Halako batean, nire botak galgaturik iparraldeko kostan likenak eta algak biltzen ari nintzela, harkaitz baten izkinatik hartz zuri bat agertu zitzaidan ustekabean. Txapinak bota ondoren, aurreko irla batera igaro nahi izan nuen, hori posible egiten baitzidan olatuen gainetik han erdian zutitzen zen harkaitz soil batek. Oin bat harkaitzean sendo ipini baina beste aldetik itsasora erori nintzen, beste oineko txapina erantsita geratu baitzitzaidan konturatu gabe.
Sekulako hotzak atxiki ninduen eta nekez atera nintzen bizirik arrisku hartatik. Lurra iritsi bezain laster lehenbailehen egin nuen korri Libiako basamortura, hango eguzkitan lehortzeko. Haren pean, ordea, burua zeharo berotu eta oso gaixo itzuli nintzen berriro iparrera balantzaka. Gogor mugituz arinduko nintzelakoan, pauso arin dudatiz joan nintzen korrika mendebaletik ekialdera eta ekialdetik mendebalera. Batean eguna zen eta bestean gau, batean uda eta bestean negu.
Ez dakit zenbat denbora ibili nintzen horrela mundutik balantzaka. Sukarrak erretzen zizkidan zain barrenak, eta beldurrez puskatzen jarri nintzen konortea joaten sentitzean. Gainera, zorigaitzak nahi izan zuen nik nire ibilera axolagabe haietan norbaiti oina zapaltzea. Agian min eman nion; kolpe gogor bat hartu eta lurrera jausi nintzen.
Neure onera etorri nintzenean patxadan nengoen etzanda ohe on batean, beste ohe askoren artean sala eder eta zabal batean. Norbait zegoen eserita nire oheburuan. Jendea zebilen salako ohe batetik bestera. Nirearen aurreta etorri eta nitaz aritu ziren hizketan. Hamabigarrena deitzen zidaten, eta nire oinen aldeko horman bertan zegoen —ez zen neure irudipena, argi irakurtzen nuen— marmolezko xafla beltz batean urrezko letra handiekin, nire izena
PETER SCHLEMIHL
zuzen asko idatzita. Xafla hartantxe, nire izenaren azpian, beste bi lerro zeuden, baina ahulegi nengoen haiek ikusteko eta berriro itxi nituen begiak.
Orduan Peter Schlemihl-i buruz hitz batzuk irakurtzen zituztela aditu nuen, argi eta ozen, baina ez nien zentzua hartzerik izan. Gizon jator bat eta beltzez jantzitako oso emakume ederra ikusi nituen nire ohe aurrean azaltzen. Irudi haiek ez ziren arrotzak niretzat, baina ezin nituen ezagutu.
Denbora igaro zen ni berriro indartzerako. Hamabigarrena zen nire izena, eta Hamabigarrena judutzat zeukaten bere bizar luzeagatik; baina ez zuten horratik arreta gutxiagorekin artatzen. Ez ziren nonbait ohartu itzalik ez zuenik. Nire botak, adierazi zidatenez, hara eramatean soinean aurkitu zidaten guztiarekin batera, ongi eta seguru zeuden jasota, sendatu ondoren niri itzultzeko. Ni gaixo nengoen lekuari SCHLEMIHLIUM zeritzan; egunero Peter Schlemihl-i buruz irakurtzen zutena otoitza zen, fundazio haren sortzaile eta ongilearen alde. Nire ohe aldean ikusitako gizon jatorra Bendel zen, emakume ederra berriz Mina.
Inork ezagutu gabe suspertu nintzen Schlemihlium hartan, eta gehiago ere jakin nuen: Bendelen jaioterrian nengoen, non berak neure izenpean ospitale hau antolatu zuen beste inola bedeinkatu ezin ziren nire urre hondarrekin, dohakabeek bedeinkatzen nindutela, eta berak zeraman hango ardura. Mina alargundua zegoen, zoritxarreko prozesu kriminal batek Raskal jaunari bizitza eta Minari ondasun gehienak kendu ondoren. Zenduak zituen gurasoak; alargun jainkotiar baten gisa bizi zen hantxe, erruki lanetan.
Behin batean, hamabigarren ohearen ondoan, Bendel jaunarekin mintzatu zen:
— Andre zintzoa, zergatik jartzen duzu zeure burua horren maiz hemengo giro txarraren arriskutan? Hain gogorra ote da patua zurekin, hiltzeko desioa edukitzeraino?
— Ez, Bendel jauna. Nire amets luzea bukatu denetik, eta neure buruaren jabe esnatu naizenetik, ongi doakit. Ordutik ez dut gura eta ez diot beldurrik heriotzari. Ordutik alaiago pentsatzen dut iraganean eta geroan. Eta zeu ere, ez al zara ari zeure nagusi eta laguna zorion isil minez hain modu dohatsuan zerbitzatzen?
— Jaunari eskerrak, bai, andrea. Ezina ezagutu dugu biok, zorion eta oinaze samin asko edan dugu konturatu gabe bizitzaren ontzi betetik; orain hutsik dago. Nik esango nuke hori dena froga bat izan dela, ahalik eta orain, jakintza zuhur baten jabe, benetako hasierari itxaroteko. Baina desberdina da benetako hasiera. Ez da lehengo itxurakeriarik nahi izaten, baina hala ere pozgarria da hura modu hartan bizi izana. Gure lagun zaharrari lehen baino hobeki joango zaiola espero dut ere.
— Neuk ere bai —erantzun zuen alargun ederrak, eta nire ondotik joan ziren.
Elkarrizketa honek gogotik hunkitu ninduen; baina neure artean zalantza neukan, neure burua agertu ala ezagutu gabean handik joan. Erabakia hartu nuen. Papera eta arkatza eskatu eta honela idatzi nuen:
«Zuen lagun zaharrari ere lehen baino hobeki doakio, eta barkazioa lortzeko penitentzia ari da egiten.»
Orduan jantzi egin nahi izan nuen, indartsuago nengoenez. Nire ohe ondoko armairu txikiaren giltza ekarri zuten. Bertan aurkitu nituen nireak nituen guztiak. Arropak jantzi, kurtka beltzetik zintzilik jarri nire botanikako kutxatila, non pozez aurkitu nituen berriro iparreko nire likenak, botak jantzi, idatzitako orria ohe gainean ipini, eta atea zabaldu bezain laster hantxe nintzen Tebasera bidean.
Siriako kostan zehar nindoala, aurreko aldian etxetik urrundu nintzen bidetik, nire Figaro gaixoa ikusi nuen nigana etortzen. Nonbait, txakur bikain hark arrastoa segitu nahi izan zion bere nagusiari, luzaro etxean zain egon ondoren. Gelditu eta dei egin nion. Zaunka etorri zitzaidan saltoka, bere poz xalo eta bihurriaren milaka adierazpen hunkigarrirekin. Galtzarbean hartu, ezin baitzidan noski jarraitu, eta neurekin eraman nuen berriro etxera.
Aspaldi hartan bezala aurkitu nuen han dena, eta suspertuz joan ahala nire aurreko jardunetara eta lehengo bizimodura itzuli nintzen pixkanaka. Baina urte osoan egon nintzen niretzat eramanezina zen poloko hotzetatik urrun.
Eta horrela bizi naiz egun, Chamisso maitea. Nire botak ez dira higatzen, Tieck ospetsuaren lan bikainean ez bezala, Von den Taten Ddumchens, hasieran horren beldur bainintzen. Sendo dirau beren indarrak; nire indarrak dira akitzen doazen bakarrak, baina pentsatzen dudanean helburu zehatz baterantz bideratuak daudela, alferlanik gabe eta beti aitzina, kontsolatu egiten naiz. Nire botak iritsi diren heinean, nire aurreko beste edonork baino sakonago aztertu dut lurra, bere egitura, bere tontorrak, bere tenperatura, bere atmosfera-aldaketa guztiak, bere indar magnetikoaren agerpenak, bertako bizitza, bereziki landareei dagokienez. Hainbat lanetan ezarri ditut datuak ordena argian xehe-xehe, baita nire ondorio eta iritziak gaingiroki idatzi ere zenbait tratatutan. Afrika barrua, lurralde arktiarrak, Asia barrua eta bere ekialdeko kosten geografia zehaztu ditut. Hor dago nire Historia stirpium plantarum utriusque orbis sartuta Flora universalis terrae-ren zati gisa eta nire Systema naturae-ren atal gisa. Bertan, espezie ezagunen kopurua heren bat baino gehiagoan handitzeaz gain, uste dut zer edo zer egin dudala landareen sistema naturala eta geografiaren arloan ere. Nire Fauna-rekin ari naiz orain. Hil aurretik, nire izkribuak Berlineko Unibertsitatearen esku egon daitezen arduratuko naiz.
Eta zeu hautatu zaitut, Chamisso maitea, nire istorio miresgarria gorde dezazun. Ni mundutik joatean, bertako hainbat biztanleri agian ikasgai probetxugarri gertatuko zaie. Baina zuk, laguna, gizartean bizi nahi baduzu, ikasi estimatzen lehenik itzala, eta ondoren dirua. Zeure buruari begira eta zeure nortasuna hobetzeko bizi nahi baduzu, orduan ez duzu aholku beharrik.
© A. Von Chamisso
© itzulpenarena: Antton Garikano