HIRUGARREN PARTEA

 

        Agur, ene adiskide maitea. Kutxa itxita dago. Nire poltso pollit «txerri-larruz»koa, nire bidai jantzia, nire sonbrerua bilduko duen belo luzea, ni bihar noiz esnatuko zain daude, lerrokaturik, triste eta txintxo, gure diban handiaren gainean. Bideari lotua jadanik, zuregandik babesturik, neure ahuleziarengandik berarengandik babesturik, zuretzako neure lehen amodio-gutuna idaztearen poza eman nahi diot neure buruari...

        Eskutitz hau bihar goizean jasoko duzu, noiz eta Paristik irteten naizen ordu bereantxe. Laster arte bat besterik ez da, lo hartu baino lehen idatzitakoa, hain zuzen ere zuri jakitera emateagatik hain zaitudala maite, hainbesteko estimua dizudala! Bihotza erdibiturik daukat zu utzi beharrez...

        Ez ezazu ahantz hitz eman didazula «denbora guztian» idaztea eta Fossette kontsolatzea. Nik, berriz, hitz ematen dizut ekarriko dizudala Renée bat «itzul-inguruka» ibiltzen aspertua, bakardadeak argaldua eta denetik libre, zugandik ez beste, egongo dena.

                Zeurea,

RENÉE.

 

 

        ...Zubi baten itzal lasterra igarotzen da nire betazalen gainetik zeinak itxita baineuzkan eta berriro zabaltzen baititut han, trenaren ezkerretara, hain ondo ezagutzen dudan patata-sail hori, gotorlekuetako harresi goraren aurka kuzkurturikoa, ihesi joaten ikusteko...

        Bakarrik nago bagoian. Brague, lazki zuhurra bilakaturik, bigarren klasean doa troglodita zaharrarekin. Egun euritsu bat, egunsenti goibel bat bezala hits, fabriketako kea herrestan dabilen landaren gainera amiltzen da. Zortziak dira, eta nire bidaiako lehenengo goiza da. Irteeraren aztoramenari jarraitu zitzaion asperraldi laburraren ondoren, loaren zain egonarazten ninduen higiezintasun gozagaitz batean erori nintzen.

        Eseri egiten naiz, hartaz ohartzen ez naizela ere bidazti ikasiaren prestakizunei ekiteko: gamelu-ilezko burusia zabaldu, sedazko azaleko bi kuxin kautxuzkoak puztu —bata gerriarentzat, bestea garondoarentzat— eta neure buruko ile biluziak haiek bezalako belo gaztainkara baten pean gorde ... Metodikoki, artoski egiten dut hori, ezin esanezko eta bat-bateko suminaldi batek eskuak dardararazten dizkidan bitartean... Egiazko koleragorri batek, bai, eta neure buruaren beraren aurkakoak! Alde egiten dut, gurpilen itzuli bakoitzak Paristik urruntzen nau; alde egiten dut, udaberri izoztu batek haritzondoen puntan xortaka altxuma gogorrak ernarazten ditu; dena hotz dago, umel oraindik ere negu usaina darion behelaino batez; alde egiten dut, ordu honetan amorante baten saihets beroaren aurka plazerrez hordi ahal baldin baninteke ere! Iruditzen zait ezen nire suminaldiak, nigan, ona, luxuzkoa, erraza, berekoia den oro zaust irentsi beharreko irrits bat pizten duela, neure buruari aldaparik leunenetik amiltzen uzteko premia bat, besoak eta ezpainak zorion berankor, ukitzeko gisako, arrunt eta ezti baten gainean ixtekoa...

        Dena topatzen dut amorragarri arrabal ezagun hauetan, landetxe marguldu horietan non aharrausika ari baitira ator-luzez jantziriko emakume burgesak, egun hutsak laburtzearren berandu jaikitzen direnak... Hobe nuen Bragueren albotik alde egin ez banu, harekin gelditu beharko nuen bigarren klaseko konpartimentuetako gosnatu urdin zikinean, berriketa adiskidetsuaren, hamar soseko paketeetako zigarrotxoen keaz betetako bagoiko giza usainaren artean...

        Trenaren traka-trakak, gogoz beste entzuten dudanak, laguntza-lanak egiten dizkio La Dryaderen dantzaren motiboari, hisikeria maniatikoarekin ahapeka kantatzen dudanari... Noiz arte iraungo du uzkurtasuneko egoera honek? Sentitzen bainaiz ertua, ahuldua, odolustu-antza. Hala ere, neure egunik tristeenetan, nolabaiteko paisaiaren bat ikusiz gero, beti ere azkar nire eskuin eta ezkerrera ihes egiten bazuen, beti ere une batzuetan ezkutatzen bazen elorri-hesiek barreaturiko, orraztaturiko ke batez, toniko sendagarri batek bezalako eragina izaten zuen nire baitan. Hotzak nago. Goiz-parteko logura txar batek konkorturik nago, eta iruditzen zait, lokartu barik, konortea galtzen ari ote naizen, amets aritmetiko eta haur-denborakoek inarrosirik, zeinetan behin eta berriz galdera unagarri hau itzultzen den: «Heure buruaren erdia utzi baldin badun han, zer esan nahi du horrek orduan? Heure lehen balioaren ehuneko berrogeita hamar galdua dunala?»

 

 

        Dijon, apirilak 3.

        Bai, bai, ondo nago. Bai, zure gutuna aurkitu dut; bai, badut arrakastarik... Ai, ene maitea, jakin ezazu egia guztia! Zugandik alderatzean, etsipenik zentzugabeenean, etsipenik inpazienteenean hondatua naiz. Zergatik joan naiz? Zergatik utzi zaitut? Berrogei egun! Sekula ez dut orain eramaterik izango! Eta hirugarren hirian baino ez izaki oraindik!

 

                Hirugarren hirian

                Urrez, zilarrez...

                Maitaleak jantzitzen du.

 

        Ai! Maitale neurea, ez dut ez zilar ez urre beharrik, zure beharra baizik ez dut. Euria egin du nire bi lehenengo geldiuneetan, hobeki dasta dezadan neure utzikeria gorrotagarria, paper marroi eta gorrailez jantziriko hotel-hormen artean, gasak are gehiago iluntzen dituen gezurrezko haritzez egindako jangela horietan!

        Zuk ez dakizu zer den erosotasunik eza, andere Ebakitzaile Nekaezinaren seme mainatu horrek! Elkar berriz ikusten dugunean, kontatuko dizut, zu suminduraz bete eta ni gehiago maitarazteagatik, zer den gauerdi inguruan hotelera itzultzea, zenbateraino pisatzen duen azal-apainetako kutxatilak beso nekatuan, lanbro mehearen pean itxaron beharra, ate ondoan, gau-mutila astiro esnatzen den bitartean, izara gaizki lehortuekiko gela latza, hozteko astia izan duen ur beroko pitxar urria... Eguneroko bozkario horiek neurekin partiaraziko ote dizkizut? Ez, ene bihotzeko laztana, utz iezadazu neure jazargo guztia ahitzen zuri oihu egin aurretik: «Zatoz, ezin dut gehiago!»

        Giro ederra dago, bestalde, Dijonen, eta harrera herabetia egiten diot eguzki honi, aurki edekiko didaten oparia bailitzan.

        Fossette kontsolatuko duzula hitz emana didazu. Nirea bezain zurea da. Kontuan izan ez lizukeela barkartuko, ni kanpoan naizela, gehiegizko begiramendurik erakutsiko baldin bazenio. Bere bull-txakurraren senak sentimendu-urritasunik meheenari ere antzematen dio eta mindu egiten da, uzten dudanean, bihotz-biguneko beste norbait haren atsekabeaz ohartzen bada, haren gogoa handik lekoratzeko baizik izan ez baledi ere.

        Agur, agur, musu bat ematen dizut eta maite zaitudala esaten. Jakingo bazenu zein ilunabar hotza egiten duen hemen!... Zerua berde eta garbi dago urtarrilean bezala, izotz handia botatzen duenean. Idatz iezadazu, maita nazazu, kontsola ezazu zeure

RENÉE.

 

 

Apirilak 10.

        Nire azkeneko gutunak atsekabetu egingo zintuen. Ez nago pozik neure buruaz, ezta zutaz ere. Zure idazkera ederra lodia eta biribila da, eta hala ere liraina, dotorea eta kizkurra, geurean «zumitz loratua» deitzen diogun landare horren antzera; lau orrialde, zortzi orrialde, betetzen ditu «itsuki maite zaitut» batzuez, maiteminezko madarikazioez, oroimin handi suharrez. Hori hogei segundoan irakurtzen da! Eta ziur nago zu, fede onez, gutun luze bat idatzi didazulakoan zaudela. Eta gainera, nitaz bakarrik hitz egiten duzu!...

        Zeharkatu berri-berria nauzu, laztana, bertan gelditzeke zeharkatu ere, herrialde bat nirea dena, nire haurtzarokoa. Fereka luze batek bihotza estaltzen zidala iruditu zait... Hitz ematen al didazu egunen batean elkarrekin itzuliko garela? Ez, ez, zer ari naiz idazten? Ez gara hona etorriko! Ardenetan dauzkazun baso-sailek umiliatu egingo lituzkete, zure oroitzapenetan, nire haritz, orre eta haltz ondoen txaradiak, eta ez zenuke nik bezala taupaka ikusiko haien gainean, ez iturbegietako ur ilunaren gainean, ez eguzkilore garaiak apaintzen duen mendiska urdinaren gainean, miragarriro nire sorterriko gauza guztiak kateatzen dituen hortzadar lerdena!...

        Ezer ez da aldatu. Zenbait teilatu berri, gorri-biziak, besterik ez. Ezer ez da nire herrian aldatu, —ni izan ezik. Ai, ene adiskide maitea, zeinen zaharra naizen! Zinez maite al dezakezu, baina, ni bezalako emakume gazte zahar bat? Neure buruaz lotsatzen naiz hemen. Zergatik ez ote zenuen ezagutu bere txirikorda zoragarriak eta oihaneko lamiaren bere aldarte isila hemen ibiltzen zituen neskatxa lirain hura? Izan nintzen hori guztia beste bati eman nion, zu ez zinen beste bati! Barkaidazu garrasi hau, Max, nire oinazearena duzu, maite zaitudanetik zapaltzen dudana! Eta zer maite duzu zuk nigan, orain, beranduegi den honetan, ezpada aldatzen nauena, gezurra esaten dizuna, ezpada halako hostail bat iduri hanpatzen diren nire bilo kizkurrak, ezpada kohol urdinak luzatu eta itotzen dizkidan begiak, ezpada azal hautseztatu bateko gezurrezko zurbiltasuna? Zer esango zenuke ager banendi, zure aitzinera agertuko banintz neure ile lau astunak orrazturik, neure betile horailak beren gantzuetatik garbiturik, hots, amak eman zizkidan begiekin, beltzuri egiteko pronto dauden bekain laburrez koroaturiko begi gris, mehar, etzanka jarri horiekin, zeinen zolan begirada gogor eta laster batek, neure aitarena hantxe edireiten baitut, dirdiratzen duen.

        Ez ezazu beldurrik izan, ene adiskide maite horrek! Joan nintzen bezalakoa, gutxi gorabehera, itzuliko naiz, apur bat nekatuxeago, samurtxeago... Neure herriak, gainetik igarotzen dudan bakoitzean, horditasun triste eta pasakor batez sorgintzen nau, baina ez nintzateke gelditzera ausartuko. Badaiteke galdu dudalako baizik ez izatea ederra, herrialde hau...

        Agur, Max maite-maitea. Oso goiz irten behar dugu bihar Lionerantz, bestela ez baikenuke geure entseiua orkestrarekin egiterik izango eta neuk daramat neure eskupean hori, Brague, sekula nekatzen ez dena, programez, iragarkien laukiez, geure txartel postalen salmentaz, arduratzen den bitartean...

        Ai, bart arratsean L'Empriseko jantzi mehe horren pean izan nuen hotza! Hotza da nire etsaia: bizitza eta gogoa eteten dizkit. Badakizu hori, zerorren eskuetan gerizatzen baitira nire esku kuzkurtuak nola bi hosto hormaren pean! Eguzkia adina falta zaitut, ene berotasun maitea.

                Zure

RENÉE.

 

 

        Itzulian gabiltza. Jan egiten dut. Lo, ibili, mimatu eta dantzatu. Suhartasun barik, baina esfortzurik gabe. Sukar-une bakarra egun guztian:, music-halleko andere atezainari ea niretzako postarik badagoen galde egiten dudanekoa. Gutunak goseak bainengoan irakurtzen ditut, artisten sarrerako uztarri koipetsuan bermaturik, soto eta amoniako usaina dakarren haize laster kirastuan... Horri darraikion ordua izaten da denetan dorpeena, zer irakurri gehiagorik ez denean, zigiluaren data deszifratu eta gutunazala husten dudanean handik lore bat-edo, irudi bat-edo, erortzen espero banu bezala...

        Ez dut antzezten dugun hirietan erreparatzen. Ezagutzen ditut eta ez dut axolarik haiekin berriro topo egitea. Bragueri lotzen natzaio, zeina berriz ere jabetzen baita «hirixka» ezagun horiez —Reims, Nancy, Belfort, Besanzon— konkistatzaile onkotearen gisan...

        — Ikusi al dun? Ostatutxo hura kaiko kantoian zagon oraindik: baietz hangoek ni ezagutu, gaur gauean saltxitxak ardo zuritan egosiak jatera joaten garenean!

        Arnasa sakon hartzen du, kalera arlotearen alaitasunarekin jaurtikitzen da, eta harat-honat ibiltzen dendetan eta katedraletara sartzen. Nik atzetik jarraitzen diot, iragan urtean haren aurretik joaten nintzen honek. Bere errainuan narama herrestan, eta inoiz edo behin troglodita zaharra ere eramaten dugu atoian, zeina, eskuharki, bakarrik ibiltzen baita, argal, urrikalgarri bere jaka mehe eta bere galtza laburregietan sartuta... Non egiten du lo? Non jaten du? Auskalo. Braguek, horretaz galde eginik, erantzun laburra eman zidan:

        — Gogoak ematen dion tokian. Ni ez naun haren haurtzaina!

        Lehengo gauean, Nancyn, troglodita bere aldagelan ikusi nuen. Zutik, liberako ogi bati haginka ari zen, eta bi hatz artean eztiki gazta-zati bati eusten zion. Landerraren otordu hori, eta haren matrailezurren mugimendu ase-ezina... Bihotza hertsatu zitzaidan eta Bragueren bila joan nintzen:

        — Aizu, Brague, ba al dauka trogloditak zerekin bizi itzulian dabilenean? Hamabost libera irabazten ditu, ezta? Zergatik ez du hobeto jaten?

        — Dirua aurreztu egiten din, erantzun zuen Braguek. Jende guztiak aurrezten din dirurik itzulian dabiltzanean! Jende guztia ez dun Vanderbilt edo Renée Néré, ehun soseko gelak alokatu edo eta ohera zerbitzatutako kafesneak ordaindu ahal izateko! Trogloditak, dirua nik abantzatu niola eta, eszenan darabilen jantzia zor zidan: libera bat eguneko ordaintzen zidan. Hogei egun barru, gogoak hala emanez gero, ostrak jan ahal izango ditin eta hankak koktailez garbitu. Haren arazoa dun hori.

        Halako zaparrada jaso ondoren, isilik geratu naiz... Eta nik ere «aurrezten dinat», ohituraz lehendabizi, eta gero neure lankideen antzera egitearren, ez ernatzeagatik ez haien espak, ez haien mesprezua. Maxen neskalaguna al da «brasserie lorraine» bateko ispilu keztatuak islatzen duen afaldar hori, alegia betzulo handiak, okotsaren pean belo handi bat lotua eta oso-osorik, sonbrerutik botin hautseztuetaraino, ez hemengo ez inongo direnen eite ezaxol, bare eta ezkibel hori duen emakume bidaiari hori? Maxen amorantea al da, kimono arrosa baten barruan erdi-biluzik, besarkatu egiten zuen maitale distiragarri hura, gerruntze eta gonazpizkotan, alegia, Bragueren kutxan, biharamuneko atorra eta barneko arropa bilatu eta bere pilda lentejueladunak gordetzera etortzen den emakume komendiante nekatu hori?...

        Egunero neure adiskidearen gutuna itxaroten dut. Egunero kontsolatzen nau eta egunero huts ematen dit, batera. Argi idazten du, baina, hori igarri egiten da, erraztasunik gabe. Haren idazkera eder apainduak eskuaren oldea gibelatzen du. Eta gero bere samurtasunak trabatzen du, eta bere tristurak, eta inozoki kexatzen da horretaz: Ehun bider esan izango dizudanean maite zaitudala, eta ikaragarri haserre nagoela zurekin utzi egin nauzulako, zer besterik esango dizut? Ene emazte maitea, ene andretxo mari-maistra, barre egingo duzu nitaz, baina bost axola zait hori... Anaia Ardenetara doa, eta nik lagundu egingo diot: idatz iezadazu Salles-Neuves-etara, amarenera. Diru bila noa, geuretzako dirua alegia, geure etxearentzakoa, maitetxo neurea!

        Horrela kontatzen dizkit egin eta gertatzen zaizkionak, iruzkinik gabe, apaingarri barik. Bere bizitzari lotzen nau eta bere emazte deitzen. Haren arreta beroa, sumatzen ote du hori, hotz-hotza iristen zait paper honetan, idazkera ondo orekatu batek itzulia: hain urruti, zertarako balio izango digute hitzek? Beharrezkoa litzateke... ez dakit... beharrezkoa litzateke marrazki sutsuren bat, kolorez suharturik...

 

 

Apirilak 11.

        Akabua da hori! Orain kartak botatzeko esaten diozu Blandineri! Galduta zaude, laztana! Neska horrek, etxetik alde egiten dudan bezain laster, hondamendirik bitxienak iragarri ohi ditu. Itzuliz irteten baldin naiz, katu eta sugeekin, ur uherrarekin, arropa tolestuarekin, egiten du amets, eta Renée Nérék (hirustaren damak) Mutil Gazte Faltsuarekin, Militarrarekin eta Baserriko Gizonarekin izaniko abentura trajikoak irakurtzen ditu kartetan! Ez iezaiozu kasurik egin, Max: konta itzazu egunak nik egiten dudan bezala, eta egin irribarre —oi!, hautemanezinki sudur-hegalak zimurtzen dizkizun irribarre hori!— lehenengo astea ia amaituta dagoela pentsatuz...

        Hilabete eta lau egunen buruan, gaztigatu egiten dizut, nik, «bideari lotuko» naizela «Bihotz hutseko gizona»rekin batzeko eta «poztasun handi bat izango duzula», eta Mutil Gazte Faltsua «minberatua» izango dela, hala nola «Bizitza gaiztoko emakume» misteriotsua ere, Koadrodun Soinekoko Dama aipatu dut.

        Lionen gara bost egunerako. Atsedenaldia dela esaten duzu? Bai, atsedenaldia deitzen baldin badiozu, behintzat, hurrengo lau goizetan, egunero-egunero, asaldaturik esnatu ahal izateari, egunsentian, trena galtzeko beldur eroarekin, gero atzera ohe gainera erortzeko, loak ihesi egiten dion alferkeria higuindu batekin, eta luzaroan entzun iratzartzen neure inguruan neskameak, txilintxak, kaleko ibilgailuak! Askoz ere okerragoa da, laztana, egunero argi-hastearekin abiatzea baino! Iruditzen zait, neure ohearen hondarretik iruditu ere, ni alde batera uzten nauen berrabiatze bat ikusten dudala, mundua ni gabe hasten dela berriro «itzulikatzen»... Eta gero, neure ohearen hondarretik ere zaitut gehien faltan sumatzen, neure oroitzapenen aurkako hesi-babesik gabe, asperdurak eta ezintasunak estekaturik...

        Oi, etsai maitea, bost egun hauek hemen elkarrekin igaro genitzakeen... Ez pentsa erronka bat denik: ez dut nahi etor zaitezen!... Et-et-et! Ez naiz hilko horregatik, zer demontre! Sinetsirik zaude beti zure faltagatik hilik nagoela dagoeneko! Nire baserritar eder hori, lokarturik baino ez nago, neguko loan...

        Ez du euririk ari, epel dago, sargori, hits, Lioneko eguraldi ederra oso. Zerbait ergel xamarra da nire gutun guztietan agertzen diren eguraldiaren berri hauek; baina bazeneki nola, itzuliz gabiltzanean, gure zortea eta gure aldartea zeruko koloreari atxekita dauden! «Giroa astun, sakela arin», esaten du Braguek.

        Lau urte honetan, zazpi-zortzi bat aste igarota nago Lionen, adiskide neurea. Eta nire lehenengo bisita Saint-Jean'eko parkeko oreinei egin nien, begirada motz eta samurreko oreinkume txiki ilehoriei, alegia. Hainbeste dira, hain bata bestearen antzeko, non ezin dudan bat aukeratu: burdinsarean zehar jarraikitzen zaizkit, lurra ferekatzen duen trostatxo batekin, eta ogi beltzaren eskean hasten marraka garbi, setatsu eta izuti batez. Soropilaren urrina, lur harrotuarena, hain da sakona lorategi honetan, egunaren amaieran, aire geldiaren pean, aski bailitzateke ni zugana eramateko ihes egitera saiatuko banintz...

        Adio, laztana. Neure motako alderraiak topatuak ditut Lionen, han eta hemen ezagututakoak. Esaten badizut ere bati Cavaillon, kantari komikoa, deritzola, eta besteari Amalia Barally, komediako zuzendaria, lehen bezalaxe geratuko zara! Alabaina, Barally adiskidea dut ia, hiru agerraldiko pieza bat jokatu baikenuen elkarrekin, Frantziako inguru guztian, duela bi urte. Emakume bat eder izana, beltzarana eta zorrotza duzu, eskarmentu handi-handikoa eta mundu osoko ostatuak beren izenez ezagutzen dituena. Opereta kantatua da Saigonen, komedia jokatua Kairon, eta ez dakit zein khediveren gauak alegeratua...

        Dastatzen dut harengan, miseriari gogor egiten dion bere alaitasunaz beste, umore babes-emaile hori, zaintzeko trebetasun hori, jestu maitagarriko amatasun hori, emakumeak zinez eta sutsuki maitatu dituzten emakumeen ondarea bera: ezin adierazizko liluragarritasuna gordetzen dute, eta zuek, gizonezkook, sekula atzematen ez duzuena...

        Jainko maitea, hauxe da zuri idatzi beharra! Neure denbora guztia emango nuke zuri idazten; lan gutxiago ematen dit, nik uste, zuri hitz egiteak baino. Besarka nazazu! Gautu egin du ia, ordu gaiztoa da. Besarka nazazu gogor, gogor eta tinko!

                Zeure

RENÉE.

 

 

Apirilak 15.

        Zein atsegina zaren, laztana! Horixe da burutazio ona! Mila esker, mila esker bihotz-bihotzetik argazki gaizki garbitu, hiposulfitoz horitutako horrengatik: Zoragarriak zaudete biok, maitetxo neureak. Eta horra non ezin dizudan gehiago errietan eman Fossette nire baimenik gabe Salles-Neuves-etara eraman izanagatik. Hain du pozik ematen zure besoetan! Argazkilarientzat jartzen duen aurpegia jarria du, borrokalari indartsuarena, Urrezko Gerrikoaren jabe denarena, bezalako muturra.

        Argi dago —ezagutza jeloskor samar batez egiaztatzen dut— une horretan ez zela inolaz ere nitaz oroitzen. Baina zer ametsetan zebiltzan zure begiak, nik ikusten ez ditudanak, aitakiro Fossetterengana apaldutakoak? Zure besoek txakurtxo horren inguruan erakusten duten baldartasun samurrak bihotzean jo eta poztu egiten nau. Zuen portreta hau beste biekin batean ipintzen dut, larruzko paperzorro zaharrean, badakizu, zuk halako itxura misteriotsu eta susmagarria aurkitzen diozun horretan...

        Bidal iezazkidazu beste argazki batzuk, mesedez! Lau ekarri dizkidazu, alderatu egiten ditut, aztertu egiten zaitut, lupa batekin, argazki bakoitzean aurkitzeagatik, azken-ukituen leundura eta argi landuen azpian, zure izaite sekretuaren apur bat... Sekretua? Ez, alafede, ez, ezertxo ere ez da zugan engainagarririk. Iruditzen zait edozein usakumek nik bezain ondo ezagutuko zintuzkeela begiratu batez.

        Hitz bat bera ere sinetsi gabe esaten dut hori, badakizu? Izan ere bada, nire bihurrikeriaren pean, zu xumetzeko, zugan etsai zaharra apalarazteko gutizia itsusi txiki bat: halaxe deitzen diot, egundainotik, nire jabe izatera deitutako gizonari...

        Egia al da badaudela hainbeste eguerdi-lili eta hainbeste bioleta zure basoetan? Ikusita nago, bioletarik, Nancyko partean, zeharkatzen nuen bitartean Sortaldeko herrialde menditsu hori, izaiek urdindua, uhalde bizi eta dirdiratsuek ebakia, non ura beltz berdekara baita. Zu al zinen mutilaundi hura, zutik, zangoak biluzik, ur izoztuetan amuarraitan zebilena?

        Agur. Bihar Saint-Etiennerantz joango gara. Hamondek ez dit ia idazten, zuri kexatzen naiz. Ahalegin zaitez niri asko idazten, neure maite bihotzekoa, Hamondi kexa ez nadin! Besarkada bero bat...

RENÉE.

 

 

        Berthoux'-enean —artistentzako restaurant batean— afaldu berriak gara, Barally, Cavaillon, Brague, ni eta troglodita, neuk gonbidatuta etorri dena. Honek ez du hitzik egiten, jatea besterik ez dauka gogoan. Komerilari-afari horietakoa izan da, zaratatsua, alaitasun faltsu samar batek animatua. Cavaillonek Moulin-à-Vent-eko botila bat ordaindu du.

        — Aspertu egin behar duk gero hemen, adarra jotzen zion Braguek, halakoxe mama goxoa pagatzeko!

        — Heuk esan duk! Erantzun dio lehor Cavaillonek.

        Cavaillonek, gazte eta music-hallean ospetsu dagoeneko, denen inbidia pizten du. «Dranemek beldurra omen diola», «nahi duena irabazten omen duela», esaten dute hari buruz. Bizpahiru aldiz topatua dugu bere bidean hogeitabi urteko mutil luze hori, giza-suge gisa, hezurgabea bailitzan, ibili eta eskumutur erkin batzuen buruan hain ukabil pisuak kulunkatzen dituena. Aurpegia polita dauka ia, kopeta gainera moztutako ile horien pean, ordea haren begirada uher malba-kolore eta herratuak, neurastenia gogorra, eromena ia, salatzen du. Haren ohiko esana da: «Nireak egin du!» Egun guztian egoten da bere numeroaren orduaren zain, eta hark irauten dueino ahaztu egiten du, dibertitu egiten da, berriro gazte bihurtu eta publikoa txoratzen du. Ez du edaten, ez da farrandan ibiltzen. Bere dirua inbertitu egiten du, eta aspertu egiten da.

        Barally, Célestins-etan denboraldi bat «egiten» ari dena, horditu egin zaigu hizketan iharduten, barre egiten, bere hortz ederrak erakutsiz, bere gazte-denborako festaldi izugarriak kontatzen. Orain dela hogei urteko teatro kolonial haien berri ematen digu, Saigonen opereta kantatzen zuenean, petroliozko zortziehun lanparak argituriko areto batean... Sosik gabe, zaharturik dagoeneko, emakume bohemiar bat antigoalekoa, zentzaezina eta begikoa bilakatua dago...

        Afari atsegina, edonola ere: mahai txikiegiaren inguruan pixka bat berotu, pixka batez estutu, eta gero agur!, damurik gabeko agurra: bihar izango da, bertan izango da, baina elkar ahaztuko dugu... Bagoaz, noizbait joan ere! Bost egun Lionen amaiezinezkoak dira...

        Cavaillonek Kursaalera lagundu digu; goizegi da berarentzat, hamar minutuan makilatzen da-eta, baina itsatsi egiten zaigu, bakardadeak janda, atzera mutu eta goibeldua. Trogloditak, txoraturik, epelduxe, izarrei kantatzen die, eta ni ametsetan nabil, itsasoko zurrunga batekin altxatu eta Rodanoko kaitik gora datorren haize beldurgarria entzuten dut. Zer dela eta nabil gaur gauean kulunkatzen itsaski ikustezin baten gainean, itsasoak ur-azalera ateratzen duen itsasuntzi bat iduri? Munduko beste alderaino bogan egiteko gaua da. Masailak hoztuta dauzkat, belarriak izoztuta, sudurra bustita: nire barruko animalia guztia bizkor, sendo, menturazale, sentitzen da... Kursaaleko atalaseraino, non sotoko epeltasun lizunak nire birika garbiak itotzen dituen.

        Burokraten antzera muzin, artisten aldagela bitxi, batera probintzietako mandio eta neskameentzako ganbara izan eta paper eskax, arre eta zuri batez jantziriko horietarantz joan ginen... Cavaillon, eskaileran planto egin diguna, bere aldagelan dago jadanik eta nik hantxe ikusten dut, azal-apainen arasaren aurrean eserita, ukondoez bermaturik, burua eskuen artean. Braguek esaten didanez, horrela ematen omen ditu komikoak bere arrastiri ilunak, eroririk, isilik... Ikaratu egiten naiz. Uxatu egin nahi nuke bere begitartea gordetzen duen gizon jezarri horren oroitzapena. Beldur naiz haren antza izatea, porrot eginda eta errukigarri, gure erdian galdurik, bere bakardadeaz jakitun...

 

 

Apirilak 18.

        Ahantziko zaitudala beldur zara? Gauza berria, gero! Max kuttuna, ez zaitez hasi «lilitxoarena egiten», nik diodan bezala! Neure gogoan zaitut, hain arreta biziaz begiratzen dizut, urrundik, non, tartean-tartean, misteriotsuki behar baituzu horretaz ohartu. Ez da hala? Urruntasuna gaindi, sakonki, horretaz nekatzen ez naizela, so egiten dizut. Hain zaitut ondo ikusten! Oraintxe argitzen zaizkit gure mamitasun lasterraren orduen sekretu guztiak eta oraintxe argitzen ditut gure hitz guztiak, gure isiltasun guztiak, gure begiradak, gure keinuak, euren irudizko eta musikazko indar guztiarekin zintzoki jasoak... Eta koketeatzeko aukeratzen duzun garaia da, hatz bat ezpain-txokoan: «Ahantzi egiten nauzu! Nigandik urrunago nabaritzen zaitut!» Oi! Maitaleen bigarren bizitza!

        Aldentzen naiz, egia da, adiskide neurea. Avignon igaro berriak gaude eta atzo, ordu biko loaldi baten ondoren trenean esnatutakoan, bi hilabetez lo eginda nengoela iruditu zitzaidan; udaberria neure bidera etorria nuen; maitagarrien ipuinetan iruditzaken duguna bezalakoxe udaberria; Hegoaldeko udaberri oparo, ilaun, itsugarria; udaberri mardul, erna-berri, bat-bateko berdetasunekin jalgia, haizeak kulunkatu eta dirdirarazten dituen belar jadanik handituekin, Judeako zuhaitz malbekin, amitz grisen koloreko asto-liliekin, zurbeltz-aizunekin, marratsekin, arrosekin!

        Lehenengo arrosak, ene adiskide maitatu hori! Avignoneko geltokian erosi ditut, erdi-zabalduak ozta, gorriminez areagoturiko horitasun azufrekara batekoak, odol biziak tindatutako belarriaren antzo zehargiak eguzkitan, hosto guriz, koral leunezko arantza okerrez apainduak. Hortxe daude nire mahai gainean. Mertxikaren, bainilaren, gain-gaineko zigarroen, baratza landuaren usain gozoa zabaltzen dute, —zure esku lehor eta beltzaranen usain berbera, Max... Ene adiskide maitea, urtaro berri honek, zeru indartsu eta gogor honek, eguzkiak urte guztian laztantzen dituen harri horien urreztadura bereziak, lilura eta biziberri nazan uzten dut... Ez, ez, ez zaitez nitaz errukitu arginabarrean partitzeagatik, arginabarra, herri honetan, ihesi joan baitoa, biluzik eta izioturik, zeru esnetsu, kanpai-hotsek eta uso zurien hegaldiek haizeztatu batetik...Ene! Uler ezazu, arren, ez didazula gutun «landu»rik idatzi behar, ez duzula zer idazten duzun pentsatu behar! Idatz edozer gauza, eguraldiaren kolorea, esnatzen zareneko ordua, zeure umore txarra «soldatapeko komeriante»aren aurka; bete itzazu orrialdeak eta orrialdeak deika ari den txori maiteminduaren txilioaren antzo errepikatu hitz samur berarekin. Ene maitale kuttuna, beharrezkoa dut hire desordenak lurra zapartarazi duen eta bere presagatik beragatik ahitzen den udaberri honen desordenari erantzun diezaiola...

 

 

        Oso gutxitan berrirakurtzen ditut neure gutunak. Azken hau berriro irakurri eta joatera utzi dut, huts bat, oker bat egiten ari nintzen eta gutuna, berriz, irakurri beharko ez zukeen gizon batenganantz zihoalako irudipen estrainioarekin ... Burua doi bat zoraturik daukat, Avignon ezkeroztik. Lanbroko herriak aienatu egin dira han, mistralak makurtzen dituen alzifreen gortinen atzean. Egun hartan, bagoiko kristal beheititutik, lezka garaien firfira sedatsua sartu zen eztiaren, pinuaren, kimu bernizatuen eta amatxi-lili botoidunen usainarekin batean, amatxi-lilien loratu aitzineko lurrin garratz, termentina eta almendra nahasten dituen horrekin batean, alegia. Gereziondoek itzal more-kolorea ematen dute lur gorriska, egarriz arrailtzen hasiaren gainean. Trenak erditik zein hegitik igarotzen dituen bide zurien gainean halako hauts kleratsua dabil lur-arrasean zirimolaka lahardiak hautseztatuz... Belarrietan sukar atsegin baten zurrumurruak, urrutiko erlakume batena bailitzan, burrunbatzen dit etengabe...

        Gerizarik gabe, lurrin, kolore, berotasun parrastada horren, hargatik sumatutakoaren, eraginaren pean, txunditzera, txoratzera, limurtzera uzten dut neure burua. Posible ote da halako goxotasun batek arriskurik ez izatea?

        La Canebière sorgorgarria pil-pilean dabil nire oinetan, balkoiaren azpian; la Canebière, ez egunez ez gauez atsedenik hartzen ez eta alferrerian ibiltzeak eginkizun baten garrantzia, eginkizun baten segurtasuna, bereganatzen duena. Makurtuz gero, kalearen bukaeran, itsas-soken denteila geometrikoaren atzean, portuko ura ikus dezaket ñirñirka, itsas zati urdin lodi bat, olatutxo laburrekin dantzatzen dena...

        Nire eskuak, balkoiaren ertzaren gainean, nire adiskidearen azken eskutitza zimurtzen du, Lionetik bidali nion gutunari erantzunez idatzitakoa. Gogoratzen du bertan, bat ere harira ez datorrela, nire lankide Amalia Barallyk ez zituela gizonak gogoko. Ezin egon izan da, den izaki «normal» eta «neurri oneko» gisa, nire lagun zaharra, iseka eginez, piska bat iraindu gabe eta ulertzen ez duena «bizio»tzat jo gabe. Zertarako hari hori esplikatu?... Bi emakume elkarri lotuak talde lizunkoi bat baino ez dira sekula izango harentzat, eta ez bi ahultasunen irudi malenkoniatsu eta hunkigarria, menturaz bata bestearen besoetan aterbetu baitira bertan lo egiteko, bertan negar egiteko, askotan zitala izan ohi den gizon batengandik ihes egiteko eta, ezein atsegin baino hobea bera, biak berdinak, ñimiñoak, ahantziak direla sentitzearen zorion mingotsa dastatzeko... Zertarako idatzi eta defendatu eta eztabaidatu?... Nire adiskide boluptuosoak amodioa baino ez du ulertzen...

 

 

Apirilak 24.

        Ez ezazu hori egin! Ez ezazu hori egin, arren eskatzen dizut! Hona gaztigatu gabe agertu! Ez zenuen hori benetan egiterik pentsatuko, ezta?

        Zer egingo nukeen, orain dela bost hilabete Empyrée-Clichyn bezala, itsumustuan neure aldagelan sartzen ikusiko bazintut? Jainkoarren, neurekin gordeko zintuzket, ez ezazu zalantzarik izan. Horrexegatik ez duzu etorri behar! Neurekin gordeko zintuzket, ene maite laztana, neure bihotzaren ondoan, neure bular hain laztanduaren ondoan, musurik ematen ez diotelako zimeltzen ari zaidan ahoaren ondoan. Ai! Nola gordeko zintuzkedan!... Horrexegatik ez duzu etorri behar...

        Ez ezazu atzera aipa gure bion adore berriz hartu beharra, gure bion batak besteagan indarra atera beharra berriro banantzeko. Utz nazazu bakarrik neure lanbidean, zuk atsegin ez duzunean. Tira, hogei egun soilik falta dira itzuli nadin! Utzidazu neure itzulia bukatzen, hala-holako soldadu-kontzientziarekin, emakume langile prestuaren ardurarekin, zorionarekin nahastu behar ez denarekin... Hire gutunak izutu egin nau, laztana. Sartzen ikusi behar zintudala uste nuen. Saia zaitez zeure neskalaguna ez hondatzen, ez iezaiozu parrastan eman ez atsekabe ez bozkario ustegabekorik...

RENÉE.

 

 

        Oihalezko gerizpeak hegalak astintzen ditu gure gainean, itzalez eta argiz haizeztatuz bazkaldu berriak garen portuko restauranteko terraza. Brague egunkariak irakurtzen ari da eta, aldian behin, oihuz hasi eta berekiko mintzatzen da. Ez diot aditzen. Apenas ikusten dudan. Ohitura jadanik aspaldiko batek ezabatuak ditu gure artetik jendetasuna, maitakeria, lotsakizuna, gezur guztiak... Itsaslakatzak, tomateak, bakailaoa Probentzako erara, jan berriak ditugu. Gure parean, untzien saihetsa miazkatzen duen itsaso oliotsuaren eta terraza hau ixten duen egur zulatuzko kalostraren artean, bada galtzada-zerrenda bat non jende lanpetuak igarotzen baitira alferren aurpegi zoriontsuekin; badaude lore freskoak, porruen antzera sortetan estuki lotutako krabelinak, suil berdeetan uretan sartuak; saskitxo bat badago eter usaina darien banana beltzekin leporaino betea, eta maskorrak itsas urez zurrustaka, itsaslakatzak, itsaspikuak, txirlak, muskuilu urdinak, txirla handiak, limoien eta hozpin gorriko botilatxoen artean...

        Eskua mahai gainean izerditzen ari den pozale zuri, meloi bat irudi bordatuaren sabelean freskatzen dut. Hor dagoen guztia nirea izan eta nitaz jabetzen da. Bihar ez dut irudi hori neurekin eraman uste izango, baina iruditzen zait nire errainu bat, nigandik hosto baten antzo bereizirik, hemen geldituko dela, nekeak apur bat konkorturik, haren esku gardena pozale ikustezin baten hegalean zabaldua eta pausatua...

        Neure erreinu aldakorrari begira nago, hura galtzekotan egon banintz bezala. Hala ere, ezerk ez du bizitza ibiltari eta erraz hau mehatxatzen, gutun batek ez bestek. Hortxe dago, nire poltso txikian. Hara! Nola idazten duen, nire lagunak, nahi duenean! Horixe da gauzak argiro adieraztea! Honatx, zortzi orrialdetan, noizbait ere amodio-gutun bat egiazkoa dei dezakedana. Badu amodio-gutunen koherentziarik eza, ortografia bizpahiru aldiz herrena, samurtasuna eta... nagusitasuna. Nagusitasun bat hauta, ni, nire etorkizun, nire bizitza labur osoarekin zer egin xedatzen duena. Ausentziak bere lana egin du: ni gabe sufritu du, gero gogoeta egin du eta irauteko moduko etorkizuna antolatu, ezkontza eskaintzen dit, esparru bat horma sendoz inguraturikoa eskainiko lidakeen legez...

        Amak oihu piska bat egin du, bai, baina oihu egiten uzten diot. Nahi dudan guztia egin izan du beti. Zeureganatu egingo duzu, eta gainera, hain denbora gutxian egongo garenez harekin! Bidaiak atsegin dituzu, ene emazte laztan horrek? Aspertzeraino izango dituzu, bada; lur-jira guztia izango duzu zeuretzat, harik eta azkenean geuretzako txoko txiki bat baizik nahiko ez duzun arte, hantxe ez baitzara berriz Renée Néré izango, Neure Emazte Anderea baizik! Vedette hau nahitaez izan beharko duzu aski!... Prestatzen hasia naiz, bada...

        Zer hasi ote da, bada, prestatzen?... Tipula-paperezko orrialdeak zabaltzen ditut, diru-paperaren hotsa ateratzen dutenak: etxe-alda prestatzen hasia da; ezen anaiareneko bigarren solairua garçonnière duin bat besterik ez da sekula izan... Zeredozeren bila dabil Pergolèse kalearen ingurunetan...

        Barregura zakar batek bultzaturik, gutuna maspiltzen dut garrasi egin ahala:

        — Eta? Niri ez al zait iritzirik eskatzen? Zer bilakatzen naiz ni honetan guztian?

        Braguek burua altxatzen du eta gero berriro bere egunkaria hartzen, hitzik esan gabe. Haren zuhurtzia, zentzutasuna eta soraiokeria era berdinean neurtzen dituena, ez da horren gauza gutxirekin harritzen.

        Ez nenbilen gezurretan, Maxi, duela bi egun, idazten nionean: Hain zaitut ondo ikusten, orain, urruti nagoeneko honetan! Non ez dudan ondoegi ikusten!... Gazte, gazteegi niretzat, lanik gabe, bere-eskuko, bihotz-bera, inondik ere, baina mainatu: «Amak nahi dudana egin izan du beti...» Entzuten dut haren ahotsa hitz horiek esaten, haren ahots eder iluna, ñabartua, gatibagarria, eta teatralkiro landua bezalakoa, hitzak edertzen dituen haren ahotsa, entzuten dut, deabruaren oihartzuna bailitzan, nire oroitzapenen zolatik, hilik, igotzen den beste ahots bat: «Ez da oraino jaio gaina hartuko didan emakumea!...» Baliteke kointzidentzia hutsa izatea... baina nago, dena den, kristal-zati txiki zorrotz bat irentsi berria naizela...

        Bai, zer bilakatzen naiz ni honetan guztian? Emakume zoriontsu bat?... Larderiaz nire «gela beltz» kuttunean sartzen den eguzki horrek pentsatzea eragozten dit...

        — Banoa, Brague: nekatuta nago.

        Braguek bere egunkariaren gainetik begiratzen dit, burua sorbaldaren alde batera makurturik, bere zigarrotxotik, ezpain-txokoan erdi-itzalirik, goratzen den ke-arrastoa saihesteko.

        — Nekatuta? Ez haiz gaixorik egongo? Larunbata dun, badakin! «Eldo»-ko publikoa bero-bero eginda egongo dun: eutsi egin behar dion!

        Ez dut hari erantzuteko gogorik. Zer uste du, hasiberria naizela ala? Ezagutzen dugu, bada, Marseillako publiko hori, suminkor eta apatza, lotsakortasuna mesprezatu eta harropuzkeria zigortzen duena, eta nork bere indar guztiekin hari eman gabe bereganatzerik ez dagoena...

 

 

        Arropa eranzteak, hogei aldiz garbitutako shantung urdinskazko kimono baten freskotasuna azalaren gainean sentitzeak, nabaritzen hasita nengoen buruko mina hastantzen didate. Ez naiz ohean etzaten, loak hartuko nauen beldurrez: ez naiz atseden hartzera etortzen hona. Besaulki batean belauniko, leiho zabalaren ondoan, ukondoekin bermatzen naiz bizkarrean, oinutsak bata bestearekin ferekatuz neure atzean. Berriro hasi naiz zenbait egunetik hona —aspaldiko ohitura bera— mahai baten ertzean jartzen, zeharka esertzen besaulki baten beso baten gainean, luzaz egoten jarrera nekagarrietan eserleku behartuetan, bidean egiten ditudan geldiune laburrek gauzak taxuz antolatzerik, behar bezalako pausalekurik merezi ez balute bezala... Etzaten naizen gelak ikusita, ordu laurden bateko sartua naizela ematen du, berokia hemen botata, sonbrerua han... Trena da txukunzalekeriak jota nagoela ageri zaidan tokia, hantxe neure gauzen artean nagoela: nire poltsoa, nire bide-estalki bildua, nire egunkarien eta nire liburuak, nire lo zurrunari eusten dioten kautxuzko kuxinak, emakume bidaiari zailduaren lo lasterra bera, nahaspiltzen ez didana ez serora-burukoen modura lotutako nire beloa ez orkatilen arraseraino jaitsitako nire gona.

        Ez dut atsedenik hartzen. Gogoeta egitera behartu nahi dut neure burua, eta gogoa bihurritu egiten zait, eskapatu, ihesi doazkit balkoian eroritako inar batek zabaltzen dion argizko bidetik, eta badoa han beheiti, teila berdeko teilatu mosaikodun baterantz, hantxe gelditzen delarik haurren antzera isla batekin, hodeien itzal batekin, jolasteko... Borrokan egiten dut, neure burua zigortu... Gero amor ematen dut minutu batez, eta ekiten berriro. Halakoxe gudukak dira nire gisako iheslariei begi horiek hain zabalak, hain geldiak beren begirada amu ikustezin batetik apartatzen, ematen dizkietenak. Emakume bakartiaren soinketa goibela...

        Bakartia! Zer behar dut pentsatu, neure maitaleak deika egiten didanean, bizitza guztiko nitaz erantzuteko gertu?...

        Ez bada jakin, ordea, zer esan nahi duen «bizitza guztiak». Orain dela hiru hilabete, ulertu gabe esaten nituen hitz beldurgarri horiek: «hamar urte», «hogei urte». Oraintxe da ulertzeko garaia! Neure maitaleak bere bizitza eskaintzen dit, gizon gaztearen, hogeita hamalau urte nonbait han —nik adina— dituenaren, bere bizitza ustegabeko eta eskuzabala. Ez du nire gaztetasunaz dudarik egiten, ez du ikusten bukaera, —nirea. Haren itsutasunak aldatzeko, zahartzeko eskubidea ukatzen dit, aldi orok, joandako aldiari gehituta, harengandik aldaratzen nauen bitartean...

        Oraindik badut zertaz egin haren atsegina, are hobe: zertaz liluratu. Erantz dezaket aurpegi hau, mozorroa kentzen den bezala; badut beste bat ederragoa, erdi ikusi egin duena... eta beste emakume batzuk apaintzen diren bezala eranzten naiz ni: usatua —Taillandyren modeloa izan bainintzen dantzaria izan aurretik— biluztasunaren arriskuak porrokatzera, biluzgorriz ibiltzera nola argiaren pean hala soineko nahaspilatsu batzuen azpian. Baina... zenbat urtetako nago armaturik oraindik?

        Nire adiskideak bere izena eta bere ondasunak eskaintzen dizkit, bere amodioarekin batean. Ezbairik gabe, nire nagusiak, halabeharrak, gauzak ondo egin eta behingotik sariztatu egin nahi dit eskaintzen diodan jaurespen gutiziatsua. Ustegabekoa da, eroa da, zera... apur bat gehiegizkoa da!

        Gizon prestu maitea! Urduri-urduri egongo da nire erantzunaren zain, eta postaria zelatatuko du errepidean, Fossettek lagunduta, nire Fossettek, pozez txoratzen baita gaztelu-anderearen jokoarekin, autoz ibili eta zaldi zelatuen inguruan kiriketan ibiltzen baita!... Bere alaitasuna halako harrotasun laño, legezko batez bizitu behar du, esan nahi baita «kafe-kontzertuko emakumetxo» bat bereganaino, 'Emp-Clich'eko lurpetik Salles-Neuvesetako terrazaraino, altxatzeko behar bezainbateko klasea duen jaun bat izatearen harrotasunaz.

        Burges, burges heroiko maitea!... Ai! Zergatik ez ote du beste emakume bat maite? Zeinen zoriontsu egingo lukeen beste emakume batek! Nik sekula ezin nezakeela iruditzen zait...

        Ni entregatzea aski baledi! Baina boluptuositatea ez da hor den bakarra... Boluptuositateak, amodioaren basamortu mugagabean, toki gartsu eta txiki-txiki bat betetzen du, hain sutua non lehendabizikoan bera besterik ikusten ez baita: ni ez naiz neskatila gazte bat berri-berria haren distirarekin itsutzeko. Su aldakor horren inguruan, ezezaguna aurkitzen da, galbidea... Zer dakit maite dudan eta desio nauen gizonaz? Besarkada labur batetik, edo eta are gau luze batetik, berriz jaikitzen garenean, bata bestearen ondoan, bata bestearentzat, hasi beharko dugu bizitzen. Adoretsuki ezkutatuko ditu nigandik etorriko zaizkion lehenengo ustegabeak, eta nik neureak isilduko ditut, urguiluz, lotsaz, errukiz, eta batez ere itxaron izango ditudalako, haien beldurrez egona izango naizelako, ezagun izango ditudalako... «Ene neskatxa laztana» deitzen didanean goitik behera kuzkurtzen naizen honek, haren zenbait keinuren aurrean, zenbait intonazio berpizturen aurrean dardaratzen naizen honek, zein mamu-oste daukat neure zelatan oraindik itxita dagoen ohantze bateko gortinen atzean?...

        ...Isla batik ere ez dabil dantzan, han behean, teila berdeko teilatu gainean. Eguzkia jiratua da; zeruko laku bat, arestian urdin-urdin ageri zena hodei geldien bi ardatzen artean, emeki zurbiltzen da, turkesatik limoi berdera aldatzen da. Nire beso ukondoetan bermatuak, nire belaun tolestuak lokartu egin dira. Egun antzua bukatzera doa, eta ez dut ezer erabaki, ezer idatzi, ez diot erautzi neure bihotzari mugimendu menderaezin horietako bat zeinen enbata ekaiztsua garai batez kontrolik gabe —eta «jainkotiar»tzat jotzeko prest— onesten bainuen

        Zer egin?... Gaurkoz, labur idatzi, ia astirik ez baitago, eta gezurra esatea...

 

 

        Laztana, seiak dira ia, eta eguna borrokan eman dut izugarrizko buruko minaren aurka. Beroa hainbesterainokoa da eta hain bat-batekoa non garrasi egiten baitut, baina, Fossettek su biziegi baten aurrean bezala, herrarik gabe. Eta gero zure gutuna, gainera!... Gehiegizko eguzkia da, gehiegizko argia batera, zeruak eta biok zuen dohainen pean abailtzen nauzue; egun, hauxe antsika esateko indarra baizik ez daukat: «Gehiegi da!...» Zu bezalako adiskide bat, Max, eta anitz amodio eta anitz zorion, eta anitz diru... Beraz, oso sendoa naizela uste duzu? Halakoxea izan ohi naiz, egia, gaur ez ordea. Emaidazu denbora...

        Hona hemen argazki bat zuretzat. Lionetik jaso dut, hantxe hartu baitzuen Barallyk instantanea hau. Aski beltzaran, aski txiki, aski arima herratu aurkitzen al nauzu esku gurutzatu horiekin eta egurtu-itxura horrekin? Argi eta garbi, ene adiskide maitea, bidazti txiki horrek zinez gaizki daramatza hitz ematen dizkiozun gehiegizko ohore eta ondasun horiek. Zure aldera begiratzen du, eta haren azeri-aurpegitxo mesfidatiak esaten bide dizu: «Niretzat al da hori guztia? Ziur al zaude?

        Adio, ene adiskide maitea. Gizonetan onena zaitut, eta emakumerik hoberena mereziko zenuke. Ez ote litzaizuke damutuko soilki emakumetxo hau hautatu izana:

RENÉE NÉRÉ.

 

 

        Berrogeitazortzi ordu ditut neure aurrean...

        Eta orain, azkar! Apainketa egin, Basso-renean afaldu, terrazan, haize freskoaren, limoi eta muskuilu hezeen usainaren artean, Eldorado-rantz lasterka egin argindar zurigorriz argituriko etorbideetatik, hitz batean, etetea, ordu batzuez, harantz, atzerantz, pausa barik, tira egiten didan haria.

 

 

        Niza, Cannes, Menton... Tournéean aurrera noa, handitzen ari den neure oinazea ondotik darraikidala: oinaze bat hain bizia, hain etengabe presentea non batzuetan beldurrak bainago ez ote dudan ikusiko haren itzalaren errainua nirearen ondoan, itsasoa inguratzen duten kaietako murru gorrailen gainean, banana-azalak hartzitzen diren galtzadako uharketan. Neure oinazeak tiranizatu egiten nau, nire eta bizitzearen, begiratzearen, arnasa sakon hartzearen plazerraren tartean jartzen da. Gau batean, maite ez nuela egin nuen amets, eta, gau hartan, atseden hartu nuen, denetik askaturik, heriotza ezti batean bezala.

        Marseillatik igorri nion gutun anbiguoari, Maxek gutun zoriontsu eta lasai batekin erantzun zion, eskerron luze eta ezbairik gabeko batekin, non amodioa bilakatzen baitzen adiskidetsu, sendo, harro dena eman eta gehiago jasotzeaz, gutun batekin, alegia, zeinak hauxe idatzi izanaren ilusioa eman baitziezadakeen: «Halako egunez, halako orduz, zurea izango naiz eta elkarrekin abiatuko gara».

        Hortaz, egina al dago bada? Hainbestetaraino hitz emanik ote nago? Ezinegona al da, presa al da, egun batetik bestera, hiri batetik bestera, gau batetik bestera, denborari hain luze iritzi-arazten didan aldarte gaizto hori?... Atzo, Mentonen, familiako pentsio batean, lorategien erdian lokarturik, txoriak eta euliak, eta balkoiko papagaia, itzartzen entzuten nituen. Arginabarreko haizeak kainabera hilak bailiran kizkurtzen zituen palmondoak, eta nik lehengo urteko antzeko goizalde bateko hots guztiei, doinu guztiei, antz ematen nien. Aurten, ordea, papagaiaren txistuak, listorren burrundarak eguzkia irtetean, eta haize leunak palma gogorretan, horrek guztiak atzera egiten zuen, nigandik urruntzen zen, bazirudien marmarka ziharduela nire kezkaren jarraigo gisa, ideia aldaezinari, amodioari, akuilatzen ziola.

        Nire leihoaren pean, lorategian, eguzkiak artean ere jo gabeko bioleta-sail luzanga bat urdinkaratu egiten zen, ihintzaren erdian, txitoen hori-koloreko mimosa batzuen azpian. Baziren, hormaren kontra, arrosa igokari batzuk ere, beren kolorea zela kausa urrin gabe sumatzen nituenak, apur bat azufreztatuak, heltzaka samarrak, oraindik urdindu gabe dagoen zeruaren tankera zalantzakor berekoak. Iazko arrosa berak, bioleta berak... Baina zergatik ezin izan nien, atzo, diosala egin ohargabeko irribarre horrekin, kaltegabeko zorion erdi-fisiko baten isla izan eta bakartien gozamen isila darionarekin?

        Sufritzen dut. Ezin naiteke ikusten dudanari lotu. Isekita geratzen naiz, beste istant batez, beste istant batez, eromenik handienetik, neure bizitzaren gainerakoaren ezinbesteko zorigaitzetik. Zintzilika eta makurturik nola leizearen gainean hazi eta bere lorapenak galbidera oihertzen duen zuhaitza, hala eusten diot oraindik, eta nork esan dezake kausitu egingo dudan?...

        Irudi txiki batek, lasaitzen naizenean, neure etorkizun motzaren esku abandonatzen naizenean, han zain daukadanari oso-osorik fidaturik, irudi fotografiko txiki batek neure oinazera, zentzutasunera, jaurtitzen nau berriro. Argazki bat da, Max neskatila gazte batekin tenisean ageri dena. Horrek ez du deus esan nahi: neskatila gaztea pasaiako hegazti bat da, Salles-Neuvesetara lauretakoa egitera joandako auzokoren bat, ez du harengan pentsatu haren argazkia bidali didanean. Nik ordea harengan pentsatzen dut, eta ikusi baino lehenago ere pentsatzen nuen! Ez dakit haren izena, doi-doiez ikusten dut haren aurpegia, eguzki pean atzerantz makurtua, beltza, keinu alai bat duena zeinean hortz-lerro zuri batek distiratzen duen. Ai!, neure maitalea hemen, neure oinetan, neure eskuen artean izango banu, esango nioke...

        Ez, ez nioke ezertxo ere esango. Hain da erraza, baina, idaztea! Idaztea, idaztea, orrialde zurietan gaindi jaurtitzea idazkera azkarra, ezberdina, hark nire begitarte higikorrari, adierazkortasun gehiegiak ihartuari, konparatzen diona. Zintzotasunez idaztea, zintzotasunez ia! Eztidura bat espero dut hartatik, heiagora bati, aitorpen bati darraikion barneko isiltasun-antzeko hori...

 

 

        Max, ene adiskide maitea, zurekin tenisean ari zen neskatilaren izena galdetu nizun atzo. Ez du merezi. Neskatila bat, horra haren izena niretzat, hots, geroxeagokoan, aurki, bihar, nire arerioak izango diren neskatila guztiak, emakume gazte guztiak. Emakume ezezaguna du izena, ni baino gazteagokoa, harexekin konparatuko bainaute krudelkiro, zorrozkiro, nik neronek egingo dudan baino krudelkeria eta zorroztasun gutxiagorekin, hargatik!...

        Hura garaitu? Zenbatetan? Zer da garaitia borrokak leher egin eta sekula amaitzen ez denean? Uler iezadazu, uler iezadazu! Ez dira susmoak, ez da zure geroko saldukeria, oi amodio neurea, suntsitzen nauena, neure gainbeheratzea baizik. Adin berekoak gara, ez naiz jadanik emakume gaztea. Imajina ezazu, oi amodio neurea, zeure gizon ederraren heldutasuna, hemendik urte batzuen buruan, nirearen ondoan! Imajina nazazu eder oraindik eta etsiak hartua, amorraturik neure gerruntze eta soinekoek osaturiko armadura barruan, neure azal-apain eta hautsen pean, neure kolore mendre eta gazteen azpian... Imajina nazazu eder ukitu behar ez den arrosa heldu bat iduri! Zure begirada bat, emakume gazte batengan finkatua, aski izango da nire masailako izur tristea, irribarreak bertan zulatutakoa, luzarazteko, baina zure besoetan igarotako gau zoriontsu bat are kaltegarriagoa izango zaio alde eginez doan nire edertasunari... Suhartasunaren adinera heltzen ari naiz —badakizu! Zorigaiztoko burugabekerienera... Uler nazazu! Zure kartsutasunak, etsiaraziko didanak, lasaituko nauenak, ez ote nau eramango emakume maitatuen segurantzia ergelera? Koitada sinokari bat ernaberritzen da, minutu labur eta arriskugarri batzuetan, emakume maitemindu konplituaren baitan, eta neskato-jokoetan ibiltzen ausartzen da, zeinek haren haragi pisu eta zaporetsua dardararazten baitute. Ikaratu egin naiz berrogeitaka urteko lagun baten zentzugabekeriaren aitzinean, hantxe ageri baitzen, biluzturik eta maitasunez hatsantuka, bere amorantearen, husareetako teniente baten, kepisa buruan...

        Bai, bai, burua galtzen dut, izutu egiten zaitut, Ez duzu ulertzen. Gutun honek hitzaurre luze bat falta du, gordetzen dizkizudan, hainbat eta hainbat egunez geroz pozoitzen nauten pentsamendu guztiak... Hain da xaloa amodioa, ezta? Ez zenion aurpegi nabar, oinazeztatu hori ematen? Elkar maite dugu, bata besteari ematen gara, horra biok zoriontsu bizitza guztiko, ezta? A zein gaztea zaren, eta gaztea baino areagokoa, niri itxarotea beste sufrimendurik ez duzun hori! Desio dugunaren jabe ez izatea, horretara mugatzen da zure infernua, batzuek berorrekin osatzen baitute beren bizitza guztiko elikagaia... Ordea maite dugunaren jabe izan eta aldi oro nabaritzea norberaren ondasun bakarra urrezko hautsa hatzen artean bezala aienatzen, urtzen eta ihesi joaten!... Eta eskua zabaltzeko, altxorra osorik bertan behera ez uzteko adore izugarria izan beharrean, hatzak aldian baino aldian gogorrago estutzea eta oihu egitea, eta arren eskatzea, gordetzeko... zer?, urre-arrasto koxkor, preziatu bat, esku-barrenean...

        Ez al duzu ulertzen? Ene kuttuna, mundu honetako guztia emango nuke zure irudikoa izateko, zugatik baino ez sufritu izana nahi nuke, eta iraitzi neure herstura zahar eskarmentatua. Laguntza ekar iezaiozu, ahal duzun moduan, zeure Renéeri, baina, amodio neurea, hori zugan baizik espero ez badut, ez ote da bada erdizka etsitzea?...

 

 

        Nire eskuak kizkurturik jarraitzen du luma-etxe txar eta meheegiaren gainean. Lau orri handik, mahai gainean jarriek, idazten hasteko amorratzen nagoela erakusten dute, ez hargatik esku-izkribuaren nahaspilak baino gutxiago, non hitzak igo eta jaitsi, zabaldu eta mehartu egiten diren, sentikor...

        Ezagutuko al nau nahaspila honetan? Ez, disimulatu egiten dut oraindik. Egia esatea, bai, baina egia guztia, ez da egokia, ez da bidezkoa.

        Nire aurrean, plazan, arestian bizia zen, baina hego nekatu baten antzo amor eman eta lurrera erortzen den haize batek garbitua bera, Nimeseko zezenplazako horma konkortuak bere ore gorri karraskaria goratzen du, zeru-zati arbelkara, opako, ekaitza iragartzen duen baten gainean. Haize errea nire gelara sartzen da. Zeru sapa honen azpian, neure gerizpe elisearra ikusi nahi dut berriro: La Fontaine-ko lorategiak.

        Balantzaka dabilen zalgurdi batek, zaldi lehertu batek, ezertxo ere aldatzen ez den parke hau babesten duen burdinsare beltzeraino naramate. Iazko udaberriak, miragarriki, ordu honetara arte iraun ote du niri itxaroteko? Toki honetan hain da miragarria higigabe eta gauza guztien gainean isekita dagoen udaberria, non ikaran hasten bainaiz hura andeatu eta ihintzatan urtzen ikustearekin...

        Lur jotako tenpluaren harri beroa haztatzen dut maitekiro, eta basa-erramuetako hosto berdea, bustirik dirudiena. Dianaren bainuek, beraietara agertzen bainaiz, oraino eta beti islatzen dituzte Judeako zuhaitzak, termentinak, pinuak, malbaz loraturiko pauloniak eta elorri bikoitz purpurazkoak... Errainuzko lorategi bat osorik iraultzen da nire azpian eta, aumarin koloreko uretan deseginik, urdin ilun bilakatzen da, muxika maspildua bezala ubel, odol lehortuaren gaztain-koloreko... Hau lorategi ederra, hau isiltasun ederra, non soilki, isilka, ur arranditsu eta berdea durduzatzen baita, herensuge bizi bat irudi garden, ilun, urdin eta distiragarria!...

        Zumardi bikoitz harmoniatsu bat Magnedorrerantz igotzen da haginez zizelatutako murrailen artean, eta minutu batean pausatzen naiz harrizko aska baten ertzean, non ur uherra berde ageri baita nola berro-hosto meheez hala esku txiki minberatiko sasi-igel kalakariez... Han goian, goienean, orratzezko ohantze idor batek errezibitzen gaitu, nire oinazea eta biok.

        Behean, lorategi ederra berdindu egiten da, geometriko, toki estaligabeetan. Ekaitzaren hurbiltasunak sarkoi guztiak uxatuak ditu, eta txingorra, haizetea, astiro-astiro igotzen dira hodeiertzetik, su zuriz alozturiko laino lodi baten hegal puztuetan...

        Hori guztia nire erreinua da oraindik, Jainkoak bidaztiei, ibiltariei, bakartiei eskaintzen dizkien ondasun bikainen zati txiki bat. Lurra, une batez gelditu, so egin eta joaten denarena da; eguzki guztia, beraren azpian berotzen den musker biluziarena...

        Nire arrenguraren sakonean tratukeria larri bat irakiten ari da, trukerako jite bat balore ilunak, altxor erdi-altxatuak pisatzen dituena, goraka doan eztabaida da, nahasiki eguargirantz bide bat urratzen duena... denborak presatzen du. Maxi gorde behar izan diodan egia guztia zor diot neure buruari. Ez da ederra, oraindik ahula da, izutia eta doi bat zitala. Hasperen lakonikoak xuxurlatzen besterik ez daki oraindik: «Ez dut nahi... ezin liteke... beldur naiz!»

        Beldur zahartzera, saldua izatera, sufritzera... Hautu zorrotz batek gidatu dut nire egiazaletasun partziala, hau Maxi idazten nion bitartean. Beldur hori, Amodio jaioberriaren azalari eratxeki eta, handituz joan ahala, haren gainean tinkatzen den zilizioa da... Zilizio hori eramanik nago; eta bat ez da horregatik hiltzen. Berriro eramango nuke, baldin... baldin eta besterik ezin egin baneza...

        «Baldin eta besterik ezin egin baneza...» Esapidea erabatekoa da, oraingo honetan! Neure gogoan idatzirik irakurria dut, oraindik inprimaturik ikusten dut hor letra-larri lodiz emandako atsotitz baten gisan... Ai! Neure amodio zekena oraintxe izartu dut eta neure egiazko esperantza askatu: ihesa.

        Nola horra iritsi? Dena neure aurka daukat. Behaztopa egiten dudan lehen oztopoa, bidea eragozten didan emakume-gorputz etzan hori da, gorputz atsegale bat begiak itxita dauzkana, nahitara itsu, luzatua, bere zorionaren tokia utzi baino lehen hiltzeko gertu dagoena... Neu naiz emakume hori, plazerrera setaturiko animalia hori. «Heure burua baino etsai okerragorik ez dun!» Ai! Badakit, bai, Jainko maitea! Garaituko ote dut, berebat, animalia aseezin baino ehun bider galgarriagoa izaki, nire baitan durduzatzen den neskatxa zapuztua ere, indarge, urduri, besoak zabaltzeko, erreguka hasteko pronto dagoena: «Ez nazazue bakarrik utzi!» Hau gauaren, bakardadearen, eritasunaren eta heriotzaren beldurretan dago, gauez gortinak zabaldu egiten ditu izutzen duten kristal beltzen gainean, eta aski maitatua ez izatearen gaitz bakarraz iraungitzen... Eta zu, nire arerio oniritzia, Max, nola garaituko zaitut, neure burua bera ere birrinduz? Agertu besterik ez zenuke behar, eta... Nik ez dizut hots egiten baina!

        Ez, nik ez dizut hots egiten. Nire lehenengo garaitia da...

 

 

        Ekaitzaren hodeiak gainetik igarotzen zaizkit orain, tantaz-tanta ur alfer eta lurrintsu bat isurtzen dutela. Eurizko izar bat nire ezpainaren txokoan lehertu eta nik edan egiten dut; epela da, ihiaren gustu piska bat dauka...

 

 

        Nimes, Montpellier, Carcassona, Tolosa... lau egun pausarik gabeak, eta lau gau! Heldu, garbitu, jan eta dantzatu egiten dugu gaizki afinaturiko eta entseiatu gabe jotzen duen orkestra baten soinura, ohean sartu —merezi al du?— eta berriro irten. Nekatu ta argaldu egiten gara, baina inor ere ez da kexatzen; urguilua guztiaren gainetik! Music-hallez, aldagelaz, hotelez, logelaz aldatzen dugu maniobretan den soldaduaren axolagabekeria berarekin. Azal-apainen kutxatila zartatu eta bere latorria erakusten du. Jantziak higatu egiten dira eta, ikuskizuna hasi aitzin presa guztian bentzinaz garbiturik, arroz-hauts eta petrolioaren halako usain minkorra isurtzen dute. Arraildurik daudela eta gorriminez margotzen ditut neure sandalia gorriak, L'Emprisekoak; La Dryade-n ibiltzen dudan tunikak matxin-saltari eta pentze berdeen kolore garratza galtzen du. Brague bikain dago zernahi koloretako krakaz josia; haren galtza bulgariar larru-ondu bordatuzkoak, gauero zipriztintzen duen gezurrezko odolaz gogorturik, berriki larrututako idi baten larrua ematen du. Troglodita zaharrak beldurra ematen du eszena gainean, soiltzen ari den istupazko ileorde baten eta erbi-larru marguldu, kirastu batzuen azpian.

        Bai, egun gogorrak oso, arnasestuka ibilarazten gaituztenak laino luze, bakan eta mistralak gardatu bezalakoek garbitutako zeru urdinaren eta egarriz porroskatu eta arrakalatzen den lurraren artean... Eta gainera, lantegi bikoitza daukat nik. Nire bi lankideak, hiri berri batean lehorreratzen direnean, bizkarra hura makurtzen duen uhaletik libratu eta, arin, ez dute besterik buruan «pitxarkada apartsua» eta helbururik gabe egurastea baino. Nik ordea postaren ordua dut... Posta! Maxen gutunak...

        Kaxa beiradunetan, atezainak paperak eskugain-ukaldika barreatzen dituen mahai zoldatsuetan, berehalaxe, zirti-zarta, ikusten dut idazkera biribil apaindua, gutunazal urdinska: adio atsedenari!

        — Emaidazu! Hori... Bai, bai. niretzat dela esaten dizut!

        Jainkoarren! Zer ote dago barruan? Erantzukiak, erreguak, edo bakar-bakarrik, agian: «Horra noa...»

        Lau egunean egon naiz zain Maxek nik Nimesetik igorri nion gutunari idatzitako erantzuna noiz iritsiko; lau egunean, samurkiro idatzi diot, neure aztoramen sakona adeitasun hitz-jario baten pean ezkutatuz, eta Nimesetik bidalitako gutuna ahantzia bainuen... Hain urrutitik, gutun-bidezko eta lotugabeko elkarrizketara beharturik egoten zara, firin eta faran hasten zara auhenka, nolanahiko gisan... Lau egunean egon naiz Maxen erantzunaren zain, pazientziagabe eta eskergaiztoko, nahiz eta, soilki, nire lagun Margoten ingeles letra zaharkitua, dotorea, Hamond nire lagun xaharraren zirriborro ñimiñoak, Baldineren posta-txartelak, hori besterik topatzen ez nuen.

        Ai! Badaukat, noizbait ere, Maxen gutun hori, oroitzapen batek mingarriago bihurtzen duen taupada ezezagunegi batekin dut irakurtzen: ez ote zen bada nire bizitzan denbora bat izan, Taillandy, «emakume batek muturruts sekula utzi ez zuen gizona», berak esan ohi zuen, nire ausentziaz eta nire isiltasunaz bat-batean sutan jarri eta maitale-gutunak idatzi zizkidanekoa? Haren idazkera mehatsa ikuste hutsak zurbilarazi egiten ninduen, eta neure bihotza txiki-txiki, biribil eta gogor, jauzkari, atzematen nuen, —egun bezala, egun bezala...

        Maxen gutun hori maspildu, irakurri gabe, urkabetik garaiz askatutako urkatu baten antzo arnasa hartu, eta ihes egin!... Ezin dut, ordea... tentazio labur bat besterik ez da. Irakurri beharra dago...

 

 

        Bedeinkatua bedi halabeharra! Nire adiskideak ez du ulertu. Pentsatu du jelosiazko esetsaldi bat zela, gizon maitatuagandik segurtasunik balakagarriena, segurtasunik erazkoena, jaso nahi duen emakumearen maitakeriazko asaldura... Eman egiten dit, segurtasun hori, eta ezin diot irribarre egiteari eutsi, zeren bere «arima maitea» goresten hasia baita noiz arreba oso errespetatu bat bezala eta noiz behor eder baten antzera... Ederrena izango haiz beti! Pentsatuz bezala idazten du, inondik ere. Baina erantzun ote lezake besterik? Menturaz, hitz hauek idazterakoan, burua altxa egin du eta bere aurrean oihan sakonari begiratu, zalantza batekin, pentsamenduaren halako etete hautemangaitz batekin. Eta gero besaburuak astindu izango ditu, hotzak gaudenean bezala, eta adoretsuki, astiro, idatzi izango: Ederrena izango haiz beti!

 

 

        Max gixajoa!... Nitarik hoberenak orain haren aurkako azpijanean diharduela dirudi... Herenegun, egunsentian irten ginen, eta, behin trenera orduko, han ari nintzen berriz ere hasten neure atseden porroskatua, hogei aldiz eten eta berrasitakoa, noiz eta ere bafada gazi batek, alga freskoaren urrina zerionak —kresalak—, begiak atzera zabaldu zizkidan: itsasoa! Itsasoa, alajaina! Han zegoen, trenaren pare guztian, harekin gehiago oroitzen ez nintzelarik itzulia. Zazpietako eguzkiak, apal oraindik, ez zuen zulatzen; ez zuen, itsasoak, inor beraz jabe zedin nahi, artean guztiz esnatu gabe, tinta urdineko ñabardura gautiar bat, gaindor zuriz josia, gordetzen zuela...

        Gatzagak, gatz pindarkarizko soropil batez inguratuak, lerroan pasatzen ziren, baita hiri lokartuak ere, gatza bezain zuriak, beren ereinotz ilunen, beren amatxi-lili eta beren Judeako zuhaitzen artean... Erdi lokartua, itsasoa bezala, trenaren kulunkak bere magalean ninderamala, enararen hegaldaka pikatuarekin hurbileko olatuen arras-arrasetik nenbilela iruditzen zitzaidan... Aldi betegin horietako batez, ezagumena galdutako eriaren zorion horietako batez gozatzen ari nintzen, noiz eta ere oroitzapen tupusteko batek, irudi batek, izen batek, nitaz, berriro, kreatura arrunt bat, bezperakoa eta aurreko egunetakoa, egin baininduten... Zenbat denboraz ahaztu nuen, lehenengo aldiz, Max? Bai, ahaztu, behin ere ezagutu izan ez banu bezala ez haren begirada ez haren ahoaren fereka, ahaztu, nire bizitzan hitzak bilatzea baino ardura baitezpadakoagorik ez balitz bezala, hitzak esateko zeinen den eguzkia hori, eta itsasoa urdin, eta azabatxe zurizko zerrendetako gatza distiratsu... Bai, ahaztu, munduan neure begiekin lurraren miragarritasunen jabe egiteko irrika baino gauza premiazkoagorik ez balitz bezala!

        Ordu horretantxe xuxurlatu zidan izpiritu maltzur batek: «Eta, izan ere, hori balitz premiazko gauza bakarra? Dena, horretaz landa, errautsa besterik ez balitz?

 

 

        Ihesi ez doazen pentsamenduen erauntsien artean bizi naiz. Lanez eta pazientziaz berreskuratzen dut isiltasun eta disimulura dudan jaiera. Erraza da niretzat, berriro, Bragueri jarraitzea hiri batean barrena, goiti, beheiti, plazetan, katedraletan eta museoetan zehar, «zoragarri» jaten den ardandegietako kearen barruan. Gure arraitasuna hitz gutxikoa dun, nekez egiten du irribarre, baina batzuetan algarak egiten ditu, alaitu eztitu baino errazago egingo bagina bezala. Erraz egiten dut barre Bragueren ixtorioekin, eta doinurik ozenenean nahita bortxaturik, hark ere niri hitz egitean trakeskeria bat artifiziala oso bapikatzen duen gisa berean.

        Egiatiak gara bata bestearekin, ez beti oso lañoak ordea... Betiko txantxa horietakoak egin ohi ditugu, betiko modura ere alaitzen gaituztenak: Braguek gehien atsegin duena —eta neure onetik ateratzen nauena— Satiroaren jokoa da, tranbietan jokatzen dena, hantxe aukeratzen baitu nire lagunkideak biktimatzat batzuetan neska gazte lotsati bat eta besteetan neskazahar oldarkoi bat. Haren aitzinean eserita, bizkarra guriki pausaturik, so irazeki batekin estaltzen du, emakumea lotsagorri dadin, eztul egin, bere belotxoa atondu eta burua jira dezan. «Satiro»aren begiradak tinko eusten dio, limurkiro, gero aurpegiko azpegi guztiak, ahoa, sudurra, bekainak, elkartu egiten dira erotomano baten zoriontasun berezia aditzera ematen...

        — Fisionomiako ariketa bikaina da, ziurtatzen du Braguek. Kontserbatorioan pantomima-eskola bat sortzen dutenean, neure ikasle guztiei batera eta bakarka entseiaraziko diet.

        Barre egiten dut, zeren andere dohakabeak, aztoraturik, azkenean beti ere tranbiatik alde egiten baitu, baina joko itsusiaren keinu eta imintzioen perfekzioak sutan jartzen nau. Nire gorputzak, ahitu-samarturik, garbizaletasun amor-emangaitz eta zentzugabe baten erasoa jasaten du, eta ni handik su baten mende egokitzen naiz, urrin, keinu, oihu samur baten oroitzapenak behingoan piztu eta izan ez ditudan eztitasunak argitzen dizkidan sua bera, zeinaren sugarretan erretzen naizen, geldi-geldia eta belaunak bildurik, den gutxien ere higituz gero neure erredurak handiagotzeko arriskua izango banu bezala.

 

 

        Max... Idazten dit, itxaroten dit... Zein krudela zaidan eramaten haren konfiantza! Eramaten engainatzen baino krudelagoa, nik ere idazten baitut, ezin adierazizko ugaritasunez, askatasunez, idazten baitut. Mahaitxo herrenen gainean idazten dut, trabeska eserita aulki altuegietan, oin bat jantzirik eta bestea ortotsik idazten dut neure papera, gosariaren erretiluaren eta nire poltso zabalduaren artean kokaturikoa, eskuilen, lurrin-potoaren eta zapata-sargailuaren artean; baila baten gibela agerrarazten duen leihoaren aurrean idazten dut, edo lorategi denik atseginenak bestela, laino arteko mendiak...

        Neure etxean sentitzen naiz, kanpamentuko anabasa honen erdian, ez du inporta non eta ez du inporta nola horren erdian, eta neure altzari arrengura-emangarrien artean baino arinago...

 

 

        — Zer esaten din hiri Hegoamerikak?

        Bragueren galdera bitxi hori harri bat bezala jausi zitzaidan, atzo, afalondoko ametsetan nenbilela, hain zuzen ere logalearekin eta, liseriketaren erdi-erdian, makilatzera, biluztera joan beharraren higuinarekin gudukan ibiltzen naizeneko ordu hain labur horretan.

        — Hegoamerika? Urruti dago hori.

        — Alferra!

        — Ez duzu ulertzen, Brague. «Toki ederra da» esango nuen bezal-bezalaxe esaten dut «urruti dago».

        — A!, tira... hori baldin bada... Salomon ari zaidan hara joateko tentatzen. Hortaz?

        — Hortaz, zer?

        — Ikus liteke?

        — Ikus litekek.

        Ez batak eta ez besteak irentsi dugu zipotza geure itxurazko axolagabekeriarekin. Ikasia dut, neronen pentzutan ikasi ere, enpresarioen gogoa sobera ez «berotzen» itzuli baten karietara, neure joateko gogoa erakutsita. Bestaldetik ere, Braguek ez dizkit, agindu berririk jaso bitartean, gaiaren alderdi erakargarriak ezagutzera eman nahi, horrek «osoko lansarien» garestitzea eragingo lukeen beldurrez.

 

 

        Hegoamerika! Bi hitz horien aditzearekin, Mundu Berria izar-erauntsien, lore erraldoien, harri preziatuen eta euli-txorien magiatik zehar ikusten duen eskolagabeko emakumearen liluramendua atzeman dut... Brasil, Argentina... zelako izen distiragarriak! Margotek kontatua dit txikitan eraman zutela hara, eta neure irrika liluratua eratxeki egiten zaio zilarrezko sabeleko armiarmaz eta ipurtargiz jositako zuhaitzaz egin zidan deskribapenari...

        — Brasil, Argentina, baina... Eta Max?

        Eta Max?... Itaun-marka horren inguruka nabil atzodanik. Eta Max, eta Max? Ez da jadanik pentsamendua, errepika bat da, hots bar, korroka errimatu txiki bat, neure «arruntkeriazko krisialdi»etako batek halabeharrez ekartzen duena. Zein arbaso zaurituk egiten du zaunka nire baitan, ahozkoa ez ezik sentimentuzkoa ere baden pozoikeria horrekin? Oraindik orain zimurtu dut neure adiskidearentzat hasitako gutuna, arneguak egotziz ahapetik.

 

 

        «Eta Max! Eta Max! Berriz ere! Noiz arte aurkituko dut tipo hori neure hanken artean? Eta Max? Eta Max! Zer bada, errentadun nazkante horretaz arduratzeko baino ez naiz bizi ala? Bakea, Jauna, bakea!, aski dun istoriorik, aski dun maitakeriarik, aski dun denbora alferrik galtzerik, aski dun gizonezkorik! Begira ezan heure burua, ene adiskide errukarri horrek, begira heure burua! Ez haiz, oraindik, emakume zaharra, baina neskazahar-antzeko zeozer bahaiz dagoeneko. Haien maniak, izaera zimurra, sentiberatasun minkorra, —zerekin sufritua, zerekin nardagarri bilakatua. Zer egin behar dun galera horretan... ezta hori ere!, irmoki lotutako ikuztegi-untzi horretan, zeinean halako lisiba patriarkal bat garbitzen baitute? Gauza izango bahintz, behinik-behin, mutil haundi horrentzat gutiziatxo bat izateko, hamabost egun, hiru aste, bi hilabete, eta gero agur!, ez zioagu elkarri deus zor, ederki pasatu diagu bata bestearekin... Taillandyrenean ikasi beharko huen nola uzten den hemen jendea muturrutsik!...»

        Eta banoa, banoa... Suspertasun bat gordina, ankerra, ateratzen dut neure adiskidea eta neure burua iraintzeko; halako joko-suerte bat da zeinean berotu egiten bainaiz pentsatzen ez ditudan, oraindik pentsatzen ez ditudan egiazko gauzak esanez... Eta horrek euria goian-behean ari duela konturatzen naizen arte irauten du: kaleko beste aldeko teilatuak zurrutaka daude eta ur-hodiek gaindika egiten dute. Tanta hotz luze bat kristalean zehar labaindu eta nire esku gainera erortzen da. Nire atzean, gela belztu egin da... Giro ona litzateke, errentadun nazkantea deitzen niola arestian umiliatzen ari nintzenaren sorbaldaren ondoan...

        Sabaiko bonbila pizten dut, menturatu egiten naiz, zerbait egitearren, idazmahaia —denbora gutxiko— atontzera, paper-zorroa zabaltzen dut, ispiluaren eta lilipa-sortaren artean, etxe-irudiko zerbait bilatzen, antsiaz irrikatzen te beroa, ogi xigortua, neure lanpara kuttuna eta haren argi-estalki xurigorria, neure txakurraren zaunka, Hamond nire lagun xaharraren ahotsa... Orri zuri handi bat bada hor, tentagarri, eta eseri egiten naiz:

 

 

        Max, laztana, bai, ari naiz itzultzen; apur bat itzultzen naiz egunero. Posible ote da zure eta bion artean hamabi gau soilik egotea? Ezer ez da ziurtasun gutxiagoko: iruditzen zait ez zaitudala berriz ikusi behar... Bai latza litzatekeela! Bai zentzuduna!...

 

 

        Gelditu egiten naiz: ez al da garbiegia?... Ez. Gainera, «litzatekeen» idatzi dut, eta maitale batek sekula ez du baldintzazkoa trajikoki hartuko... Modu lasaigarri berarekin jarrai dezaket, orokortasun malenkoniatsuak, mugaketa lotsatiak esatera ausartu... Eta nola, dena den, beldur bainaiz, bat-batean erabakiren bat hartuz gero, horrek Max hona hamabi ordu gabe ekarriko ote lukeen, ahazteke dena samurtasun-parrasta handi baten pean pulunpatzen dut, zeinak, ondikotz, berekin eramaten nauen...

        Higuingarri samarra da egiten ari naizen hau...

 

 

        Hauxe da denbora igaro beharra! Non dira gereziondoz loraturiko Pirinio-mendiak, gure ondotik zetorrela zirudien mendi handia, egarria ematen duen elur batez distiratsu, itzal zorabiagarriez sakailatua, amildegi urdinez arrakalatua eta brontzezko basoez orbaindua? Non, haran meharrak, eta Espainiako soropila, eta gardeniaren zuri-koloreko basa-orkidea? Eta txokolate beltzaren kea zerion Euskal Herriko plaza? Zeinen urruti dagoen, jadanik, uhaitz izoztua, grazia makur batez betea, elur urtuek aztoratua, zehargia eta esnekara ilargiko harriak iduri!

 

 

        Orain Bordele uzten ari gara, hiru egunean emandako bost errepresentazio egin ondoren:

        — Hiri ona! Zioen Braguek antsika geltokian. Bordelesa txikitxo bat ziplatua dinat... zizekin! Courss-en ugari dauden ano-erdi horietako bat, irudikatzen al dun? Lepa-tente luzea, aurrealdea ere ederra, zangoak motzak, oin txiki lodia, eta hainbeste tindu beltz botatzen diten begietan, hainbeste hauts, hainbeste ile kizkur ibiltzen diten, non ezetz asmatu politak diren edo ez. Ñirñir egiten diten, hizketan egiten diten, mugitu egiten ditun... egin beharrekoa egiteko balio zidaten!

        Zorion lasai bat zabaltzen zuen, eta hegigo nardatuxe batekin so egiten nion, neu goseak ez nagoenean jaten ari den jendeari begiratzen diodan bezala...

 

 

        Udaberri izutia ihesi doa gure aurretik. Orduz-ordu gaztetzen eta hostoz-hosto, lorez-lore hersten da berriz ere Iparraldera hurbiltzen garen heinean. Hesien itzalpe koxkorragoan, berriz agertu dira apirileko izar-liliak eta azken bioleta margulak... Urdin zurbilagoak, belar motzagoak, aireak duen hezetasun mikatzak gaztetu eta denboran atzera goazen irudipena sorrarazten dute...

        Joandako hilabeteak alderantzitara harilka ahal banitza, Max nire aldagelan sartu zenenko neguko egunera arte... Txikia izan eta ehuntzen ikasten nuenean, maila lerrokak eta lerrokak deseginarazten zizkidaten harik eta akats txiki ohargabea, maila eroria, eskolan «huts» bat deitzen genuena aurkitzen nuen arte. «Huts» bat! Horra, beraz, zer izan den nire bizitzan, nire bigarren amodio gaixoa, ene berotasun laztana, ene argia, deitzen nion amodio hura... Hortxe dago, nire eskumenean, hari heltzea badaukat, eta ihesi noa.

        Ihesi joango naizelako! Ihesaldi bat alde-aurrez pentsatua antolatzen ari da hor behean, urruti-urruti, nire barren-barrenean, hargatik nik oraino zuzenean parte hartzen ez badut ere... Zirt edo zart egin beharreko unean, burutik eginda bezala «Azkar, Blandine, nire maleta eta taxi-auto bat!» oihu egitea besterik geratzen ez denean, orduan beharbada utziko dut neure desordenak engaina nazan, baina, oi maitatu nahi izan dudan Max maite hori, hemen aitortuko dut minik egiazkoenaz: ordu honez geroztik dena ebatzirik dago.

        Min honi eskerrak, ez ote naiz nintzena berriro bilakatu, esan nahi baita aske, ikaragarri bakartia eta askea? Igurtzi ninduen grazia iragankorrak alde egiten du nigandik, hartan murgiltzeari uko egin nion honengandik. Hari «Har nazazu!» esan beharrean, galde egiten diot: «Zer ematen didazu? Beste bat ni bezalakoa? Ez dago beste bat ni bezalakoa. Adiskide bat gaztea, sutsua, jeloskorra, eta zintzoki maitemendua ematen didazu? Badakit: Horri jabea deritzo, eta ez dut nahi jaberik... Ona da, tolesgabea, miretsi egiten nau, itzulingururik gabea da? Baina orduan, ni baino beheragokoa da, eta mailaz apaldu egingo ninduke... Begirada batekin iratzartzen nau eta ez naiz gehiago neure buruaren jabe bere ahoa nirean jartzen baldin badu? Nire etsaia da, hortaz, neure burua ebasten duen lapurra!... Dena, eros daitekeen oro eduki eta terraza zuri baten ertzera agertuko naiz, non nire lorategietako arrosek gainez egingo duten? Baina, orduan, handik ditut ikusiko igarotzen lurraren jabeak, alderraiak!... —Itzul zaitez!, otoizten du nire adiskideak, bazterrera utz zeure lanbidea eta bizi zaren inguruaren tristezia zimurra, itzul zaitez zeure parekoen artera... —Nik ez dut parekorik, bidelagunak besterik ez daukat...»

 

 

        Errota batzuk jira-biraka dabiltza hodeiertzean. Trenak zeharkatzen dituen geltoki txikietan, kofia bretoiak, lehenengo kofia zuriak, izar-lilien antzera loratzen dira... Horra non sartzen naizen, liluraturik, isatsen eta oteen erreinu horiaren barruan! Urreak, kobreak, gorrailak ere bai —koltza zurbila nahasten baita hor-, ezin jasanezko argi batez irazekitzen dituzte larre hutsal hauek. Bagoiko kristalean pausatzen ditut neure masaila eta neure esku zabalduak, hura epela ez aurkituta harritua. Sutea zeharkatzen ari gara, lekoak eta lekoak bete ote loratu, aberastasun desolatu bat ahuntzak ere hastanarazten dituena, non tximeletak, muxika zorizkaren eta piperraren lurrin beroak erdi-lokarturik, hego urratu batez hegaldakatzen diren...

 

 

        Caenen, gu itzultzeko bezpera aurreko egunean, topatu dut Maxen gutun hau, lerro bakarra, sinadurarik gabe: «Renée neurea, ez al nauzu jadanik maite?»

        Besterik ez. Ez nituen aurreikusi eztitasun hori eta galdera hain xume hori, neure literatura guztia hondatzen didana. Zer idatzi nuen, bada, azkeneko aldian?...

 

 

        Axola gutxi horrek. Maite baldin banau, oharra ez du noski nire gutunetan irakurria. Maite baldin banau, ezagutzen ditu talka misteriotsu horiek, bihotza kolpatzen duen hatz arin eta galgarri hori, bat-batean keinu bat geldiarazten, barre-algara bat eteten duten eztanda koxkor horiek, —badaki ezen saldukeriak, bazterrera uzteak, gezurrek urruntasunetik barrena erasotzen dutela, badaki usmaren ankerkeriaren, hutseginezinaren berri!

        Ene adiskide gizajoa, maitatu nahi izan dudana! Hil egin zintezkeen zein ni engainatu, eta nik ez nuen ezer jakingo, nik, ondoen ezkutatutako saldukeriak ere, beste garai batez, telepatikoki zauritzen ninduen honek...

        Renée neurea, ez al nauzu jadanik maite?... Ez naiz malko sutsuetan urtu, alabaina, paperezko orri batean, mezu gutxi-asko lasaigarri baten laburdurak jaurti ditut:

        Etzi, bostetan, etxean izango naiz. Kuttuntasun guztiarekin.

        Inbidia diot, meheki, sufritzen ari den gizon honi. Haren auhena irakurtzen dut berriro eta bera balitz bezala mintzo natzaio gutunari, ahoa gogortu eta betoskoa jarrita:

        «Maite duzu, sufritzen duzu eta kexatu egiten zara! Zu bezalakoxea nintzen neu ere, hogei urte nituenean. Bazterrera utziko zaitut, eta, niri esker, beharbada handitu egingo zara eskas duzunarekin. Harresiak gaindi ikus dezakezu dagoeneko: ez al zara txunditzen, morrosko haundi eta adigogo hori? Zain findu batzuk, sufrikario bat errugabe eta suhartua, esperantza bat, belarsoro ebaki baten antzo, kementsu berdeberritzen zena, horra nire partea izan zena, hori guztia, eta orain zurea izango da. Ezin dizut atzera kendu, baina aiher zaitut...»

 

 

        Gutun-eskukada bat heldu da Maxenarekin batean. Blandinek berak ere idatzi du: Anderea, Maxime jaunak Fossette ekarri du, beste lepoko berri bat erosi dio. Maxime jaunak andereaz galde egiten du, ez dirudi pozik, nabari du anderearen zain egona dela...

        Hamonden gutuna, xumetasunez hitz egin, baina adeitasun ia zeremoniatsu batekin idazten duenarena; Margoten gutuna, niri esateko ezer ez duen arren bi orrialde betetzen baititu seroren hitz-jarioarekin: presa guztian idazten didate denek, itzultzen naizen orduan, kontzientziak piska bat aurpegiratuko balie bezala ni hain luzaroan bakarrik utzi izana...

        Nori hustuko diot neure barrua itzultzen naizenean? Hamondi? Margoti? Ez batari eta ez besteari. Urratu egiten dut zaparrasta arin hori, Folies-Caennaises-etako «izarraren aldagela» deitzen dioten hilobi itogarritik, eszenariora igotzeko, irten baino lehen. Café-chantant batean gaude, lehengo legera: publikoaren alderdi batetik igaro beharra dago eszenako atera iristeko, soiréeko unerik txarrena da. Ukondoekin jotzen gaituzte, berariaz ixten digute bidea guri polikiago begiratzeko; nire beso biluziak txamarra bat igurtzitzean galtzen du bere hautsa, esku batek gorde-antzean nire txal bordatutik tira egiten du, isileko hatz batzuek ipur-mamiak ukitzen dizkidate... Burua tente, jende-oste bero horren mesprezua eta irritsa eramaten ditugu, atxilotu harro batzuen antzera...

 

 

        Ordu-erdi baten ezkilak oso urrundik iristen da. Calais-eko trenak, Parisa eraman behar nauena, berrogeita hamar minutu barru abiatuko da...

        Bakarrik nator, gauaren erdian, inori ere jakinarazi gabe. Brague eta troglodita zaharrak, nire artekin egarria asetuta, han nonbaiten lo daude orain Boulogne-sur-Mer-en. Hiru ordu-laurden bota ditugu kontabilitateaz hitzegiten eta berriketan, Hegoamerikan egin asmo ditugun itzuliez solasean, eta gero Tintelleries-eko geltoki honetara jo dut, hain hutsik ordu honetan non mortu utzia dirudien... Ez dituzte, niretzat bakarrik, kaiko globo elektrikoak piztu... Tinbre hil batek tilin egiten du uzkur ilunbeetan, hotzak dar-dar dagoen txakur baten lepotik zintzilik balego bezala.

        Gaua hotza da eta ilargi gabea. Badaude nigandik hurbil, lorategi ikustezin batean, haizeak inarrosten dituen amatxi-lili batzuk usain gozokoak. Aditzen dut, han behean, sirenen deia itsasoan...

        Nork igar lezake hemen naizela, kaiaren bukaeran, neure beroki barruan kuzkurtutik? Bai ondo ezkutaturik nagoela! Ez ilunago, ez argiago itzala baino...

        Egunsentiarekin, neure etxean sartuko naiz, hotsik atera gabe, emakume lapur baten antzera, ez naute-eta horren goiz itxaroten. Fossette eta Blandine iratzarriko ditut, eta gero unerik gogorrena izango da...

        Nahitara irudikatzen ditut neure heldueraren xehetasunak; dei egiten diet, krudeltasun beharrezko batekin, hormetako jantziei itsasten zaien lurrin bikoitzaren oroitzapenari: tabako ingelesari eta jazmin doi bat gozoegiari; estutu egiten dut, pentsamenduarekin estutu ere, nire begietatik zorion handi-handi bateko minutu batean eroritako malko biren aztarna, bi orbain zurbiletan, daraman satinezko kuxina... Ezpainen ertzean daukat bere zauria kolpatzen duen emakume zaurituaren «ai!» txiki itoa. Nahita egiten dut. Aurki min gutxiago emango dit.

        Agur esaten diot, urrundik, han geldiaraziko nindukeen guztiari, eta nigandik gutun bat besterik izango ez duen gizonari. Zuhurtasun koldar eta zentzudun batek galarazten dit hura berriz ikustea: «azalpen zintzorik» bat ere ez geure artean! Ni bezalako haragi hutsezko heroisa batek ez du demonio guztiak garaitzeko goitasunik aski... Mespreza nazala, piska bat madarika nazala, hainbat hobe izango da: gizajo maitea, azkarrago sendatuko da! Ez, ez, gehiegizko prestutasunik ez! Eta hitz gehiegirik ere ez, ezen isiltzen naizela erakusten diot begirunerik handiena...

        Gizon batek trenbideak zeharkatzen ditu, urrats lokartuz, kutxa bati bultza eginez esku-gurdi baten gainean, eta, kolpetik, geltokiko globo elektrikoak piztu egin dira. Jaikitzen naiz, sormindurik, ez nintzen-eta konturatzen hotz handi-handia nuela... Kaiaren muturrean, eskuargi bat jauzika dabil iluntasunean, ikusten ez den beso batek kulunkatua. Urrutiko txistu batek ihardesten die sirena erlastuei: trena da. Jadanik...

 

 

        Agur, laztana, banoa, ez hemendik oso urrutira, herriska batera: gero, inondik ere Ameriketara abiatuko naiz, Braguerekin. Ez zaitut berriz ikusiko, laztana. Hau irakurtzean, ez duzu uste izango joko anker batean ari naizenik, herenegun idatzi zenidan-eta: «Renée neurea, ez al nauzu jadanik maite?»

        Banoa, egin diezakezudan gaizkirik txikiena duzu. Ez naiz gaiztoa, Max, baina erabat ahiturik sentitzen naiz, eta gauza ez banintz bezala-edo berriz ere amodiora ohitzeko, eta izuturik harengatik oraindik sufritu beharraz.

        Ez ninduzun hain koldartzat jotzen, laztana? Hauxe bihotz murritza neurea! Behiala, ordea, bere burua hain xaloki eskaintzen duen zurearen dina izango zen. Orain, baina... zer emango nizuke, orain, oi laztan neurea? Nitarik hoberena, urte batzuen buruan, haurrik gabeko emakume batek senarraren aldera bihurtzen duen amatasun porrot egin hori izango litzateke. Zuk ez duzu onartzen, eta nik ere ez. Tamalgarria da... Inoiz, laztura etsi batez neure burua zahartzen ikusten dut, eta zahartasuna halako ordainsari gisa agertzen zait...

        Laztana, egun batez hau guztia ulertuko duzu. Ulertuko duzu ezen ez nuela zurea izan behar, ezta inorena ere, eta lehenengo ezkontza bat eta bigarrengo amodio bat gorabehera, halako neskazahar-suertea izan naizela beti, zenbait emakumeren antz eta irudiko neskazaharra, alegia, hain baitira Amodioaz maitemindurik, ezein amodio ez baitzaie nahikoa eder iruditzen eta azalpenik ematera apaltzeke baztertzen baitute; zeinek eskaintza sentimental apal oro arbuiatu eta berriro ere esertzen baitira, bizitza guztiko, leiho baten aurrean, orratz baten gainean makurturik, beren kimera paregabearekin bekoz-beko... Dena nahi izan dut, haiek bezala; oker negargarri batek nau zigortu.

        Ez naiz jadanik ausartzen, laztana —horixe besterik ez da, ez naiz jadanik ausartzen. Ez zaitez haserre izan luzaro gorde izan badizut zer ahalegin egin ditudan neure baitan berriro piztu nahian su hori, fatalismo menturazalea, esperantza itsua, amodioaren segizio alai guztia, alegia... Hemen ez da nire zentzumenena beste eldarniorik izan. Zoritxarrez, ez dago besterik tregoak argiagoak dituenik. Alferrik iraungiko ninduzun, zuk, zeinaren begiradek, ezpainek, fereka luzeek, isiltasun hunkigarriak, sendatzen baitzuten, denbora apur batez, tristura bat errudun ez zaituena.

        «Agur, laztana. Bila ezazu nigandik urrun gaztetasuna, edertasun fresko ukigabea, fedea etorkizunean eta zerorrengan, amodioa, horra, merezi duzun bezalakoa, garai batean eman ahal izango nizun bezalakoa. Ez zaitez nire bila ibil. Zugandik ihes egiteko indarra besterik ez daukat. Hor, sartu eta nire aurrera ager bazintez idazten dizudan bitartean... ez zara baina hona sartuko!

        Agur, laztana. Laztana deitzen diodan munduko izaki bakarra zara zu, eta zure ondoren ez da beste inor izango izen hori emango diodanik. Azken aldiz, besarka nazazu hotzak nengoenean bezala, besarka nazazu estu-estu, estu-estu, estu-estu...

RENÉE.

 

 

        Emeki-emeki idatzi dut; sinatu aurretik, neure gutuna berriz irakurri dut, kiribilak biribildu egin ditut, puntu gehiago ezarri, azentuak, data ipini: maiatzaren 15ean, goizeko zazpietan...

        Baina, sinatu, data jarri eta azkenik itxiagatik, bukatugabeko gutuna da... Berriro zabalduko ote dut?... Dardaraz hasten naiz bat-batean, alegia, gutunazala ixtearekin, oraindik hats bero bat sartzen zen leihatila argitsua itsutu banu bezala...

        Eguzkirik gabeko goiza da, eta neguko hotzak saloi txiki horretan babestu dela dirudi, berrogei egun honetan itxitako pertsianen atzean... Nire oinetan eseria, txakurra isilik dago eta ateari begiratzen dio: itxaroten dago. Berriz etorriko ez den gizon bati itxaroten dio... Blandine aditzen dut eltzeei-eta eragiten, kafe ehoaren usaina hartzen dut: goseak zapuzkiro sastakatzen dit urdaila. Maindire maiztu batek estaltzen du dibana, laino umel eta urdin batek histen ispilua... Ez ninduten hain goiz espero. Dena dago arropa zahar, hezetasun eta hautsez estalia, denak darama oraindik, hemen, irteeraren eta ausentziaren marka goibel samarra, eta neure gordelekua isil-gordeka zeharkatzen dut, zorro zuriak kendu gabe, izen bat idazteke hautsezko herenilearen gainean, gutun bukatugabe hau beste aztarnarik uzten ez dudala neure iragaitzarenik.

 

 

        Bukatugabea... Sarkoi maitea, maite izan nahi nuena, saihestu egiten zaitut. Neure begietan handitzeko aukera bakarra uzten dizut: urrundu egiten naiz. Bihozmina besterik ez duzu izango nire gutuna irakurtzean. Ez duzu jakingo zein erkatze umiligarritik libratu zaren, ez duzu jakingo zein eztabaidaren prezioa izan zinen, erdeinu dudan prezioa...

        Arbuiatu egiten zaitudalako, eta hautatu... zu ez beste guztia hautatzen dut. Ezagutu zaitut lehendik, eta ezagutzen zaitut berriro. Ez ote zara, bada, eman ustetan, dena beretzat biltzen duena? Nire bizitza partekatzeko etorri zinen... Partekatu, bai: heure partea hartu! Erdiz-erdi egon nire eginetan, etengabe sartu nire pentsamenduen pagoda sekretuan, ez da hala? Zergatik zu eta ez beste norbait? Denentzat itxita daukat.

        Ona zara eta, munduko asmorik onenarekin, zoriona ekarri nahi zenidan, ezergabe eta bakarti ikusi ninduzulako. Baina ez zenuen nire behartsuaren harrotasuna kontuan izan: uko egiten diot munduko herririk ederrenak zure begiradaren ispilu amorosoan tipi-tipi eginak ikusteari...

        Zoriona? Ziur al zaude zoriona aski izango dudala hemendik aurrera?... Zoriona ez da bizitzari balioa ematen dion bakarra. Egunsenti hutsal horrekin argitu nahi ninduzun, ilun nengoelakoan, errukia zenidalako. Ilun, nahi baduzu: kanpotik ikusitako gela baten antzo. Itzaltsu, eta ez ilun. Itzaltsu eta tristezia ernai baten artek apaindua, ilunabarreko eta zilarreztatua hontza bezala, sagu setatsua bezala, sitsaren hegoa bezala. Itzaltsu, oroitzapen erdiragarri baten errainu gorriarekin... Alabaina, zure aitzinean ez nukeen jadanik eskubiderik izango triste egoteko...

 

 

        Ihesi noa, baina ez naiz oraino zugandik libratu, badakit. Alderrai, eta libre, zure hormen abaroa desiratuko dut batzuetan... Zenbatetan itzuliko naiz zugana, pausatu eta zauritzen naizeneko zurkaitz maitatua? Noiz arte irrikatuko dut eman zeniezadakeena, boluptuositate luze bat, etendua, kitzikatua, berriztatua... eroriko hegoduna, indarrak beren heriotzatik beretik ernaberritzen diren flakaldia... odol asaldatuaren burrunba musikala... Sandalo errearen eta belar zapalduaren usaina... Ai!, nire bideko egarrietako bat izango zara luzaroan!

        Aldian-aldiko irrikatuko zaitut, fruitu isekia bezala, urrutiko ura bezala eta axaletik hunkitzen dudan zorioneko etxetxoa bezala... Han uzten ditut, neure desira alderraien toki bakoitzean, neure irudiko milaka eta milaka itzalak, nigandik eroritakoak, hau nire herriko ibarretako harri bero eta urdinaren gainean, hura eguzkirik gabeko mendarte bateko sakontasun hezean, eta txoriari, belari, haizeari eta olatuei darraikien beste hura. Denetan gotorrena gordetzen duzu zuk: itzal bat biluzia, kulunkaria, plazerrak belar bat errekastoan iduri inarrosten duena... Baina denborak besteak bezala barreatuko du, eta ez duzu nitaz gehiago jakingo, harik eta nire pausoak gelditu eta nigandik azken itzal txiki-txiki bat hegaldatuko den egunera arte...

 

 

 

© Colette

© itzulpenarena: Periko Diez de Ulzurrun

 

 

"Colette / Mari-Alderrai" orrialde nagusia