arazorik gabeko bidaiariaren diru-zorroak osatzen duen anpulu burges babeslea, euria hortxe kanpoan anpuluaren kontra lehertuz gaurko arratsaldean, bide bazterrean baso irteeran arrastirian, Linaren aurpegi zurbil-zurbilaren kontra bezalaxe, zer-nolako lekua auto-stopean egiteko eta hala ere jada, zopa apurtxo bat gehiago hartz-emetxo, jantzazu petxuko minak joko dizu bestela, ilea umel artean baina jada su baxua pindarka zain hortxe, Habsburg ohetzarreko logela, ispiluak zoruraino, mahaitxoak eta firfirak eta errezelak eta zertan ari zinen hor, euripean, esadazu, amak ipurdia astinduko zizun.

        Hilotzak, errepikatzen du Linak, hobe bakarrik ibiltzea, jakina, euria izanez gero... baina ez pentsa, berokia benetan inpermeablea da, ilea eta zangoak apur bat baino ez, badago, aspirina bat eta nahikoa. Eta ogi-otarra hustuaren eta hartz-umetxoa jadanik eraso egiten ari zaion bete berriaren artean, eta zein gurina gozoa, eta zuk zer egiten duzu?, nolatan bidaiatzen duzu automobiltzar horretan?, eta zuk zergatik? eta ah eta zu argentinarra? Patuak gauzak ondo egiten dituelako onarpen bikoitza, oroipen espero izatekoa, zortzi kilometro aurrerago Marcelo zerbait hartzera geratu izan ez balitz, hartz-emetxoa orain beste automobil batean zatekeen edota basoan oraindik, material aurrefabrikatuen bitartekari naiz ogibidez, horrek bidaia asko egitera behartzen nau, baina oraingoan bi beharren arteko noraezeko ibilaldian nabil. Hartz-umea adi-adi eta ia serio, zer da material aurrefabrikatuen kontu hori, baina benetan gai aspergarria, zer egingo zaio, ezin esango dio pizti hezitzaile edo zine-zuzendari edo Paul McCartney denik: gatzontzia mesedez. Zomorro edo txori baten gisako jokaera baldar hori baina hartz-emetxo kopeta-ile dantzariduna, Archie Shepp-en lelo errepikatua, diskoak dituzula?, baina nolatan, a beno. Oharturik, pentsatzen du ironikoki Marcelok, normalena Archie Sheppen diskoak ez izatea litzatekeela eta pitokeria da ezen eduki badauzka baita noizbehinka entzun ere Marlenerekin Bruxellen eta bakarrik ez dakiela horiek bizitzen Linaren moduan, honek bat-batean zatitxo bat xuxurlatzen baitu bi mokaduren artean, haren irribarrea, free-jazz eta gulash mokadua eta automobileko hartz-emetxo umelaren batuketa, sekulan halako zorte onik, ona izan zinen. Bueno y consecuente, abesten du Marcelok, bandoneonaren errebantxa, baina baloia zelaitik kanpora doa, beste belaunaldi bat da, Shepp hartz-emetxoa da, tangorik ez jada, txo.

        Jakina, kili-kilia bertan da oraindik, ia horren arranpa gazi-gozoa Kindbergera heltzean, ostatuaren aparkalekua aterpe zahar izugarri handian, atsoa bidea argiz erakutsiz antigoaleko kriseilu batez, Marcelok fardela eta maletina, Linak motxila eta plisti-plasta, afaltzeko gonbidapena Kindbergera baino lehen onartua, horrela berba egin dezakegu, gaua eta euriaren metraila, gauza txarra jarraitzea, hobe Kindbergen geratzea eta afaltzera gonbidatuko zaitut, o bai ze ondo!, horrela arropa lehortuko zaizu, onena hemen gelditzea goizera arte, Euri ziri, euri miri, atertu barik binotso, o bai Linak, eta orduan aparkalekua, oihartzun sakoneko korridore gotikoak harrera-lekuraino, zein bero ostatu hau, nolako zorte ona, ur-tanta bat, azkena kopeta-ilearen ertzean, motxila jantziriko hartz-kumetxo girl-scout mutil eder-galant batez, logelak eskatuko ditut, horrela apur bat lehor zaitezke afaldu aurretik. Eta kili-kilia, ia arranpa bat hortxe behean, eta Lina berari begira, kopeta-ile hutsa zela, logelak, horixe tontakeria, bakarra eskatu. Eta berak begiratu gabe baina kili-kili atsegin-ezatsegina, beraz pagotxa duk, beraz gozagarria duk, beraz hartz-emetxo zopa subaxua, beraz beste bat eta hau zortea, hi, benetan ederra duk-eta. Baina gero motxilatik beste praka bakeroak eta jertse beltza ateratzen ikusi, bizkarra emanez berriketan nolako subaxua, usaia du, su perfumatua, aspirinak bilatuz fardelaren hondoan bitamina eta desodorante eta after-shave artean eta noraino heldu nahi duzu, ez dakit, Kopenhague-ko hippy batzuen eskutitz bat daukat, Ceciliak Santiagon emandako marrazki zenbait, jende jatorra direla esan zidan, zeta-ehunezko bionboa eta Lina arropa bustia zintzilikatuz, motxila franciscojose estiloko mahai gainean, doratua eta sinfoasaduna, modu desbriba ezinez hustuz, James Baldwyn kleenex botoiak betaurreko beltzak kartoizko kutxak Pablo Neruda paketetxo higienikoak Alemaniako karta, gose naiz, Marcelo gustukoa dut zure izena, doinu ederra du eta gose naiz, orduan goazen afaltzera, egia esan dutxa nahikoa izan duzu, gero bukatuko duzu motxila txukuntzen, Lina burua brastakoan altxatzen, berari begira: Nik ez dut sekula ezer txukuntzen, zertarako, motxila ni bezalakoa da eta bidaia hau eta politika bezalakoxea, dena nahasturik eta zer? bost axola. Kakaumea, pentsatu zuen Marcelok arranpa, ia kili-kilia (aspirinak kafearekin batera eman, efektu azkarragoa) baina neskari traba egiten zioten hizkuntz distantzia horiek, hiketan aritzea hain gaztetxo eta nola liteke hi bakarrik bidaiatzea, zopa-jatearen erdian barrez hasia zen: gazteria, fosilak, pentsa, hilotzak noraezean Romeroren pelikula horretan bezala. Eta gulash eta pixkanaka beroa eta hartz-umetxoa berriro pozik eta ardoa, kili-kilia sabelean poz-antz bati jare eginez, baketasun bati, lelokeriak esan zitzala, jarrai zezala bere mundu-ikuspegia azaltzen, agian inoiz berarena ere izan zena baina dagoeneko ez zegoen gogoratzeko moduan, begira ziezaiola kopeta-ilearen antzokitik, bat-batean goibel eta arduratu antzean eta gero brastakoan Sheep, esanez hain ondo honela egotea, lehor sentitzea eta anpuluaren barruan eta behin Avignon-en bost ordutan zain stop batean teilak ere erauzten zituen haizea zegoela, txori bat zuhaitz baten kontra lehertzen ikusi nian, zapi baten modura erori zuan, pentsa: piper beltza pasa, mesedez.

        Orduan (bazeramaten ontzi hustua) Danimarkaraino honela jarraitzeko asmotan haiz, baina badun diru apur bat ala zer? Jakina jarraituko dudala, ez duk letxugarik jaten?, pasadak orduan, gose nauk oraindik, hostoak sardexkaz tolesteko eta soseguz mastekatzeko modu hori, Shepp abesten ziela noizik behin zilarrezko anpulutxo bat plop ezpain umeletan, aho ederra bukatu beharreko lekuan moztua hain juxtu, Errenazimenduko marrazki horiek, Florentzia udazkenean Marlenekin, pederasta jeinudun zenbaitek hain maite izandako aho horiek, zimur-kizkur sentsual sotilak eta abar, burua galtzen ari haiz Riesling hirurogeita lauko hau, mokadutxo eta xuxurla artean entzunez, ez zekiat nola bukatu nuen filosofia Santiagon, gauza asko zeuzkaat irakurtzeko, oraintxe nagok irakurtzen hasteko tenorean. Espero izatekoa, hartz-emetxo gaixoa hain pozik bere letxuga eta Spinoza Allen Ginsberg-ekin nahasian sei hilabetetan irensteko asmoarekin eta berriro ere Shepp: zenbat arrunkeria ez ote da elkarren segidan pasako kafera heldu artean (ez ahaztu aspirina ematea, doministikuka hasten bazaidak problema izango diat, neskatila mukizua ilea bustirik aurpegi osoa kopeta-ilea iratsia euriak kolpeka erabilia bide ertzean) baina aldi berean Shepp eta gulasharen bukaeraren artean dena biratzen-edo ari zen pixkanaka, aldatzen, esaldi berberak ziren eta Spinoza edo Kopenhague eta aldi berean ezberdina, Lina hortxe bere parean ogia zatituz ardoa edanez pozik berari begira, urrun eta hurrean aldi berean, gauaren birarekin aldatuz, baina urrun eta hurrean ez zen azalpena, beste zerbait, erakustaldi antzerako zerbait, Lina, bera ez zen zerbait erakusten baina orduan zer, esadak ba. Eta gruyère hariari xerra pare bat, zergatik ez duk jaten, Marcelo, izugarri goxoa zegok, ez duk batere jan, lelo hori, hi bezalako jaun batek, ze hi jaun bat baihaiz, ez da?, eta hortxe erretzen tzen tzen ezer ere jateke, aizak, eta ardo pittin bat gehiago, hik ere hartuko huke, ez?, ze gazta honekin pentsa, beherakadatxoa eman behar zaiok, tira, jan ezak pixka bat: ogi gehiago, sinestezina zenbat ogi jaten dudan, betidanik iragarri zidatek loditasuna, bai, bai, entzuten duana, egia duk, zilbortxoa bazeukaat, ez dik ematen baina bai, zin egiten diat, Shepp.

        Alfer-alferrik zen zentzuzko ezertaz mintza zedin itxarotea, eta zer dela eta itxaron (ze hi benetako jaun bat haiz, ez?), hartz-emetxo postrearen loreen artean liluraturik begiratuz eta aldi berean zenbaketan ari diren begiez gurpildun karrotxoa gozokiz konpotaz merengez bete-bete eginda, zilbortxoa, bai, loditasuna iragarria zioten, sic, esnegain gehien duen hauxe, eta zer dela eta ez duk gustuko Kopenhague, Marcelo. Baina Marcelok esandakoa ez zen Kopenhague gustuko ez zuela, bakarrik apur bat zentzugabea zela sekulako euripean bidaiatzea eta asteak eta motxila, azkenean jakiteko segur asko hyppiak Kalifornian zirela jada, baina ez haiz ohartzen berdin diola, esan diat ba ez ditudala ezagutzen, Ceciliak eta Marcosek Santiagon emandako marrazki batzuk zekarzkieat, eta Mothers of Inventionen diskotxo bat, ez dute ba hemen tokataren bat izango, hiri jartzeko?, beranduegi segur asko eta Kindberg, ohar hadi, biolin zingaroak izatekotan agian baina ama hauek, ño, pentsatze hutsa bakarrik, eta Lind barrezka esnegain askorekin eta jertse beltzaren azpiko zilbortxoarekin, biak barrezka pentsatzean amak Kinderbergen uluka, ostalariaren aurpegia eta azken aldian urdaileko kili-kiliaren ordez sortutako bero hori, bere buruari galdetuz ez ote zen neska gogorrarena egiten hasiko, azkenean alegiazko ezpata ohean bai ote, edozein kasutan burukoaren roiloa eta nor hesi moralaren alde banatan ezpata modernoa, Shepp, ikusten, doministikuka hasi haiz, hartzan aspirina badakarte kafea eta, koñaka eskatuko dinat salizilikoa bizkortzen du-eta, iturri onetik jakin ninan. Eta egia esan berak ez zuen esan Kopenhague gustuko ez zuenik baina hartz-emetxoak doinuera ulertzen bide zion hitzak baino, beraxek hamabi urte zituela maitemindu zen andereño harekin bezalaxe, zer inporta orain hitzak xuxurla horren aldean, ahotsetik bero-nahi baten modura sortzen zen hori, izarez bildu zezaten eta ferekak ilean, horrenbeste urteren ostean psikoanalisia: bihotz-estura, bah, jatorrizko emasabelaren mina, azken finean hasieratik bertatik den-dena ur gainean igerian ari zen, irakurtzazu Biblia, berrogeita hamar mila peso zorabioak sendatzeko eta orain mukizu hau bere baitako pusketak ateratzen ari zitzaizkion, Shepp, baina jakina, huts-hutsean hartuta nola ez zain ba eztarrian trabatuko, tenteltxo hori. Eta Lina kafea irabiatzen, brastakoan begi arduratsuak jaso eta begiramen berri batez begiratuz, jakina adarra jotzen hasiz gero larrutik ordainduko zuela baina ez, benetan Marcelo, gustoko haut hain doktore eta hain aitta jartzen haizenean, ez hadi haserretu, beti esaten diat behar ez nukeen, ez hadi haserretu, ez naun haserretzen baina, tenteltxo, bai apurtxo bat haserretu haiz doktore eta aitta esan diadalako, ez zuan zentzu horretan baina hain ona haizela igartzen duk hain juxtu aspirinaz hitz egiten didaanean eta pentsa gogoratu egin haizela bilatzen eta ekartzen, ni ahaztuta nengoan honez gero, Shepp, ikusten nola behar nian, eta pittin bat komikoa haiz, hain doktore begiratzen didak, ez hadi haserretu, Marcelo, zein goxoa koñak hau kafearekin batera, zein ondo lo egiteko, badakik ze. Eta bai, bidean goizeko zazpiak ezkero, hiru automobil eta kamioi bat, nahiko ongi orokorrean azkeneko ekaitza salbu baina orduan Marcelo eta Kindberg eta koñaka Shepp. Eta eskua geldi-geldi uztea, esku-ahurra gora begira ogi-apurrez betetako mahai-oihalaren gainean Marcelok leun ferekatu zionean ezetz adierazteko, ez zegoela haserre orain bazekielako egia zela, benetan hunkitu zuela arreta ñimiño horrek, poltsikotik argibide zehatzekin ateratako pilula, ur asko eztarrian ez trabatzeko, kafea eta koñaka; bat-batean adiskidetuta, baina benetan, eta sua gela are epelago jartzen ariko zen, gela-andreak izarak tolestatuak izango zituen, Kindenbergeko ohiko eran segur asko, antigoaleko zeremonia moduko bat, ongi-etorria bidazti nekatuari, Kopenhagueraino busti egin nahi zuten hartz-emetxo tentelei, eta gero, baina zer inporta gero, Marcelo, esan diat lehen ere ez nuela lotzerik nahi, ez-diat-nahi, ez-diat-nahi, Kopenhague duk gizonezko bat aurkitu eta gero utzi egiten duan antzerako zerbait (ah), iragaten den egun bat, ez diat etorkizunean sinesten, nire familiakoek etorkizunaz baino ez diate hitz egiten, potrotaraino nagok etorkizunaren kontu horrekin, eta Marcelo berari ere bere osaba Roberto tirano maitekor bihurturik Marcelito gaixoaz arduratzeko, aita hilik umezurtz eta hain ttikia artean gaixoa, biharko egunean pentsatu beharra zegok mutiko, osaba Robertoren erretiro ezdeus barregarria, gobernu gogorra duk behar duguna, gaur eguneko gazteriak jolasean baino ez dik pentsatzen, joño, gure sasoian berriz, eta hartz-emetxoa beraren eskua mahai-oihal gainean lagatzen eta zer dela eta zurrupatze ergel hori, zer dela eta hogeita hamar-berrogei urteetako Buenos Airesera itzultze hori, hobe Kopenhague, hi, hobe Kopenhague eta hyppiak eta euria bide bazterrean, baina bera autostop egin gabea zen, sekulan ez esaterako, behin edo birritan unibertsitatera sartu baino lehen, orduz gero bazuen nolabait moldatzeko, trajeetarako eta, baina hala ere aukera izan zuen koadrilakoak hiru hilabetetan Rotterdamera zihoan belaontzi bat hartzeko asmotan zebiltzala, zamaketa lana eta porturatzeak eta azken finean seiehun bat peso, eskifaiari apur bat lagunduz, libertitzen, jakina goazela, Onceko Rubí kafetegian, jakina bagoazela, Monito, seiehun gruyo bildu beharra zegok, ez zen erraza, soldata zigarrotan eta neskatxaren batekin joaten zaik, egun batez ez zuten berriz elkar ikusi, ez ziren jada belaontziaz mintzo, biharko egunean pentsatu beharra zegok, mutiko, Shepp. Ah, beste behin ere; etor hadi, atseden hartu behar dun, Lina. Bai doktore jauna, baina itxaron puskatxo batean besterik ez bada, koñak hondartxo hau gelditzen zaidak, ikusten, hain epel goxoa, proba ezak, bai, ikusten zein epel dagoen. Eta berak esan behar izan zuen nahikoa, zer esan ez zekiela, Rubíz gogoratzen ari zelarik ezen berriro ere Lina, beraren ahotsa ulertzeko modu horrekin, beraren ahotsak benetan esaten zuena, esaten ari zena baino areago, hura ergelkeria hutsa baitzen etengabe eta aspirina eta atsedena hartu behar dun edo zertan Kopenhaguera joan adibidez oraintxe bertan, esku xuri eta epeltxoa berarenaren azpian, edozerk har zezakeen Kopenhague izena, edozerk har zezakeen belaontzi izena baldin eta seiehun peso, baldin eta potroak, baldin eta poesia. Eta Lina berari so eta gero begiak jaitsiz guzti hori hortxe mahai gainean bailegoen, ogi-papurren artean, denbora hondakinak jada, berak guzti horretaz berba egin izan balio bezala etor hadi errepikatu ordez, atsedena hartu behar dun, plural logikoagoa erabiltzen animatu barik, etor hadi goazen lotara, eta Lina milika eta zaldi batzuekin gogoratuz (ala behiak ziren, apenas entzuten zion esaldiaren azkena), zaldi batzuk zelaia zeharkatzen, zerbaitek bat-batean uxatu izan balitu bezala: bi zaldi zuri eta beste bat beilegia, nire osaba-izeben basetxean ez dakik zer zen arratsalde partean haizearen kontra zaldiz lauhazka ibiltzea, berandu itzultzea eta nekatua eta jakina errietak, mari-mutil hori, bai, berehala, itxoin, azken tragoxka hau hartu eta ia, berehala, kopeta-ile osoa haizean zuela berba eginez basetxean zaldi gainean bailitzen, sudurrean putz eginez ze koñaka hain garratza, leloa behar zuen orain oztopotan ibiltzeko neskatxa bera izan baitzen korridore beltz luzean, neskatxa txapla-txapla eta pozik eta bi gela hori pitokeria, eska ezak bakarra, onartuz noski aurreratze horren esanahi osoa, jakinik eta agian ohiturik eta horren zain ibilaldi bakoitzaren amaieran, baina azkenean hala ez bazen, ez zuen ematen-eta, baldin eta azkenean ezustekoak baziren, ezpata ohe erdian, baldin azkenean bortizki bazterreko sofan bazen, jakina orduan bera, gizontasunez, etzan lepokoa ahaztu, sekulan ez diat halako eskailera luzerik ikusi, seguru jauregia izan zela, kondeak egongo zituan jaiak antolatzen kandelari eta abarrekin, eta ateak, begira egiok ate horri, baina geurea duk baina, orein eta artzain irudiz margotua, ez duk posible. Eta sua, errubio gorriak ihesean eta ohea zabalik handi-handia eta gortinak leihoak itotzen, a zein goxoa, zein ondo, Marcelo, nola egingo diagu ba lo, itxoin ezak behintzat diskoa erakutsi arte, azala polit-politta dik, gustura hartuko diate, hementxe zeukaat hondoan eskutitz eta mapekin batera, ez nian galduko ba, Shepp. Bihar erakutsiko didan, benetako katarroa ari haiz harrapatzen, azkar biluztu, itzali egingo dinat, horrela sua ikusiko dinagu, o bai Marcelo, zelako txingarrak, katu guztiak batean, begira pindarrei, goxo gaudek ilunpean, pena ematen dik lokartzeak, eta berak jaka besaulki baten gainean utziz, sutondoaren pare-parean hartz-emetxo kuzkurtuarengana hurreratuz, zapatak kentzen haren aurrean, makurtuz su ondoan esertzeko, garrak eta itzalak haren adats askatuan zehar korrika ikusiz, alkandora eranzten lagunduz, bularretakoen itxitura bilatuz, bere ahoa dagoeneko sorbalda biluztuaren kontra, eskuak txingarren artetik ehizan, umemoko politta, hartz-emetxo tenteltxoa, noizbait biluzik jada zutik sutondo parean eta elkar musukatuz, hotza ohea eta zuria eta bat-batean ezer ez, su orotariko bat azaletan barrena abiada bizian, Linaren ahoa bere ilean, bere bularrean, eskuak bizkarraldean, gorputzak eramaten utziz eta ezagutzen eta aiene ttiki bat apenas, antsiak hartutako arnasaldiak eta esan beharra izatea, ze horixe bai esan behar ziola, sua eta loa baino lehenago esan behar zion, baina, ez dun esker-gura hutsagatik egingo, ez da?, eta eskuak, bizkarraldean galdurik ordura arte, zigorren moduan aurpegi aldera altxatuz, lepo aldera, haserre bizian estutuz, min emateko gai-ezak, goxo-goxoak eta haserre bizian, ttipiak eta amorruz tinkatuak, negar-zotin baten antzera, protesta eta ukatze aiene bat, amorrua baita ahotsean ere, nolatan pentsa dezakek, nolatan Marcelo, eta orduan bada, orduan bai, dena ondo horrela, barkaidan maitte barkaidan esan egin behar ninan barkaidan goxo barkaidan, ahoak, bestelako sua, ertz arrosatako ferekak, burbuila ezpainetan dardarka, ezagutzaren aldiak, isiltasunak non eta dena azala baita edo ile higitze geldoa, betile kliskada andanak, ukatze eta eskatze aldi berean, metal-ur botila ahotik bertatik edaten dena, egarri berberean barrena ahotik ahora doana, bukatzeko han non behatz batzuk mesanotxe gainean haztaka ari diren, eta argia pizten dute, pantaila estaltzeko keinua, slip batez, edozer gauzaz, airea urrez koloreztatzeko, Linari begira geratzen hasteko, Lina ahozpez, ondoko hartz-emetxoa, hartz-emetxoa ahozpez, Linaren azala, zigarro bat eske ari zaio Lina, burukoen kontra esertzen da, hezurtsua eta bilotsua haiz oso, Shepp, itxoin estali egingo haut apur bat, izara aurkituz gero, begira hortxe oin aldean, ertzak kiskaliak dituela uste diat, Shepp.

        Eta gero sutondoko gar mantso eta baxua, beraiengan, txikiagotuz eta urreztatuz, ura edanik jada, zigarroak, unibertsitateko klaseak nazkagarriak zituan, horrenbeste aspertzen ninduan, onena kafetegietan ikasiaz joan ninduan, zinera baino lehen irakurriz, Cecilia eta Piruchorekin hizketan, eta bera entzuten, Rubia, hain antzerako hogei urte lehenagoko Rubía, Arlt eta Rilke eta Eliot eta Borges, baina Linak bai, Linak bai bere auto-stop belaontzian, Renault edo Volkswagen itsasoratzeekin, hartz-emetxoa hosto ihartuen artean eta euria kopeta-ilean, baina berriro ari haiz, horrenbeste belaontzi eta horrenbeste Rubí, hartz-emetxoak ez zituela ezagutzen, jaio gabea zela artean, txiletartxo umemoko erromes Kopenhague, zer zela eta hasieratik bertatik, zopa eta ardo zuriarenetik, ohartu gabe aurpegira jaurtitze hori: horrenbeste gauza iraganeko eta galdu, horrenbeste txakur lurperatu, horrenbeste belaontzi seiehun pesotan, Lina erdi-lotatik berari begira, burukoen gainean labainduz aberexka asearen hasperena eginez, aurpegia eskuekin bilatzen diola, hi gustoko haut, hezurtsu, hik irakurriak ditik liburu guztiak, Shepp, hirekin gustura egoten dela esan nahi nian, hi bueltan hator jada, horren esku handi eta indartsuak dauzkak, bizitza daukak atzean, hi ez haiz zaharra. Beraz, hartz-emetxoak bizirik sentitzen zuen nahiz eta, haren adinekoak baino biziagoa, Romeroren filmaren hilotzak eta nor arraio zen hori hor kopeta-ilearen azpian, hortxe non antzerki ttipiak laban egiten baitzuen umel ametserantz, begiak erdi txirik eta berari begira zegoena, berriro ere egin, hartz-emetxoa sentituz eta utziz aldi berean, erdi kontrako zen haren burrunba entzun, logura nauk, Marcelo, horrela ez, bai maitte, bai, haren gorputz lirain eta sendoa, izter tinkoak, eraso berria etengabe bikoiztua, jada ez Marlene Bruxellen, bera bezalako emakumeak, pausatu eta ustetsuak, liburu guztiak irakurriak haiek ere, bestea hartz-umetxoa, bere indarra jasotzeko eta erantzuna emateko modu hura baina gero, artean euriz eta oihuz betetako haize horren ertzean, bera ere erdi lotara labainduz, ohartzea hori ere belaontzia zela eta Kopenhague, bere aurpegia Linaren bularren artean Rubí-ren aurpegia zen, Mabel eta Nélidarekin emandako gau nerabeak Monitoren pisu lagatuan, su eta gar andana malguak eta ia berehala zergatik ez dugu ostera bat egiten erdialdetik, emazkidak bonboiak, amak jakinez gero. Orduan ezta horrela ere, ezta maitasunean ere ez zen ezeztatzen atzeranzko ispilu hori, Linak laztanduz parean jartzen zion bera gazte zeneko erretratu hura eta Shepp eta lo egin dezagun eta ur pixka bat ostera ere, mesedez; gauza bakoitzean bera Lina izana bailitzen, Linarengandik bailitzen, jasanezineko zentzugabekeria itzulerarik gabekoa eta azkenean loa azken fereka xuxurlatuen artean eta hartz-emetxoaren adatsa beraren aurpegia orraztuz harengan zerbait jakinaren gainean bailegoen, ezabatu nahi balu bezala Marcelo berriz ere esna zedin, bederatzietan esnatu zen bezalaxe eta Lina orraztuz ari zen sofa gainean kantuan xuxurlaka, jantzirik jada beste errepide eta beste euri batentzat. Ez zuten askorik hitz egin, gosari azkarra izan zen eta oskarbi zegoen, Kindberg-etik kilometro askotara beste kafe bat hartzera gelditu ziren, Linak tau azukre puska eta aurpegia garbitua bezala, gogoa beste nonbait, zorion abstraktuaren antzeko zerbait, eta orduan badakik, ez hadi haserretu, esadak ez haizela haserretuko, baina jakina ezetz, esadan ba, zer edo zer behar badun, arrunkeriaren ertzean geldituz hitza hortxe egona baitzen billeteak bere diru-zorroan bezalaxe, erabiliak izateko zain eta esateko pronto Linaren esku herabea berarenean pausatu zenean, kopeta-ileak begiak estaltzen zizkiola eta azkenean galdetuz ea berarekin jarrai ote zezakeen beste apur batean ibilbide berbera ez bazen ere, bost axola, berarekin apurtxo batean jarraitzea ezen hain ondo sentitzen baitzen, pittin bat gehiago iraun dezan eguzki honekin, baso batean egingo diagu lo, diskoa eta marrazkiak erakutsiko dizkiat, gauera arte bakarrik nahi baduk, eta baietz sentitzea, nahi zuela alegia, ez zegoela arrazoirik batere nahi ez izateko, eta eskua apurka alderatu eta ezetz esatea, hobe ezetz, begira, hemen erraz aurkituko dun, gurutz-bide nagusia dun, eta hartz-emetxoa onartuz bat-batean kolpatua bezala eta urruna, buru makur azukre puskak janez, Marcelo ordaintzen ikusiz eta jaikitzen eta motxila ekartzen ziola eta adatsean musukatzen eta bizkarra ematen eta martxa aldaketa sutuan galtzen, berrogeita hamar, laurogei, ehun eta hamar, bidea zabalik material aurrefabrikatuen bitartekarientzat, Kopenhaguerik gabeko bidea eta belaontzi ustelduez josirik bide bazterretan, gero eta hobeto ordaindutako lanbideez, Rubí-ren Buenos Aireseko xuxurlaz, bihurguneko platanondo bakartiaren itzalaz, enborraz non eta ehun eta hirurogeira lehertu baitzen aurpegia bolantean sartuta zuela Linak aurpegia jaitsi zuen modura ezen hartz-emetxoek horrela egiten baitute azukrea jateko.

 

 

 

© Julio Cortázar

© itzulpenarena: Gerardo Markuleta

 

 

"Julio Cortázar / Oktaedroa" orrialde nagusia