Gogoeta isilean belaunikatu eta esker oneko malkoak isuri nituen, argi ikusi bainuen bat-batean nire etorkizuna. Harako erru harengatik inoren lagunartetik separaturik nengoenez, horren ordainetan naturagana izan nintzen bidalia, nik beti hainbeste maite izandakoa; lur osoa emana zitzaidan lorategi oparotzat, nire bizitzaren norabide eta indartzat ikasketa, helburutzat zientzia. Ez zen izan neuk hartutako erabakia. Ordutik, modelo bezala neure begi aurrean argi eta perfektu agertzen den guztia arreta isil, sendo, amaigabez ahalegindu naiz leial azaltzen, eta nire satisfazioa loturik egon da nik azaldutako hura modeloarekin bat etortzearekin.
Adore eman nion neure buruari, aurrerantzean nire uzta izango ziren lurraldeen jabe egiteko, gainbegiratu arinez eta luzamendurik gabe. Tibeteko gailurretan nengoen, eta eguzkia, niretzat ordu gutxi lehenago jaioa, ilunabar aldera zihoan. Ekialdetik mendebalera joan nintzen Asian barrena, haren bila bere ibilbidean, eta Afrikan sartu nintzen. Ikusminez begiratu nuen nire ingurura, alde guztiak behin eta berriro neurtuz. Egipton barrena piramide eta tenplu zaharrak aho zabalik ikusiz, anakoreta kristauen bizileku izandako leizeak ere bistatu nituen basamortuan, ehun ateko Tebasetik urruti gabe. Bat-batean argi eta garbi ulertu nuen: «hauxe duk hire etxea». Gordeenetako bat hautatu nuen, aldi berean zabala, erosoa eta txakalentzat iritsi ezina, handik aurrera nire babesleku izateko, eta martxan jarri nuen berriro nire makila.
Herkulesen zutabeetatik sartu nintzen Europara, eta hego eta iparreko lurraldeak aztertu ondoren, ipar Asiatik poloko glaziarraz gaindi Groenlandia eta Amerikara igaro nintzen, kontinente honen bi zatiak zeharkatu, eta ordurako hegoan nagusi zen neguak atzera iparrerantz behartu ninduen Hornos Lurmuturretik agudo.
Ekialdeko Asian eguna argitu arte bertan geratu nintzen, eta atseden hartu ondoren segitu nuen ibiltzen. Bi Ameriketako mendikateari jarraitu nion, gure lur esferan ezagutzen diren maldarik handienak zeharkatuz. Astiro eta kontuz joan nintzen gailurrez gailur, batean sumendi gartsuetan barrena, bestean kupula elurtuetan barrena, sarritan arnasa hartu ezinik, Elias mendia iritsi eta Asiara egin nuen salto Bering Itsasartearen gainetik. Honen mendebaleko kostari jarraitu nion, bere bihurgune ugariekin, eta arreta bereziz ikertu nuen bertako zein irlatara hel nintekeen. Malakar penintsulatik nire botek Sumatra, Java, Bali eta Lamboc-era eraman ninduten; ipar mendebaletik Borneora eta artxipelago honetako beste irletara pasabide bat egiten saiatu nintzen, arriskatuz baina alferrik, irla eta harkaitz txikiagoetan barrena, halakoz beterik baitago itsaso hau. Amore eman behar izan nuen. Azkenean Lamboc ertzeko muturrean eseri nintzen, eta aurpegia hego-ekialderantz jarrita, negar egin nuen espetxeko burdin sare tinko itxi baten aurrean bezala, hain agudo aurkitu nuelako nire muga. Lurra eta bere arropa miresgarria, alegia landare eta animalien mundua ulertu ahal izateko hain berezi eta ezinbestekoak diren Australia eta Hego Itsasoetako zoofito-irlak debekatuak neuzkan, eta horrela, nik bildu eta landu beharreko guztia zati huts izatera zegoen kondenatua hasieratik. O Adelbert, zertarako saiatzen ote da gizakia ezertan!
Askotan saiatua naiz, hego hemisferioko negu minean, Hornos Lurmuturretik Tasmania eta Australiara dagoen berrehunen bat pausoko tartea poloko glaziarrean barrena mendebalerantz egiten, nola itzuli kezkatu gabe, eta ezta ere lur zital honek estaliko ote nauen, hilkutxa baten tapak bezala; etsipenezko pausoak emana naiz izotz mugikorren gainean ausardia zoroz, hotzari eta itsasoari aurre eginez. Alferrik, oraindik ez bainaiz Australian izan. Aldiero Lamboc-era itzuli, ertzeko muturrean eseri, eta berriro egiten nuen negar, aurpegia hego-ekialderantz jarrita, espetxeko burdin sare tinko itxi baten aurrean bezala.
Azkenean leku hartatik aldendu eta bihotz goibelez sartu nintzen berriro Asia erdira, aurrera jarraitu, egunsentiaren atzetik mendebalerantz, eta gauean heldu nintzen bezperako arratsaldean Tebasen aukeratutako etxera.
Atseden apur bat hartu eta Europan eguna zabaldu bezain laster, nire lehen zeregin moduan beharrezko guztia biltzea jarri nuen. Lehenbizi hanketarako galgak, antzemanda bainengoen zer deserosoa zen ibilera ezin moteltzea ondoko gauzak patxadan aztertzeko, ez bazen oinetakoak erantzita. Gainetik jantzitako txapin batzuk aproposak gertatu zitzaizkidan horretarako, eta gerora beste pare bat ere eramaten nuen beti nirekin, oinetan neramatzanak bota egin behar izaten bainituen askotan, haiek biltzeko betarik gabe, botanika lanetan ari nintzela lehoiek, gizakiek edo hienek izututa. Nire ordulari ezin hobea kronometro bikaina zen nire ibileren epe laburretarako. Horretaz gain sextantea ere behar nuen, fisikako tresna batzuk eta liburuak.
Hau dena lortzeko zenbait bidaia egin nituen Londres eta Parisa, niretzat oso mesedegarria zen laino batek estalita zeudelarik. Nire urre magikoaren hondarra agortzean, Afrikako marfil aurkierraza erabili nuen ordaintzeko, nire indarrak gainditzen ez zituzten adar txikienak aukeratuz, noski. Laster osatu eta jantzi nintzen guztiarekin, eta berehala hasi nuen bizimodu berria ikerle gisa neure kontura.
Munduan zehar hara eta hona, batean altuerak, bestean iturburu eta giroaren tenperaturak neurtzen, bestean animaliei so, bestean landareak aztertzen. Ekuatoretik polora ibiltzen nintzen presaka, munduan alderik alde, esperientziak konparatzen. Nire ohiko jakia Afrikako ostrukaren arrautzak edo iparreko itsas hegazti eta fruituak ziren, batez ere tropikoko datilak eta bananak. Zorion galduaren ordez tabakoa neukan, eta giza harreman eta loturaren ordez txakur leial baten maitasuna, Tebaseko nire leizea zaintzen zuena. Ni altxor berriekin kargaturik beragana itzultzean, nigana pozez salto egin eta gizaki sentiarazten ninduen, ez nengoela alegia munduan bakarrik. Baina abentura berri batek gizakien artera eramango ninduen.
© A. Von Chamisso
© itzulpenarena: Antton Garikano