EDMUND CLERIHEW BENTLEYRI

 

        Hodei batek zeuzkan giza gogoak,

        Aroa intziri bizian;

        Gaitzezko hodei beltz bat zen, bai, jauntzen,

        Bi mutiko ginen garaian.

        Zientziak zera: deus ez zela deus;

        Artea, gainbeheraren jai;

        Mundua zahar zen, akaberako:

        Zu eta ni, ordea, alai;

        Gure inguruan, zoroan zuzen,

        Galbide elbarriak horra:

        Lizunkeria, irribarre gabe;

        Beldurra, lotsagabe, gorra.

        Whistler-en kizkur zuri hura nola

        Noraez beltzetan guk argi,

        Gizonek lumazko gandor zuria

        Oilartzen zuten harrogarri.

        Bizitza euli indargaldua zen,

        Heriotza erlastar zorrotz;

        Mundua, zinez, zeharo zen zahar,

        Gu biok gazte ginen sasoiz.

        Bekatu prestua bera baitzuten

        Ez aipatzeko huts bihurtu:

        Lotsagarria zen ondra garbia;

        Gu ez ginen, baina, lotsatu.

        Erkin izanik eta buru-arin,

        Ez ginen, ez, hain makur jausi;

        Baal beltz horrek zeruak ixtean

        Guk ez hari agur-eresi.

        Haurrak ginen: gu bezain ahul ziren

        Hondarrezko gure forteak

        Goiti jasoak gelditu beharrez

        Itsaso latz haren oldeak.

        Zoro huts ginen, bai, bufoi-jantzian,

        Zaratatsu, jauzkari, zuntzun:

        Isildurik eliz ezkilak oro,

        Kapelu-txintxinez guk ttun-ttun.

 

        Ez laguntzarik gabe eutsi zion,

        Gure ikurrin erkinak zut;

        Zenbait gizandi saiatzen zen goitik

        Hodei horri egiten axut.

        Hor dut berriz orduko liburua,

        Hor ordu hori zeinak duen

        Paunamok arrainkaraz at egiten

        Gauza garbiagoez auhen;

        Horra Krabelin Berdea zimeldu,

        Oihan-suen gisa, iraizki,

        Orro biziz lau haize zabaletan

        Hamar milioi belar izpi;

        Txori bat euritan kantari bezain

        Zoli, fin, bat-batean jinik...

        Egia zen Tusitalatik mintzo

        Eta atsegina minetik.

        Bai, txori bat ortzi grisean bezain

        Jator, txorrotx, inondikari,

        Dunedin-ek Samoari zirautsan,

        Eta ilunak argiari.

        Baina gazte ginen: ikusi gurak

        Jainkoa xarma gaitzok hausten,

        Jainko ona, Haren Errepublika,

        Armetan zaldizka itzultzen:

        Horra hor Gizarima Hiri hori,

        Kordokatua arren, zutik...

        Bedeinkatuak ikusteke ere

        sinetsi dutenak, itsurik.

 

        Beldur zahar haien ipuina da hau,

        Zein infernu hustu haiena,

        Zuxek bakarrik ulertuko duzu

        Ipuin honen egia bena...

        Zeinen jainko itzel-uste ustelez

        Beldur ziren gizonak, etsi;

        Deabru gaitzez josirik izarrak,

        Nahiz tiro hutsek eraitsi.

        Zalantzak, uxatzen errazak bezain

        Aurre egiten gogor, latzak...

        Oi, nork ulertuko, zuk izan ezik;

        Nork ulertuko, bai, zalantzak?

        Gau luzean guri ziztaka dudok,

        Grina beroz biok hizketan,

        Argi-urratzea lehenago zen,

        Buruan baino, kaleetan.

        Gure artean, Jainkoaren bakez,

        Egia daiteke plazara;

        Bai, indar-seinale dira sustraiak;

        Zahartzea, berriz, eder da.

        Zerk elkarturik badugu gaurgero:

        Kredo bat, gogo-uztargarri:

        Lasai idatz dezaket nik orain hau,

        Eta zuk lasai irakurri.

 

 

 

© G.K. Chesterton

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia