HORTXE BAINA NON, ZELAN

 

ez dago norberaren esku

 

        René Magritte-ren koadro batek pipa bat erakusten du, oihalaren erdigunea hartzen duena. Margoaren azpian bere izenburua: Han ez da pipa bat.

        Pacorentzat, nire errelatoak gustuko zituen eta.

                        (Bestiarioko eskaintza, 1951)

 

        bera da bat-batean: orain (idazten hasi baino lehen; idazten hasteko arrazoia) edo atzo, bihar, ez dago inolako aldez aurretiko zantzurik, badago ala ez dago; badatorrela ere ez daukat esaterik, ez dago ez helduerarik ez abiapunturik; iraganeko oihartzunez eta etorkizuneko eginbeharrez jositako orainaldi hits honetan azaltzen den ala azaltzen ez den orainaldi huts bat bezalakoa da

 

        Nire hau irakurtzen duan hori, ez al zitzaian ba gertatuko amets batean hasi eta amets askotan itzultzen den zer hori baina hori ez dena, amets hutsa ez dena? Hortxe dagoen zerbait, baina non, zelan; ametsetan gertatzen den zerbait, jakina, amets hutsa baina gero hortxe ere bai, beste modu batean zeren biguna eta zuloz josita baina hortxe hortzak garbitzen ari haizela, lababoko konketaren hondoan ere ikusten jarraitzen duk dentifrikoa txistuka botatzen duan bitartean edota aurpegia ur hotzetan sartzen duan bitartean, eta jadanik mehartzen hasia baina pijamari, mingainaren zuztarrari josita oraindik, kafea berotzen duan bitartean, hortxe baina non, zelan, goizari atxikia, bere isiltasunarekin zeinean jadanik eguneko zaratak sartzen baitira, jarria dugun irratiko albiste saioa ze esna baikaude eta jaikita eta munduak martxan baitarrai. Joño, joño, nola liteke, zer da amets batean izan zen, izan ginen hori baina beste gauza bat dena, noizik behin itzultzen dena eta hortxe dagoena baina non, zelan dago hor eta non da hor hori? Zer dela eta berriz ere Paco gau honetan, orain gela honetan hauxe idazten ari naizela, nire gorputzaren hutsunea agerian jartzen duten izarak dituen ohe honetxen ondoan? Hiri ez zaik gertatzen niri bezala, orain dela hogeita hamar urte hil zen norbaitekin, Cacaritan eguerdi eguzkitsu batean lurperatu genuena, zerraldoa sorbalda gainean eramanez koadrilako lagunekin, Pacoren anai-arrebekin?

 

        haren aurpegi ttipi eta zurbila, euskal pilotari baten antzeko gorputz trinkoa, bere ut begiak, bere ile horia gominaz orraztua, ile-artea albo batera, bere janzki grisa, bere mokasin beltzak, ia beti gorbata urdina baina batzuetan alkandora hutsez edo felpazko bata zuri batez (Rivadavia kaleko bere gelan itxoiten nauenetan, nekez zutituz hain gaixorik dagoela kontura ez nadin, ohe ertzean eseriz bata zurian bildua, debekatua dioten zigarroa eskatzen didala)

 

