4. KAPITULUA

Detektibe baten istorioa

 

        Gabriel Syme ez zen soilik poeta izateko itxura egiten zuen detektibe bat; izatez benetan zen poeta bat, detektibe izaten bukatu zuena. Anarkiaren kontrako gorrotoa ere ez zen harengan hipokresiazkoa. Iraultzaile gehienen eromen txundigarriak gaztetatik jarrera kontserbatzaileegi batera eramaten dituen horietakoa zen. Eta hori ez zitzaion zor inolako tradizio etorkorraren eraginari. Berezkoa eta tupustekoa zuen errespetagarritasuna, errebelamenduaren aurkako errebelamendu halako bat. Xelebrekeriaz beteriko familia batetik zetorren, zeinean zaharrenek zituzten ideiarik berrienak. Gabriel-en osabetako bat beti paseatzen zen kapelurik gabe, eta beste batek, berriz, arrakastarik gabeko saio bat egina zuen kapeluarekin baina beste ezer gabe paseatzeko. Aitak artea eta autorrealizazioa lantzen zituen; ama, berriz, soiltasunaren eta higienearen aldekoa zen. Hala mutikoak, bere urterik samurrenetan, ez zuen ezagutu beste edaririk bi muturretako absenta eta kakao hutsak baino, eta halako higuin osasuntsu bat zien biei ere. Zenbat eta puritanoa baino areagoko abstinentzia bat predikatu amak, orduan eta gehiago lerratzen zen aita paganoa baino areagoko laxotasun batera; hala, bata bejetarianismoaren aldeko amorratu bilakatu zenerako, bestea ez zen atzera geratzen kanibalismoaren defentsan.

        Pentsatzerik dagoen errebolta mota guztiez inguraturik txikitatik, Gabriel-ek ere bere errebolta bilatu behar zuen, eta hala, geratzen zitzaion gauza bakarraren aldera erreboltatu zen: buru-osasuna. Baina artean bazen mutilarengan fanatiko haien odoletik askixe, zentzun arruntaren aldeko defentsa hura bera ere suharregia izan zedin zentzuzkoa izateko. Legegabekeria modernoaren aurkako gorrotoa ere ezbehar batez iritsi zitzaion gailurreraino. Gertatu zen bazter-karrika batetik pasatzen zela justu dinamita-eraso bat egokitu zenean. Itsu eta gor geratu zen une batez, eta gero ikusi zuen kea saretzen, leiho hautsiak eta aurpegi odolduak. Harrezkero, ohi bezala segitu zuen: bare, gisatsu, otzan-atsegin; baina buru barruan bazuen gunetxo bat sano ez zegoena. Harentzat anarkistak ez ziren, gutako gehienontzat bezala, gaixorako joera zuen gizon taldeska bat, ezjakintasuna intelektualkeriarekin konbinatzen zuena. Harentzat gupidagabeko galbide ikaragarri bat ziren, Txinatar inbasio bat bezalakoa.

        Atergabe igortzen zuen egunkarietara eta haien paper-ontzietara ipuin, olerki eta artikulu sutsuzko halako zaparrada bat, jendea ohartarazi nahirik ukapen barbarozko uholdetzar haren arrisku larriaz. Itxura zenez, ez zuen hala ere lortzen areriorik batere inguratzerik, eta, are okerrago zena, bizibiderik ere ez. Tamesis ibai ertzeko Ibilbidean gora eta behera zebilela, puru merke bat hortz artean mingostasunez estuturik eta Anarkiaren aurrerapena gogo ilunean, poltsikoan bonba bat zeraman anarkistarik ez zen, hura bezain basatirik edo bakartirik. Izan ere, iruditzen zitzaion Gobernua bakar-bakarrik eta irtenbiderik gabe zegoela borroka hartan, bizkarra hormaren kontra harrapaturik. Kixoteskoegia zen bestela halako ardura hartzeko.

        Ur ertzeko Ibilbidean halaxe zebilen arratsapal gorri ilun baten pean. Ibai gorriak zeru gorria ispilatzen zuen, eta biek ere ibiltariaren haserrea. Izan ere, hain zen zerua ilunkara, eta ibaiko argia haren aldean hain bitxi, ezen urak gar bizikoagoa zirudien ia, ispilatzen zuen arratsapal hura baino. Su-jario baten itxura doi-doia zuen, lurpeko lurraldeko leize sakonetarainoko espiraletan galduz.

        Syme arlote samar zebilen garai hartan. Lehengo moda zaharreko tximinikapelu beltz horietakoa janzten zuen; are modaz pasatuagoko kapa beltz zarpaildu bat zuen estalki; eta konbinazio horrek Dickens-en eta Bulwer Lytton-en pertsonaia maltzur-gaiztoen jitea ematen zion. Haren bizar eta ile horiak ere zabar eta lehoikarago zeuden, handik denbora luzera, moztu eta zorrozturik, Saffron Park-eko belardietan agertu ziren hartan baino. Soho-n bi sosean erositako zigarrro beltz luze mehar bat zeukan hortz artean estuturik, eta, oro har, gerra santuaren zina egina zien anarkista jende haietako ale peto-peto bat zirudien. Beharbada horregatik zuzendu zitzaion polizia bat Ibilbidean, «Arrastiri on» eginez.

        Syme-ri, gizateriarekiko bere beldurren krisi betean, ziztagarri gertatu edo zitzaion iluntze-argitan urdin puska soil bat zen ofizial automatiko haren patxada hutsa.

        — Arrastiri on, hortaz? —esan zuen zorrotz—. Munduaren amaierari ere deituko zeniokete zuek arrastiri ona. Begira eguzki gorri odoltsu horri eta ibai berdin odoltsu horri: zinez diotsut hori literalki giza odola balitz, isuri eta distiratsu, hala ere betiko patxadan egongo zinatekeela hementxe, kale gorrian bizi den gizagaixo arriskugaberen bat noiz atzemango, handik uxatzeko. Zuek poliziok krudelak zarete behartsuekin, baina are zuen krudelasun hori barkatzeko prest nengoke, halako bareak ez bazinate.

        — Bareak bagara —ihardetsi zuen poliziak—, antolaturiko erresistentziaren baretasuna da gurea.

        — Eh? —esan zuen Syme-k, zurturik.

        — Soldaduak bare egon behar du guduaren erdian —segitu zuen poliziak—. Gisaz egoten jakite horrez adierazten du gudaroste batek nazio baten amorrua.

        — Jainko maitea, Eskola Publikoak! —esan zuen Syme-k—. Hori al da erlijio-bereizkuntzarik gabeko heziketa?

        — Ez —esan zuen poliziak—, niri ez zait egokituko halako abantailarik. Nire garaian artean ez zen Eskola Publikorik. Nire hezkuntza, izan dudantxoa, gogorragoa izan da noski, lehengo era zaharrekoa.

        — Non egin zenituen, bada, ikasketak? —galdetu zuen Syme-k, jakinminez.

        — Oh, Harrow-en —esan zuen poliziak.

        Klase-sinpatiak, zeinak, diren faltsu izanik, benetakoena baitira gizon askorengan, kontrolatzeko betarik gabe kanporatu zitzaizkion oldarrean Syme-ri.

        — Baina, Jainkoarren, gizona —esan zuen—, ez zegokizun poliziaren lanbidea!

        Poliziak hasperen egin zuen eta buruari eragin.

        — Badakit —esan zuen—, badakit ez naizela duin.

        — Zergatik sartu zinen, ordea, polizia? —galdetu zuen Syme-k jakingura nabarmenez.

        — Zuk poliziaz gaizki hitz egiteko duzun arrazoi berdin-antzekoz —ihardetsi zuen besteak—. Konturatu nintzen bazegoela egokiera berezi bat zerbitzuan, zera, gizadiarekiko beren beldurrek, giza nahikundeen oldar arrunt eta, gehiegikeriak gehiegikeria, desenkusagarriekin bainoago, adimen zientifikoaren aberrazioekin zerikusi handiagoa zutenentzat. Espero dut garbi azaldu izana neure burua.

        — Esan nahi baduzu zeure esan beharra garbi azaldu duzula —esan zuen Syme-k—, baietz uste dut. Baina horrenbestez zeure burua nire aurrean zuritu duzula uste baldin baduzu, inondik ere ez. Zer egiten du zu bezalako gizon batek filosofiaz hizketan, kasko urdin bat jantzita, Tamesis ibaiko Ibilbide honetan?

        — Bistan da ez duzula ezagutzen gure polizia sistemak aspaldion egin duen aurrerapena —ihardetsi zuen besteak—. Ez naiz harritzen. Izan ere, klase ikasitik ezkutu samarrean edukitzen ahalegintzen gara, zeren klase horretan baitaude gure areriorik gehienak. Zureak, hala ere, justu jarrerarik aproposena dirudi. Uste dut ia gure artekoa izan zintezkeela.

        — Zuen artekoa zertan? —galdetu zuen Syme-k.

        — Oraintxe azalduko dizut —esan zuen poliziak astiro—. Hona zertan den kontua. Gure departamentu-buruetako bat, Europako detektiberik goraipatuenetako bat, aspaldian ari da esaten konspirazio soilki intelektual batek aurki arriskuan jarriko duela zibilizazioaren izatea bera. Ziurtzat dauka zientzia eta arte mundua Familiaren eta Estatuaren kontrako gurutzada bati emanak daudela. Horregatik, polizia-oste berezi bat eratu du, filosofo ere badiren poliziaz osatua. Haien lana konspirazio horren hastapenei kontu egitea da, ez soilik zentzu kriminalean, baita polemikoan ere. Ni neu demokrata naiz, eta garbi daukat zein egokia den gizon arrunta adore nahiz bertute arruntak eskatzen dituen kontuetarako. Baina bistan da ez dela komeni polizia arrunta enplegatzea herese-ehiza ere baden ikerketa batean.

        Syme-k bihozkidetasunezko jakinminez ñir-ñir zeuzkan begiak.

        — Zer egiten duzue, bada? —esan zuen.

        — Polizia filosofikoaren lana —erantzun zion urdinezkoak— detektibe arruntarena baino aldi berean ausartagoa eta sotilagoa da. Detektibe arrunta taberna-zuloetara doa, lapurrak atxilotzera; gu artisten te-bileretara goaz, pesimistak detektatzera. Detektibe arruntak kontu-liburu batetik edo egunkari batetik ateratzen du krimen bat burutu dela. Guk, berriz, soneto-liburu batetik ondorioztatzen dugu krimen bat burutzekotan dela. Jendea azkenean fanatismo intelektualera eta krimen intelektualera daramaten pentsamendu latz horien arrastoa aurkitu behar dugu. Doi-doi iritsi ginen Hartlepool-eko asasinatzea eragozteko, eta horren meritu guztia Wilkis-i zor zaio, gure arteko jaun gazte argi bati, zortzidun ahapaldi bat zeharo ulertzea lortu baitzuen.

        — Benetan uste al duzu —galdetu zuen Syme-k— hainbesterainoko lotura dagoela krimenaren eta egungo jardun intelektualaren artean?

        — Ez zara aski demokratikoa —erantzun zuen poliziak—, baina zuzen zenioen arestian asto samar tratatu ohi dugula gaizkile xumea. Aitortu behar dizut gaixo jartzen nauela batzuetan nire jardunbideak, ikusirik nola ez gabiltzan, ia beti, ezjakintasunak eta etsipenak jota daudenen kontra baizik gerran. Baina gure arteko mugimendu berria oso besterik da. Guk ukatu egiten dugu gaizkile arriskutsuak eskolagabeak direla dioen ingeles ustekeria ergel hori. Erromatar enperadoreak ekartzen ditugu gogora. Errenazimenduko printzeak ekartzen ditugu gogora, pozoizale bikain haiek. Guretzat gaizkile arriskutsua gaizkile eskolatua da. Guretzat egungo gaizkilerik arriskutsuena oraingo filosofo guztiz legegabea da. Haren ondoan, ohoinak eta bigamoak funtsean gizon prestuak dira; bihotza haien alde ateratzen zait. Izan ere, gizonaren ideian ados daude funtsean; bitarteko okerrak, beste aitzakiarik ez dute. Lapurrek jabetza errespetatzen dute. Jabetza hori beren jabetza bihurtu nahi izatea besterik ez, hala hobeto errespetatu ahal izateko. Filosofoek, ordea, jabetza bera dute higuin, jabetza den aldetik; jabetza pertsonalaren ideia bera suntsitu nahi lukete. Bigamoek ezkontza errespetatzen dute; bestela, ez lituzkete jasango bigamiaren formalitate zeremoniazko, are erritual guztiak. Filosofoek, berriz, ezkontza bera mesprezatzen dute, ezkontza den aldetik. Hiltzaileek giza bizitza errespetatzen dute; beren baitan giza bizitzaren betetasun handiago batera iritsi nahi izatea, besterik ez, hartarako garrantzi eskasagoko bizitzak deritzetenak sakrifikaturik. Filosofoek, ordea, bizitza bera dute gorroto; berena nola, inorena ere berdin.

        Syme-k eskuak elkarren kontra estutu zituen.

        — Zeinen egia handia den hori! —esan zuen—. Mutikotatik sentitu dut nik hori, baina inoiz ez dut asmatu hitzezko antitesi egokia. Gaizkile arrunta gizon gaiztoa da, baina azken finean, nolabait esateko, baldintzapeko gizon ona da, orobat. Aski bide luke oztopo jakin bat paretik kentzea —osaba aberats bat, demagun—, segituan unibertsoa onez hartzeko eta Jainkoa laudatzeko. Eraberritzaile bat da; ez, ordea, anarkista bat. Eraikina garbitu nahi du, eta ez suntsitu. Filosofo gaiztoa, ordea, ez da saiatzen gauzak aldatzen, ezerezten baizik. Bai, polizia-lanak dituen alderdi zapaltzaile eta laidogarrienei eutsi die mundu modernoak: txiroari jazartzea eta zoritxarrekoa barrandatzea. Bertan behera utzi du, berriz, bere egitekorik duinena, Estatuko traidore boteretsuak eta Elizako heresiarka indartsuak zigortzea. Modernoek diote ez ditugula zigortu behar heretikoak. Nire duda bakarra da ea beste inor zigortzeko eskubiderik dugun.

        — Zer da hau, ordea! —bota zuen poliziak, tankera eta jantzi horretako pertsonengan ohikoa ez zen berotasun nabarmenez eskuak korapilatuz—. Nola liteke! Ez dakit zertan zabiltzan, baina bizitza alferrik galtzen ari zara. Ber-bertatik bildu behar duzu anarkiaren kontrako gure armada berezira. Haien armadak mugetan ditugu. Haien tximista erasotzeko prest dago. Une bat gehiago, eta bertan gal zenezake gurekin lan egiteko loria; munduko azken heroiekin hiltzeko loria, apika.

        — Ez galtzeko moduko aukera da, noski —baieztu zuen Syme-k—, baina ez dut oraindik erabat ulertzen. Edonork bezain ongi dakit mundu modernoa legegabeko gizon koxkorrez eta mugimendu zoro koxkorrez beterik dagoela. Baina, beren basatian, badute, eskuarki, ados ez jartzeko meritua bederen. Nondik ateratzen duzu armada baten buru izan litezkeela, edo tximist-zartateko bat jotzeko gai? Zerik da anarkia hori?

        — Ez ezazu nahastu hori —ihardetsi zuen herrizainak— Errusia edo Irlandako dinamita-zartaldi noiz edo noizko horiekin, horiek benetan gizon zapalduen zartadak baitira, zapaldu bezain oker egonik ere. Beste hau, berriz, filosofia-mugimendu zabal bat da, bi zirkuluz osatua, bat kanpoan eta bestea barnean. Kanpokoari laikogoa ere dei geniezaioke, eta barnekoari apaizgoa. Nik nahiago dut kanpokoari atal hobengabea deitu eta barnekoari, berriz, atal peto-peto hobenduna. Kanpoko zirkulua —zaleen masa behinena— anarkista hutsak dira; hots, arauek eta formulek giza zoriontasuna galarazi dutela uste duten gizonak. Uste dute giza krimenen ondorio gaiztoak oro krimen izena jarri dien sistemaren ondorio direla. Ez dute uste krimenak sorrarazi zuenik zigorra, zigorrak krimena sorrarazi zuela baizik. Uste dute gizon batek, zazpi emakume limurturik ere, udaberriko lili xaloak bezain zer lotsatu gutxi duela haiek bertan utzirik alde egiten badu. Uste dute gizon batek diru-sakela bat osten badu ezinago ondo sentitu behar duela naturalki. Horri esaten diot nik atal hobengabea.

        — Ah! —esan zuen Syme-k.

        — Pentsatzekoa denez, beraz, jende horrek hitzetik hortzera aipatzen ditu «etortzeko dagoen aldi zoriontsu bat», «geroaren paradisua», «bizioaren eta bertutearen mugakizunez askaturiko gizadia» eta abar. Eta hala mintzo dira barneko zirkuluko gizonak ere, apaizgo dontsua. Haiek ere mintzo dira jendetza txalokarien aurrean geroaren zoriontasunaz eta gizadi azkenean askatuaz. Baina haien ahoetan —eta poliziak ahotsa apaldu zuen—, haien ahoetan esaldi eder-alai horiek esanahi latza dute. Ez die inolako ilusiok eragiten; intelektualegiak dira pentsatzeko lur honen gainean gizona sekula guztiz aska daitekeenik jatorrizko bekatuaren eta borrokatu beharraren morrontzatik. Eta heriotza dute buruan. Gizadiak azkenean aske behar duela diotenean, zera esan nahi dute, gizadiak bere buruaz beste egingo duela noizbait. Zuzen-okerrik gabeko paradisu batez dihardutenean, hilobiaz ari dira. Bi xede baizik ez dituzte: lehenik gizadia eta gero beren burua suntsitzea. Horregatik botatzen dituzte bonbak, pistolaz tiro egin beharrean. Atal hobengabeko oste xumeei tamal zaie bonbak erregea ez hil izana; apaizgo nagusian, berriz, pozik daude, norbait hil duelako.

        — Nola bil naiteke zuengana? —galdetu zuen Syme-k, grina baten asalduz.

        — Gertuz dakit badela postu bat libre une honetan —esan zuen poliziak—; izan ere, ohore handia dut, konfiantza dezente baitaukat lehen aipatu dizudan nagusi horrekin. Hura ikustera etorri beharko zenuke oraintxe nirekin. Edo, hobeki esateko, ikustera ez, ez baitu inoiz inork ikusten; baina hitz egitea baduzu, nahi izanez gero.

        — Telefonoz? —itaundu zuen Syme-k, jakinguraz.

        — Ez —esan zuen poliziak patxada handiz—; joera xelebrea du beti alkitrana baino ilunagoko gela batean egoteko. Argitsuago omen ditu pentsamenduak hala. Zatoz nirekin.

        Apur bat aztoraturik eta nabarmen samar buruberoturik, Syme-k ez zuen eragozpenik jarri, eta hala joan ziren, Scotland Yard-eko eraikin ilara luzeko albo-ate bateraino, polizia gidari. Zer egiten ari zen jabetu orduko ia, lau ofizial ertainen eskuetatik pasatua zen, eta bat-batean sarrarazia zuten orain halako gela ilun batera, non belztasun tupustekoak argi-kolpe batek bezala ikararazi baitzuen. Ez zen ohiko iluntasuna, zeinean formak nolabait asmatzen baitira; kolpetik harria bezalako itsu bihurtzearen parekoa zen ordukoa.

        — Zu zara poliziagai berria? —galdetu zuen ahots sendo batek.

        Eta inolako modu estrainio batez, ilunbe hartan isla baten arrastorik ere ageri ez zen arren, Syme-k bi gauza jakin zituen: lehena, tamaina marduleko gizon batengandik zetorrela; eta bigarrena, gizonak bizkarra ematen ziola.

        — Zu zara poliziagai berria? —galdetu zuen nagusi ikusezinak, zeinak guztiaren jakitun zegoela zirudien—. Ongi da. Zurea da postua.

        Syme, ustekabeaz zur eta lur, ganora apurrez saiatu zen esaldi bueltarik gabe haren kontra.

        — Ez dut, ordea, esperientziarik —hasi zen.

        — Inork ez du inolako esperientziarik —esan zuen besteak— Armagedon-eko guduan.

        — Ez naiz, baina, gauza...

        — Gogoa aski da, eta nahikoa duzu —esan zuen ezezagunak.

        — Hala ere —esan zuen Syme-k—, ez dut lanbiderik ezagutzen gogo hutsa duenik sarbide-froga erabateko.

        — Nik bai —esan zuen besteak—: martiriak. Honenbestez heriotzera kondenatzen zaitut. Egunon eta agur.

        Horra nola gertatu zen, bada, Gabriel Syme, ostera arratsapaleko argi gorrimin irten zenean, kapelu beltz maiztua eta longain zarpaildu, legezkanpoko hura jantzirik, nola gertatu zen, diot, konspirazio gaitzaren eragozpenerako Detektibe Talde Berriko kide eginik irtetea. Bere lagun poliziaren aholkuari jarraiki (profesionalki txukuntasunaren aldekoa baitzen hura), bere ile-bizarrak atondu zituen, kapelu on bat erosi, udako traje urdin-gris argi ezinago fin batez jantzi, kolore hori apaleko lore bat botoi-zuloan... eta, labur esanda, Gregory-k Saffron Park-eko jardin koxkorrean lehen aldiz topatu zuen pertsona dotore eta aukeran jasangaitz samar hura bihurtu zen. Poliziaren egoitzatik azkenean alde egin aurretik, bere lagunak txarteltxo urdin bat eman zion, zeinean «Azken Gurutzada» baitzegoen idatzirik, eta zenbaki bat, beraren aginpidearen ikurra. Txalekoaren goiko poltsikoan kontu handiz paratu txartela, zigarro bat piztu, eta etsaiaren oinatzean joan zen, Londresko saloi guztietan hari gudu egitera. Bere abenturak azken aldera zertara ekarria zuen, ikusia dugu dagoeneko. Otsaileko gau bateko ordu bata eta erdiak aldera, Tamesis isilean gora bidea egiten ari zen bapore koxkor batean kausitu zuen bere burua, ezpata-makila eta errebolberrez armaturik, Anarkisten Biltzar Nagusiko Ostegun lege onez hautatua.

        Baporera igo zenean, mundu guztiz berri batera sartzen ari zelako sentsazio berezia zuen Syme-k; ez soilik lur berri baten paisajera, are planeta berri batenera baizik. Arratsapal hartako erabaki zoro bezain sendoari zor zitzaion hori nagusiki, nahiz, aldez bederen, bazuen orobat eraginik bi ordu lehenago taberna koxkorrera sartu zenetik eguraldiak eta zeruak jasan zuten aldaketa erabatekoak. Ilunabar lainotsuaren lumaje suharraren aztarna bat bera ere zen geratzen, eta ilargi biluzi bat ageri zen zeru biluzian. Ilargia hain zen argitsu eta betea, ezen (sarritan gertatzen den paradoxaz) eguzki ahulago baten itxura baitzuen. Ilargi distiratsu baten sentsazioa baino areago, egunargi itzali samar batena ematen zuen.

        Inguruko paisaje guztia naturazkontrako koloregaltze argitsu halako batek jorik zegoen, Miltonek eguzkiak eklipsean isuritzat aipatzen duen ilunbista asturugaitz hartan bezala; halako moldez, non Syme-k ez baitzuen ziorik izan bere lehen burutapen hura zalantzan jartzeko, hura benetan beste planeta desberdin eta hutsago bat zela, alegia, izar tristeago baten inguruan jiraka. Baina zenbat eta areago sentitu bere baitan errauts-hondamen dirdaitsu hura ilargipeko lurrean, orduan eta biziago distiratzen zuen gauean Syme-ren zoramen zalduneriazaleak, su handi baten gisa. Aldean zeramatzan gauza arruntak —janaria eta pattarra eta pistola kargatua— halako poesia konkretu, materialez jantzirik zeuden, bere ibileretarako haur batek su-arma bat hartzen duenean bezala, edo gozopil bat ohera eramaten. Ezpata-makila eta pattar-ontzia, berez konspiratzaile gogo-eri batzuen tresna baizik ez izanik ere, bere abentura askoz osasuntsuago haren adierazgarri bihurtu zitzaizkion. Ezpata-makila ia zalduneriaren ezpata bihurtu zen, eta pattarra, berriz, zaldiz partitzeko tenoreko ardo-oparia. Ezen fantasia mordernorik gizagalduenak ere zenbait irudi zaharrago eta sinpleagoren zordun dira; abenturak eroak izan daitezke, baina abenturazaleak zuhur behar du. San Jurgirik gabe, herensugea ez litzateke groteskoa ere. Halaberean, paisaje gizagabe hura ez zen irudimenez bizia, benetan gizatiarra zen gizon baten presentziagatik baino. Syme-ren buru gehiegikeriara emanari, Tamesis inguruko etxe eta terraza dirdaitsu biluziak ilargiko mendiak bezain huts begitantzen zitzaizkion. Baina ilargia bera ere ez da poetikoa bertan gizon bat badelako baizik.

        Ontzi-kargu, bi gizon ari ziren, eta hain neke handirako geldi samar zihoan aukeran. Chiswick argitu zuen ilargi garbia gainbehera joana zen Battersea jo orduko, eta, Westminster-eko harri-mulko itzalaren paretik pasatu zirenean, egun argitzen hasia zuen ordurako. Argitu ere, berun barra handi batzuk erdibitzean bezala argitu zuen, barnetik zilarrezko beste barra batzuk erakutsiz; eta su zuri gisa distiratzen zuten zilar puskok baporeak, bere aurrera-martxa aldatuz, jiratu eta lehorrera-gune zabal batera egin zuenean, Charing Cross-etik haraindixe.

        Ezpondako harri gaitzak ilun bezain erraldoi begitandu zitzaizkion Syme-ri, behetik gora so egin zienean. Han ageri ziren, handi, beltz, egunsenti zuri zabal-zabalaren kontra. Haien kariaz, iruditzen zitzaion Egiptoko jauregiren baten sarrerako harmaila eskergetan lehorreratzekotan zela, eta izan ere, ongi zegokion irudipen hori Syme-ren aldarteari, zeren, bere baitan, errege malapartatu eta fedegabe batzuen tronu sendoei erasotzera baitzihoan. Jauzi egin zuen ontzitik maila laban batera, eta hantxe zutik geratu zen, gizairudi ilun eta lerden, harrilan gaitzaren erdian. Baporeko bi gizonek, irteteko maniobra egin, eta ibaian gora ekin zioten. Ez zuten denbora guztian hitzik ere egin.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia