Itzalik eta dirurik gabe nengoen eserita; baina pisu handia kendu zitzaidan bularretik, pozik nengoen. Nire maitea galdu ez banu, edo galera haren errudun sentitu ez banintz, nik uste zoriontsu egongo nintzela. Baina ez nekien zertan hasi. Poltsikoak miratu eta urrezko txanpon banaka batzuk aurkitu nituen; haiexek zenbatu eta barre egin nuen. Beheko ostatuan neukan zaldia, baina lotsa ematen zidan hara itzultzeak; eguzkia sartu arte itxaron behar nuen gutxienez, eta artean zeru goian zegoen. Alboko arbolen gerizpean jarri eta lasai hartu nuen lo.

        Irudi lirainen dantza airosek amets atsegin bat osatu zuten nigan. Mina, lorezko koroa bat ilean, nire aurrean hegaldatu eta irribarre jatorra luzatu zidan. Bendel prestuak ere lorez egindako koroa bat zeraman eta jator agurtuz igaro zen. Beste asko ere ikusi nituen; uste dut zu ere baietz, Chamisso, urrutiko jendetza artean. Argi bizi batek jotzen zuen, baina inork ez zuen itzalik, eta bitxiago dena, ez zuen gaizki ematen: loreak eta kantak, maitasuna eta poza, palmondozko basoen azpian. Ezin nien irudi mugikor, maitagarri, bizkor aienatzen ziren haiei ez heldu eta ez tankerarik eman. Baina badakit gustura egin nuela amets eta ez esnatzen saiatu nintzela; esnatu eta itxita mantendu nituen begiak, agerraldi lausakor haiei luzaroago eusteko neure barruan.

        Azkenik begiak zabaldu nituenean eguzkia zeruan zegoen, baina sortaldean; lotan igaroa nuen gau osoa. Ostatura ez itzultzeko seinaletzat hartu nuen. Aise egin nien uko hango nire ondasunei, eta mendipe basotsuan barrena zihoan saihesbide batetik abiatzea erabaki nuen, patuaren esku utziz nire geroa. Ez nuen atzera begiratu eta ez nuen Bendel aberastuagana jotzea ere pentsatu, aukera hori nire esku egon arren. Munduan edukiko nuen itxura berriari begiratu nion: oso xumea zen nire trajea: kurtka beltz zahar bat neukan soinean, Berlinen ere eraman nuena, eta bidaia hartan niri eskuetara lehen aldiz etorria, ez dakit nola. Gainerakoan, bidai kapelarik ez buru gainean eta bota zahar batzuk oinetan. Zutitu, hantxe bertan makila adabegitsu bat moztu oroigarri moduan, eta berehala abiatu nintzen, oinez.

        Basoan, jator agurtu ninduen baserritar zahar batekin egin nuen topo, eta hizketan hasi nintzen berarekin. Galderak egin nizkion, bidaiari jakin-gose baten moduan, lehenik bideaz, ondoren bailara hura eta hango biztanleez, mendiko mozkinez eta abar. Zentzu eta etorri handiz erantzun zien nire itaunei. Basoaren zerrenda handi bat soildurik zeukan erreka baten ohera iritsi ginen. Hotzikara sentitu nuen leku eguzkitsu harengatik; aurretik joanarazi nuen nekazaria. Baina bera leku arriskutsu haren erdian gelditu eta nigana jiratu zen, soilgune haren istorioa kontatzeko. Laster ohartu zen zer nuen eskas, eta hizketaren erdian etena egin zuen:

        — Baina nola izan daiteke, ez duzu itzalik!

        — Zoritxarrez, zoritxarrez! —erantzun nion hasperenka—. Gaixotasun txar, luze batean ilea, atzazalak eta itzala galdu nituen. Begira, gizon, zer ile etorri zaidan berriro nire adinean, erabat zuria, atzazalak motx motxak eta itzalak berriz ez du hazi nahi.

        — Ene bada! —gaineratu zuen agureak buruari eraginez—. Itzalik eza txarra da gero! Gaixotasun txarra eduki duzu gero!

        Baina ez zion bere kontaketari berriro heldu, eta hurrengo zeharbidean txintik esan gabe aldendu zen nigandik. Malko saminek kilimatu zituzten berriro nire masailak, joana zen nire alaitasuna.

        Bihotz goibelez bideari jarraitu eta ez nuen berriro inoren lagunarterik bilatu. Baso ilunetatik joaten nintzen, eta batzuetan, eguzkiak jotzen zuen alderdi bat zeharkatzeko, ordutan itxaron behar izaten nuen inoren begiek niri bidea ez oztopatzeko. Ilunabarrean ostatu bila jarduten nuen herrixketan. Mendiko meazulo batera joatekoa nintzen, lurpean lana aurkituko nuelakoan; izan ere, nire egoera hartan nonbaitetik atera beharra neukan bizimodua, eta gainera jabetu nintzen lan neketsuak soilik babestuko ninduela nire gogoeta urragarrietatik.

        Egun euritsu batzuek erraztu egin zuten nire ibilbidea, baina nire boten kaltetan, haien zolak Peter kondearentzat egokiak baitziren baina ez ibiltari batentzat. Oinutsik nindoan. Bota pare berri bat erosi behar nuen. Biharamunean arreta handiz arduratu nintzen eginkizun horretaz herri batean, non feria zen eta saltoki batean bota zahar eta berriak zeuden salgai. Luzaro aritu nintzen aukeratzen eta errekardaritzan. Ezezkoa eman behar izan nion pare berri bati, gustura hartuko banituen ere; beldurturik utzi ninduen haien prezio latzak. Zahar batzuekin konformatu nintzen beraz, artean onak eta sendoak. Saltokiko buru zegoen mutiko egoki ilehoriak irribarre jatorrez eman zizkidan eskudiruaren truke, bide ona opatuz. Berehala haiexek jantzi eta iparreko atean barrena irten nintzen herritik.

        Nire gogoetetan zeharo murgilduta, ez nuen ia begiratu ere egiten oina non jartzen nuen; meategian pentsatzen nuen, ilunabar aldera iristea espero nuena, han neure burua nola aurkeztu zehatz jakin gabe. Ez nituen berrehun pauso emanak eta bidez okertu nintzela konturatu nintzen; ingurura begiratu eta antzinako izeidi soil batean aurkitu nintzen, itxuraz inoiz aizkorarik ezagutu gabea. Beste pauso batzuk eman eta harkaitz mortuen azpian egokitu nintzen, soilik goroldio eta saxifraga modukoz berdetuak, tartetan elur eta izotz zelaiekin. Haizea oso hotza zen. Nire ingurura begiratu nuenerako desagertua zen atzeko basoa. Beste pauso batzuk eman eta herioaren isiltasuna zegoen nire inguruan, amairik gabe zabaltzen zen izotza, ni zutik egon eta laino trinko bat pisutsu zebilen lekuan; eguzkia odoltsu ageri zen zeruertz hegian. Jasanezina zen hotza. Ez nekien nola gertatu zitzaidan hura, baina izotz jelatzaile hark ibilera bizkorrarazi zidan. Urrutiko uren orroa soilik entzuten nuen; pauso bakar bat eman eta ozeano baten ertz izoztuan nengoen. Berebiziko foka pilak murgildu ziren uretan zalapartatsu. Ertz hari jarraiki, berriro ikusi nituen harkaitz soilak, lehorra, urki eta izeidiak. Beste minutu pare batez ibili nintzen aurrerantz. Itotzerainoko beroa egiten zuen. Ingurura begiratu eta oso poliki antolatutako arroz-soroen artean gertatu nintzen, masustondoen pean. Haiexen itzaletan jarri eta orduari begiratu nion: ez zen ordu laurden ere merkatutik irten nintzela. Ametsetan nengoelakoan ezpainei hozka egin nien, ea esnatzen nintzen; baina ederki esna nengoen. Begiak itxi nituen, nire pentsamenduak taxutzeko. Hitz arraro batzuk aditu nituen nire aurrean, sudurretik ahoskatuak. Gora begiratu nuen: hizketan ari zitzaizkidan bi txinatar, nahastezinak beren aurpegi kolore asiarrarekin, nahiz eta sinestezina iruditu beren janzkera, eta ohiturazko agurrak egiten zizkidaten beren hizkuntzan. Zutitu eta bi pauso eman nituen atzerantz. Ez nituen berriro ikusi; erabat aldatu zen paisaia: arbolak eta basoak arroz-soroen ordez. Nire inguruan loretan zeuden arbola eta belarrei begiratu nien: ezagun nituenak Asia hego-ekialdeko landareak ziren. Arbola batera hurbildu nahi, pauso bat eman... eta ostera dena aldatu zen. Orduan aurrera jarraitu nuen, errekluta ongi ikasi baten antzera, ibilera astiro, seriosez. Lurralde, soro, ordeka, mendi, estepa, basamortu aldakor miresgarriak hedatu ziren nire begi harrituen aurrean. Ez zegoen zalantzarik: zazpi legoako botak neuzkan oinetan.

 

 

 

© A. Von Chamisso

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"A. Von Chamisso / Peter Schlemihl-en istorio miresgarria" orrialde nagusia