HITZAURREA

 

        Julio Cortazar: kronopioetan kronopioena

        «Gogoan daukat gazte altu baten bisita: nire bulegoan agertu eta eskuizkribu bat utzi zidan. Irakurriko nuela esan nion eta handik astebetera itzultzeko. Istorioak La casa tomada zuen izena. Bikaina zela esan nion. Nire arreba Norak jarri zizkion marrazkiak». Gazte hura julio Cortazar zen eta pasadizoaren narratzailea Jorge Luis Borges maisua.

        Julio Cortazar. Bruxellen jaioa, guraso argentinarrak, lau urterekin hara itzulia; haurtzaroa Banfield-en, Buenos Airesetik gertu. Magisteritza eta Letrak ikasten ditu Buenos Airesen. Bertako unibertsitatean sarturik, utzi egin behar du diru arazoak medio. Maisu lanak herri txikietan. Lehen liburu argitaratua, poema liburu bat, ezinenez sinatua: Presencia (1938). Geroago Cuyo-ko unibertsitatean irakasten du. Nazioko politika giroarekin ondoezik: garaiko peronismoaren kontrako militantea; uko egiten dio unibertsitateari. Zenbait aldizkaritan kolaboratzen du, ipuinekin, erreseinekin eta poesia eta narratibaren gaineko teoriarekin. Literatura itzulpengintzan aritzen da (Poe). 1951ean lehen ipuin bilduma: Bestiario. Argentinako kultur eta gizarte giroaz akiturik, alde egiten du. Aurrerantzeko ohiko bizilekua: Parisa. Unescoko itzultzaile, Europan zehar eta Europatik kanpo bidaiari. Ipuin liburu gehiago: Final del juego, Las armas secretas. Lehen nobela: Los premios (1960). 1963ean: Rayuela, askorentzat gazteleraz mende honetan idatzitako bizpahiru nobela onenen artekoa. Ideologi eboluzioa: Cubako iraultzarekiko atxikimendua, Pariseko 68an parte hartzea, Txileko kolpearen kontrako jarrera, Rusell Tribunalaren buru. Libro de Manuel, testigantza-nobela berrikuntza narratiboari eutsiz. Errelato gehiago: Octaedro (1974), Alguien que anda por ahí (1977), Un tal Lucas (1979), Queremos tanto a Glenda (1981). Azken bi liburuen egile-eskubideak Nikaraguako iraultza sandinistaren alde eman zituen. Itzultzaile lanen artean: Yourcenar, Alfred Stern, Chesterton, Gide. Parisen hil zen 1984ko otsailean.

 

        Oktaedroa

        1974an argitaratua, zortzi ipuin biltzen ditu liburu honek, baita zortzi ertz edo postura ere. Dena dela, estilo batasuna mantentzen du, errelatoaren kontzepzio oso berezi batean bildua. Cortazarren narragintza Henry James-engandik Poerenganaino doa, Borgesengandik Chejovenganaino. Baina literatur eraginek ez dute gauza handirik argituko. Kontaketa bakoitzaren garapenak eta hizkeraren erabilera orijinalak dute garrantzirik gehien lan hauetan. Izan ere, Cortazarrek sedukzio estrategia bat darabil, pertsonaien eta narratzaileen hizkeran oinarritua eta esaera, modismoen erabilera ia burlosoan. Argentinar gizatalde anitzen berbetak birsortzen ditu. Eta ipuina mundu ttiki eta bereizi baten antzera antolatzen du, barne giltza eta errepikapen sinbolikoen bidez irakurlearen konplizitatea behin eta berriz eskatuz.

        Hala dagi, elementu liluragarriak egunerokotasunaren muinean eztanda egin dezan, ohiko bilbapeen bestealdetik dauden errealitateetara jauzi egin asmoz. Cortazarren xedea gure gizaki erosoen seguritatea problematizatzea da, guregan egon eza sortuz, ikasitako eskema jakinak —eta ezkutuan ditugunak— apurtuz, «errealitatea» eta fantasiaren arteko muga ez dela hain garbia agerian jarriz, beti bilaketara, galderara, ezbaira eramaten gaituelarik.

        «Azken kontuan balio duena, nik kontatu nahi izan dudana, baieztapen zeinu bat da erdeinu eta izu-ikararen gaur eguneko gehikuntzaren aurrean, eta baieztapen horrek gizakiaren gauzarik oinarrizkoena, bizigarriena izan behar du: bere egarri erotikoa eta buruargiduna, tabuekiko askapena, elkarren artean banatutako duintasun baten eskaera, letaginez eta dolarrez jositako eguneroko ikusmuga honetatik libre izango den lur baten gainean». Cortazarren hitzak dira.

 

        Bertsio hau: itzuli, itzali gabe

        Ez dut batere asmorik euskaldun gehienek jatorrizkoan ere gozatzeko gai diren lan baten euskaratu izana zuritzen hasteko. Soil-soilik esan literatur hizkuntzen arteko hartu-emanak preserbatiborik gabeak nahiago ditudala eta —nik neuk ikasi dudana eta euskarak berak, malgutu beharrean, itzulpen honetan jasan duen bortxa osasungarria ahaztu gabe— nahikoa nukeela bat edo besteri, euskaraz argitaratu dela eta begien bistan jarria, jatorrizkoan bada ere, Cortazar irakurtzeko parada eskainiko balio ahalegin honek.

        Cortazar borroka bizian aritzen da sintaxiarekin esaldi bakoitzean. Kontaketa bakoitzerako hizkera bat asmatzen du propio. Erabileraren erabileraz sintaxi fosildua duen eta, berriz, hitzen hari semantikoak oso malgutuak dituen hizkuntzan idazten duelarik, —lehen kasuan fosilen kontra borrokan, bigarrenean aukera guztiak azken muturreraino eramanez— ahalegin handia eskatzen du itzaltzen ez eta itzultzen asmatzeko. Adibideño bat baino ez: «ráfaga de párpados» begi-kliskada andana bada, baina ez dizu segur asko tiro-andanarik gogora ekarriko. Hor koska. Tratamenduak ere aukeratu beharrak ezarri dizkit: voseoa gure hitanora ekarri dut, irakurleari zuzentzen zaionean, besterik ezean, gizonezkoena erabiliz. Emetasun guztiaz baina halabeharrez.

Gerardo Markuleta Gutiérrez

 

 

 

© Gerardo Markuleta

 

 

"Julio Cortázar / Oktaedroa" orrialde nagusia