2. KAPITULUA

Gabriel Syme-ren sekretua

 

        Kotxea garagardotegi bereziki lizun- eta koipe-zulo baten aurrean geratu zen, eta Gregory-k bizkor eraman zuen bere laguna barrura. Halako saloi-bar estu, argi-eskas batean eseri ziren, zurezko mahai zikin hanka-bakar batera. Hain zen gela txikia eta iluna, ezen nekez baitzitekeen deus bereiz deira etorri zen zerbitzariaz, ez bazen halako bizardun kankailu bat zelako inpresio lausoa.

        — Afalduko duzu noski zertxobait? —galdetu edo zion Gregory-k, gisatsu—. Pâte de foie grasa ez dute oso ona, baina zinez gomendatzen dizut orkatz-okela.

        Syme-k soraio jaso zuen iruzkina, txantxatzat jorik. Umore-ildo beretik, heziera oneko ezaxolatasun lasaiz esan zuen:

        — Otarraina maionesarekin hartuko dut.

        Baita erabat txunditurik geratu ere, gizona, «Berehala, jauna» esan, eta, antza, agindurikoaren bila joan baitzen.

        — Zer edan nahi duzu? —berrekin zion Gregory-k, lehengo tonu arduragabe baina desenkusa-usaineko berean—. Nik neuk crême de menthe hutsa hartuko dut; afalduta nago. Xanpainak ez du inolako aitzakiarik. Zer iruditzen zaizu Pommery botila-erdi bat, hasteko, gutxienez?

        — Eskerrik asko —esan zuen Syme-k, zurturik—. Estimatzen dizut.

        Artean ere solas-saio baldarren bat edo beste egin bazuen ere, otarrainaren agerpenak eten zizkion ziplo Syme-ri. Dastatu, eta bereziki ona iruditu zitzaion. Orduan mauka-
-mauka jateari ekin zion.

        — Barkatu halako gozatu nabarmena hartzen badut —esan zion Gregory-ri, irribarrez—. Nire zoriak ez dit askotan ematen halako ametsetarako aukerarik. Estreineko aldia dut amesgaizto batek otarrain batera nakarrena. Batekoz beste izan ohi da kontua normalean.

        — Ez zaude lotan, sinestadazu —esan zuen Gregory-k—. Aitzitik ere, zure biziko unerik errealen eta erneenaren aurrean zaude. Hara, hor dator zure xanpaina! Aitortzen dut egon litekeela halako desoreka ttiki bat, nolabait esateko, ostatu bikain honen barne antolaketaren eta kanpoaldeko itxura soil, apaingabearen artean. Apaltasuna baitugu begiko. Lurgainean sekula bizi izan den jenderik apalena gara.

        — Nortaz ari zara gu diozunean? —galdetu zuen Syme-k—, xanpaina kopa hustuz.

        — Ez da zaila asmatzen —ihardetsi zion Gregory-k—. Gu anarkista benetakoak gara, zuk sinesten ez dituzun horiek.

        — Bada —bota zion Syme-k—, bapo zabiltzate edarien kontuan.

        — Hala da, bai, serio hartzen dugu hori ere —erantzun zuen Gregory-k.

        Gero, isilune baten ondoren:

        — Hemendik pixka batera mahai hau apur bat jiraka hasten bada, ez egotzi hori xanpainaren eraginari. Ez dut nahi zeure buruari oker iritz diezaiozun.

        — Tira, ez nago mozkorrik, erotuta nago —ihardetsi zuen Syme-k, patxada osoz—; baina espero dut edozein kasutan jaun gisatsu baten modura portatzea. Erretzerik bai?

        — Bai noski! —esan zuen Gregory-k, puru-kaxa bat aterarik—. Probatu nireetatik.

        Syme-k zigarro bat hartu zuen; poltsikotik atera zuen puru-mozteko batez muturra kendu, ahoan kokatu, astiro piztu, eta ke laino luze bat jaulki zuen. Eta ez zuen meritu makala errituok egokitasunez burutzea, zeren, ia zigarroarekikoei ekin orduko, mahaia jiraka hasi baitzen, hasieran geldiro, eta gero bizkor, izpiritismo-saio burugaldu batean bezala.

        — Ez arduratu —esan zuen Gregory-k—, torloju moduko bat da.

        — Ah, bai —esan zuen Symek patxadaz—, torloju moduko bat! Sinplea gauza!

        Handik berehala, zigarroaren kea, ordura arte gelan zehar suge bat bezala zigi-zaga ibilia, zuzen gora tentetu zen, lantegi bateko tximiniatik bezala, eta bi gizonak, aulki, mahai eta guzti, ziplo galdu ziren zoruan behera, lurrak irentsi balitu bezala. Binbilika jaitsi ziren, berealdiko erruan, tximinia moduko batetik, hariak etendako igogailu bat bezain azkar, eta danbada zakar batez jo zuten hondoa. Guztiarekin ere, Gregory-k ate pare bat ireki eta lurpeko argi gorria sartu zenean, Syme-k purua erretzen segitzen zuen, zangoa zango gainean, eta ez zitzaion nahastu bere ile laruetatik bat bera ere.

        Gregory-k pasabide makur, gangatu batetik eraman zuen. Haren azken muturretik zetorren argi gorria. Argiontzi gorrimin eskerga bat zen, ia sutegi bat bezain handia, burdinazko ate txiki baina astun baten gainean jarria. Atean sabaizulo edo sare-leiho moduko bat zegoen, eta hartan jo zuen Gregory-k bost aldiz. Kanpotar azentua zuen ahots sendo batek nor zen galdetu zion. Eman zuen erantzuna ezusteko samarra gertatu zen: «Joseph Chamberlain jauna». Ate-erro astunak higitzen hasi ziren; kontrazeinu moduko bat zen, noski.

        Atetik barrura, halako dirdai bat zerion pasabideari, altzairu-sarez lerroztatuak bailituen hormak. Hobeki begiraturik, Syme-k ikusi zuen ez zela hori, baizik dirdir hura, pakete estutan nahiz elkarri loturik, hantxe lerroka gordetzen ziren kabitu ahal errifle eta errebolberrena zela.

        — Arren eskatzen dizut formalitate guztiok barkatzeko —esan zuen Gregory-k—; zorrotz jokatu beharra daukagu hemen.

        — Oh, ez desenkusatu —esan zuen Syme-k—. Ezagutzen dut lege eta ordenaren alderako duzun grina —eta aurrera egin zuen, altzairuzko armaz lerroztaturiko pasabidean barrena. Bere ile luze argi eta soingaineko luze dotore harekin, guztiz itxura hauskor, bitxia zuen, heriotzaren hiribide distiratsu hartan behera zihoala.

        Halamoduzko zenbait pasabidetatik iragan ziren, eta azkenean altzairuzko ganbara estrainio batera iritsi ziren. Ganbarak horma okerrak zituen; ia esferikoa zen. Banku-
-ilara batzuek, hala ere, zientziazko ikas-areto biribil horietako baten tankera apur bat ematen zioten. Ez zegoen ez erriflerik ez pistolarik gelan, baina, hormen jiran, are itxura badaezpadakoago eta lazgarriagorik ageri zen han zintzilik: burdinazko landare batzuen erraboilak edo burdinazko txori batzuen arrautzak. Bonbak ziren, eta gelak berak ere bonba baten barrualdearen itxura zuen. Syme, bere puruaren hautsa hormaren kontra astindu, eta sartu egin zen.

        — Eta orain, Syme jaun preziatua —esan zuen Gregory-k, bonbarik handienaren peko bankuaren gainera egotziz lagunkiro bere burua—, leku lasai honetan, garbi hitz egiteko moduan gaude. Ez dago giza hitzik, aditzera eman diezazukeenik zergatik ekarri zaitudan hona. Erreakzio guztiz arbitrario horietako bat izan da, labar batetik bera jauzi egitea edo maitemintzea bezala. Aski izan bedi esatea zu edonor bere onetik ateratzeko moduko tipoa agertu zarela, eta, egia esateko, oraindik ere hala ikusten zaitut. Hogei sekretu-zin ere hautsiko nituzke zuri haize horiek apaltzeko plazerraren truke. Zigarro bat pizteko duzun modu horrek aitortzaren sekretua aise hautsaraziko lioke apaiz bati. Tira, esan duzu guztiz ziur zeundela ni ez nintzela anarkista serio bat. Hartzen al diozu batere serio trazarik toki honi?

        — Hala dirudi, bai, funts bat behar duela honek, bere dibertigarrian —baieztu zuen Syme-k—; baina egin al diezazkizuket bi galdera? Ez duzu beldurrik izan behar niri informazioa emateko, ezen, oroituko zarenez, promes eginarazi didazu, zuhur, ez niola poliziari deus kontatuko, eta ziur egon zaitezke eutsiko diodala neure hitzari. Jakingura hutsez egiten dizkizut, beraz, itaunok. Lehenengo eta behin, zertara dator hau guztia? Zeren kontra zaudete? Zer nahi duzue, Gobernua deuseztatu?

        — Jainkoa deuseztatu! —esan zuen Gregory-k, fanatiko baten begiak zabalduz—. Ez dugu aski hiruzpalau jarrera despotiko eta beste hainbeste polizia-araubide hankazgora jartzea; anarkismo suerte hori existitzen da, baina Ezkonformisten adar bat baino ez da. Guk sakonago aztertzen dugu, eta gorago doaz gure jomugak. Bizio eta bertute, ohore eta traizio bereizkuntzak, matxino hutsek oinarri hartzen dituzten bereizkuntza arbitrario guztiok ukatzera gatoz gu. Frantziako Iraultzako sentibera ergel haiek Gizonaren Eskubideez mintzo ziren. Guk gorroto ditugu Eskubideak eta orobat gorroto Bidegabekeriak. Zuzena eta Okerra abolitu ditugu.

        — Eta Ezkerra eta Eskuina —esan zuen Syme-k, berotasun zozoz—, espero dut horiek ere abolitzea. Askoz ere gatazkatsuagoak zaizkit niri.

        — Bigarren galdera bat ere aipatu duzu —moztu zuen Gregory-k.

        — Atsegin handiz —jarraitu zuen Syme-k—. Zuen ekintzotan guztiotan eta ingurumarietan, bada sekreturako saio zientifiko halako bat. Izeba bat badut denda baten gainean bizi zena, baina lehenbiziko aldia da aukeran taberna baten azpian bizi nahi duen jendea aurkitzen dudana. Burdinazko ate sendo bat jarri duzue. Ezin zarete hartatik pasatu, zuen buruari Chambelain jauna deitzeko umiliazioari men egin ezean. Inguru guztia altzairuzko tresnaz josita daukazue, eta horrek, atrebentziarekin esan dezadan, etxekoi bainoago, lazgarri bihurtzen du lekua. Galde dezaket, bada, zuen burua lurraren barrunbeetan barrikadetaratzeko lan hori guztia hartu ondoren, zer dela-eta erakusten duzun gero denen aurrean nabarmen zuen sekretua, Saffron Park-eko emakume ergeloi anarkismoaz hitz eginez?

        Gregory-k irribarre egin zuen.

        — Erraza da erantzuna —esan zuen—. Nik esan dizut zuri benetako anarkista bat nintzela, eta zuk ez didazu sinetsi. Bada, haiek ere ez didate sinesten. Non eta ez ditudan infernu-gela honetara ekartzen, ez didate inoiz sinetsiko.

        Syme-k gogoetatsu erretzen zuen purua, Gregory-ri arretaz so. Hark jarraitu egin zuen.

        — Dibertigarria gertatuko zaizu agian horren historia —esan zuen—. Anarkista Berrietako kide bilakatu nintzenean, hasieran mota guztietako errespetuzko mozorroak saiatu nituen. Gotzain jantzirik ibili nintzen. Sineskeria, banpiro hori eta Apaiz harrapariak gure panfleto anarkistek apezpikuei buruz zekarten guztia irakurri nuen. Irakurketa horietatik garbi atera nuen edonor ikaratzeko moduko agure estrainio batzuk direla gotzainak, gizateriari sekretu krudel bat ezkutatu nahi diotenak. Lehen aldiz gotzain jantzirik agertu nintzenean saloi batera, eta trumoi-ahotsez oihuztatu: «Utikan! utikan! giza adimen handi-ustea!», nola edo hala antzeman zidaten ez nintzela inongo apezpikua. Ber-bertan atxilotu ninduten. Milioidun baten mozorroa saiatu nuen hurrena; baina hain burubide argiz aldeztu nuen Kapitala, ezen inozoenak ere aise ikus baitzezakeen behartsu hutsa nintzela. Gero gudalburu baten uniformearekin saiatu nintzen. Izatez, gizakoia naiz ni, baina badut, espero dut, heziketa intelektual nahikorik, zera, Nietzsche-k bezala, bortxa miresten dutenen jarrera ulertzeko... Naturaren gudu itsu harroa, eta hori guztia, badakizu. Gudalburuaren lekuan jarri nintzen, buru-belarri. Ezpata atera eta zirti-zarta erabiltzen nuen taigabe. «Odola!» oihukatzen nuen, arretarik jarri gabe, ardoa eskatuko lukeenak bezala. Sarri esaten nuen: «Utzi ahulei beren gisa hiltzen; hori da Legea.» Bada, nonbait, ez dirudi hala jokatzen dutenik gudalburuek. Berriro atxilotu ninduten. Azkenean, etsi-etsian, Anarkisten Batzar Nagusiko Lehendakariarengana jo nuen, Europako gizonik bikainena baita.

        — Nola du izen-deitura? —galdetu zuen Syme-k.

        — Ez zenuke ezagutuko —erantzun zuen Gregory-k—. Horretan ageri da haren bikaintasuna. Zesarrek eta Napoleonek beren asma-ahal guztia ipini zuten entzutetsuak izateko, eta bete-betean lortu zuten. Hark bere asma-ahal guztia ipini du entzutegabea izateko, eta bete-betean lortu du. Baina bost minutu pasatu harekin gela batean, eta ez zaizu dudarik geldituko ezen, haren eskuetan, haur gisako batzuk baizik ez ziratekeela Zesar eta Napoleon.

        Isilik eta are zurbil geratu zen une batez, eta gero jarraitu:

        — Izan ere, aholkuren bat ematen duenean, epigrama bat bezain txundigarria izaten da beti, eta hala ere Ingalaterrako Bankua bezain praktikoa. Esan nion: «Zer mozorrok ezkuta nazake mundutik? Zer nuke errespetagarriagorik gotzainak eta gudalburuak baino?» Bere aurpegi zabal baina igartezin horrekin begiratu zidan. «Mozorro seguru bat behar duzu, ezta? Arriskurik ez duzula bermatuko duen itxura bat nahi duzu; inork sekula bonba bila arakatuko ez duen jantzi bat?» Baietz egin nion buruaz. Bat-batean bere lehoi-ahots hori jaso zuen: «Zergatik ez zara, hortaz, anarkista mozorrotzen, txoriburu hori!» bota zidan, halako marruaz, non dardaraz utzi zuen gela. «Hala inork ez du espero izango zugandik ezeren okerrik.» Eta bere bizkar zabala eman zidan, beste hitzik gabe. Jaramon egin nion aholkuari, eta ez naiz inoiz damutu. Izugarrikeriarik odoltsuenak predikatzen aritu natzaie emakume horiei gau eta egun, eta —Jainkoarren— beren haur-kotxeak eramaten ere utziko lidakete lasai asko.

        Syme begira geratu zitzaion, bere begi zabal, urdin haietan nolabaiteko errespetua agertuz.

        — Ziri ederra sartu didazu —esan zuen—. Ez da batere amarru txarra.

        Gero, isilune baten ondoren, jarraitu zuen:

        — Nola deitzen diozue zuen Lehendakari ikaragarri horri?

        — Jeneralean Igande esaten diogu —erantzun zuen Gregory-k, xalo-xalo—. Hara: Anarkisten Batzar Nagusia zazpi kidez osatua da, eta asteko egunen izena ematen zaie. Hura Igande da guretzat; Igande Odoltsu, haren miresleetako batzuentzat. Gauza bitxia da zure aldetik hori galdetzea, zeren zuri bazter hauetara bisita egitea (hala esaterik badaukat) bururatu zaizun gau honetantxe hautatu behar baitu gure Londresko adarrak, gela honetan batzartzen den taldeak, hain zuzen, bere ordezkaria, Batzarrean gertatu den hutsune bat betetzeko. Denboraldi batez, egokitasunez eta denon onespenez, Ostegun-en eginkizun ez batere erraza bete duen jauna guztiz bat-batean hil da. Horren kariaz, arrats honetarakoxe deitu dugu batzarra, haren ondorengoa aukeratzeko.

        Zutik jarri, eta gelan zehar ibiltzen hasi zen, mantso-mantso, irribarrez estaliriko ahalke moduko batez.

        — Nire ama bazina bezalako sentsazioa edo dut zurekin —berrekin zion, seriotasuna kenduz hitzei—. Edozer gauza aitor diezazuket, konfiantza osoz, isilik gordetzeko promesa egin baituzu. Oraintxe bertan, esaterako, hemendik hamar bat minutura hona bilduko diren anarkistei modu berean inolaz ere aitortuko ez niekeen zerbait aitortu behar dizut. Jakina, hauteskunde moduko bat antolatu beharko da; baina ez zait axola zuri esatea ia jakina dela zein izango den emaitza —une batez begiak lurrera jarri zituen, apal—. Ia gauza segurua da ni izango naizela Ostegun.

        — Lagun preziatua —esan zuen Syme-k, bihotz beroz—, zorionak! Bikaina karrera!

        — Gregory-k irribarre egin zuen, garrantzia kenduz, eta gelan zehar ibiltzen hasi zen, bizkor-bizkor hitz eginez.

        — Egia esan, dena prest dago niretzat mahai honetan —esan zuen—, eta labur-labur joango da noski zeremonia.

        Syme ere mahaira inguratu zen pixkanaka, eta haren gainean topatu ibil-makila bat, zeina hurbilagotik arakaturik ezpata-makila izatea gertatu baitzen, Colt errebolber handi bat, ogitarteko-kaxa bat, eta brandy-petaka ez nolanahiko bat. Aulki gainean, mahai ondoan, itxura astuneko kapa edo soingaineko bat.

        — Gure arteko hauteskunde modu horrekikoak egin —segitu zuen Gregory-k, animaturik—, soingaineko-makilok hartu, beste zerok sakelan sartu, eta kobazulo honetako ate batetik ibaira irtengo naiz, eta hantxe edukiko dut zain bapore koxkor bat, eta gero... eta orduan... oi, Ostegun izatearen bozkario eta zoramena! —eskuak aurretiazko pozez estuturik.

        Syme, ohiko bere ezaxola-itxura guztiz nabarmen harekin eseria baitzen ostera, ohi ez bezalako zalantza-aire batekin zutitu zen.

        — Zergatik iruditzen ote zait —galdetu zuen, zalantzati— guztiz gizon prestua zarela? Zergatik ote zaitut dudarik gabe gogoko, Gregory? —une batez gelditu, eta gero halako jakingura bizi-bizi batez erantsi zuen—: Halakoxe astoa zarelako ote?

        Isilune gogoetatsu bat gertatu zen ostera, eta gero bero-bero ekin zion Syme-k:

        — Tira, pikutara kontuok! bizi guztian egokitu zaidan egoerarik xelebreena da hau, eta nik ere dagokion moduan jokatu behar dut, Gregory. Promes bat egin dizut hona sartu aurretik. Pintza gorien torturapean ere ez nuke hautsiko. Egin zeniezadake zuk, neronen segurtasunerako, gisa bereko promes koskor bat?

        — Promes bat? —galdetu zuen Gregory-k, harritu samarturik.

        — Bai —esan zuen Syme-k, oso serioski—, promes bat. Nik Jainkoaren aurrean zin egin dut ez niola poliziari zure sekretuaren berri emango. Egingo al duzu zuk zin Gizateriaren izenean, edo sinesten duzun demontre arraioaren izenean, ez diezula nire sekretuaren berri emango anarkistei?

        — Zure sekretua? —galdetu zuen Gregory-k, harri eta zur—. Sekretu bat duzu zuk?

        — Bai, —esan zuen Syme-k— sekretu bat dut —gero, isilune baten ondoren—: Zin egingo duzu?

        Gregory begira geratu zitzaion apur batez, zorrotz, eta gero kolpetik bota zion:

        — Sorgindu egin nauzu, antza, baina jakinmin eutsiezin bat sortu zait, horra, zuregana. Bai, zin egingo dut ez diedala anarkistei esaten didazun ezeren berririk emango. Baina agudo beharko du, ezen minutu pare bat barru hemen dituzu.

        Syme zutik jarri zen, eta bere esku zuri luzeak bere galtza gris, luzeen poltsikoetara sartu. Ia horrekin batera, bost kolpe entzun ziren kanpoko sare-leihoan, konspiratzaileetako lehena bazetorrela iragarriz.

        — Hara —esan zuen Syme-k astiro—, ez dakit nola adierazi egia laburrago ezen esanez poeta arriskugabearen jantziaz baliatzearen hori ez dela zuen Lehendakari horren trikimailua soilik. Scotland Yard-en aspaldian erabiltzen dugu amarru hori.

        Gregory zuzen tentetzen saiatu zen hirutan, baina ez zuen asmatu.

        — Zer diozu? —galdetu zuen, ahots gizagabez.

        — Bai —esan zuen Syme-k xalo-xalo—, poliziako detektibea nauzu. Baina, entzuten dudanez, hortxe ditugu zure lagunak.

        Ate aldetik halako marmar bat iristen zen: «Joseph Chamberlain jauna». Birritan eta hirutan errepikatu zen, eta gero hogeita hamar bider, eta Joseph Chamberlain jendetza (pentsamenduaren gaitza) han zetorren, pauso astun ozenez, korridorean barrena.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia