Osaba oso gaizki zegoela-eta, ezkongaialdia eta ezkontza aurreratu ziren aldarte onaren itxurak eginez, bakoitzak baitzeukan bere papera, eskuzabaltasunezko norgehiagoka hartan. Zeremonia barnekoiez kanpo, herio isiltasun bat sumatzen zen, bertan Paul, Gerard eta Agathak, gehiegizko alaitasunez, Elisabeth zamatzen zutela. Alferrekoa zen honek uste izatea bere abileziak gordetzen zituela hondamenditik, berari esker Agatha ez zela izango Paulen anabasaren biktima, eta ezta Paul ere Agatharen gutxiagotasunaren biktima; alferreko zuen errepikatzea: Gerard eta Agathe maila berekoak izaki, elkarren bila zebiltzan gutaz baliatuz; urtebete barru ume bat izango dute eta gorabehera hauek bedeinkatuko dituzte; alferrekoa zen gau anker hartako makurkeriak ahaztea amets patologiko batetik orain itzartzen balitz bezala; alferrekoa iriztea guzti hura zuhurtasun babesle bat praktikan jartzea izan zela, zeren horregatik ez baitzen gutxiago kezkatua sentitzen hiru errukarri haien aurrean eta bakarrik uzteko beldur gutxiagorekin.

        Elisabeth lasai sentitzen zen bakoitzarekin bakarka. Berezkoa zuten gizalegetasunak gertakariak erkatuko ez zituzten garantia ematen zion, ez zuen ikusten, alegia, gertakariok txartzat hartu eta bere gaizkinahiri atxikitzeko arriskurik. Zein gaizkinahi? Gaizkinahia zergatik? Elisabeth lasaitu egiten zen bere buruari galdezka eta inolako erantzunik ez aurkitzean. Neskak maite zituen errukarri haiek. Eta interesatzen zitzaizkiolako, haienganako zuen pasioagatik bihurtu zituen, hain zuzen, bere biktima. Zelatan egoten zitzaien, lagundu egiten zien; besteak beste, estutasun batetik ateratzen zituen; honen froga geroak bakarrik ekarriko zuen. Betebehar gogor hura larrutik ordaindua zuen bere bihotzak. Baina ezinbestekoa zen. Nahitaezkoa.

        — Beharrezkoa zen —zioen behin eta berriro bere baitan, ebakuntza kirurgiko arriskutsu bat egitea bezala izan bailitzen. Haren labana, bisturi bihurtu zen. Gau hartan bertan behar izan zen erabakia hartu, anestesiatu eta ebaki. Bere buruaz harro zegoen emaitzengatik. Nahiz eta Agatharen edozein irrik bere lozorrotik ateratzen zuen, mahaira ekartzen zuen berriro, irri zuri hura entzuten zuen, Paulen planta txarra eta Gerarden keinu xamurra ikusten zituen eta, berriro zalantzatan murgilduz, bere izuak, xehetasun gozagaitzak, eta gau madarikatuko fantasmak uxatzen zituen.

        Ezkon-ibilaldiak bakarrik utzi zituen neba eta arreba. Paul ahitzen ari zen. Elisabethek koartoa partekatzen zuen, beila egiten zion, gau eta egun zaintzen zuen. Medikuak ez zion tankerarik hartzen gaixoaren erorialdi berriari sintomak ezezagunak baitzitzaizkion. Bionbozko logelak ikara ematen zion; Paul koarto eroso batean jartzea nahiko zukeen. Paulek ez zuen hori onartu. Itxuragabeko arropaz inguratua bizi zen. Satin xingolak argia iraizten zuen Elisabethen gainean; hau eserita zegoen masailak esku artean zituela, begiak finko, eskabide ilun batek errautsia. Oihal gorriak gaixoaren aurpegia koloreztatzen zuen, Elisabeth itsutu egiten zuen suhiltzaile-kotxeen islak Gerard itsutu zuen bezala, baretu egiten zuen jada gezurrez beste ezertaz elikatzen ez zen izaki hura.

        Osabaren heriotzak Gerard eta Agatharen itzulera aurreratu zuen. Laffitte kalean jarri ziren bizitzen, Elisabethek behin eta berriz esan zien arren etxeko estaia bat utziko ziela. Neskak igarri zuen ondo konpontzen zela bikotea, lortzen zutela erdipurdiko zoriontasun bat (haiei zegokien bakarra) eta beldur ziotela gerora etxeko giro indiziplinatuari. Onartuko zuten susmoa zeukan Paulek eta lasai hartu zuen arnasa, Elisabethek haien erabakiaren berri eman zionean.

        — Iruditzen zaiek gure bizi erritmoak izurra dezakeela beraien bizitza. Gerardek, zapla, bota zidak aurpegira. Beldur duk Agatharen baitan izan dezakegun eraginagatik. Bere osaba bezalakoxea bihurtu duk. Ahozabalik egon natzaiok entzuten. Antzezten ez ote zen ari galdetzen nian neure golkorako, ez ote zen jabetzen bere xoxokeriaz.

 

 

        Noizbehinka bikoteak Etoile kalean bazkaltzen edo afaltzen zuen. Jaikitzen zen Paul, jantokira igo eta etengabeak izaten ziren beren arteko tirabirak Marietteren begiradapean, zorigaitza aurreikusten zuen bretainiarraren begirada tristea.

 

 

 

© Jean Cocteau

© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola

 

 

"Jean Cocteau / Ume terribleak" orrialde nagusia