        Bazekiat ezin dela idatzi idazten ari naizen hau, seguru egunak ametsaren eragiketa ahulekin akabatzeko dituen modu horietako beste bat dela; orain lanera joango nauk, itzultzaile eta zuzentzaileekin elkartuko nauk lau astetarako nagoen Genevako konferentzian, Txileko berriak irakurriko ditiat, ezein dentifrikok ahotik kentzen ez duen beste amesgaizto hori; zergatik orduan ohetik idazmakinara jauzi egin, Pacorekin oraintxe bertan egon naizen Buenos Aireseko Rivadavia kaleko etxetik, ezertarako balio izango ez duen idazmakina honetara ze orain esna bainago eta bai baitakit hogeita hamaika urte pasa direla urriko goiz hartatik, hilerri bateko nitxo hori, ia inork ere eraman ez zituen lore urriak ze bost axola guri loreak Paco lurperatzen ari ginela. Esaten diat, axola duena ez dituk hogeita hamar urte horiek, askoz txarragoa duk ametsetik hitzetarako jauzi hau, artean hortxe jarraitzen duen horren barruko zuloa, hortxe baina jada men eginez, gero eta gehiago, beste alde honetako gauzen aho zorrotzei, idazten segitzen ditudan hitz hauen aiztoari, ze dagoeneko hitz hauek ez baitira hortxe jarraitzen duen hori baina non, zelan. Eta behin eta berriz esaten badut, gehiago ezin dudalako duk, horrenbestetan jakin izan diat Paco bizirik edota hiltzear dagoela, beste modu batez dagoela bizirik, ez bizirik egoteko edo hiltzear egoteko geure moduan, ezen berori idatziz eutsiezinaren kontra borrokatzen baitut behinik behin, hitzen behatzak pasatzen ditiat ehundura mehe-mehe horren zuloetatik, bainugelan oraindik lotua nindukana, xigorgailuan, aurreneko zigarroan, artean hortxe dagoena, baina non, zelan; berresan, errepikatu, sorgindura leloak, ez da?, agian nire hau irakurtzen duan heu ere batzuetan saiatuko haiz agian ihes doakianari eusten leloren batekin, umetako bertso bat errepikatzen duk ergel, armiarmatxo bisitatxo, armiarmatxo bisitatxo, begiak itxiz amets zirpilduaren pasarte nagusia finkatu asmoz, etsiz armiarmatxo, sorbaldak jasoz bisitatxo, egunkari-saltzailea ate joka, hire emazteak irribarrez begiratu eta esaten dik Pedrito, amaraunak geratu zaizkik begietan eta zuzen zebilek pentsatzen duk hik, armiarmatxo bisitatxo, noski amaraunak.

 

        Alfredorekin, beste hildako batzuekin amets egiten dudanean, bere irudi anitzetako edozeinekin izan daiteke, denboraren eta bizitzaren aukeren artean; Alfredo bere Ford beltza gidatzen ikusten dut, pokerrean, Zulemarekin ezkontzen, nirekin Mariano Acosta irakasle eskolatik irteten Once-ko La Perlan bermut bat hartzeko; geroago, bukaera aldera, lehenago, edozein urtetako edozein egunetan, baina Paco ez, Paco bakarrik da bere etxeko gela huts eta hotza, burdinazko ohea, felpa zurizko bata, eta akaso kafetegian topo eginez gero eta bere janzki gris eta gorbata urdinarekin baldin badago, aurpegia berbera da, lur koloreko azken mozorroa, nekadura sendaezinaren isiluneak

 

        Ez diat denbora gehiago galduko; idazten badut duk badakidalako, nahiz eta neure buruari azaldu ezin, zer ote den dakidan hori eta apenas lortu gordinena bereiztea, alde batera ametsak jartzea eta bestera Paco, baina egin egin beharra zegok baldin eta egun batean, oraintxe bertan edozein unetan eskuei urrutiago eragitera heltzen banaiz. Bazekiat Pacorekin amets egiten dudala ze, jakina, logikak, ze, jakina, hildakoak ez baitabiltza kaletik eta urezko eta denborazko itsaso zabal bat baitago Genevako hotel honetatik Rivadavia kaleko haren etxera, Rivadavia kaleko haren etxetik duela hogeita hamar urte hilda dagoen beragana. Orduan begi-bistakoa duk Paco bizirik dagoela (zein beste modu alferrikako, ikaragarriz ere esan beharko diat beragana hurreratzeko, apur batean aurrera egiteko) ni lotan nagoen bitartean; amets egitea deitu ohi den hori. Noizean behin, asteak eta urteak ere iragan daitezkek, lotan nagoela jakin izaten diat berriz ere bera bizirik dagoela eta hiltzear; ez zegok apartekorik ezer nik berarekin amets egin eta bizirik ikuste horretan, beste askorekin gertatzen duk beste horrenbeste mundu guztiaren ametsetan, neuk ere batzuetan nire amona bizirik aurkitzen diat nire ametsetan, edo Alfredo bizirik nire ametsetan, Alfredo, Pacoren laguna izandakoa eta hura baino lehenago hil zena. Edozeinek egiten dik amets bere hildakoekin eta bizirik ikusten ditik, ez duk horregatik idazten ari naizela; idazten badut duk badakidalako, nahiz eta ezin azaldu zer den dakidan hori. Begira, Alfredorekin amets egiten dudanean dentifrikoak zintzo betetzen dik bere eginbeharra; malenkonia gelditzen duk, oroitzapen zaharren berriztapena, gero Alfredorik gabeko eguna hasten duk. Baina Pacorekin bera ere nirekin batera esnatuko balitz bezala duk, ez dik problemarik gaueko pasarte bizi-biziak ia berehala deuseztu eta hala ere presente jarraitzeko ametsean eta ametsetik kanpora, ametsa gezurtatuz ez Alfredok ez inork ere egun argiz, dutxa eta egunkariaren ostean inork ere ez duen indar batez. Zer axola berari nik ozta-ozta baino ez gogoratzea bere anaia Claudio nire bila etorri zenekoa, Paco oso gaizki zegoela esatera, eta hurrengo pasarteak, zirpildurik dagoeneko baina artean ere zorrotzak eta koherenteak ahanzturan, apur bat nire gorputzaren hutsunea bezalakoa izarek oraindik salatzen dutena, amets guztiak bezalaxe aienatzea. Orduan dakidana duk amets egin izana beste zerbait ezberdin baten zati bat baino ez dela, gainjartze antzerako bat, arlo bat bestea, nahiz eta esateko modua okerra izan baina hitzak ere gainjarri edo bortxatu egin behar dituk hurreratu nahi badut, inoiz egotea espero badut. Gordinki, oraintxe sentitzen ari naizen moduan, Paco bizirik zegok hiltzear egon arren, eta zer edo zer baldin badakit duk lurraz goragoko ezer ez dagoela horretan; nire ideiak zeuzkaat mamuen gainean baina Paco ez duk mamua. Paco gizakumea duk, duela hogeita hamaika urtera arte izan zen gizakumea, nire ikasketa laguna, nire adiskiderik hurkoena. Ez dik beharrezkoa izan niregana behin eta berriz jotzea, nahikoa izan zuan lehen ametsa nik bizirik zegoela jakin nezan ametsetatik harantzago ala honantzago eta berriz ere tristurak har nintzan, Rivadavia kaleko gauetan bezala, gaixotasunaren aurrean amore ematen, erraietatik hasita jaten ari zen gaitza, soseguz suntsituz torturarik borobilenean. Berarekin amets egin dudan bakoitzean gauza bera izan duk, gai beraren gaineko aldaerak. Ez duk errepikapena iruzur egin diezadakeena, orain dakidana jakina nuen aurreneko aldian ere, berrogeita hamargarren urtearen inguruan Parisen, uste diat, Buenos Airesen gertatutako haren heriotza eta hamabost urtera. Egia duk, orduko hartan sendun izaten saiatu ninduan, hortzak hobeto garbitzen; uko egin nian, Paco, nahiz eta nire baitan zerbaitek esan hi ez hengoela hor Alfredoren moduan, nire beste hildakoen moduan; ametsen aurrean ere maltzur eta koldar joka daitekek, eta akaso horregatik itzuliko hintzen, ez mendeku gogoz ez bada alferrik zela frogatzeko, bizirik hengoela eta hain gaixorik, hiltzear hengoela, gauez gau Claudio nire bila etorriko zela ametsetan nire sorbaldan negar egitera, esatera Paco gaizki zegok, zer egin dezakegu, hain gaizki zegok Paco.

 

        haren aurpegia, lur koloreko eta eguzkirik gabea, ezta Onceko kafetegien ilargirik ere, ikasleen bizimodu gautarra, hiruki itxurako aurpegi odolik gabea, begietako ur urdin argia, kalenturak erresumindutako ezpainak, nefritikoen usain ezti-metxa, haren irribarre sotila, ahotsa mehe-mehe eginik, esaldi bat esan orduko arnasa hartu beharraz, hitzak keinu edo imintzio batez ordezkatuz

 

        Ikusten, horixe duk dakidana, ez duk askorik baina den dena aldatzen dik. Leku-denborazko hipotesiek aspertu egiten naitek, n dimentsioek, ezkutuzko jakintzen hizkera mordoiloa ez aipatzearren, izar arteko bizitza eta Gustav Meynrik. Ez nauk bila joango bai baitakit ez naizela ilusiorako gai edo, onenean ere, bestelako lurraldeetan sartzeko gaitasunik ez dudala. Besterik gabe, hementxe nagok eta prest, Paco, ni lotan nengoela beste behin ere elkarrekin bizi izan duguna idazten; zer edo zertan baliagarri banatzaik horretan duk, jakin dezaan ez haizela nire amets hutsa, aitzitik, hortxe baina non, zelan, hortxe bizirik hagoela eta saminez. Hortxe horretaz ezin diat ezer esan, bai ametsetan bai esna gertatzen zaidala baino ez, euskarririk gabeko hortxe bat dela; zeren ikusten haudanean lotan bainago eta ez zekiat pentsatu, eta pentsatzen dudanean esna nagok baina pentsatzea besterik ezin diat egin; irudi izanik ideia izanik beti dituk hortxe baina non, hortxe baina zelan.

