5. KAPITULUA

Beldurraren jai-oturuntza

 

        Hasieran harrizko eskailera zabala piramide bat bezain bakarti begitandu zitzaion Syme-ri; gailurrera iritsi baino lehen, ordea, ohartu zen bazela gizon bat ezpondaren parapetoaren gainetik ibaiaz bestaldera begira. Oso itxura konbentzionala ageri zuen handik, zetazko kapeluz eta tankerarik formaleneko longain batez jantzia; lore gorri bat zeraman botoi-zuloan. Syme urratsez urrats hurbildu ahala, besteak ez zuen zirkinik ere egin. Syme, aski gerturatu zenean, nahiz artean goiza argi motel, zurbil bat baino ez izan, ohartu zen aurpegia luze-zurbila zuela, intelektuala, adats iluneko bizar-modu triangular txiki batez errematatua, kokotsaren punta-puntan, osterantzean bizar-biboteak moztuak baitzituen. Ia deskuidu hutsa zirudien ile fits horrek; gainerakoan, bizar-mozturik hobeki ematen dutenetakoa zuen aurpegia: zehatz-garbia, aszetikoa, eta, bere erara, noblea. Syme gero eta hurbiltzenago, horri guztiari erreparatuz, eta hantxe geldi-geldi segitzen zuen goikoak.

        Hasieran senak eman zion Syme-ri hura zela berarekin elkartu behar zuen gizona. Gero, gizonak ez baitzuen inolako zeinurik egiten, ez zela ondorioztatu zuen. Eta orain atzera berriz ziurtzat zeukan gizon hark nolabaiteko zerikusia zuela beraren abentura zoro harekin. Gizon hark geldiago baitzirauen, arrotz bat hainbeste hurbilduz gero naturala zatekeena baino. Argizarizko irudi bat bezain zirkingabe zirauen, eta era bertsuan eragiten zuen ikuslearen kirioetan. Syme-k behin eta berriro so egiten zion aurpegi zurbil, duin, delikatu hari, eta aurpegiak ibaiaz bestaldera itsu begira zirauen hala ere. Hori ikusirik, Buttons-ek emandako hautetsi-agiria poltsikotik atera, eta aurpegi triste eder haren aurrean ipini zuen. Orduan gizonak irribarre egin zuen, eta edonor jota uzteko modukoa zen irribarrea, alde batera biltzen baitzen guztia, eskuineko masailan gora eginez eta ezkerrekoan behera.

        Ez zen, arrazoibidez mintzo, deus ikaratzekorik noski. Jende askok du irribarre okerra egiteko tik nerbiozkoa, eta askorengan are erakargarria da hori. Baina Syme-ren ingurugiro guztia kontuan harturik, egunsenti iluna, eta misio hilgarri hura, eta harritzar melatuen bakardadea, bazen zerbait urdurigarria irribarre hartan. Horra hor ibai isila eta gizon isila, aurpegi berdin klasiko baten jabe den gizona. Eta hara orduan azken amesgaizto-ukitua, oker egin baitu bat-batean irribarre.

        Irribarre-espasmoak lipar bat baino ez zuen iraun, eta gizonaren aurpegia berehala etorri zen lehengo malenkonia harmoniatsura. Gehiagoko azalpen nahiz itaunik gabe mintzatu zen, kide zahar batekin hizketan ari litzatekeen gizon bat bezala.

        — Leicester Square aldera abiatzen bagara —esan zuen—, justu gosaltzeko ordurako iritsiko gara. Igandek beti nahi izaten du goiz gosaldu. Batere lorik egin al duzu?

        — Ez —esan zuen Syme-k.

        — Nik ere ez —erantzun zuen gizonak, tonu arruntez—. Gosaldu ondoren saiatuko naiz ohera joaten.

        Natural bezain gisatsu mintzo zen, baina aurpegiaren fanatismoarekin kontraesanean zegoen erabateko ahots itzaliz. Hitz bihozkorrak oro bizitasunik gabeko baliabide bailitzaizkion edo zirudien, eta gorrotoa zela bizi zuen bakarra. Isilune baten ondoren, hizketan ekin zion ostera.

        — Zure adarreko Idazkariak esango zizkizun, noski, esan ahal guztiak. Inoiz esaterik ez dagoena, ordea, Lehendakariaren azken burubidea duzu, oihan tropikal baten gisa hazten baitira haren burubideak. Jakinaren gainean ez bazaude, beraz, esan behar dizut ezen geure burua ezkutatzeko geure burua ezkutatu gabe ibili behar dugulako bere ideia hori egundo baino harago eramaten ari dela. Hasiera batean, jakina, lurpe-zulo batean biltzen ginen, zure adarrekoak bezalaxe. Gero Igandek jatetxe arrunt batean saloi pribatu bat harrarazi zigun. Esan zuen gordeka ibiltzeko itxurarik ez duenari inork ez diola begirik botatzen. Tira, ez dago noski hura bezalakorik munduan, baina batzuetan zinez pentsatzen dut ez ote zaion bere buru ikaragarri hori adinarekin zoro samartzen ari. Ezen gaur da eguna, geure burua jendaurrean nabarmen asko erakusten duguna. Non gosalduko, eta zera... ageri-agerian gosaltzen dugu, aizu, Leicester Square-era ematen duen balkoi batean, hain zuzen.

        — Eta zer dio jendeak? —galdetu zuen Syme-k.

        — Apartekorik ez —erantzun zion bere gidariak—: xelebrezko bilera bat osatzen duen jaun-aldra bat garela, anarkista izateko itxura egiten duguna.

        — Oso ideia sotila deritzot —esan zuen Syme-k.

        — Sotila! Jainkoarren, hori ateraldi nabarmena zurea! —hasi zitzaion oihuz bestea, irribarre oker hura bezain harrigarri eta adosgaitza zen bat-bateko ahots zorrotz batez—. Igande jauna segundo soil batez ikusten duzunean, ez zaizu noski burutik pasatuko sotila deitzerik.

        Horrenbestez, karrika mehar batetik irten zirelarik, eguzki goiztiarrak argiz betetzen zuen Leicester Square. Ez da sekula jakingo noski zergatik duen leku horrexek halako itxura arrotz eta alde batera hain kontinentala. Ez da sekula jakingo ea atzerritar jite horrek erakarri dituen kanpotarrak, ala kanpotarrek eman dioten atzerritar jitea. Kontuak kontu, goiz zehatz horretan bereziki argi eta garbia zen efektua. Enparantzaren zabalak, eguzki argitako hostoek, estatuak, Alhambra-ren forma sarrazenoantzekoek, frantziar edo are espainiar hiri baten erreplikaren itxura ematen zioten, oro har. Eta efektu horrek aregotu egiten zuen Syme-rengan abentura hartan guztian zehar modu askotan sumatu zuen sentsazioa, mundu berri batera bidegaldua zelako sentsazio estrainio hura, alegia. Mutikotatik ezagutzen zuen noski Leicester Square inguru hura zigarro txarrak erosteko lekutzat. Eta, hala ere, izkinan jiratu eta zuhaitzak eta kupula moriskoak ikusi zituenean, zin ere egingo zuen hiri arrotz bateko Ez-dakit-zereko Plaza ezezagunera sartzen ari zela.

        Enparantzaren izkina batera emanez, ongi zihoakion arren artean lasai samarra zen hotel baten angelu moduko bat ageri zen, nahiz berez atzeko karrikan zuen hotel horrek egoitza. Kristalezko ate-leiho handi bat zuen, kafe-gela zabal bateko leihoa, inondik ere; eta leiho horren aurrean, ia literalki plazaren gainean zintzilik, balkoi bat, kontrahorma itzel batzuek eutsia, aski handia jan-mahai bat edukitzeko. Hain zuzen ere, bazeukan jan-mahai bat, edo, zehatzago izateko, gosari-mahai bat; eta gosari-mahai horren inguruan bildurik, eguzkitan ñir-ñir, kalearen agerian, gizon berritsu batzuk ari ziren builaka, denak ere modaren nabarmenean jantziak, txaleko zuriz, botoi-zuloak garesti apaindurik. Haien txantxetariko batzuk ia plazaren beste aldetik entzun zitezkeen. Hartan, Idazkari goibelak bere irribarre naturazbesteko erakutsi zuen, eta hala Syme-k jakin zuen gosari-
-bilera zaratsu hura Europako Dinamitazaleen isilpeko batzarra zela.

        Gero, luzagoz begira egon zelarik, ordura arte ikusi ez zuen gauza bati erreparatu zion Syme-k. Eta ez zuen lehenago ikusia, literalki, ikusteko handiegia zelako. Balkoiaren hurbileneko aldean, ikuspegiaren zati eder bat galaraziz, mendi gaitza halako gizon baten bizkarra ageri zen. Syme-k ikusi zuenean, gizon haren pisuak harrizko balkoia hautsi zezakeela pasatu zitzaion aurrena burutik. Ez zuen hain handi izugarria egiten ohiz kanpo garai izate soilak, ez eta ez sinesteko moduko lodi egoteak ere. Jatorrizko izarietatik erraldoi egitasmatua zen gizon hura, berariaz kolosal nahi den estatua bat zizelkatzen den bezala. Buruak, ile zuriz koroatua, buru batek behar duen baino handiagoa zirudien atzetik ikusirik. Albo bietara nabarmentzen ziren belarri haiek giza belarriak baino handiagoak ziruditen. Ikaragarrizko eskala handian egina zen; eta hain zen tamainaren sentsazio hori txundigarria, ezen, hura ikusi zuenetik bertatik, Syme-ri iruditu baitzitzaion enparauen irudiak unean-unean txikiagotu egiten zirela, ipotx bihurtzeraino. Hantxe segitzen zuten mahai inguruan eserita, beren lore eta longainez, baina zera ematen zuen, orain gizontzarrak bost haur txiki edo gonbidatu zituela berekin tea hartzera.

        Syme eta gidaria hoteleko albo-atera inguratu zirelarik, zerbitzari bat irten zitzaien, hortzak beteko irribarre zabalez.

        — Berorien jaun-lagunak goian di'a, jaunak —esan zuen—. Hor a'i di'a, jardun eta jardun, eta ge'o berriketen kontura barrez. Errege'i bonbak jaurti behar dizkiotela ez diote ba!

        Eta mahaizapi bat besogainean zuela bizkor-bizkor alde egin zuen zerbitzariak, goiko solairuko jaunen hitzarinkeria xelebreak egundoko grazia eginda.

        Bi gizonek isilik igo zituzten eskailerak.

        Syme-ri ez zitzaion une batez ere bururatu galdetzerik ea balkoia ia hausteraino betetzen zuen gizon hura ote zen besteengan halako errespetu gaitza sortzen zuen Lehendakari ikaragarri ospetsua. Hala zela jakin zuen, halako ziurtasun esplikagaitz baina bat-bateko batez. Izan ere, Syme-rengan —eta ez da munduan bakarra— sarbide erraza zuten eragin psikologikorik deskribaezinenek, zeinek baino zeinek, haren buru-osasunerako arriskutsu samar ere izan zitekeen puntu bateraino. Arrisku fisikoetarako erabat beldurgabea, gaitz izpiritualaren usainera sentiberaegia zen, izugarri sentibera. Ordurako, gau hartan, birritan modu ia lizunean irabazia zioten arreta zenbait huskeria ezdeusek, infernuko buruzagitzaren egoitzara gero eta hurbilagotzen ari zelako sentsazioa eraginez. Eta sentsazio hori ororen gainetik nagusituz zihoan, Lehendakari bikainarengana hurbildu ahala.

        Fantasia haurkara eta hala ere higuingarri baten mozorroz jantzi zen sentsazioa. Barneko salatik zehar balkoirantz zihoala, Iganderen aurpegi zabala gero eta zabalagotuz zihoan; eta izuak zurturik zegoen Syme, beldurrez erabat hurbiltzean handiegia izango zela aurpegi hura posible izateko, eta berak garrasi egingo zuela ozenki. Gogoratu zen nola haurretan, British Museum-en, ez zion so egin nahi Memnon-en mozorroari, aurpegi bat zelako, eta hain handia.

        Labar batetik jauzi egiteko behar dena baino ahalegin adoretsuago bat eginez, aulki libre baten pareraino iritsi eta hantxe eseri zen gosari-mahaira. Gizonek aldarte onean agurtu zuten, txantxati, betidanik ezagutu balute bezala. Patxada apur bat hartu zuen haien jantzi konbentzionalei begiraturik, eta kafe-ontzi gotor, distiratsu hari; gero berriro Iganderi begiratu zion. Handia zuen oso, baina giza neurrien mugan zegoen artean aurpegi hura.

        Lehendakariaren presentzian, enparauek, denek ere aski arruntak ziruditen; lehenbiziko begiratuan ez zuten deus deigarririk, salbu eta, Lehendakariaren apetaz, pintxo-pintxo jantzirik egotea, jai baterako bezalako dotore, eztei-gosari baten itxura emanez otordu-bilera hari. Gizon bat nabarmentzen zen, alabaina, are axaleko gainbegiratu batean. Hark behintzat dinamitari arruntaren jitea zuen erabat. Izan ere, egokiera hark eskatzen zuen idun zuri eta gorbata zetazkoz jantzirik zegoen arren, idun horretatik gora, buru erabat kontrolaezin bat ernetzen zen, zer zen guztiz garbi adierazten zuena; bizar eta ile gaztainkolorezko sasiarte txundigarri bat, ia begiak estaltzeraino, eskoziar terrier batenak nola. Begiok, ordea, sasiarte bihurritik zehar so zeuden, eta errusiar jopu baten begi tristeak ziren. Eragiten zuen efektua ez zen ikaragarria, Lehendakariaren kasuan bezala; bazuen, ordea, halako deabru-xarma ez nolanahiko bat, erabat groteskoak diren gauzetan gertatzen denez. Gorbata-idun zurrunon gainean kolpetik katu nahiz txakur baten burua ageri izan balitz, ez zuen kontraste zentzugabeagorik sortuko.

        Gizonaren izena, antza, Gogol zen; poloniarra zen, eta egun-zirkulu hartan Astearte deitzen zioten. Erremediorik gabe trajikoak zituen arima eta hizketa; ezin zuen behartu bere burua, Igande Lehendakariak eskatzen zionez, gauzak primeran doazkion gizon gogoarinaren papera jokatzera. Hain zuzen ere, Syme sartu zenean, Lehendakaria, ausardia osoz jendearen susmakizunei jaramon ez egiteko bere politika hari jarraiki, harpa jotzen ari zitzaion Gogol-i, ez zela-eta gai gisa zen dotorezia egokiaren itxura egiteko.

        — Gure lagun Asteartek —zioen Lehendakariak, patxadatsu eta aldi berean ozena zen ahots sakon batez—, Astearte gure lagunak ez bide du ideia harrapatu. Jaun baten dotoreziaz janzten da, baina handiegia bide du arima jaun dotore baten gisa portatzeko. Antzerkiko konspiratzailearen jokabideari eusten dio. Alabaina, halako jaun dotore bat Londresen barrena bere kapelu luze eta longainaz badabil, inork ez du zertan antzemanik anarkista bat denik. Baina jaun hori bere kapelu luze eta longaina jantzi, eta gero lauoinka ibiltzen hasten bada... ez da noski harritzekoa deigarri gertatzea. Horixe egiten du anaia Gogol-ek. Hain diplomazia ahitezinez ohitu da lauoinka, ezen dagoeneko oso zaila gertatzen baitzaio tente ibiltzea.

        — Ni ez naiz ezkutamenduetarako trebe —esan zuen, betizu, Gogol-ek, arrotz azentu markatu batez—; ez nago lotsaturik kausaz.

        — Horixe zaudela, mutiko; eta kausa ere lotsaturik dago zutaz —esan zuen Lehendakariak, aldarte onez—. Beste edonor adina ezkutatzen zara; ez asmatzea, horixe duzu zuk aitzakia, halako astoa zarenez! Bateraezinak diren bi metodo konbinatu nahi dituzu. Etxejabe batek bere ohe azpian gizon bat topatzen duenean, seguruasko ez zaio oharkabean pasatuko. Baina ohe azpiko horrek kapelu luzea badarama, ados egongo zara nirekin, Astearte laztana, gogoan geratuko zaiola noski betiko. Bada, Biffin almirantearen ohe azpian topatu zintuztenean...

        — Ni ez naiz engainuetarako trebe —esan zuen Asteartek, itun, gorriturik.

        — Halaxe da, bai, mutiko —esan zuen Lehendakariak, bihozkortasun gogorrez—, zu ez zara ezertarako trebe.

        Solasaldi horrek zirauen bitartean, inguruan zituen gizonak polikiago arakatu zituen Syme-k. Haiei so eginez, izpiritualki bitxia zen zerbaiten sentsazio osoa itzuli zitzaion ezarian.

        Hasieran pentsatua zuen garaiera eta janzkera arruntekoak zirela denak, Gogol iletsu haren salbuespen begibistakoa gora-behera. Besteak arakaturik, ordea, ibai ertzeko gizon harengan kausitu zuen gauza berbera kausitzen hasi zen denetan ere: deabruzko xehetasun bat non edo han. Hasieran gidari bitxi izan zuenaren aurpegia bat-batean itxuragabetzen zuen irribarre hura tipikoa zen bilera hartakoen artean. Denek zuten zerbait, hamargarren nahiz hogeigarren begiratuan atzemateko modukoa, normala ez zena, eta apenas gizatiarra zirudiena. Bururatzen zitzaion metafora bakarra zera zen: modaz egoki jantziriko gizon gisatsuen itxura betea zutela, baina ispilu faltsu okertu batek emango lukeen ukitu hori gehiturik.

        Banakako adibideek bakarrik adieraz dezakete bitxitasun erdi-ezkutu hori. Symeren hasierako zizerone bitxi hura Astelehen tituluaz jantzia zen; Biltzarraren Idazkaria zen, eta haren irribarre okerra jo zitekeen izugarrietan izugarrientzat, albo batera utzirik noski Lehendakariaren barre lazgarri, zorioneko hura. Orain, ordea, ongi begiratzeko asti eta argi gehiago baitzuen Syme-k, beste ukiturik ere atzematen zion. Hain zuen aurpegia argala, ezen Syme-ri iruditu baitzitzaion eritasunen batek joa ote zuen; begi ilunen larriak berak gezurtatzen zuen nolabait hori, ordea. Ez zen gaixotasun fisikoa hura hala penatzen zuena. Tortura intelektual biziz beterik zeuzkan begiak, pentsamendu hutsa oinaze bailuen.

        Eta, hura bezala, tribuko bakoitza ere halatsu; bakoitza zen, bere modu sotil eta bereizian, behar ez bezalakoa. Haren ondoan Astearte zegoen, Gogol buru-tximatsua, begibistanago eroturik ageri zen gizona. Hurrena Asteazken, St. Eustache-ko markesa omen zena, itxura aski nabarmenekoa. Lehen hiruzpalau begiratuetan ez zitzaion ohiz kanpokorik deus atzematen, salbu eta gizon bakarra izatea mahai hartan modako jantziak benetan bereak balitu bezala zeramatzana. Bizar beltz karratu bat zuen, frantses erara moztua, eta longain beltz bat, ingelesa, are karratuagoa. Syme-k, haatik, halako gauzetara sentibera, nolabaiteko atmosfera kargatuegi bat edo sumatu zuen haren inguruan, fineziaz betea bezain itogarria. Byron-en eta Poe-ren poemarik ilunenetako usain lo-sorrak eta argi erdi-iraungiak gogorarazten zituen irrazionalki. Horrekin batera, sentsazioa zen jantziak ere, ez kolore emeagokoak zituela, baizik oihal bigunagoz eginak; beltzak beteago eta beroago zirudien harengan, inguruan zituenengan baino, kolore sakonez osatua bailitzan. Zera ematen zuen, jantzi beltza purpura sakonegia izanez baizik ez zela beltza. Bizar beltzaren kasuan ere, ematen zuen urdin sakonegia izanez baizik ez zela beltza. Eta, bizarraren goibeltasun trinkoan, haren aho-ezpain gorri ilunek sentsualitatea eta erdeinua ageri zuten nabarmen. Zena zela ere, ez zen noski frantsesa; judua akaso; edo akaso Ekialdearen bihotz ilunean are barnagoko zerbait. Tiranoak ehizan irudikatzen dituzten pertsiar lauza eta pintura koloretsuetan ikus daiteke halako almendra-begirik, halako bizar urdin-beltzik, halako ezpain gorrimin krudelik.

        Gero Syme zetorren, eta hurrena agure zahar-zahar bat, de Worms Profesorea, zeinak artean ere eusten baitzion Ostiral gisa zegokion eserlekuari, nahiz egun batetik bestera espero izatekoa zen haren heriotzak libre uztea. Adimena salbu, zahardadezko gainbeheraren akabu-hurrenean zen. Bizar gris luzea bezain grisa zuen aurpegia; bekokia, berriz, gora jasotzez azkenean halaxe finko geratua zitzaion, etsipen bareko zimur bat markaturik. Beste inorengan ez zuen, ezta Gogol-engan ere, kontraste saminagorik erakusten goiz-
-jantziaren dotorezia ezteikarak. Ezen botoi-zuloan zeraman lore gorria nabarmen gertatzen zen noski literalki beruna bezala marguldurik zetzan aurpegi haren kontra; halako efektu lazgarri bat sortzen zuen, oro har, dandy mozkor batzuek beren jantziak gorpu bati jantzi balizkiote bezala edo. Zutitu edo esertzen zenean —ez neke luze eta arrisku handirik gabe, hala ere—, ahulezia baino okerragoko zerbait nabari zitzaion; eszena osoaren lazgarritasunarekin modu definigaitz batean loturik zegoen zerbait. Ez zen akaburako gainbehera soilik nabari, ondoko ustelmena baizik. Beste fantasia higuingarri bat gurutzatu zen Syme-ren gogoeta ikaratuetan. Ezin zuen burutik kendu mugitzen zen bakoitzean agureak zango nahiz besoren bat gal zezakeelako irudikeria.

        Azken muturrean, Larunbat esaten zioten gizona zegoen, guztien artean sinpleen eta txundigarriena. Gizon txikar karratu bat zen, bizar-biboterik gabeko aurpegi ilun karratu bat zuena; bestelako izenez Bull zeritzan, eta medikua zen lanbidez. Savoir-faire delakoa eta zakartasun ongi-hezi moduko bat konbinatzen zituen, osagile gazteen artean ez hain bakan gertatzen denez. Areago esan zitekeen lasai zeramatzala arropa fin haiek, ezen ez aise eta gustura, eta irribarre aldagaitz bat ageri zuen gehienetan. Ez zen deus arrarorik harengan, salbu eta betaurreko ilun, ia opakoak erabiltzea. Akaso ez zen izango beraren fantasia urduriaren crescendo bat baizik, ordurako nerbioak beren gisa baitzebiltzan, baina disko beltz haiek izuikara bizitan jartzen zuten Syme; doi-doi gogoratzen zuen ipuin higuinen baten oroipena zekarkioten, hildakoen begietan jartzen ziren penike-txanponei buruzko istorio ilunak. Syme-ren begiradak beti egiten zuen topo lente beltzekin eta irrimirri itsu harekin. Hilzoriko Profesore harengan, edo are Idazkari zurbilarengan, egoki emango zuten. Baina gizon gazteago eta gizen-gordinago harengan enigma bat ziruditen soilik. Aurpegiaren gakoa estaltzen zuten. Ezin zen jakin zer adierazi nahi zuen, irribarrez egon nahiz serio. Aldez horregatik, eta aldez besteengan nekez aurki zitekeen birilitate nabarmen samar bat nabari zitzaiolako, Syme-ri iruditu zitzaion hura zatekeela gizon gaizto haien guztien artean gaiztoena. Okerragorik ere bururatu zitzaion: alegia, ikusteko ikaragarriegiak zirelako ote zeramatzan estalirik begiak.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia