15. KAPITULUA

Akusatzailea

 

        Korridorean barrena zihoala, mailadi gora baten gailurrean hantxe tente ikusi zuen Syme-k Idazkaria. Sekula ez zuen izan hain itxura noblerik. Beltz izargabezko arropa luze bat zeraman soinean, eta haren erdi-erdian zuri hutsezko zerrenda zabal bat zintzilik, argi-xorta bakartu bat irudi. Seriotasun handiko eliz beztidura edo baten itxura zuen, oro har. Syme-k ez zuen bere oroimenera edo Bibliara jo beharrik izan gogoratzeko sorkuntzaren lehen egunak iluntasunetik argia sortze soila seinalatzen zuela. Janzkia bera nahikoa zen sinboloa irarokitzeko; eta Syme-k orobat sentitu zuen zein ederki adierazten zuen zuri-beltz huts-hutsezko konbinaketa hark Idazkari zurbil latzaren arima, haren egiazkotasun gizaz besteko hura eta haren frenesi hotz hura, berdin ongi baliatzen baitzitzaion anarkisten aurka borroka egiteko sutsu, nola anarkistatzat har zezaten bera ere. Syme ez zen batere harritu ikusirik, ostatu berri zuten etxe hartako abegikortasun eta erosotasun guztiaren erdian, gizon haren begiek zorrotz zirautela. Ez zen lurrin gozorik, ez ardoki ez igali-sailarenik, Idazkaria galdera zentzuzko bat egitetik gibelatuko zuenik.

        Syme, bere burua ikusteko gai izan balitz, konturatuko zen noski berak ere, aurreneko aldiz, bera eta ez beste inor zirudiela bete-betean. Ezen, Idazkaria jatorrizko argi formagabea gogoko duen filosofoaren eredua bazen, argiari itxura bereziak eman, argi hori eguzki eta izarretan zatitu nahi duen poetaren irudia zen Syme. Filosofoa infinitu-zale izan daiteke batzuetan; poetak finitua maite du beti. Harentzat, uneetan bikainena ez da argia sortu zenekoa, eguzkia eta ilargia sortu zirenekoa baizik.

        Eskailera zabalak elkarrekin jaisten ari zirela, Ratcliffe aurreratu zuten, zeina ehiztari bat bezala udaberri-berdez jantzirik baitzihoan, zuhaitz elkar-lotuzko apaindura batez, hura ere berdea. Zeren lurra eta landaredia sortu ziren hirugarren egun horren papera baitzegokion, eta haren aurpegi karratu, sentiberak, bere zinismo ez hala ere bihozkortasunik gabe harekin, egoki askoa zirudien hartarako.

        Beste pasabide zabal bezain behe batetik eraman zituzten antzinako ingeles jardin handi-handi horietako batera, zeinean zuzi eta sumetak ageri baitziren nonahi, eta haien argi hautsitan jendetzazko inauteri bizi bat jantzi nabar-bitxiz dantzari. Syme-ri begitandu zitzaion izadiko itxurak oro hantxe zeudela jantziren batez antzeraturik. Bazen gizon bat haize-errota baten itxuran jantzia, beste bat elefante itxuran, beste bat globo itxuran; azken biei erreparaturik, ordura arteko abentura xelebreek lehengo lepotik zirautela zirudien. Ikusi zituenen artean, eta horrek zirrara bitxi bat eragin zion Syme-ri, kalao-txori itzel baten itxuran jantziriko dantzari bat bazen, bera halako bi zen moko batekin (kalaoa, bai, Jardin Zoologikoko bide luze hura antxintxika zeharkatzen ari zela galdera bizi bat bezala irudimenean josia geratu zitzaion txori arraro hura). Bazen han halako beste mila gauza, nolanahi ere. Bazen farola dantzari bat, sagarrondo dantzari bat, itsasontzi dantzari bat. Musikari ero baten doinu hezigaitzak baserri eta kaleko zer arrunt guztiak jiga eternal bat dantzatzen jarri ote zituen pentsa zitekeen. Eta handik urteetara ere, denborarekin orduko egonezinak bareturiko gizon adin ertaineko bat bilakatu zenean, ezin zuen Syme-k artean inoiz gauzaki haietako bat ikusi —farola bat, sagarrondo bat edo haize-errota bat— pentsatu gabe maskaradazko parranda hartako partaide deslai bat zela.

        Belardi dantzariz bizi-bizi haren albo batean, ezponda berde moduko bat zegoen, halako jardin antigoalekoen terraza irudi.

        Hartan zehar, ilgora antzeko bat osatuz, zazpi eseraulki zeuden, zazpi egunen tronuak. Gogol eta Bull Doktorea beren lekuan jarririk zeuden ordurako; Profesorea orduantxe ari zen berean esertzen. Gogol-ek (bestelako izenez, Astearte) ongi sinbolizatzen zuen bere sinpletasuna uren banaketa irudikatzen zuen jantzi batez, zeina haren bekoki paretik bitan banaturik oinetaraino erortzen baitzen, gris eta zilar kolore, euri zerrenda bat bezala. Profesoreak, zeinaren eguna hegaztiak eta arrainak —bizidun motarik baldarrenak— sortu zirena baitzen, purpura motelezko jantzi bat zeraman, zeinaren zabalean arrain begi-irtenak eta txori tropikal itxuragaiztoak barreiatzen baitziren, berarengan biltzen ziren irudimen hondogabearen eta duda larriaren batasuna irudikatuz. Bull Doktorea, Sorkuntzaren azken eguna, gorri eta urrezko animalia heraldikoz josiriko kapa batez jantzirik zegoen, eta, buru gaineko gandorrean gailen, gizon bat zeraman, harmarrietako lehoien gisa atzapar garailea erakutsiz. Irribarre zabalez ageri zen, eserlekuan atzerantz botarik bere burua, bere elementuan dabilen optimista baten irudi petoa.

        Banan-banan, noraezeko erromesek ezponda igo zuten, eta beren aulki bitxi haietan eseri. Haietako bakoitza esertzean, bozkario sutsuzko orro bat altxatzen zen inautetik, jendetzak errege bati harrera egiterakoan bezalatsu. Topaka zebiltzan kopak, agurka zuziak, lumadun kapeluak bibaka airean. Tronu haiek berentzat izendatuak zituzten gizonak merezimenduaren ereinotz bikainez koroaturik zeuden noski. Baina erdiko aulkia hutsik zegoen.

        Syme haren ezker eskura zegoen, eta Idazkaria eskuinean. Idazkariak, tronu hutsaren gainetik Syme-ri begiratu, eta, ezpainak estutuz, esan zuen:

        — Ez dakigu ez ote dagoen zelai batean hilik.

        Hitzok entzun orduko ia, aldaketa ikaragarri eta hala ere eder bat atzeman zuen Syme-k aurrez aurreko giza aurpegizko itsaso hartan, beraren buruaren atzetik zerua ireki bailitzan. Kontua zen, ordea, Igande pasatua zela handik isilka, itzal bat bezala, eta erdiko aulkian eseri. Arropa sinple-sinplez jantzirik zegoen, zuri huts-huts, itsugarri batez, eta ileak zilarrezko sugar bat ematen zuen haren bekoki gainean.

        Luzaroan —orduetan, itxuraz— martxazko musika poz-jario haren soinura dantzatu zen beren aurrean gizateriaren maskarada erraldoia. Dantzari-bikote bakoitzak erromantze beregain bat zirudien; ipuinetako amandre bat postontzi batekin, edo baserritar neskato bat ilargiarekin; kasu guztietan, ordea, Alice Lurralde Miresgarrian bezain zentzugabea zen, eta hala ere maitasun historia bat bezain atsegin eta txantxagabea. Azkenerako, hala ere, jendetza usua argal-bakanagotzen hasi zen. Bikoteak jardin-bideetan barrena galdu ziren, edo eraikinaren mutur baterantz lerratzen hasi, non kea zeriela baitzeuzkaten zain, arrain-ontzi erraldoi moduko batzuetan, pattar nahiz ardo zaharrezko edabe bero lurrintsu batzuk. Haien guztien gainetik, etxegainean altxaturiko eraikin-egitura beltz batean, burdinazko bere saskian orroka, sumeta eskerga batek handik milietara argiztatzen zuen lurra. Sutargiaren etxe-giro hura oihan gris-nabar zabalen aurpegira proiektatzen zuen su horrek, eta gau goi-sakonaren hustasun iluna ere bere epelez betetzen zuela zirudien. Halaz eta guztiz ere, handik pixka batera, moteltzen utzi zuten; talde lausoak gero eta gehiago biltzen ziren pertz handien inguruan, edo irrika eta builaka sartzen etxe hain antzinako haren barneko pasabideetara. Laster hamarren bat berantiar lelo-melo baino ez zen geratu jardinean; handik pixka batera, lau baino ez. Hondarrean, azken parrandari deslaiak ere lasterka egin zuen etxe barrura, bere parranda-lagunei eup eginez. Sua iraungi egin zen, eta izar astitsu, indartsuak agertu ziren. Eta zazpi gizon hain bitxiak bakarrik geratu ziren, harrizko zazpi estatua irudi, beren eserleku harrizkoen gainean. Beretako inork ez zuen bitarte guztian hitzik ere egin.

        Ez zirudien hizketan hasteko presarik batere zutenik ere; aitzitik, nahiago bide zuten isiltasunean egon, xomorroen burrunba eta txori baten kantu urruna entzuten. Hartan, Igande solasean hasi zen, baina hain ameskara, non areago baitzirudien elkarrizketa bati segida ematen ari zitzaiola, ezen ez hasiera ematen.

        — Geroxeago jan eta edango dugu —esan zuen—. Egon gaitezen apur batean elkarrekin, gu, hain tristeki maitatu baitugu elkar gaixook, eta hain luzaro borrokatu. Mendeen mendeetako gerra heroiko luze bat baino ezin dezaket gogora ekar, zeinean zuek beti heroiak zineten: epopeiak eta epopeiak, iliadak eta iliadak, eta zuek arma-lagun zineten beti. Oraindik orain (zeren denbora ez baita deus), edo munduaren hasieran, gerrara igorri zaituztet. Iluntasunean nirauen, non sorkaririk ez baita, eta zuentzat ez nintzen adorea eta bertute naturazbesteko bat agintzen zuen ahots bat baino. Ahotsa entzun zenuten behin iluntasunean, eta ez zenuten ostera sekula entzun. Zeru goietako eguzkiak ukatu zuen, lurrak eta ortziak ukatu zuten, giza jakintza guztiak ukatu zuen. Eta, egun argiz zuekin topo egin nuenean, nik neuk ere ukatu nuen.

        Syme-k zirkin tupusteko bat egin zuen bere aulkian, baina osterantzean isiltasuna zen nagusi, eta ulertezinak aurrera segitu zuen.

        — Gizonak zineten, ordea. Ez zenuten zuen ohore sekretua ahantzi, kosmos osoak hura zuengandik erauzteko tortura-makina bat martxan jarri bazuen ere. Banekien zein hurbil zeundeten infernutik. Badakit nola zuk, Ostegun, ezpataka jardun zenuen Satan Erregearen aurka, eta nola zuk, Asteazken, esperantza galtzeko tenorean hots egin zenidan.

        Isiltasun erabatekoa zen nagusi izarrek argiztatzen zuten jardinean. Hartan, Idazkari bekain-beltzak, gupidagabe, Iganderengana jiratu bere aulkian, eta ahots zakarrez esan zuen:

        — Nor eta zer zara zu?

        — Sabata naiz —esan zuen besteak zirkinik gabe. Jainkoaren bakea naiz.

        Idazkaria, ziplo tentetu, eta hantxe geratu zen zutik, eskuaz bere arropa garesti hura bihurrika kuzkurtzen.

        — Badakit zertaz ari zaren —egin zuen espantu—, eta horixe da, hain zuen, barkatzen ez dizudana. Badakit gogoasetasuna zarela, optimismoa, nola esaten diote, bakeak-egite erabatekoa. Bada, ni ez nago bakeak eginik eta gogoase. Gela iluneko gizona bazinen, zergatik zinen halaber Igande, eguzki-argiari egindako irain hori? Hasieratik gure aita eta gure anaia bazinen, zergatik zinen halaber gure etsairik handiena? Negar zinkurinez jardun dugu, izuak airean; burdinak arima-barneraino zulatu gintuen... eta zu Jainkoaren bakea zaitugu! Oi! nik barka diezaioket Jainkoari Bere haserrea, haserre horrek nazioak suntsiturik ere; baina ezin diot barkatu Bere bakea.

        Igandek ez zuen hitzik ere erantzun, baina astiro-astiro harrizko bere buru hura Syme-rengana jiratu zuen, galdera bat eginez bezala.

        — Ez —esan zuen Syme-k—, ni ez nago horrela sumindurik. Esker ona dizut, ez bakarrik hemengo ardo eta harrera onarengatik, baizik eta hainbat ibilera jostari eta borroka jatorrengatik. Baina jakin nahi nuke. Nire arima-bihotzak jardin zahar hau bezain zoriontsu eta bare daude, baina nire arrazoimenak oihuka dirau oraindik. Jakin nahi nuke.

        Igandek Ratcliffe-ri begiratu zion, eta haren ahots argiak esan zuen:

        — Hain gauza txoroa dirudi, horratik, zu alderdi bietan egon eta zeure buruaren kontra borrokatu izanak.

        Bull-ek esan zuen:

        — Ez dut ezer ulertzen, baina zoriontsu naiz. Lo ere egingo nuke oraintxe, hara.

        — Ni ez naiz zoriontsu —esan zuen Profesoreak, burua eskuen artean—, zeren ez baitut ulertzen. Infernura gehitxo hurbiltzen utzi zenidan nire bidegalduan.

        Eta Gogol-ek, berriz, haur baten sinpletasun erabatekoaz:

        — Nahi nuke jakin zergatik jasan behar izan dudan hainbeste min.

        Igandek artean ere ez zuen deus esaten. Hantxe zirauen, kokots sendoa eskuaren gainean, urrutira begira. Halako batean, hala ere, esan zuen:

        — Hurrenez hurren entzun ditut zuen kexuak. Eta hor dator, ustez, beste bat kexatzera, eta harena ere entzungo dugu.

        Azpiltzarraren gaineko su motelduak akabuko errainu luze bat iraitzi zuen, urre gorizko barra bat irudi, belartza lausoan zehar. Argi-zerrenda horren kontra, beltzik beltzenez nabarmentzen ziren beltzez jantziriko gizairudi baten zangoak urraska. Etxeko zerbitzariek zeramatena bezalako belaunetarainoko galtzazko janzki itxi dotore batez jantzia zirudien, salbu eta jantzia ez zela urdina, ikatza bezain beltza baizik. Zerbitzariek bezala, ezpata moduko bat zeraman saihetsean. Zazpiek osatzen zuten ilgoratik guztiz hurbil ordurako, han zeudenei so egiteko aurpegia jaso zuen arte ez zen ohartu Syme, tximista-halako argitasunez, bere lagun zahar Gregory-ren aurpegi zabal, ia tximukara zela hura, bere iletza gorri gainezkatu harekin eta bere irribarre iraingarri harekin.

        — Gregory! —egin zuen Syme-k aho-zabalik, bere aulkitik erdi-altxaturik—. Hau da-eta benetako anarkista!

        — Bai —esan zuen Gregory-k, barearen barez arriskutsua zirudien tonuan—; ni naiz benetako anarkista.

        — «Eta iritsi zen garaia» —murmurikatu zuen Bull-ek, zeina zinez loak hartu zuela baitzirudien— «zeinean Jainkoaren semeak Jaunaren aitzinera aurkeztu baitziren, eta Satan ere haien artean zen.»

        — Arrazoi duzu —esan zuen Gregory-k, eta inguru guztian so egin zuen—. Suntsitzeko jaioa naiz. Ahal banu, mundua suntsituko nuke.

        Lurraren sakonetik zetorren zirrara mingarri batek hunkitu zuen goitik beheraino Syme, eta etenka mintzatu zen, esaldiak lotu gabe:

        — Oi, gizon zorigaiztokoen hori —egin zuen espantu—, zoriontsu izaten ahalegindu zaitez! Zure arrebak bezalako ile gorria duzu.

        — Nire ile gorriak, gar gorri antzo, su emango dio munduari —esan zuen Gregory-k—. Uste nuen gizon arruntek ezer gorrotatzen duten baino areago gorrotatzen nuela nik oro; baina konturatu naiz ez dudala oro gorrotatzen zu gorroto zaitudan bezainbeste!

        — Nik ez zaitut inoiz gorroto izan —esan zuen Syme-k tristura handiz.

        Orduan, sorkari ulertezin haren baitatik, akabuko tximistek eztanda egin zuten.

        — Zu! —hasi zen oihuz eta espantuz—. Inoiz bizi izan ez zarelako ez duzu zuk inoiz gorrotorik izan. Badakit zer zareten, zuek guztiok, lehenbizikotik hasi eta azkeneraino: boteredun jendea zarete! Polizia zarete: urdinez eta botoiz jantziriko gizon potolote irribarretsuak! Legea zarete, eta inork ez zaituzte inoiz hautsi. Baina ba ote da munduan arima librerik zuek hausteko irrikan ez dagoenik; zergatik, eta inork inoiz hautsi ez zaituztelako soilik? Matxinatuok tontakeria piloa esaten dugu, noski, Gobernuaren halako krimena edo beste halakoa dela eta ez dela. Txorakeria hutsa! Gobernuaren krimen bakarra gobernatu egiten duela da. Botere gorenaren bekatu barkaezina gorena izatea da. Nik ez zaituztet madarikatzen krudelak izateagatik. Nik ez zaituztet madarikatzen (madarika bazintzateket ere) onberak izateagatik. Salbu egoteagatik madarikatzen zaituztet! Harrizko zuen eserleku horietan jarri, eta ez zarete inoiz jaitsi hortik. Zeruko zazpi aingeruak zarete, eta ez duzue kezkabiderik izan. Oi, edozer barkatuko nizueke, zuei, gizateria gobernatzen duzuen izakioi, behin bada ere senti ahal baneza zinez pairatu duzuela, ordubetez bada ere, nik pairatu dudana bezalako agonia...

        Syme ziplo zutitu zen, burutik behatzetaraino dardarka.

        — Garbi ikusten dut dena —egin zuen espantu—; ikusteko dagoen guztia. Zergatik dihardu lurrean den gauza bakoitzak beste gauza guztien aurka gudukan? Zergatik egin behar du munduan den gauza txiki bakoitzak munduaren beraren kontra borroka? Zergatik egin behar dio aurre euli batek unibertso osoari? Zergatik egin behar dio unibertso osoari aurre lumabelar batek? Ni Egunen Biltzar lazgarrian bakarrik egon behar dudan arrazoi beragatik. Legeari men egiten dion zer bakoitzak anarkistaren loria eta bakartasuna izan dezan, noski. Ordenaren alde borrokatzen den gizon bakoitza dinamitari bat bezain bulartsu eta jatorra izan dadin. Satanen gezur zinezkoa biraogile honen aurpegira iraitzi ahal izan dadin atzera, malkoz eta tormentuz gizon honi zera esateko eskubidea erdietsi ahal izan dezagun: «Gezurra diozu!» Ezein agonia ez da handiegia, akusatzaile honi zera esateko eskubidea irabaztearen truke: «Guk ere sofritu dugu». Ez da egia inork ez gaituela inoiz hautsi. Gurpilaren pean larrua urratu digute. Ez da egia ez garela tronu hauetatik jaitsi. Infernuraino jaitsi gara. Zorigaitz ahantzezinez kexatzen ari ginen, hain zuzen, gizon hau guri zoriontasun-salaketa lotsagaldu hori egitera etorri den unean berean ere. Uko zina egiten diot gaitzesan horri: ez gara izan zoriontsu. Legearen zaintzaile jatorrotariko bakoitzak du nire hitzaren bermea. Gutxienez...

        Begiak aldera jiratuak zituen, Iganderen aurpegitzarra tupustean ikusteko. Irribarre estrainio bat ageri zuela begitandu zitzaion.

        — Zuk ere —esan zuen Syme-k, ahots ozen lazgarriz—, zuk ere sofritu al duzu inoiz?

        Hari so zegoela, aurpegitzarra izari ikaragarri batera hazten zen, haurretan garrasi eragin zion Memnon-en mozorro itzel hura baino handiago hazi ere. Gero eta handi-zabalago eginez joan zen, ortzi osoa betez; gero ilunbe beltzak hartu zuen guztia. Burmuina erabat suntsituko zion iluntasun ikaragarri hori nagusitu aurretik, ordea, iruditu zitzaion ahots urrun bat entzuten zuela lehenago ere nonbait aditua zuen testu guztiz ezagun bat esaten: «Edan dezakezue nik edaten dudan kaliza honetatik?»

 

        Liburuetan gizonak amets-ikuspen batetik atzartzen direnean, lo geratu bide ziren lekuren batean daudela konturatzen dira eskuarki; besaulki batean aharrausi egiten dute, edo soin atalak minberaturik altxatzen dira lurretik zelai batean. Syme-ren esperientzia zerbait psikologikoki askoz ere estrainioagoa zen, baldin eta deus irrealik bazen, noski, lurreko zentzu arruntean, bizi izan zituen gauzetan. Ezen, aurrerantzean ongi oroitzen bazen ere Iganderen aurpegiaren aurrean konortea galdu zuela, ez zen batere oroitzen nola etorri ote zen berriz onera. Gogoratzen zuen bakarra zera zen, poliki-poliki eta berez-berez konturatu zela landa-bide batean barrena paseatzen ari zela eta ari izan zela adiskide atsegin eta solasturi batekin. Adiskide hori arestian bizia zuen draman parte hartua zen; Gregory poeta ilegorria zen. Lagun zaharrak bezala ari ziren paseatzen, eta txikikeria arrunt bati buruzko elkarrizketaren erdian zeuden. Syme-k, ordea, esan eta egin zezakeen ororen gainetik zegoen naturazbesteko arintasun goxo bat baino ez zuen sentitzen gorputzean, eta halako sinpletasun kristalantzeko bat buruan. Iruditzen zitzaion berri ezinago on batzuen jabe zela, zeinen ondoan beste guztia txikikeria huts bilakatzen baitzen; txikikeria zoragarri, hala ere.

        Egunsentia kolore argi eta aldi berean herabez janzten hasia zen oro; alegia Naturak horiz eta arrosaz lehen saiakerak egingo balitu bezala. Haizeño bat zebilen, hain garbi eta goxo, ezen ezin baitzen sinetsi ortzitik zetorrenik; areago pentsa ziteekeen ortziko zuloren batean sortzen zela. Syme-k ezuste xalo bat jaso zuen, hantxe, bidearen alde bietatik eta inguru guztian, Saffron Park-eko eraikin gorri, irregularrak begien aurrean altxatzen ikusi zituenean. Ez zuen ideiarik ere Londrestik hain gertu zebilenik paseatzen. Sen hutsez jo zuen bide zuri batean barrena, zeinean txori goiztarrak xaltoka eta txioka baitzebiltzan, eta jardin hesitu baten kanpoaldean kausitu zuen bere burua. Barruan Gregory-ren arreba ikusi zuen, ile urre-gorrizko neska, gosalaurrean lilak biltzen, neskatila baten seriotasun oharkabe zintzo horrekin.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia