Medikuari esker bizimoduak erritmo normalagoa hartu zuen. Erosotasun honek ia ez zuen eraginik umeengan, hauek mundu honetakoa ez den beste erosotasun bat baitzeukaten. Dargelos zen Paul eskolara erakar zezakeen indar bakarra. Dargelos bota izanak Condorcet kartzela bihurtzen zuen.

        Gainerakoan, Dargelosen omena jitez aldatzen hasi zen. Ez makaltzen, bai zera. Alderantziz, ikaslea haziz zihoan, hegatu eta gelaren sabairaino iristen zen. Haren begi garaituak, kirruak, ezpain lodiak, esku zabalak, belaun kondekoratuak pixkana-pixkana konstelazio baten itxura hartuz zihoazen. Mugitu egiten ziren, biraka, hutsarteak banaturik. Labur, Dargelos bere argazkiarekin elkartzera joan zela, altxorrean. Ereduak eta argazkiak bat egin zuten. Eredua orain alferrekoa zen. Forma abstraktu batek idealizatzen zuen animalia ederra, gune magikoaren osagarriak aberastuz, eta Paulek, askaturik, nasaiki gozatzen zuen bere gaixotasunaz, hau orain oporraldi bat besterik ez baitzen.

        Erizainen aholkuek ezin izan zuten garaitu logelako anabasa. Areagotu egin zen hau eta kale antzeko batzuk sortu ziren bertan. Kaxa horiek, eraikinen ikuspegia ematen zutela, paperezko laku horiek, arropazko mendi horiek ziren gaixoaren hiria eta beronen dekoratua. Elisabethek atsegin handiz suntsitzen zituen hirigune funtsezkoenak, edo ezabatzen zituen mendiak lixiba egiteko aitzakiaz, horrela elikatuz oparoki biek ere bizi ahal izateko ezinbesteko zuten ekaitz giroa.

        Gerard egunero etortzen zitzaien eta berealdiko irainak entzuten zituen barrera gisa. Irribarre egiten zuen, burua makurtuz. Ohitura ezti batek immunizatua zeukan harrera haien aurka. Jadanik ez zuten samintzen, areago, ia laztan gozagarri iruditzen zitzaizkion. Odol hotz honen aurrean bi umeak barre algaraka hasten ziren, besteari irrigarri «heroiko» irizten zioten plantak eginez, eta Gerarden ezjakinean honen lepotik iseka egingo balute bezala.

        Gerardek ezagutzen zuen programa. Zaurtezin, dena jasaten zuen, gela miatzen aztarnarik ageri ote zen nahikeria berriren batena, eta jadanik inork ere aipatuko ez zuena. Esate baterako, behin irakurri zuen, ispiluan letra handitan xaboiz idatzirik: Suizidioa bekatu mortala da.

        Idazki harrigarri eta iraunkor honek ziur aski soin-enborreko bibotearen rol berbera betetzen zuen ispiluan. Urez idatzi balute bezain ikusiezina zirudien umeentzat. Eta inork ere arretarik jartzen ez zien pasadizo estrainoen lirismoa adierazten zuen.

        Esaldi trakets batekin zirikaden jo-puntua aldatuz, Paulek arrebari erasotzen zion. Orduan senideek ehiza errazegi hura bertan behera utzi eta hartutako abiaduraz baliatzen ziren elkarri mokoka ekiteko.

        — Ah! —egiten zuen hasperen Paulek—. Nahiago nikek neure gela baneuka.

        — Eta nik neurea.

        — Txukuna egongo dun hire gela.

        — Hirea baino txukunago.

        — Aizu, jirafa, argikai dilindari bat nahi du...

        — Hago isilik!

        — Jirafa, igeltsuzko esfingea edukiko du tximini aurrean eta ripolin margoz pintatuko du Luis XIV estiloko argiontzia. Purrustadaka egiten zuen barre neskak.

        — Egia dun, neure esfingea eta argiontzia edukiko dizkinat. Tuntunegia haiz hi ulertzeko.

        — Eta ni ez nauk hemen geratuko. Hotelean biziko nauk. Prest zeukeat maleta. Hotelera joango nauk. Hor konpon! Ez nauk hemen geratuko. Prest zeukeat maleta. Ez diat bizi nahi hi bezalako astakirten batekin.

        Sesio hauek akabera berdina izaten zuten beti ere: Elisabethek mihia atera eta hanka egiten zuen xapinkadaka nahasmenezko arkitektura haiek suntsituz. Paulek ttu egiten zion, neskak danbateko batez ixten zuen atea eta jarraian danbateko gehiago entzuten ziren.

        Paulek, inoiz, sonanbulismo krisialditxo batzuk izaten zituen. Krisialdiok, oso laburrak, izugarri gogoko zituen Elisabethek eta ez zien batere beldurrik. Hauexek ziren maniako hura ohetik irteten zen aldi bakarrak.

        Elisabethek zango luze bat agertzen eta era jakin batean mugitzen ikusten zuenekoxe, adi-adi erreparatzen zituen, arnasari eutsiz, estatua bizidun haren joan etorri zehatzak, berriro oheratu eta eroso etzaten zen arte.

        Amaren bat-bateko heriotzak barealdi bat ekarri zuen senide arteko ekaitzera. Maite zuten, eta hain zakar egiten bazioten, hilezkortzar zeukatelako zen hori. Okerrena izan zen beren burua eman zutela erruduntzat, ze haiek ohartzeke hil baitzen, Paul, lehenbiziko aldiz ohea utzirik, logelan arrebarekin liskarrean zebilen arratsalde batean.

        Erizaina sukaldean zegoen. Liskarra gogortuz zihoan eta neskatxa, masailak gorri-gorri eginda, babes bila ama gaixoaren besaulkira hurbildu zenean, tragikoki topo egin zuen emakume zahar ezezagun batekin, berari so zegoena begiak eta ahoa zabal-zabal zituela.

        Hilotzaren beso zurrunek, besaulkian uzkalduriko atzamarrek iraun erazten zioten heriotzak eta ez beste ezerk hain berea duen jarrera horretan. Medikuak aurreikusten zuen akabera hori. Umeak, bakarrik, ezer egiteko ezgauza, zurbil, barri bihurturiko garrasi hori ikusten zuten, pertsona biziaren lekua hartu duen maniki hori, beraiek ezagutzen ez zuten Voltaire asaldatu hori.

        Ikuskizun honetatik oroitzapen ahantzezina geratuko zitzaien. Ondoren, hileta ospakizunak, malkoak, zorabioa, Paulen beste elbarrialdi bat, medikuaren eta Gerarden osabaren animo hitzak, biok arduratu baitziren umezurtzez berauentzat erizain bat kontratatuz, eta berriro ere aurrez aurre aurkitu ziren bi senideak.

        Ama zenaren oroitzapena samingarria gerta zitekeen arren, haren heriotzako inguruabar apartekoek eragotzi zuten horrelakorik gertatzea. Jo zuen tximistak irudi makabro bat utzi zien berataz, inolako zerikusirik ez zeukana faltan sentitzen zuten amarekin. Gainera hain izaki garbiekin, hain basatiekin, zenduak, ohituraz negar egiten bazaio, arriskua dauka bere lekua azkar galtzeko. Ez diete kasurik egiten gizarte-egokierei, animali senak gidatzen ditu eta badakigu zer den animalien seme-zinismoa. Baina logelak zer edo zer apartekoren partaidetza exijitzen zuen. Heriotza honen apartekotasunak babestuko zuen zendua sarkofago pagano batek bezala eta, ustekabean haurtzaroak gertakari larrienak xehetasun hutsal bategatik gogoratzen dituen era berberean, emango zion ohorezko lekua ametsen zeruan.

 

 

 

© Jean Cocteau

© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola

 

 

"Jean Cocteau / Ume terribleak" orrialde nagusia