LILIANA NEGARREZ

 

        Eskerrak Ramos den eta ez beste edozein sendagile, berarekin itun antzerako bat egon izan da beti, banekien jakin momentua heldutakoan esan egingo zidala edo, zuzenean esan gabe ere, ulertarazi behinik behin. Nahiko kostata hala ere, gizagaixoa, hamabost urtetako adiskidetasuna, pokerrean emandako gauak eta mendian igarotako asteburuak, betiko arazoa; baina halaxe da, benetako ordua heldutakoan horrexek askoz gehiago balio du, kontsultategian, pilulen modura koloreztaturik, esan ohi diren gezurrek baino, zainetan tantaka-tantaka sartzen ari zaidan isurkin arrosa honek baino.

        Hiruzpalau egun, esan gabe ere badakit agonia deitzen duten hori egon ez dadin arduratuko dela, txakurra poliki hiltzen utzi, zertako; fido naiteke berarekin, azken pilulak berdeak edo gorriak dirateke baina barruan beste zerbait izango dute, oraintxetik bertatik eskertzen diot loaldi luze hori, oraintxe, Ramos ohe ertzetik begira gelditzen zaidan honetan, apur bat galdurik ze egiak hustu egin baitio barrena, agure gaixoa. Ez iezaiok ezer esan Lilianari, zertako negar egin arazi garaia heldu baino lehenago, ez zaik iruditzen?. Alfredori bai, Alfredori esan diezaiokek, lanean lasaialdi bat har dezan eta Liliana eta amarekin arduratu dadin. Hi, eta esaiok erizainari bakean uzteko idazten ari naizenean, mina ahaztarazten didan gauza bakarra duk eta, hire farmakopea jakintsuaz aparte, jakina. Ah, eta kafea, bakarrik eskatutakoan ekartzeko, hain serio hartzen ditiztek gauzak ospitale honetan...

        Egia da idazteak, tarteka, lasaitu egiten nauena; horregatik izango da heriotza-zigorrera kondenatutakoek idatzitako horrenbeste eskutitz, auskalo. Libertitu eta guzti egiten naiz zenbait gauza idatziz imajinatzean, pentsatze hutsak eztarria trabatu egiten dizuten horietakoak, negar-malkoen glandulak ez aipatzearren; hitzetan beste norbait bainintzen ikusten dut neure burua, edozer gauza pentsa dezaket baldin eta segituan idazten badut, lanaren ajeak izango dira, edota burmuinean zer edo zer biguntzen hasita daukadala. Soil-soilik Liliana etortzen denean gelditzen naiz, gainerakoekin ez naiz hain atsegina izaten, asko hitz egin dezadan nahi ez dutenez, eurei uzten diet konta dezaten, hotzik egiten duen edota Nixonek McGoverni irabaziko ote dion, arkatza eskuan dudala berbetan egin dezaten uzten diet eta Alfredo bera ere konturatu egiten da eta jarraitzeko esaten dit, arazorik ez, bera ez balego bezala egiteko, badu egunkaria eta puskatxo batean geratu egingo dela oraindik. Baina emazteak ez du horrelakorik merezi, berari entzun egiten diot eta irribarretsu begiratu eta mina lasaitu egiten zait, behin eta berriro itzultzen den muxu umeltxoa onartu egiten diot, nahiz gero eta gehiago nekatzen naizen bizarra kentzen didatenean eta seguru min egiten diodala ahoan, maitte gaixoa. Esan beharra dut Lilianaren adorea kontsolamendurik handiena dela niretzat, bere begietan neure burua jadanik hilik ikusteak gelditzen zaidan indar hondarra kenduko lidake, berba egiteko eta muxuren bat itzultzeko indar apurra, bera joan eta txerto eta berbatxo atseginen errutina hasi bezain laster idazten jarraitzeko behar dudan indar hondarra. Inortxok ere ez du nire koadernoarekin sartzeko ausardiarik, ondotxo dakit burukoaren pean edota mesanotxean gorde dezakedala, nire kapritxoa da, utzi egin behar zaio, Ramos doktorearen esana, horixe utzi behar zaiola, gizajoa, horrela haizatu egiten zaio burua.

        Beraz, astelehen edo asteartean izango da, eta lurpeko tokitxoa asteazken edo ostegunean. Udara betean Chacaritak labe-gori eman behar du eta lagunartekoek gorriak ikusiko dituzte, Pincho laguna ikus dezaket bere jaka gurutzatuekin eta Acostari hainbesteko grazia egiten dioten bizkar-babes horiekin, eta beronek ere trajea jantzi beharko du, nahitaez, bota kanperen erregeak gorbata eta jaka jantziko ditu niri laguntzeko, ikustekoa izango da. Eta Fernandito, hirukote ederra, Ramos ere bai, jakina, azken unera arte, eta Alfredo ama eta Liliana besotik helduta eramanez, euren negarra lagunduz. Eta benetako negarra izango da, ondotxo dakit maite nautena, zenbateko hutsunea sumatuko duten; ez dira hiletetara joango Tresa potoloarenera joan ginen moduan, koadrilako konpromisoa eta elkarrekin pasatako zenbait oporraldi, familiarekin azkar konplitu eta bueltan berriro ere bizitzan, ahazturan. Jakina, ikaragarri gosetuta egongo dira, Acosta batez ere, munduko triperorik handiena; oinazetan egonda ere, nahiz eta neu gazte eta karrera erdian hil izana madarikatzen aritu, denok ezagun dugun erreakzioa gertatzen da, metroan edota autoan berriz sartzeko gozamentxo hori, dutxa bat hartu eta —aldi berean gosez eta lotsaz— jan, nola ukatu gau-pasen ondorengo, gaubeilako lore usainaren ondoko, zigarro andana amaigabea eta espaloian zehar emandako pasioen osteko gosea, une horietan sentitu ohi den mendeku antzerako hori, nik sekula ukatu ez dudana, hipokresia hutsa litzateke eta. Atsegin dut pentsatzea Fernandito, Pincho eta Acosta lagunak elkarrekin joango direla erretegi batera, seguru elkarrekin joango direla, Tresa potoloarenean ere halaxe egin genuen, lagunek jarraitu egin behar dute apur batean, litro bat ardo edan eta tripaki batzuk garbitu; joño, aurrean ikusten ditudala iruditzen zait, Fernandito izango da lehena txiste bat kontatzen, eta gero bere hitzak irentsi egingo ditu txorizo erdirekin batera, damututa baina berandu jada, eta Acostak zeharka begiratuko dio baina Pincho ordurako barrez lehertzen egongo da, ezin izaten dio eutsi, eta orduan Acostak, ogi-pusketa hutsa bera, bere baitan erabakiko du ez duela zertan eredu on izan behar lagunen aurrean eta barre egingo du berak ere, eta zigarro bat piztu gero. Eta luze arituko dira nitaz, hainbeste gogorapen izango du bakoitzak, apurka-apurka laurok elkartu gintuen bizitza baina, beti bezala, hutsunez betea, guzti-guztiok bizi izan ez genituen pasarteak, Acosta edota Pinchoren oroimenean agertuko dira, hainbeste urte eta farra eta amodio, koadrila. Kosta egingo zaie bazkariaren ondoren banatzea ezen orduan itzuliko baita bestea, etxeratzeko ordua, azken, betirako lurperatzea. Alfredorentzat ezberdina izango da eta ez koadrilakoa ez delako, aitzitik, Alfredo amarekin eta Lilianarekin arduratuko da eta hori ez Acostak ez gainerakoek ere ezin dute egin, bizitzak hartu-eman bereziak sortzen ditu adiskideen artean, denak etorri izan dira etxera baina Alfredorena beste kontu bat da, hainbeste on egin didan hurbiltasun hori, landare eta sendagarrien gainean amarekin izandako solasaldi luze eta gozagarriak, Pocho zoologikora edota zirkora eramaten zuen aldiak, ezkongabe astiduna, pasta kaxatxoa eta hogeitamaika ama gaixorik zegoenean, Lilianarekin zuen konfiantza lotsakor baina gardena, lagunen laguna, orain bi egun horiexek malkoak irentsiz pasa beharko dituena, agian Pocho bere basetxera eraman eta berehala itzuli ama eta Lilianarekin azkenera arte egoteko. Finean, etxeko gizonarena egitea egokituko zaio eta buruhauste guztiei aurre egitea, funerariatik hasita, hain juxtu agurea Mexikotik edo Panamatik dabilen honetan gertatu behar hau ere, auskalo garaiz helduko ote den Chacaritan hamaiketako eguzkia jasateko, agure gaixoa; beraz, Alfredo izan behar Lilianari lagunduko diona, ez baitut uste amari joaten utziko diotenik, Liliana besotik helduta, bere dardarizoaren kontra dardarka sentituz, nik Tresa potoloaren alargunari xuxurlatu nizkionak xuxurlatuz, alferrikako erretorika beharrezkoa, ez kontsolamendu ez gezur ez esaldi koherente ez diren horiek, hor egotea, besterik gabe, eta ez da gutxi.

        Eurentzat ere txarrena itzulera izango da, aurrena zeremonia eta loreena dago, euskarri eta doratuz jositako tramankulu sinestezin horren kontaktua gelditzen zaie oraindik, nitxoaren aurreko geldialdia, ofiziokoek zist-zast egindako operazioa, baina gero bueltako automobila eta —batez ere— etxea, berriro ere etxean sartu guzti hori jakinik, alegia, eguna luze joango dela telefono eta ospitalerik gabe, Ramosen ahotsik gabe Lilianaren itxaropena iraunarazteko, Alfredok kafea prestatuko du eta Pocho basetxean oso pozik dabilela esango dio, zalditxoak oso gustoko dituela eta panpinatxoekin aritzen dela jolasean, ama eta Lilianarekin arduratu beharra izango da baina Alfredok etxeko bazter guztiak ezagutzen ditu eta seguru gaubeilan geratuko dela nire langelako sofan, Fernandito behin etzanarazi genuen sofa horretan bertan, karta onik bat ere ikusi ez zuen poker aldi batek jota (gainerako bost koñakak ez aipatzearren). Horrenbeste aste pasa du Lilianak bakarrik lo eginez ze agian nekadura bera baino indartsuago izango baita, Alfredori ez zaio ahaztuko amari eta Lilianari lasaigarriak ematea, izeba Zulema egongo da kamamila eta ezki-lore ura banatzen, Lilianak bere buruari joaten utziko dio pixkanaka-pixkanaka etxeko isiltasunean, Alfredok metodikoki itxia izango baitu dena sofan etzatera joan baino lehen eta, keak eztula eragiten dionez, amaren aurrean erretzen ausartzen ez den zigarro horietako beste bat piztuko du gero.

        Izan ere, onik izatekotan horixe da, Liliana eta ama ez dira hain bakarrik egongo ez eta urrutiko sendikoek hildakoaren etxea inbaditzean sortu ohi den beste bakardade latzago horretan ere; izeba Zulema egongo da, beti goiko etxebizitzan bizi izan dena, eta Alfredo, ez balego bezala gure artean izan dena, etxeko giltza daukan laguna; lehen orduetan ezinbesteko absentzia sentitzea ez da akaso bestea bezain gogorra, besarkada sorta eta berba girnalda jasatea, alegia, Alfredo arduratuko da distantzia gorde dezaten, Ramos zatitxo baterako etorriko da ama eta Liliana ikustera, lo hartzen lagunduko die eta pilulak utziko dizkio izeba Zulemari. Momenturen batean argirik gabeko etxearen isiltasuna, elizako erlojua, kotxe bozinaren bat agian, auzoa lasaia da eta. On da halaxe gertatuko dela pentsatzea, Liliana, pittinka-pittinka, irudirik gabeko lo-antz bati amore emanez, tenk jarriko du gorputza katu-emearenak diruditen bere keinu geldoez, malkoek eta kolonia urak bustiriko burukoan esku bat galduta, bestea ahoaren ondoan lo hartu baino lehenagoko keinuan, haurtzaroaren arrastoa. Honelaxe imajinatzeak honenbeste on egiten dit, Liliana lotan, tunel ilunaren irteeran, burua nahasita oraindik, gaurko eguna agortuz eta atzoko bihurtuz doala sentitzea, gortinetako argia ez dela dagoeneko lehengo argia bera, ez dela, alegia, izeba Zulemak kutxak ireki eta kutxetatik, arropa eta belo itxuraz, kolore beltza sortu zenean bularrean jotzen zuen argi berbera, arropak eta beloak negarraldi amorratu batekin nahastuz ohearen gainean, etorkizun zegoenaren kontrako azken —eta hutsal— protesta modura. Orduan leihoko argia beste ezer eta inor baino lehenago helduko zen, ametsekin nahasturik eta azken lozorro aldian soilik —eta nekez— azalduko ziren oroimenak baino lehenago. Bakarrik, ohe eta gela horretan benetan bakarrik zegoela jakinik, beste norabide batean abiatuko zen egun horretan, Lilianak bakean egin ahal izango zuen negar, burukoa estutuz, inor lasaitzera etorriko ez zelarik, negarraldia azkenera arte eraman zezan utziz, eta askoz geroago baino ez zen —izara korapiloan mantentzen zuen iruzur lo-antzeko batez— egunaren hutsunea kafez betetzen hasiko, itxitako gortinez, izeba Zulemaz, Pochoren ahotsaz, basetxetik telefonoz deika eguzki-lore eta zalditxoen gaineko berriak emanez, bagre bat borroka latzaren ondoren harrapatutakoa, eskuan ezpal bat sartua baina ezer larririk ez, don Contreras-en ukendua jarri ziotela, kasu horietarako sendagarririk onena. Eta Alfredo etxeko sarreran zain, egunkaria eskuan zuela, amak gau ona pasa zuela esanez, eta Ramos hamabietan etorriko zela, arratsaldean Pocho ikustera joateko proposatuz, eguzki harekin merezi zuela basetxeraino joateak eta halako batean ama ere eraman zezaketela, on egingo ziola larre aldeko aldeak, agian aste bukaeran basetxean gelditzeko, eta zergatik ez denak, Pocho hain pozik egongo zen guztiak hantxe izanik. Onartzea ala ez onartzea berdin zion, bazekiten denek, eta gauzek eta goizaren iragaiteak emanez joango ziren erantzunen zain zeuden, era pasiboan sartu armozuan zein oihalgintzakoen greba baten inguruko elkarrizketa batean, kafe gehiago eskatu eta, telefonoak jotzean —azkenean konektatu egin behar izan zuten— hartu, atzerrian zen aitaginarrebaren telegrama, kale izkinan ikaragarrizko kotxe istripua, garrasi eta bozina hotsak, hiria hortxe kanpoan, ordu bi t'erdiak, ama eta Alfredorekin basetxera joan ze ezpalarena agian halako batean..., sekulan ez da jakiten ume hauekin, Alfredo bolantean, biak lasaitzen, medikua baino hobea zela don Contreras honelako gauzetarako, Ramos Mejiaren kalea eta eguzkia xarabea bailitzen irakiten babesleku hartaraino, gela handi kareztatuak zituena, bostetako matea eta Pocho bere bagrearekin, kiratsa botatzen hasita baina hain politta, hain handia, zelako borroka errekatik ateratzeko, ama, ia-ia haria eta dena puskatzen dit, benetan, ama, begiratu zelako hortzak. Album edota pelikula bat ikusten egotea bezalaxe, irudiak eta hitzak hurrenez hurren hutsunea betetzen, oraintxe jakingo duzu, andere, nolakoa den Carmenek labean egiten duen haragia, arina eta horren goxoa, letxuga entsalada eta kito, zertarako gehiago, sargori honekin hobe da gutxi jatea, ekartzazu intsektizida ze ordu hauetan eltxoak... Eta Alfredo hortxe isilik baina Pocho, eskua txaplaka Potxoren bizkarrean, hi haiz hi, arrantzalerik handiena, bihar elkarrekin joango gaituk goizean goiz eta halako batean, nork jakin, baserritar batek bi kilotako bat harrapatu omen zian. Hemen aterpean gustura egoten da, amak lo kuluxkadatxoa egin dezake zarabandan nahi izanez gero, zuzen zebilen don Contreras, dagoeneko ez daukazu ezer eskuan, erakutsi iezaguzu nola zabiltzan kolore biko zalditxoaren gainean, begira ama, begiraidazu lauhazka doanean, zergatik ez zatoz bihar gurekin arrantzan, neuk irakatsiko dizut, ikusiko duzu, ostiralean eguzki gorria eta bagretxoak, Pocho eta don Contrerasen semearen arteko lasterketa, eguerdian eltzea eta ama artaburuak zuriketan laguntzen, Carmenen alabaren inguruko aholkuak emanez, inola ere sendatzen ez zitzaion eztularekin zebilen eta, bazkalosteko lo-kuluxkada uda-usaineko gela garbi haietan, ilunpean izara latz xamar haien kontra, ilun-txinta aterpean eta eltxoak uxatzeko egindako sua, Alfredoren hurbiltasun aitortu gabea, hortxe egoteko eta Pochoz arduratzeko era berezi horrekin, dena eroso gerta zedin, baita bere ahotsak beti une egokian apurtzen zuen isiltasuna ere, eskua baso bat freskagarri eskainiz, zapi bat, irratia pizten albistegia entzuteko, grebak eta Nixon, espero izatekoa zen, hau herria, hau.

        Asteburua pasa eta Pochoren eskuan ezpalaren arrastorik apenas, astelehenean itzuli ziren Buenos Airesera, goizean goiz beroa ekiditeko, Alfredok etxean utzi zituen aitaginarrebaren bila joateko, Ramos ere Ezeizan zegoen, eta Fernandito, enkontruaren ordu horietan lagundu zuena, ona baitzen etxean beste lagun batzuk egotea, Acosta bederatzietan bere alabarekin, Pochok eta biek izeba Zulemaren etxean jolas egin zezaketen, dena bigunago edo ari zen gertatzen, atzera jo baina beste era batez, Liliana bere burua behartzen gurasoengan pentsatzera bere buruarengan baino gehiago, kontrolpean, eta Alfredo euren artean, Acosta eta Fernanditorekin zuzeneko jaurtiketak desbiatzen, elkarren artean gurutzatuz Lilianari laguntza emateko, xaharra konbentzitzen hain bidaia luzearen ondoren atseden hartzeko, banan bana alde eginez Alfredo eta izeba Zulema beste inor ez geratu arte, etxea isilpean, Liliana pilula bat onartuz, ohera eraman zezaten uzten egunean zehar behin ere amore egin barik, berehala loak hartua, zerbait azkenera arte betetzen denean gertatu ohi den bezalaxe. Goizetik Pochoren korriketak etxeko sarreran, xaharraren zapatilak arrastaka, lehenengo telefono deia, ia beti Clotilde edo Ramos, ama beroaz edota umeltasunaz kexu, izeba Zulemarekin armozuaz berba eginez, seietan Alfredo, noizbehinka Pincho bere arrebarekin edota Acosta, Pochok eta beraren alabak jolas egin dezaten elkarrekin, Laborategiko lagunak Lilianaren galde, lanera itzuli beharra zeukan, eurengatik egiteko, kimikoen beharrean zeudela eta Lilianaren faltan zirela, joateko egun erdiz besterik ez bazen ere gogobeteago sentitu artean; aurrenekoan, Alfredok eraman zuen, Lilianak ez zuen txofer egiteko gogorik, gero ez zuen beharlekurik sortu nahi izan eta automobila atera zuen, inoiz edo behin Pochorekin ateratzen zen arratsean, zoologikora edota zinemara eramaten zuen, laborategian eskertu egiten zioten txerto berriekin laguntzea, kostaldean izurrite hasialdia, berandura arte geratu lanean, lanari gustua hartzen, erlojuaren kontra taldekako lasterketa, Rosariora hogei tiradera botika-anpulu, lortu egin dugu, etxerako lanak, Pocho eskolan eta Alfredo protesta batean, neskatila-mutiko hauei Aritmetika beste era batera irakasten diete, zelako galderak egiten dizkidan, hauts eginda uzten nau, eta agure-atsoak dominoan jokatzen, gure garaian dena zen bestelakoa, Alfredok, kaligrafia irakasten ziguten, eta begira mutiko honen idazkera, hamaika ikusteko jaio gara. Liliana sofan etzanda ikusteak Alfredorentzat suposatzen zuen sari isila, begiratu bakarren bat egunkariari eta Liliana irribarrez ikusi, hitzik gabeko konplizea, agure-atsoei arrazoia emanez, urrutitik berari neskatilatxoa bailitzen irribarre eginez. Baina lehen aldiz benetako irribarrea, barru-barrutik, orduko hartan, Pochok eskolan hobetu zuela eta zirkora joan zirenean bezala, eta izozkiak jatera eraman zuten, kaialdetik paseatzera. Hasiak ziren hotz handiak, Alfredo ez zen hainbestetan joaten etxera, arazo sindikalak zeuden eta bidaiak egin behar zituen probintzietatik, batzuetan Acosta etortzen zen alabarekin eta igandetan Pincho edota Fernandito, ordurako berdin zion, mundu guztia betebehar askorekin zebilen eta egunak hain llabur ziren, Liliana berandu itzultzen zen laborategitik eta lagundu egiten zion Ponchori, hamarrekoen artean eta Amazoniako oihanean galdurik, azkenean eta beti Alfredo, agure-atsoentzat oparitxoak, inoiz ere hitzetan azaldu gabeko lasaitasun hori, sutondoan berarekin jesarri, berandu jada eta nazioko arazoez solas egin, amaren osasunaz, Alfredoren eskua Lilianaren besoan pausatuz, larregi nekatzen haiz, ez daukan bisaje onik, esker oneko irribarretxoa, uko eginez, egunen batean basetxera joango gaitun, hotz honek ezin din bizi osoan iraun, ezerk ere ezin zezakeen bizi osoan iraun nahiz eta Lilianak pixkanaka-pixkanaka besoa kendu eta zigarroak bilatzen hasi zen mesanotxearen gainean, ia zentzurik ez zuten hitz haiek, begiek elkarrekin beste modu batez topo eginez harik eta eskua berriro ere besoan labainduz, buruak elkartuz eta isilune luzera arte, musua masailean.

        Ez zegoen ezer esan beharrik, horrelaxe gertatu zen eta ez zen ezer esatekorik. Behatzen artean dardara zegion zigarroa pizteko makurtu, hitzik gabe itxaron, beste barik, akaso ez zela berbarik izango jakinik, Lilianak ahalegin egingo zuela kea irensteko eta irteten utziko zuela auhen batez, ahopeka hasiko zela negarrez, beste garai batetik, aurpegia Alfredoren aurpegitik aldendu gabe, uko egin barik eta isilean negar eginez, oraingoan berarentzat bakarrik, berak ulertuko zuen beste guzti hori tarteko. Alferrikakoa hain gauza jakinak xuxurlatzea, Liliana negarrez zen helmuga, zedarria non beste bizimodu bat hasiko baitzen. Baldin eta Liliana lasaitzea, lasaitasunera itzularaztea berori idaztea bezain erraza balitz, kaiera batean izoztutako segundoak bezalako hitzak lerroan jartzea, denboraren marrazkiak arratsaldearen iragaite bukaezinari laguntzeko, horixe bakarrik balitz, baina etorri dator gaua, eta beronekin Ramos, sinestezina Ramosen aurpegia analisi egin berriei begira, eskuturrean odol-taupaden bila, bat-batean beste pertsona bat bihurtuta, disimulatzeko kapaz ez delarik, izarak braust kenduz biluzik ikusteko, saihets aldea haztatuz, erizainari agindu ulertezina emanez, azterketa geldo, sinesgaitza, neu urrun banengo bezala nagoelarik, ia jostari, ezinezkoa dela jakinda, Ramos oker dagoela eta ez dela egia, bestea zela egia bakarra, ezkutatu ez zidan epea, eta Ramosen barre-algara, haztatzeko modu hori, onartu ezin izango balu bezala, funts-gabeko itxaropena, hau ez zidak inork sinetsiko, hi, eta ni agian horrela izan daitekeela onartzera behartuz neure burua, halako batean, nork jakin, Ramosi begira, zutitu eta berriz ere barre eginez eta aginduak banatuz erdi ilunpe eta lozorro honetan sekula ezagutu ez diodan ahots batez, pixkanaka-pixkanaka neure burua konbentzituz baietz, orduan eskatu egin beharko diodala, erizaina irten bezain laster puska batean itxoiteko eskatu beharko diodala, itxoiteko eguna argitu artean behintzat Lilianari esateko, amets horretatik, lehenengoz bakarrik ez dagoen ametsetik erauzteko, beso horietatik, lo dagoen bitartean estutu egiten duten besoetatik erauzteko.

 

 

 

© Julio Cortázar

© itzulpenarena: Gerardo Markuleta

 

 

"Julio Cortázar / Oktaedroa" orrialde nagusia