Paulen bigarren gaixoaldiak luze iraun zuen eta arriskuan egon zen bizia galtzeko. Mariette erizainak ganoraz egiten zuen bere lana. Medikua haserretu egin baitzen. Lasaitasuna nahi zuen, atsedena eta gehi-elikadura. Bere aginduak eta behar zen dirua ematera etortzen zen, eta bisitaldiak egiten zituen aginduok zintzo betetzen zirela ziurtatzeko.

        Elisabethek, hasieran harroxko, oldarkor, men egin zien azkenean Marietteren musu gorri eta potoloari, haren kirru gris eta borondate onari. Ezerk hautsiko ez zuen borondate ona. Bretainian bizi zuen iloba bati atxikia, amona honek, bretainiar kulturagabe honek bazekien haurren hieroglifikoak dezifratzen. Epaile zintzoek laster erabakiko zuten Paul eta Elisabeth ume bihurriak zirela, izeba ero baten ondarea alegatuko zuten, aita alkoholiko batena. Bihurriak, zalantza gabe, arrosak bezain bihurri ziren, eta epaile horiek bihurritasuna bezain bihurriak. Mariettek, lainotasuna bezain lainoa izanik, ikusiezina igartzen zuen. Hura bere aisara mugitzen zen ume giro honetan. Bururik hautsi gabe. Harentzat logelako airea arinagoa zen eguratsa baino. Bizioak ezingo zukeen han iraun zenbait mikrobiok altitude handietan ezin duten bezalaxe. Giro garbia, bizkorra, ezer ustelik, zitalik, itsusirik sartzen ez zena. Mariettek onartu egiten zuen, babestu, jeinua onartzen den bezala edo norbere lana babesten den bezala. Hala, bere lainotasunak ematen zion logelako jeinu sortzaile hura errespetatzeko jeinu ulerkorra. Ze benetan maisu lana baitzen ume hauek sortzen zutena, ume hauek zirena, adimenak inolako zerikusirik ez zuenez, zoragarria gertatzen zen ez harrotasunik eta ez helbururik ez zeukalako.

        Beharrezko al da esatea gaixoa bere nekaduraz baliatzen zela eta bere nahierara erabiltzen zuela sukarra? Isildu egiten zen, orain ez zien erantzuten irainei.

        Elisabeth, zapuzturik, mutualdi erdeinari batean hertsi zen. Mututasun honetaz aspertu zenean, bere jarrera aldatu eta zirikatzaile izatetik inude izatera pasa zen. Afan horretan, ahotsik eztienaz mintzatzen zen, behatz punttetan ibiltzen zen, poliki-poliki ixten eta zabaltzen zituen ateak, minus habens bat bailitzen tratatzen zuen Paul, ezindu bat, giza hondakin bat errukia baizik zor ez zaiona.

        Ospitaleko erizain sartuko zen. Mariettek irakatsiko zion. Orduak ematen zituen hegaleko egongelan sartuta bibotedun soin-enborrarekin, aikandoraz eginiko zirpil, guata hidrofila, gasa eta kateorratzekin praktikatzen. Edozein altzaritan aurki zitekeen igeltsuzko soin-enbor begiokerra, buru guztia bendaz bildurik. Mariettek egundoko sustoak hartzen zituen gelaren batean sartu eta erdi ilunpetan gauza harekin topo egiten zuen bakoitzean.

        Medikuak zorionak ematen zizkion Elisabethi, harriturik halako metamorfosiagatik.

        Eta bere hartan jarraitzen zuen egoerak. Neska, temati, antzezten zuen pertsonaia bihurtzen zen. Zeren inoiz, ezta une batez ere, gure protagonista gazteok ez baitziren ohartzen enparauentzat eskaintzen zuten antzerkiaz. Gainera, ezin esan eskaintzen zutenik ere, bost axola zitzaien ezer eskaintzea. Logela xarmant, irensle hau, ametsez janzten zuten, gorroto zutelakoan. Nork bere gela edukitzeko proiektua zeukaten baina ez zitzaien burutik pasa ere hutsik geratu zena erabiltzerik. Egia esateko, Elisabethek behin ordubetez pentsatu zuen horretan. Baina heriotzaren oroitzeak, partekatzen zuten gelak sublimatua, oraindik ere beldurra ematen zion. Gaixoa zaindu behar zuelako aitzakiaz bertan geratu zen.

        Paulen gaixotasuna areago endredatu zen hazkuntzako krisiarekin. Zainoratuak zirela-eta kexatzen zen, geldi bere kuxinezko babestoki ongi antolatu hartan. Elisabethek ez zion kasurik egiten, behatz puntta ezpainetan jarri eta urrundu egiten zen, isilka, gau beranduan etxeratu den mutikoak korridorea zeharkatzen duen bezalaxe, ortozik eta zapatak eskuan dituela. Paul, bizkarra jasoz, bere jolasera itzultzen zen berriro.

        Apirilean jaiki egin zen. Ez zen gauza zutik egoteko. Bere zango berriek ia ezin zioten eutsi. Elisabeth, zeharo muturturik nebak hazbeteko aldea ateratzen ziolako, santuarena egiten hasi zen mendeku hartzeko. Berak eusten zion, eser erazten zuen, berokiak ezartzen zizkion, agure xahar bat balitz bezala tratatzen zuen.

        Paulek, senak aginduta, itzuri egiten zion amarruari. Hasieran ustekabean harrapatu zuen jokabide berri honek. Orain irrikitzen zegoen arreba garaitzeko; baina jaio zirenetik zerabilten borrokaren arauek aholkatu zioten zein jarrera komeni zitzaion hartzea. Gainera, jarrera pasibo hau aitzakia ona zuen bere nagikeriarentzat. Elisabeth irakiten zegoen bere barnean. Oraingoan ere borroka eredu berri bat asmatu zuten, sublimetasunean oinarrituriko liskarra, eta oreka ezarri zen berriro.

        Gerardek ezin etsi zuen Elisabeth ikusi gabe, Paulen lekua hartuz baitzihoan hau oharkabeki mutilaren bihotzean. Zehatz esateko, Paulengan beti adoratu zuena Montmartre kaleko etxe hura zen, Paul eta Elisabeth ziren. Gauzen indarrak horretaraturik, Paulen distira lekualdatuz zihoan Elisabethengana, hau neskato izatetik neska gazte bihurtzen ari baitzen, labainduz zihoan mutilek neskei barre egiten dieten adin horretatik neska gazteek mutilak aztoratzen dituzten sasoira.

        Medikuaren aginduz bisitan joatea debekaturik zeukala eta, egoera hori konpontzeko osaba zuritu zuen Elisa eta gaixoa itsas ertzera eraman zitzan. Osaba hau mutilzaharra zen, aberatsa eta administraritza kontseiluz zeharo lanpetua. Semetako hartua zeukan Gerard, bere arreba zenaren semea, alarguna hura eta seme hauxe jaiotzean hila. Gizon jator honek hazi zuen Gerard eta bere aberastasunen oinordeko egin zuen. Ondo iritzi zion bidaiari; hartara berak ere atseden pixka bat hartuko zuen.

        Gerardek irainak espero zituen. Izugarrizko ustekabea hartu zuen, beraz, santatxo hura eta beste babalorea agertu zitzaizkionean beren eskerrona adieraztera. Bikotea txantxaren bat asmatzen ariko zen susmoa zeukan, edo erasorako prestatzen bestela, baina santaren betiletako bristadak eta babalorearen sudurreko tik batek ohartarazi zuten beren jolasean zebiltzala. Argi zegoen hura ez zegokiola berari. Beste kapitulu bat zen hura; aro berri baten hastapenak ziren. Erritmora egokitu beharko zuen baina pozgarria zen jarrera adeitsu hura eta espero zitekeen egotaldiak ez ziola emango osabari gehiegizko buruhausterik ere.

        Eta halaxe, osaba, deabru pare bat aurkitzeko beldur zena, harriturik geratu zen hain izaki txintxoen aurrean.

        Elisabeth ez dakit zer baino zuriago mintzatzen zitzaion:

        — Badakizu —hasten zitzaion ahotsik gozoenaz—, nire neba gaztea lotsati samarra da...

        — Mari purtzil hori! —egiten zuen Paulek hortz artean. Baina mari purtzil horretatik aparte, Gerarden belarri zoliarentzat oharkabean pasa ez zena, neba gazteak ez zuen hitzik atera. Trenean ohi baino ahalegin handiagoa behar izan zuten beren urduritasuna ez nabarmentzeko. Bai jarreratan eta bai ariman bazuten ume hauek berezko dotoretasun bat eta horrixe esker munduaren berri batere ez zekiten arren, eta bagoi hauek inoiz ikusi zuten aberastasunik handiena baziren ere, gauza guzti hauetara ohituak baileuden jokatzeko trebetasuna erakutsi zuten.

        Halabeharrez, litera haiek logela gogorazi zieten. Bat-batean biek igarri zuten batak bestearen gogoeta: «hotelean nork bere logela eta nork bere ohea izango ditugu».

        Paul geldi-geldi zihoan. Elisabeth, bere betileen artetik, nebaren orraze urdinxkaren zelatan zegoen, xehetasunik txikiena ere galdu gabe lanpara motelaren argitan. Ikusi orduko ohartu zen begirale zorrotz hau, Paulek, bakardadean isolatua zegoenetik, nagikeriarako zeukan joerari ez ziola orain inolako oztoporik jartzen. Paulen kokots formak, iheskorra, eta ez sendo eta irtena, arrebarena bezala, bere onetik ateratzen zuen neska. Makina bat aldiz esan zion: «Paul, kokots hori!» amek esan ohi duten bezala: «Tente burua!» edo «ipini eskuak mahaiaren gainean!». Zantarkeriaren bat erantzuten zion mutilak, baina dena den, bere orrazea dotoretzen saiatzen zen ispiluaren aurrean.

        Aurreko urtean neskari bururatu zitzaion arropak eskegitzeko esteka bat sudurrean zuela lo egitea greziar aurpegiera lortzeko. Paulek, bitartean, gomatxo batez estutzen zuen lepoa marra gorri bat uzten ziolarik. Gero erabaki zuen beti aurrez aurre agertzea edo ia behintzat, inoiz ez zeharka.

        Ez batan ez besteari ez zitzaien axola inori atsegin ematea. Saiakera pribatu hauek ez ziren inorentzat zuzenduak.

        Dargelosen eraginpetik urrundua, eta bere baitan hertsia Elisabethek ia hitza ukatzen zionez gero, liskarraren txinparta bizigarririk gabe, beraz, Paul gainbehera zihoan bere berezko joerak eramana. Izaera ahul hura areago ahulduz zihoan. Elisabeth oharturik zegoen. Zelatan jarrita, xehetasunik txikienak ere harrapatzen zituen. Gorroto zuen poztasunik hutsalenak ere ahogozatzen dituen litxarkeria mota hori, burrunbaka ezpainak miazkatze hori. Dena izotz eta suzko izaera honek ezin onar zezakeen ezer epelik. Laodizeako aingeruaren epistolan bezala: «Bere ahotik oka egiten zion». Arrazako animalia zen Elisabeth, eta Paul ere arrazako animalia izatea nahi zuen; eta lehen aldiz tren expresoan bidaiatzen duen neskato honek, makinen triki-traka entzun ordez, nebaren aurpegia irensten du, ero garrasi horien, ero adats horien pean, noizbehinka bidaiarien loaren gainean hegatzen den garrasizko adats hunkigarri horren pean.

 

 

 

© Jean Cocteau

© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola

 

 

"Jean Cocteau / Ume terribleak" orrialde nagusia