6. KAPITULUA

Ageri gorrian

 

        Halakoak ziren mundua suntsitzea zin eginak ziren sei gizonak. Behin eta berriro gogor saiatu zen Syme haien presentzian bere zentzuzkotasun arruntari eusten. Batzuetan, une batez, konturatzen zen irudipen horiek subjektiboak zirela, aurrean zituenak gizon arruntak baino ez zirela, bat zaharra, beste bat urduria, bestea begi-laburra. Atzera naturaz besteko sinbolismo baten sentsazioa nagusitzen zitzaion, ordea, berriro. Bazirudien irudi bakoitza gauzen muga-
-mugan zegoela, nolabait, gizon haien teoria pentsamenduaren muga-mugan zegoen arabera, hain zuzen. Konturatzen zen haietariko bakoitza, nolabait esateko, arrazoibidearen bide galdu baten azken muturrean zegoela. Bere baitan zera fantasiatu baino ez zezakeen egin, antzinako alegia batean bezala, gizon batek, mendebalerantz abiatzen bazen munduaren bazterreraino, aurkituko zuela zerbait —demagun zuhaitz bat— zuhaitz bat baino gehiago edo gutxiago zena, izpiritu batek harturiko zuhaitz bat edo; eta ekialderantz abiatzen bazen munduaren bazterreraino, aurkituko zuela izatez zena erabat ez zen beste zerbait: dorre bat, apika, forma bera ere gaiztoa zuena. Halatsu ageri ziren giza irudi haiek, bortitz eta era berean deskribagaitz, akabuko ostertz baten kontra; muturrenetik ikusitako irudiak. Lurraren azken bazterrak hurbil zeuden.

        Solasak zelai eta berdin iraun zuen Syme-k ikuskaria berebaitaratzen zuen bitartean; izan ere, gosari-mahai txundigarri hartako kontrasterik ez txikiena horixe zen: solasaren tonu lasai egoki-egokiaren eta haren xede ikaragarriaren arteko kontrastea, hain zuzen. Buru-belarri sarturik zeuden dudarik gabe ber-bertatik ekin nahi zioten plan baten eztabaidan. Behean topo egin zuten zerbitzaria oso ere xuxen mintzatu zen bonbaz eta erregez ari zirela esan zuenean. Handik hiru egunetara Tsarra Frantses Errepublikako Lehendakariarekin biltzekotan zen Parisen, eta, balkoi eguzkitsu hartan, beren hirugihar eta arrautzak hantxe mahai gainean zituztela, jaun betargi haiek erabakia zuten nola akabatuko ziren biak. Bitartekoa ere aukeratua zuten; Markes bizar-beltzari zegokion, itxura zenez, bonba eramatea.

        Normalean, positiboki eta objektiboki gertatzekoa zen krimen horren hurbiltasunak bere onera etorraraziko zuen Syme, bere ikara soilki mistiko haietatik guztietatik osaturik. Bi giza gorputz burdinak eta gas trumoitsuak txikitzetik salbatzeko premia larrian baino ez zuen pentsatuko azkenean. Baina, aitzitik, kontua zen hirugarren beldur mota bat sentitzen hasia zela ordurako, gaitzespen morala zein erantzukizun soziala baino ere zorrotzago eta praktikoagoa. Garbi eta labur esanda, ez zitzaion iristen beldurra Frantziako Lehendakariarekin edo Tsarrarekin partekatzeko; bere buruaz hasia baitzen beldurtzen. Solaskide gehienek ez zioten jaramon handirik egiten, aurpegiak elkarrengandik hurbilago ari baitziren orain ezbaian, denak berdin serio-serio ia beti, salbu eta une batez Idazkariaren irribarreak aurpegia okerka zeharkatzen zionetan, tximist zuzenki-gabeak zerua zeharkatzen duenean bezala. Bazen gauza iraunkor bat, hala ere, Syme aurrena kezkaturik eta azkenerako izularriturik zeukana. Lehendakaria beti ere berari so zeukan, tinko-tinko, txunditzeko moduko arreta handiz. Gizon eskerga patxadan zegoen, isil-isilik, baina begi urdinak nabarmendu egiten zitzaizkion aurpegian. Eta beti ere Syme-rengan finkaturik zeuzkan.

        Syme-k gogoa zuen ber-bertan zutitu eta balkoitik kanpora jauzi egiteko. Lehendakariaren begiak bere gainean zituela, kristalezkoa balitz bezala sumatzen zuen bere burua. Apenas zuen duda izpirik ezen Igandek, nolabaiteko modu isil berebizikoz, antzemana ziola espioi bat zela. Balkoi-kareletik begiratu zuen, eta justu azpian polizia bat ikusi zuen, bere pentsamenduetan murgildurik burdin hesi dirdaitsuei eta eguzki argitako zuhaitzei begira.

        Orduan etorri zitzaion geroztik egun luzez tormentatuko zuen tentazio latza. Gizon boteretsu eta higuingarri haien aurrean, zeinak anarkiaren printzeak baitziren, ia ahaztua zuen Gregory poetaren, anarkismoaren esteta hutsaren, gizaitxura herbal eta fantasiatsu hura. Are aspaldiko maitetasun-edo batekin gogoratzen zuen orain, haurretan jolaskide izan balira bezala. Oroit zen, alabaina, promes sendo batez loturik zegoela oraindik Gregory-rekin. Oraintxe ia egiteko zorian zegoela sumatzen zuen horixe sekula ez egitea agindua zion, hain zuzen. Agindua baitzion ez zuela jauzi egingo balkoi hartatik behera eta polizia harekin hitz egin. Bere esku hotza harrizko baranda hotzetik kendu zuen. Zalantza moralezko zorabio batean balantzaka zebilkion arima. Lagunarte doilor bati egindako zin burugabe baten haria trenkatzea baino ez zuen, eta han beheko plaza hura bezain ageriko eta eguzkitsua izango zuen aurrerantzean bizitza. Beste muturrean, berriz, ohore-lege zaharkitu hari euts ziezaiokeen, eta apurka-apurka eroriz joango zen gizadiaren etsai latz haren atzaparretan, adimena bera ere tortura-gela zitzaien gizon haien eskuetan. Plazara begiratzen zuen bakoitzean, polizia babesgarri hura ikusten zuen, zentzun arruntaren eta ordena arruntaren zutabe sendo. Atzera gosari-mahaira begiratzen zuen bakoitzean, Lehendakaria ikusten zuen, isil-bare beti hantxe, begi handi, eramanezin haiez bera arakatzen.

        Pentsamenduan zerabilen erauntsi bizian baziren bi gogamen hala ere sekula burutik pasatu ez zitzaizkionak. Lehenik eta behin, ez zitzaion inoiz bururatu zalantzan jartzerik Lehendakariak eta haren Biltzarrak jo eta txikitu egingo zutela, bakarrik eusten bazion. Lekua jendearen agerikoa izan zitekeen, proiektuak ezinezkoa irudi zezakeen. Igande ez zen, ordea, nola edo hala, non edo han, bere burdin artea prest eduki gabe halako lasai egon zitekeen gizona. Pozoi anonimoz nahiz kale-istripu bat-batekoz, hipnotismoz zein infernuko suz, ez zegoen dudarik Igandek nahi zuenean jo eta suntsi zezakeela. Kontra egiten bazion, hiltzat eman zezakeen noski bere burua, aulkian bertan ziplo ez bazen, handik denbora puska batera, alegia ondoez hobengabe itxurako batek joa. Bertatik poliziari hots egiten bazion, denak atxilotu, den-dena kontatu, eta Ingalaterraren kemen guztia haien kontra jartzen, ihes egin zezakeen noski; osterantzean, inolaz ere ez. Argiz eta jendez pirpir zegoen plaza batera ematen zuen balkoi haren beteko jaun-bilera arrunt bat zen; ez zen, ordea, seguruago sentitzen haiekin, itsaso huts baten erdian bakarturik legokeen ontzi pirata armatuz beteriko batean gertatu balitz baino.

        Bazen bigarren pentsamendu bat sekula burutik pasatu ez zitzaiona. Ez zitzaion sekula bururatu etsaiak bere alderdirako irabaz zezakeenik bera izpiritualki. Hainbat modernok, adimenaren eta indarraren gurtzara etorkor, beharbada zalantzan jarriko zuen bere leialtasuna nortasun handi baten zamapean. Igande super-gizon delakoa zela iritzi, alegia. Halako izakirik irudikatzerik balego, alabaina, bazuen hark halakoaren antz ez gutxi, bere barnean murgildurik irauteko modu lur-ikaragarri harekin, harrizko estatua ibiltari bat zirudiela bere baitara biltze abstrakziorainokoan. Gizonaz gaindiko zerbait zela esan zitekeen, antzemateko begibistakoegiak ziren plan zabal haiekin, ulertzeko nabariegia zen aurpegi xalo harekin. Syme ezin zitekeen, ordea, garaiotako joera dugun zimurkeria horretan eror, bere gogo-ahulenean ere. Gizon oro bezala, indar gaitzari beldurra izateko bezain koldarra zen; ez, ordea, hain erabateko koldarra non indar hori miretsiko zuen.

        Solasean ari zirela, jan ere jaten zuten, eta horretan ere bazuen bakoitzak bere ezaugarri tipikorik. Bull doktorea eta Markesa, arreta eman gabe jaten zuten, konbentzionalki, mahaiko gauzarik onenetatik: faisai hotza zein Estrasburgoko gozopila. Idazkaria, aldiz, landarejalea zen, eta seriotasun goibelez ari zen, tomate gordin erdi bat eta baso baten hiru laurden ur epel aurrean zituela, burutzekotan ziren hilketaz solasean. Irakasle zaharra, berriz, bigarren haurtzaro higuingarri bat iradokitzen zuen ahi moduko bat hartzen ari zen. Eta, are horretan, Igande Lehendakariak masa hutsezko bere nagusitasun bitxiari eusten zion. Hogei gizonek beste jaten baitzuen; ezin sinesteko moduan jan ere, apetitu ikaragarri, aseezinez; hainbeste, non hestebete-fabrika bati begira egotea bezala baitzen. Hala ere, dozena bat opil irentsi edo litrokada bat kafe edan ondoren, hantxe egongo zen beti ere, bere buru ikaragarri hura apur bat jiraturik Syme-ri begirik kentzeke.

        — Neure buruari galde egin diot askotan —esan zuen Markesak, hozkada eder bat emanik marmeladaz gantzuturiko ogi zerrada bati— ea hobe ez ote nukeen labana erabiliko banu. Labanari esker ditugu ditugun gauzarik onenak. Eta emozio berria litzateke Frantziako Lehendakari bati labana barruraino sartu eta jira batzuk eragitea.

        — Oker zaude —esan zuen Idazkariak, bekain beltzak zimurtuz—. Tirano pertsonal baten kontrako haserraldi pertsonal baten adierazpena baizik ez da izan labana. Dinamita ez da gure tresnarik onena soilik, baizik gure metodorik onena ere bai. Kristauen otoitzena intsentsua den bezain sinbolo bete-betea dugu dinamita geurea. Eztandaz hedakorra da; zabaltzearen poderioz baizik ez du suntsitzen; halaber, pentsamenduak ere ez du suntsitzen zabaltzearen poderioz baizik. Gizonaren burmuina bonba bat da —esan zuen ozenki, suhartasun guztiz bitxi bat tupustean jareginik, bere kaskoan ukaldi bortitzak emanez—. Burmuina bonba bat bezala daukat, gau eta egun. Zabaldu beharra du! Zabaldu! Gizonaren burmuinak zabal-zabal egin behar du, unibertsoa hautsiko badu ere.

        — Nik ez dut nahi unibertsoa oraintxe bertan hauts dadin —esan zuen Markesak, hitzak astiro ebakiz—. Animaleko ekintza mordoa egin nahi dut oraindik hil aurretik. Atzo ohean nintzela bururatu zitzaidan bat.

        — Ez; zer baten kontua azkenean ezer ez izatea baldin bada soilik —esan zuen Bull Doktoreak, bere irribarre esfingekara harekin—, apenas dirudien merezi duenik zer horrek.

        Irakasle zaharra begi sorrez sabaira begira zegoen.

        — Gizon orok daki bere bihotzean —esan zuen— ezerk ez duela merezi.

        Isilune estrainio bat gertatu zen, eta gero Idazkariak esan zuen:

        — Gaitik desbideratzen ari gara, nolanahi ere. Dugun auzi bakarra da ea nola eman behar duen Asteazkenek kolpea. Denok ados gaudela jotzen dut hasierako ideiarekin; bonba jartzearekin, alegia. Antolaketa zehatzari buruz, berriz, nik proposatuko nuke ezen bihar goizean joan dadila aurren-aurrenik...

        Itzal handi baten zamak moztu zion bet-betan jarduna. Igande Lehendakaria zutitua zen, eta zerua estaltzen zuela zirudien.

        — Hori eztabaidatu aurretik —esan zuen, ahots apal, patxadatsuz—, goazen gela pribatu batera. Badut gauza guztiz ere berezi bat zuei esateko.

        Syme beste guztien ondoren zutitu zen. Aukeraren unea iritsia zen azkenean, pistolaren puntan zuen burua. Han beheko espaloian polizia harat-honat alferrean entzun zezakeen, lurrari ostikoka, ezen goiza, argitsua arren, hotza zen.

        Kalean akerpiano batek tarrataka ekin zion doinu alai bati. Syme atezuan zegoen, guduaren aurreko turuta izan balitz bezala. Inondik ere ez zetorren halako adore naturazgaineko batez beterik sentitu zen. Jende behartsuaren bizitasun, arrunkeria eta adore irrazionalaz josia begitantzen zitzaion soinutxo txatxar hura, karrika ezain haietan guztietan kristautasunaren prestutasun eta karitate asmoei ahaleginean eusten zieten guztien musika bailitzan. Polizia izatearen gazte-txantxa hura ordurako desagertua zitzaion burutik; ez zuen gehiago ikusten bere burua luxuzko herrizain bitxiz osaturiko talde bat eratzeko bildua zen jaun aldraren ordezkaritzat, ez eta gela ilun batean bizi zen agure xelebre hartaz oroitzen. Bai, ordea, akerpianoaren soinura egunero gudura abiatzen zen kaleko jende arrunt onbera haien guztien enbaxadore sentitzen. Eta gizatiar izatearen harrotasun berebiziko horrek garaieneraino jasoa zion izpiritua, inguruan zuen munstro-jende haren gainetik infinituki gora. Une batez, bada, arruntasun sendoaren gailur izartsutik ikusi zituen gizontxo haien trakeskeria bitxi guztiak. Gizon adoretsu batek indar handiko basapiztien aurrean edo jakintsu batek indar handiko errakuntzen aurrean sentitzen duen gailentasun oharkabe, elemental hori sentitu zuen haiekiko. Bazekien ez zuela inondik ere Igande Lehendakariaren indar, ez intelektual, ez fisikorik, baina une hartan ez zitzaion hori gehiago axola tigre baten gihar-zainak ez izatea baino, edo, errinozeroak bezala, muturrean adar bat. Lehendakaria oker eta akerpianoa zuzen zeudelako ziurtasun erabateko bat nagusitu zen Syme-rengan. Errolanen Kantoreko harako erran-arrunt ukagaitz bezain ikaragarri hura zebilkion durundiz buruan:

 

        «Païens ont tort et Chétiens ont droit,»

 

        eta, antzinako frantses sudurkariz, burdinatzarren kirrinkots durunditsua zuen esaldiak. Bere izpiritua ahultasunaren zamatik askatze hori heriotza onartzeko erabaki garbi batekin batera etorri zitzaion. Akerpianoaren jendea mundu zaharreko bere betebeharrari zintzo eusteko gai bazen, bera ere bai. Hain zuzen ere, emandako hitzari eusteaz hain harro bazegoen, halako jende fedegalduekikoari eusten ziolako zen. Burtzoro haien kontrako bere azken garaipena zuen, han beheko gela ilun hartara segitu, eta haiek ulertzerik ere ez zuten zerbaitengatik hiltzea bertan. Akerpianoak bazirudien orkestra oso baten indar eta soinu-nahasketaz ekiten ziola martxa-doinuari; eta Syme-k sakoneko oldar kementsuan entzun zitzakeen, bizi-pozaren tronpeta guztien azpian, hil-beharraren pozaren danborrak.

 

        Konspiratzaileak ordurako ate-leihotik zehar barneko geletara sartzen ari ziren ilaran. Syme azkena irten zen, kanpoko itxuraz lasai, baina garun eta soina taupaka zeuzkala, erritmo erromantikoz. Lehendakariak zerbitzarientzakoa edo zirudien albo-eskailera irregular batean behera eraman zituen, eta handik gela ilun, hotz, huts batera. Mahai bat eta banku batzuk baziren, eta bilkura-gela abandonatu baten itxura zuen, oro har. Denak sartu zirenean, atea krisketez itxi zuen Lehendakariak.

        Hitz egin zuen lehena Gogol adiskidegaitz hura izan zen, sofrimendu artikulatu gabez leher-zorian irudi.

        — Hautze polita, kero! —bota zuen, berotasun ozen ilun batez, poloniar azentu gogor hura ia ulertezin bihurtzeraino—. Ez tzarete omen etzkutatzen. Omen dutzue burua erakutzten. Hutzkerietan bai, baina garrantziz hitz egin nahi dutzuenean, ala kutxa ilun batera guztiek!

        Itxura zenez, Lehendakariak erabateko umore onez hartu zuen kanpotarraren ziri mordoilo samar hura.

        — Ez diozu oraindik puntua hartu —esan zuen, aita baten itxuran—. Behin balkoi horretan txorakeriak esaten gabiltzala entzunez gero, ez dira arduratuko ea handik nora goazen gero. Hona etorri bagina lehenbizi, hotel guztia edukiko genuen sarraila-zulotik begira. Ematen du ez duzula batere ezagutzen giza jendea.

        — Haien alde hil bai ni —ekin zion poloniarrak bero-bero—, eta haien tzapaltzaileak jotagarbitu gero. Ni ez halako etzkutaketa-jolasen tzalea. Platzaren erdian akabatuko bai gustura nik tiranoa.

        — Tira, tira —esan zuen Lehendakariak, buruaz abegikor baietz eginez, mahai luzearen mutur batean esertzen zelarik—. Aurrena gizadiaren alde hil, eta gero altxatu eta haren zapaltzaileak akabatzen dituzu. Ederki. Orain, ordea, eskatzen dizut zeure sentimendu eder horiek kontrolatu eta beste jaunokin mahai honetan eser zaitezen. Goiz honetan lehenbiziko aldiz zerbait zentzuzkoa esateko unea iritsi da.

        Syme, hasierako deialditik erakutsi zuen prestasun larri harekin, aurrena eseri zen. Gogol eseri zen azkena, bere bizar gaztainkolorearen artean gonprometzuari buruzko zerbait marmarka. Itxura zenez, Syme-k izan ezik, inork ez zekien inondik ere nolako zartatekoa zen gainera jaustekotan. Syme-ri zegokionez, berriz, urkamendira igotzen den gizonaren sentimendua zuen; han goian hitzaldi on bat egiteko asmoz igo, hala ere.

        — Burkideak —esan zuen Lehendakariak, bat-batean zutiturik—, aski luzatu dugu dagoeneko fartsa hau. Hain da gauza sinple eta harrigarria hona behera etorrarazi gaituena, non are hor goiko zerbitzariek (gure arinkerietara aspaldi ohituak) lehen ez bezalako seriotasun puntu bat atzemango baitzioten nire ahotsari. Burkideak, planak eztabaidatzen eta lekuak aipatzen aritu gara. Proposatzen dut, beste ezer esan aurretik, plan eta leku horiek ez daitezela bozkatu bilkura honetan, eta oso-osorik utz ditzagula kide fidagarri baten kontrolpean. Larunbat burkidea proposatzen dut, Bull Doktorea.

        Begira-begira geratu zitzaizkion denak; gero halako ikara-jauzi bat egin zuten denek beren eserlekuetan, zeren hurrengo hitzek, nahiz batere ozenki esanak ez izan, aparteko enfasi bizia baitzuten. Igandek mahai gaina jo zuen.

        — Ez da hitz bakar bat gehiago ere esan behar bilkura honetan planei eta lekuei buruz. Xehetasunik txikiena ere ez da aipatu behar gehiago lagunarte honetan gure asmoei buruz.

        Igandek bizi guztia zeraman bere jarraitzaileak harriturik uzten; baina une hartan bazirudien ez zituela ordura arte inoiz benetan harriturik utzi. Sukarrak harturik bezala higitzen ziren denak beren eserlekuetan, Syme izan ezik. Hark gogor eginik zirauen berean, eskua poltsikoan, errebolber kargatuaren ipurtondoari heldurik. Erasoa gainera zetorkionean, garesti salduko zuen bizia. Hala, Lehendakaria hilkorra ote zen jakingo zuen bederen.

        Igandek emeki ekin zion:

        — Konturatuko zarete noski arrazoi bat baino ez daitekeela izan, askatasunaren jaialdi honetan askatasunez hitz egitea debekatzeko. Kanpotik inork zer dihardugun entzuteak batere ez du axola. Txantxetan ari garelakoan daude. Axola luke, aitzitik, are heriotzarainokoa, gure artean norbait balego guretakoa ez dena, gure xede larria ezagutzen duena baina bat ez datorrena, gure...

        Idazkariak garrasi egin zuen bat-batean, emakume batek bezala.

        — Ez da posible! —egin zuen oihu, jauzi batez zutiturik—. Ezin liteke...

        Lehendakariak bere esku luze-zabal lauaz zapla jo zuen mahai gaina, arrain erraldoi baten hegatsa irudi.

        — Bai —esan zuen astiro—, espioi bat dugu gela honetan. Traidore bat bada mahai honetan. Ez dut hitz gehiago gastatuko. Traidore horren izena...

        Syme erdi-altxatu egin zen aulkitik, hatza armaren katuan irmo.

        — Traidore horren izena Gogol duzue —esan zuen Lehendakariak—. Poloniar itxurak egiten dabilen horrako trikimaisu iletsu hori duzue traidorea.

        Gogol brau zutitu zen, pistola bana eskuetan. Lipar berean hiru gizonek salto egin zioten lepora. Profesoreak berak ere altxatzeko ahalegina egin zuen. Syme-k, baina, ez zuen gauza handirik ikusi, iluntasun ongile batek itsuturik baitzegoen; bere eserlekuan hondoraturik zetzan, hartutako lasaitu gogorraren dardarizoz zurturik.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia