HITZAURREA

 

        Sidonie Gabrielle Colette 1873an jaio zen Saint-Sauveur-en-Puisaye-n (Burgundia, Frantzia) eta hantxe bizi izan zen harik eta 1893an Henry Gauthier-Villars-ekin (Willy izengoitiz) ezkondu zen arte. Haren haurtzaroa hango haran «sehaska bat bezain mehar eta bakarti» batean igaro zen, zeinean «animaliak eta jendeak eztiki mintzatzen ziren» eta non berebiziko maitezaletasuna erakusten baitzen «ernatzen, loratzen edo hegaldatzen den ororen aldera». Horra, beraz, neskatxa izkiriazale haren begi galdetzaileen aurrean hedatzen zen «hondoko ikuspegia». Esan bezala, oraino neska heldugabea zela, Henry Gauthier-Villars-ekin ezkondu zen. Orduan, Parisera bizitzera joan eta, senarrak sustaturik —eta hark sinaturik—, Claudine eleberri-saila, fikzioa eta autobiografia batera, idatzi zuen (1900-1904), arrakasta eta ospe handia emango ziona. Prosa garratz eta malgu horrek, izaki gazte baten ernatzea kontatuz loratzen denak, begi atzarri batez elikaturiko eta lurraren esentzia guztiez kutsatutako sentsualitatea salatzen du.

        1906an dibortziatu egin zen eta mimo bilakatu, idazten ere segitu zuen arren: Les Vrilles de la vigne (Mahastiaren zirgilak), La Vagabonde (Mari-Alderrai), Dialogues de bêtes, La Retraite sentimentale, L'Envers du music-hall, etab. Lehen Mundu Gerla piztu zen denboran, kazetaritzan hasi eta artikuluak idazten ihardun zuen Matin egunkariarentzat. Gerora, «journal» horretako erredaktoreburuarekin ezkonduko zen, Henry de Jouvenel jaunarekin, alegia. Garai horretan idatzi zituen eleberriak bere bizitzako gorabeherak oinarri hartuz apailatu zituen: Ordu luzeak, Claudineren etxea, Sido eta beste. 1924an dibortziatu eta 1935ean ezkondu zen berriro, oraingoan Maurice Goudeket-ekin.

        Landu zituen gaien artean hauek izan zituen kuttunen: amodioa, sentsualitatea eta jeloskortasuna, emakumezko sotil eta boluptuosoen deskribatzea, naturako edertasunen gomutaraztea eta animalien sentikortasuna aztertzea: La chatte (Katemea) eleberrian, adibidez. Haren oroitzapen-liburuen artean gailentzen dira Mes apprentissages (Nire ikasketak), L'étoile vesper (Ilunabarreko izarra) eta Le fanal bleu (Kriseilu urdina).

        1936an Belgikako Erret Akademiakide izendatu zuten, eta Goncourt Akademiakoa ere bai 1944an. Parisen zendu zen 1954an. Bere estiloagatik eta bere obraren zabaltasunagatik, XX. mendeko idazle hoberenen artean jarri beharra dago; era berean, mugimendu feministaren alde nabarmendutako lehenengo emakume idazleetako bat ere izan genuen.

 

 

        Mari-Alderrrai eleberriari helduz esan dezagun ezen Mari-Alderraik toki aparteko eta funtsezkoa betetzen duela Coletteren obran eta bizitzan. Liburu hau 1910.ean agertu zen eta Renée du protagonista. Emakume hau, heldua jadanik eta beti ere amorostua, alderrai ibiltzen da etengabe, sekula gelditu barik, eszenarioz eszenario eta tren batetik bestera, probintzietako hiri ttikietako gela «meublée»-etara eta kaleetako «beladore»etara ohiturik. Emakume nostaljiko eta buruargi baten erretratua, beraz, garai hartan feminismoaren alde egindako lehen saioetako bat izan zena.

        1910ean, liburua agertu zenean, Colettek hogeita hamazazpi urte ditu; sasoi hartan, Claudine-en egilea izateagatik ezaguna zen batez ere, eta, dena den, La Vagabonde-k Claudine-en inspirazioarekin eten zuen, haren liburuek hutsalkeriatik, moralaren kontrakotik edo are moralgabekeriatik izan zezaketen guztiarekin, alegia. Renée Néré-ren medioz —eleberriko heroisa, zeinari, bakarrik eta libre, burua ateratzeko, music-halleko artista gisa lan egin beharra egokitu baitzitzaion—, Colettek usu bere buruaz hitz egiten digu larritasunez. Bere eleberriaren bidez barrua hustu eta Willyren (lehen senarra, lehen amodioa) saldukeriek zauritutako bihotzaren sufrimenduak kontatzen dizkigu. Halaber, eta bide batez, bere mimo, dantzari eta komediante bizitzaren berri ere ematen digu; eta, music-halletako eta kafe-kontzertuetako bastidoreetan, irakurtzaleari ezagutarazten dizkionetan, adorez eta duintasunez bizitzen ikusi ahal izanen dugu, hain burgoi eta isil, hain maitemindurik baita ere bere «joko»arekin eta disziplina eta grinaz burutzen dituen irudiekin, hain sendo, azken finean, bai bere gorputzaren edertasunean bai bere «jestu perfektuan», hain seduzitzeko gertu beti, jakintsu bere burua apaintzen, jakitun, halaber, bai bere liluratze-ahalmen apartekoaz, bai bere emakumezko gailentasunaz ere.

        La Vagabonde heldutasunaren liburua da —Nicole Ferrier-Caverivière Sorbonako irakasle jaunaren iritziz—, Colette alferrik ohartzen da zaurigarria dela oraindik, aurrerantzean badaki emakume bat «ez dela inondik ere bihozminez hiltzen ahal», «altzairuz egina dela», edo eta, hobeki esanik, «emakume egina dela». Willyren hersturatik jareginik, gogor borrokatuko da ez berriz erortzeko amodioaren atzaparretan. Emakume berria bilakatzen sentitzen da, eta, hala, amodio berriek tentagarri jartzen dizkioten segadetan, XX. mende hasierako mugimendu feministaren aitzindarietako bat bezala agertuko zaigu betiko gizarteak, betiko gizonezkoak emakumezkoari gordeak dizkioten «rol»-ei aurre eginez.

        Eleberria aurrera joan ahala, Colettek berriro bizitzen ikasiko du, baita idazle gisa moldatzen ere; karia horretara, xarma eta sentiberatasun handikoak dira lumak, idazteak, sorrarazten dizkioten pentsamendu eta gogoetak. Colette haurtzarora hegaldatuko zaigu lehenbizi, gero, behin gizonezkoen menpekotasunetik askatu eta esklabutza horretan berriz ez erori nahiz, oihanetako antzinako lamien antzera libre eta bere buruaren jabe bizitzeko.

 

 

        Liburuaren arrakastaren ezaugarri, zenbait egokitzapen zinematografiko egin zituzten berarekin; lehenbizikoa Erroman egin zen (1917), eta bigarrenean (1931) Colettek berak hartu zuen parte. Mari-Alderrai oinarri harturik hiru ekitaldi eta sarrerako teatro-pieza bat ere moldatuko zuten, aurrenekoz 1923ko otsailaren 20an jokatu zena.

        Bukatu aitzin, esan beharra dago La Vagabondek, agertu bezain laster, goresmenez landa, zenbait itzalgaitz moral ere eragin zituela protagonistaren bizitza ustez lasai edo nabarmenegiagatik, baita —orduko kritikalari batzuen iritziz— inolako xede ez giza mailako ez artistikorik ez proposatzeagatik ere. Ildo horretan, Colettek Lesbos-en lilurak eta plazer debekatuak ezagutzeko parada ere izan omen zuen (orduko gizarteko zenbait jende «bien-pensant»en eskandalagarri). Izan ere, 1907.ean Sidonie Gabrielle Belbeuf-eko markesarekin, hots, Missy zeritzon Mathilde de Morny-rekin jarri zen bizitzen. Horrek kalapita eta arramantza bat baino gehiago ekarri zizkion. Kontestu horretatik jalgia, beraz, Mari-Alderrai zaila da sailkatzen; badu eleberritik, alderdi batzuetatik begiratuz, eta autobiografia-motako literaturatzat ere jo daiteke, beste batzuetatik ikusita. Testigantza hauta, beraz, haren barne eta kanpoko deskribapenak direla medio, orduko gizartea, orduko music-halleko artisten bizimodua ezagutu eta mende honetako lehen feministetako baten barruko mundu aberats eta borroka latzen berri izan dezagun.

 

Pedro Mari Diez de Ulzurrun

 

 

 

 

© Periko Diez de Ulzurrun

 

 

"Colette / Mari-Alderrai" orrialde nagusia