URRATSAK OINATZETAN

 

        Kronika aspergarri samarra, estilo-ariketa baino ariketa estiloko zerbait, hogeigarren urteetako hamarkadan edozein patiotan matea hartuko zukeen, eman dezagun, Henry James batek idatzia.

 

        Berrogei urte bete berriak zituen Jorge Fragak Claudio Romero poetaren bizitza eta idazlanak ikertzea erabaki zuenean.

        Ideia kafe-solasaldi batean sortu zen, zeinean Fragak eta bere lagunek beste behin ere onartu egin behar izan baitzuten Romeroren nortasunaren inguruan zegoen zalantza-giroa. Ehun-urteko jaien osteko urteetan ospe iragankorra eman zioten hiru liburu sutsuki irakurriren eta inbidiaturen egile, Romeroren irudia haren asmakizunekin nahastu ohi zen, kritika sistematiko baten hutsune nabaria zuelarik, baita behar bezalako ikonografia batena ere. Garaiko aldizkarietan azaldutako zenbait artikulu zuhurki goresgarriak eta Santafé-ko irakasle sutsu batek —zeinarentzat lirismoak ideien lekua hartu baitzezakeen— idatzitako liburua albo batera utzirik, ez zen artean poetaren bizitzaz edo lanaz ikerketa txikiena ere egiteko ahaleginik. Pasadizo zenbait, argazki lausoak; gainerakoa tertulietarako gezur-ipuinak ziren, eta prestatzaile goibelen antologietarako panegirikoak. Baina Fragaren arreta deitu zuena zera zen, jende askok Romeroren poemak irakurtzen jarraitzen zuela, Carriego edota Alfonsina Storni-ren poemak bezain gartsuki. Berak ere Batxilergoko urteetan deskubritu zituen eta, tonu arrunta eta epigonoek higaturiko irudiak izanik ere, «Plata-ko olerkariaren» poemak bere gaztaroko esperientzia erabakigarrietako bat izan ziren, Almafuerte edo Carlos de la Púa-renak bezalaxe. Geroago baino ez zitzaion bururatu, dagoeneko kritiko eta saiogile ospetsua zela, Romeroren idazlanetan serio pentsatzea eta berehala konturatu zen ia ezer ere ez zela ezagutzen haren zentzurik berezkoen, eta agian, sakonenaz. Mende hasierako beste poeta on batzuen poemen aurrean, Claudio Romerorenak kalitate berezi batez gailentzen ziren, oihartzun ez hain hanpatu hark berehala harrapatzen zuen gazteen konfiantza, asperturik baitzeuden horrenbeste tropo durrundariz eta betegarriz jositako oroitzapenez. Ikasle eta lagunekin Romeroren poemez hitz egitean, Fragak bere golkorako pentsatzen zuen ez ote zen misterioa, azken finean, giltzarri ilunak eta asmo iheskorrak dituen poesia hori liluragarri bihurtzen duena. Haserretu ere egiten zen azkenean, ikusirik ezjakintasunak liluramenduren alde egiteko duen erraztasuna; azken fincan, Claudio Romeroren poesiak maila altuegia zuen, bere sorkuntzaren inguruko ezagutza zabalagoak kalte egin ziezaion. Romeroz ohiko lausotasun ederretsigarriz mintzatu ziren kafetegiko bilera horietako batetik irtetean, poetari buruzko lanari ekiteko beharkuntza antzerako zerbait sentitu zuen. Eta aldi berean ez zuela, ordura arte idatzirik zituen ia guztietan bezala, xede filologiko edo estilistikoekin egindako saio huts batera mugatu behar. Hasieratik gailendu ziezaion zentzu goreneko biografia baten ideia: gizonak, lurrak eta idazlanak, esperientzia bakar beretik behar zuten sortu, nahiz eginbidea ezinezkoa iruditu horrenbeste denbora-laino artean. Fitxategiaren aldia bukatutakoan, sintesira heldu beharra izango zuen, poeta eta ikertzailearen arteko topaketa ustekabekoa bultzatu beharra; harreman horrek baino ez zion Romeroren lanari bere funtsik sakonena berriz ere emango.

 

        Ikerketa lanari ekitea erabaki zuenean, Fraga bere bizitzako une erabakigarri batean ari zen sartzen. Nolabaiteko ospe akademikoa tarteko, unibertsitateko irakasle laguntzaile lanpostua eta irakurle eta ikasle talde txiki baten begiramena lortuak zituen. Aldi berean, Europako zenbait liburutegitan lan egiteko laguntza ofiziala lortu asmotan saio egin berriak porrot egin zuen, burokrazi politika zela eta. Bere lan argitaratuak ez ziren ministro bulegoen ateak jo gabe ere zabaltzen dituzten horietakoak. Modako nobelagileak, literatur saileko kritikoak, berak baino aukera handiagoak zituzten. Fragak bazekien Romerori buruzko liburuak arrakasta izanez gero, arazo ziztrinenak berez konponduko zirela. Ez zen ospezalea, baina unean uneko eskribatzaileen aldean bere burua bazterturik ikusteak ernegatu egiten zuen. Claudio Romerok ere, bere garaian, kexu agertu zen, harro, jaun-gela dotoreetako errimagileak berari ukatzen zitzaion kargu diplomatikoa lortu izanaz.

 

        Bi urte t'erditan zehar libururako material bilketan aritu zen. Lana ez zen zaila, baina oso luzea bai eta zenbaitetan aspergarria. Pergamino, Santa Cruz eta Mendozarako bidaiak, liburuzain eta artxibozainekiko eskutitz-trukaketa, egunkari eta aldizkari bildumen azterketa, testu alderaketa, garaiko literatur korronteen ikerketa paraleloak egin behar izan zituen, lana zela eta. 1954ko bukaera alderako, liburuko elementu nagusiak jasoak eta baloratuak zeuden, nahiz eta artean Fragak testuko hitz bat bera ere idatzi gabe izan.

        Kartoi beltzezko kutxan fitxa berri bat sartzen ari tela, iraileko gau batean, bere buruari galdetu zion ea lanari ekiteko moduan ote zegoen. Ez zen oztopoen beldur; aitzitik, nahiko ezaguna den arlo baten gainean korrika hasteko errazkeriaz zen beldur. Datuak hortxe zeuden, eta ez zen beste ezer garrantzizkorik irtengo ez gordailuetatik ez garai hartako argentinarren memorietatik. Albiste eta gertaera ustez ezezagunak zituen jasoak, Claudio Romero eta bere poesiaren irudia borobilduko zutenak. Arazo bakarra zen ikuspegi orokorrean, ardatz nagusietan eta lan osoaren taxutzean kalerik ez egitea.

        «Gaina irudi hori, nahiko garbi agertzen al zait niri?», galdetu zion bere buruari Fragak zigarroaren txingarrari begira. «Romero eta bion arteko kidetasunak, biontzat zenbait balore estetiko eta poetikok duten lehentasunak, biografoaren gai-aukeraketa halabeharrezkoa egiten duen guzti horrek, ez al nau behin baino gehiagotan autobiografia itxuraldatu bat egitera behartuko?».

        Horretarako erantzuna zera zuen, berak ez zuela sorkuntzarako inolako ahalmenik, ez zela poeta, poesia dastatzaile baino, eta bere ahalmenak kritikan, jakituriak dakarren gozamenean gorpuzten zirela. Poetaren lanean murgiltzearen aurkako beilan adi-adi egotea nahikoa izango zitzaion batetik besterako isuri aldi ez-zilegizkorik egon ez zedin. Ez zuen mesfidantzaz hartu behar Claudio Romero begiko izatea ezta haren poemak liluragarri iruditzea ere. Argazki kamara onekin bezala, beharrezko zuzenketa ezarri beharra zegoen subjektua erabat enkoadraturik geratzeko, argazkilariaren itzalak ez ziezazkion oinak zanpatu.

        Orain, lehen orrialde zuria zain zeukalarik, une batetik bestera irekitzen hasi beharreko ate baten gisan, berriz ere galdetu zion bere buruari liburua imajinatu bezala idazteko gauza izango ote zen. Biografiak eta kritikak samur jo zezaketen errazkeriara, nahikoa zen liburu batetik zinearen edo André Marois-en antzerako zerbait espero duen irakurle mota horrengana jotzea. Arazoa zen adiskide sozialistek «herria» deitzen zuten kontsumitzaile anitz eta izengabeari uko ez egitea, lankide talde txiki baten nahitara amore eman gabe. Best selleren errezetatan erori barik, grinatsuki irakurtzeko moduko liburua idaztea bideratuko zuen ikuspegia behar zuen aurkitu; mundu akademikoaren begirunea eta, aldi berean, larunbat gauean besaulki batean atseden hartu nahi duen gizon xehearen liluramendua irabazi.

        Faustoren ordua zen nolabait, itunaren unea. Goiz-alban ia, zigarroa errea, ardo godaleta eskuan koloka. Ardoa, denboraz ehunduriko eskularru baten antzera, zuen idatzia nonbait Claudio Romerok.

        «Zergatik ez», esan zuen Fragak bere golkorako, beste zigarro bat piztuz. «Orain, beraren inguruan horrenbeste dakidalarik, ergelkeria litzateke saio arrunt batean gelditzea, hirurehun aleko argitalpen batean. Juárez edo Ricardi-k nik bezain txukun egin ahal dute. Baina beste inork ez daki Susana Márquez-en berririk.»

 

        Claudio Romeroren laguna izandako baten anaia txikia zen Bragadoko bake-epailearen aipamen batek jarri zuen arrastoaren atzetik. La Plata-ko erregistro zibilean lan egiten zuen batek eskuratu zion, bilaketa askoren ostean, helbide bat Pilar hirian. Susana Márquezen alaba hogeita hamar bat urtetako emakume ttiki eta xamurra zen. Hasiera batean ez zuen hitz egiterik nahi, negozioa (barazki-denda bat) gobernatu behar zuela aitzaki; gero onartu egin zuen Fraga egongelan sartu, hautsez estalitako aulki batean eseri eta galderak egiteari ekin ziezaion. Hasiera batean, erantzunik eman gabe entzuten zion; gero, apur batean negar egin, begiak zapi batez xukatu eta bere ama gaixoaz hitz egin zuen. Fragari zail egiten zitzaion Claudio Romero eta Susanaren arteko harremanaz zer edo zer bazekiela agertzea, baina azkenean zera esan zuen bere baitarako, poeta baten amodioak merezi duela ezkontza-agiri bar, eta beharrezko sotiltasunez horrelaxe adierazi zion. Minutu gutxitan bide gainera loreak botatzen aritu eta gero, han ikusi zuen beregana zetorrela, erabat sinetsirik, eta hunkitua gainera. Berehala izan zituen eskuetan Romeroren argazki bikain bar, sekulan argitaragabea, eta beste bat horixka eta txikiagoa, zeinean poetaren ondoan emakume bar ikus baitzitekeen, alaba bezain ttipi eta eite xamurrekoa.

        — Eskutitz batzuk ere gordean ditut —esan zuen Raquel Márquezek—. Zuretzat baliagarri badira, berari buruz idatziko duzula diozunez...

        Denbora luzean aritu zen bila, musika-gordailu batetik ateratako paper pila batetik aukeratuz, eta azkenean hiru karta luzatu zizkion, Fragak, irakurri gabe baina Romerok berak idatziak zirela baieztatu eta gero, gorde egin zituelarik. Solasaldiaren puntu horretara helduta, seguru zekien jada Raquel ez zela poetaren alaba, aurreneko aipamen baten aurrean burua makurtu eta, hausnarrean bezala, apur batean isilik gelditzen zela ikusi baitzuen. Geroago azalduko zuen bere ama bolada haren ostean Balcarceko («Fangioren herria», esan zuen, zerbaiten froga bailitzen) militar batekin ezkondu zela, eta biak hil zirela berak zortzi urte baino ez zuenean. Oso ondo gogoratzen zen amarekin, baina aitarekin ez askorik. Gizon bihotz-gogorra zela, hori bai.

 

        Fraga Buenos Airesera itzuli eta Claudio Romerok Susanari egindako hiru gutunak irakurri zituenean, mosaikoaren azken pusketak bat-batean euren tokian uztartzen zirela iruditu zitzaion, ustekabeko irudi oso bat erakutsiz, poetaren belaunaldiaren ezjakintasunak eta zurikeriak susmatu ere egin ez zuten drama. Romerok Irene Paz-i eskainitako poema saila 1917an argitaratua zuen, kritikak Argentinan sekulan idatzitako amodio poemarik ederrentzat jo zuena, Hire izen bikoitzari oda ospetsua barne. Eta hala ere, liburua argitara eman aurreko urtean, beste emakume batek hiru eskutitz jaso zituen eta eskutitzotan Romeroren poesia onenaren isla zen tonua zen nagusi, gorapen eta hoztasunaren arteko nahasketa, aldi berean ekintzen sortzaile eta subjektua, protagonista eta korua litzatekeen batena. Gutunak irakurri baino lehen Fragak maitaleen arteko ohiko eskutitz-trukaketatzat jo zuen, ispiluak aurrez aurre, beraientzat baino garrantzirik ez duen beren isla isolatuz eta harrizko bihurtuz. Aitzitik, paragrafo bakoitzean Romeroren munduaren errepikapena atzematen zuen eta hark maitasunaren gainean zuen ikuspegi orobateratzailearen aberastasuna. Susana Márquezekiko pasioak ez zuen mundutik erauzten, aitzitik, lerro bakoitzean emakume maitatua erraldoi bihurtzen zuen errealitate bat sumatzen zen taupaka, bizitzaren barrenean borrokatuz egindako poesiaren justifikazioa eta aldi berean eskakizuna.

        Istorioa, berez, singlea zen. Romerok La Platako literatur tertulia hits batean ezagutu zuen Susana, eta bien arteko harremanaren lehen aldia batera etorri zen poetaren iluntze-aldi ia erabateko batekin; biografo kaskarrek ulertu ezin zezaketen iluntze-aldia, ez bazen bi urteren buruan poeta hilko zuen tisiaren lehen zantzutzat joaz. Susanaren berriek ihes egin zieten guztiei, bere irudi lainotsuari, argazki zaharretik tinko so egiten zuten bere begi handi ikaratuei zegokien moduan. Plazarik gabeko eskola-maistra bera, guraso zahar eta pobre batzuen alaba, berarekin ardura zedin lagunik gabea, La Platako tertulietatik biak ala biak ere desagertzea batera gertatu zen Europako gerratearen aldirik dramatikoenarekin, publikoaren beste interesgune batzuekin, literatur ahots berriekin. Fragak zorioneko sentitu behar zuen herrixka bateko bake-epaile haren aipamen axolagabea entzun izanaz; hari hori behatz artean, Romero eta Susana bi urtetan bizi izan ziren Burzacoko etxe goibela aurkitzera ere heldu zen; Raquel Márquezek lagatako eskutitzak bizialdi horren azken aldekoak ziren. Lehenengoak, La Platatik bidalia, aurreko gutun-trukaketa bat aipatzen zuen, non Susanarekin ezkontzeaz hitz egin baitzen. Poetak gaixorik egoteak sortzen zion larridura aitortzen zuen, eta emazte baino gehiago erizain izan beharko zuen harekin ezkontzeko erreparoa. Bigarren eskutitza miragarria zen, pasioak ia jasan ezinerainoko garbitasuna zuen kontzientzia bati uzten zion lekua oraingoan, Romero borrokan ari bailitzen bere amorantearengan harremanaren etendura beharrezkoa leuntzen lagunduko zuen antzerako buruargitasuna ernarazi guran. Esaldi bakar batek laburbiltzen zuen guztia: «Inork ez du zertan gure bizitzaren berri inoiz izan beharrik, eta nik askatasuna eskaintzen dizut, isiltasuna lagun duela. Aske zarelarik, nireago izango zaitut eternitaterako. Ezkonduko bagina, zure borreroa sentituko nintzateke lore bat eskuan daramazula nire gelan sartu bakoitzean.» Eta gogor jarraitzen zuen: «Ez dizut aurpegira eztulik egin nahi, ez dut gura nire izerdia xuka dezazun. Bestelako gorputz bat ezagutu duzu, bestelako arrosak eskaini izan dizkizut. Gaua niretzat behar dut osorik, ez dizut negarrez ikus nazazun utziko.» Hirugarren eskutitza lasaiagoa zen, Susana poetaren sakrifizioa onartzen hasia bailitzen. Nonbaiten irakur zitekeen: «Liluratzen zaitudala diozu berriz ere, nire nahia betetzera behartzen zaitudala... Baina nire nahia zure etorkizuna da, lagaidazu heriotza ergel baterako kontsolamendua emango didaten hazi hauek zabaltzen.»

        Fragak ezarritako kronologian, Claudio Romeroren bizitza aldi monotono batean sartzen zen gero, gurasoen etxean isolamendu ia etengabean. Beste testigantzarik ez zen poetak eta Susana Márquezek sekula berriz elkarrekin topo egin ote zuten susmoa izateko, baina kontrakoa baieztatzeko ere ez; hala ere, frogarik onena, Romeroren jaregitea bete egin zela, eta Susanak azkenean nahiago izan behar izan zuela askatasuna ezenez gaixoarekin batera kondenatzea, zera zen, Romeroren poesiaren zeruan planeta berri eta distiratsuaren goraka aldia. Eskutitz-trukaketa eta jaregite honetatik urtebete pasata, Buenos Aires-eko aldizkari batek Hire izen bikoitzari oda argitaratu zuen, Irene Pazi eskainia. Romeroren osasuna sendotua bide zen eta poemak, zenbait jaun-gelatan beraxek irakurria, bat-batean aurreko lanek ezkutuan prestatzen zuten ospea eman zion. Byron-ren antzera, goiz batez ospetsua zelarik esnatu zela esateko aukera izan zuen, eta ez zuen esan gabe utzi. Baina espero izatekoaz bestera, poetaren Irene Pazekiko pasioak ez zuen zegokion erantzunik izan, eta garaiko buru argiek nahasiki kontaturiko zenbait pasartek aditzera ematen dutenez, poetaren ospe pertsonala berehalakoan jaitsi zen, berriz ere gurasoen etxera babestera behartuz, lagun eta miresleengandik urruti. Garai hartakoa zen haren azken poema liburua. Hilabete batzuk geroago, odol-txistu zakar batek kaletik zihoala harrapatu zuen, eta handik hiru astetara hil zen Romero. Bere hiletak idazle talde bat bildu zuen, baina hil-predikuen eta kroniken tonuan nabari zen Irene Pazen mailako jendea ez zela bertan egon ez eta egokiera horretan espero izatekoa bezalako omenaldirik ere ez ziotela eskaini.

        Fragari ez zitzaion zail egiten ulertzea Romerok Irene Pazengatik izan zuen pasioak, Plata eta Buenos Aireseko jendarte aristokratikoa neurri berean lausengatu eta eskandalizatu izana. Ireneri zegokionean, ez zuen iritzi garbirik osatu ahal izan: bere edertasunaren berri hogei urte zitueneko argazkiek ematen zuten, baina gainerakoa gizarte-saileko albiste hutsak ziren. Paztarren ekanduen jarraitzaile zintzoa, erraz asma zitekeen bere jarrera Romeroren aurrean; bere ingurukoek aldian behin, garaiko «artistak» eta «poetak» deitzen zituztenei —komatxoak ahoskeraz adieraziz— entzun asmoz, egin ohi zituzten tertulia haietako batean aurkituko zuen. Oda laket izan ote zuen, hasierako deialdi miresgarri hark oztopo guztien gainetik, oinaztu baten gisan, hots egiten zion pasio baten zintzotasuna erakutsi ote zion, agian Romerok beste inork ezin izan zuen jakin, eta hori ere ez zen segurua. Baina puntu horretan, Fragaren ustez, arazoak arazo izateari uzten zion eta garrantzi gabea bihurtzen. Claudio Romero argiegia izan zen une bakar batez ere bere pasioak erantzun egokia izango zuela sinesteko. Bien arteko aldeak, era guztietako hesiek, Ireneren erabateko heldu ezintasunak bere familiaren eta bere buruaren presondegi bikoitzean, leinuaren ispilu fidela, hasieratik bertatik lortu ezinezkoa egiten zuten. Odaren tankera nahastezina zen eta maitasun poesiaren ohiko irudietatik harantzago zihoan. Romerok bere burua «hire eztizko oinen Ikaroa» izendatzen zuen —Caras y Caretaseko aristarko baten burlak ekarri zizkion irudi horrek—, eta poema ideal ezinezkoa eta horrexegatik ederragoaren atzetik egindako jauzi gorena baino ez zen, bertsoen bidez egindako igoera eguzkiranzko hegalaldi etsi-etsian, honek erre eta heriotzara eramango baitzuen. Poetaren errenuntziak eta azken aldeko isiltasunak ere antz zorrotza zuten erorialdi baten aldiekin, bere indarretarako baino gehiago zen amets baten bitartez abandonatutako lurrera itzultze negargarri batekin.

        «Bai», pentsatu zuen Fragak, beste kopa bat ardo zerbitzatuz, «bat dator dena, ondo uztartzen da; orain idaztea baino ez zait falta».

 

        Poeta argentinar baten bizitza-ren arrakastak egileak eta argitaratzaileak uste izandakoa baino handiagoa izan zen. Lehen asteetan komentatzerik apenas izan ez bazen ere, La Razón-en agertutako artikulu ustekabeko batek moteltasun zuhurretik atera zituen Buenos Airestarrak eta iritzi eman zezaten zirikatu, eta oso gutxik egin zion uko iritzi emateari. Sur-ek, La Nación-ek, probintzietako egunkaririk onenek jaso zuten kafetegi eta bazkalondoetako solasaldiak berehala inbaditu zituen sasoi hartako solasgaia. Bi eztabaida bortitz gaineratu ziren (Daríok Romerorengan izan zuen eraginaz, eta kronologi arazo bat) jendearen interesa lortze aldera. Bizitzaren lehen edizioa bi hilabeteren buruan agortu zen: bigarrena, hilabete t'erdian. Atekak eta eskura zetozkion abantailek beharturik, Fragak antzerkirako egokitzapen bat onartu zuen, eta irratirako beste bat. Heldua zen une zehatz hori non eta lan baten inguruko interesa eta berritasuna gailur beldurgarrira heltzen diren, eta horren atzetik hurrengo ezezaguna dago jada zelatan; bete-betean asmatuz, eta zuzengabekeria bat konpondu asmotan bailetorren, Sari Nazionalak Fragarenganaino bidea hartu zuen lagun biren bitartez, telefono deiei eta hasierako zorion-emateen andana ahakariari aurrea hartuz. Fragak, barre batez, gogora ekarri zuen Gideri Nobel saria jaso izanak ez ziola galarazi gau hartan bertan Fernandel-en film bat ikustera joatea; agian horrexegatik libertitu zen lagun baten etxean isolatu eta gizarte-liluramenduaren lehen uholdea ekidinez, halako patxada batez ezen bahiketa lagunkoian zuen kideari berari ere gehiegizkoa eta ia hipokrita iruditu baitzitzaion. Baina Fraga egun horietan gogoetatsu zebilen, ulertu ezinik zergatik sortzen zitzaion bere baitan bakardade-nahi antzerako bat, bazterrean gelditzekoa bere irudi publikoa argazki eta irrati bidez harresiaz bestaldera iragaten zen hartan, probintzietako inguruetara igo eta atzerriko komunikabideetan azaltzen zen hartan. Sari Nazionala ez zen ustekabekoa izan, beharrezko ordaina baino ez. Orain gainerakoa etorriko zen, Bizitza idaztera bultzatu zuena azken finean. Ez zebilen oker: handik astebetera, kanpo arazoetarako ministroak bere etxean hartu zuen («diplomatikoek badakigu idazle onei ez zaiela aparatu ofiziala interesatzen») eta Europan kultur ordezkaria izateko kargua eskaini zion. Den-denak amets itxura zeukan, hain korrontearen kontra zihoan ezen Fragak ahaleginak egin behar baitzituen ohoreen zurubian eskainitako igoaldia oso-osoan onartzeko; mailaz maila, lehen erreseinetatik hasita, argitaratzailearen irribarre eta besarkadetatik, ateneoetara eta zirkuluetara joateko gonbidapenetatik, eskailburura heltzen ari zen jada, eta handik, makurtu baino ez eta jaun-gela mundutar osoa har zezakeen, alegorikoki bere menpean jarri eta azken bazterreraino miatu, azken gorbata zuriraino eta literaturaren babesleen azken kukumixa-narruraino, foie-gras mokadua gora, Dylan Thomas behera. Harantzago —edo honantzago, ikusmiraren araberakoa zen, unean uneko gogartearen araberakoa— aldizkari jale jendetza umil eta soraiotua zegoen, telebista-ikusle eta irrati-entzuleak, egun batean nola eta zergatik ez dakiela arropa-ikuzgailu bat erosteko aginduari men egiten dion multzoa, edota nobela bat, laurogei oin bete kubiko edo hirurogei orrialdetako zer bat, eta erosi egiten du, berehala erosten du edozein sakrifizio egin behar izanik ere, etxera eramaten du non emaztea eta seme-alabak zain baitaude, irrikatan, aldekoak dagoeneko badauka eta, El Mundo Irratiko kritikoak izugarri ondo jarri baitu berriz ere hamaikak eta berrogeita hamabosteko bere saioan. Harrigarriena zera izan zen, erosi eta irakurri beharrekoen zerrendan sartu zela liburua, horrenbeste urtetan Claudio Romeroren bizitza eta lanak intelektualentzako tema hutsa izan eta gero, hau da, ia inorentzako ez. Baina behin eta berriz bakarrik gelditzeko eta gertatzen ari zenaz gogoeta egiteko beharra sentitzen zuenean ostera ere (orain zine-ekoizleekin harremanak izateko astea zen), hasierako harridurak men egiten zion auskalo zeren uste-antza kezkatu bati. Ezinezkoa zen ezer ere gertatzea, ohorezko zurubian gora beste maila bat igotzea ez bazen, harik eta egun ekidinezin batean, lorategiko zubixketan bezalaxe, goranzko azken mailari beheranzko lehenak jarraitu arte, jendearen asedurara zeraman bide adeitsua eta zirrara berrien bila emandako biraldia. Sari Nazionala jasotzeko hitzaldia prestatzeko bere burua isolatu behar izan zuenean, azken asteetako esperientzia zorabiagarrien sintesia harrotasun batera laburbiltzen zen, ironikoa, bere garaipenak mendekutik zeukanagatik, azaldu ezineko ondoez horrek arindua, une batetik bestera gainazalera igo eta bere oreka-senak eta aldarte onak sutsuki ukatzen zuten lurralde batera bultzatzen zuen ondoeza. Hitzaldiaren prestaketak bere burua lanaren atseginera itzuliko zuela uste izan zuen, eta Ofelia Fernández-en landetxera joan zen idaztera, han patxadan egongo baitzen. Udaren bukaera aldera zen, parkeak udazken margoak zituen jada, eta gustuko zuen atalondotik haiei begira egotea, Ofeliarekin solasean eta txakurrak ferekatuz. Lehen solairuko gela batean lanerako materialak zeuzkan zain; fitxategi nagusiaren tapakia altxatu zuenean, gogoa beste nonbait arakatzen zuela piano jole batek eresi aurrea jotzen duen eran, Fragak bere golkorako esan zuen dena ondo zegoela, neurri zabaleko edozein literatur arrakastak ezinbestez berarekin zekarren arrunkeria gora behera, Bizitza egiteko legezko eta bidezkoa zela, arrazari eta aberriari egindako omenaldia. Hitzaldia idaztera presta zitekeen, saria jaso, Europarako bidaia gertatu. Datak eta zenbakiak lan-kontratuetako xedapenekin eta bazkari-gonbidapenekin nahasten zitzaizkion buruan. Laster batean Ofelia sartuko zen xerez botila batekin, isilik eta arretaz hurbilduko zen, lan egiten ikusiko zuen. Bai, dena ondo zegoen. Orri bat hartu, argia zuzen jarri, habanoa piztu urrutian tero baten oihua entzunez.

        Ez zuen sekula jakiterik izan errebelazioa orduantxe gertatu ote zen ala beranduago, Ofeliarekin maitasuna egin eta gero, ohean etzanda erretzen ari zirela leihotzarraren goialdeko izartxo berde bati begira. Erasoaldia, izen hori baldin bazen egokiena (baina haren benetako izen edo izanak ez zion ardura) hitzaldiaren lehen zatiarekin batera etorriko zen akaso, azkar asko idatzia harik eta bat-batean une zehatz batean geratu zen arte, aldatua, zentzu osoa brausta erauzten zion haize antzerako batek narrastua. Gainerakoa isilune luze bat izan zen, baina agian jakinaren gainean zegoen oso gelatik jaitsi zenerako, jakina baina formarik gabea, pisua, buruko min edo gripe hastapen baten antzera. Eutsi ezinka, une zehatzezin batean, zama nahasia, haize beltza, segurantzia bihurtu zen: Bizitza faltsua zen, Claudio Romeroren historiak ez zuen zerikusirik berak idatzitakoarekin. Arrazoirik gabe, frogarik gabe: den-dena faltsua. Urtetako lanen ostean, datuak egiaztatzen, arrastoak jarraitzen, gehiegikeria pertsonalak ekiditen: dena faltsua. Claudio Romerok ez zuen Susana Márquezengatik sakrifiziorik egin; ez zion askatasuna itzuli bere errenuntziaren ordainez, ez zen Irene Pazen eztizko oinen Ikaroa izan. Urpean igerian bailebilen, gainazalera itzuli ezinik, ur-lasterraren zaratak belarriak astintzen zizkiola, bazekien egia. Eta hura ez zen tortura nahikoa; atzealdean, are beherago, dagoeneko lokatz eta zarama baino ez zen ur batean, lehen unetik bertatik jakinaren gainean zegoeneko segurantzia zebilen arrastaka. Alferrik piztuko zuen beste zigarro bat, neurastenian pentsatu, Ofeliak ilunpean eskaintzen zizkion ezpain finei musu eman. Alferrik adieraziko zuen heroiari gehiegizko lotzeak halako apur bateko zoroaldia sortu zezakeela, gehiegi eman izanak ernaraziriko ukazioa. Ofeliaren eskua sumatzen zuen bere bularra laztanduz, haren arnasketaren bero noizik behingoa. Harrigarria bada ere, lotan gelditu zen.

 

        Goizetik, fitxategi irekia ikusi zuen, paperak, eta gaueko sentsazioak baino arrotzagoak egin zitzaizkion. Behean, Ofelia tren geltokira deitzeaz arduratzen zen, tren konbinaketaz galdetuz. Hamaika t'erdiak aldera heldu zen Pilar-era, eta barazki-dendara abiatu zen zuzenean. Susanaren alabak aldibereko erresumina eta lausengua adierazten zituen itxura bitxi batez hartu zuen, txakurrarena ostiko baten ostean. Fragak bost minututako tartea eskatu zion, eta gela hautseztatuan sartu zen beste behin ere, eta estalki zuriko aulki berean eseri. Ez zuen luze hitz egin beharrik izan ezen Susanaren alabak, malko zenbait xukatu eta gero, baiezkoa eginez hasi zen burua makurtuaz, gero eta makurtuago.

        — Bai, jauna, halaxe da. Bai, jauna.

        — Zergatik ez zenidan lehengo aldian esan?

        Zaila zen adierazten zergatik ez zion lehengoan esan. Amak zin eginarazi zion zenbait gauza ez zituela sekulan aipatuko, eta gero Balcarceko ofizialordekoarekin ezkondu zenez, orduan... ia berari idaztekotan ibili zen Romerori buruzko liburuaz horrenbeste hitz egiten hasi zirenean, ze...

        Harriturik begiratzen zion, eta aldian behin malkoren bat jausten zitzaion ahoraino.

        — Eta nolatan jakin zenuen? —esan zuen gero.

        — Ez arduratu horregatik —esan zuen Fragak—. Dena jakiten da noizbait.

        — Baina zuk hain ezberdin kontatu zenuen liburuan. Irakurri egin nuen, badakizu. Erosi eta guzti egin nuen.

        — Hain ezberdin kontatu izanaren errua zurea da. Eskutitz gehiago dago Romerok zure amari bidaliak. Zuk komeni zitzaizkizunak eman zenizkidan, Romero, eta bide batez zure ama, ondoen gelditzen zirenak. Besteak behar ditut, oraintxe bertan. Emazkidazu.

        — Bakarra da —esan zuen Raquél Marquézek—. Baina amak zin eginarazi egin zidan, jauna.

        — Erre barik, gorde egin bazuen horrenbeste axola ez zitzaion seinale. Emadazu. Erosi egingo dizut.

        — Fraga jauna, ez dizut horrexegatik ukatzen...

        — Tori —esan zuen Fragak, zakar—. Kubiak saltzen ez duzu, ez, honelako dirutzarik eskuratuko.

        Musika-gordailurantz makurtzen ikusten zuela, paper artean bilatuz, pentsatu zuen oraintxe zekiena, lehen ere, Raquel Márquezi lehen bisita egindako egunean, bazekiela (beste modu batez, agian, baina bazekien). Egiak ez zuen tupustean harrapatzen, eta orain atzera joaz bere burua epaitzeko aukera zuen eta bere buruari galdetzeko, adibidez, zergatik egin zuen hain labur Susanaren alabarekin izandako lehen elkarrizketa, zergatik onartu zituen hiru eskutitz haiek bakarrak balira bezala, berriz galdetu gabe, ordainez ezer eskaini barik, Raquelek zekien eta isilean gordetzen zuenaren hondora joan gabe. «Ez dauka zentzurik», pentsatu zuen. «Orduan nik ezin nuen jakin Susana emagaldu izatera ere heldu zela Romeroren erruz». Baina orduan zergatik egin zuen apropos hain laburra Raquelekiko elkarrizketa, argazki eta hiru eskutitzekin konformatuz. «O bai, banekien, auskalo nola baina banekien, eta jakinaren gainean idatzi nuen liburua, eta agian irakurleek ere badakite, eta kritikak badaki, eta den-dena azken tximua ere sartuta dagoen gezur erraldoia baino ez da...». Baina samurra zen guztientzakotze bidea hartzea, erruaren zati ñimiño bat baino ez onarturik. Gezurra hori ere: errudun bakarra zegoen, bera.

        Eskutitzaren irakurketa berba gainjartze bat baizik ez zen izan, Fragak dagoeneko beste ikuspegi batetik bazekien eta kartaren frogak eztabaidarik izanez gero bakarrik egiaztatu beharko zuen zera baten gainean. Mozorroa kendurik, Claudio Romero ia basati bat agertzen zen esaldi borobil, eztabaidaezineko logikaz ebakitako haietan. Arean ere Susanak bere azken urteetan arrastaka eraman behar izango zuen, eta bi pasartetan argi eta garbi aipatzen zen bizibide lizun hartara kondenatuz, behin betirako ezartzen zizkion isiltasuna, urruntasuna eta gorrotoa, irri mingarriz eta mehatxuz bultzatzen zuen beraxek bi urteko usteltze geldo, zehatzean prestatu bide zion maldan behera. Aste batzuk lehenago «Gaua niretzat osorik behar dut, ez dizut negarrez ikus nazazun utziko» idatziz atsegin hartu zuen gizonak, orain eragina maltzurki aurreikusi behar zuen aipamen lizun batez ixten zuen paragrafo bat, eta aholku eta burubide ironikoak gaineratzen zituen, agur arinak, mehatxu garbiek etenak, Susanak berriz ere bera ikusteko asmorik izatekotan. Guzti honetatik ezerk ez zuen dagoeneko Fraga harritzen, baina luze ibili zen gogoeta egiten sorbalda treneko leihatilan apoiaturik, eskutitza eskuan, bere baitan zerbaitek amesgaizto era jasanezinez geldo batetik esnatzeko borrokan bailebilen. «Eta horrek gainerako guztia azaltzen du», bere pentsamendua entzun zuen. Gainerakoa Irene Paz zen, Hire izen bikoitzari oda, Claudio Romeroren azken aldeko porrota. Frogarik eta arrazoirik gabe, baina edozein eskutitz edo testigantzatik etor zitekeena baino segurantzia askoz sakonago batez, Romeroren bizitzaren azken bi urteak egunez egun ordenatzen ziren Pilarreko bidaiarien ustetan soberazko bermut bat edandako gizon bat behar zuen haren memorian —baldin hari izenik jarri beharrik bazegoen—. Geltokira jaitsi zenean arratsaldeko laurak ziren eta euria egiten hasia. Landetxera zeraman zalgurdia hotz zegoen eta larru zaharkituaren usaina zuen. Zenbateko zuhurtzia egon zen Irene Pazen kopeta harroaren azpian, zein esperientzia aristokratiko luzetatik sortu zen bere munduak emandako ezetza. Romero gauza izan zen emakume pobre bat erakartzeko, baina ez zituen Ikaroren hegalak izan, bere poemak aditzera ematen zuenez. Irenek, edo agian beronek ere ez, haren amak edo nebek berehala igarriko zuten goizalearen ahalegina, bere jatorria ukatuz, beharrezkoa bazen hilez hasten zen arlotearen jausi barregarria (eta hilketa horrek Susana Márquez zuen izena, hezkuntza orokorreko maistra). Nahikoa izan zitzaien irribarre bat, gonbidapen bati uko egitea, jauretxera alde egitea, dirua eta aginduak ikasitako otseinak diren arma zorrotzak. Poetaren hiletara joaten ere ez zuten lanik hartu.

        Ofelia atalondoan zegoen zain. Fragak berehala lanean jarri beharra zuela esan zion. Aurreko gauean hasitako orrialdearen aurrean jarri zenean, ezpainetan zigarro bat eta sorbaldak beheraka tiratzen zizkion ikaragarrizko nekadura batez, inork deus ere ez zekiela esan zion bere buruari. Bizitza idatzi aurreko egoera berbera zen, eta berak giltzarrien jabe izaten jarraitzen zuen. Irribarre ñimiño bat egin, eta bere hitzaldia idazteari ekin zion. Askoz beranduago konturatu zen Romeroren eskutitza bidaiaren uneren batean galdu zuela.

 

        Edozeinen esku dago Buenos Aireseko egunkarien artxiboetan irakurtzea Sari Nazionalaren emate-zeremoniak sortutako iruzkinak, zeinean Jorge Fragak buru txit argitsuen nahasmen eta haserrea apropos ernarazi baitzituen, mintzalekutik Claudio Romeroren bizitzaren bertsio ez-hanka-ez-buru gabekoa aurkeztean. Berri-emaile batek adierazi zuen Romerok ondoezik zegoelako itxura eman zuela (baina hitz-estalia garbia zen), beste zenbait gauzen artean behin baino gehiagotan Romero bera bailitzen hitz egin zuelako, berehala zuzenduz baina segituan berriz ere oker zentzugabe hartan eroriz. Beste berri-emaile batek azpimarratu egin zuen Fragak ez zuela zirriborraturiko orri batzuk baizik, hitzaldian zehar apenas begiratu zituenak, bere buruaren entzule zelako inpresioa emanez, ia ahoskatu gabeko zenbait esaldi onetsiz ala gaitzetsiz, harik eta bera txalotzeko asmo garbiarekin bildutako entzuleria zabalarengan halako haserre gero eta handiagoa eta azkenerako jasanezina piztu zuen arte. Beste kronikari batek hitzaldia bukatutakoan Fraga eta Jovellanos doktorearen artean izandako iskanbila gogorraren berri ematen zuen, entzuleriaren zati handi batek gaitzespen oihu artean aretotik hanka egiten zuenarekin batera, eta atsekabez adierazten zuen ezen Caludio Romeroren oroipen sagaratua gezurrez iraintzen zuten baieztapen ausart haien froga akabailak eman zitzan Jovellanos doktoreak egindako eskaerari, hizlariak sorbaldak jaso zituela, eskua kopetara eramanez bukatzeko, eskatutako frogak bere irudimenetik harantzagokoak ez bailiren, eta azkenik geldi-geldi geratu zela, aldeari begira, axolagabe bai entzuleriaren alde egite zaratatsuari zein gaztetxo eta zirtolari talde baten txalo eta zorion-emate zirikatzaileei, agidanean miresgarritzat jotzen baitzuten Sari Nazionala halako era berezian jasotzea.

        Handik bi ordutara Fraga landetxera heldu zenean, Ofeliak hitzik gabe luzatu zion telefono dei zerrenda luzea, Atzerri Ministeriotik hasi eta harremanik ez zuen anaia batenarekin bukatuz. Axolagabe begiratu zion izen andanari, batzuk azpimarratuak, beste batzuk gaizki idatziak. Orria eskutik labaindu eta alfonbra gainera erori zen. Jaso barik, langelara zeraman eskaileratik gora abiatu zen.

        Handik puska luze batera, Ofeliak gelan gora eta behera sentitu zuen. Oheratu eta ez pentsatzen saiatu zen. Fragaren pausuak batera eta bestera mugitzen ziren, noizik behin eten eginez idazmahai ondoan, zer edo zer kontsultatuz, zutik geldituko balitz bezala. Ordubetera eskailera jaisten entzun zuen, logelara hurbiltzen. Begiak ireki gabe, haren gorputzaren pisua nabaritu zuen, berearen ondoan ahoz gora irristatzen zela. Esku hotz batek berea estutu zuen. Ilunpean, Ofeliak musu eman zion masailean.

        — Ulertzen ez dudan gauza bakarra zera dun —esan zuen Fragak berarekin hitz egingo ez balu bezala—, zergatik berandutu naizen horrenbeste guzti hori betidanik jakin izan dudala jakiten. Ergelkeria dun medium bat naizela suposatzea, ez zeukanat zer ikusirik batere berarekin. Orain astebetera arte ez ninan berarekin batere zer ikusirik.

        — Puska batean lo egin ahal izango bahu —esan zuen Ofeliak.

        — Ez, izan ere, aurkitu egin behar dinat. Bi gauza zeudenan: ulertzen ez dudan zera hori, eta bihar hasiko dena, gaur arratsaldean jadanik hasi dena. Nireak egin din, ulertzen, ez zidatenan sekula santan barkatuko idoloa eskuetan jarri izana eta orain bertan leherrarazi eta txikitzea. Ohar hadi den-dena alukeria galanta dela, Romerok hogeigarren urteko poemarik ederrenen egile izaten jarraitzen din. Baina idoloek ezin buztinezko oinak izan, eta pinpirinkeria berorrexekin esango zidatenan lankide maiteek bihar.

        — Baina hik hire eginbeharra egia aldarrikatzea zela uste bahuen...

        — Nik ez ninan uste, Ofelia. Egin egin ninan, beste barik. Edo beste norbaitek egin zinan neure lekuan. Bat-batean ez zegonan beste biderik gau horren ostean. Egin zitekeen gauza bakarra hunan.

        — Agian hobe huen apur batean itxoitea —esan zuen beldur Ofeliak—. Horrela bat-batean, zeraren muturrean...

        «Zera» hori ministroa zen, eta Fragak ordezkoa entzun zuen ahoskatu izan balu bezain garbi. Irribarre egin zuen, eskua laztandu. Pixkanaka urak berera zetozen, oraindik ilun zegoen zerbait borrokan ari zen gailendu, zehaztu asmotan. Ofeliaren isiltasun luze, larriak lagundu egin zuen hobeto sentitzen, ilunpea begi zabal-zabalez begiratzen. Sekula santan ez zuen ulertuko zergatik berandutu zen horrenbeste guzti haren jakinaren gainean zegoela jakiten, baldin eta bera ere bilau bat zenik, Romero bera bezain bilaua zenik ukatzen jarraitzen bazuen. Liburua idaztearen ideiak berak ere gizarte-kitapenaren asmoa zekarren berekin, garaipen erraz batena, berak ondo merezia izan eta bera baino garaion zaleago ziren bete batzuek kentzen ziotenaren aldarrikapen batena. Itxuraz oso zehatza, Bizitza liburu-saltzaileen erakusleihoetan bide egiteko beharrezkoak ziren armez horniturik sortu zen. Arrakastaren aldi bakoitza zain zegoen, atal bakoitzean, esaldi bakoitzean kontu handiz prestatua. Aldi horien bere onarpen ironiko, ia etsia, gero eta handiagoa, zitalkeriaren mozorro askotariko bat baino ez zen. Bizitzaren azal kaskarraren atzean zelatan zeuden jada irratia, telebista, filmak, Sari Nazionala, Europako kargu diplomatikoa, dirua eta balakuak. Bakarrik ustekabeko zerbaitek azkeneraino itxaron zuela, zehatz-mehatz eraikitako makina haren kontra karga egiteko eta eztanda egin arazteko. Alferrikakoa zen zerbait horretan pentsatu nahi izatea, alferrikakoa beldur izatea, bere burua sukuboak hartua sentitzea.

        — Ez zeukanat zer ikusirik berarekin —errepikatu zuen Fragak, begiak itxiz—. Ez zekinat nola gertatu den, Ofelia, baina nik ez zeukanat zer ikusirik berarekin.

        Negar isilean sumatu zuen Ofelia.

        — Baina orduan okerrago dun. Larrupeko infekzio baten moduan, horrenbeste denboran maskaratua eta bat-batean lehertu eta odol ustelez zipriztintzen hauena. Gizon horren jarreraren inguruan aukeratu, erabaki beharra nuen bakoitzean, bestealdea aukeratzen ninan, berak bizirik zegoen bitartean sinetsi eragin nahi izan zuena, hain zuzen. Nire aukeraketak berarenak zitunan, nahiz eta haren bizitzan, haren eskutitzetan, herioak inguratu eta biluzten joan zen azken urte horretan edozeinek beste egia bat irakurri ahal izan. Ez ninan konturatu nahi izan, ez ninan egia erakutsi gura izan zeren orduan, Ofelia, orduan Romero ez baitzen izango neuk behar nuen pertsonaia, berak bere legenda eraikitzeko neure beharra izan zuen bezalaxe...

        Isilik geratu zen, baina den-denak ordenatzen eta betetzen jarraitzen zuen. Orain hondo-hondotik harrapatzen zuen bere Romerorekiko identifikazioak, lurraz goragoko ezerekin zer ikusirik ez zuena. Iruzurrean, bat-bateko gorakadaren gezur itxaropentsuan anaiak izanik, txikitu eta hondatu egiten zituen erorialdi zakarrean ere anaiak. Argi eta singleki sentitu zuen Fragak bera bezalako edo zein, Claudio Romero izango zela beti, atzoko eta gaurko Romeroak Jorge Fraga izango zirela beti. Iraileko gau urruti batean beldur izan zen moduan, bere autobiografia itxuraldatua zuen idatzia. Barre egiteko gogoak eman zion, eta aldi berean idazmahaian gorderik zeukan pistolan pentsatu zuen.

        Sekulan ez zuen jakiterik izan orduantxe ala beranduago esan ote zuen Ofeliak: «Axola duen gauza bakarra zera duk, gaurkoan egia erakutsi dieala». Berari bururatu ere ez zitzaion egin horretan pentsatzea, gogora ekartzea mirespen edo errespetuzko irribarretik apurka-apurka kopeta ilunera, protesta gisa besoa altxatzera iragaten ziren aurpegien aurrean mintzatua zen ordu ia sinestezin hura. Baina horixe zen axola zuen bakarra, historia osoan alderdi egiazko eta sendo bakarra; inortxok ere ezin zion kendu, iruzur eta iruzurraren eusleen gainetik lorturiko benetako garaipenaren ordu hori. Ofeliarengana makurtu zenean adatsa laztantzera, hura pittin bat Susana Márquez zela edo iruditu zitzaion, eta bere laztanak salbatu egiten zuela emakumea, eta bere ondoan eutsi. Eta aldi berean Sari Nazionala, Europako kargua eta ohoreak Irene Paz ziren, uko egin eta bertan behera bota beharreko zerbait baldin eta Romerorengan erabat hondoratu nahi ez bazuen, inprenta eta irrati-nobelako heroi izun batekin miserableki identifikaturik.

        Geroago —gauak geldo biratzen zuen bere zohardi izarretan irakinarekin—, beste karta-sorta batzuk nahastu ziren loezinaren bakar-joko amaiezinean. Goizak telefono deiak ekarriko zituen, egunkariak, bi zutabetan formal antolatutako zalaparta. Zentzugabetzat jo zuen une bakar batez ere den-dena galduta zegoela pentsatu izana, soltura eta abilezia apur bat nahikoa zuenean jokoa goitik behera irabazi ahal izateko. Dena ordu gutxi batzuetan, elkarrizketa zenbaitetan zetzan. Gogoak hartara emanez gero, sariaren ezeztapena, Atzerri ministerioren ukoa bere proposamena berresteari, tirada handien eta itzulpenen mundu nazioartekora jaurtiko zuten albiste bihur zitezkeen. Baina segi zezakeen ohean ahoz gora etzanda ere, inor ikusteari uko egin, hilabetetan landetxean isolatu, aspaldiko ikerketa filologikoak, eta adiskidetasun onenak eta jada lausotuak berregin eta jarraitu. Sei hilabeteren buruan dena ahaztuta zegokeen, eta bera garaiko kazetaririk ergelenak era miresgarrian ordezkaturik arrakastaren erakusleihoan. Bide biak ala biak ere singleak ziren, biak ala biak seguruak. Dena aukeratzean zetzan. Eta aukera dagoeneko egina bazuen ere, pentsatze hutsagatik pentsatzen jarraitu zuen, hautatuz eta bere buruari arrazoiak emanez aukeraketa horretarako, harik eta goiz-alba leihoaren kontra, Ofelia lokartuaren adatsaren kontra igurzten hasi zen arte, eta lorategiko ceiboa zehaztugabe islatu zen, orainean gatzatzen den etorkizun baten antzera, pixkanaka-pixkanaka gogortu, bere egun-argiko itxuran sartu, berau onartu eta defendatu eta goizeko argitara kondenatu egiten duen etorkizun baten antzera.

 

 

 

© Julio Cortázar

© itzulpenarena: Gerardo Markuleta

 

 

"Julio Cortázar / Oktaedroa" orrialde nagusia