 

        hauxe berrirakurtzea burua makurtzea da, aurrez aurre putakumeka aritzea beste zigarro baten kontra, galde egitea zer zentzu ote daukan idazmakina honetan tekleatzen egoteak, norentzat baina, esadazu, nork ez du sorbaldak jaso eta berehala sailkatuko, etiketa jarri eta beste kontu batera pasatuko, beste ipuin batera

 

        Eta gainera, Paco, zergatik. Azkenerako uzten diat baina latzena duk, gertatzen ari zaianaren kontrako errebeldia eta higuina dituk. Pentsatuko duk ez haudala infernuan ikusten, zelako barregura biok horretaz hitz egin ahal izanez gero. Baina zergatiren bat egon behar dik, ez da hala, hik heuk ere heure buruari galdetuko diok zergatik hagoen bizirik hortxe hagoen lekuan berriro ere hil behar baduk, berriro ere Claudio nire bila etorri behar bada, oraintxe puntuan bezalaxe igo behar badut Rivadavia kaleko eskailera hi hire gaixo-gelan aurkitzeko, hire odolik gabeko aurpegia eta urezko itxurako hire begiak, ezpain nabartu eta lehor-zahartuekin irribarre eginez, papertxoa dirudien eskua niregana luzatuz. Eta hire ahotsa, Paco, azken aldera ezagutu nian ahots hori, agur edota broma baten hitz bakanak neke handiz ahoskatuz. Jakina dagoeneko ez hagoela Rivadavia kaleko etxean, eta nik, Genevan, ez dudala hire etxeko eskailera igo Buenos Airesen, hori ametsaren tresneria duk eta betiko moduan esnatzean irudiak urtu egiten dituk eta heu izan ezik ez duk ezer geratzen alde honetan, heu amets ez haizena, horrenbeste ametsetan nire zain egon haizena, baina inorena ez den leku batean geratzen den bezalaxe, geltoki edo kafetegi batean, ibiltzeari ekin eta berehala ahazten den beste tresneria hori ezer ez, gaizki

 

        nola esan, nola jarraitu, arrazoia txipittu errepikatuz ez dela amets hutsa, nahiz eta ametsetan ikusi nire hildako beste edozeinen modura, bera beste gauza bat dela, hortxe dago, barruan eta kanpoan, bizirik nahiz eta beragandik ikusten dudana,

 

        beragandik entzuten dudana: gaitzak estutu egiten du, finkatu, duela hogeita hamar urteko nire oroitzapena den azken itxura hartan; horrelaxe dago orain, horrelakoxea da

 

        Zergatik hago bizirik berriz ere gaixotu bahaiz, berriro ere hil egingo bahaiz? Eta hiltzen haizenean, Paco, zer gertatuko da gu bion artean? Jakingo al dut hil egin haizela, amets egingo al dut —ametsa baita ikusi ahal haudan eremu bakarra— beste behin ere lurperatzen haugula? Eta horren ostean, amets egiteari utziko al diot, jakingo al dut benetan hilda hagoela? Ze urte luzeak dituk, Paco, hortxe, elkarrekin topo egiten dugun leku horretan bizirik hagoela, baina bizitza hutsal eta zimeldu batez, oraingo honetan hire gaixotasunak besteak baino amaigabeki luzeago jotzen dik, asteak eta hilabeteak iragaten dituk, Paris edo Quito edo Geneva iragaten duk eta orduan Claudio zetorrek eta besarkatu egiten naik, Claudio hain gazte eta hain kumetxo negar isilean nire sorbalda gainean, gaizki hagoela abisu emanez, hi ikustera igotzeko, batzuetan kafetegi batean izaten duk baina ia beti dagoeneko botea duten etxe horren eskailera estua igo beharra zegok, taxi batetik begiratu nuen aurreko urtean Rivadaviako kaleko etxe-sail hori, Once-tik gertu eta jakin izan nian etxea ez zela jada hor edo itxura berritu egin zutela, atea falta dela eta lehen solairura, sabai altuko eta gisu horizko geletara zihoan eskailera estua falta dela, asteak eta hilabeteak iragaten dituk eta berriz ere bazekiat heu ikustera joan behar dudala, edo besterik gabe edozein lekutan aurkitzen haut edo edozein lekutan hagoela jakiten diat, nahiz eta ikusi ez, eta ez duk ezer ere bukatzen, ezer ere ez hasi ez bukatu lotan nagoela edo gero bulegoan edo hemen idazten, hi bizirik zertarako, hi bizirik zergatik, Paco, hortxe baina non, xaharra, non eta noiz arte.

 

        airezko frogak agertu, errauts pilatxoak frogatzat, zuloz jositako ziurtasunak; are okerrago hitzen bidez, zorabiorako gai ez diren hitzak, irakurketaz lehenagoko etiketak, beste etiketa azkeneko hori

 

        aldameneko eremuaren kontzeptua, ondoko gelarena; aldameneko denbora, eta aldi berean horrelako ezer ez, errazegia bitasun horretan gordetzea; dena nire esku bailegoen, dena keinu edo jauzi batek emango lidakeen giltz batean baletza bezala, eta jakitea ezetz, nire bizitzak naizen horretan giltzaperatzen nauela, ertz-ertzean baina

 

        beste era batez esaten saiatu, behin eta berriz: itxaropena medio, gauerdiko laborategia bilatuz, pentsaezineko alkimia batez, bihurketa batez

 

        Ez nauk gai harantzago joateko, beste zenbaitek euren hildakoen bila dabiltzan bideetatik saiatzeko, fedea edo onddoak edo metafisikak. Bazekiat hilik ez hagoena, hiru hankatako mahaiak alferrikakoak direla; ez nauk joango igarleei kontsulta egitera, horiek ere euren kodeak ditiztek eta, zoro bati bezala begiratuko zidaketek. Dakidan horretan baino ezin diat sinetsi, nire bidexkatik aurrera egin hik hiretik aurrera egiten duan bezalaxe, txikertua eta gaixorik hagoen leku horretan, niri enbarazurik egin gabe, ezer ere eskatu barik baina nolabait nire gain etzanda bizirik hagoena bai baitakit, neu bainaiz eremu honekin lotzen hauen katenbegia, hirea ez den baina hala ere, auskalo zergatik, auskalo zertarako, sostengatzen hauen eremu hori. Eta horregatik, pentsatzen diat, une batzuetan nire beharrean hago eta orduan duk Claudio datorrela edo bat-batean billarrean aritzen ginen kafetegian aurkitzen haudala edo goialdeko gelan, Ravel-en diskoak jarri eta Federico eta Rilke irakurtzen genituen hartan, eta bizirik hagoela jakiteak ematen didan poz zorabiatua indartsuago duk hire aurpegiaren zurbila baino, hire eskuaren makaldade hotza baino; ezen amets betean nagoela ez baitiot neure buruari iruzurrik egiten, batzuetan Alfredo edota Juan Carlos ikusteak iruzur egiten didan bezala, poza ez duk amets-ezen izugarria itzartzean eta ulertzean amets hutsa zela, hirekin esnatu eta ez duk ezer ere aldatzen, jadanik ikusten ez haudala besterik ez, bazekiat bizirik hagoela hor hagoen leku horretan, lurralde hau ere baden lurralde batean eta ez inolako izar-arte edo Abrahamen kolko gorrotagarrian; eta pozak iraun egiten dik eta hementxe zegok idazten ari naizela ere, eta ez ziok kontrarik egiten beste behin ere hi hain gaizki ikusi izanaren tristurari, itxaropena duk oraindik, Paco, idazten baldin badut duk itxaropena dudalako nahiz eta aldi bakoitzean gauza bera izan, hire gelara doan eskailera, kafetegia, eta han bi karanbolaren tartean gaixorik egon hintzala esango didak, baina honez gero hobeto habilela, irribarre xume batez gezurretan; itxaropena inoiz beste era batez gerta dadin, Claudiok ez dezan nire bila etorri beharrik, eta besarkatuta negar egin, hi ikustera joateko eskatuz.

 

        besterik ez bada bere hurrean egoteko beste behin ere hiltzen denean urriko gau hartan legetxe, lau lagunok, argi hotza sabai biluzitik zintzilik, azken xiringada coramina, bularra biluzik eta izoztuta, begiak zabalik gutako batek itxi zizkion arte

 

        Eta heuk irakurtzen ari haizen horrek asmatzen ari naizela pentsatuko duk; axolarik ez, aspalditik hartzen dik jendeak nire irudimenaren kontura benetan bizi izandakoak, edo viceversa. Begira, Paco ez diat sekulan ere aurkitu noizbait aipatu dudan hiri horretan, noizean behin amets egiten dudan hiri horretan, behin eta berriz atzeratutako heriotza baten, bilaketa nahasien, ezinezko maitasun-enkontruen eremua den hiri horretan. Zer hortxe aurkitzea baino jakinago, baina hor ez diat sekulan aurkitu eta ez diat uste aurkituko dudanik ere. Berak berezko lurraldea zeukak, katua bere mundu bereizi eta zehatzean, Rivadavia kaleko etxea, billarreko kafetegia, Once auzoko izkinaren bat. Agian arkuteria eta iparraldeko zubiko hirian aurkitu izan banu, bilaketen makinateriari gehituko niokean, hoteleko gela amaigabeei, horizontalki mugitzen diren igogailuei, noizean behin itzultzen den amesgaizto malguari; errazago zatekean orduan agerpena azaltzea, dekoratu horren zatitzat jotzea baina pobretu egingo zukean, gutxituz, bere jolas dorpeen artean kokatuz. Baina Paco berean ari duk, katu bakarlari bere eremu berezko nahasketarik gabeko horretatik agertuz; nire bila etorri ohi direnak haren ingurukoak baino ez dituk, Claudio duk ala haren aita, inoiz edo behin haren anaia nagusia. Esnatzen naizenean, beraren etxean edota kafetegian aurkitu ostean, herioa urezkoak bezalako bere begietan ikusirik, gainontzekoa esna egotearen zurrunbiloan galtzen duk, bera baino ez duk nirekin gelditzen hortzak garbitzen eta irten baino lehen albiste saioa entzuten ari naizela; ez dagoeneko haren irudia ametsaren lente antzeko zehaztasun krudelaz jasoa (traje grisa, gorbata urdina, mokasin beltzak) baizik eta, pentsaezina izanik ere, hortxe dirauela eta oinazez ari dela ziur jakite hori.

 

        ezta absurdoak sortutako itxaropena bera ere, beste behin ere zoriontsu dela jakitea, pilota txapelketa batean ikustea, klubean dantzan egiten zuen neskatxekin maiteminduta

 

        har gris ttipia, animula vagula blandula, tximinotxoa izaren azpian hotzak dardarka, manikia eskua nireganantz luzatuz, zertarako, zergatik

 

        Ez nian lortuko hik hauxe bizi izaterik, hala ere, berdin-berdin idatzi diat hiretzat, irakurtzen ari haizen horrentzat, hesia apurtzeko modu bat baita, modu bat eskatzeko hiregan bertan bilatzeko ez ote daukaan heuk ere katu horietakoren bat, hildako horietakoren bat, maite izan hituenak eta hortxe horretan daudenak, paperezko hitzekin izendatu beharrak honez gero nazka ematen didan hortxe horretan. Pacorengatik egiten diat, honexek edo beste edozerk akaso zer edo zertarako balioko duelakoan, bera sendatu edo hil dadin laguntzeko, Claudio ez dadin berriro ere nire bila etorri, edota beste barik azken-azkenean sentitzeko guzti-guztia iruzur hutsa zela, Pacorekin amets egiten dudala besterik gabe eta auskalo zergatik berak apur bat sendoago eusten diela nire orkatilei Alfredok baino, nire gainerako hildakoek baino. Hi ere uste horretakoa izango haiz, zer besterik pentsa ahal duk ez bada hiri ere norbaitekin gauza bera gertatu zaiala, baina inork ez zidak sekulan halakorik aipatu eta hiregandik ere ez diat espero, besterik gabe esan egin behar nian eta gero zain egon, esan eta berriz ere oheratu eta edozeinen moduan bizi, ahal dena eginez ahazteko Pacok hortxe dirauela, ezer ere ez dela bukatu ze bihar edo datorren urtean esnatu egingo bainaiz oraintxe bezala jakinik Paco bizirik dagoela, hots egin zidala niregandik zer edo zer espero zuelako, eta ezin diodala lagundu gaixorik baitago, hiltzear baitago.

 

 

 

© Julio Cortázar

© itzulpenarena: Gerardo Markuleta

 

 

"Julio Cortázar / Oktaedroa" orrialde nagusia