7. KAPITULUA

De Worms Profesorearen jokabide esplikaezina

 

        — Eseri! —esan zuen Igandek bere denboran behin edo birritan baizik erabili ez zuen ahotsez, ateratako ezpatak bertan behera erorarazi zituen ahots batez.

        Zutituak ziren hirurak Gogol-en lepoa jaregin, eta pertsonaia ezbaigarri hura ere bere lekuan eseri zen ostera.

        — Tira, bada, jauna —esan zuen Lehendakariak kementsu, inor erabat arrotz zaion bati mintzatuko litzaiokeen bezala mintzatuz—, jarriko duzu, otoi, zeure eskua txalekoko goiko poltsikoan, eta bertan zer duzun erakutsi?

        Ustezko poloniarra zurbil samar ageri zen ile ilunezko bere sasiarte haren azpian, baina, itxura batean lasai ederrean, atzamar bi poltsikora eraman eta txartel urdin bat atera zuen. Syme, hura mahai gainean ikusirik, kanpoko mundura iratzarri zen berriro. Zeren, nahiz txartela mahaiaren beste muturrean zegoen eta Syme-k ezin zuen haren testurik irakurri batere, bere poltsikoan zeramanaren antz harrigarria baitzuen; anarkisten aurkako polizia-talde berezira bildu zenean eman zioten txartel harena, hain zuzen.

        — Eslabiar patetikoa —esan zuen Lehendakariak—, Poloniaren haur trajiko hori, prest al zaude txartel honen aurrean ukatzeko lagunarte honetan, nolabait esateko, de trop zaudela?

        — Horixe nagoela! —esan zuen Gogol zelakoak.

        Harridurak beren lekuetan jauzarazi zituen denak, halako ahots garbi, merkatarikara, cockney ukitu apur bat zuena entzunik ile arrotzezko oihan hartatik sortzen. Irrazionala zen, txinatar bat halako batean eskoziar azentuz mintzatzen hasi balitz bezala edo.

        — Pentsatzen dut ondo jabetzen zarela zein egoeratan zauden —esan zuen Igandek.

        — Ez dudarik egin —erantzun zuen poloniarrak—. Ederki harrapatuta nago noski. Esan dezakedan bakarra da ez dudala uste inongo poloniarrek imitatuko zuenik nire azentua nik harena imitatu dudan bezala.

        — Horretan arrazoia ematen dizut —esan zuen Igandek—. Zure azentu horri imitagaitza deritzot, nahiz neuk bainuan praktikatzeko asmoa dudan. Axola zaizu bizarra ere txartelarekin batera uztea?

        — Ezta batere —erantzun zuen Gogol-ek; eta hatz batez buru-estalki ile-zut hura oso-osorik erauzi zuen, adats gorri leun bat eta aurpegi xuri bizi-bizi bat lotsagabeturik bistara—. Beroa ematen zuen —gaineratu zuen.

        — Zuzen onez aitortu behar zaizu —esan zuen Igandek, eta ez zegoen aparte halako miresmen gordin bat— ez zarela, hala ere, batere gaizki moldatu horren azpian. Orain entzun zer esan behar dizudan. Begiko zaitut. Horren ondorioa zera da, bi minutu eta erdi edo bederen ez nintzatekeela gustura sentituko oinaze saminen artean hil zarela baneki. Bada, hala ere, poliziari nahiz inolako gizakiri gure berri ematen badiozu, jasan egin beharko ditut bi minutu eta erdi deserosotasunez beteok. Zure deserosotasunaz denaz bezainbatean, ez dut luzatu nahi. Agur, bada. Kasu mailari.

        Gogol gisa mozorrotua zen detektibe ilegorria hitzik ere gabe zutitu zen, eta ezaxolatasun itxura peto-petoan irten zen gelatik. Hala ere, Syme, bere harrituan, gai izan zen konturatzeko lasaitasun itxura hura badaezpadako hutsa zela; izan ere, atea pasatu eta bertan egin zuen behaztopatxoak argi erakusten zuen ez ziola kasu eman mailari.

        — Denbora hegan doa —esan zuen Lehendakariak bere aldarterik alaienean, begirada bat botarik bere erlojuari, zeinak, haren gauza guztiek bezala, behar zuen baino handiago baitzirudien—. Berehala alde egin beharrean naiz; humanitaristen bilkura bateko mahaiburu egin behar dut.

        Idazkaria bekainei eraginez jiratu zen harengana.

        — Ez al litzateke hobe —esan zuen, zorrotz samar— gure egitasmoaren xehetasunak lotuxeago uztea, espioiak dagoeneko alde egin duenez?

        — Ez, ez dut uste —esan zuen Lehendakariak, lurrikara diskretu bat zirudien aharrausi batez—. Dagoen-dagoenean utzi. Larunbatek antola dezala bere gisa. Alde egin beharra dut. Gosaria hemen bertan datorren igandean.

        Arestiko eszena zaratatsuek, ordea, beren onetik atereak zituzten Idazkariaren kirio berez ere aski axaleraberak. Krimenean ere zintzo-zintzo diren horietarikoa zen.

        — Protesta egin behar dut, Lehendakari jauna, ez baita bidezko —esan zuen—. Gure elkartearen oinarrizko legea da plan guztiei buruzko erabakiak batzar osoak hartu behar dituela. Zer esanik ez, bere balioan hartzen dut erakutsi duzun aurreikuspen bikaina, ezen traidore baten presentzian...

        — Idazkari jauna —esan zuen Lehendakariak, serio-serio—, zeure buru hori etxera eraman eta egosten jarriko bazenu, arbi bat bailitzan, akaso baliagarria izan liteke. Ez nago oso ziur. Baina baliteke.

        Zaldi batena gogorarazten zuen haserre bizi batek hartu zuen Idazkaria.

        — Benetan ezin dut ulertu... —hasi zen, biziki mindurik.

        — Horixe da, horixe da —esan zuen Lehendakariak, baietz eraginez buruari behin eta berriro—. Hortxe egiten duzu zuk huts, hain xuxen. Ez duzu ulertzen. Hortaz, zuk, asto dantzaria halakoa —egin zuen orro, altxaturik—, ez zenuen nahi noski espioi batek entzun zintzan, ezta? Eta nola jakin dezakezu ez zaituela orain beste batek entzuten?

        Eta hitz horiekin, aterainoko bidea sorbaldei eraginez egin, eta gelatik irten zen, destaina ulergaitzez dardaraz.

        Lehendakariak hala atzean utziriko gizonetarik lau ahozabalik geratu ziren, zer esan nahi zuen arrasto izpirik ere gabe, antza. Syme-k bakarrik zuen arrasto izpirik, eta hezurretaraino hotzikaratzekoa zen. Lehendakariaren azken hitzek batere esanahirik bazuten, esan nahi zuten noski Syme ez zegoela oraindik ere susmoetatik libre. Esan nahi zuten, Igandek Syme Gogol bezala salatzeko modurik ez bazuen ere, ezin zuela artean ere besteeengan bezalako konfiantzarik izan Ostegun berriarengan.

        Beste laurak, gutxi-asko marmarka zutitu, eta bertatik lekutu ziren bazkari bila, zeren eguerdi ondotxo joa baitzen ordurako. Profesorea irten zen azken, astiro eta penaz. Gainerakoek alde egin eta luzaroan geratu zen artean ere Syme bere lekuan, bere egoera bitxiari bueltak emanez. Trumoi-tximist bati itzuri zitzaion, baina hodeiaren azpian zegoen artean ere. Azkenean, zutitu eta hoteletik irtetekoa egin zuen, Leicester Square-ra. Arestiko egun argi hotz hura gero eta hotzago bilakatua zen, eta kalera irtetean elur maluta batzuen ezustearekin topo egin zuen. Oraindik aldean bazeramatzan ere ezpata-makila eta Gregory-ren gainerako bidai puskak, soinganekoa nonbait utzia zuen konturatzeke, akaso atoiontzian, akaso balkoian. Elur jasa arina izango zelako esperantzan, beraz, kale bazterrera jo eta ile-apaindegi txiki koipetsu baten atepean egon zen hantxe. Aurrealdeko leihoan ez zen deus ageri, salbu eta argizarizko andre higuingarri bat, jai-soineko eta guzti.

        Elurra, nolanahi ere, mardulago eta sarriago ari zuen; eta Syme-k, argizarizko andreari bota zion begiratu laburra nahikoa izan baitzuen gogoa jota uzteko, kale zuri hustura begiratzea nahiago izan zuen aukeran. Ez zen gutxi harritu, hantxe, ile-apaindegiaren parean geldi-geldi, leihoari begirik kentzeke, gizon bat ikusirik. Haren kapelu luzea elurrez zamaturik zegoen, Papa Noel-ena bezala, eta jario zuria metatuz zihoakion bota eta orkatilen inguruan; bazirudien, ordea, ezerk ere ezin izango zuela apartatu jai-soineko zikinez jantziriko argizarizko panpina koloregaldu haren kontenplaziotik. Ezein ere gizakik halako eguraldiarekin halako saltoki bati begira hantxe euste hutsa ere nahikoa harrigarri zen noski Syme-rentzat; harridura lelotu hura, ordea, benetako barne-zirrara bihurtu zitzaion halako batean; zeren hala eusten zion gizon hura De Worms Profesore paralitikoa baitzen. Ez zen huraxe noski lekurik aproposena halako adin eta halako osasun kaxkarreko pertsona batentzat.

        Syme prest zegoen ordurako edozer sinesteko anaiarte gizagabetu haren perbertsioez; berak ere ezin zuen, ordea, sinetsi irakaslea maitemindurik egon zitekeenik argizarizko andre hartaz. Pentsa zezakeen gauza bakarra zera zen, haren gaixotasunak (zena zela ere) ondorio berezko zuela halako zurrunaldi nahiz trantzeren batek jota geratzea tarteka. Ez zitzaion, halaz guztiz, inolako erruki-sentipen bortitzik nagusitu kasu hartan bere baitan, ezta gutxiagorik ere. Aitzitik, esan zitekeen pozik zegoela Profesorearen atakeak eta haren ibilera baldar neketsuak hainbat erraztuko ziotelako handik ospa egin eta berehala tarte handi bat ateratzea. Zeren Syme-ren une hartako gogo behinen eta bakarra atmosfera guztiz ere pozoitsu hartatik ihes egitea baitzen, ordubetez bederen. Hartara, bere pentsamenduak ordenatu ahal izango zituen, bere jokabidearen nondik-norakoak finkatu, eta azkenean erabaki ea eutsi behar zion ala ez Gregory-ri emandako hitzari.

        Astiro abiatu zen elur dantzaritik zehar; bizpahiru kantoitan gorantz egin, beste bizpahiru karrikatan beherantz, eta Soho-ko jatetxe batera sartu zen bazkaltzera. Lau gauzatatik jan zuen, gogoetatsu, lau platerkadatxo berexi-berexi; botila erdi ardo beltz edan, eta kafe hutsez eta puru batez errematatu zuen, artean ere pentsakor. Jatetxeko goiko solairuan kokaturik zegoen, eta labanen txin-txin hotsez eta atzerritarren berriketez beterik zegoen jangela. Oroitu zen garai batean begitandu izan zitzaiola arriskurik gabeko arrotz atsegin haiek anarkistak zirela guztiak. Hotzikara batek hartu zuen, gauzak zertan ziren oroiturik. Ardoak, janari arrunt, etxeko hark, lekuaren familiartasunak, gizon natural, hiztun haiek, Zazpi Egunen Biltzarra amets gaizto bat izan balitz bezala sentiarazten zuten; eta, errealitate objetiboa zela jakin arren, errealitate urruna zitzaion bederen. Etxe garaiak eta karrika jendetsuak babestarri zitzaizkion Syme-ri, zazpikote malapartatua azkenekoz ikusi zuen unetik bereziz; libre zebilen Londres librean, jende libreen artean ardoa edanez. Lehen ez bezalako mugimendu eroso, lasaituxeagoz, kapelua eta makila hartu, eta beheko solairura zeramaten eskailerak jaisten hasi zen astiro.

        Behera iritsi zenean, jota geratu zen, harri eta zur. Mahai txiki batean, kale elur-zuritua ikustera ematen zuen leiho biluziaren kontra, han zen, baso bat esne aurrean zuela, Profesore anarkista zaharra, aurpegi bitxia jasorik, betazalak jausirik. Lipar batez, eskuan zeraman makila bezain zurrun geratu zen Syme. Gero, presa itsuzko keinu batez, Profesorearen ondotik ziztuan pasatu, brau atea ireki, bere atzetik danba itxi, eta hantxe geratu zen kanpoan elurpean.

        «Ba ote liteke gorpu zahar horrek niri jarraitzea?», galdetu zion bere buruari, bere bibote horia hozkatuz. «Gehiegi luzatu naiz hor goian bazkaltzen, eta are berunezko oin horiek astia izan dute noski ni harrapatzeko. Lasai egon naiteke, hala ere, ibilitxo bizkor samar batez hemendik Tonbuktu-rainoko aldea ken diezaioket-eta. Ala fantasiakeriatan nabil? Arrastoa jarraitu ote dit benetan? Igande ez dateke hain txoroa, nor, eta herren bat bidaltzeko nire atzetik?»

        Erritmo biziz ekin zion oinez, makilari jira eta bira eraginez, Covent Garden aldera. Merkatu handia gurutzatzean elurra mardulago ari zuen, itsugarriago eta aztoragarriago bilakaturik arratsaldea iluntzen hasi ahala. Elur-malutek zilarrezko erle saldo batek bezala erasotzen zioten. Begietan eta bizar artean sarturik, beren deuseztasun atergabeaz areagotzen zuten Syme-ren kirio ordurako aski minberatuen erresumina. Hala, balantzakako urratsez Fleet Street-era iritsi zenean, pazientzia galdu, eta, igandez irekita zegoen te-etxe bat baitzen hantxe, haraxe sartu zen aterpe bila. Beste kafe huts bat eskatu zuen, aitzakia gisa. Ez al zuen eskatu, De Worms Profesorea sartu zen kaletik kinkili-kankala; neke handiz eseri, eta baso bete esne eskatu zuen.

        Syme-ren esku-makila behegainera erori zen metal-hots ozenez, altzairu gordea salatuz. Profesoreak ez zuen, hala ere, begiratzeko keinurik egin. Syme, edozer gauzaz harritzen ez diren horietakoa izanik berez, literalki ahozabalik geratua zen, baserritar inozoa magia-joko baten aurrean bezala. Bidean ez zuen ikusi kotxerik segika; gero ere ez zuen gurpil-hotsik entzun kanpoan; itxura guztien arabera, oinez etorria zen. Agure hura, ordea, barakuiloaren pausoan ibiltzeko baino ez zen gai, eta Syme haizearen ziztuan etorria zen. Makila jasotzeko makurtu zen bizkor, aritmetika hutseko kontraesanaz aztoraturik, eta ate kulunkaria bultzatuz kanpora irten zen, dastatu ere gabe utzirik kafea. Bank aldera zihoan omnibus bat pasatu zen binbilika, ohi ez bezalako abiadura handian. Ehun bat yardako korrikaldi bizia egin behar izan zuen harrapatzeko; lortu zuen, hala ere, estribura jauzi eginik nolabait barrura sartzea, eta, arnasa hartzeko une batez pausatu ondoren, goiko solairura igo zen. Eserita minutu erdi inguru zeramala, halako arnasketa astun, asmatiko bat edo entzun zuen atzean.

        Tupustean jiraturik, omnibuseko eskaileran mailaz maila gero eta gorago, elurrez mela-mela egindako kapelu luze bat agertzen ikusi zuen, eta haren hegalpeko itzalean De Worms Profesorearen aurpegi bista-laburra eta haren sorbalda dardaratia. Beti bezalako neke-larri eta kontuz abaildu zen eserlekuaren gainera, eta kokotseraino jaso zuen soingainekoaren lepoa.

        Haren figura kordokari eta esku zalantzatiek egiten zuten mugimendu bakoitzak, keinu lauso nahiz geldiune laborrizko bakoitzak, ez zuen duda handirik uzten ezindurik zegoela agurea, gorputzaren akabuko kandetasunak jota. Hazbetez hazbete iritsia zen eserlekura, eta aulkian kokatzeko esfortzuak ere hasperen-espantu sarriak eragin zizkion. Eta hala ere —denbora eta espazioa deritzen entitate filosofiko horiek inondik inorako existentzia praktikorik ez dutela pentsatu nahi ez badugu, behintzat—, guztiz ere gauza ukaezina zirudien omnibusaren atzetik lasterka etorria zela.

        Syme brau zutitu zen bus binbilikarian, eta, une batez zeru negutiarrari zoro antzo begira geratu ondoren, eskaileran behera ekin zion korrika. Horretarako, sen gordinak agintzen zionari kontra egin behar izan zion, albotik salto egiteko gogoa izan baitzuen.

        Atzera begiratzeko edo arrazoitzeko aztoratuegia, Fleet Street ondoan dauden etxarte mehar horietako batera sartu zen oldarrean, untxi bat zulo batera nola. Halako ideia lauso bat zuen buruan, ezen, ustekabe-kutxa baten irudiko agure antzemangaitz hura benetan atzetik segika bazeukan, karrika txikien labirintu hartan berehala galarazi ahal izango ziola arrastoa. Atzera-aurrera bizian murgildu zen, bada, karrika zulo bihurri haietan, areago baitziruditen pitzadura hutsak, kale formalak baino; gero, hogeiren bat angelu txiki-handi osatu eta horrenbestez poligono asmagaitz bat trazatu eta gero, pausatu egin zen, ea inolako segizio-hotsik entzuten ote zuen atzetik. Ez zen halakorik batere; eta edonola ere ezin izango zen gauza handirik entzun, elurrezko estalkiak soinugabetzen baitzituen karrika-zoruak. Red Lion Court pasatu eta han inguruan, hala ere, hiritar kementsuren batek hogeiren bat yardako tarte batean kendua zuen elurra, harlauza busti dirdaitsuak agerian utzirik. Handik pasatzean ez zion jaramon handirik egin, labirintu-zuloaren beste adar batera itsumustuan oldarturik. Handik bizpahirurehun yardara berriro entzutera gelditu zenean, ordea, bihotza ere gelditu egin zitzaion, harri gordin haien gainean klinki-klanka, elbarri infernuzkoaren makulu hotsa entzuten baitzuen, eta harekin batera oinen herresta neketsua.

        Zerua elur-hodeiz kargaturik zegoen, arratsaren tenore hartarako goiztiarregia zen halako iluntasun eta neke-zama batean utzirik Londres. Syme-ren alde bietara pasabidearen hormak itsu eta ezaugarrigabe ageri ziren; ez zen leiho txikirik ez bestelako begi-zulorik ere. Etxe-erlauntza hartatik ospa egin eta berriz kale zabal argitsura irteteko gogo bizia sentitu zuen. Hala ere, atzera-aurrera bihurriak eginez ibili zen luzaro, karrika nagusira irten orduko. Irten ere, uste izan zuen baino askoz gorago irtena zen. Ludgate Circus-eko zabaldi handi bezain hutsa behar zuen hark noski, berehala bistaratu baitzitzaion, zeru goi aldean hantxe, San Pauloren Katedrala.

        Hasieran harrigarri gertatu zitzaion ibilbide zabal haiek hain hutsik aurkitzea, hiria izurri batek jo izan balu bezala. Gero bere artean egin zuen alde batera normala zela hustu samarturik egotea bazterrak; lehenik eta behin, elur-ekaitza are arriskutsua izaterainoko gogorra zelako, eta bigarrenik, igandea zelako. Eta igande hitza bururatze hutsak ezpaina hozkarazi zion; handik aurrera hitz hura halako berbajoko higuin bat begitanduko zitzaion beti. Zeru goieneko elur-laino zuri haren azpian, halako koloregiro guztiz ere bitxi bat ageri zuen erabat hiriak, ilunbista berde moduko bat, itsas azpiko herri batena irudi. San Pauloko kupula ilunaren atzean ageri zen ilunsenti itxi goibelak kolore ketsu, susmo beltzekoak zituen —berde gaixo higuingarriak, gorri hilak, brontzekolore ustelduak—, zeinak doi-doi baitziren aski argiak elurraren zuritasun sendoa enfatizatzeko. Baina kolore higuin haien kontra hantxe zegoen katedralaren itzal-isla beltz tantaia; eta haren gailur-gailurrean elur-plapa handi bat ageri zen, halabeharrez han erori, eta artean ere Alpeetako haitz bati bezala zatxekona. Txiripaz behar zuen han, baina, erori zen moduan, goreneko partetik hasi eta kupularen erdia estaltzen zuen, zilarraren argi betez nabarmenaraziz orbetzarra eta gurutzea. Hari erreparatu zionean, Syme tente-tente jarri zen, eta oharkabeko agur bat egin zuen ezpata-makilaz.

        Konturatzen zen deabru-irudi hura, itzala bailitzan, bizkor zein astiro, atzetik zeukala beti ere, eta ez zitzaion axola. Giza fede eta adorearen sinbolo bat iruditzen zitzaion, zeru aldea ilundu ahala lurraren goialde hartan argi egiten zuena. Deabruek zerua eskuperaturik izan zezaketen, baina ez oraindik ere gurutzea. Gogo bizia sortu zitzaion segika zebilkion elbarri arin-arinkari haren sekretua erauzteko; hala, karrikak Circus zabalera ematen zuen puntura iristean, bertan jiratu zen, makila eskuan, jazartzaileari aurpegi emateko.

        De Worms Profesorea astiro agertu zen, kantoian jiratu eta kalexka irregular bat atzean utziz, bere itxura naturazbesteko hura gas-argi bakarti baten kontra islaturik, halako moldez non berehala baitzetorren burura haur-leloetako harako irudi guztiz irudimentsu hura: «adarra baino okerragoko bidea egindako gizon okerra». Zinez zirudien karrika adarbihurritsuetako ibili makur hark ote zuen hain itxuragabeki okertu. Hurbildu ahala, farolargiak distira egiten zuen haren betaurreko jaso, haren aurpegi gora altxatu, pairakorrean. Syme-k San Jurgik herensugeari bezala itxaroten zion, azken azalpen baten edo heriotzaren zain dagoenak bezala. Profesore zaharra, ordea, Syme-ren pareraino iritsi, eta inondik ere ezagutu ez balu bezala pasatu zen, betazal dolumintsu haien kliskik ere gabe.

        Uste gabeko xalotasun isil hartan bazen zerbait Syme-ri ezin gehiagoko haserre bizia eragin ziona. Gizonaren aurpegi eta jokabide soraioak garbi adierazten bide zuten jazarpen hura guztia halabehar hutsa zela. Mingostasunaren eta mutiko-burlaize ezin eutsizko baten arteko kemen halako batek indarberritu zuen Syme. Keinu bihurri bat egin zuen xixtakoan, agureari kapelua burutik kentzeko bezala, «ezetz harrapatu» edo halako zerbait oihukatu, eta lasterketan ekin zion Circus zuri, zabalean barrena. Ezkutatzea ezinezkoa zen hara ezkero. Sorbalda gainetik atzerantz begiraturik, agure zaharraren figura beltza ikus zezakeen atzetik segika, urrats luze arinenean, miliaren lasterketa irabaztera doanaren pare. Gorputz saltari haren gaineko buruak, baina, zurbil, serio-serio, profesional zirauen berdin, arlekin batek unibertsitateko irakasle baten buruari eutsiko balio bezala.

        Hanka-bururik gabeko jazarpen hark lasterka biziz iraun zuen Ludgate Circus-en zehar, Ludgate Hill-en gora, San Pauloren Katedralaren jiran, Cheapside-en barrena, inoiz izandako amesgaizto guztiak oroitaraziz jazarriari. Gero Syme-k ibai aldera ekin zion ihesean, eta ia kaietaraino iritsi zen. Taberna apal baten leihoak bistaratu baitzituen, barneko argiek horiztatuak, haraxe oldartu zen itsumustuan, eta garagardo bat eskatu. Taberna-zulo satsu bat zen, atzerriko itsasgizonez betea, opioa erretzeko nahiz labanak dantzatzeko leku aproposa.

        Handik pixka batera, De Worms Profesorea sartu zen tabernara; kontu handiz eseri, eta baso bete esne eskatu zuen.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia