POLTSIKO BATEAN AURKITUTAKO ESKUIZKRIBUA

 

        Orain, idazten dudanean, besterentzat hauxe erruleta edo hipodromoa izan zitekeen, baina ez zen dirua ni bila ari nintzena, une batean edo bestean susmoa hartzen, erabakitzen hasi nintzen metroko leihatila bateko beirak ekar ziezadakeela erantzuna, zorion batekiko enkontrua, hain zuzen ere hemen non den-dena hausturaren zeinupean gertatzen baita, geltoki arteko ibilbide batek honelaxe marraztu eta mugatzen duen lurpeko denbora baten barruan, ihesbiderik gabean, behean. Haustura diot honela leihatila-beira bateko isla batek agian eman ahal izango zidan konbergentzia-itxaropen hori hobeto ulertzeko (horrenbeste gauza beharko nituzke ulertu jolasarekin hasi nintzenetik). Jendeak sumatzen ez bide duen haustura gainditu, baina auskalo zer pentsatzen duen metroko bagoietan gora eta behera dabilen jende abaildu horrek, zeren bila ari den garraioaz aparte lehenago edo beranduago igotzen den jende hori beranduago edo lehenago jaisteko, bagoiko alde zehatz batean elkartzen dena, non den-dena aurrez erabakita dagoen, inork jakin ezin duelarik elkarrekin irtengo ote garen, aurrena neu jaitsiko ote naizen edota paper bildua daraman gizon argala, atso berdedunak bukaeraraino jarraituko ote duen, ume horiek oraintxe jaitsiko ote diren, garbi dago jaitsiko direla kaierak eta erregelak biltzen ari dira eta, atera hurbiltzen ari dira barrezka eta jolasean, eta bitartean hantxe bazterrean neska bat dago aldi luze baterako esertzen, azkenean libre geratu den eserlekuan oraindik geltoki asko iragaiteko, eta beste neska hori igarri ezina da, Ana igarri ezina zen, oso tente joaten zen bizkarraldeari atxikia leihatila ondoko eserlekuan, hortxe zen jada Etienne Marcel geltokian igo nintzen hartan eta beltz batek pareko eserlekua libre utzi zuen eta inork ez zuen interesik agertu eta nik, barkamen eske xume batez irrist egin ahal izan nuen kanpoaldeko eserlekuetan jesarrita zeuden bi bidaiarien belaunean artean eta Anaren parean geratu nintzen eta ia berehalakoan, jolasa beste behin ere jokatzeko jaitsia bainintzen metrora, Margriten aurpegi-orrazia bilatu nuen leihatilako beiraren islan eta politta zela pentsatu nuen, gustukoa nuela bere ile beltza kopeta zeharka orrazten zion hegal motz antzerako harekin.

        Ez da egia Margrit edo Ana izenak geroago etorriko zirenik edo orain idaztean biak ezberdintzeko modua denik, honelako kontuak jolasak berak erabakitzen zuen momentuan bertan, esan nahi dut leihatilako beiraren islak ezin zuela inola ere izena Ana eduki, eta era berean nire parean eserita niri begiratu gabe zihoan neskak ere ezin zuen izena Margrit eduki, begiak errege gabeko eremu horren asperduran galdurik, han non mundu guztiak ingurukoa ez den ikus arlo bati kontsulta egiten dion, umeak izan ezik ezen hauek tinko eta gauzei bete-betean begiratzen baitiete harik eta egun batean zirrikituetan kokatzen irakasten dieten arte, ikusi gabe begiratzen aldeko edozein agerpenekiko, edozein harreman haztagarrirekiko axolagabekeria zibil horrekin, nor bere anpuluan kokatua, parentesi artean lerratua, besteren belaun eta ukondoen arteko gutxienezko aire librearen iraupena zainduz, euren burua France-Soiren edo poltsiko-liburuetan ezkutatuz baina ia beti Anaren moduan, begi batzuk benetan begira daitekeenaren hutsuneetan kokatuz, nire aurpegiaren eta Figaron bildua zihoan gizonarenaren arteko distantzia neutro eta ergel horretan. Baina orduan Margrit, neuk aurreikus nezakeen ezer izatekotan horixe zen, Anak une batean edo bestean leihatilarantz biratuko zuela aurpegia eta orduan Margritek nire isla ikusiko zuela, begirada-trukaketa beira horren irudietan, han non tunelaren iluntasunak bere zilar-bizi lausotua jartzen duen, bere belus more eta mugikorra, zeinak aurpegiei beste maila batzuetako bizitza ematen dien, bagoiko udal-argiek emandako klarionezko mozorro izugarri hori kentzen baitie eta batez ere, oh bai, hori ezin izango zenuen ukatu, Margrit, beirako beste aurpegi horri benetan begiratzera behartzen baititu, begirada bikoitzaren aldibereko denbora horretan ez baitago zentsurarik, beirako nire isla ez zen jada Anaren parean eserita zegoen eta Anak metro-bagoi batean zuzen begiratu behar ez zuen gizona, eta bestalde nire islari begira ari zena ez zen jada Ana, Margrit baizik, Anak bere parean eserita zegoen gizonarengandik begiak aldentzen zituenarekin batera, ez baitzen egokia begiratzea, leihatilako beirarantz bira ematean une horretxen zain zegoen nire isla ikusi zuen, Margriten begirada txori baten antzera bere begiradan eror zedinean lotsagabekeria eta itxaropen barik irribarre egiteko zain egon ere. Segundo batez iraunen zuen, pittin bat gehiago agian ezen Margritek begirada horretaz ohartu zela sumatu bainuen, Anak gaitzesten zuena, besterik ez bazen ere aurpegia makurtzeko, larru gorrizko bere moltsoaren sarrailatxoa axolagabe aztertzeko keinuagatik; eta ia bidezkoa zen irribarrez jarraitzea nahiz eta Margrit dagoeneko begira ez egon, ze Anaren keinuak nire irribarrea salatzen baitzuen nolabait, hortxe zegoela jakiten jarraitzen zuela eta dagoeneko ez zen beharrezkoa bera edota Margrit begira egotea, moltso gorriaren sarrailatxoa aztertzearen lan ñimiñoan zintzo kontzentraturik zeuden eta.

        Aurretik Paularekin (Ofeliarekin) eta beste askorekin gertatu zen bezala, sarrailatxo bat, botoi bat, aldizkari baten tolesduraren aztertze lanean kontzentratu baitziren haiek ere, beste behin ere ur-leizea izan zen, eta han itxaropena izuarekin nahasten zen heriozko armiarma-dardarizo batean, denbora taupadaka hasten zen bigarren bihotz bat bailitzen jolasaren pultsuan; une horretatik aurrera metroko geltoki bakoitza etorkizuneko bilbapen ezberdin bat zen, jolasak hala erabakia zuelako; Margriten begirada eta nire irribarrea, Anaren atzeraldi berehalakoa bere moltsoaren sarrailatxoa begiratze aldera, guzti hori zera zen, arrazoizko guztiaren aurka, eguneroko kausalitate baten kate ergelen aurrean desenkontrurik txarrenak hobetsiz, noizbait burutzen hasi nintzen zeremonia baten hastapenak. Azaltzea ez da zaila baina jolasa burutzeak berak asko zuen begi-itsutako borroka batetik, edozein norabidek igarri ezineko ibilbide-zuhaitz bat altxatzen zuen suspentsio koloidal batetik. Pariseko metroaren plano batek, bere Mondrian-en antzeko hezurduran, bere adar gorri, hori, urdin eta beltzetan, sasi-oindun azpi hedapenez jositako eremu zabal baina mugatu bat definitzen du: eta zuhaitz hori bizirik dago hogeita lau ordutatik hogeitan, izerdi nahigabetu batek zeharkatzen du helburu zehatzekin, Chatelet-en jaitsi edo Vaugirard-en igotzen dena, La Motte-Picquet-era jarraitzeko Odeon-en aldatzen dena, berrehun, hirurehun, auskalo zenbat konbinaketa-aukera, zelula kodifikatu eta programatu bakoitza zuhaitzeko arlo batean sartu eta beste batean azalera dadin, Galeries Lafayette-etatik irten eta rue Gay-Lussac-eko hirugarren solairu batean toaja pakete bat edota lanpara bat jarri dezan.

        Nire jolas-araua maniatikoki singlea zen, ederra, ergela eta gupidagabea, baldin emakume bat gustuko banuen, baldin nire parean eseritako emakume bat gustuko banuen, baldin leihatilako bere islak leihatilako nire islarekin begirada trukatzen bazuen, baldin eta leihatilako islaren nire irribarreak asaldatu edo atsegin eman edo atzera eragiten bazion emakumearen leihatilako islari, baldin Margritek irribarrez ikusten baninduen eta orduan Anak burua makurtu eta moltso gorriaren sarrailatxoa zintzo aztertzeari ekiten bazion, orduan bagenuen jolasa, berdin-berdin zen irribarrea onartua izan edo erantzuna sortu edo axolagabe hartua izatea, zeremoniako lehen aldia ez zen harantzago joaten, irribarre bat merezi izan zuenak jasoa, eta nahikoa. Orduan hasten zen ur-leizeko borroka, armiarmak urdailean, itxoin aldia bere dindilarekin geltokiz geltoki. Gogoan daukat nola gogoratu nuen egun hartan: oraingoan Margrit eta Ana ziren, baina astebete lehenago Paula eta Ofelia izan ziren, neska ilehoria geltoki txarrenetako batean zen jaitsia, Montparnasse-Bienvenue, alegia, eta hark porrot-aukera handienei zabaltzen zien bere ur-suge kirasduna. Nire konbinaketa Porte de Vanves-eko linearekin zen eta ia berehala, aurreneko pasabidean, ulertu nuen Paulak (Ofeliak) Marie d'Issy-koarekin elkartzera zeraman pasabidetik hartuko zuela. Ez zegoen ezer egiterik, azken aldiz pasabideen arteko gurutzean begiratzea baino, urruntzen, eskailera bat jaisten ikustea baino. Jolas-araua horixe zen, irribarre bat leihatilako beiran eta emakume bati jarraitzeko eskubidea eta etsi-etsian itxoitea haren konbinaketak neuk bidaia bakoitzerako aldez aurretik erabakitakoarekin bat egin zezan; eta orduan —beti, orain arteko guztietan— beste pasabide bat hartzen zuela ikustea eta jarraitu ezin izatea, goiko mundura itzultzera behartua egotea eta kafetegi batean sartzea eta bizitzen jarraitzea harik eta apurka-apurka, zenbait ordu edo egun edo asteren ostean, berriro ere egarria, behingoz dena bat etor zedineko aukera eskatuz, emakumea eta leihatila-beira, irribarre onartua ala aldarazia, tren-konbinaketa eta orduan, azkenik bai, orduan hurreratzeko eskubidea eta lehen hitza esatekoa, denbora geldituaren poderioz, ur-leizearen hondoan dardarizo-armiarmen artean itzulinguru bukaezinaren ondorioz, hitz lodia.

        Orain Saint-Sulpice-ko geltokian sartzen ginen, nire alboan norbait zutitu eta alde egiten zuen, Ana ere bakarrik gelditzen zen nire parean, utzia zuen moltsoaren azterketa eta behin edo bitan bere begiek nire gainetik pasatu ziren oharkabean, bagoiko lau ertzetan errepikatzen zen ur bero bainu-etxearen iragarkian galdu baino lehen. Margritek ez zidan leihatilan berriro begiratu, baina horrek kontaktua frogatzen zuen, kontaktuaren taupada isila; Ana agian lotsatia zen edo beste barik zentzugabekeriatzat jotzen zuen aurpegi horren isla onartzea, Margritentzat egingo baitzuen irribarre berriz ere; eta bestalde Saint-Sulpice-ra heltzea garrantzizkoa zen ze Porte d'Orleans-eko ibilbide bukaerarako artean zortzi geltoki geratzen baziren ere, hiruk baino ez zuten konbinaketarik beste linea batzuekin, eta soil-soilik Ana hiru horietako batean jaitsiz gero geldituko zen koinziditzeko aukerarik; trena Saint-Placide-n balazta ezartzen hasi zenean, Margriteri begiratu eta begiratu aritu nintzen bere begiak bilatuz, Anak bereak bagoiko gauzetan bigunki apoiatzen zituelarik, onartuko bailuen Margritek ez zidala berriz begiratuko, alferrikakoa zela irribarre egiteko zain zeukan islak ostera ere begira ziezaiola itxoitea.

        Ez zen Saint-Placide-n jaitsi, trena balazta ezartzen hasi baino lehenago jakin nuen, bidaiariaren prestaketa hori egon ohi da, emakumeena batez ere, fardelak begiratzen, berokia estutzen edo altxatzean zeharka begiratzen, belaunak ekidinez abaila gutxitzeak gorputzak trabatu eta tenteldu egiten dituen une horretan. Anak oharkabean ber begiratzen zien geltokiko iragarkiei, Mágriten aurpegia aienatuz joan zen espaloiko argien pean eta ez nuen jakiterik izan ostera ere begiratu ote zidan; nire isla ikusterik ere ez zen izango neoi-argi eta argazki-iragarki uholde horretan, gorputzak sartu-irten zoroan. Ana Montparnasse-Bienvenue-n jaitsiz gero nire aukera oso ahula zen; nolatan ez gogoratu Paula (Ofelia), aukeran lau konbinaketa izateak aurreikuspen oro mehartzen zuela; eta hala ere Paularen (Ofeliaren) egunean ziur egon nintzen, arrazoi barik, bat egingo genuela, azken unera arte emakume sosegatu eta ilehori hosto iharrez bezala jantzi horrengandik hiru metrotara joan nintzen, eta bera eskumatara banatu izanak zigor-zartada baten gisan inguratu zidan aurpegia. Horrexegatik orain Margrit ez, horrexegatik beldurra, berriz ere gerta zitekeen era nardagarrian Montparnasse-Bienvenue-n; Paularen (Ofeliaren) oroitzapena, armiarmak ur-leizean Ana (Margrit) zertuko ote ziren itxaropen ttipiaren kontra. Baina nor nagusitzen zaio bizitzen uzten digun inozotasun horri, ia segituan esan nuen nire kautan agian Ana ez zela (agian Margrit ez zela) Montparnasse-Bienvenue-n jaitsiko, gainerako geltoki posibleetako beste edozeinean baizik, beharbada ez zela tartekoetan jaitsiko non ez baitzitzaidan zilegi bere atzetik joatea; Ana ez zela (Margrit ez zela) Montparnasse-Bienvenue-n jaitsiko (ez zen jaitsi), ez zela Vavin-en jaitsiko, eta ez zen jaitsi, apika Raspailen jaitsiko zela aukeran zeuden azken bietako lehena izanik; eta jaitsi ez zenean eta jakin nuenean ezen bere atzetik joatea zilegi zitzaidan geltoki bakarra geratzen zela, guztiak jada bost axola zidan azkeneko hiruen aldean, Margriten begiak bilatu nituen ostera ere leihatilako beiran, dei egin nion halako isiltasun eta gelditasunetik ezen deiadar baten gisan, uhin aldi baten gisan, heldu behar baitzitzaizkion, irribarre egin nion Anak ez-ohartuarena egin ezin zuen irribarre batez, Margritek, berriz, onartu beharra zuena nahiz eta nire islari, Denfert-Rochereau-n amaitzen zuen tuneleko argiantzek astindua, ez begiratu. Agian lehen balazta-kolpeak dardarka jarri zuen moltso gorria Anaren izterren artean, agian asperdura hutsak mugitzen zion eskua kopeta zeharkatzen zion ile-xerlo beltzeraino; trenak andenean geldirik geratzeko behar zituen hiru, lau segundo horietan, armiarmek bere atzazalak iltzatu zituzten ur-leizearen larruan, ni beste behin ere barrutik menderatzeko; Ana bere gorputzaren higidura bakar eta garbi batez zutitu zenean, bi bidaiariren artean bizkarretik ikusi nuenean, uste dut artean ere zentzugabeki bilatu nuela Margriten aurpegia argiek eta mugimenduek itsututako beiran. Oharkabean bezala jaitsi nintzen, espaloira jaisten zen gorputz horren itzal geldoa nintzela, etorkizun zenaren aurrean esnatu arte, azken aukera bikoitza era atzeraezinean beteaz.

        Argi dagoela uste dut, Anak (Margritek) eguneroko edo kasualitatezko bide bat hartuko zuen, neuk, aitzitik, tren horretara igo baino lehen erabakia nuen norbait jolasean sartu eta Denfert-Rochereau-n jaitsiz gero, nire konbinaketa Nation-Etoile linearekin izango zela, Ana (Margrit) Chatelet-en jaitsiz gero ere nik soil-soilik berak Vincennes-Neuilly konbinaketa hartuz gero jarraitu ahal izango nion modu berean. Zeremoniako azkeneko zatian, jolasa galdurik zegoen Anak (Margritek) Ligne de Sceaux hartu edota zuzenean kalera jotzen bazuen; segituan, momentuan bertan ze geltoki honetan ez baitzeuden beste aldi batzuetako pasabide bukaezinak eta eskailerek bizkor baitzeramaten helmugara, garraiobideetan ere helmuga deitzen den horretara. Jendearen artean mugitzen ikusten nuen, bere poltso gorria dindila bailitzen, burua altxatuz argibide-txartelak bilatuz, zalantzatan une batez ezkerretara jo aurretik; baina ezkerraldekoa kalerako irteera zen.

        Ez dakit nola adierazi, armiarmek gehiegi egiten zuten koska, ez nuen marru egin lehen minutuan, beste barik jarraitu egin nion geroago agian onartzeko, joaten uzteko han goian bere norabideetako edozeinetatik; eskaileraren erdian ulertu nuen ezetz, akaso haiek hiltzeko modu bakarra behingoan legeari, araudiari uko egitea zela. Ana (Margrit) debekatutako eskaileratik igotzen hasi zen une horretan kizkurtu ninduen arranpak leku ematen zion bat-batean laxatasun lo-antzeko bati, maila geldotan gora doan golem bati; uko egin nion pentsatzeari, nahikoa zen ikusten jarraitzen nuela jakitea, moltso gorria kalerantz igotzen ari zela, urrats bakoitzarekin adats beltzak dardara egiten ziola sorbalda gainean. Gaua zen jada eta aldea izozturik zegoen, zenbait elur maluta haize-bolada eta euri-langarraren artean; badakit Ana (Margrit) ez zela beldur izan bere ondoan jarri eta esan nionean: «Ez da bidezkoa honela banatzea, oraindik elkar aurkitu ez dugula».

        Kafetegian, beranduago, dagoeneko Ana bakarrik, Margriten islak men egiten zion cinzanoz eta hitzez osaturiko errealitate bati, ez zuela ezer ulertzen esan zidan, Marie-Claude zuela izena, islako nire irribarreak min egin ziola, une batez altxatu eta eserlekuz aldatzea pentsatu zuela, ez ninduela bere atzetik jarraika ikusi eta kalean ez zela beldur izan, kontraesana bazen ere, niri begietara so eginez, bere cinzanoa edanez, irribarrez eta bere irribarreaz, kalean bertan burututako nire erasoa ia berehala onartu izanaz lotsatu gabe. Ahoz gorako uhin aldi antzeko, zumar-zuriz jositako labaintze bati jaregite antzeko zorion une horretan, ezin esan nion berak txorakeriatzat edo tematzat joko zuena eta egia esan hori ere bazena baina beste modu batez, bizitzaren beste ezponda batzuetatik; bere ile-xerlo beltzaz hitz egin nion, bere moltso gorriaz, bainu-etxeko iragarkia begiratzeko bere moduaz, ez niola irribarre egin donjuankeriaz edo asperkeriagatik, berak ez zeukan lore bat emateko baino, gustuko nuela, on egiten zidala adierazteko keinua, bere parean bidaiatzea, beste zigarro bat eta beste cinzano bat. Ez ginen sekulan ere anpulutsu izan, orainaldi ezagun eta onartu batetik bezala hitzegin genuen, minik eman gabe elkarri begiratuz, nik uste Marie-Claudek bere presentera joaten eta bertan egoten uzten zidan, Margritek agian beirako nire irribarreari erantzungo ziokeen bezala, tartean horrenbeste aldez aurretiko eredu egon ez balitz, horrenbeste ez duzu ihardetsi behar kaletik zoazela hitz egiten badizute edota gozokiak eskaini eta zinemara eraman nahi bazaituzte, harik eta azkenean Marie-Claudek, nik Margriteri eskainitako irribarre hartaz liberaturik jada, Marie-Claudek kalean eta kafetegian irribarre ona zela pentsatu zuen arte, hor beheko ezezagunak ez ziola Margriti irribarre egin beste lurralde bat tentatzeko, eta nik berarengana jotzeko modu xelebrea izan zela arrazoi bakarra, arrazoi ulergarri bakarra baietz esateko, kopa bat har genezakeela eta kafetegi batean solas egin.

        Ez daukat gogoan zer kontatu ote nion neure buruaz, agian dena jolasarena izan ezik, baina orduan hain gutxi, une batean edo bestean barre egin genuen, bietako batek lehen txantxa egin zuen, biok zigarro klase berbera eta Catherine Deneuve genituela gustuko, bere etxeko bebarruraino laguntzen utzi zidan, eskua luzatu zidan lautasunez eta baietza eman zion kafetegi berean astearteko ordu berean elkartzeari. Taxi bat hartu nuen nire auzunera itzultzeko, estreinakoz neure baitan atzerriko lurralde sinestezin batean bezala, nire golkorako errepikatuz baietz, ezen Marie-Claude, ezen Denfert-Rochereau, betazalak estutuz bere adats beltza, hitz egiten hasi aurreko burua alde batera mugitzeko, irribarre egiteko bere modu hori hobeto gordetzeko. Garaiz heldu ginen biok eta filmak kontatu genion elkarri, lanbideak, ideologi ezadostasun partzialak egiaztatu genituen, berak ni onartzen jarraitzen zuen arrazoirik gabeko, galderarik gabeko orainaldi horrekin, harrigarriro, nahikoa balu bezala; konturatu ere ez zen egin hartara edozein txotxolok txolintzat edo tontotzat joko zuela; onartuz nik ez nezala kafetegiko eserleku bera konpartitzeko ahaleginik egin ere, rue Froidevaux-eko tartean ez niezaiola besoa sorbalda gainean jarri, ia bakarrik zegoela jakinik ere —ahizpa txikia baino ez, sarritan laugarren solairuko pisu hartan egoten ez zena— ez niezaiola igotzeko eskatu. Susmatu ere ezin zuen zerbait izatekotan armiarmak ziren, hiruzpalau aldiz ginen elkarrekin egonda kosk egin ez zidatelarik, ur-leizean geldi eta itxoiten harik eta, denbora guztian jakin izan ez banu bezala, jakin egin nuen egunera arte, baina asteartetan, kafetegira heldu, Marie-Claude bertan egongo zela jada imajinatu edo sartzen ikusi bere ibilera arinarekin, armiarma ostera ere esnatuen kontra ezer jakin gabe borrokatua zen bere berriztapen beltzarana, berak bakarrik defendatu ahal izan zuen jolas lege-haustearen kontra, esku ttipi, epel bat niregana luzatu eta nahikoa, bere kopetan zehar pasean zebilen ile-xerlo hori eta nahikoa. Une batean edo bestean konturatu egingo zen, niri begira geratu zen isilean, zain; ezinezkoa dagoeneko luzapena iraunarazteko ahaleginak ni agerian ez jartzea, pittinka pitinka itzultzen ari zirela ez onartzeko ahalegina, nahiz eta Marie-Claude, Marie-Clauden kontra eta berak ezin ulertu, niri begira geratzen zen isilean, zain; edan eta erre eta hitz egin, erre gabeko eremu goxo armiarma gabea azkenera arte defendatuz, bere bizimodu xume eta ordutegi finkodunaren berri jakin, eta ahizpa ikaslea eta alergiak, kopeta orrazten zion ile-xerlo beltz hori horrenbeste deseatzea, jomuga baten modura deseatu, benetan bizitzaren azken metroko azken geltokia balitz bezala, eta orduan ur-leizea, nire aulkitik elkarri musu emango genion eserleku horretara zegoen distantzia, nire ahoak Marie-Clauderen lehen perfumea edango zuen bere etxeraino besarkaturik eraman baino lehenago, eskailera hori igo, azkenean horrenbeste arropa eta horrenbeste itxoin aldi erantzi.

        Orduantxe esan nion, gogoan daukat hilerriko ormatzarra eta Marie-Claude bertan apoiatu zela eta hitz egiten utzi zidala aurpegia bere berokiaren goroldio beroan galdurik nuela, auskalo nire ahotsa berba guztiekin iritsi ote zitzaion, ulertzerik izan ote zuen; den-dena esan nion, jolasaren xehetasun guztiak, horrenbeste Paula (horrenbeste Ofelia) pasabide baten azkenean galdurengandik egiaztaturiko inprobabilitateak, bukaera bakoitzeko armiarmak. Negarrez ari zen, dardarka sentitzen nuen nire gorputzaren kontra ni babesten jarraitzen bazuen ere, hildakoen ormatzarrean apoiaturiko bere gorputz osoaz ni eusten jarraitzen bazuen ere; ez zidan deus ere galdetu, ez zuen ez zergatik ez noiztik jakin nahi izan, ez zitzaion bururatu bizitza oso batek, bere buruaren, hiria eta hiriaren aginduen aurka, buru-buztanka antolatutako makina baten kontra borrokatzea, negar horixe bakarrik hor animaliatxo mindu baten gisan, indarge aurre eginez jolasaren garaipenari, armiarmen ur-leize barruko dantzaldi erretxinduari.

        Bere etxeko bebarruan esan nion ez zegoela dena galdurik, biongan zetzala enkontru zilegizko bat saiatzea; orain berak jolas arauak ezagutzen zituen, agian gure alde izango genituen, elkarren bila aritzea besterik ez genuen egingo eta. Hamabost eguneko lanuztea eska zezakeela esan zidan, liburu batekin bidaiatu beheko munduan denbora hain umel eta arrotz izan ez zedin, konbinaketa batetik bestera ibili, nire zain egon, irakurtzen, iragarkiei begira. Ez genuen inprobabilitatean pentsatu nahi izan, agian topo egingo genuela tren batean baina ez zela nahikoa, oraingoan ezin zitzaiola kale egin aldez aurretik ezarritakoari; ez pentsatzeko eskatu nion, metroari joaten uzteko, behin ere negarrik ez egiteko ni bere bila ibiliko nintzen bi aste horietan; hitzik gabe ulertua geratu zen baldin eta epea elkar ikusi gabe edo bakarrik bi pasabide ezberdinek banatu arte elkar ikusita bukatzen bazen, ez zeukala zentzurik kafetegira, bere etxeko bebarrura itzultzea. Auzo eskailera horren pean, argi laranja koloreko batek goxoki gorantz, Marie-Claude bere pisuan, biluzik eta lotan, irudi horretarantz luzatzen zuen eskailerapean, musu eman nion adatsean, eskuak laztandu; berak ez zuen nire ahoa bilatu, aldenduz joan zen eta bizkarraldetik ikusi nuen, jarraitu ezin niolarik eraman ohi zuten beste eskailera horietako bat igotzen; oinez itzuli nintzen etxera, armiarmarik gabe, itxoin aldi berrirako hustua eta garbitua; orain ezin zidaten minik eman, jolasa berriz hastera zihoan hainbestetan bezalaxe baina Marie-Clauderekin bakarrik, astelehenean Couronnes-eko geltokira jaitsiz goizez, Max Dormoy-n irtenaz gau betean, asteartean Crimée-n sartuz, asteazkenean Philippe Auguste-n, jolasaren arau zehatza, hamabost geltoki horietatik lau konbinaketa zutenak, eta orduan lauretatik aurrenekoan, jakinik Sèvres-Montreuil-eko lineari jarraitzea egokituko zitzaidala, eta bigarrenean Clichy-Porte Dauphine konbinaketa hartu beharko nuela, ibilbide bakoitza arrazoi berezirik gabe hautatua ezin baitzen arrazoirik batere egon, Marie-Claude agian bere etxetik hurbil igoko zen, Denfert-Rochereau-n edo Corvisart-en, Pasteur-en aldatzen ariko zen Falgière-raino jarraitzeko, Mondrian-en antzeko zuhaitza bere adar ihartu guztiekin, tentaldi gorri, urdin, zuri, puntukatuen halabeharra; osteguna, ostirala, larunbata. Edozein andenetatik trenak sartzen ikusi, zazpi-zortzi bagoiak, begiratzen laga neure buruari gero eta geldoago iragaten ziren bitartean, bukaeraraino joan eta Marie-Clauderik gabeko bagoi batera igo, hurrengo geltokian jaitsi eta beste tren bati itxaron, lehen geltokiraino jarraitu beste linea baten bila, bagoiak Marie-Claude gabe heltzen ikusi, tren bat edo bi joaten utzi, hirugarrenean igo, azken geltokiraino jarraitu, beste linea batera pasatzea posible zen geltoki batera itzuli, laugarren trena baino ez nuela hartuko erabaki, bilaketari utzi eta bazkaltzera igo, itzuli ia beti zigarro garratz batekin eta jesarleku batean eseri bigarren, bosgarren trenera arte. Astelehen, asteartea, asteazkena, osteguna, armiarmarik gabe ze oraindik zain bainengoen, ze oraindik ere zain bainago Chemin Vert-eko jesarleku honetan, kaier honekin zeinean esku batek idatzi egiten duen denbora bat asmatzeko, larunbatera jaurtitzen nauen haize-bolada huts hau izango ez den denbora, larunbatean agian dena amaitua izango baita, eta bakarrik itzuliko naiz eta esnatzen eta kosk egiten nabarituko ditut, beren pintza amorratuak jolas berria exijituz, beste Marie-Claude batzuk, beste Paula batzuk, berriztapena porrot bakoitzaren ostean, minbiziak jotako berrekitea. Baina osteguna da, Chemin Vert-eko geltokia, kanpoan gaua abailtzen ari da, edozer imajinatzeko aukera dago oraindik, baliteke ez gertatzea sinesgaitzegia bigarren trenean, laugarren bagoian, Marie-Claude leihatila ondoko eserleku batean, ikusi egin duela eta neuk beste inork honela aurpegian bete-betean jaso ezin duen oihu batekin zutitu dela, antxintxiketa batean bagoi betera jauzi egiteko, bidaiari haserretuei bultza eginez, inork ez espero ez onartzen ez dituen barkamen-eskeak xuxurlatuz, eserleku bikoitzaren parean zutik geratuz, zangoek eta euritakoek eta fardelek eta Marie Claudek hartua duten eserlekuaren parean, MarieClaude bere beroki grisarekin leihatilaren kontra, trenaren bat-bateko abiatzeak apenas higitzen duen ile-xerlo beltza, bere eskuek izterren gainean dardara egiten duten bezala izenik ez duen deiadar batean, orain gertatuko den horixe baino ez dena. Ez dago hitz egin beharrik, ezin ezer esan Marie-Clauderen eta nire artean aurpegiz eta euritakoz egindako harresi sorgor eta mesfidakor horren gainetik; hiru geltoki gelditzen dira beste linea batzuekin konbinatzen dutenak, Marie-Claudek hiruretako bat aukeratu beharko du, espaloia zeharkatu, pasabide batetik jo ala irteerako eskailera bilatu, arrotz gaurkoan transgredituko ez dudan nire erabakiaren aurrean. Trena Bastille-ko geltokian sartzen da eta Marie-Claudek hortxe darrai, jendea igo eta jaitsi ari da, norbaitek libre uzten du bere ondoko eserlekua baina ez naiz hurbiltzen, ezin naiz hor eseri, ezin naiz bere ondoan dardarka egon bera dardarka egongo den bezala. Orain Ledru-Rollin eta Froidherbe-Chaligny datoz, konbinaketarik gabeko geltoki horietan Marie-Claudek badaki ezin natzaiola atzetik joan eta ez da mugitzen, jolasak Reuilly-Diderot-en ala Daumesnil-en beharko du izan; trena Reuilly-Diderot-en sartzen den bitartean begiak aldentzen ditut, ez dut nahi jakin dezan, ez dut nahi ezetz, hemen ez dela, ulertu ahal izan dezan. Trena abiatzen denean ez dela mugitu ikusten dut, azken itxaropen bat badugula, Daumesnil-en konbinaketa bakarra dago, eta kalerako irteera, gorri ala beltz, bai ala ez. Orduan elkarri begiratzen diogu, Marie-Claudek aurpegia altxatu du niri bete-betean begiratzeko, eserlekuko euskarriari helduta berak begiratzen duen zera hori naiz, nik begiratzen dudan zera hori bezain zurbil, Marie-Clauderen aurpegi odolgabea moltso gorria estutzen, lehen keinua egiten zutitu baino lehen trena Daumesnilen sartzen ari denarekin batera.

 

 

 

© Julio Cortázar

© itzulpenarena: Gerardo Markuleta

 

 

"Julio Cortázar / Oktaedroa" orrialde nagusia