Oroitzen zarete etxeak galeria bat zeukala, erdi billar-areto, erdi lan kabinet, erdi jantoki. Galeria heteroklito hau, delako galeria ez izateagatik eta inora ez zeramalako zen horrelakoa. Eskilaratako moketa zerrenda batek zeharkatzen zuen bere linoliozko zorua eskuin aldetik eta horman gelditzen zen. Sartzean, ezker aldera, jan-mahai bat ikusten zen airean zintzilikatua zirudiena, sila bakar batzuk eta zur arinezko bionboak, nahi zen forma bar zezaketenak. Bionbo hauek jantokiaren montioa lan kabinetaren montiotik isolatzen zuten (kanape, larruzko eserlekuak, liburutegi itzulkaria, lur-boila), taxu gabe pilatuak beste mahai baten inguruan, arkitekto mahaia berau, eta honen gainean erreflektagailudun lanpara bat sarrerako argigune bakarra zena.

        Hutsik zeuden tarte batzuk harantzago, kulunkaulki batzuk ezik, billarra gertatzen zen hunkigarria bakartasunaren eraginez. Tarteka-marteka, goi-leihartzek argi zelatari batzuk proiektatzen zituzten sabaian, goitik behako argitasun bat kanpotik sartzen zena, kriseiluak formatuz dena ilargi xirrinta teatralez betetzen zutela.

        Argi-ontzi zurbil baten agerrera itxaron zitekeen han, leiho baten kirrinka zabaltzean, lapur baten jauzi ilauntsua.

        Isiltasun hark, kriseilu haiek, elurra oroitarazten zuten, garai bateko sabia Montmartreko kalean airean eskegia, eta baita, bataila baino lehen, cité Monthiersko hiri-artea ere elurrak galeria baten proportzioetara murriztua. Isiltasuna oso antzekoa zen, eta itxarotea eta etxaurre zurbilak leihartzek zurizkatuak.

        Areto hark arkitekto baten kalkulu hutsegite itzel batean pentsarazten zuen beranduegi ohartu izana sukaldea edo eskilara ahaztu zitzaizkiola.

        Michaelek eraberritua zuen etxea; baina ezin izan zuen konpondu kale itxu haren problema bertaraxe irteten zena beti. Nahiz eta Michaelentzat, kalkulu hutsegitea bizitzaren agerpena zen; makina gizatartzen eta atzematen uzten den unea. Bizi urriko etxe baten gune hil hura zen, halere, bizitza errefuxiatu zeneko lekua. Gupidagabeko estilo batek inguratua, burdin eta ormigoi multzo baten artean, bizitza zoko izugarri horretan ezkutatzen zen edozein gauza hartuta ihesi doazen printzesa destronatuen itxurarekin.

        Etxea miretsia zen; esaten zen: «Ez da apainegitua. Ezerezaren ukapena da. Ez dago gaizki milioidun batentzat.» Halere, New Yorkez maitemindutako jendeak, logela hura erdeinatuko zuenak, ez zukeen sumatuko (ezta Michaelek berak ere) zenbateraino zen amerikarra etxe hura.

        Burdinak eta marmolak baino mila aldiz hobeto, koarto hark sekta ezkutuen hiria adierazten zuen: teosofo, Christian Science, Ku-Klux-Klan, oinordekoari proba misteriotsuak ezartzen dizkioten testamentuen, hil kluben, izpiritismo mahaien, Edgar Poeren somnanbuluen hiria.

        Eroetxeko mintzaleku hark, materialdu eta luzera beren heriotza iragartzen duten pertsona zenduarentzat dekoratu ideal hark, oroitarazten zuen gainera, juduek duten zaletasuna katedraletarako, barne zabaletarako berrogeigarren estafan lekututako plataformetarako, hauetako kapera gotikoetan etxekoandreak bizi direlarik organoa joz eta zuziak errez. Zeren New Yorkek zuzi gehiago erretzen baititu Lourdesek, Erromak, munduko beste edozein hiri santuk baino.

        Haurtzaro beldurtiarentzat eginiko galeria, itzartzean ausartzen ez dena zenbait korridore gurutzatzera, altzariek karrak egiten dutelako, edota ateetako morrailak biratzen.

        Traste gela munstro hau zen Michaelen txoko gogokoena, haren irribarrea, haren izpirituaren gauzarik hoberena. Logelak umeekiko topaketa baino lehenagoko zerbaiten existentzia nabarmentzen zuen harengan, umeon dinako egiten zuen zerbaitena, alegia. Frogatzen zuen zeinen bidegabekeria handia izan zen hura logelatik kanpo uztea, eta zeinen zorigaiztokoak haren ezkontza eta tragedia. Han garden egiten zen misterio handi bat: Elisabeth ez zen ezkondu Michaelekin ez haren ondasunengatik, ez haren indarragatik, ezta haren dotoretasunagatik; ezta haren xarmagatik ere. Haren heriotzagatik ezkondu zen.

        Normala zen umeek ere beren logela edozein lekutan bilatzea galeria hartan ezik. Beren bi koartoen artean, arima erratuak bezala zebiltzan. Gau egundu haiek ez ziren jada oilarraren kantuarekin aienatzen den argilitza arin hori, airean hegan dabilen argilitza urduri bat baizik. Azkenik, bakoitzak bere koartoa zeukanez eta nola ez zituzten bertan behera utzi nahi, haietantxe ixten ziren amorrazioz edo batetik bestera ibili ohi ziren, oinkada ankerrez, ezpainak estututa, elkarrenganako begiradak labana zorrotzak bailiren.

        Baina galeriak haiek sorgintzen jarraitzen zuen. Honen deiak beldur pixka bat ematen zien, ez zien uzten alartzea zeharkatzen.

        Ohartuak ziren honen bertute berezi batez, eta ez noski txikiena: galeriak norantz guztietara ematen zuen, alegia, aingura bat bakarrari lotutako ontziak bezala.

        Beste edozein koartotan zeudenean ezinezkoa egiten zitzaien logela lekutzea, eta bertan sartzen zirenean, beste koartoen kokaeraz konturatzea. Ozta-ozta orienta zitekeen bat sukaldetik zetorren baxera hots ilun bati esker.

        Zarata hark eta sorginkeria haiek haurtzaro erdi loa oroitarazten zuten funikularretik jaitsi ondoren, hotel suitzarrak beren leihoak munduaren gainera zabaltzen zirela, aurrez aurre glaziarrak ikusten zirela, hain bertan, hain bertan, kalearen beste aldean, diamantezko eraikin bat bezala.

        Orain Michaeli zegokion haiek behar zen lekura eramatea, urrezko neurri-makila hartu, mugak marratu eta zegokien lekua aukeratzea.

        Paul alditxartua zegoen gau batean eta Elisabethek lo egiten utzi nahi ez ziola, ateari danbateko bat emanik irten eta galerian babestu zen.

        Ez zen, halabeharrez, hautemaile bizkor-bizkor horietakoa. Baina aiereuak zakarki hartzen zituen, gorde egiten zituen, eta berehalaxe orkestratzen zituen erabilpenerako.

        Argi eta itzal tarteak txandakatzen ziren galeria misteriotsu hartan aurkitu bezain laster, estudio bakarti hartako dekoratuan sartzearekin batera, xehetasun txikienak ere alde egiten ez zion katu zuhur bihurtu zen. Begiek diz-diz egiten zioten. Gelditu egiten zen, itzuli-mitzuliak ematen zituen, usnan zebilen, ezin baitzuen hango logelarik Cité Monthiersekin erlazionatu, edo gaueko isiltasun hura elurrarekin, baina bertan aurkitzen zituen berriro, sakonki, lehengo bizieraren esperientziak.

        Laneko kabineta arakatu zuen, bere buruaz jabetu zen, atzera eta aurrera ibili zen bionboak besaulkia bakartuko zioten eran jartzen, bertan etzan zen hankak sila batean zituela; gero, izpiritua baretuta, «joaten» ahalegindu zen. Nahiz eta dekoratua izan zihoana, bere pertsonaia zapuztuz.

        Sufritzen zegoen. Harrokeriagatik sufritzen zuen. Dargelos bigarrenari hartu nahi ziokeen mendekua frakaso negargarri bat zen. Agathak menpean zeukan. Eta berak maite zuela, neskak bere eztitasunez menperatzen zuela, menperatua izaten uztea komeni zitzaiola ulertu ordez, haserretu, bihurritu egiten zen, bere deabrutzat, infernuko zorigaiztotzat zeukanaren aurka borrokatzen zen.

        Upela baten edukia beste batera husteko aski da gomazko hodi txiki bat edukitzea.

        Biharamunean Paul antolatu egin zen, etxola bat eraikiz madame de Segur-en «Oporretan» bezala. Bionboekin ate bat eratu zuen. Itxitura hau, goitik irekia, lekuaren naturaz gaindiko existentziaz parte hartzen zuena, anabasaz bete zen. Paulek bertara eraman zituen soin-enborra, altxorra, liburuak, kaxa hutsak. Arropa zikina pilatzen zihoan. Ispilu itzel batek aurre ematen zien ikuskariei. Ohe toleskor batek ordezkatzen zuen besaulkia. Satin xingolak estali zuen dirdirailua.

        Aurrez aditzera emaniko bisitaldi batzuen bidez, Elisabeth, Agatha eta Gerard, gai ez izaki haltzari paisaia kitzikagarri hartatik urrun bizitzeko, Paulen oinatzei jarraiki zitzaizkien.

        Biziberritu egin ziren. Kanpamenduak muntatu zituzten. Ilargiaren izpil eta itzalguneak aprobetxatu zituzten.

        Astebeteren buruan termoek ordezkatzen zuten Charles kafetegia eta bionboek ez zuten osatzen logela bakar bat besterik, linolioz inguratutako irla bakarti bat.

        Bi logelen problemak sortutako txarraldiaren ondoren, sobera zeudela pentsatuz eta Paul eta Elisabethen aldarte gaiztoa (batere imajinaziorik gabeko aldarte gaiztoa) galdutako eguratsaren itzul-minari egotziz, Agathe eta Gerard elkarrekin irteten ziren sarritan. Beren adiskidetasun sakona gaitz bera jasaten duten gaixoenaren tankerakoa zen. Gerardek Elisabeth bezala, Agathek gizagaindikotzat zeukan Paul. Biak zeuden maiteminduak, ez ziren damu eta sekula ez ziratekeen ausartuko beren maitasuna aitortzera. Azpi azpitik, burua tente, beren idoloak adoratzen zituzten. Agathak elurrezko mutil gaztea, Gerardek burdinazko birjina.

        Ez bati eta ez besteari ez zitzaiekeen inoiz burutik pasako onginahia besterik lortzea, beren bihotz beroaren truke. Zoragarria aurkitzen zuten utz ziezaieten, beldurrak dardara egiten zuten neba-arreben loa oztopatzen zutela pentsatze hutsarekin eta baztertu egiten ziren gizabidez, enbarazuan zeudela iruditzen zitzaienean.

        Elisabethek ahaztu egiten zituen bere kotxeak. Txoferrak oroitarazten zizkion. Arratsalde batez, neskak Gerard eta Agatha paseatzera eramanak zituen batean, Paulek, bakarrik, bere bakardadearen gatibu, amodioaren aurkikuntza egin zuen.

        Agatharen berdina omen zelako argazkia zorabioraino begiratzen zuen bitartean, aurkikuntza honek harri bihurtua utzi zuen. Bistakoa zen. Paul, monogramako letrak bereizi bai, baina begiratu batean letra horiek lotzen dituztela ikusten den lerro sumagaitzez konturatzen ez diren pertsona horien antzekoa zen.

        Bionboek, aktoresa kamerinoak bailiren, Montmartre kaleko aldizkarien ebakinak erakusten zituzten. Eguna urratzearekin loto-loreak musu murmurio artean irekitzen direneko urmael txinatarren antzera, bionboek bat-batean erakutsi zituzten asasinoen eta aktoresen aurpegiak. Paulen irudia ispiluzko jauretxe batek biderkatua jalgitzen zen. Dargelos izatetik hasten zen, argi-ilunbetako lanbro artean ikusitako neskatxa ziztrinetan finkatzen zen, holtz xumetako aurpegiak elkartzen zituen, Agatharengan garbitzen zen. Zenbat abiamen eta montio, zenbat ukitu amodioa baino lehen! Berak, neskatxa eta eskola-umearen arteko abagune baten biktima uste zenak, patuak armak nola aukeratzen dituen ezagutu zuen, destatu eta bihotzean jotzeko luzakeriak ere ezagutu zituen.

        Eta guztionetan, Paulen nahierak, nahiera ondo berezia halere, ez zuen izan inolako zerikusirik, zeren patuak, mila neskatxen artean, Agatha aukeratu baitzuen Elisabethen adiskide izateko. Nahitaezkoa zen, beraz, gasezko suizidioraino itzultzea erantzuleak bilatzeko.

        Paul harrituta sentitu zen aurkikuntza haren aurrean eta, zalantza gabe, haren harridurak ez zukeen izango mugarik baldin bere ustekabeko argi-ikusmena amodiora bildu ez balitz. Ikusiko zuen bestela nola lan egiten duen patuak, nola imitatzen duen astiro-astiro erra-ziria, orratzez ziztatzen gaituela eta magalean eutsiz lantzen duten kuxina bezala.

        Logela hartatik, hain desegokia antolatzeko, orekatzeko, Paulek bere amodioa ateratzen zuen, eta hasiera batean ez zuen erlazionatu Agatha inolako ikuspegi lurtarrez. Bakarrik buru-berotzen zen. Bat-batean ispiluan islatua ikusi zuen bere aurpegia eta lotsatu egin zen bere inozokeriak hartzera beharturiko aurpegi zakarraz. Txarrari txarrarekin ordaindu nahi izan zion. Baina halere haren txarra on bilakatzen zen. Laster asko onari onarekin erantzungo zion. Gai izango ote zen hori egiteko? Maite, maite zuen Paulek; honek ez zuen esan nahi amodio hura elkar-maitasuna zenik eta noizbait hala izatera iritsiko zenik.

        Begirunea sor zezakeela imajinatzetik oso aparte, bat-batean pentsatu zuen Agatharen begirunea ezinikusi hutsa zela. Ideia honetatik zetorkion sufrimenduak ez zeukan inolako zerikusirik beste sufrimendu eskergarekin, hark bere harrotasunari zor zitzaiola uste zuenarekin. Sufrimendu honek ez zion bakerik ematen, eraso egiten zion, erantzuna eskatzen zuen. Deus ez zeukan estatikotik; ekin beharra zegoen, erabaki beharra zer egin. Sekula ez zen ausartzen mintzatzera. Bestela izanda ere, non hitz egin? Partekatzen zuten erlijioaren erritoek, honen zismek, oso zail egiten zuten edozein azpijoko eta zeraman biziera nahasiak hain gauza gutxi berezi onartzen zituen data berezi bakar batzuetan, ze arriskua baitzeukan bere hitzak aintzat hartzen ez zirela mintzatzeko.

        Idaztea bururatu zitzaion. Harri baten eroriak baretasuna asaldatu zion; bigarren harri batek aurreikus ezin zitzakeen ondorioak ekarriko zituen, baina bere ordez erabakiko zutenak. Gutun hura, sistema pneumatikoz igorria, azarearen biktima bilakatuko zen. Edo taldearen erdian eroriko zen, edota Agatha bakarrik zegoela; horren arabera jokatuko zuen.

        Paulek bere antsia disimulatuko zuen, betozko ilunaren plantak egingo zituen biharamunera arte, abaguneaz baliatuko zen idazteko eta bere aurpegi larregi gorritua ez erakusteko.

        Taktika honek urduri jarri zuen Elisabeth, eta Agatha gajoa, berriz, lur jota utzi zuen pentsatuz Paulek herra ziola eta ihesi zebilkiola. Biharamunean gaixorik deklaratu zen, oheratu eta logelan afaldu zuen.

        Gerardekin bakarrean afari ilun bat egin ondoren, Elisabethek Paulengana bidali zuen hau, ahalegintzeko barneratzen erregutu zion, ateratzeko zer zuen beraien aurka, bera Agatharen marrantaz arduratuko zen bitartean.

        Negarrez aurkitu zuen, ahozpez etzana, aurpegia kuxinaren kontra zuela. Elisabeth erabat zurbil zegoen. Etxearen ondoezak haren izpirituan lo zeutzan zenbait geruza itzartzen zituen beragan. Misterio bat usmatzen zuen eta zein izan zitekeen jakin nahi zuen. Haren jakin-minak orain ez zeukan neurririk. Koitadua losindu, kulunkatu, aitortu egin zuen.

        — Maite dinat, adoratu egiten dinat eta berak erdeinatu egiten nain zioen Agathak negar zotinka.

        Amodio kontua zen, beraz. Irribarre egin zuen Elisabethek.

        — Hara beste txoroa berriz! —egin zuen Agathe Gerardengatik mintzo zelakoan—; zer dela-eta erdeinatzen hauen jakin nahi niken. Esan al din ezer? Ez!, Hortaz? Hori zoria daukana inozo horrek! Hik maite badun, hirekin zeukan ezkondu beharra, beharko ezkondu...

        Agatha negarrez urtzen zen, laxatua, ahizpa honen xalotasunak anestesiatua, iseka egitetik urrun, Elisabethek proposatzen zuen irtenbide pentsaezina zela medio.

        — Elisatxo... —murmuratu zuen, emakume alargun gaztearen sorbaldan burua etzanik—, Elisatxo, ona haiz, hain ona..., baina berak ez nain maite.

        — Ziur hago?

        — Ezinezkoa dun...

        — Badakin?, Gerard mutil lotsatia dun...

        Eta kulunkatzen jarraitzen zuen, ferekatzen, bizkarra intziri artean itotzen zitzaiola, Agatha zutitu zenean:

        — Baina... Elisa..., kontua ez dun, ordea, Gerardekin. Paulez mintzo natzain!

        Elisabeth zutitu egin zen. Agathak hitz-motelka zioen:

        — Barkatu..., barkaidan.

        Elisabeth, begirada finko eta eskuak zintzilik zituela, zutik hondoratzen sentitu zen ezinduaren logelan bezala, eta garai batean, bere ama ez zen hildako batek bere ama nola ordezkatzen zuen ikusia zeukan antzera, Agathari begiratzen zion, negarretan urtzen zen neskatxa harengan Athalie iluna ikusiz, etxean sartu zitzaion lapur bat, alegia.

        Baina dena jakin nahi zuen; bere buruaz jabetu zen. Ohearen ertzean eseri zen.

        — Paul! Harrigarria dun. Sekula ez zitzaidanan burutik pasako...

        Ahots doinurik maitagarriena aukeratu zuen.

        — Hau dun ustekabea, hau! Hain dun bitxia. Harrigarria. Esan, kontaidan azkar.

        Eta berriro besarkatu eta kulunkatu zuen, haren konfidentziak maneiatu zituen, maltzurki argirantz bideratu zuen sentimendu ilunezko multzo hura.

        Agathak malkoak lehortzen zituen, zintz egiten zuen, kulunkatzen, konbentzitzen uzten zen. Bihotza husten zuen eta sekula bere buruari egitera ausartuko ez zen aitorpenak egitera eratortzen zen Elisabethekin.

        Elisabethek entzun zuen nola diseinatzen zen amodio apal, amodio goren hura; Paulen arrebaren lepoan eta sorbaldan burua etzanik mintzo zen neskatxa harriturik geratuko zen baldin ikusi izan balu, ile adatsak mekanikoki ferekatzen zizkion eskuaren gainetik, epaile gupidagabe haren aurpegia.

        Elisabeth zutitu egin zen ohetik. Irribarreka zegoen:

        — Entzuidan —esan zuen—, har ezan atseden, laxa hadi. Guztiau oso erraza dun. Galdetuko egingo zionat Pauli.

        Agathe zutitu egin zen, izututa.

        — Ez, ez, ez dezala ezer suma! Arren! Elisa, Elisa, ez hiezaion esan...

        — Uztan, adiskidea. Maite dun Paul. Paulek hi maite bahau, hainbat eta hobe. Ez haut salatuko, hago lasai. Nire jokoa erakutsi gabe galdetuko zionat; eta horrela jakingo dinat. Izan konfiantza, lo egizan; ez hadi mugi logelatik.

        Elisabeth eskaileratan barrena jaitsi zen. Txabusina bat zeraman soinean gorbataz gerrian lotua. Txabusina hura luzeegi zetorkion eta traba egiten zion. Baina makinalki jaisten zen, berak ia hotsa besterik entzuten ez zuen mekanismora jarria. Mekanismo hark gidatzen zuen, txabusinaren barrena hankapean zapaltzetik gordetzen zuen, ezkerraldera edo eskuinaldera bira erazten zuen, ateak zabaltzera eta ixtera behartzen zuen. Automata bat bezala sentitzen zen, zenbait ekintza burutzeko fabrikatua eta hala egin beharra zeukana bidean puskatzen ez bazen behintzat. Haren bihotz taupadak aizkorakadak bezala ziren, belarriek dilin-dalanka egiten zioten, ez zeukan pentsamendu bakar bat ere ibilera bizkor harekin zerikusia zuenik. Tankera honetako oinkadak ametsetan entzun daitezke, oinkada astunak, hurbiltzen direnak eta gogoeta egiten dutenak, hegada baino abiada arinagoko oinkadak, eta harrizko estatuaren astuntasuna eta urpekariaren trebetasuna konbinatzen dutenak.

        Elisabeth, astun, arin, hegalari, txabusinak haren txorkatilak herri primitiboen artean naturaz gaindiko pertsonaiak bereizten diren berotasunez bilduko balizkio bezala, korridoretan zehar zihoan burua hutsik zuela. Buru hark ez zeukan barruan zurrumurru sor bat besterik, eta haren bularrak egurginaren kolpe neurtuak.

        Handik aurrera, neska gaztea ez zen geldituko. Logelako jeinua zitzaion nagusitua, ordezkatu egin zuen, izpirituek negozio-gizon batez jabetu eta porrota eragozteko aginduak ematen dituzten bezala, edo marinel baten keinuak ontzia salbatzeko, edo kriminal baten hitzak koartada bat eratzeko.

        Ibilaldi hark areto bakartira zeraman eskailera txikiaren aurrera eraman zuen. Gerard handixek irteten ari zen.

        — Hire bila nindoanan —esan zuen—. Paul arraro zegon. Ikusi egin nahi hau. Zer moduz dago Agatha?

        — Buruko mina zeukak, lo egiten uztea nahi dik.

        — Hura ikustera nindoanan...

        — Ez hadi joan. Atseden hartzen zegok. Hoa nire koartora. Itxaroidak han, Paul ikusten dudan bitartean.

        Gerarden obedientzia pasiboan zuen uste onaz, Elisabeth sartu egin zen. Antzinako Elisabeth itzartu zen une batez, ilargi faltsuaren leinuru irrealak, elur faltsuarenak, linolioaren galda, eta galdatan ikusten ziren haltzari sakabanatuak kontenplatu zituen eta, erdigunean, hiri txinatarra, esparru santua, logela babesten zuten hormatzar etorkorrak.

        Itzulinguratu zuen, tarte bat ireki eta Paul aurkitu zuen lurrean eserita, bizkarra eta burua estalkitan sostengatzen zituela. Negarrez zegoen. Haren malkoak ez ziren etendako adiskidetasunagatik isuriak eta ez zeukaten Agatharen malkoen antzik. Betileen artean formatzen ziren, handitzen ziren tamainaz, gainezkatu eta tarte luzeka irristatzen ziren, itzuli-mitzuli baten ondoren aho erdi zabalduraino iritsi eta bertan gelditzen zirela, gero berriro ekiteko malko berriak bailiren.

        Paulek ondorio zakarra espero zuen bere gutun pneumatikotik. Agathek hartua behar zuen izan derrigor. Hutsean emandako kolpe hark, itxarote hark, etsiturik zeukaten. Bere buruari eginak zizkion zuhurtasun eta isiltasun agintzari guztiek kuku jo zioten. Jakin egin nahi zuen, kosta ahala kosta. Jasangaitza egiten zitzaion zalantza. Elisabeth Agatharen logelatik zetorren. Paulek galdezka ekin zion.

        — Ze pneumatiko?

        Elisabethek bere bulkoen arabera jokatu izan balu, sesioa piztuko zukeen seguru aski eta irainek distraituko zuketen berehalaxe, eta honek Pauli isildu egin behar zuela ohartaraziko ziokeen erantzun beharra zeukala edota buila handiagoak atera bestela. Baina epaile baten aurrean, epaile maitekor honen aurrean, hark dena aitortu zuen. Bere aurkikuntza aitortu zuen, bere zozokeria, bere gutun pneumatikoa, eta arrebari galdetu zion ea Agathak ez ote zuen arbuiatzen.

        Hurrenez hurrengo kolpe haiek ez zuten eragiten automatarengan bere mekanismoen martxan jartzea besterik, nola jokatu erakusten zioten, alegia. Elisabeth izutu egin zen gutunarena jakitean. Ezagutzen ote zuen Agathak honen edukia eta berari irri egin nahi izan ote zion? Ahaztu egin ote zitzaion gutun azala irekitzea eta letra ezagutzean, une hartantxe ari ote zen irekitzen? Momentu batetik bestera ez ote zen azalduko Agatha?

        — Unetxo bat, aizak —esan zuen—. Hago, oso gauza serioak esan behar dizkiat eta. Agathek ez zidak aipatu hire pneumatikoarena. Pneumatiko bat ez duk galtzen. Aurkitu beharra zegok. Gora niak eta berehalaxe itzuliko nauk.

        Korrika joan zen eta, Agatharen negarrak gogoratzean, pentsatu zuen bere golkorako gutun hura ez ote zuten atalondoan utzia izango. Inor ez zen irten. Gerardek ez zituen begiratzen gutunak. Behean utzia bazuten, posible zen artean bertan egotea.

        Hantxe zegoen. Sobre horizta zimur, tolestuak, orbela ematen zuen, erretilu baten gainean kokatua.

        Elisabethek argia piztu zuen. Paulen letra zen, ikasle txarraren letra traketsa, baina azalak bere helbidea adierazten zuen. Paulek Pauli idazten zion! Elisabethek gutun azala urratu zuen.

        Etxe hartan ez zen ezagutzen gutun paperik; edozein gauzatan idazten zen. Elisabethek orri koadrikulatua destolestu zuen, gutun anonimo baten papera.

        «Agatha, ez haserretu, maite zaitut. Inozoa izan naiz. Uste nuen ez zenuela nitaz ezer jakin nahi. Maite zaitudala ohartu naiz eta zuk maitatzen ez banauzu, hil egingo naiz. Belauniko erregutzen dizut: erantzuidazu, arren. Sufritzen nago. Ez naiz mugituko galeriatik.»

        Elisabethek mihia pitin bat atera eta bizkarra jaso zuen. Helbidea bat bera zenez, Paulek, asaldaturik, presaka, bere izena idatzi zuen gutun azalean. Ezagutzen zituen arrebak haren gauzak. Halaxe izaten jarraituko zuen beti.

        Gutuna etxe sarreran lasai egon ordez, itzulian berriro Paulen eskuetara etorri balitz, hau etsipendu egingo zatekeen itzultzeagatik; gainera, hain etsipendu, ze orria apurtu eta itxaropen guztiak galduko zituzkeen seguru aski. Arrebak zabarkeria horren ondorio gogaikarri guztiak uxatuko zizkion.

        Joan zen jantzitegiko konketara, gutuna puskatu eta zatitxoak desagertarazi zituen.

        Gero gizajoaren ondora itzuli zen, Agatheren logelatik zetorrela esanez; hau lo zegoela eta gutuna arasaren gainean zegoela: azal horizta bat barrutik sukaldeko paper mutur bat ageri zena. Paulek mahaiaren gainean zeukan sortakoak bezalakoa zelako ezagutu zuela gutun azala.

        — Berak ez al din horretaz ezer esan?

        — Ez. Nahiago nikek, gainera, sekula jakingo ez balu ikusi dudala. Eta batez ere, ez zaiok galdetu behar ezer. Erantzungo likek ez dakiela zertaz ari gatzaizkion.

        Pauli ez zitzaion burutik pasa zer ondorio ekar zitzakeen gutunak. Haren ustea onezko aldera makurtzen zen. Ez zuen espero halako leize-zulorik, horrenbesteko hutsunerik. Negar malko iturri batek korritzen zion aurpegian behera. Elisabethek kontsolatu egiten zuen, Agathak Gerardengana sentitzen zuen amodioaren berri eman zioneko eszena baten xehetasunak kontatzen zizkion, Gerarden amodioa, haien ezkontza planak.

        — Handia duk —ekiten zion— Gerardek hiri ezer ez esana. Niri lotsa zidak, hipnotizatu egiten diat. Hirekin, ordea, bestela duk. Iseka egingo hiela pentsatuko zian.

        Paul isilik zegoen, pentsaezinezko errebelazio haren mingostasuna edoskitzen zuen. Elisabethek bere tesiarekin jarraitzen zuen setati. Paul burutik zegoen! Agatha neskatxa xumea zen eta Gerard, berriz, mutil gazte zintzoa. Bata bestearentzat eginak zeuden. Gerarden osaba zahartuz zihoan. Gerard aberatsa izango zen, ezkonduko zen Agatharekin eta familia burges bat sortuko zuten. Ez zegoen inolako trabarik haien zoriarentzat. Makurra izango zen gogotik, kriminala, bai, kriminala, tartean sartzea, drama bat sortzea, Agatha nahastea, Gerard etsipentzea, haren etorkizuna pozoitzea. Paulek ezin zezakeen egin horrelakorik. Itsukeria baten eraginez jokatzea zen hori. Gogoeta egin beharra zeukan, konturatuko zen ez zela legezkoa maitasun partekatu baten aurka joatea.

        Neskak hitz eta pitz hizketan jardun zuen ordubetez, auzi zuzenari eutsi zion. Bere arrazoietan sinesteraino buru-berotzen zen. Hipaka egiten zuen. Paulek burua makurtzen zuen, bat zetorren, haren eskuetan jartzen zen. Isiltzea eta aurpegi ona jartzea agindu zuen bikoteak albistea ematen zionean. Agatharen isiltasunak gutunari zegokionean, bere ahazteko erabakia sendotzen zuen, gutuna apetaldi bat bezala begiratzekoa, gorrotorik ez gordetzekoa. Baina gutun hura zela-eta, sor zitekeen halako egoera gogaikarri bat, ohartzean Gerard harrituko zuena. Ezkongaialdiak konponduko zituen gauzak, adigalkortuko zuen bikotea; gero, ezkon-ibilaldiak behin betiko amaituko zuen egoera gogaikarri hura.

        Elisabethek Paulen malkoak xukatu zituen, musu eman zion, ohea txukundu eta koartotik irten zen. Lanarekin aurrera jarraitu beharra zeukan. Senak esaten zion asasinoek geratu gabe kolpatzen dutela, ez direla gelditzen arnasa hartzeko. Gautar armiarma iduri, bere bideari jarraitu zion, haria arrastaka zeramala, bere sarea gauaren ertz guztietaraino hedatuz, astun, arin, nekagaitz.

        Gerard aurkitu zuen bere logelan. Asper-asper eginda zegoen zain:

        — Eta? —oihu egin zuen.

        Elisabethek murrunga egin zion.

        — Sekula ez duk utziko oihuka ibiltzeko ohitura. Ez dakik hitz egiten oihuka ez bada. Beno, Paul gaixo zegok. Motelegia duk bere kasa ezertaz ohartzeko. Ez zegok begiratu besterik haren begiak, haren mihia. Sukarra zeukak. Medikuak erabakiko dik gripea den ala berratura. Ohean geratzeko agindu zioat eta hi ez ikusteko. Haren koartoan lo egingo duk...

        — Ez, ni banoan.

        — Hago. Hirekin hitz egin beharra zeukat.

        Elisabethek ahots doinu zorrotza zeukan. Eser erazi zuen, logelan atzera eta aurrera ibili eta galdetu zion ea zer egitea pentsatzen zuen Agatharekin.

        — Egin, zer? —galdetu zuen.

        — Nola zer? —eta ahots doinu zakarrez, buruzutez, galdetu zion ea berari iseka egin nahian al zebilen eta ea ez al zekien Agathak maite zuela, ezkontzaren eskabidea egin zain zeukala, ezin zuela ulertu isiltasun hura.

        Gerardek zozo begiak jartzen zituen. Besoak zintzilik zeuzkan.

        — Agatha... —zizakatzen zuen—. Agatha...

        — Bai, Agatha, noski! —oihu egiten zuen Elisabetek su eta gar.

        Inolaz ere itsuegia zen Gerard. Agatharekin eginiko ibilaldiek ireki behar zizkioten ba begiak. Eta pixkana-pixkana, Elisabethek neskatxaren konfiantza amodio bihurtu zuen, datak ematen zituen, frogak, ezmezean jarri zuen Gerard mila argudiorekin. Gehitu zuen Agatha tripak jaten zegoela Gerardek Elisabeth maite zuela uste zuelako, barrez lehertzekoa izango litzatekeena ezinezkoaz gainera, kontuan izanik Elisabethen aberastasunak.

        Gerardek nahiago zukeen lurrak irentsi balu. Erretolika haren arruntasuna hain ez zen Elisabethen estilokoa, jeneralean batere ez emana ez diru gora beheratara, ze ondoez izugarri baten zentzapena nabaritu zuen. Neskak ondoez hura aprobetxatu zuen errematatzeko eta, buruan emanez, agindu zion ez begiratzeko berari aurrerantzean samurkeriazko begirada hartaz, ezkontzeko Agatharekin eta sekula ez haizatzeko bere bakegile bitartekotza. Gerarden itsukeriak soilik behartzen zuen bitartekotza hori burutzera eta ez zukeen munduko ezergatik jasango Agathak uste izatea berari zor ziola bere zoriona.

        — Beno —amaitu zuen—, egintza on bat burutu diat. Hoa lotara; Agatharengana noak albistearen berri ematera. Maite duk hik. Handinahi ametsek horditzen hinduten. Itzar hadi. Poz hadi. Emadak musu eta aitor ezak munduko gizonik zoriontsuena haizela.

        Gerardek, zorabiaturik, liluratuta, neska gazteak agintzen ziona aitortu zuen. Elisabethek itxi zion atea eta, bere armiarma sarearekin jarraituz, Agatha ikustera igo zen.

        Gertatu ohi da krimen bateko biktima posible guztien artean, neskatxa bat izaten dela zailtasunik handienak jartzen dituena.

        Agatha balantzaka zebilen kolpeen azpian, baina ez zuen amore ematen. Azkenean, ordea, leher eginda, zentzugabeko borroka luze baten ondoren jakinik Elisabethen ahoz Paul ez zela gauza maitatzeko, ez zuela maite, ze hark ez baitzuen inor maite eta munstro egoista handi hura edozein emakume sinesberaren hondamendia izango zela; eta, bestalde, Gerard arima hautatua zela, zintzoa, maitemindua, haren geroa segurtatzeko gai zena, neskatxak laxatu egin zuen azkenean bere ametsari estu-estu lotua zeukan lokarria. Elisabethek ohetik zintzilik ikusten zuen maindiretatik kanpo, tximak erantsita, aurpegia ahoz gora zuela, esku bat bere zauriaren gainean eta bestea lurrera eroria uharri bat bailitzen.

        Elisabethek altxa egin zuen, hautseztatu egin zuen, zin egin zion Paulek ez zekiela deusik bere aitortza horien gainean eta aski zela Agathak alaitasunez Gerardekin ezkontzeko zuen asmoaren berri ematea sekula ezer susmatu ez zezan.

        — Eskerrik asko..., eskerrik asko..., ona haiz —zioen gajoak zotinka.

        — Ez hiezadan eskertu, lo egizan —esan zuen Elisabethek; eta logelatik irten zen.

        Gelditu egin zen unetxo batez. Lasai sentitzen zen, errukigabe, zama astun bat gainetik kendu balu bezala. Eskaileraren burura iristera zihoan, bihotza berriro bortizki taupadaka hasi zitzaionean. Zer edo zer entzuten zuen. Berriro oina jasotzean, Paul zetorrela ikusi zuen. Haren atorra zuri luzeak ilunbea argitzen zuen. Berehalaxe ohartu zen Elisabeth Montmartre kalean hain sarri jasaten zituen amets-ibilera aldarte txiki haietako bat zela, beti nahigaberen baten ondorioz izan ohi zituenak. Elisabeth eskudelaren kontra jarri zen, hanka airean, mugimendurik txikiena ere egitera ausartzen ez zela, Paul itzartu eta Agathari buruz galdezka hasiko zitzaion beldurrez. Baina Paulek ez zuen ikusten. Haren begiradak ez zuen arrebagan erreparatzen edozein argimutiletan baino aditasun handiagoz. Eskailera begiratzen zuen. Elisabeth beldur zen egurginaren zaratak entzungo zirela, izan ere halakoxeak baitziren haren bihotzaren taupadak.

        Geroxeago, Paul jira eta etorritako bidetik itzuli zen. Elisabethek hanka zurrundua lurrean jarri eta Paul isiltasunerantz urruntzen entzun zuen. Neska, gero, logelan sartu zen.

        Alboko gela isilik zegoen. Lo ote zegoen Gerard? Zutik geratu zen arasaren ondoan. Ispiluak beldurra ematen zion. Begiak jaitsi eta bere esku ikaragarriak jaso zituen.

 

 

 

© Jean Cocteau

© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola

 

 

"Jean Cocteau / Ume terribleak" orrialde nagusia