3. KAPITULUA

Ostegun izan zen gizona

 

        Aurpegi berririk atean agertu orduko, ezuste harritu hura alde egina zen Gregory-renetik. Mahai ondora jauzi egina zen, piztia basati batena bezalako hotsa eztarrian. Colt errebolberrari eskua erantsi, eta Syme apuntatu zuen. Hark ez zuen zirkinik ere egin atzera, baina esku zurbil kortesiatsu bat jaso zuen.

        — Ez izan halako ergela —esan zuen, apaiz baten duintasun afeminatuaz—. Ez al duzu ikusten ez dela beharrezkoa? Ez al duzu ikusten ontzi berean gaudela biok? Eta itsas-gaitzak xelebre jota, gainera.

        Gregory ez zen mintzatzeko gauza, baina tiro egiteko ere ez, eta begiekin galdezka geratu zitzaion.

        — Ez al duzu ikusten elkarri xake-mate eman diogula? —esan zuen Syme-k goraki—. Nik ezin esan diezaioket poliziari zu anarkista bat zarela. Zuk ezin esan diezaiekezu anarkistei ni polizia naizela. Nik egin dezakedan bakarra zera da, zu nor zaren jakinda begira egon; eta zuk beste hainbeste, ni nor naizen jakinda. Hitz batean, bakarkako duelo intelektual bat dugu geure hau, bion arteko buruz-buru bat. Ni poliziaren laguntzaz gabeturiko polizia bat naiz. Zu, lagun gaixoa, anarkiari hain funtsezko zaion lege eta antolaketaren laguntzaz gabeturiko anarkista bat zara. Bion arteko desberdintasun soil bakarra zure aldekoa da. Zu ez zaude polizia kuxkuxeroz inguraturik; ni anarkista kuxkuxeroz inguraturik nago. Nik ezin dizut zuri traiziorik egin, baina bai neure buruari. Tira, gizona: itxaron eta ikusiko duzu nola egiten diodan traizio neure buruari. Primeran egingo dut nik hori, ikusiko duzu.

        Gregory-k pistola jaitsi zuen, astiro, itsas-munstro bat balitz bezala begira-begira Syme-ri.

        — Nik ez dut sinesten hilezkortasunean —esan zuen azkenean—, baina, honen guztiaren ondoren, zeure hitza hausteko gai bazara, Jainkoak infernu bat egingo du zuretzat bakarrik, beti-betiko uluka hantxe egon zaitezen.

        — Ez dut hautsiko neure hitza —esan zuen Syme-k, serio-serio—, eta zuk ere ez duzu hautsiko zeurea. Hemen ditugu zure lagunak.

        Anarkista ostea gelara sartu zen, urrats astunez, nagitasuna edo nolabaiteko nekea nabarmenduz ibileran; gizontxo bizar-beltz betaurrekodun bat, ordea —Tim Healy jaunaren nolabaiteko antza zuena—, taldetik bereizi, eta aurrera lehiatu zen, paper batzuk eskuan.

        — Burkide Gregory —esan zuen—, gizon hau ordezkari bat izango da noski?

        Gregory-k, ezustean harrapaturik, begiak apaldu eta Syme-ren deitura murduskatu zuen; Syme-k, berriz, nabarmen samar ihardetsi zuen:

        — Pozgarri zait ikustea zuen atea aski ongi zaindua dagoela ordezkari ez den inork zail izan dezan hona sartzea.

        Gizontxo bizar-beltzaren bekainak, artean ere, kizkurturik segitzen zuen, susmo txarrez edo.

        — Zein adar ordezkatzen duzu? —galdetu zuen, zorrotz.

        — Nik ez nuke esango adar bat denik —esan zuen Syme-k, barrez—. Nik esango nuke gutxien-gutxienez sustrai bat
dela.

        — Zer esan nahi duzu?

        — Egia esan —esan zuen Syme-k patxada lasaiz—, egia esan behar badut, Sabatario bat nauzu. Iganderi behar bezala men egiten diozuen ikusteko mandatu bereziarekin etorria naiz.

        Gizontxoari bere paperetako bat erori zitzaion esku artetik, eta izu-ikara halako bat pausatu zen taldekoen aurpegietan. Bistan zenez, Igande zeritzan Lehendakari ikaragarri hark halako enbaxadore ezohikoak igorri ohi zituen tarteka adar-bilkuretara.

        — Hortaz, burkide —esan zuen paperdun gizonak, isilune baten ondoren—, hobe izango dugu aulki-leku bat ematea bilkuran.

        — Adiskide baten aholkua nahi baduzu —esan zuen Syme-k, onberatasun zorrotzez—, uste dut hobe duzuela, bai.

        Gregory, arriskuz beteriko elkarrizketa hartatik bere aurkaria onik ateratzen zela ikusirik, tupustean jaiki eta hara-
-hona ibiltzen hasi zen, gogoeta neketsuan. Izan ere, hil edo biziko diplomazia-auzi baten aurrean zegoen. Garbi zegoen bere etorri lotsagabea baliagarri izango zitzaiola Syme-ri, halabehar hutsezko kinka guztietan aurrera ateratzeko. Alde hartatik ez zegoen zer egin handirik. Berak ezin zezakeen Syme saldu, aldez ohoreagatik, eta aldez zeren, arrazoiren bategatik, hura suntsitzea lortzen ez bazuen, hala ihes eginda, Syme sekreturako obligazio guztietatik libre baitzegokeen, eta aski baitzukeen noski hurbileneko polizia-egoitzara jotzea. Azken finean, gau bakar bateko eztabaida baino ez zen, eta detektibe bakar bat haren berri izango zuena. Ahalik eta gutxiena agertuko zuen gau hartan bere planei buruz, eta gero Syme-ri alde egiten uzteko arriskua bere gain hartu.

        Anarkista taldearengana jo zuen, haiek ordurako bankuetan beren lekuak hartzen ari zirela.

        — Hasteko ordua ere badugu —esan zuen—; baporea zain egongo da honezkero ibaian. Buttons burkidea proposatzen dut mahaiburu.

        Proposamena esku jasoz onarturik, paperdun gizontxoa mahaiburu-aulkira lerratu zen.

        — Burkideak —hasi zen, pistola-tiro bat bezain ziplo—, gaurko gure bilkura hau garrantzizkoa da, nahiz ez duen zertan luzatu. Gure adar honek bere gain izan du beti Europako Biltzar Nagusirako Ostegun aukeratzeko ohorea. Ostegun asko eta bikainak aukeratu izan ditugu. Denok deitoratzen dugu joan den astera arte postu hori bete duen langile heroikoaren heriotza tamalgarria. Dakizuenez, zerbitzu ez nolanahikoak zor dizkio gure kausak. Hark antolatu zuen Brighton-eko dinamitaldi bikaina, zeinak, gauzak hobeki joan balira, kai gainean zeuden guztiak akabatu behar baitzituen. Orobat dakizuenez, heriotza ere bizitza bezain altruista izan zuen, ezen esnearen ordezko kare eta ur nahaste higieniko batean zuen fedea zela-eta hil zen, zeren barbarotzat baitzeukan edabe hori, behiaren aurkako krudelkeria baten bidez lortua izanik. Krudelkeriak, edo krudelkeriaren antzeko edozerk, barrua iraultzen zion. Baina ez gara bildu haren bertuteei ohore emateko, eginkizun nekezago baterako baizik. Zaila da haren kualitateak behar bezala goraipatzea, baina are zailagoa haien ordezkoa aurkitzea. Zuei dagokizue orain, burkideak, arrats honetan, bildu garenon artetik hautatzea Ostegun izango den gizona. Burkideren batek izenen bat iradokitzen badu, bozketara joko dugu. Inork ez badu izenik iradokitzeko, esan dezakedan gauza bakarra zera da, betirako galdu zaigun dinamitari preziatu horrekin batera galdua zaigukeela, jakin ezineko leize sakonetara galdu ere, haren bertuteen eta haren xalotasunaren azken sekretua.

        Ia ez entzuteko moduko txalo-dardara bat sumatu zen, elizan batzuetan izaten denaren gisakoa. Gero, bizar zuri luze beneragarri baten jabe zen agure luze-zabalak, akaso bilerako langile egiazko bakarra bera, astun-astun jaiki, eta esan zuen:

        — Gregory burkidea proposatzen dut Ostegun izateko hautagai—. Eta jaiki bezain astun eseri zen atzera.

        — Inor gehiago proposamen horren alde? —galdetu zuen bilera-buruak.

        Belusezko jaka zeraman gizontxo bizar-zorrotz bat agertu zen alde.

        — Bozketari ekin aurretik —esan zuen bilera-buruak—, Gregory burkidearen txanda da, adierazpen bat egin dezan.

        Gregory txaloaldi bikain baten erdian zutitu zen. Hilotz antzo zurbil zegoen, eta kontrastean ile gorri bitxiak eskarlata ematen zuen ia. Baina irribarrez zegoen, lasai oso. Erabakia harturik zeukan, eta argi eta zelai ikusten zuen handik aurrera zein jokabide zegokion. Onena zen halako hitzaldi ematu, anbiguo bat egitea, anarkisten anaiarte harena azken finean arrisku handirik gabeko gauza zelako inpresioa uzteko detektibearen buruan. Bere literatur ahalmenean sinesten zuen, ñabardura sotilak iradoki eta hitz egokiak aukeratzeko zuen gaitasunean. Pentsatzen zuen kontu apur batez lor zezakeela, inguruan zuen jende hura guztia gora-behera, erakundearen halako irudi modu sotil eta delikatu batean faltsu bat ematea. Syme-k lehen ere pentsatu izan zuen anarkistak, beren erronka harro guztien azpitik, pailazoarena egiten baino ez zirela ari. Ezin ote zion berak orain, arriskuaren tenorean, horixe pentsarazi?

        — Burkideak —hasi zen Gregory, ahots baxu baina sarkor batez—, ez da beharrezkoa nik hemen azaltzea nire egitasmoa zein den, zuen egitasmo bera baita. Gure sinesmena gaitzesana izan da, desitxuratua, erabat nahastua eta ezkutatua, baina sekula ez ezertan aldatua. Anarkismoaz eta anarkismoaren arriskuez mintzo direnek toki guztietara jo dute beren informazioaren bila; edozein tokitara, salbu eta guregana, salbu eta iturburura. Anarkistei buruz dakitena bost-xentimoko nobeletatik dakite; Ally Sloper's Half Holiday eta Sporting Timesetik dakite anarkisten berri. Sekula ez dute ezer jakiten anarkistei buruz anarkistengandik. Guk ez dugu aukerarik Europako mutur batetik bestera guregatik esaten dituzten mendi-halako oker-irainak gezurtatzeko. Izurri ibiltariak garela betidanik aditu duen gizonak ez du inoiz entzun gure erantzuna. Ongi dakit ez duela entzungo gau honetan ere, nire hitzaren berotasuna gure gaineko sabaia altxarazteko modukoa izanik ere. Zeren sakonean, lurraren barne sakonean baizik ezin baitira bildu jazarriak, kristauak katakunbetan biltzen ziren bezala. Baina, halabehar sinesgaitz baten bitartez, gaur hemen balego bizi guztian gutaz halako irudi guztiz ere okerra izan duen gizon bat, honako galdera egingo nioke: «Kristau haiek katakunba haietan elkartzen zirenean, nolako ondra-fama zuten han gaineko karriketan? Zer izugarrikeriak ez zizkioten kontatuko erromatar ongi heziek elkarri haien gainean? Egizu gogo —esango nioke—, egizu gogo historiaren paradoxa oraindik ere misteriotsu horren errepikapena baino ez dela gurea. Egizu gogo kristauek bezain arriskugabeak garelakoxe dirudigula kristauek bezain asaldagarriak. Egizu gogo horrexegatik dirudigula haiek ziruditen bezain zoro: kristauak bezain otzanak garelakoxe.»

        Hasierako esaldiei abegi egin zien txaloaldia ezarian motelduz joan zen, eta azken hitzekin ziplo etenda geratu zen. Bat-bateko isiltasunean, belusezko jaka zeraman gizonak, ahots altu, garrasi-antzeko batez, esan zuen:

        — Ni ez naiz otzana!

        — Witherspoon burkideak diosku —jarraitu zuen Gregory-k— bera ez dela otzana. Ah, zein gutxi ezagutzen duen bere burua! Hitzak, izan ere, neurriz kanpokoak ditu; itxura, berriz, basa-antza, eta akaso (gustu arruntarentzat) ez oso erakargarria. Nirea bezalako adiskidetasun sakon eta delikatu baten begiek baizik ezin dezakete atzeman, alabaina, hondo-hondoan ageri duen otzantasun sendozko oinarri sakona, berak ikusteko ere sakonegia. Berriz diot: gu gara benetako lehen kristauak; beranduegi heltzea, besterik ez. Xaloak gara, haiek xaloak ziren bezala: begira Witherspoon burkideari. Lotsa onekoak gara: begira niri. Errukitsuak gara: ...

        — Ez, ez! —deiadar egin zuen belusezko jakadun Witherspoon jaunak—. Errukitsuak garela diot —errepikatu zuen Gregory-k haserre— lehen kristauak errukitsuak izan ziren bezala. Horrek ez zuen eragotzi, hala ere, giza haragi jale izatea lepora ziezaieten. Guk ez dugu giza haragirik jaten...

        — Tamala! —oihuz Witherspoonek—. Zergatik ez?

        — Witherspoon burkidea —esan zuen Gregory-k, bozkario sukartsuz— irrikaz dago jakiteko zergatik inork ez duen bera jaten (barre). Hemen, bederen, bihotzez maite duen lagunarte honetan, maitasunean oinarritzen den lagunarte...

        Ez, ez! —berriz Withespoon-ek—. Behera maitasuna!

        — Maitasunean oinarritzen den lagunarte honetan —errepikatu zuen Gregory-k, hortzei kirrinka eraginez—, ez dugu zalantzarik gorputz bat bezala bat eginik erdietsi nahi ditugun jomugez, eta jomuga horiexei helduko diet nik gorputz horren ordezkari gisa hautatzen banauzue. Asasinotzat eta gizartearen etsaitzat aurkezten gaituzten mihi gaiztoei inolako jaramonik egiteke, adorez helduko diegu, ahalegin isil, intelektualez, anaitasunaren eta xalotasunaren ideal betierekoei.

        Gregory-k, eseri eta eskua pasatu zuen bekokian. Isilune bat gertatu zen betan, deseroso, baina bileraburuak, automata baten gisa zutitu, eta ahots koloregabez esan zuen:

        — Gregory burkidea hautatzearen aurka inor?

        Batzarrak modu lauso, subkontziente batez gogozapuztua zirudien, eta Witherspoon burkidea artega higitzen zen bere aulkian, bere bizar trinkorako marmarka. Errutinaren errutinaz, hala ere, mozioa aurrera aterako zen. Bileraburua ebazpena emateko ahoa irekitzera zihoala, ordea, Syme, ziplo zutitu, eta ahots apal bare batez esan zuen:

        — Bai, bileraburu jauna, ni nago aurka.

        Oratorian gauzarik eragingarriena ahots-aldaketa ezusteko bat da. Gabriel Syme jauna, bistan zenez, jantzirik zegoen oratoria kontuan. Lehen hitz formalok ahots moderatuz eta xalotasun laburrez esan ondoren, hurrengoak sabai-gangan zartaka durundiarazi zituen, armetako bat bere gisa tiroka hasi bailitzan.

        — Burkideak! —egin zuen deiadar, zeuden lekutik dardaraz jauzaraziz bilerako guztiak—, honetarako etorri gara hona? Arratoiak bezala lurpean bizi, horrela hizketan entzuteko? Igande-Eskola bateko ekitaldi batean bizkotxoak janez entzun litekeen hitz-modua da hori. Honako hormok armaz josi eta horrako atea herioz itxi, zertarako, eta inor ezin izan dadin sartu Gregory burkideari entzutera guri esaten: «Izan onak, eta zoriontsu izango zarete», «zintzotasuna da jokabiderik onena», eta «bertuteak beregan du saria»? Ez zegoen hitz bat bera ere Gregory burkidearen hitzaldian, apaiz batek gustura entzungo ez zuenik (hori, hori!). Ni ez naiz, ordea, apaiz bat (animo ozenak), eta ez naiz egon gustura entzuten (animo gehiago). Apaiz on bat izateko egokia den gizona ez da egokia Ostegun adoretsu, sendo, erabakior bat izateko (hori, hori!).

        Gregory burkideak esan digu, desenkusaz beteriko tonuan, gu ez garela gizartearen etsaiak. Baina nik diot halaxe garela, eta hainbat gizartearentzat kaltean. Gizartearen etsaiak gara, gizartea gizateriaren etsaia delako, gizateriaren etsairik zaharren eta gupidagabeena (hori, hori!). Gregory burkideak esan digu, desenkusaz berriro, gu ez garela asasinoak. Horretan bat nator. Ez gara asasinoak, exekutatzaileak baizik (animoak).

        Syme zutitu zenetik, bere aulkitik begira-begira egona zitzaion Gregory, aurpegia txundiduraz leloturik. Oraingo isilunean, baina, haren kare-ezpainak erdiz erdi ireki ziren, eta halako zorroztasun automatiko, bizigabe batez ebaki zituen hitzak:

        — Hipokrita alaena!

        Syme-k begi ikaragarri haietara bere begi urdin-argiez zuzen begiratu, eta duintasunez esan zuen:

        — Gregory burkideak hipokresia leporatzen dit. Nik bezain ongi daki neure engaiamendu guztiak betetzen ari naizela eta nire eginbeharra dena baizik ez naizela egiten ari. Itzulingururik gabe mintzo naiz. Ez dut itxurarik egiten. Esaten ari naiz Gregory burkidea desegokia dela Ostegun izateko, bere izamolde jator hori gora-behera. Izamolde jator horrexengatik da, hain zuzen, Ostegun izateko desegokia. Ez dugu nahi Anarkiaren Biltzar Nagusia halako bihozberatasun belaxkaz kutsatzerik (hori, hori!). Hau ez da garaia zeremoniazko kortesiarako, ez eta apaltasun xalorako. Gregory burkidearen aurka jartzen dut neure burua, Europako gobernu guztien aurka jarriko nukeen bezala, zeren bere burua anarkiari emana den anarkistak ahaztua baitu apaltasuna, harrokeria ahaztua duen bezala (animoak). Ni ez naiz gizon bat inola ere. Ni kausa bat naiz (animo gehiago). Gregory burkidearen aurka jartzen dut neure burua, hain inpertsonalki eta hain lasaiki nola horrako hormako pistolen artean bat besteetatik bereiziko nukeen; eta, Batzar Nagusian Gregory eta bere ur-esne jokabideok ikusi baino lehenago, neure burua eskainiko nuke hautagai...

        Txalo zaparrada latz, gorgarri batek ito zuen esaldia. Aurpegiak, adostasunez gero eta piztiberoagotuz joanak erretolikak zeharbideari utzi ahala, zer gertatuko irrimirriz oker ageri ziren batzuk, atsegin-garrasiz ebakirik bestetzuk. Ostegun posturako hautagai izateko prest zegoela iragarri zuen unean, asaldura eta adostasun orro bat lehertu zen, eta ez zegoen inolaz ere hura kontrolatzerik. Une hartantxe, Gregory, ahotik bitsa zeriola, zutitu, eta oihuka ekin zion oihuen kontra.

        — Zaudete, gero, eroak ez bestelakoak! —egin zuen deiadar, ahotsaren ahaleginean eztarria urratzeraino—. Zaudete, gero!

        Gregory-ren oihuak eta gelako harrabotsak baino are ozenago, ordea, Syme-ren ahotsa entzuten zen artean ere, trumoi-hots gupidagabe:

        — Ez noa Biltzarrera erantsi diguten hiltzaile-izen hori garbitzeko; izen hori irabaztera noa (animoak, ozen, luze). Gizonok erlijioaren etsaiak dira dioen apaizari, gizonok legearen etsaiak dira dioen epaileari, gizonok ordenaren eta jendartekotasunaren etsaiak dira dioen parlamentari lodiari, horiei guztiei, hona nire erantzuna: «Errege faltsuak zarete, baina benetako profetak. Zuek suntsitzera etorria nauzue, eta zuen profeziak betetzera.»

        Ardaila ozena motelduz joan zen ezarian, baina, erabat itzali baino lehen, jauzi batez zutitua zen Witherspoon, ilea eta bizarrak tente-tente, esanez:

        — Emendakin gisa, proposatzen dut Syme burkideari eman dakion postua.

        — Bertan behera uzteko esan dizuet! —egin zuen deiadar, Gregory-k, aurpegiaren eta eskuen espantuz—. Bertan behera utzi, zer honek guztiak...

        Bileraburuaren ahotsak azentu hotzez moztu zuen Gregory-ren jarduna:

        — Emendakinaren alde inor?

        Begi malenkoniatsuak eta amerikar jiteko kokots-bizarra ageri zituen gizon altu, nekatu bat astiro zutitu zen atzeko bankuan. Gregory-k denbora puska bat zeraman garrasika; oraingoan aldaketa bat gertatu zen haren doinueran, ezein garrasi baino lazgarriago baitzen.

        — Pikutara dena! —esan zuen, harria bezain astuna zen ahotsez—. Ez dago gizon hau hautatzerik. Gizon hau...

        — Bai? —esan zuen Syme-k, zirkinik ere egiteke—. Zer gertatzen zaio gizon honi?

        Gregory-ren ahoa soinurik gabe higitu zen birritan; gero odola narraska itzuli zitzaion, poliki-poliki, hilotz-aurpegi zurbilera.

        — Bada, esperientzia gutxi duela, oso, gure lanean —esan zuen, eta ziplo eseri zen.

        Hura eseri orduko, bizar amerikardun gizon luze, zimela zutik zegoen berriro, ahots altuko amerikar doinu betiberdinez errepikatuz:

        — Arren, Syme burkidea hautatzeko proposamenarekin ados nago ni.

        — Emendakina, ohi denez, lehenik bozkatuko da —esan zuen Buttons jaunak, bileraburuak, bizkortasun mekanikoz—. Bozkatzen dugu ea Syme burkidea...

        Gregory berriro zutitua zen, arnasestuka, asaldu bizian.

        — Burkideak —egin zuen deiadar—, ez nago erotuta.

        — Oh, oh! —esan zuen Witherspoon jaunak.

        — Ez nago erotuta —berresan zuen Gregory-k, une batez gela osoa kolokan jarri zuen halako zinezkotasun izugarri batez—, baina nahi baduzue erotzat jo dezakezuen aholku bat ematen dizuet. Ez, ez da, zuzen hitzeginez, aholku bat, ezin baitizuet hartarako arrazoirik eman. Agindu bat dela esan dezagun. Aholku ero bat dela pentsa ezazue, baina kasu egiozue. Jo, baina jaramon egidazue! Hil nazazue! baina men egidazue! Ez hautatu gizon hau.

        Egia hain da ikaragarria, are loturik dagoenean ere, ezen une batez Syme-ren garaipen badaezpadako hura kili-kolo jarri baitzuen, haizeak ihi herbala nola. Inork ezin izango zuen, ordea, halakorik igarri Syme-ren begi urdin bareetan. Soilik honela ekin zion:

        — Gregory burkideak agintzen du...

        Orduan liluramendua hautsi egin zen, eta anarkista batek deiadar egin zion Gregory-ri:

        — Nor zara zu ba? Zu ez zara Igande.

        Eta beste anarkista batek ahots goragoz gehitu zuen:

        — Ezta Ostegun ere.

        — Burkideak —ekin zion Gregory-k, oinazearen estasian oinazeaz haraindi iragan den martiri baten ahotsez—, bost axola niri tiranotzat gorrotatzen nauzuen zein esklabotzat. Nire agindua onartzen ez baduzue, onartu nire degradazioa. Belauniko eskatzen dizuet. Zuen oinetara egozten dut neure burua. Arren erregutzen dizuet. Ez hautatu gizon hau.

        — Burkide Gregory —esan zuen bileraburuak isilune oinazetsu baten ondoren—, ez da hori, gero, gisa duina.

        Ekitaldi guztian lehen aldiz, une bakan batzuez benetako isiltasuna gertatu zen. Gero Gregory bere aulkian amildu zen atzera, giza hondakin zurbil, eta bileraburuak, berriro martxan jarritako erloju-makina bat bezala, errepikatu zuen:

        — Biltzar Nagusian Ostegun izateko Syme burkidea izendatzea dugu bozketagai.

        Itsasoa bezala goratu zen orroa, oihan bat bezala eskuak ere gora, eta handik hiru minutura Gabriel Syme jauna, Polizia Sekretuaren Zerbitzukoa, hautaturik zegoen Europako Anarkisten Biltzar Nagusian Ostegun izateko.

        Bilerako orok sentitzen bide zuen baporea ibaian zain, eta, orobat zain, ezpata-makila eta errebolberra mahai gainean. Bozketa amaitu zela eta eragoztezina zela garbi geratu eta Syme-k hautetsi-agiria jaso zuen unean, brau zutitu ziren denak, eta talde basakarak harat-honatean nahastu ziren. Syme-k, nola edo hala, Gregory-ren aurrez aurre topatu zuen bere burua. Harri eginiko gorrotoz begira segitzen zuen. Isilik egon ziren minutu luzez.

        — Deabru hutsa zara! —esan zuen Gregory-k azkenean.

        — Eta zu zinez gisatsua —erantzun zuen Symek serio-serio.

        — Zuk sartu nauzu ni amarru-zuloan —ekin zion Gregory-k, burutik behatzetaraino dardaraz—, halako amarru-zuloan non...

        — Ez esan txorakeriarik —moztu zion Syme-k, zorrotz—. Zer deabruetako parlamentu-zulotara ez nauzu zuk limurtu, horretara bagoaz? Nik zu behartu aurretik behartu nauzu zuk ni zin egitera. Beharbada zuzen deritzoguna egiten ari gara biok. Baina zuzen deritzoguna hain arraioetan desberdin izanik, ez dugu geure artean elkarri zertan amor emanik deus ere. Ezin izan liteke deus ere gure artean, ohorea eta heriotza baizik —eta kapa handi hura sorbalda gainean jantzi eta mahai gainetik pattar-ontzia hartu zuen.

        — Baporea prest-prest da —esan zuen Buttons jaunak, oldar bizian—. Arren, zatoz nirekin, hemendik.

        Dendazain batena zen keinu nabarmen batez, burdinaz estaliriko pasabide labur batetik eraman zuen Syme, Gregory beren oinatzetan jarraika, artean ere herio-larri. Pasabidearen amaieran, ate bat zegoen; Buttons-ek hura tupustean ireki, eta ibaiaren irudia bistaratu zitzaien bat-batean, ilargiak urdin eta zilar kolorez jantzirik, antzerki bateko agertoki batean bezala. Hantxe ondoan bapore ñaño bat zegoen, begi gorri bakarreko herensuge bat irudi.

        Ontzi gainera iragaiteko unean ia, Gabriel Syme Gregory-rengana jiratu zen, hura artean ere ahoa zabalik zegoela.

        — Emandako hitzari eutsi diozu —esan zuen emeki, aurpegia itzalean—. Hitzeko eta jator agertu zara, eta eskerrak ematen dizkizut. Eta eutsi ere, ia huskeria den xehetasun bateraino eutsi diozu zeure hitzari. Promes berezi bat egin didazu gure honen hasieran, eta zinez bete duzu zeure hitza amaierako honekin.

        — Zer esan nahi duzu? —ekin zion Gregory-k, kaos hutsean oihuka—. Zer agindu dizut nik?

        — Guztiz arrats entretenigarria —esan zuen Syme-k, eta agur militar bat egin zuen ezpata-makilaz, baporea bere bidean astiro abiatzen zela.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia