AITZIN-SOLASA

 

        Askatasunaren ilusioa askatasunaren baliokide da. Mari-Alderrai-k, Behaztopa-k, Music-hallen ifrentzina-k nire bizitzako garai bat —sei urte— eta giro bat non ezer ez zitzaidan ez mikatz ez doilor iruditu oroitarazten dute. Denbora hartan, gainera, apenas mugitu gabe bidaiatzen nuelakoan egon

        nintzen. Sei urtez, music-hall batetik bestera, lankide mimo batengandik lankide akrobata batengana, emakume lankide kantari batengandik emakume lankide dantzari batengana pasatuz, «komikoen mundua» deitzen dioten horretan bat ere emakume barne-gaiztokorik, bat ere gizon prestu izango ez zenik, topatu ez izanaren bozkario eta kontsolamenduaz gozatu nuen.

        Orduantxe nuen erabaki neure idazle-lanak neure artista-bizimoldearen erritmoaren mende jartzea. Ongi heldu izana da harrigarria. La Vagabonde-k eta L'envers du music-hall-ek deserosotasun bat erabatekoa izan zuten lagungarri, hotelik nolabaitekoenetako gelak garaitu zituzten, azal-apainetako mahaitxoarekin, marmolezko «beladore»arekin eta publizitateko afitxeekin kontentatu ziren. Idazlea, helduz joan ahala, atsekabetzen duten kezka eta arrengurek akabera eman zioten, ondikotz!, malgutasun horri.

        Horrek ez baitu, alabaina, eragozten, neure iraganera itzultzen naizen aldiro, beti ere eskerronez so egitea lan osasungarri eta xumea egin nuen garai horri.

        Apenas ikusi nuen goibeltzen neure presentea, halatan, kazetaritzaren premiak zirela kausa, zenbait editorial politikoren erredakzioa eskaini eta, erreportaje politiko batetik biltzar nazional batera, herrestan eraman nindutenean bere erakaspen berri eta latza ukatzen ez zidan jendearen artean.

 

COLETTE

 

 

 

© Colette

© itzulpenarena: Periko Diez de Ulzurrun

 

 

"Colette / Mari-Alderrai" orrialde nagusia