13. KAPITULUA

Lehendakariaren atzetik

 

        Hurrengo goizean, bost lagun aztoratu baina irritsuk Dover-erako ontzia hartu zuten. Koronel gaixoak bazukeen kexatzeko arrazoirik, existitzen ez ziren bi alderdiren alde borrokatzera behartua aurrena, eta gero, berriz, burdinazko argiontzi batez jo eta eraitsia. Baina eskola zaharreko jaunguren guztiz bihotz-zabala zen, eta, lasaitu ederra harturik ezein alderdik ez zuelako zerikusirik dinamitarekin, atsegintasun handiz egin zien agurra kaian.

        Bost detektibe adiskidetuek mila xehetasun zeukaten elkarri azaltzeko. Idazkariak kontatu behar izan zion Syme-ri nola ustezko etsaiengana konspirazio-kide gisa hurbiltzeko xedez jantziak zituzten hasieran mozorroak; Syme-k, berriz, nola ihes egin zuten halako arin herrialde zibilizatu batean zehar. Baina esplika zitezkeen ñabardura horien guztien gainetik, esplikatzen asmatzen ez zuten kontuaren mendi erdiz erdikoa nagusitzen zen. Zer esan nahi zuen hark guztiak? Polizia arriskugabe batzuk baino ez baziren guztiak, zer zen Igande? Mundua eskuperatu ez bazuen, zer arraiotan ibilia zen? Ratcliffe Inspektoreak kezkaz goibel zirauen.

        — Ez diot zuek baino buru-hanka gehiagorik aurkitzen gure Igande zaharraren joko-mokoari —esan zuen—. Baina, dena dela ere Igande, ez da errurik gabeko hiritar prestua. Arraioa! Gogoratzen haren aurpegia?

        — Zinez diotsut —erantzun zuen Syme-k— ez naizela inoiz gauza izan hura ahazteko.

        — Tira —esan zuen Idazkariak—, aurki jakingo dugu, bihar baitugu hurrengo biltzar osoa. Barkatuko didazue —esan zuen, irribarre zurbil lazgarri samar batez— neure idazkari-eginbeharrekiko hain jarria egotea.

        — Zuzen zabiltza noski —esan zuen Profesoreak, gogoetatsu—. Apika harengandik jakingo dugu; baina aitortu behar dut ikara apur bat emango lidakeela Iganderi benetan nor den galdetzeak.

        — Zergatik —galdetu zuen Idazkariak—; bonbengatik?

        — Ez —esan zuen Profesoreak—, galderari erantzungo dion beldurrez.

        — Trago bat jo dezagun —esan zuen Bull Doktoreak, isilune baten ondoren.

        Ontzi eta trenezko bidaialdi guztian biziki animaturik egonak ziren, baina, oharkabeko senez, taldean elkarrekin beti ere. Bull Doktoreak, zeina taldeko optimista izana baitzen beti, ahalegina egin zuen beste laurak bairatzeko gurpil-biko batean joan zitezkeela guztiak Victoria geltokitik; baina ez zen onartu proposamena, eta lau-gurpileko batean joan ziren, Bull Doktorea gida-aulkian, kantari. Piccadily Circus-eko hotel batean jaitsi ziren, hala hurrengo goizean Leicester Square-n izango zen gosari goiztiarretik hurbil egoteko. Haatik, artean ere ez ziren guztiz amaituak eguneko abenturak. Bull Doktorea, ohera joateko proposamen orokorraz kexu, hoteletik osteratxo bat egitera irtena zen hamaikak aldera, Londresko edertasunetariko zenbait ikusi eta dastatzeko asmoz. Handik hogei minutura, hala ere, bueltan zen, harrabots ez nolanahikoa ateraz ezkaratzean. Syme hasieran hura ematzen saiatu zen, baina azkenerako haren esan beharra zinezko arreta biziz entzun beste erremediorik ez zuen izan.

        — Benetan, ikusi egin dut —zioen Bull Doktoreak, enfasi gotorrez.

        — Nor? —galdetu zion Syme-k bizkor—. Lehendakaria ez, ala?

        — Ez da horrenbesterainokoa izan —esan zuen Bull Doktoreak, kontura ez zetorren barre-algara batez—, ez da horrenbesterainokoa izan. Hementxe atzeman dut.

        — Hementxe atzeman nor? —galdetu zuen Syme-k egonezinez.

        — Gizon iletsua nola? —esan zuen besteak argiro—, gizon iletsua izan zen gizona, zera, Gogol. Hona hemen —eta gogoz kontrako ukondo batetik bultzatu zuen aurrera bost egun lehenago ile gorri argalez eta aurpegi zurbilez Biltzarra utzi behar izan zuen gaztea, denborarekin agerian utzitako sasi-anarkista guztietatik lehena.

        — Zergatik arduratzen zarete nitaz? —egin zuen espantu—. Espioi gisa bota ninduzuen zuen artetik.

        — Denok gara espioi! —egin zuen hasperen Syme-k.

        — Denok gara espioi! —egin zuen deiadar Bull Doktoreak—. Zatoz trago bat egitera.

        Hurrengo goizean, ostera elkarturiko sei lagunen gudu-taldeak irmo ekin zion Leicester Square-ko hotelerantz martxan.

        — Hau askoz hobeto dago —esan zuen Bull Doktoreak—; sei gizon gara, bati zertan ari den galdetzera doazenak.

        — Uste dut hori baino bitxiagoa dela kontua —esan zuen Syme-k—. Zera, sei gizon, bati, berak zertan ari diren galdetzera doazenak.

        Isiltasunean hartu zuten Square-rako kantoia, eta, hotela kontrako izkinan zegoen arren, liparrean ikusi zuten balkoi koxkorra eta harentzat handiegia zirudien gizairudi bat. Burua makurturik eserita zegoen, bakarrik, egunkari bat arretaz irakurtzen. Baina haren biltzarkide guztiek, hura agintetik botatzeko etorriak, zerutik ehun begi begira baleuzkate bezala zeharkatu zuten enparantza.

        Luze eztabaidatu zuten hartu beharreko jokabideaz, ea Gogol mozorrogabea kanpoan utzi eta diplomatikoki hastea komeni zen, ala hobe zen hura eramatea eta sutauts guztia leherraraztea behingoan. Syme eta Bull-en itzalak erabaki zuen kontua bigarren aukeraren aldera, nahiz Idazkariak azkeneraino itaundu zergatik erasotzen zioten Iganderi hain zuhurgabeko oldarrean.

        — Nire arrazoia oso sinplea da —esan zuen Syme-k—. Beraren beldur naizelako erasotzen diot zuhurgabeki.

        Isilik jarraitu zioten Syme-ri eskailera ilunean gora, eta gero aldi berean egin zuten topo kanpoko eguzki-argi zabalarekin eta Iganderen irribarrearen egun-argi goizarena bezain zabal harekin.

        — Hau ederraren ederra! —esan zuen—. Atsegin zait oso zuek guztiok ikustea. Bai egun bikaina gaurkoa. Hil da Tsarra?

        Idazkaria, zeina aurre-lerroan gertatu baitzen, agerpen duin baterako antolatu zuen bere burua.

        — Ez, jauna —esan zuen, zorrotz— ez da sarraskirik gertatu. Ez dakarkizut halako ezein ikuskari nardagarriren berririk.

        — Ikuskari nardagarri? —errepikatu zuen Lehendakariak, irribarre distiratsu, galdekari batez—. Bull Doktorearen betaurrekoez ari al zara?

        Idazkaria trabatu egin zen une batez, eta Lehendakariak kargu-hartze leun halako batez ekin zion aurrera:

        — Jakina, guztiok ditugu geure iritziak eta are geure begiak, baina horrela gizonaren aurrean beraren betaurrekoei nardagarri deitzea, egia esan...

        Bull Doktoreak, betaurrekoak kendu, eta mahai gainean hautsi zituen.

        — Nire betaurrekoak ondra beltzekoak dira —esan zuen—, baina ni ez. Begiratu aurpegira.

        — Bakoitzari berea hazten zaio, agi danean —esan zuen Lehendakariak—. Eta zuri, hain zuzen, duzun horixe tokatu zaizu; eta nor naiz ni Bizitzaren Arbolako fruituei aitzakia jartzeko? Agi danean, neuri haziko zait egunen batean halakoa.

        — Ez dugu astirik tontakeriatarako —esan zuen Idazkariak, basakiro mozturik—. Zer honek guztiak zer esan nahi duen jakiteko etorri gara. Nor zara zu? Zer zara zu? Zergatik bildu gaituzu gu guztiok hemen? Badakizu nor eta zer garen gu? Konspiratzailearena egiten duen buru-eskas bat zaitugu, ala zoroarena egiten duen tipo argi bat? Erantzun iezadazu oraintxe.

        — Hautagaiei —murmurikatu zuen Igandek— papereko hamazazpi galderetatik zortzi erantzuteko baino ez zaie eskatzen. Garbi atera ahal izan dezakedanetik, nik zera esatea nahi duzu, nor naizen ni, eta nor zareten zuek, eta zer den mahai hau, eta zer den Biltzar hau, eta zer den mundu hau ere bai noski. Tira, misterio horietako baten estalkia kentzeko lana hartuko dut oraingoz. Interesatzen bazaizue, zera zarete zuek: intentzio onez beteriko asto gazte aldra bat.

        — Eta zu —esan zuen Syme-k, aurrerantz makurturik— zer zara zu?

        — Ni? Zer naizen ni? —egin zuen orro Lehendakariak, eta garaiera sinestezin bateraino altxatu zen astiro, beren gainean arku bat eginez gainera erortzekotan legokeen olatutzar bat bezala—. Zer naizen jakin nahi duzue, ezta? Bull, zu zientzia-
-gizona zara. Aztarrika egizu zuhaitz horien sustraietan eta aurkitu aurkitu beharreko egia sakona. Syme, zu poeta zara. So egin arretaz goizeko laino horiei. Gauza bat eduki ezazue garbi, hala ere, alegia azken zuhaitzaren eta goreneko lainoaren egia lehenago aurkituko duzuela nirea baino. Itsasoa ulertuko duzue, eta nik asmakizun bat izaten segituko dut; jakingo duzue zer diren izarrak, eta ez duzue jakingo zer naizen ni. Munduaren hasieratik gizon guztiek otso bat bezala esetsi didate: errege eta jakintsuek, poeta eta lege-emaileek, eliza guztiek eta filosofo guztiek. Baina sekula ez naute oraindik atzeman, eta ortzia eroriko da ni haien esku gertatu orduko. Garesti saldu dut beti neure larrua, eta orain ere bai.

        Beretako inori mugitzeko betarik eman gabe, gizon munstrotzarra jauzika esekia zen balkoiaren kareletik kanpora, orangutan erraldoi bat bezala. Bere burua erortzen utzi aurretik, ordea, ostera gora egin zuen pultsuan, barra horizontal batean bezala, eta, bere kokots itzela balkoi ertzaren gainetik aurreraturik, hotsandiro esan zuen:

        — Gauza bat badut zuei esateko, haatik, neure nortasunaz. Gela iluneko gizona nauzue, zuek guztiok polizia egin zintuztena.

        Hitz horiekin, balkoitik amildu zen, gomazko pilota bat bezala bote eginez han beheko harrien gainean, eta zinki-
-zanka joan zen Alhambra-ren izkinarantz; han gurpil biko kotxe bat alokatu zuen, eta haren barrura salto egin. Sei detektibeak tximistak jota bezala zurturik eta iheslearen azken baieztapenaren argitan zurbil geratuak ziren; hura kotxe barrura desagertu zenean, ordea, Syme-ri pratikotasunerako sena itzuli zitzaion, eta, ia bernezurrak hausterainoko burugabetasunez jauzi eginik balkoitik behera, beste kotxe bati hots egin zion.

        Bera eta Bull batera igo ziren kotxera, Profesorea eta Inspektorea beste batera, eta Idazkariak eta Gogol ohiak, berriz, justu-justu izan zuten beta hirugarren bat harrapatu eta Syme-ren atzetik segika joateko, hura Lehendakari ziztukariaren atzetik ziztuan zihoala. Igandek ipar-mendebaleranzko jazarpen-lasterketa zoro batean zeramatzan, kotxezainak, normala baino akuilu zorrotzago baten eraginpean nabarmen, muturrak hausteko moduko abiada bizian lehiarazten zuelarik zaldia. Syme ez zegoen, ordea, mizkeriatarako aldartean, eta bere kotxean zutitu, eta deiadarka ekin zion —«Hel lapurrari!»—, harik eta jendetza kotxearen ingurura oldartu eta poliziak hara korrika zihoazenei itaunka hasi ziren arte. Horrek guztiak bere eragina izan zuen Lehendakariaren kotxezainarengan, zalantzan zegoela baitzirudien, eta abiada trostaraino moteldua baitzuen. Sabai-leihoa ireki zuen, bere bezeroarekin zentzuzko akordio batera iristeko asmoz, eta hartarako kotxearen aurrealdean bertan behera utzi zuen zigor luzea. Igandek, aurrerantz makurtu, zigorrari heldu, eta bortizki erauzi zuen gizonaren eskutik. Gero, kotxearen aurrealdean zutik bera, zaldia zigorraz zehatzen hasi zen, orroka, halako moldez non ihortziria baino arinago oldartu baitziren karriketan barrena. Kalez kale eta enparantzaz enparantza hala zihoan, bada, zirimola biziz, ibilgailu xelebrea, zeinean bezeroak zaldia akuilatzen baitzuen eta gidaria, berriz, ahalegin guztian saiatzen baitzen geldiarazten. Beste hiru kotxeak (hala esatea zilegi bada kotxeen kasuan) ehiza-zakur arnaslarritu batzuen gisa zetozen haren atzetik. Dendak eta kaleak zizti-zazta pasatzen ziren paretik, gezien ziztuan.

        Abiaduraren heriosuharrenean, Igande-k, zutiturik zihoaneko gida-lekuan jiratu, eta, bere burutzar irri-mirritsua kotxetik aterarik, ile zuria haizean kulunkari, aurpegi izueragile bat jarri zien bere jazarleei, mutiko maltzur-bihurri eskerga bat irudi. Gero, arin-arin eskuin eskua jasorik, Syme-ren aurpegira paper bola bat jaurti, eta ostera bistatik gorde zen. Syme-k zer hari heldu zion, sen hutsez eskua jarririk babes modura, eta bi paper zimurtuz osatua zela aurkitu zuen. Bat berari zuzendua zen, eta bestea, berriz, Bull Doktoreari, eta letra ilara luze eta, agi danean, aldez ironiko bat zekarren haren izenaren ondoren. Bull Doktorearen helbidea, nolanahi ere, ondotxoz luzeagoa zen harentzako mandatua baino, zeren mezua hitz doi hauez osatua baitzen:

 

                Zertan da Martin Tupper-en kontua orain?

 

        — Zer esan nahi du gure maniako zaharrak? —galdetu zuen Bull-ek, hitzei begira leloturik—. Zer dio zureak, Syme?

        Syme-ren mezua, nolanahi ere, luzeagoa zen, eta honela zioen:

 

        «Inork ez luke deitoratuko Artxidiakonoaren interferentzia bat edo estilo horretako zerbait nik baino gehiago. Esperantza dut ez dela kontua horretaraino helduko. Baina, azkeneko aldiz, non dira zure eskalaproiak? Gauzak gaizki jarri dira, batez ere osabak esan duena esan ondoren.»

 

        Lehendakariaren kotxezainak kontrol apur bat berreskuratua bide zuen bere zaldiaren gain, eta, Edgware Road-era sartzeko jiratu zutenean, jarraitzaileek zertxobait murriztua zuten aldea. Han, berriz, aliatuei gelditze probidentzial bat iruditu zitzaiena gertatu zen. Era guztietako trafikoa eskuin zein ezker bazterreratzen zen edo gelditzen, zeren, kale luzean barrena, suhiltzaileen etorrera iragartzen duen orro nahastezin hori entzuten baitzen, eta gero berehala kotxea bera agertu baitzen, brontzezko halako oldar tximista-irudi batean. Tximistak tximist, Igande-k, bere kotxetik jauzi egin, suhiltzaileenaren pareraino heldu, eta, handik bere burua eskegirik, igotzea lortu zuen, eta han ikusi zuten urruntasun zaratatsuan desagertzen, suhiltzaile txundituari azalpen-imintzioak eginez.

        — Segi atzetik! —ulukatu zuen Syme-k—. Orain ezin zaigu bistatik ostendu. Suhiltzaile-kotxe bat ez dago ezerekin nahasterik.

        Hiru kotxezainak, zeinak une batez jota geratuak baitziren, beren zaldien gainean zigorra dantzatu, eta apur bat murriztu zuten beren eta han bistatik galdu nahi zitzaien harrapagaiaren arteko aldea. Lehendakariak modu bitxiz egin zuen hurbiltasun horren aitorpen formala, kotxearen atzealdera etorri, eta han ekin baitzion erreberentzia sarriak egiten, bere eskuari muin egiten, eta azkenean Ratcliffe Inspektorearen bularrean jo zuen ohar txukun tolestu bat airean jaurtitzen. Jaun hark hura ireki zuenean, ez hala ere jakingura urduririk gabe, honako hitzak zekartzala kausitu zuen:

 

                Ospa egizu. Zure galtza-uhalei buruzko egia jakin da. ADISKIDE BAT.

 

        Suhiltzaileen kotxea are iparralderago joana zen horrenbestez, ezagutu ez zuten eskualde batean sartuz; hala, zuhaitzek itzalperatzen zituzten burdinsare garai batzuek osaturiko lerro baten paretik abian hura, sei lagunak harritu baina hainbestean lasaitu ere egin ziren ikusirik Lehendakariak lurrera jauzi egiten zuela, nahiz eta ezin igarri bere gogo bitxiak hala eman ziolako ote zen, ala beren ibilgailuan hura zeramatenen kexu areagotuengatik. Hiru kotxeak hara iritsi orduko, nolanahi ere, katu nabar erraldoi bat bezala igoa zen burdinsare garaien gainera; handik bestaldera arin asko pasatu, eta hostoen iluntasunean aienatu zen.

        Syme-k, haserre biziko keinu batez bere kotxea geldiarazi, kanpora jauzi egin, eta eskaladari ekin zion berak ere oldarrean. Zango bat hesiaren gainean zeukala, eta lagunak atzetik orobat eskalatzen hasiak, aurpegia haiengana jiratu zuen, itzalpean zurbil-zurbil.

        — Zer ote da leku hau? —galdetu zuen—. Deabru zaharraren etxea ote? Entzuna dut etxe bat ote duen Londresko iparraldean.

        — Hainbat hobe —esan zuen Idazkariak aurpegia mudatu gabe, oin bat ezarriz bermagune batean—. Etxean harrapatuko dugu.

        — Ez, ez naiz horretaz ari —esan zuen Syme-k, bekainak kizkurtuz—. Hots ezinago ikaragarriak entzuten ditut; zera, deabruak barrez eta doministituka eta zintz eginez ari balira bezala beren sudur deabruzkoetatik!

        — Gure deabru zaharraren zakurrak zaunka, noski —esan zuen Idazkariak.

        — Zera izango dira, labezomorroak zaunka! —esan zuen Syme-k, suturik—, barakuiloak zaunka!, geranioak zaunka! Entzun al duzu sekula zakur bat horrela zaunka egiten!

        Eskua jasorik, adi egoteko imintzioa egin zuen, eta hostailatik zehar orro luze dardaraz jartzeko moduko bat iritsi zitzaien, larruazala zeharkatu eta haragia hozten zuela zirudiena... orro baxu-sakon lazgarri bat, inguruko aire guztian taupada moduko bat eragiten zuena.

        — Iganderen zakurrak ezin izan eguneroko zakur arruntak —esan zuen Gogol-ek, eta dardara egin zuen.

        Syme bestaldera jauzi egina zen ordurako, baina hantxe segitzen zuen, erretasun nabarmenez adi.

        — Entzun ondo hori —esan zuen—. Zakur bat al da hori... inoren zakurra ere?

        Bat-batean, oinaze tupustekoz kexuz eta ardailaz ari liratekeen zer batzuen garrasi erlatsa belarriratu zitzaien; eta gero, oihartzun bat bezala han urrutian, sudur-tronpeta luze baten gisako zerbait.

        — Hara, horren etxeak infernua izan behar du! —esan zuen Idazkariak—; eta infernua bada, hara noa ni! —eta ia aupada bakarrez gainditu zituen burdinsare garaiak.

        Besteek atzetik segitu zioten. Landare eta zuhaixka sarrizko gune bihurri-itsua zeharkaturik, bidexka garbi batera iritsi ziren. Ez zen deus ageri, baina Bull Doktoreak eskuak zarta elkartu zituen bat-batean.

        — Astoak alaenak! —egin zuen espantu—. Zooa da eta!

        Begi amorratuz inguru guztian beren ehiza amorratua bilatzen ari zirela, uniformezko zaintzaile bat etorri zen bidexkan barrena lasterka, jantzi arruntezko gizon bat lagun zuela.

        — Hemendik pasatu al da? —galdetu zuen zaintzaileak arnaska.

        — Nor, ordea? —galdetu zuen Syme-k.

        — Elefantea! —egin zuen espantu zaintzaileak—. Elefante bat erotu egin da eta hanka egin!

        — Agure batekin hanka egin du —esan zuen beste arrotzak asnaslarriturik—; agure zahar ile-zuri batekin, gaixo agurea!

        — Zer tankeratako agurea? —galdetu zuen Syme-k, jakingura biziz.

        — Agure zabal-zabal, lodi bat, gris argiz jantzia —esan zuen zaintzaileak arduratsu.

        — Tira —esan zuen Syme-k—, tankera horretako agurea bada, guztiz ziur bazaudete grisez jantziriko agure zabal lodi bat dela, nire hitzaz fida zaitezkete elefanteak ez duela harekin hanka egin. Hark egin du elefantearekin hanka. Elefantea ez du Jainkoak egin gizon hori gogoz kontra bahiturik hanka egiteko. Eta, arraioa, horra non datorren!

        Ez zen horretaz dudarik oraingoan. Belar gunearen beste aldean hantxe, berrehun bat yardara, jende aldra bat garrasika eta saltaka orpoetan zerraikiola, elefante gris eskerga bat zetorren urrats gaitzez zinki-zanka, tronpa itsasontzi baten branka-masta bezain tente, akabuko epaiaren eguneko turuta bezala turutari. Oldar bizian marruka zetorrèn animaliaren bizkar gainean, Igande Lehendakaria sultan baten patxada osoaz zihoan, baina eskuan zeukan zer zorrotz batez akuilatuz animalia lasterka bizira.

        — Geldi ezazue! —egiten zuen deiadar jendeak—. Hesitik kanpora alde egitera doa!

        — Luizi bat gelditu, zera! —esan zuen zaintzaileak—. Hesitik kanpora da jadanik.

        Hark hizketan amaitu orduko, akabuko zapartada eta orro izulaborrizko batek iragarri zuen elefante gris itzelak Jardin Zoologikoko burdin hesiak zeharkatu zituela, eta han zihoala Albany Street-en barrena korrika, omnibus-mota berri bat bailitzan, arin askoa.

        — Jainko maitea! —egin zuen espantu Bull-ek—. Ez nekien elefante bat hain bizkor ibil zitekeenik. Zalgurdiak beharko dira berriro, bistatik galduko ez badugu.

        Elefantea desagertu zeneko burdinatetik zehar lasterka ekiten zioten bitartean, bidean pasatzen zituzten kaioletako animalia bitxien ikuspegi itsugarri bat izan zuen Syme-k. Gerora harrigarri zitzaion hain garbi ikusi izana. Pelikanoak gogoratzen zituen bereziki, beren zintzur dindilizkari xelebreekin. Jakin nahi zukeen zergatik ote zen pelikanoa karitatearen sinboloa, ez bazen karitate dexente behar zelako noski pelikano bat miresteko. Kalao bat gogoratzen zuen orobat: moko hori erraldoi bat, eta hari atzetik loturik txori txiki bat. Zer osoak hala sentsazio berezi bat ematen zion, zeinaren bizitasuna ezin baitzuen esplikatu, alegia Natura beti bromak egiten ari balitz bezala, broma guztiz misteriotsuak hala ere. Igandek esana zien izarrak ulertzen zituztenean ulertuko zutela bera. Zalantza gordina zuen ea goiaingeruek berek ere ulertzen ote zuten kalaoa.

        Sei detektibe doakabeak, ariniketan sartu kotxeetara, eta elefantearen arrastoan abaiatu ziren, hark kaleen luze-zabalean hedatzen zuen izua partekatuz. Oraingoan Igandek, jiratu gabe, bere bizkar oharkabearen zabaltasun sendoa eskaini zien, eta horrek, posible den kasuan, lehenago burlek baino amorru handiagoa sorrarazten zien. Baker Street-era iristeko zireneantxe, ordea, zerbait airean gora-gora botatzen ikusi zuten, mutiko batek pilota bat nola, berriro harrapatzeko moduan. Zihoazen abiadan, ordea, askoz atzerago erori zen, Gogol zihoan kotxearen parean hantxe; eta hark, barne-bultzada esplikaezinen batek pista baten esperantza lausoa emanik, kotxea geldiarazi zuen, zer hura hartzeko. Berari zuzendua zen, eta pakete handi samarra zen. Arakaturik, hala ere, bata bestearen inguruan bilduriko hogeita hamahiru paper zatiz osaturik zegoela kausitu zen. Azken azal-abarra kendurik, papertxo txiki baten tamainara errenditua zen, zeinean honako hau idatzirik zegoen:

 

                Hitzak, ustez, «xuri-gorri» izan behar du.

 

        Garai batean Gogol esaten zioten gizonak deus ez zuen esan, baina haren esku-oinen mugimenduek zaldi bat ahalegina saia dadin akuilatuko lukeen gizon batenak ematen zuten.

        Kalerik kale, barrutiz barruti, han zihoan elefante ziztua bezain arinaren miraria, leiho guztietara erakarriz jendea, eta eskuin-ezker bazterreratuz trafikoa. Eta publizitate ero horren guztiaren arrastotik, ahal zuten moduan segitzen saiatzen ziren hiru kotxe, halako moldez non prozesio baten partetzat hartzen baitzituen jendeak, edota zirku baten iragarkitzat. Hain abiadura handian zetozen, non ez sinesteko moduan laburtzen baitziren distantziak, eta Syme-k Albert Hall ospetsua ikusi zuen, Kensington-en baita, artean Paddington-en zegoela uste zuenean. Elefantearen urrats-martxa are bizkorrago eta trabagabeagoa zen South Kensington-eko kale jendegabe, aristokratikoetan zehar, eta azkenean Earl's Court-eko Gurpil eskerga ortzian gora ageri zeneko ostertz zati hartarantz jo zuen zuzen animaliak. Gurpila gero eta handi-zabalagotuz zihoan, izarren gurpilak bezala zerua betetzeraino.

        Piztiak atzean utzi zituen kotxeak. Kale kantoi askoren jiran galdu zuten bistatik, eta, Earl's Court-eko Erakusketako sarreretako batera iritsi zirenean, bidea itxita zegoen beren aurrean. Aurrez aurre jendetza itzela zegoen; haren erdian, berriz, elefante itzela, burua zabuka eta gorputza dardaraz, izaki itxuragabeok ohi dutenez. Lehendakaria, ordea, ez zen ageri.

        — Nora joan da? —galdetu zuen Syme-k, lurrera brau eginik kotxetik.

        — Jaun hori Erakusketara sartu da oldarrean, jauna! —esan zuen enplegatu batek. Gero, ahots minduz gaineratu zuen—: Jokaera xelebrea, horratik, jaun horrena. Bere zaldiari eusteko eskatu, eta hau eman dit, jauna.

        Atsekabez erakutsi zuen paper tolestu bat, honako zuzenburuz: «Anarkisten Biltzar Nagusiko Idazkariarentzat.»

        Idazkariak, sumindurik, papertxoa zakar ireki, eta honako hau aurkitu zuen barruan idatzirik:

 

                Sardinzaharra lasterka doanean,

                Has bedi Idazkaria barrez;

                Ordea, saiatzen delarik hegan,

                Idazkaria hil horrenbestez.

                                Baserritar Zuhur-hitza

 

        — Demontreen demontre zaharra —ekin zion Idazkariak—, nola utzi diozu sartzen? Normala al da jendea elefante zoroen gainean zaldizka etortzea Erakusketa honetara? Normala al da...

        — Begira! —egin zuen deiadar Syme-k tupustean—. Begira han!

        — Begira zeri? —galdetu zuen Idazkariak zakarki.

        — So egin globo gatibuari! —esan zuen Syme-k, eta bere senetik irtenda seinalatu zuen.

        — Zer arraiorengatik egin beharko nioke nik so globo gatibu bati? —galdetu zuen Idazkariak—. Zer du bitxirik globo gatibu batek?

        — Ezer ez —esan zuen—, salbu eta ez dagoela gatibu!

        Denek itzuli zituzten begiak globoa, Erakusketaren gainean hantxe, haur baten globoa irudi, bere sokatik harro-
-harro puzturik airean kulunkatzen zen aldera. Handik segundo batera soka bi zati egin, kroskoaren azpian justu, eta globoa, jareginik, han joan zen xaboi-borboila baten askatasun lasaiaz hegan-igerian.

        — Hamar mila deabru! —egin zuen garrasi Idazkariak—. Globoan doa! —eta ortziaren kontra astindu zituen ukabilak.

        Globoa, halabeharrezko haize batek eramanik, justu beren gainean egokitu zen, eta Lehendakariaren buru zuri gaitza ikusi ahal izan zuten kareletik aterarik han beheko gizagaixoei onbera begira.

        — Jainkoak anpara nazala! —esan zuen Profesoreak, bere bizar ile-urdindutik eta bere pergamino-aurpegitik askatu ezineko moduan itsatsia zitzaion mintzamolde adintsu harekin— Jainkoak anpara nazala! Iruditu baitzait ez ote zaidan zerbait erori kapelu gainera!

        Esku dardarti bat jaso, eta paper kizkurtu bat hartu zuen kapelu-gainetik. Gogoetan murgildurik ireki zuen, zer, eta maitasun fidelaren adierazgarri diren begizta horietako bat aurkitzeko, eta honako hitzok:

 

                Zure edertasunak ez nau soraio utzi. ELUR TANTATXOk.

 

        Isilune labur bat gertatu zen, eta gero Syme-k, bere bizarrari kosk eginez, esan zuen:

        — Oraindik ez dut etsi. Traste madarikatu horrek behera egin beharko du non edo han. Goazen atzetik!

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia