UDARA

 

        Iluntzean, Florencio bordaraino jaitsi zen neskatilarekin, Mariano eta Zulma izan ezik inor jeep-az egitera ausartzen ez zen kamio zuloz eta harri txintxarrez bete hartatik. Zulmak ireki zien area, eta Florencio berehala ohartu zen kipula zuriketan aritu izan bailitzen zituela begiak. Mariano aldeko gelatik agertu eta sartzeko esan zien, baina Florenciok neskatila hurrengo goizera arte zain zezaten eskatu baino ez zuen nahi, kostaldera joan behar baitzuen presazko kontu bat medio eta herrian ez baitzegoen mesedea nori eskatu. Jakina, esan zuen Zulemak, laga ezazu gurekin, ohe bat jarriko diogu hementxe behean. Pasa eta hartzak kopatxo bat, Marianok berriz, bost minutu baino ez dituk izango, baina Florenciok automobila herriko enparantzan zuen utzia eta bidaiari ekin behar zion berriz ere lehenbailehen; eskerrak eman zien eta musu alabatxoari, dagoeneko aulkitxo gaineko aldizkari pila begiz joa; atea itxi zenean Zulemak eta Marianok galdera keinu batez begiratu zioten elkarri, dena azkarregi gertatu izan balitz bezala. Marianok sorbaldak jaso eta tailerrerantz abiatu zen, besaulki zahar bati kola ematen ari baitzitzaion; Zulemak ea gose ote zen galdetu zion neskatilari, aldizkariekin jolas egiteko proposatu, jaki-tokian baloi bat zegoen, eta tximeletak harrapatzeko sare bat; neskatilak eskerrak eman eta aldizkariak begiratzen hasi zen; Zulema une batez zelatan geratu zen gauerako orburuak prestatzen zituen bitartean, eta jolasean bakarrik utz zezakeela pentsatu zuen.

        Ordurako goiz iluntzen hasia zen hegoaldean, hilabete eskas gelditzen zitzaien hiriburura itzultzeko, neguko beste bizimodu hartan murgiltzeko, azken finean biziraupen berbera ziren aldi biak, elkarrekin egotea urrutikiro, adiskideak atsegin giroan, bikotearen ohiko zeremonia delikatu ttipiak errespetatu eta beteaz, oraintxe bezala adibidez Marianok suetako bat behar zuela-eta kola-potea berotzeko eta Zulmak patata lapikoa sutatik kendu zuen geroago bukatuko zuela esanez, eta Marianok eskertu egiten zuen, besaulkia ia bukatuta baitzegoen eta hobe zen kola pasara bakar batez ematea, baina hori bai, berotu eta kito. Neskatila orrialde pasa ari zen aldizkariekin, aldi berean sukalde eta jangelarena egiten zuen gelatzarraren bazterrean, Marianok gozoki batzuk bilatu zituen berarentzat jaki-tokian; lorategira irteteko tenorea zen, kopa bat hartzera, eguzkia muinoen gainera abailtzen ikusiz; kamioan ez zen sekulan inor egoten, herriko lehen etxea ez zen apenas sumatzen han goian; euren aurrean mendi-hegalak behera egiten zuen jada erdi itzalean zen ibarraren hondorantz. Zerbitza ezak, berehala natorrek, esan zuen Zulmak. Dena ziklikoki betetzen zen, gauza bakoitza bere orduan eta ordu bat gauza bakoitzerako, bat-batean eskema desorekatzen zuen neskatila salbu; aulkitxo bat eta baso bat esne berarentzat, laztan bat adatsean eta laudorioak hain zintzo portatzearren. Zigarroak, elaiak borda gainean sortak eratuz; den-dena errepikatzen zihoan, bere lekuan sartzen, besaulkia honez gero lehorturik egongo zen, kolaturik, ezer berririk ez zeukan egun berri haren antzera. Ezberdintasun ñimiñoak horiexek ziren, neskatila arratsalde honetan, posta gizonak ere batzuetan eguerdian bakardadetik ateratzen zituen une batez Marianorentzako edo Zulmarentzako eskutitz batekin, zegokionak hartu eta hitzik batere gabe gordetzen zuela. Hilabete gehiago aurreikusitako errepikapenekin, saiatutakoak bailiren, eta jeepak toperaino zamaturik hiriburuko pisura bihurtuko zituen, soil-soilik formetan beste bat zen bizitza hartara, Zulmaren koadrila edo Marioren lagun margolariak, dendaz dendako arratsaldeak Zulmarentzat eta gauak kafetegietan Marinorentzat, harat-honat banaturik ibiltzea nahiz beti elkartzen ziren ate-erro zeremoniak betetzera, goizeko musua eta egitarau komun neutralak, oraintxe bezala adibidez, Marianok beste kopa bat eskaini eta Zulmak onartu egiten zuen begiak muino urrutienetan, dagoeneko more kolore min batez tindatutakoetan galdurik.

        Zer nahi zenuke afaltzeko, aizu. Zuk nahi duzuna, andere. Agian orburuak ez zaizkizu gustatuko, Marianok. Bai, gustuko ditut, neskatilak, olio eta ozpinez, baina gatz gutxirekin, pikatu egiten du eta. Barre egin zuten, gatz-ozpindu berezia egingo zioten. Eta arrautzak oskolean, zer iruditzen zaizu. Koilare txikiaz, esan nuen neskatilak. Eta gatz gutxi, pikatu egiten du eta, esan zuen txantxetan Marianok. Gatzak oso pikatzen du, esan zuen neskatilak, nire panpinari gatzik gabe ematen diot ahia, gaurkoan ez dut ekarri aitak, presaka zebilela eta, ez didalako utzi. Gaugiro ederra egingo dik, pentsatu zuen Zulmak ozenki, begira zein garden dagoen aldea iparralderantz. Bai, ez din sargoririk egingo, esan zuen Marianok, besaulkiak beheko egongelan sartuz, argiak piztuz ibar aldera ematen zuen leihotzarraren ondoan. Mekanikoki irratia ere piztu zuen. Nixonek Pekinera egingo du bidaia, ez duk izango, esan zuen Marianok. Garaiotan ez zegok erlijiorik, esan zuen Zuimak, eta barre algara egin zuten biek batera. Neskatila aldizkariekin ari zen eta komikietako orrialdeak markatzen zituen, birritan irakurtzeko asmoa baleuka bezala.

        Gaua heldu egin zen, Marianok goiko logelan zabaltzen zuen xomorro-jalea eta Zuimak irratiko lelo pop bat ahapeka kantatuz ebakitzen zuen kipula usaiaren artean. Afariaren erdi aldera, neskatila lokartzen hasi zen oskolean egindako bere arrautzaren gainean; brometan erabili zuten, buka zezan animatu; Marianok prestatua zion ohea haize-koltxoi batez sukaldetik urrutien gelditzen zen txokoan, horrela beheko egongelan oraindik puska batean gelditzen baziren, diskoak entzunez edo irakurriz, ez zioten trabarik egingo. Neskatilak bere duranzana jan zuen eta logura zela onartu. Oheratu zaitez, maitre, esan zuen Zulmak, badakizu, txiza egitera joateko gora igotzea baino ez duzu egin behar, eskailerako argia piztuta utziko dizugu. Neskatilak musu eman zien masailean, erabat loak hartua jada, baina oheratu baino lehen aldizkari bat aukeratu eta buruko pean jarri zuen. Harrigarriak ditun, esan zuen Marianok, zein mundu eskuraezina, eta gurea, guztiona ere izan zela pentsatzea ere... Agian ez duk hain ezberdina, esan zuen Zulmak mahaia jasotzen, hik ere heure temak dauzkak, kolonia potea ezkerretara eta bizarra kentzekoa eskumatara, eta neuk zer esanik ez. Baina ez ziren temak, pentsatu zuen Marianok, heriotzari eta ezerezari erantzun ematea baizik, gauzak eta denborak finkatzea, erritoak eta pasarteak ezartzea zuloz eta zikinez jositako desordenaren kontra. Bakarrik ez zuela jadanik ozenki esaten, bazirudien Zulmarekin hitz egiteko beharra gero eta txikiagoa zela, eta Zulmak ere ez zuen ezer esaten ideia trukaketarako deia izan zitekeenik. Eraman ezak kafetera, kikarak jarriak ditiat su-baxu ondoko aulkitxoan. Begira ezak azukrerik gelditzen ote den azukre-ontzian, pakete berria zegok jakitokian. Ez dinat zipotz-kentzekoa aurkitzen, pattar botila honek itxura ederra din, ez zain iruditzen. Bai, kolore politta dik. Gora hoanez, ekarrizkidan mesanotxe gaineko zigarroak. Benetan ederra zegok pattar hau. Bero egiten din, ez dun uste. Bai, sargori zegok, hobe leihoak ez irekitzea, tximeletaz eta eltxoez beteko duk eta.

        Zulmak lehen hotsa entzun zuenean, Mariano Beethovenen sonata baten bila ari zen disko pilen artean, uda hartan entzun gabe zuen eta. Eskua aldean zuela geratu zen, Zulmari begiratu zion. Hots bat, lorategiko harrizko eskaileran edo, baina ordu hartan ez zen inor bordara etortzen, gauez ez zen inor sekula etortzen. Sukaldetik lorategiko alderdi hurbilena argitzen zuen argia piztu zuen, ezer ikusi ez eta itzali egin zuen. Jateko bila ari den txakurren bat, esan zuen Zulmak. Hots arraroa zunan, ufakoa ematen zinan ia, Marianok. Leihotzarrean zuriune zabal batek zurruburru egin zuen, Zulmak oihu egin zuen itoan, Mariano bestealdera begira zegoela beranduegi biratu zen, beirak dagoeneko egongelako margoak eta altzariak baino ez zituen islatzen. Ez zuen galdetzeko astirik izan, ufakoa iparraldeko hormatik hurbil entzun zen, irrintzi ematua, Zulmaren oihuaren antzera, eskuak ahora bilduta baitzituen eta hondoko hormari itsatsia zegoen, leihotzarrari tinko begiratuz. Zaldi bat dun, esan zuen Marianok sinetsi ezinik, zaldi baten hotsa dun, oinazkalak entzun ditinat, lauhazka ari dun lorategian. Kumak, muturra odoletan bezala, burutzar zuri bat txapaka ari ziren leihotzarrean, zaldiak unetxo batez begiratu zien, irudi zuria eskuma aldera aienatu zen, oinazkalak entzun zituzten ostera ere, bat-bateko isiltasuna harrizko eskaileraren aldetik, irrintzia, korrikaldia. Baina inguru honetan ez zegon zaldirik, esan zuen Marianok pattar botila ahotik helduta, konturatu orduko aulkitxo gainean jarri zuelarik berriz ere. Barrura sartu nahi dik, esan zuen Zulmak hondoko paretari josita. Baina zer dion, hori pitokeria, ibarreko landetxeren batetik ihes egingo zinan eta argiak erakarria hona etorri. Sartu egin nahi duela, amorratuta zegok eta sartu egin nahi dik. Zaldiek ez diten amorrurik hartzen, nik dakidala, esan zuen Marianok, uste dinat alde egin duela, goiko leihotik begiratzera nindoan. Ez, ez, geratu hemen, entzun egiten diat oraindik, terrazako eskaileran zegok, landareak zapaltzen, itzuli egingo duk, eta beira apurtu eta sartu egiten bada. Ez hadi leloa izan, zer apurtuko du, esan zuen ahul Marianok, agian argiak itzaltzen baditugu, hanka egingo din. Ez zekiat, ez zekiat, esan zuen Zulmak aulkitxoan eserita geratu arte irristatuz, entzun nola ari den irrintzika, hor goian zegok. Oinazkalak entzun zituzten eskailera jaisten, pafada amorratua atearen kontra, Marianok atearen kontrako bultzada antzerako bat nabaritu uste izan zuen, igurtzialdi errepikatua, eta Zulma berarengana joan zen korrika, oihuka zoroaren pare. Bortxarik gabe atzera eragin zion, eskua argi-giltzarantz luzatu; erdi-ilunpean (sukaldeko argia zegoen, eta bertan neskatila lo) irrintzia eta oinazkal hotsa ozenagoak egin ziren, baina zaldia ez zen jada ate aurrean, joan etorrian entzuten zen lorategian. Mariano sukaldeko argia itzaltzera abiatu zen korrika, neskatila oheratua zegoen txokora begiratu ere egin gabe; itzuli egin zen Zulma besarkatzera, zotinka ari baitzen, adatsa eta aurpegia laztandu zizkion, isiltzeko eskatuz hobeto entzun ahal izateko. Leihotzarrean, zaldiak burua igurtzi zuen beiratzarraren kontra, indar gehiegirik gabe, zuri-guneak garden zirudien ilunpean; zaldia barrurantz begiratzen zuela sentitu zuten, zerbaiten bila ari balitz bezala, baina dagoeneko ezin zituen ikusi eta hala ere hortxe zirauen, irrintzika eta pufaka, astinaldi brastakoak emanez batera eta bestera. Zulmaren gorputza irristatu egiten zen Marianoren besartetik, eta honek aulkitxoan esertzen lagundu zion, paretaren kontra hurbilduz. Ez hadi mugitu, ez esan tutik ere, oraingoan alde egingo din, ikusiko dun. Sartu egin nahi dik, esan zuen Zulmak, ahul, seguru zekiat sartu nahi duena eta leihoa apurtzen badu, zer gertatuko da ostikoka apurtzen badu. Ixo, egin zuen Marianok, isil hadi faborez. Sartu egingo duk, xuxurlatu zuen Zulmak. Eta ni eskopeta zikin bat ere gabe, esan zuen Marianok, bost berun-zati sartuko nizkioken buruan, putakume halakoa. Ez zegok hor jada, esan zuen Zulmak brastakoan altxatuz, goian entzuten diat, terrazako atea ikusten badu sartzeko kapaz duk. Ondo itxita zegon, etzan beldurrik izan, pentsa ezan ez dela ilunpean sartuko mugitu ere ezin izango litzakeen etxe batean, ez dun hain zozoa. O bai, esan zuen Zulmak, sartu egin nahi dik, hormen kontra zapalduko gaitik, seguru zekiat sartu nahi duena. Ixo, errepikatu zuen Marianok gauza bera pentsatzen zuelarik, itxoitea baino ez zeukalarik bizkarraldea izerdi hotzez blai. Beste behin ere oinazakalak eskailerako harlauzetan, eta bat-batean isiltasuna, urrutiko kilkerrak, txori bat goialdeko intxaurrondoan.

        Argia piztu gabe, leihotzarrak gaueko argitasun lausoa sartzen uzten zuelarik, Marianok kopa bat pattarraz bete eta Zulmaren ezpainen kontra estutu zuen, edatera behartuz nahiz eta hortzek edalontziaren kontra trink egiten zuten eta alkohola alkandora gainera erori; gero, botilatik bertatik, zangada luzea edan eta sukalderaino joan zen neskatilari begiratzera. Eskuak burukopean aldizkari kuttuna eusteko keinuan, gezurra bazirudien ere lotan zegoen eta ez zen ezerekin konturatua, juxtu-juxtuan hortxe zegoen, egongelan Zulmaren negarra noizean behin zotin goi batez, ia oihua zena, eteten zenarekin batera. Bukatu dun, bukatu dun, esan zuen Marianok bere ondo-ondoan eseriz eta samurki astinduz, susto hutsa izan dun. Itzuli egingo duk, esan zuen Zulmak begiak leihotzarrean finkaturik. Ez, urruti ibiliko dun honez gero, seguru hor beheko zaldiketa batetik ihes egindakoa dela. Ez zegok zaldirik halakorik egingo duenik, esan zuen Zulmak, inongo zaldirik ez dik etxe batean horrela sartu gura izaten. Onartzen dinat ohiz bestekoa dela, esan zuen Marianok, hobe dinagu ikus pasada bat egitea, hementxe zeukanat esku-argia. Baina Zulma paretaren kontra estutu larrian zegoen, atea zabaldu eta, inguruan, zuhaiztipean, erasorako prest ibil zitekeen itzal zuriarengana irteteko ideia bera ere. Begira, ez badugu alde egina dela egiaztatzen, kristaurik ere ez din lorik egingo gaur, esan zuen Marianok. Demaiogun denbora puska bat gehiago, bitartean hi oheratu eta hire lasaigarria emango dinat; ohiz gaineko dosia, gaixoa, merezia dun-eta soberan.

        Zulmak onartu egin zuen azkenean, pasiboki; argiak piztu gabe eskaileraraino joan ziren eta Marianok neskatila loak hartua erakutsi zuen eskuaz, baina Zulmak ez zion apenas begiratu, eskailera zirkun-zarkun igotzen zuen, Marianok eutsi egin behar izan zion logelara sartzean ezen ate-uztaiarekin kolpea hartzekotan baitzegoen. Teilatu-hegal aldera zegoen leihotik harrizko eskailera begiratu zuten, lorategiko lur-mailarik altuena. Alde egin din, ikusten, esan zuen Marianok Zulmaren burukoa atonduz, arropa mekanikoki eranzten ikusten zuela, begirada tinko leihoan. Tanta batzuk edan arazi zizkion, kolonia urez busti lepoaldea eta eskuak, izara samurki altxatu zuen Zulmaren —begiak itxita eta dardarka ari zela— sorbaldetaraino. Masailak sikatu, une batez itxaron eta esku-argiaren bila jaitsi zen; berau itzalirik esku batean eta aizkora bat bestean, egongelako atea zabaldu zuen apurka-apurka eta beheko terrazara atera zen, handik sortaldera ematen zuen etxalde osoa ikus baitzezakeen; gaua udako gainontzekoen hari berekoa zen, kilkerren kirrika urrutian, igel batek bi hots-tanta erortzen uzten zituen aldizka. Esku-argiaren beharrik gabe, Marianok amitxi-lili malda zapaldua ikusi zuen, papantzu arloan arrastotzarrak, eskailarapean lorontzi iraulia; beraz, ez zen asmakeria eta, izan ere, hobe asmakeria ez izatea; biharamun goizean Florenciorekin ibarreko landetxetara joango zen ikertzera, ez ziren hain erraz onik libratuko. Sartu baino lehen lorontzia zutik jarri, lehen zuhaitzetaraino hurbildu eta kilkerrak eta igela entzuten egon zen puska luze batez; gero etxe aldera begiratu zuen, Zulma logelako leihoan zegoen, erdi biluzik, geldi.

        Neskatila mugitu ere ez zen egin, Mariano zaratarik gabe igo zen eta erretzeari ekin zion Zulmaren ondoan. Ikusten, joan dun, lasai egin zezakenagu lo, bihar ikusiko dinagu. Pixkanaka-pixkanaka oherantz eraman zuen, biluztu, ahoz gora etzan, beti ere erretzen. Lo egin ezan, dena ondo zegon, susto zentzu bakoa baino ez dun izan. Eskua adatsetik pasa zion, behatzak sorbaldetaraino irristatu ziren, bularrak ukitu eta. Zulmak bira eman zuen saihets gainera, bizkarra emanez, hitzik gabe; horixe ere udako beste gau askotakoa bezalakoa zen.

        Lo egiteak zaila behar zuen, baina Mariano brastakoan lokartu zen zigarroa itzali eta berehala; leihoa zabalik zegoen artean eta seguruenera eltxoak sartuko ziren, baina loa lehenago heldu zen, irudirik gabe, erabateko ezereza baina handik halako batean esanezineko izu batek erauzi zuen, Zulmaren behatzen estutzeak sorbaldan, hasperenak. Ia ulertzeko betarik izan baino lehenago, gaua entzuten ari zen berriz ere, kilkerrek pinkartutako isiltasun borobila. Lo egin ezan, Zulma, ez zegon ezer, amesgaiztoa izango zunan. Burugogor baietz esan zezan eta etzan egin zedin berriz ere bizkarra emanda, orain bat-batean eskua kendu eta eseririk zegoela, tente, ate itxiari begira. Zulmarekin batera jaiki zen, atea ireki eta eskailerabururaino joan zedin galarazteko gauza ez zela, berari atxikia eta bere buruari erdi galdetuz ez ote zuen hobe zaplaztekoa ematea, indarrez oheraino ekartzea, azkenean urruntasun harrizko hura menperatzea. Eskaileraren erdialdera Zulma geratu egin zen, barandari eutsiz. Badakik zertarako dagoen hor neskatila? Arrean amesgaiztokoa behar zuen ahots batez. Neskatila? Beste bi maila, ia sukaldera ematen zuen bihurgunean dagoeneko. Zulma, mesedez. Eta ahots kraskatua, ahots izuna ia, sartzen uzteko zegok hor, sartzen utziko diola esaten diat. Zulma, ez nazan tontakeria bat egitera behartu. Eta ahotsa garaile doinueraz, gero eta goratuago, begira ezak, baina begiratu sinesten ez badidak, ohea hutsik, aldizkaria zoruan. Bultzada batez Marianok aurre hartu zion Zulmari, jauzi egin zuen argi-giltzaraino. Neskatilak begiratu egin zien, bere pijama arrosa egongela aldera ematen zuen atearen kontra, lo aurpegia. Zer egiten duzu halako orduan jaikita, esan zuen Marianok gerria zapi batekin biltzen zuela. Neskatila Zulma biluziari begira zegoen, erdi lo erdi lotsaturik ohera itzali nahian bezala begiratzen zion, negarrez hastear. Txiza egitera jaiki naiz, esan zuen. Eta lorategira irten zara nahiz eta bainugelara igotzeko esan dizugun. Neskatila zinkurinka hasi zen, eskuak modu barregarriz pijamaren poltsikoetan galdurik. Ez da ezer, itzul zaitez ohera, esan zuen Marianok ilea laztantzen ziola. Izaraz estali zuen, aldizkaria burukopean jarri zion; neskatila pareta aldera biratu zen, behatz bat ahoan kontsolatzeko edo. Igo hadi, esan zuen Marianok, ikusten dun ez dela ezer gertatzen, ez hadi hor geratu sonanbulu baten moduan. Egongelako aterantz bi pausu ematen ikusi zuen, bide parean jarri zitzaion, nahikoa zuen, ze arraio. Baina ez haiz konturatzen atea ireki diola, esan zuen Zulmak berea ez zuen ahots horrekin. Utz itzan lelokeriak, Zulma. Joan hadi begiratzera ea gezurra den, edo bestela utzi niri joaten. Marianoren eskuak dardarka ari zen besondoa estutu zuen. Igo hadi oraintxe bertan, eskaileraperaino eramanez bultzaka, pasatzean neskatilarengana begiratuz, ez zen mugitu, lotan egongo zen dagoeneko. Lehen mailan Zulmak oihu egin zuen eta ihes egiteko ahalegina, baina eskailera estua zen eta Marianok ia gorputz osoaz egiten zion bultza, zapia askatu egin zitzaion eta eskailarapera erori zen, sorbaldetatik eutsiz eta gorantz tiraka tranpaleraino eraman, logela barrura jaurti zuen, atea bere atzetik itxiz. Sartzen utziko ziok, errepikatzen zuen Zulmak, atea zabalik zegok eta sartu egingo duk. Oheratu hadi, esan zuen Marianok. Atea zabalik dagoela esaten diat. Berdin dun, esan zuen Marianok, sar dadila nahi badu, orain bost axola niri sartzen den ala ez. Uxaka ari ziren Zulmaren eskuak harrapatu, ahoz gora ohe gainera bultzatu, elkarrekin jausi ziren. Zulma zotinka eta erreguka, gero eta estutuago zeukan gorputz haren pisuaren pean mugitu ezinik, ahotik ahora, amorruz, malko eta lizunkeria artean xuxurlaturiko borondate bati men eragiten ziola. Ez diat nahi, ez diat nahi, ez diat sekula gehiago nahi, ez diat nahi, baina beranduegi dagoeneko, bere indarra eta urguilua ezinezko iragan batera, eskutitz eta zaldirik gabeko udetara bihurtzen zuen zama hondatzaile horri amore emanez. Uneren batean —egun argitzen hasia zen— Mariano isilean jantzi zen, sukaldera jaitsi; neskatila lo zegoen, behatz bat ahoan, egongelako atea zabalik. Arrazoi zuen Zulmak, neskatilak atea ireki zuen baina zaldia ez zen etxe barrura sartu. Ala akaso bai, pentsatu zuen aurreneko zigarroa piztuz eta muinoen aldeko isla urdina begiratuz, akaso horretan ere arrazoi zuen Zulmak eta zaldia etxe barrura ere sartu zen, baina nola jakin ez bazuten entzun, dena bere lekuan bazegoen, erlojuak goiza neurtzen jarraituko bazuen eta Florencio neskatilaren bila etorri eta gero agian hamabiak aldera postaria helduko bazen urrutitik txistuka, gero Zulmak edo berak hitzik gabe jasoko zituzten eskutitzak lorategiko mahaiaren gainean utziz, bazkaritarako zer komeni zen prestatzea bion konformidadez erabaki baino puska bat lehenago.

 

 

 

© Julio Cortázar

© itzulpenarena: Gerardo Markuleta

 

 

"Julio Cortázar / Oktaedroa" orrialde nagusia