14. KAPITULUA

Sei filosofoak

 

        Landa berdetan barrena eta hesi loretsutan zehar, ahal zuten bezala bide eginez zihoazen sei detektibe melatuak, Londrestik bost bat miliara. Taldeko optimistak, hasieran, proposatu zuen zalgurditan jarraitu behar ziotela globoari Hego Ingalaterran barrena. Baina, azkenerako, etsiarazi zuten globoak bideei jarraitzeari egiten zion uko setatiaz, eta kotxezainak globoari jarraitzeari egiten zion uko are setatiagoaz. Ondorioz, bada, bidaiari aldarte-erre baina hala ere nekagaitzek sastraka beltzetan barrena eta landa goldatutan zehar ekin zioten, harik eta arlote arrunt batenarekin nahasteko ere zarpailegia zen itxura negargarri baten jabe egin ziren arte. Surrey-ko muino berdeok izan ziren Syme-k Saffron Park-etik irten zenetik soinean eraman zuen janzki gris argi miresgarriaren akabuko gainbehera trajikoaren lekuko. Zetazko kapelua adar kulunkari batek hautsia zion sudur gainean, longaina sorbaldaraino tarratatua zioten arantza zurgarri batzuek, Ingalaterrako buztinaren zipriztinak alkandora-idunaren pareraino iritsiak zitzaizkion; baina artean ere deliberamendu isil amorratuz botatzen zuen aurrera bere bizar larua, eta artean ere begiak tinko-tinko jarriak zeuzkan hegan-igerian zihoan gasezko bola hartan, zeina ilunabar-laino bat bezala koloreztatua ageri baitzen ilunabarraren gorridura betean.

        — Azken batean —esan zuen—, oso ederra da.

        — Bereziki eta estrainioki ederra, bai! —esan zuen Profesoreak—. Nahi nuke gas-poltsa nazkagarri hori lehertuko balitz!

        — Ez —esan zuen Bull Doktoreak—, ez ahal da lehertuko. Horrek zauritu egin lezake gure xaharra.

        — Zauritu! —esan zuen, mendekari, Profesoreak—, zauritu! Ez nik horra gora igotzerik baneuka zaurituko nukeen bezainbeste, hala ere. Elur Tantatxo!

        — Ez dut nahi zauritu dadin, horra —esan zuen Bull Doktoreak.

        — Zer? —egin zuen espantu Idazkariak, mingots—. Sinetsi al duzu gela iluneko gure gizonaren istorio hori guztia? Igandek edonor zela esan zezakeen berdin.

        — Ez dakit sinesten dudan ala ez —esan zuen Bull Doktoreak—. Baina ez da hori kontua. Ezin dut desiratu gure Igande xaharraren globoak su hartzerik, zeren...

        — Zeren zer? —esan zuen Syme-k egonezinez—. Zer dela eta?

        — Bada, bera ere hain globo baten antz-antzekoa delako —esan zuen Bull Doktoreak etsi-etsian—. Ez dut hitz bat ere ulertzen guri guztioi txartel urdinak eman zizkigun gizon bera izateraren kontu horretaz guztiaz. Dena zentzugabe bihurtzen duela dirudi horrek. Baina garbi esan behar dut, nahi duenak jakin, beti izan zaidala begiko Igande xaharra bera, bere oker-bihurrian. Xaltoka dabilen nini handi-handi bat balitz bezala. Nola azal dezaket zer zen nire hura begiko izate bitxi hori? Horrek ez dit noski eragotzi infernu-suhar borrokatzea beraren kontra, ez horixe! Aski argi geratuko al da esaten badut hain potoloa zelako zitzaidala atsegin?

        — Ez, bada —esan zuen Idazkariak.

        — Orain bururatu zait —egin zuen espantu Bull-ek—: hain potoloa eta hain arina zelako zen. Globo bat bezalakoxea. Beti irudikatzen dugu jende potoloa astun, baina silfide baten lotsarik ez zukeen dantzan. Orain konturatzen naiz zer esan nahi dudan. Oso-betea ez den indarra bortizkerian nabarmentzen da; indar gorena, berriz, arintasunean. Antzinako espekulazio haien antza zuen: zer gertatuko litzateke elefante batek matxinsalto batek bezala baleki airean jauzi egiten?

        — Gure elefanteak —esan zuen Syme-k, gorantz begiraturik— matxinsalto batek bezala airean gora egin du jauzi.

        — Eta horra edo —bukatu zuen Bull-ek— zergatik ezin dudan ekidin Igande xaharra atsegin izatea. Ez, ez da indarraren miresmena, edo halako beste edozein ergelkeria. Badu bere baitan alaitasun moduko bat, alegia berri onez lehertzeko zorian balego bezala. Ez duzue inoiz halakorik sentitu udaberri egun batean? Jakina dugu Naturak bere trikimailuak dituela, baina nolabait egun horrek frogatzen du parte oneko trikimailu jatorrak direla. Nik neuk sekula ez dut irakurtzen Biblia, baina jendeak barre egiten duen pasarte hori hitzez hitzeko egia da: «Zergatik dagizue jauzi, muino garaiok?» Muinoek jauzi dagite... Edo, gutxienez, saiatu egiten dira... Zergatik zait atsegin Igande?... Nola azaldu?... Halako oro-saltatzaile lotsagabea delako noski.

        Isilaldi luze bat gertatu zen, eta gero Idazkariak, ahots bitxi, bortxatu batez, esan zuen:

        — Zuk ez duzu batere ezagutzen Igande. Beharbada, ni baino hobea izanik, infernua ezagutzen ez duzulako. Ni oso tipo trabesa nintzen, eta gaixo-hits puntu bat izan dut betidanik. Ilunbean egoten den eta gu guztiok aukeratu gaituen gizonak konspiratzaile baten zoro itxura peto-petoa nuelako aukeratu ninduen: nire irribarrea oker bihurritzen zelako, eta nire begiak goibel ageri zirelako, are irribarre egiten nuenean. Baina ba bide zen zerbait nigan anarkista jende hori guztia nerbioak airean jartzen zuenik. Izan ere, Igande lehenbiziko aldiz ikusi nuenean, ez zidan inondik inora zuk diozun bizitasun airezko hori iradoki, baizik Gauzen Berezko Izaerari zegokion lodi-baldartasun triste edo bat. Erdi-
-ilunbean zegoen gela batean zigarro bat erretzen aurkitu nuen, sareta marroia jaitsita zegoela, eta gure nagusia bizi den iluntasun amultsua baino infinituki larri-etsigarriagoa zen gela hura. Hantxe zegoen, aulki-luze batean eserita, giza puska itzel halakoa, ilun eta itxuragabe. Txintik atera eta are zirkinik egin gabe entzun zituen nire berba guztiak. Nik neure eskabiderik sutsuenak jaulki nituen, eta nire itaunik eledertsuenak egin. Gero, isilaldi luze baten ondoren, Zer hura dardarka hasi zen, eta nik pentsatu nuen gaixotasun sekreturen batek jota zegoela. Gelatina bizi higuingarri bat bezala zegoen dardarka. Bizitzaren jatorria diren oinarrizko organismo dorpeei buruz irakurria nuen guztia oroitarazten zidan: itsaso sakoneko mamarroak eta protoplasmak. Materiaren akabuko forma zirudien, itxuragalduena eta lotsagarriena. Kontsolagarri bakartzat, neure baitan egiten nuen, haren ikarari erreparaturik, zerbait bazela, hala ere, zoritxarrekoa izatea halako munstroa. Eta orduan ziplo konturatu nintzen animaleko mendi hura barre bakar batez ari zela dardarka, eta barre hura niri egina zela. Hori ere barkatu behar al diot, ausaz? Ez da gauza makala, gero, norbera baino aldi berean baxuago eta indartsuago den zerbaitek horrela burla egitea.

        — Gauzak beren onetik ateratzen ari zarete guztiz, noski —moztu zuen Ratcliffe Inspektorearen ahots garbiak—. Igande Lehendakaria tipo ikaragarria da baten adimenarentzat, baina ez da Barnum-en bidutzi halakoa ere fisikoki, ezta gutxiagorik ere. Bulego arrunt batean hartu ninduen, laukizko jaka grisez jantzia, egunargi betean. Modu arruntean mintzatu zitzaidan. Nik esango dizuet, ordea, zer duen Igandek apurtxo bat asaldagarria dena. Gela txukun dauka, arropak ere txukun, dena txintxo-txintxo daramala dirudi; baina ez du arretarik jartzen. Batzuetan haren begi handi distiratsuak zuri geratzen dira, itsu. Orduak pasa ditzake zu hor zaudela ahazturik. Arretarik ez hori, ordea, ikaragarri samarra da, hori esan nahi dut, gizon gaizto batengan. Gizon makur bat arretatsu irudikatzen dugu. Ezin dugu irudikatu zintzoki eta egiazki amestia den gizon makur bat, ez baikara ausartzen gizon makur bat bere buruarekin bakardadean irudikatzen. Gizon batek arreta erraz galtzeak gizon jatorra dela adierazten du. Halako gizona, tupustean hor zaudela ohartzen bada, desenkusatu egingo da. Nola jasango duzu, ordea, halako gizon arretagabe bat zeinak, tupustean hor zaudela ohartzen bada, hilko baitzaitu? Horrexek jartzen ditu nerbioak kolokan: abstrakzio arretagabea krudeltasunarekin konbinaturik. Gizonek sentsazio bera izan dute batzuetan, noiz eta, oihan basatietan barrena zihoazela, sentitu baitute hango animaliak aldi berean gaizgabe eta gupidagabeak zirela. Jaramonik egin ez, edo jo eta garbitu, halabeharrak aginduko ziela. Zer irudituko litzaizueke hamar ordu hilgarri pasatzea mintzagela batean tigre arretagabe batekin?

        — Eta zuk zer pentsatzen duzu Igandez, Gogol? —galdetu zuen Syme-k.

        — Printzipioz, nik ez dut Igandez pentsatzen —esan zuen Gogol-ek sinpleki— eguerdiko eguzkiari begira egoten naizen baino gehiago.

        — Gauzak ikusteko modu bat da hori, noski —esan zuen Syme-k gogoetatsu—. Zer diozu zuk, Profesore?

        Profesorea han zihoan, burua makur, makila arrastaka, eta ez zuen txintik erantzun.

        — Esnatu, Profesore! —esan zuen Symek atsegintsu—. Esaguzu zer pentsatzen duzun Igandez.

        — Zera —esan zuen—, garbi adierazi ezin zerbait pentsatzen dut. Edo, hobeki esanda, pentsatu ere garbi pentsatu ezin dudan zerbait pentsatzen dut. Baina honelako zerbait da. Garai bateko nire bizitza, dakizuenez, largoegi eta laxoegia izan zen aukeran. Bada, Iganderen aurpegia ikusi nuenean, largoegia zela iruditu zitzaidan (denei iruditzen zaie, baina niri laxoegia zela iruditu zitzaidan orobat). Hain zen zabala aurpegia, ezen batek ezin baitzuen hura zehatz begiz jo edo aurpegi peto bat osatu inondik inora. Begia hain zegoen sudurretik urruti, ezen ez baitzen begi bat. Ahoa hain zegoen bakarturik, ezen beste guztitik aparte kontsideratzera behartzen baitzuen bat. Zer guztia oso ere zail da azaltzen.

        Atsedenalditxo bat hartu zuen, makila artean ere herrestan, eta gero segitu zuen:

        — Baina jo dezagun honelatsu dela. Gauez bidean oinez noala, hor non ikusten ditudan farola bat eta leiho argiztatu bat eta laino bat, hiruren artean aurpegi peto nahastezin bat osatzen dutela. Inork zeruan aurpegi hori badu, ezagutuko dut ostera. Hala ere, aurreraxeago joanik, konturatzen naiz han ez zegoela aurpegirik, leihoa hamar yarda harantzago zegoela, farola hamar ehun yardara, lainoa munduaz haraindi. Igande-ren aurpegiak ihes egiten zidan, horra: eskuin eta ezker itzurtzen da, halako irudi halabehar hutsezkoen gisa. Eta horrenbestez haren aurpegiak zalantza eragin edo dit, aurpegirik ba ote den batere. Nik ez dakit ea zure aurpegia, Bull, aurpegi bat den ala perspektibazko konbinazio bat. Beharbada zure betaurreko jasanezin horietako disko beltzetako bat oso hurbil dago eta bestea hemendik berrogeita hamar miliara. Materialista baten dudek ez dute kaka zaharrik balio. Igandek azken dudak eta okerrenak irakatsi dizkit niri, izpiritualista baten dudak. Budista bilakatu naiz, itxura denez; eta Budismoa ez da sineste bat, duda bat da. Bull gaixo maitea, nik ez dut sinesten zuk benetan aurpegirik duzunik. Ez dut fede nahikorik materian sinesteko.

        Syme-k artean ere mundu-bola alderraian josirik zeuzkan begiak, hark, arrastiriko argitan gorriturik, arrosakoloreago eta gaizgabe-xaloago zirudiela.

        — Ohartu al zarete gauza bitxi batez —esan zuen—, zuen deskribapen guztietan? Zuetako bakoitzak oso desberdin aurkitzen du Igande, baina hala ere zuetako bakoitzak gauza bat bakarra aurkitzen du hari parekatzeko: unibertsoa bera. Bull-i lurra udaberrian bezala dela otu zaio; Gogol-i, eguzkia eguerdian bezala. Idazkariari protoplasma itxuragabeak datozkio burura; Inspektoreari, oihan birjinen arduragabetasuna. Profesoreak dio paisaje aldakor baten gisakoa dela. Arraroa da hori, baina are arraroagoa da nik ere neure ideia bitxia izatea Lehendakariari buruz, eta nik ere mundu osoa irudikatzen dudan moduan irudikatzea Igande.

        — Segi bizkortxoago, Syme —esan zuen Bull-ek—; ez kezkatu globoaz.

        — Igande lehen aldiz ikusi nuenean —esan zuen Syme-k astiro—, bizkarra ikusi nion bakarrik; eta bizkarra ikusi nionean banekien munduko gizonik makurrena zela. Lepo-sorbaldak animalekoak ziren, tximino-jainko batenak irudi. Gizatiarra ote zen dudan jartzeko moduko jarreran eusten zion buruari lepo gainean; idi baten jarrera makur berean, hain zuzen. Izan ere, burutazio guztiz asaldagarria izan nuen bat-batean, alegia ez zela inondik inora gizon bat, giza arropaz jantziriko piztia bat baizik.

        — Segi —esan zuen Bull-ek.

        — Eta orduan bai gauza bitxia gertatu zela. Kaletik ikusia nion bizkarra, hura balkoian eserita zegoela. Gero, hotelera sartu eta Iganderen beste alderainoko jira eginik, eguzkitan ikusi nion aurpegia. Aurpegi horrek ikaratu egin ninduen, guzti-guztiak ikaratzen dituen moduan; ez, ordea, piztiazkoa zelako, ez gaiztoa zelako. Aitzitik, hain ederra zelako ikaratu ninduen, hain on-jatorra zelako.

        — Syme —egin zuen espantu Idazkariak—, gaixorik zaude?

        — Antzinako goiaingeru zenbaiten aurpegia bezalakoa zen, gerra heroikoren baten ondoren lege zuzenez epaitzen. Irria ageri zuen begietan, eta ahoan ohore eta tristura. Atzetik ikusia nion ile zuri bera zuen; sorbalda gaitz, grisez jantzi bera. Baina atzetik ikusi nuenean ziur nengoen animalia bat zela, eta aurrez aurre ikusi nuenean, berriz, jakin nuen jainko bat zela.

        — Pan —esan zuen Profesoreak amesti— jainkoa eta animalia zen batera.

        — Ordudanik, eta sekula betiko —ekin zion Syme-k, bere golkorako bezala—, hori izan da niretzat Iganderen misterioa, eta hori da munduaren misterioa ere. Bizkar ikaragarria ikusten dudanean, ziur nago aurpegi noblea mozorro bat baino ez dela. Aurpegia ikusten dudanean, lipar batez baino ez bada ere, badakit bizkarra broma hutsa dela. Gaizkia hain da gaitz, ezen ezin baitugu halabehar hutstzat baino irudikatu ongia; ongia hain da on, ezen ziur sentitzen baikara gaizkia esplika litekeela. Baina horrek guztiak bere gailurra jo edo zuen atzo, Iganderen kotxea harrapatu behar, eta denbora guztian justu haren atzetik gertatu nintzenean.

        — Pentsatzeko astia izan zenuen orduan? —galdetu zuen Ratcliffe-k.

        — Astia —ihardetsi zuen Syme-k—, pentsamendu lazgarri bakar baterako. Ideia batek hartu ninduen tupustean, alegia Iganderen buruaren atzealde itsu, huts-huts hura zela haren aurpegia: aurpegi izugarri, begigabe bat niri begira-begira. Eta burutik pasatu zitzaidan nire aurrez aurre hantxe lasterka bizian zihoan figura hura, itxuraz beste, atzerantz begira zihoala, lasterka dantza eginez.

        — Ikaragarria! —esan zuen Bull Doktoreak, dardaraz.

        — Ikaragarria ez da hitza —esan zuen Syme-k—. Zehazki nire denborako unerik txarrena izan da. Eta, hala ere, handik hamar minutura, burua kotxetik atera eta imintzio bat egin duenean, gargola baten itxuran, banekien ez zela bere haurrekin kuku-marroka jolasten dabilen aita baten modukoa baino.

        — Jolas luzea doa —esan zuen Idazkariak—, eta bekoki-zimur begiratu zien bere bota hautsiei.

        — Entzun —egin zuen espantu Syme-k, sekulako enfasiz—. Kontatuko dizuet mundu osoaren sekretua? Zera da, munduaren atzealdea bakarrik ezagutzen dugula. Dena atzetik ikusten dugu, eta piztiazkoa dirudi. Hori ez da zuhaitz bat, zuhaitz baten atzealdea baizik. Hori ez da laino bat, laino baten atzealdea baizik. Ez al duzue ikusten gauza guztiek aurpegia makurtu eta ostentzen dutela? Haien aurrez aurre jartzerik bageneuka, bederen...

        — Begira! —egin zuen oihu Bullek, ozenki—, globoa beherantz egiten ari da!

        Syme-ek ez zuen halako oihu beharrik, ez baitzion bitarte guztian begirik kendu. Globotzar argitsua bat-batean airean zabu egiten ikusi zuen, atzera zuzentzen, eta gero zuhaitzen atzean astiro hondoratzen, sartzen den eguzkia bezala.

        Gogol zeritzan gizonak, zeinak ia ez baitzuen hitzik ere egin beren ibilaldi neketsu haietan guztietan, bere eskuak airean jaso zituen tupustean, izpiritu galdu baten gisa.

        — Hil da! —egin zuen espantu—. Eta orain badakit nire laguna zela... ilunbeko nire laguna!

        — Hil! —esan zuen purrustaka Idazkariak—. Kostako zaizu hori hilda ikustea. Kroskotik jausi bada, hortxe ibiliko da moxala larrean bezala pinpoilka, jolas hutsean salto eta brinko.

        — Apatxez kraskaka —esan zuen Profesoreak—. Hala egiten dute moxalek, eta orobat Panek.

        — Ostera ere Pan! —esan zuen Bull Doktoreak, haserrebidean—. Itxura denez, zuretzat Pan edozer da.

        — Hala da, bai —esan zuen Profesoreak—, grekeraz. Oro esan nahi du.

        — Ez ahaztu —esan zuen Idazkariak, begirada lurrera apaldurik— «paniko» ere zer den.

        Syme berean egona zen, lagunen espantu-hitzei jaramonik egin gabe.

        — Hor gaindi erori da —esan zuen brastadan—. Goazen atzetik!

        Gero, keinu deskribaezin batekin, gaineratu zuen:

        — A ze adarjotzea deskuiduan hil bada! Ohi duen moduko beste txantxa bat litzateke noski.

        Kemen berriz ekin zion zuhaitz urrunetarantz, jantzien pilda zirtzilak haizetan pinpilika. Besteek pauso astun zalantzatiagoz jarraitu zioten atzetik. Eta ia une berean sei gizonak konturatu ziren ez zeudela bakarrik zelai koxkorrean.

        Belardi-laukiaren bestaldetik gizon garai bat hurbiltzen ari zitzaien, zetro bat zirudien eskumakila luze baten gainean bermaturik. Belaunerainoko galtzazko janzki dotore bezain modaz pasatu bat zeraman; eta jantziaren kolorea oihaneko zenbait itzalgunetan ikus daitekeen urdin, ubel eta grisaren arteko tonu horretakoa zen. Ilea gris zurikara zuen, eta lehen begiratuan, belaunerainoko frakek ematen zioten itxura zaharkitua tarteko, hautseztaturik zeramala ematen zuen gizonak. Oso begirakune barea zuen; baina, buru gainean ageri zuen zilar-intzigar haren kariaz, oihaneko itzaletako bat izan zitekeen.

        — Jaunak —esan zuen—, nire nagusiak zalgurdi bat dauka zuen zain hor ondoko bidean.

        — Nor da zure nagusia? —galdetu zuen Syme-k, geldi-geldi.

        — Esan didate badakizuela haren izena —esan zuen gizonak begirunez.

        Isilaldi bat gertatu zen, eta gero Idazkariak esan zuen:

        — Non da zalgurdi hori?

        — Oso denbora gutxi da itxaroten dagoela —esan zuen arrotzak—. Nire nagusia oraintxe puntuan etxeratu da.

        Syme-k ezker-eskuin begiratu zuen bera zegoen zelai-gune berdean. Berro-hesiak berro-hesi hesi arruntak ziren, zuhaitzek zuhaitz arruntak ziruditen; baina, hala ere, amandre-ipuin batean harrapaturik bailegoen sentitzen zen.

        Goi eta behe arakatu zuen embaxadore misteriotsua, baina ezin izan zuen deus aurkitu, salbu eta gizonaren jaka itzal purpuren kolore peto-petokoa zela, eta gizonaren aurpegia, berriz, zeru gorri-marroi-urrezkoaren kolore peto-petokoa.

        — Esaguzu non den —esan zuen Syme-k laburki—, eta, hitzik gabe, jaka ubelez jantziriko gizonak, bizkarra jiratu, eta hesiko hutsarte baterantz ekin zion oinez, zeinetik bide zuri baten argitasuna bistaratu baitzen bat-batean.

        Sei ibiltariak errepide mutur hartara irten zirenean, zalgurdi ilara luze bat zirudienak blokeaturik kausitu zuten bide zuria, alegia zalgurdi ilara bat Park Lane-ko etxeren baterako irispidea mozten. Zalgurdi horien alboan, itxura bikaineko zerbitzari lerro bat zegoen, denak ere uniforme gris-urdinez jantziak, eta denak ere halako handi-duintasun eta askatasun eite baten jabe, ez baitira horiek tasun ohikoak jaun-dotore baten zerbitzariengan, baizik areago errege bikain baten arduralari eta enbaxadoreengan. Sei ziren, sei, zain zeuden zalgurdiak, zorigaitzeko konpainia zarpatsuko partaide bakoitzarentzat bat. Laguntzaile guztiek (gorte-
-jantziz irudi) ezpata eta guzti zeramaten, eta, sei lagunetako bakoitza abailduraz ia herrestan zalgurdira sartu ahala, ezpatak atera, eta agurra egiten zieten, altzairu-distira tupustekoz.

        — Zer esan nahi ote du honek guztiak? —jakin nahi izan zuen Bull-ek Syme-rengandik, banandu zirenean—. Iganderen beste txantxa bat ote?

        — Ez dakit —esan zuen Syme-k, neke astunez hondoraturik bere zalgurdiko kuxinen artean—, baina hala bada, zuk aipatzen zenituen txantxa horietako bat da. Asmo onekoa, alegia, jatorra.

        Sei abenturazaleak abentura askotatik pasatuak ziren, baina ezeinek ere ez zituen hainbeste desorekatu, nola erosotasunezko azken abentura hartxek. Gauzak zakar joatera jarriak ziren aspaldi guztiak; gauzak bat-batean leun joateak, ordea, jota utzi zituen. Arrastorik lausoena ere ez zuten zer ote ziren zalgurdi haiek; nahikoa zuten jakitea zalgurdiak zirela, eta kuxin eta guztiko zalgurdiak. Ezin zuten inondik ere igarri nor ote zen hara gidatu zituen agurea; baina nahikoa eta sobera zen zinez zalgurdietara eraman izana.

        Syme bere burua erabateko patxadan jareginik zihoan zalgurdian, zuhaitz-ilunbe gorabeheratsuan zehar. Tipikoa zen harengan hori; alegia, bere kokots bizardunari tente eustea zerbait egin zitekeen bitartean, baina afera guztia bere eskuetatik at geratzean, aldiz, kuxinen artera amiltzea gainbehera betean.

        Oso pixkanaka eta oso lausoki ohartu zen nolako errepide bikainetan barrena zeraman zalgurdiak. Ikusi zuen parke bat izan behar zuenaren harrizko sarreraren aurretik pasatu zirela, gero muino batean gora ekin ziotela pixkanaka, zeina, nahiz albo bietan zuhaitzak ageri ziren, oihan bat baino antolatuxeago zegoen. Aurki, loaldi osasungarri batetik astiro esnatzen den gizon bati gertatzen zaion moduan, ororekiko atsegin bizi bat nagusitu zitzaion. Sentitu zuen berro-hesiak berro-hesiek izan behar zutena zirela: hesi bizi; berro-hesi bat giza gudaroste bat bezalakoa dela, diziplinatua, baina bereziki bizia. Zumar tantaiak ikusi zituen hesien atzean, eta lausoki pentsatu zuen zeinen ongi pasatu behar zuten mutikoek haietara igorik. Gero, zalgurdiak bihurgune bat hartu zuelarik, bat-batean bezain patxadatsu ikusi zuen agertzen, ilunabar-laino luze behe bat bezala, etxe luze, behe bat, ilunabarreko argi motelean leun-leun. Sei lagunek beren oharrak kontrastatu zituzten gerora, eta tirabira sortu zen; baina denak ere ados zeuden nolabaiteko modu esplikaezinean lekuak haurtzaroa oroitarazten ziela. Zumar-kukula hau zein bidexka hura, horrako arboladia nahiz harako leiho-isla, denek ere aitortu zuten nork bere ama gogora zezakeen baino lehenagotik gogoratzen zutela leku hura.

        Zalgurdiak halako batean sarbide zabal, behe, harpekara batera iritsi zirenean, uniforme beraz jantzirik zegoen baina jakaren bularralde grisean zilarrezko izar bat zeraman beste gizon bat irten zitzaien bila. Itxura bikain haren jabea honela mintzatu zitzaion Syme aztoratuari:

        — Bizkorgarri bat prestaturik daukazu zeure gelan.

        Syme, txundidurazko loaldi hipnotiko beraren eraginpean, haritzezko eskailera zabalean gora abiatu zen laguntzaile begirunetsuaren atzetik. Berarentzat berariaz egina zirudien areto-multzo bikain batera sartu zen. Ispilu luze batera jo zuen, berezko klase-senaz, gorbata atontzeko zein ilea antolatzeko; eta hantxe ikusi zuen zeukan itxura beldurgarria: adarrak jo zuen lekutik aurpegian behera odola zeriola, ilea belar txarrezko kalpar horiak bailiran tente-tente, jantziak zarpa luze dindilizkaritan zirtzildurik. Tupustean, hara han enigma osoa berriro, galdera sinple bat bezain sinple; alegia, ea nola iritsia zen hara, eta nola irtengo zen ostera orain handik. Une hartantxe justu, urdinez jantziriko gizon batek, zeina bere gelaritzat jarria baitzioten, guztiz hotsandiro esan zuen:

        — Atera ditut zure jantziak, jauna.

        — Jantziak! —esan zuen Syme-k sardonikoki—. Ez dut jantzirik hauek baino—. Eta longainaren bi pilda luze jaso, txirikorda xarmant, eta ballet-neska baten jirabiraren imintzioa egin zuen.

        — Nagusiak eskatu dit zuri esateko —esan zuen laguntzaileak— jantzi bitxizko dantzaldi bat duzuela arratsean, eta nahi lukeela zu hortxe prestatu dizudan arropaz jantziko bazina. Anartean, jauna, hor duzu botila bat borgoina-ardo, faisai hotzarekin hartzeko, afaritarako ordu batzuk falta dira-eta oraindik.

        — Faisai hotza gauza ederra da —esan zuen Syme-k hausnarti—, eta borgoina-ardoa, berriz, ederretan eder. Baina sinestadazu ez dudala ez bata eta ez bestea hainbeste desiratzen, nola desiratzen baitut jakitea zer deabru esan nahi duen honek guztiak, eta zer-nolako arropa prestaturik daukazun zuk niretzat. Non da jantzia?

        Zerbitzariak sofa-kutxa moduko batetik bistara jaso zuen hegazterrenaren lumen kolore berde-urdineko arropa luze nasai bat, domino-jantzi baten itxurakoa, zeinak aurrealdean urrezko eguzki zabal bat baitzuen armarri-ikur, eta, han-hemenka zipriztindurik, izar irazeki eta ilgorazko apaindurak.

        — Ostegun-jantzia dagokizu, jauna —esan zuen gelariak, atsegintsu.

        — Ostegun-jantzia —esan zuen Symek, gogoetan—. Ez du ematen jantzi goxoa behar duenik.

        — Bai horixe, jauna —esan zuen besteak suharki—; Ostegun-jantzia oso da goxoa, jauna. Kokotseraino lotzen da.

        — Tira, ez dut ezer ulertzen —esan zuen Syme-k, hasperenka—. Hain luzaro ohitu naiz abentura deserosoetara, ezen abentura erosoek seko jota uzten bainaute. Halaz guztiz, zilegi izango ahal zait galdetzea zergatik izan behar nukeen nik Ostegun itxura berezirik eguzki-ilargiz josiriko halako soinluze berde batez jantzirik. Beste egunetan ere distira egiten dute, ustez, bi-biok. Behin asteartez ikusi nuen ilargia, gogoratzen naizenez.

        — Atrebentziarekin, jauna —esan zuen gelariak—, Biblia bat ere bada zuretzat —eta begirunez beteriko hatz zurrun batez Genesiko lehen kapituluko pasarte bat seinalatu zuen bertan. Syme-k zer-oteka irakurri zuen. Astearen laugarren eguna eguzkiaren eta ilargiaren sorkuntzarekin lotzen deneko hori zen. Igande kristau baten arabera egina zen, nolanahi ere, egunen kontua.

        — Gero eta buru-hanka gutxiago du honek —esan zuen Syme-k, aulkian eseriz—. Nor dira faisaiak eta borgoina-
-ardoa, jantzi berdeak eta Bibliak apailatzen dituztenok? Edozer apaila dezakete, ala?

        — Bai, jauna, edozer —esan zuen laguntzaileak serio-serio—. Lagunduko dizut arroparekin?

        — Jantz iezadazu, bai, demontrezko zer hori lehenbailehen! —esan zuen Syme-k, egonezinez.

        Baina pantomima destainaz hartzen zuelako itxura gora-behera, janzki urdin-urrezkoa soinean sentitu zuenean, askatasun eta naturaltasun bitxia sumatu zuen bere mugimenduetan, eta, ezpata bat eraman behar zuela ohartu zenean, horrek mutikotako amets bat zuzpertu zuen. Gelatik irtetean, sorbalda gainetik bota zituen jantzi-hegalak imintzio batez, ezpata albotik nabarmendurik, eta han joan zen harro-harro, trobadore baten itxura bete-betean. Zeren jantzi haiek ez baitzuten mozorrotua mozorrotzen, agerian jartzen baizik.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia