1. KAPITULUA

Saffron Park-eko bi poetak

 

        Saffron Park-eko aldiria Londresko sartaldean han zetzan, ilunabarreko hodei bat bezain gorri eta urratua. Goitik beheraino adreilu trinkoz eraikia zen; ortze-bista fantastiko hutsa zuen, eta oin-planta ere orobat itxuragabea. Arte kontuan ikuspegi nahasi samarra zuen eraikingin espekulatzaile baten tupusteko burubideari zor zitzaion. Arkitektura molde horri batzuetan Elizabeth estiloa eta bestetzuetan Queen Anne esaten zion, bi erreginak bat eta bera zirelako ustean baitzegoen, antza. Kolonia artistikotzat deskribatu izan dutenek ez diote okerrik, nahiz ez duen inolako modu zehazgarrian inolako arterik sortu. Baina zentro intelektual bat izatearena aski kontu lausoa bazen ere, toki atsegina izatearena, berriz, ezin ziezaiokeen inork ere uka. Etxe gorri bitxiak lehen aldiz ikusten zituen arrotzak derrigor gogoetatuko zuen zeinen berezia izan behar zuen haietara egokituko zen jendeak. Eta jendea ezagutzeak ere ez zion pentsamendu hori gezurtatuko. Lekua ez zen soilik atsegina, betegina baizik; iruzur bat bailitzan begiratu beharrean, amets bat bailitzan begiratzen asmatuz gero, behintzat. Hango biztanleak «artistak» ez izanagatik, osotasuna, hala ere, artistikoa zen. Ile luze gaztain-gorria eta halako aurpegi lotsagaldua zuen gizaseme gazte hura... gazte hori ez zen zinez poeta bat; baina bai dudarik gabe poema bat. Halako bizar zuri nabarmena eta kapelu zuri orobat nabarmena zeramatzan jaun adintsua, berriz... trikimaisu beneragarri hura ez zen zinez filosofo bat; baina bai besterengan filosofia eragiten zuen norbait azken finean. Burua arrautza baten itxuran soildua eta lepoa txori batena bezalako zimela zuen zientzia-gizon itxurako hark ez zuen zinezko eskubiderik halako zientzia-
-itxurarik egiteko. Ez zuen ezer berririk aurkitu biologian; zein izaki biologiko aurki zezakeen, ordea, bera baino bereziagorik? Horrela, eta horrela bakarrik begiratu behar zitzaion leku osoari; ez zen hainbestean artistentzako lantokitzat hartu behar, artelan herbal baina amaitutzat baizik. Hango gizarte-giroan sartzen zena komedia idatzi batean sartu balitz bezala sentitzen zen.

        Berezikiago suma zitekeen irrealtasun erakargarri hori iluntze aldera, noiz eta, teilatu bitxiek arrastiriko distiraren kontra beren isla iluna erakutsirik, haizeak daraman hodei bat bezain deslai baitzirudien bere osotasunean auzune zoroak. Are biziagoa zen sentsazio hori bertako jai-gau ugarietan, zeinetan jardin koxkorrak argiztatzeko ohitura baitzegoen, eta txinatar argiontzi handiek fruitu anker munstrokara antzo distiratzen baitzuten arbola ñañoetan. Eta guztiz ere nabarmenen, berriz, lausoki bada ere bertakoek artean ere gogoratzen zuten arrats jakin batean, zeinean delako poeta ile-gaztainkolorea gertatu baitzen heroia. Ez zen hura izan, inondik inora, gure poetari heroia izatea egokitu zitzaion arrats bakarra. Gau askotan, haren etxe-
-atzealdeko jardinaren ondotik pasatzen zirenek aukera izaten zuten haren ahots altu, didaktikoa entzuteko, gizonak eta bereziki emakumeak bapo leziatzen. Halako kasuetan, alabaina, auzuneko paradoxetariko bat zen emakumeen jarrera. Emakumerik gehienak askatu izen lauso hori ematen zaienetakoak ziren, eta nolabait kexu ageri ziren arraren nagusitasunaz. Emakume berriok, haatik, ezein emakume arruntek sekula egiten ez dion kunplimentu guztiz bitxia egiten zioten gizonari, hura hizketan ari dela entzutearena, alegia. Eta Lucian Gregory jauna, poeta ilegorria, zinez zen (zentzu batean) entzutea merezi zuen gizona, azkenerako barrea eragiten bazizun ere. Artearen legerik ezaren eta legerik ezaren artearen lelo zaharra errepikatzen zuen, une-unean behintzat nolabaiteko atsegina ematen zuen freskura lotsagaldu halako batez. Neurri batean, itxuraren bitxiak ere laguntzen zion horretan, atera zekiokeen etekin guztia ateratzeko lantzen baitzuen, esan ohi denez. Ile gorri iluna, marra erdiz erdi, emakume batenaren berdina zen literalki, eta pintura prerrafaelista bateko birjina baten kiribil mantsoetara bihurritzen zen. Santu batena gogoraraz zezakeen obalo horren barnetik, hala ere, zabal eta basa irteten zen aurpegia, kokotsa aurrera lotsagabetua nabarmen, bazter-
-auzotar landugabearen destaina halako batez. Konbinaketa horrek aldi berean kilikatu eta ikaratu egiten zituen hango biztanle neurotikoen kirioak. Birao ibiltari bat ematen zuen, aingeruaren eta tximinoaren arteko nahasketa bat.

        Arrats konkretu hura, beste ezergatik ez bada, egun hartako iluntze guztiz harrigarriarengatik gogoratuko da auzunean. Munduaren azkena ote zen ematen zuen. Halako lumaje bizi-bizi, ukigarri batek estalia zirudien zeru osoak; esan zitekeen ortzea lumaz beterik zegoela, eta lumok aurpegia igurtzitzen zizuten ia. Zeru-gangaren zatirik zabalenean grisak ziren lumak, bioletaren eta malbaren tonurik estrainioenez eta halako arrosa naturazbesteko batez zein berde zurbil batez han-hemenka koloreztatuak; mendebalerantz, ordea, ez zegoen hitzik zerua deskribatzeko, garden eta suhar hantxe, azken luma goriek inork ikusteko ederregia litzatekeen zerbait bailitzan ezkutatzen zutela eguzkia. Zeru osoa lurrarekiko hurbil-hurbil zegoen, halako isil-kontu bortxazko bat adierazi nahian edo. Enpireoa bera sekretu bat zela zirudien. Auzoko bertakozaletasunaren arima den txikitasun bikain hori irakur zitekeen bertan. Zeruak berak ere txikia zirudien.

        Aipatu dut badela auzotarrik, zeru estu-larri horregatik baino ez bada ere, oraindik gogoan izan behar duenik arrats hori. Beste batzuek, berriz, Saffron Park-eko bigarren poetaren lehen agerraldiarekin egokitu zelako gogoratuko dute noski. Iraultzaile ilegorria aurkaririk gabeko jaun eta errege izan zen denbora luzean; ilunabar haren ondoko gau hartan, ziplo amaitu zen haren bakartasuna. Poeta berria, zeinak Gabriel Syme izen-deituraz aurkeztu baitzuen bere burua, oso gizaseme otzan-itxurakoa zen; bizar laru txorrotxa zuen, eta ilea horaila. Baina aurki sumatzen zen ez zela zirudien bezain etorkorra. Bere sarreraren seinale garbi bat uzteko, Gregory-rekiko, han inork zalantzan jartzen ez zuen poetarekiko, bere ezadostasun erabatekoa adierazi zuen, poesiaren izatearen kontuan. Esan zuen berak, Syme poetak, legea kantatzen zuela, ordena; eta areago ere bai: errespetagarritasunaren poeta zela. Hala, une hartantxe zeru ezinezko hartatik erori balitz bezala begira geratu zitzaizkion Saffron Parketar guztiak.

        Izan ere, Lucian Gregory jaunak, poeta anarkikoak, lotu egin zituen bi gertakariak.

        — Ez da zer harritu —esan zuen, bere modu tupustean liriko hartan—, ez da zer harritu, honelako gau hodeiz eta kolore ankerrez betean, poeta prestu bat den bezalako miragarri bat sortu izana lurrera. Legearen poeta zarela diozu; nik, berriz, terminoen arteko kontraesan hutsa zarela. Gauza batez bakarrik harritzen naiz; alegia, ez dela kometarik eta lurrikararik izan zu jardin honetan agertu zaren gauean.

        Begi urdin otzanak zituen eta bizar laru xorrotxa zeraman gizonak halako solemnitate makurbera batez jasan zituen ostots horiek. Taldeko hirugarren parteak, Rosamond-ek, Gregory-ren arrebak, zeinak nebaren ilemotots gorri berdinak baitzituen, baina aurpegi atseginago bat haien azpitik, barre egin zuen, familiako orakuluari eskuarki erakusten zion miresmenaren eta gaitzespenaren arteko nahaste harekin.

        Gregory-k bereari ekin zion ostera, oratoria ederreko umore ederragoz.

        — Artista bat anarkista baten berdina da —esan zuen goraki—. Bi hitzok trukagarriak dituzu edonon. Anarkista bat artista bat da. Bonba bat jaurtitzen duen gizona artista bat da, zeren une berebiziko bat nahiago baitu beste zernahi ere baino. Konturatzen da zenbatenaz baliotsuagoa den distira beteko argi-lehertze bakar bat, ihortziri-zartada bakar bat, hiruzpalau polizia itxura garbirik gaberen gorputz arrunt soilak baino. Artista batek ezjaramon egiten dio gobernu orori, konbentzioak oro deuseztatzen ditu. Desordenan laketzen da soilik. Hori horrela ez balitz, munduko gauzarik poetikoena Lurrazpiko Trenbidea litzateke.

        — Eta halaxe da —esan zuen Mr Syme jaunak.

        — Baita zera ere! —esan zuen Gregory-k, zeina oso arrazoibidetsu agertzen baitzen beste inork paradoxaren bat saiatzen zuenean—. Zergatik ikusten ditugu, bada, lurrazpiko trenetan doazen bulegari eta langile guztiak halako triste eta nekatu, hain ere triste eta nekatu? Neuk esango dizut. Trena xuxen doala dakitelako, hain justu. Badakitelako, noranahiko txartela hartu dutelarik ere, haraxe iritsiko direla. Badakitelako Sloane Square pasatu eta hurrengo geltokia Victoria izango dela hutsik gabe, eta Victoria baino ez. Oi, nolako zoramen bozkariozkoa haiena! oi, haien begien izarrak, haien arimak Edenera ostera itzuliak, hurrengo geltokia ezustean Baker Street balitz!

        — Zu bai zarela poesiaren ukapena —ihardetsi zuen Syme poetak—. Bulegariei buruz diozuna egia izatekotan, zure poesia-moldea bezain prosaikoak izan behar dute. Harrigarria, arraroa dena, xedea erdiestea da; huts egitea, berriz, gauza arrunt nabarmen, hortik horrakoa da. Epikoa deritzogu gizon batek gezi jare batez txori urruna jotzeari. Ez al da orobat epikoa gizonak makina jare batez geltoki urrun bat jotzea? Kaosa gauza lausoa da; izan ere, kaosean trena edonora joan daiteke noski, Baker Streetera zein Bagdad-era. Baina gizona azti bat da, eta gizonaren magia guztia horretantxe datza: Victoria esan, eta hara! horra hor Victoria. Ez, ez, utikan poesia nahiz prosa hutsezko zure liburuok, uztazu niri ordutegi bat bozkariozko malkoz irakurtzen. Utikan zure Byron hori, gizakiaren porrotak baititu aipu; emadazu niri Bradshaw, tren ordutegia, gizakiaren garaipenak baititu aintzat hartzen. Emadazu niri Bradshaw, diotsut!

        — Joan beharra duzu ala?— itaundu zion Gregory-k sarkastikoki.

        — Zinez diotsut —segitu zuen Syme-k bero-bero—, tren bat iristen den bakoitzean, gudu-bateria bat baino gehiagoren setioa gainditu behar izan duela sentitzen dut neure baitan, eta kaosaren kontrako gudu bat irabazi duela gizonak. Zuk mesprezuz diozu norbaitek Sloane Square pasatu duenean Victoriara iritsi behar duela. Nik diot hainak bestelako mila aukera dituela, eta, benetan hara iristen naizen guztietan, doi-doi ihes egin izan banu bezala sentitzen naizela. Eta trenzaina «Victoria» hitza deiadarkatzen entzuten dudanean, ez zait hori esanahirik gabeko hitz halako bat. Niretzat mezulari baten konkista-aldarria da. Niretzat hori «Victoria» da, hain zuzen; Adanen garaipena, alegia.

        Gregory-k bere kaskagorri astunari eragin zion, irribarre mantso eta triste batez.

        — Eta are orduan —esan zuen—, poetok beti galde egingo genuke: «Eta zer da Victoria orain, behin bertara ezkero?» Zuk uste duzu Victoria Jerusalem Berriaren parekoa dela. Guk jakin dakigu delako Jerusalem Berri hori beste Victoria halako bat baino ez dela izango. Bai, jauna: poeta disgustura egotekoa da zeruko kaleetan bertan ere. Poeta beti erreboltan dabil.

        Hara, berriz! —esan zuen Syme-k minberaturik—. Zer du, ordea, poetikorik erreboltaturik ibiltzeak? Horretarako berdin esan zenezake itsas-gaitzak jota egotea poetikoa dela. Ondoez hori errebolta da. Bai ondoezak hartua egotea eta bai matxino izatea gauzarik guztizkoena izan litezke zenbait kinka larritan; baina urka nazatela bertan, horrek poetiko izatearekin zer lotura duen ikusten badut. Errebolta, horrela, abstraktuan, zera da... barruak oka egiteraino nahastea. Gomitolarri hutsa.

        Neskak imintzio bat egin zuen lipar batez hitz gozogabearen aurrean, baina Syme-k beroegi ziharduen hartaz ohartzeko.

        — Gauzak xuxen eta ondo joatea —esan zuen goraki—, horra zer den poetikoa! Gure liseriketak, esate baterako, sakratuki eta isilki beren martxan doazela, horra poesigintza ororen oinarria. Bai, gauzarik poetikoena, loreak baino poetikoagoa, izarrak baino poetikoagoa... munduko gauzarik poetikoena ondoezik ez egotea da.

        — Zera —esan zuen Gregory-k sufizientziaz—, aukeratzen dituzun adibidideak ere, horratio...

        — Berorrek barka beza —esan zuen Syme-k serio-serio—; uste nuen konbentzio guztiak deuseztaturik zeudela gure artean.

        Aurreneko aldiz gorritasun bat agertu zen Gregory-ren bekokian.

        — Ez duzu, bada, usteko —esan zuen— belardi honetan hasiko naizenik gizartea iraultzen?

        Syme-k zuzen begiratu zion begietara, eta irribarre ezti bat egin.

        — Ez, ez dut halakorik uste —esan zuen—; baina bai zeure anarkismoa serio hartuko bazenu horixe egingo zenukeela, hain zuzen.

        Gregory-ren begitzar zezenarenen tankerako haiek lehoi haserre batenen gisa klisk egin, eta buruaren jirako adats gorria harrotu ote zen ere irudi zukeen.

        — Ez duzu uste, beraz —esan zuen ahots makur batez—, serioa naizenik nire anarkismoari dagokionez?

        — Berorrek barka beza? —esan zuen Syme-k.

        — Ea ez naizen serioa nire anarkismoari dagokionez? —esan zuen goraki Gregory-k, ukabilak estuturik.

        — Adiskide maitea! —esan zuen Syme-k, eta patxadan alde egin zuen handik.

        Ezustean, baina atsegin bitxiz, Rosamond Gregory artean ere ondoan zuela konturatu zen.

        — Syme jauna —esan zion—, benetan esan nahi al du esaten duena zu eta nire neba bezala mintzo den jendeak? Benetan ari al zara zu orain?

        Syme-k irribarre egin zuen.

        — Eta zu? —galdetu zion.

        — Zer esan nahi duzu? —galdetu zion neskak, begi larriz.

        — Hara, Gregory andereñoa —esan zuen Syme-k emeki—, zintzotasun mota asko dago. Gatza eskura eman dizutelako «eskerrik asko» diozunean, benetan hori esan nahi al duzu? Ez. «Mundua biribila da» diozunean, benetan hori esan nahi al duzu? Ez. Egia da, baina ez diozu esanahi berezirik ematen horri. Hala, batzuetan zure neba bezalako jendeak berarentzat esanahi berezi-berezia duen zerbait aurkitzen du. Izan daiteke gezur-erdia, gezur-laurdena, gezur-hamarrena; baina esan nahi duena baino gehiago esaten du kasu horretan... esan beharraren esan beharrez.

        Neskak bekain zuzen-berdin bien azpitik begiratzen zion mutilari; aurpegia oro-nabari horietakoa zuen bere serioan, eta emakumerik arinenak ere funtsean bere gain hartzen duen erantzukizun arrazoizbesteko horren itzala ageri zuen orain begitartean, mundua bezain zaharra den ama-begirada kontuegile hori.

        — Anarkista bat da, orduan? —galdetu zuen.

        — Aipatu dudan zentzu horretan bakarrik —ihardetsi zuen Syme-k—; edo nahiago baduzu, ez-zentzu horretan.

        Bekain zabalak zimurtu, eta tupustean irten zitzaion:

        — Ez litzateke behintzat kapaz... bonbarik eta halakorik erabiltzeko, ezta?

        Syme-k barre-algara handi bat egin zuen; handiegia, itxura batera, dandy-ukitu hura zuen halako gizon mirrin batengan.

        — Jainkoarren, ez! —esan zuen—. Halako lanek anonimotasuna eskatzen dute.

        Hori entzutean, irribarre batez zabaldu ziren neskaren ezpain-ertzak, aldibereko atsegina eragin baitzioten gogoan Gregory-ren zentzugabetasunak eta haren arriskurik ezak.

        Syme-k jardineko bazter batean zegoen eserleku batera lagundu zuen neska, astiro, eta bere aburuak jaregiten segitu zuen. Gizon zintzoa baitzen, eta, axaleko dotorekeria guztiak gora-behera, erro-erroan apala ere bai. Izan ere, gizon apalarena izan ohi da gehiegi hitz egiteko joera hori; gizon harroak kontu handiegia egin ohi dio bere buruari. Suhartasunez eta demasiaz jardun zuen errespetagarritasunaren alde. Grina beroa erakutsi zuen txukuntasunaren eta egokitasunaren gorazarrea egitean. Hala hizketan ari zen bitartean, lila-
-lurrin halako bat zerion inguru guztiari. Behin, doi-doi entzuteko moduan, esku-organu baten soinua iritsi zitzaion, kale urrunen batean jotzen hasia, eta beraren hitz heroikoak munduaz azpitiko edo haraindiko doinutxo baten konpasean mugitzen ote ziren sumatu zuen.

        Neskaren ile gorri eta aurpegi irriberari so eta hitz egin zien, ustez minutu bakan batzuez; gero, halako tokietan egokitasunak eskatzen zuena taldeak nahastea zela juzkaturik, zutitu egin zen. Baita harritu ere, jardin guztia hutsik kausitu baitzuen. Aspaldi alde eginak ziren guztiak, eta berak ere halaxe egin zuen, desenkusa arrapaladako samar batez. Xanpaina-sentsazio halako bat zuen buruan, zeinari ez baitzion gero esplikaziorik aurkitu. Jarraian etorriko ziren gertakari bidegaldu haietan guztietan, neska horrek ez zuen inolako parterik izan; Syme-k ez zuen behin ere berriro ikusi, beraren istorio guztia amaierara iritsi zen arte. Eta hala ere, nolabaiteko modu deskribagaitz batez, musikan motibo bat nola, behin eta berriro itzuliz, hantxe ibiliko zen, Syme-ren handik aurrerako abentura zoro haietan guztietan, eta haren ile bitxiaren distirak hari gorri batek bezala zeharkatuko zituen gauaren tapiz ilun, itxuragalduak. Jarraian gertatu zena, alabaina, hain nekez gerta litekeen kontua da, ezen amets baten itxura bete-betea baitu.

        Syme jardinetik izarren argipeko kalera irten zenean, une hartan hutsik kausitu zuen. Gero konturatu zen (modu estrainio batez) hango isiltasuna areago zela isiltasun bizia ezen ez hila. Atetik irten eta zuzen farola bat zegoen, eta haren argitasunak urrez janzten zituen atzean utzitako hesia gainditzen zuen zuhaitz baten hostoak. Farolatik oin batera edo, ia farolaren zutoina bera bezain zurrun eta mugimendugabea, gizaitxura bat ageri zen. Kapelu altua eta longain luzea zeramatzan, beltzak biak; aurpegia, berriz, tupusteko itzalean, ia ilunaren pare zen. Argiaren kontra nabarmentzen zèn ile gorri-gorrizko zerrenda bat, eta jarrerak adierazten zuèn agresibitate puntua: beste ezerk ez zuen salatzen agerpen hura Gregory poeta bera zela. Ezpata eskuan bere arerioaren zain legokeen bravo mozorrotu baten itxura apur bat zuen.

        Diosal zehar-lauso bat egin zuen, eta Syme-k gisatsuxeago itzuli zion agurra.

        — Zure zain nengoen —esan zuen Gregory-k—. Solasaldi txiki bat izan dezakegu?

        — Bai noski. Zertaz, baina? —galdetu zuen Syme-k, halako harridura motel batez.

        Gregory-k farola-zutoina eta gero zuhaitza jo zituen bere makilaz.

        — Honetaz, eta honetaz, —esan zuen goraki—; ordenaz eta anarkiaz—. Horra hor zure ordena preziatua, burdinazko farola argal hori, zatar eta elkorra; eta horra hor anarkia, aberats, bizi, ugalkorra... horra anarkia, bikain bere orlegi eta urrez.

        — Halarik ere —ihardetsi zion Syme-k pazientziatsu—, zuk oraintxe farolaren argiari esker baino ez duzu ikusten zuhaitza. Nahi nuke jakin noiz lortuko duzun zuhaitzaren argiari esker farola ikus dadin.

        Eta gero, isilune baten ondoren:

        — Baina, atrebentzia handia ez bada...: gure tirabiratxoari ekiteko asmo hutsez egon al zara hemen kaleko ilunbean itxaroten?

        Ez —esan zuen Gregory-k, eta durundiz bete zuten kalea haren hitz ozenek—, ez dizut hemen itxaron gure tirabirari berriro ekiteko, tirabira horri betirako akabera emateko baizik.

        Isiltasuna nagusitu baitzen berriro, Syme, nahiz ezer ulertu ez, sen hutsez adi zegoen, zerbait seriorik noiz entzungo. Gregory-k ahots leunez eta halako irribarre estrainio batez ekin zion.

        — Syme jauna —esan zuen—, aski seinalagarria den zerbait egitea erdietsi duzu arrats honetan. Ama-semek lehenago sekula erdietsi ez duen zerbait egin didazu.

        — Hala ere!

        — Orain oroitzen naizenez —jarraitu zuen Gregory-k—, beste pertsona batek ere lortu zuen. Bapore koxkor baten kapitainak (zuzen oroitzen banaiz) Southend-en. Neure onetik atera nauzu.

        — Damu naiz, oso —ihardetsi zuen Syme-k, serio.

        — Nire sumina eta zure iraina gogorregiak dira desenkusa soil batez ezabatzeko —esan zuen Gregory-k, bare-bare—. Duelo batek ere ez lituzke ezabatuko. Jo eta hiltzen bazaitut, ezingo nituzke ezabatu. Bide bakarra dago irain bat deuseztatzeko, eta bide horixe dut aukeratzen. Bizitza eta ohorea bertan galtzeko arriskua neure gain harturik, frogatu egingo dizut oker zeundela hala hitz egitean.

        — Nola hitz egitean?

        — Esan duzu ez nintzela serio ari anarkista nintzela nioenean.

        — Seriotasun mailak daude —ihardetsi zuen Syme-k—. Ez dut inoiz dudarik izan erabat zintzo ari zinela horretaz, alegia esaten ari zinena benetan ez zela inolako txorakeria, alegia zure ustez paradoxa batek iratzar litzakeela gizonak, arretarik ematen ez zaion egia bat ikusaraziz.

        Gregory tinko begira geratu zitzaion, saminez beterik.

        — Eta beste ezein zentzutan —galdetu zuen— ez nauzu seriotzat hartzen? Flâneur horietakotzat naukazu, noizean behin egiaren bat botatzen duena. Ez al duzu uste beste zentzu sakonago, erabatekoagoan, serioa naizenik?

        Syme-k bortizki jo zituen karrikako harriak eskumakilaz.

        — Serioa! —egin zuen espantu— Jainko maitea! serioa al da karrika hau? Horrako txinatar argiontzi demoniook serioak al dira? Serioa al da ezer hemen? Hona etorri eta solasean hasten da bat: zentzugabekeria mordoa, eta tartean zentzuzko zerbait ere bai, beharbada; baina oso iritzi eskasa nuke nik bere bizitzaren sakonean solasok baino serioagoa den zerbait gordetzen ez duen gizon bati buruz... zerbait serioagoa, nahiz erlijioa izan, nahiz zurruta baino ez.

        — Ederki —esan zuen Gregory-k, aurpegia goibel—; aurki ikusiko duzu, zurruta zein erlijioa, biak baino serioagoa den zerbait.

        Syme bere ohiko otzantasun aire harekin egon zen zain, Gregory-k berriro ezpainak ireki zituen arte.

        — Puntuan hitz egin duzu erlijioaren kontuaz. Baduzu zuk, bene-benetan, erlijiorik?

        — Zera —esan zuen Syme-k irribarre zabalez—, katolikoak gara guztiok dagoeneko.

        — Orduan arren eskatu behar dizut zin egiteko, zure erlijioko jainko nahiz santuen izenean, direnak direla, ez diozula azalduko kontatuko dizudana ezein adan-semeri, eta bereziki poliziari. Zin egizu! Zeure gain hartzen baduzu ukapen eskerga hori, prest bazaude sekula egin behar ez zenukeen boto batez eta sekula ametsetan ere bururatu behar ez litzaizukeen ezagutza batez zure arima zamatzeko, ordainez agintzen dizut...

        — Ordainez agintzen didazu? —itaundu zuen Syme-k, bestea horretan gelditu baitzen.

        — Ordainez agintzen dizut guztiz ere arrats dibertigarria.

        Bet-betan, Syme-k kapelua erantzi zuen.

        — Zure eskaintza ergelegia da, inondik inora, ez onartzeko. Poeta bat beti anarkista bat dela diozu. Ez nago ados: baina espero dut finean beti izatea garbi jokatzen duen gizon bat. Uztazu, bada, hemen eta orain, kristau gisa zin egiten, eta burkide jator eta artista-kide gisa promes, ez diodala kontu honetaz, zernahi dela ere, ezeren berri emango poliziari. Eta orain, Colney Hatch-en izenean, zer da kontua?

        — Ia hobe —esan zuen Gregory-k, loturarik-ez patxadatsuz— kotxe bat hartuko bagenu.

        Bi txistu luze egin zituen, eta zalgurdi bat etorri zen kalean behera binbilika. Isilik sartu ziren biak. Chiswick aldeko ibaiertzeko taberna ilun baten helbidea eman zuen Gregory-k sabaizulotik. Zalgurdiak bideari ekin zion ostera, gure bi mamuok beren mamu-hiritik eramanez.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia