HITZAURREA

 

        Chesterton eta Ostegun izan zen gizona

        G. K. Chesterton-i buruz entziklopediek dakarten berrian, jaio eta hil urteak dira daturik seguruenak (1874-1936). Hortik aurrerakoan, fizkiogile izatearen aurretik eta gainetik aipatu ohi da polemistaren figura. Polemista ageriko eta temati izate horrek behar baino gehiago lausotzen du, halakoetan gertatzen denez, haren literatur obren balorazioa eta azalpena bera, polemikaren parte fikzioz mozorrotua baino ez direla pentsaraz bailiteke horrenbestez.

        Ez da hala, ordea. Ustekeria horren errefusapena nik nezakeen baino hobeki egina du Borges-ek (bide batez esanik, Chesterton-en literatur balioaren azpimarratzailerik behinena dukegu Borges, hemen bilduko ditugun aipuak lagin):

        «Aurretik, gehiegi nabarmendu diren kontu batzuk berraztertzea komeni da. Chesterton katolikoa izan zen. Chesterton-ek prerrafaelisten Erdi Aroan sinetsi zuen (Of London, small and white, and clean), Chestertonek pentsatu zuen, Whitman-ek bezala, izate hutsa bera hain dela miragarria, ezen ezein zorigaiztok ez baikaitu libratzen halako eskerron komiko edo baten zorretik. Sineste horiek bidezkoak izan daitezke, baina eragiten duten interesa mugatua da; Chesterton horrenbestean ahitzen dutela uste izatea zera ahanztea da, sinesmen bat prozesu mental eta emozionalezko serie baten azken burua dela, eta gizon bat serie osoa dela. Herri honetan, katolikoek zeruraino goraipatzen dute Chesterton; libre-pentsazaleek, berriz, ukatu. Sinesmen bati datxekan idazle oro bezala, Chesterton ere sinesmen horrengatik da epaitzen, hargatik da gaitzesten edo txalotzen. Kipling-en kasuaren antzekoa da, hura britainiar Inperioaren arabera epaitzen baitute beti.»

        Borges-ek, ohiko fineziaz, besterik ere bazela, eta nolakoa, agerrarazi zuen arte, Aita Brown apaiz detektibea protagonista duten istorio poliziakoen egiletzat gutxietsixea zen oro har Chesterton (irakurlego zabal bezain sutsu bat ez zaio inoiz falta izan). Argentinar irakurle itsuaren jenialtasuna ez zen izan noski besterik ere idatzia zuela eta haren balioa goraipatzea, baizik eta obra xumeok berok ere ziruditena baino (eta ez baitzen gutxi) askoz gehiago zirela agerian uztea. Askok —irakurle zein idazle— geure egin nahi genituzkeen honako hitzoz laburbildu zuen Borges-ek bere iritzi orokorra:

        «Chesterton-en obra guztiz ere zabala da eta ez dauka orri bakar bat ere zoriontasun bat eskaintzen ez duenik.»

        Chesterton-en obra zabal, genero askotariko horretan, topikoa da dagoeneko zenbait ezaugarri azpimarratzea: umore ironiko fina, iritzi-desberdintasunen gainetik atsegingarri gertatzen den argudiatzeko modu argi eta grafikoa, paradoxaren erabilera sistematikoa (zentzuna —common sense delakoa— arrazoibide logiko hutsari kontrajartzeko xedez askotan), kontaeraren plastikotasun eta bizitasun paregabeak, irudimen harrigarria, suspenserako sena...

        Horiek guztiak —eta gehiago— kausitzen ditugu Ostegun izan zen gizona obra honetan ere. Obra aski goiztiarra da Chesterton-en lanen artean (1908), baina egingo nuke hori oro har mesedetan dela, geroko ekoizpen oparoan nekez ageriko baita hemen bezain fresko eta kementsu Chesterton-en estiloa eta —apika— nortasuna.

        Gero landuko zuen Aita Brown-en serie ospetsuen horretan bezala, eleberri honen azaleko eta hasierako itxura polizi nobelarena da. Irakurleak ongi egingo du, hala ere, itxuraz guztiz fidatzen ez bada. Kingsley Amis-ek, eskola-mutila zenean lehen aldiz irakurri zuenetik hasi eta geroko irakurketetako bere irakurle-esperientzia bilduz, honela dio The Man Who was Thursdayri eginiko hitzaurrean:

        «Ez da guztiz politikazko amesgaizto bat, ezta thiller metafisiko bat ere, ezta espioi-nobela baten itxurapeko broma kosmiko bat ere, baina badu hirurotatik zerbait... sekula irakurri dudan libururik zirraragarriena izaten segitzen du.»

        Espero izatekoa zenez, zenbait irakurle okerrek (kritikariak okerren noski), liburuak berez lantzen duen anbiguitate zehatz horri jator ekiteko gauza ez, eta liburuaren irakurketa zuzenegia —gordinegia— egin zuten, justu idazlearen intentzio aski bistakoaren kontra. Besteak beste, mundua beltzegi (!) pintatzearen salaketa leporatzen zioten. Segidan aurkituko dituzuen Borges-en aipu luzexeago horiek argi gehixeago egin dezakete amesgaiztoon itzalen artean egosten zenaz, baina Chesterton-ek akaso kritikari horientzat finegi zatekeen ironia batez erantzun zien kritika edo horiei:

        «Liburua irakurri dute baina ez dute irakurri izenburuko orria.»

        Izan ere, azpitituluak «amesgaizto bat» zioen. Hona, hala ere, Borges-en iritzia, amesgaiztooz eta Chesterton-ez oro har.

        «Albo-ohar bat. Oscar Wilde-ren izena ordokiko hiriei loturik dago; haren loria, kondenari eta kartzelari. Halaz guztiz [...], haren obraren zapore oinarrizkoa zoriontasuna da. Aitzitik, Chesterton-en obra hain ere adoretsu hori, osasuntasun fisiko eta moralaren prototipo izanik, amesgaizto bilakatzear dago beti. Deabruzko aldea eta izua dauzka zelatan; gutxien espero litekeen orrialdean, laborriaren itxura har dezake. Haurtzaroa berreskuratu nahi duen gizon bat da Chesterton; Wilde, berriz, gaizkiaren eta zoritxarraren despit, halako xalotasun eragoztezin bat gordetzen duen gizon bat.

        «Poe eta Baudelaire-ren asmoa, Blake-ren harako Urizen tormentatu harena bezala, laborrizko mundu bat sortzea zen; gauzak dakarrena da haien obra izuaren formaz oparoa izatea. Chesterton-ek, ustez, ez zuen inolaz ere onartuko amesgaizto-ehule izatea leporatzea, monstrorum artifex halako bat (Plinio, XXVIII, 2), baina erremediorik gabe lerratzen da gaitzezko zantzu beltzetara. Itauntzen du ea apika gizon batek hiru begi dituen, edo txori batek hiru hegal; aipura dakar, panteisten kontra, paradisuan aurkitu duen gizon hil bat; aingeru-koruen izpirituek haren aurpegi bera dutela azkenik gabe; ispiluzko kartzela bat aipatzen du; erdigunerik gabeko labirintu bat; metalezko automatek irentsiriko gizon bat; txoriak irensten dituen eta hosto ordez lumak dituen zuhaitz bat; irudikatzen du (The Man Who Was Thursday) munduaren ekialdeko azken mugetan badela ausaz zuhaitz bat, zeina jadanik zuhaitz bat baino gehiago, eta gutxiago, baita, eta mendebalekoan, berriz, zerbait, dorre bat, zeinaren arkitektura hutsa gaiztoa baita. Hurbilekoa urrunekoaren bitartez definitzen du, eta are gaitzik beltzenaren bitartez; begiez mintzo bada, Ezekielen hitzez (I: 22), «kristal ikaragarri» deritze; gauaz ari bada, berriz, laborri zahar bat ontzen du (Apokalipsia a: 6) eta «begiz eginiko munstro» deritzo.

        «[...]

        «Adibideok, zeinak aise berretu bailitezke, agerian uzten dute Chesterton-ek ahaleginean jardun zuela Edgar Allan Poe edo Franz Kafka ez izateko, baina bazela zerbait beraren nia egina zen buztinean, amesgaiztora emana zena, zerbait ezkutua, zerbait itsu eta gune-gunekoa. [...] Tirabira hori, deabruzko borondate bat nahi bezala bridatu ezin hori, horra zerk definitzen duen Chesterton-en izatea.»

        Honaino azaldu ditugunek ondo ere ondo justifikatzen dute noski Ostegun izan zen gizona literatur maisu-lan handi-
-koxkorren artean kokatzea, nahiz eta abentura eta suspense liburu soil gisa ere arrakastatsu izan (Shakespeare-ren obrak jende arruntari eta are jendailarik adimen-laburrenari gustagarri gertatzeak bestelako meriturik baliogatzen ez dion modu berean). Besterik ez bada, ekintzaren biziaz eta irudimenaren bitxiaz harrapatuko du irakurlea, edo intriga hutsez. Edo, formagoseak ere jende baitira, idazkeraren bizitasun malguaz.

        Zezenari adarretatik erabat heltzekotan, hala ere, liburuaren oinarri ideologikoaz ere mintzatu behar genuke. Alde batetik, anarkisten logika eromeneraino zorrotzaren eta ordenazaleen zentzun zuhur bezain xelebrearen arteko borroka dugu. Onen eta gaiztoen arteko tirabira horri, beste zerbaiten salaketa egotz dakioke, baina ez inolaz ere, irakurlearen hasierako usteak uste, manikeismoarena. «Denak gara berdinak Jainkoaren begian» edo aterako litzateke ondorioa, alegia anbiguo honen ikaskizuna erlijio-terminoetan biltzerik balego. Inoiz nola edo halako anarkismorako tentazioak tiratu gaituen orok, tentazio horri aurre egiteko ez ezik, kontrakoan ere ez erortzeko abisurik ere aurki dezakegu liburu ez batere inozo honetan (egilea ere ez zen urruti ibiliko tentazio guztiotatik beti, karikatura gordinetik errukizko azalpenetara eraman duen istorio honi kontu egitera).

        Bestetik, Erdi Aro sui generis bat aldezten du Chesterton-ek. Artean erlijioak hitzaren etimologiak (re-ligare) egozten dion funtzioa betetzen zuen garai akaso irudimen hutsezkoaren nostalgia halako batek egiten zion kosk barrenean. Datu historikoei begiraturik, badirudi garai modernoen nihilismo jainkogabetik orduko fatalismo jainkozulora erortzea litzatekeela jarrera horren sasi-irtenbidea; Chesterton-ek, ordea, ez etsipen jainkoaren beldurrezkoa, baizik jainkoarengatiko —edo gutxienez jaingoarengandiko— adorea ikusten zuen —edo ikusi nahi zuen— hartan. Eta —are zailago baita— adore sano hori demokraziarekin lotzen zuen, hierarkiak errespetzen dituen jende arruntaren zentzunean eta ekinean oinarritu nahi baitzuen, nonbait, mundua (kontraesan nabarmenak bizitzaren paradoxa bizitzat integraturik edo).

        Esperantza dateke hiru bertute nagusietatik ezinbestekoena, eta hartaz dihardu Chesterton-ek. Adorea ere deitzen dio, aipatu dugunez, besterik ez baita adorea: esperantza bere ekinean (ekintzaren nagusigo horri zor zaio, besteak beste, abentura-liburuz gorpuztu izana mezua).

        Hartatik —esperantzatik— proiekta daiteke fedea, zeren espero izateak, nahiak, itxaropenak, subjektuaren jarrera berezko izatetik, hark beregandik kanpo espero dukeen hori, izan, badela sinestera baitarama subjektu hori aurki, biziraupenezko optimismo-erreflexuz eta magia guztiek erabiltzen duten mekanismo hain gizatiarraz.

        Alegia, Saizarbitoriak gurean leit-motiv moduan bere obretan erakusten duenez, itxarote hutsetik zerbaiten zain egotera dagoen aldea da kontua. Becket-ek berak ere behinola azaldu zuen Esperando a Godot ospetsuaren izenburua horrelaxe, gazteleraz, egokiago zitzaiola, beste hizkuntza batzuetan, jatorrizkoa barne, «esperar» aditzaren eta «esperantza» izenaren artean halako loturarik ez zegoelako. Hala gurean ere, argitu beharra bailegoke Godot dena delakoaren nahiz besteren itxaropen hutsez gauden esperoan, ala haren zain.

        Zain egotea dateke, bada, fedearen abiapuntua, eta ez alderantziz, baina horretarako esperantza nolabaitekoak bultzatu behar gaitu itxarote jarrerara gutxienez, eta hori —hori baita azkenean auzi modernoa—, adimenaren etsipen orokor batetik, nihilismo gutxi-asko disimulatutik.

        Karitateari dagokionez, berriz, Savater-ek (arima salbu) dioen moduan, «moral altuarekin» dagoena bakarrik izan daiteke «moralki bikaina», ez dagoenetik ez baitago, eta are gutxiago inori ematekorik. Hala, «morala», lehen zentzu horretan behintzat, esperantzaren somatizazioa baino ez da; esperantzaz kargaturik egotea, adoretsu.

        Bertute horien xerka zebilen, bada, Chesterton, eta, ahantzi nahi duenak oroit duen bezala, bila dabilenak ere eskas duke noski bilatzen duen hori.

        Esperantza-fede-karitateok, derragun bidenabar, ez dute zertan izanik, bertuteon hirutasunak beste Hirutasun jakin bat iradokitzen badu ere, erlijiozkoak, eta are gutxiago katolikoak (horrek erreskata dezake guztiontzat liburu honen mezua bera ere). Laugarren bertute bat eskatzen zaio, hain zuzen, Chesterton-en irakurle sinesgabeari: erlijiozko nahiz bestelako proselitismoaren usainak nabarmenen dirudienean ere, sinesmen jakin horren azpiko nahiz gaineko benetako giza auzi bat dagoela sinestea.

        Dena den, alderdi ideologiko horrek traba egiten dion irakurle eraman eskasekoak ere baluke beste aukera bat, idazle batek baino gehiagok bere egin eta berridatzi baitu liburu hau bere erara. Neuk une honetan gogoan ditudanak (eta ez bainaiz batere irakurle eruditoa): S. Lem (Ikerketa izenburuko eleberrian, protagonistaren izen eta guzti, omenaldi esplizitu gisa) eta Borges bera, besteak beste eta nabarmenen, Kongresua deritzan beraren istoriorik luzeenean.

        Liburu honetako abentura zoroetan zehar, besteak beste, Cherterton-ek behinola bere estilo paradoxazalean bromarik gabe bota zuena itxuratzen da: «Eroa ez da arrazoimena galdu duena, arrazoimena ez beste guztia galdu duena baizik». Hots, arrazoimena bakarrik geratzen denean hasten dira amets gaiztoak, Goyak ere bazekienez (Chesterton ere artegintzatik zetorren literaturara): «Arrazoiaren ametsak munstroak sorrarazten ditu».

        Orain, bada, irakurle, zure txanda da: nik hemen esandakoak ere ahaztu, eta barnera zaitez liburuaren misterio zirraragarrian: zeure egizu.

Juan Garzia Garmendia

 

 

 

© Juan Garzia

 

 

"G.K. Chesterton / Ostegun izan zen gizona" orrialde nagusia